KEBM Aurretiko Akordioaren sinadura, 2017-2021 bost urteko legearekin, aurrekontu egonkortasunerako helburu berriekin eta kontzertu ekonomikoaren aldaketekin

2017.eko uztailak 14

KEBM AURRETIKO AKORDIOAREN SINADURA, 2017-2021 BOST URTEKO LEGEAREKIN, AURREKONTU EGONKORTASUNERAKO HELBURU BERRIEKIN ETA KONTZERTU EKONOMIKOAREN ALDAKETEKIN

 

Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomiako sailburuak eta Cristóbal Montoro Ogasuneko eta Funtzio Publikoko ministroak atzo, Madrilen, Kontzertu Ekonomikoaren Batzorde Mistoaren (KEBM) aurretiko akordioa eta deialdia sinatu zuten; batzordea uztailaren 19an egingo da, Madrilen, foru-aldundiekin batera. Dokumentuan, puntu nagusi gisa, Bost Urteko Lege berria, Euskadirako aurrekontu-egonkortasunerako helburuak eta Kontzertu Ekonomikoko zenbait aldaketa –besteak beste, zerga eta ikuskaritzako gaien ingurukoak– jasotzen dira.

2017-2021 Bost Urteko Legeak 2017rako Kupoa 1.300M-an ezartzen du eta bost urteko aldi horretarako % 6,24ko egozpen-indizeari eusten dio; Legea onartzeko, Gorte Nagusietatik igaro beharko da, irailetik aurrera. Kupo horretan, Euskadin energia elektronikoaren ekoizpenaren gaineko zergaren konpentsazioak jasotzen dira, 40 M ingurukoak. Gainera, enpleguko politika aktiboak konpentsatu behar dira, 2017rako behin-behinean 225M-koak (Euskadik jaso beharreko politika aktiboen 341M-ri Estatuari eman beharreko hobarien 116 M kendu ondoren). Kopuru horiei, bestalde, alkoholaren, edari eratorrien eta tarteko produktuen gaineko, garagardoaren gaineko, hidrokarburo eta tabakoaren gaineko zergengatiko konpentsazioak gehitu behar zaizkie, 86M-koak.

Sinatutako akordioak aurrekontu-egonkortasunerako eta zor publikorako helburu berriak jasotzen ditu, Euskadirako BPGd-ari dagokionez, eta defizit-balioak % 0,4an ezartzen ditu 2018an, % 0,1ean 2019an eta % 0an 2020an. Bestalde, hirurtekorako zor publikoa % 14,2koa izango da 2018rako, % 13,8koa 2019rako eta % 13,2koa 2020rako.

 

 

 

Kontzertu Ekonomikoaren Legearen aldaketak direla eta –horietan foru-aldundiek ere parte hartu dute eta Gorte Nagusiek onartu beharko dituzte–, 20 artikulu baino gehiago aldatu dira, eta aldaketa horiek hobekuntzak dakartzate foru-aldundiek zergak kudeatzeko duten eskumenean eta administrazioen arteko koordinazioan.

  • PFEZn atzerrian emandako lanen, telelanaren eta Euskadiko portuetan finkatuta dauden itsasontzietan erroldatuta dauden langileen lanen errendimenduaren atxikipenak ordainarazteko eskumena duen araua ezartzen da.
  • Sozietateen gaineko zergan eta BEZan zerga exijitzeko eragiketen bolumen-tartearen zifra eguneratzen da, eta 7 milioi eurotik 10era aldatzen da; horrela, sinplifikatu egiten da enpresa txikientzat zerga-ordainketa administrazio bakarrera. Gainera, Euskadiri, bi zerga horietan, helbide fiskala lurralde erkidean izanik Euskadin eragiketa-bolumenaren % 75 edo gehiago egin duten zergadunen gaineko eskumena esleitzen zaio. Horrela, ezabatu egiten da orain arte zergadun horiek Euskadiri eragiketak foru-lurraldean bakarrik gauzatzeagatik egiten zioten zerga-ordainketaren ondoriozko asimetria.
  • Oinordetza eta dohaintzen kasuetan, aurrerantzean, Espainian bizi ez diren hildakoen euskal oinordekoen zerga-ordainketa Euskadin egingo da. Bestalde, hemen ordainduko dira, halaber, atzerrian dauden higiezinen dohaintzen gaineko zergak.

Akordioan planteatzen den beste gaietako bat honako hau da: Ekonomia eta Finantza Plana (EFP). Plan hori nahitaez aurkeztu behar da, Euskadik 2016ko gastu-araua bete ezean, nahiz eta aurrekontu-egonkortasunaren helburua eta zor publikoaren helburua bete. EFPa balioztatu du, dagoeneko, Erantzukizun Fiskaleko Agintaritza Independenteak (EFAI); horren iritziz, Euskadik bete ditzake 2017an aurrekontu-egonkortasunerako helburuak.

 

 

 

Azkenik, lantaldea eratuko da, aztertzeko eta mugatzeko nola aplikatzen den Kontzertu Ekonomikoan telekomunikazioen, irrati-difusioen edo telebistaren merkataritza elektronikoko zerbitzuei eta bide elektronikoaren bidez ematen diren zerbitzuei aplikagarri zaien BEZaren araubide berria.

Aurretiko akordio horretarako, estatuaren eta Euskadiren arteko finantza-harremanak normalizatzen jarraitu behar da, bai eta bi administrazio horien kudeaketa zailtzen zuten egoera batzuk erregularitzatzen ere. Datorren uztailaren 19ko KEBM pasa den maiatzaren 17an iragarri zen, eta orduan berretsiko dira akta osatzen duten puntu horiek eta gainerakoak.

 

Bilbo, 2017ko uztailaren 14a