Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Saila

Eusko Jaurlaritzak Gabonetan amaituko ditu Ondarroako babes-dikearen konponketa-lanak

Oregi_Ondarroa_09_07_15_(10).JPG

2016.eko irailak 01

Eusko Jaurlaritzak Gabonetan amaituko ditu Ondarroako babes-dikearen konponketa-lanak

  • Denboraleek azpiegituraren 170 metro kaltetu zituzten
  • Hormigoizko 600 blokek babestuko dute dikearen estradosa; blokeak urrian hasiko dira garraiatzen
  • Kokotea 1,5 metro handituko da, +14,50eko kotaraino, eta 154 metroko luzeran.
  • Almudena Ruíz de Angulo: “biotopoak birsortu edo ezarri ahal izateko, inpaktu positiboak eragin nahi ditu proiektuak arrezife-efektua sortuz”.

VG 01 09 16

Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak Gabonetan amaituko ditu Ondarroako babes-dikearen konponketa-lanak. Iragan neguko denboraleek azpiegituraren 170 metrotan kalteak eragin zituzten eta, orain, hormigoizko 600 blokek dikearen estradosa babestuko dute. Almudena Ruíz de Angulo Eusko Jaurlaritzaren Garraio Azpiegituren zuzendariak uste du “proiektuak inpaktu positiboak eragin nahi dituela, biotopoak birsortzeko edo ezartzeko arrezife-efektua sortuz”.

 

Ondarroako babes-dikeak 318 metroko luzerako zati zuzena dauka hasieran; eta ondoren, 145 metroko beste lerrokadura bat blokez babestua. Aurtengo otsaileko denboraleetan, dikearen lehen zatiko 170 metrotan olatuek matxurak eta hausturak eragin zituzten. Matxura eta haustura horiek premiazko prozedura bidez konpondu behar dira, datorren negua heldu aurretik, azpiegitura egoera onean egon dadin.

 

Horregatik, Eusko Jaurlaritzaren Garraio Azpiegituren Zuzendaritzak SENER enpresa kontratatu zuen, iragan otsailaren 9ko denboralean Ondarroako portuko dike horretan gertatu ziren kalteak konpontzeko helburuarekin “Ondarroako portuko dikearen kokotea sendotzeko proiektua” idazteko. Lanak Construcciones Balzola enpresari esleitu zitzaizkion aurtengo uztailean, 882.801,76 eurogatik (BEZ gabe) eta 4 hilabeteko epean egiteko.

           

Almudena Ruiz de Angulok adierazitakoaren arabera, "dikea konpontzeko lanak hasi aurretik, eraispen eta desmuntatze txiki batzuk egin beharko dira eta dikeko estradosa babestuko duten hormigoizko 600 bloke fabrikatuko dira. Horrela dikearekiko presioak gutxituko dituen eta, batez ere, olatuak gainetik pasatzea asko murriztuko duen beharrezko iragazkortasuna lortuko da. Une honetan 600 bloke horiek Ondarroako Udalak kontratistari herriko futbol-zelaiaren ondoan lagatako partzela batean fabrikatzen ari dira. Ondoren, bloke horiek, kamioien bitartez, obrak egiten ari diren gunera eraman beharko dira”.

 

Ingurumenaren gaineko eragin positiboa

“Hormigoizko bloke hauetako batzuk kareharrizko elementuz ordezkatzeko aukera aztertzen ari dira, betiere harrobiko hondakinak badira, obraren prezioa igotzen ez bada eta paisaian eraginik ez badute.  Segur aski, blokeak urrian hasiko dira garraiatzen. Horregatik, portuko arduradunak obrako ibilgailuen trafikoak arrantza-jardueran ahalik eta eragin txikiena izateko logistika finkatzen ari dira, arrantza-jarduerak ohi bezala funtzionatzen jarraitu behar duelako", gaineratu du zuzendariak.

 

Ruiz de Angulok gaineratu du “blokeak botatzeko edo ipintzeko ez direla itsas baliabideak erabiliko, garabitik gehienez 25 metrotara 20 tonako blokeak ipintzeko garabia mugikorrak nahikoak direla uste delako. Bloke txikiak dira, dikeak zati horretan sakonera txikia duelako; izan ere, itsasbeheran, zati hori zenbaitetan lehorrean geratzen da eta arrokak azaleratu egiten dira”.

 

Obren helburu nagusia ez da pisua bilatzea, olatuak gainetik hain erraz ez pasatzeko blokeen mantuak porositate-maila ona izatea baizik. Horregatik, kasu honetan ez da agregakin metalikoz egindako hormigoi astuna erabiltzea zehaztu.

 

Bestalde, kokotea 1,5 metro handituko da, +14,50 kotara heldu arte, 154 metroko luzera duen zati batean. Aurretik azalerak garbituko dira, eta gaur egun dagoen kokotearen gainean hiruzuloka 3 metrotik behin bi lerrotan 32 mm-ko diametroa duten ainguratze-barrak ipintzeko zuloak egin eta barra horiek jarriko dira. Bertan dauden eskailerak ere egokituko dira +13,50  kotara heldu ahal izateko. Bertan, 2 metroko hondar-zabalerako tarte bat geratuko da dikean mantentze-lanak egiteko.

 

Ingurumenaren ikuspegitik, biotopoak birsortzeko edo ezartzeko arrezife-efektua sortuz, proiektuak inpaktu positiboak bilatzen ditu . Bestalde, Ondarroako portuko ontzitegi-orgaren eraikineko estalkian denboraleak ere eragindako kalteen konponketa-lanak egiten ari da EDIFNOR enpresa, 46.297,02 euroko zenbatekoagatik eta hilabete bateko exekuzio-epearekin.