Osasun Saila / Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saila

Argitalpen-data: 2017/08/11

Desberdintasun sozioekonomikoek, Euskadin, hilkortasunean duten eraginari buruzko ikerlana

Koordinazio Soziosanitarioko Taldea.

Lehen orrialdea: Desberdintasun sozioekonomikoek EAEko hilkortasunean duten eragina, heriotzaren kausa edozein dela, 2009-2012

Biztanleria oinarri duen ikerlan baten emaitzak argitaratu ditu Osasun Sailak (Eusko Jaurlaritza), Santiago Esnaolak zuzendua. Honek ikertu du, Euskadiko Autonomia Erkidegoan (EAE), 2009ko urtarriletik 2012ko abendura, desberdintasunek hilkortasunean duten eragina, maila sozioekonomikoan oinarrituz.

Ikerlanaren emaitzak aurkeztu zirenean, osasunean dauden desberdintasunak monitorizatzeko beharra justifikatu zuten egileek, zeharkako elementua izateagatik:

“Osasunean dauden desberdintasun sozialen funtsezko ezaugarria da haren izaera graduala; horregatik esaten dugu badagoela gradiente sozial bat osasunean.  Hartara, salbuespenak salbuespen, agerikoa da osasunak okerrera egiten duela maila sozioekonomikoa eskasa denean. Beraz, desberdintasun sozialek, osasunari dagokionez, ez diete eragiten gizarte eskala baxuenean daudenei bakarrik, behartsuetan behartsuenei, gizarte osoari baizik." 

Ikerlanaren ondorioak ikusita, desberdintasun sozioekonomikoek eragin handia dute hilkortasunean, Euskadin; eta eragin hori aldatu egiten da sexuari, adinari eta heriotzari begiratuz gero. Hala ere, hilkortasunean, kausa edozein dela ere, gradiente nabarmena ageri da hezkuntza-mailaren arabera, bi sexuetan, hilkortasuna txikiagoa izaten delarik ikasketa-urteak gutxiago direnean.

Euskadiko biztanleriaren osasuna eta ekitatea hobetu ahal izateko, beharrezkoa da ekimen berriak abian jartzea, desberdintasun sozialak murriztuko dituztenak eta desberdintasunek osasunean duten eragina txikiagotuko dutenak.

Ildo horretan, 2013-2020ko Euskadiko Osasun Planak berak adierazten du, biztanleriaren osasuna hobetze aldera, zer garrantzia duen osasunean ekitatea sustatzeak (osasunean dauden desberdintasun sozialak dira, izan ere, gizarte-taldeen —genero, gizarte-klase, bizileku, jatorri, desgaitasun, lan mota eta lan-baldintzei begira definitzen dira— artean dauden ezberdintasun sistematikoak, saihesgarriak eta bidegabeak dira).

Desberdintasun sozioekonomikoek EAEko hilkortasunean duten eragina, heriotzaren kausa edozein dela, 2009-2012 ikerlanak, Osasun Sailak (Eusko Jaurlaritza) argitaratuak, gakoak ematen ditu, zalantzarik gabe, Euskadin ekimenak sortzeko, osasunean dauden desberdintasun sozialak murrizte aldera eta ekitatea handitze aldera.