Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantza Saila

Argitalpen-data: 2015/06/01

"Arraro samarrak garela diote, Euskal Herrian vodka egiten dugulako"

Jose Luis Navarro, Basmoon Vodkaren bazkide sortzaile eta gerenteari elkarrizketa

Jose Luis Navarro, socio-fundador y gerente de Basmoon Vodka“Follow yourself” (“Jarrai zure bideari”); lelo ona aukeratu duzue vodka ekoizteko abentura honi ekiteko…

Autonomia erkidego honetako arraroak gara. Gustatu egin zitzaigun claim-a, eta buelta asko eman dizkiogu marketinaren eta komunikazioaren aldetik. Gure filosofia, egiten ari garena, zehaztuko zuen esaldi bat nahi genuen, eta jendea gure produktua dastatzeko esperientzia gisa hartuko zuena.


Euskadi-Vodka binomio nahiko bitxia da itxuraz, ordea. Nola sortu da?

Bi bazkideok eta maisu destilatzaileak txikitatik ezagutzen dugu elkar. Hirurok Arabako herri txiki batean pasatzen genuen uda, Fontechan. Kontatzen ziguten Gerra Zibila ta gero Piamontetik (Italia) etorritako tropa ugari egon zirela Arabako zati handi batean eta Nafarroan, eta urte latzak zirenez, patata lantzen erakutsi zietela, hartzitu eta destilatu eta gero bizipoz pixkat ematen zieten oinarrizko pattar hauek egiteko. Karlos maisu destilatzailearen etxean beti ikusi dut alanbike zahar bat, eta hortik sortu zen proiektu honetarako inspirazioa. Nerabeak ginen ezkeroztik, esperimentuak egin ditugu destilazio eta hartzidurekin. Eta azken urteotan serioago hartu dugu, aurreproiektua egiteko urratsa egitera erabakitzeraino. Familian eta lagun artean egiten genuen destilazio amateur bat izatetik proiektu guztiz profesionalizatua izatera pasatu da.

Zertan da desberdina Basmoon Vodka, merkatuan aurki ditzakegun gainerako edari destilatuen aldean?

Hainbat desberdintasun daude. Oinarrizkoetako bat guk erabiltzen dugun lehengaia da. Destilatu gehienak, bai Euskadin eta bai nazioan zein nazioartean, alearekin egiten dira: zekalearekin –hori da barietate nagusia munduan–, artoarekin, garagarrarekin, erremolatxarekin edo ardoarekin, koñakak bezala. Araba patata eskualdea da, geneetan dugu patata. Oso barietate onak ditugu, eta lehengai hori aukeratu dugu, gurea delako, gure ezaugarri; kalitate handikoa da, gainera, eta nahiko merkea. Ekoizpenaren erdi-erdian gaude, eta gauza bikaina da hori. Hainbat patata mota probatu ditugu, patata garratzera heldu aurretik; garratzak etekin alkoholiko interesgarria ematen digu, eta almidoi aldetik ehuneko nahiko altua du, %20 ingurukoa, alkohola lortzeko, eta hori interesatzen zaigu alkohola lortzeko, bilatzen ditugun gainerako ñabardurez gain. Edari destilatuen ekoizle gehienek destilategi industrial handietan erosten dute oinarrizko alkohola; guk, berriz, lehengaia, patata, dugu abiapuntu, eta kalitate handiko segmentu batean jartzen dugu gure fokoa. Horretarako, prozesu osoa kontrolatu behar dugu. Destilategi txikia da gurea, artesanala; horrenbestez, engainatu egingo genuke jendea, edaria egiteko alkohola erosiko bagenu. Fabrikazio-prozesuari dagokionez, bost aldiz destilatzen dugu, purutasun gorena lortzeko, eta gero hotzean iragazten dugu, destilazioa zero gradutara jaitsita; horrela lortzen dugu edozein zikinkeria kentzea, produktuaren ezaugarri diren hainbat ñabardura mantenduta. Hala, oso erraz identifikatzen da gure produktua.


Nola definituko zenuke zaporeari dagokionez?

Definizioz, oso neutroak izan dira beti vodkak: usain eta zapore gutxikoak. Mendebaldeko vodkak oso lauak dira. Espainiako marka nagusiak erosteko proba egin genuen, eta bi bakarrik Basmoon Vodkaidentifikatzea lortu genuen; gainerakoak ia berdinak dira denak. Horregatik, zerbait desberdina bilatu dugu. Eta patatak eman digu desberdintasun hori; produktu melenga da ahoan, aleen alkoholak gogorragoak dira, lehorragoak, eta, gainera, kakao eta fruitu lehor ñabardurak ditu usain aldetik. Oso atsegina da ahoan, belar freskoa oroitarazten du, eta dastatu ondoren, zaporea apur bat uzten du, pixka batean. Oso arraroa da jendea, oro har, vodka bakarrik edaten hastea, baina dituen ezaugarriengatik, hau primeran edan daiteke bakarrik. Eta tonikarekin, laranja urarekin, limarekin edo tomate zukuarekin konbinatuta zoragarria da.


Artisau-ekoizpena da zuena. Produktu berrien aldeko apustuak tradizioa eta berrikuntza oinarri behar dituela uste duzu?

Batak ez du bestea kentzen. Gu arraro samarrak garela diote, Euskal Herrian vodka egiten dugulako, hemen tradiziorik egon gabe… Eta hala da, ez dago. Baina ongi egindako gauzek iragana batzen dute; nik dakidala, orain arte ez ditu inork artisau-lan egokia eta proiektu berritzaile bat batu, ez Araban eta ez beste inon ere hemen, Euskal Herrian. Patatarekin, lehengai autoktono batekin, egindako vodka bat, alegia.


15.000 botila ekoizteko asmoa duzue aurten. Zer merkatutara bideratuko dituzue?

Gure merkatua nazioartea da, tokikoa ere arreta handiz landuko badugu ere; merkatu horretara jo dugu hasieran, hain zuzen ere. Hasieratik, garbi dugu esportatu egin nahi dugula produktua. Bi aste barru Ingalaterrara joan behar dut, banatzaileak bilatzera. Erraz saldu daiteke nazioarteko merkatuetan, kalitate estandarrak gorenak direlako eta merkatuetan sartzeko orduan ez dagoelako inolako mugarik. Horregatik, alde horretan enfokatu dugu marketina, gure jatorria, gure sorterria, Euskal Herria, ahaztu gabe, baina ingelesez. Mundu mailan, Ingalaterran, Errusian nola ez, Ameriketako Estatu Batuetan, Kanadan eta abar gehien saltzen den edari destilatua da vodka, eta merkatu azterketen arabera, Espainiara ere iritsiko da joera hori.


Non aurki dezakegu Basmoon Vodka?

Tokiko banatzaile baten bitartez hasi gara produktua Bizkaian, Araban, Gipuzkoan, Nafarroan eta Burgosen banatzen. Delikateseen dendetan aurkituko duzue, gure enfokea ez baitoa azalera handietara, eta gure banaketa-kanala HORECA kanala izango da; bai eta Premium destilatuak, kopa pixka bat bereziagoak, prestatuagoak, saltzen dituzten lokalak ere.

Zer ekintza dira zuen promozioaren ardatzak?

Madrilgo bi ekitalditan izan gara oraintsu: Gourmet Azokan –bertan aurkeztu genuen produktua nazioarte mailan–eta vodka eta ginetan espezializatutako Gin Motive jaialdian, marka egiten joateko eta estatuko kokteleria eta ostalaritzako profesionalen artean gure burua ezagutzera emateko. Eta gero, Euskal Herriko banatzaileek aurkezpenak egingo dituzte hiru hiriburuetan, ekaineko bigarren hamabostaldian. Web orri bat sortu dugu zer egiten dugun eta non gauden jakitera emateko, eta Gasteizko gure destilategia ikustera gonbidatzen dugu jendea. Iragarki bat ere grabatu dugu, batez ere sare sozialetara eta gure web orrira begira; facebooken, twitterren eta instagramen gaude, eta youtube-n zintzilikatzeko eta banatzaileei emateko asmoa ere badugu, pantailak dituzten lokalek proiektatu ahal izateko. Araban grabatu dugu iragarkia, Urkiolako parkean eta Exkoetan; gure filosofia eta gure produktuarekin bizitzen den esperientzia transmititu nahi ditugu bertan. Horiek dira epe laburrerako ekintzak, baina herrialde desberdinetako misio komertzialetan ere parte hartuko dugu, harremanak egiteko; orain, estau mailako banaketa-sare bat sortzeko ari gara lanean, guk nahi dugun jendearengana iristeko.


Basmoon VodkaZer suposatu du zuentzat Gourmet Klubaren Azokaren azken edizioan Eusko Jaurlaritzaren standean parte hartzeak?

Gourmet azokan, oso feedback zuzena lortzen duzu jendearekin; pasatzen zen jendeak probatu egiten zuen eta, oro har, oso erantzun positiboak jaso ditugu produktuari dagokionez. Desberdina da eta asko gustatu zaio jendeari. Malagako, Madrilgo, Galiziako, Asturiasko eta, nola ez, Euskal Herriko banatzaileak ezagutzeko eta horiekin harremanetan jartzeko balio izan digu. Beste administrazioekin zailagoa izan da, baina Eusko Jaurlaritzari dagokionez, laguntza handia izan dugu beti, osasun eta nakazaritza arloko izapide burokratikoetan. Oso azkar izan da dena, eta erraztu egin digute lana, merkatura lehenbailehen irteteko. Nekazaritza eta elikadura sektoreko enpresentzako Lehiatu laguntza ere baliatu dugu, hasierako inbertsioa gastu handia izan baita. Lagundu egin digute, eta eskertzekoa da hori.


Zer iruditzen zaizkizu Eusko Jaurlaritzak sustatutako promozio-ekintza horiek?

Horiengatik izan ez balitz, ez ginateke gauden lekuan egongo. Eusko Jaurlaritzaren stand partekatu batera joateko aukera egotea edo ez egotea izan da guretzat. Gutxieneko aurrekontu batekin, ezaugarri horiek dituen ekitaldi batean parte hartzeko aukera izan dugu; bestela, ez genuen hor egoteko aukerarik edukiko.