Lehendakariak Miguel Ángel Moratinos Garapen Iraunkorrerako Espainiako Sareko presidentea hartu du

2017.eko martxoak 22

Eusko Jaurlaritza Basque Country 2030 Agendan ari da lanean, NBEren garapen iraunkorrerako helburuekin lotuta

Iñigo Urkullu lehendakariak, Marian Elorza Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiarekin batera, bilera bat izan du gaur goizean Miguel Ángel Moratinos Garapen Iraunkorrerako Espainiako Sareko –REDS– presidentearekin.   REDS sartuta dago Nazio Batuen Sustainable Development Solutions Network (SDSN) sare globalean. Horren helburua da esparru akademikoan bultzatzea NBEk 2015ean onartutako Agenda 2030ean bildutako iraunkortasun-printzipioak.

Lehendakariarekin bildu ondoren, Miguel Ángel Moratinosek gauza bera egingo du Hezkuntza Sailaren eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren arduradunekin.

2015eko irailaren 25ean, munduko buruzagiek, Nazio Batuen gailur historikoan bilduta, Garapen Iraunkorrerako Agenda 2030 onartu zuten. Agendan helburu global batzuk (garapen iraunkorrerako helburuak – GIH) barne hartzen dira pobreziaren era guztiei amaiera emateko, desberdinkeria murrizteko eta klima-aldaketaren aurka borrokatzeko, aldi berean, inor atzean geratu gabe. Laburbilduz, gida unibertsal, zeharkako, integratu, zatiezin eta eraldatzailea da, datozen 15 urteetan garapen ekonomiko eta sozialeko programak eta ingurumen-programak bideratuko dituena, edonon bizi garela ere.

Basque Country 2030 Agenda

Mundua eraldatzeko 17 helburu dira, Eusko Jaurlaritzak bere egin dituenak. Horregatik, Basque Country 2030 Agenda prestatzeko lanean ari da GIHak abian jartzearren. Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak Eusko Legebiltzarrean joan den hilean azaldu bezala, EAEren ibilbide-orri horrek zenbait konpromiso zehatz eta ebaluazio-mekanismo bilduko ditu, eta Eusko Jaurlaritzaren nahia da NBEk horiek egiaztatu eta baliozkotzea.