Eusko Jaurlaritzaren Uraren Euskal Agentzia URAren ubideen mantentze zerbitzua, Bermeoko Udalaren eta lurren zati baten jabea den Pevasa enpresa atunzalearen laguntzarekin, pasa den otsailean hasi zen Bermeoko San Martin errekatxoaren 100 metro inguruko zatiaren ingurumena berreskuratzen. Zehatz esateko, San Martin auzotik Landabasoko industrigunera daraman zubi berriraino doan zatia da berreskuratzen hasi direna.
Bermeoko Udalaren Ingurumen Sailak azaldu du, zati honetan errekaren egoera ez zela ona ingurumen aldetik begiratuta. Ubidearen zati batean erabiltzen ez den lursail industrial bat dagoelako, obra-hondakinak bertara botata eta banburen moduko espezie inbaditzaileek hango jabe eginda eta beste aldean berriz, bertan behera utzitako ortu bat dagoelako dena zaborrez eta hondakinez betea.
Gogorarazi duen moduan, 2011. urtean, Urak, Bermeoko Udalaren laguntzarekin, eraman zuen aurrera honen antzeko proiektu bat orain berreskuratzen ari den erreka honen zatiaren goiko aldean 400 metro inguru berreskuratuz eta ibaian igarobide txikitxo bat sortuz, emaitza guztiz onarekin.
Pevasa enpresak industria gune hori erosi zuenean bulegoentzako bere egoitza berria eraikitzeko, ahalik eta gehien ingurua errespetatzearen aldeko apustua egin zuenez, gai honetan sartuta zeuden erakunde guztiek adostu zuten zati berri honen berreskuratze lanari ekitea, 2011. urtean erreka hau berreskuratzeko hasi zen proiektuari jarraipena emanez.
Bermeoko Udalak azaldu du, bulegoak eraiki eta gero, lehenengo lana errekaren ertzetan sasi-garbitze selektiboa egitea izan zela, bertako landaretza kontu handiaz errespetatuta eta zeuden banbu eta kainabera espezie inbaditzaileak kenduta.
Gehitu du, baita, uraren jario normala galerazten zuten enbor eta oztopoak kentzeko ere aprobetxatu zen eta zeuden zuhaitzak berreskuratzeko mozketa bat ere egin zen. Jarraian, gune guztitik hondakinak kendu ziren, guztia garbituz, ubidea eta bertan behera utzitako txabolaren inguruak bereziki.
Ildo honetan, azaldu du, hurrengo urratsa erreka-ertzean, herri-jabari barruan, zuhaitzak landatzea izan zela, ibai-ertzetako bertoko zuhaitz sendoak sarturik: haltzak, hurritzak, lizarrak, sahatsak, etab. Guztira, 65 zuhaitz landatu dira eta guztiak izan dira babestuak tutoretza bitartez, euren lekutasuna aurkitzea eta hazkuntza errazteko.
Bermeoko Udalak azpimarratu du, proiektu honekin, ingurumenean balio handia duen gunea berreskuratu nahi izan dela eta Urdaibaiko Biosferaren Erreserba barruan egoteaz gain, Urdaibaiko erreka sarea oraintsu izendatu duela Europar Batasunak KBG moduan, hau da, Kontserbazio Bereziko Gunea. Eta horrela izan arren, presio handia jasaten duela, gune honen azken zatian industrigune bat igarotzen duelako eta egoitzazko hirigunea ere bai.