Mugikortasun Jasangarriaren Saila

Eusko Jaurlaritzak hasiera eman die Hondarribiko Bela Eskolako Plataforma zabaltzeko eta hobetzeko lanei

Argitalpen-data: 

Eusko Jaurlaritzak Hondarribiko portuko Bela Eskolara heltzeko Plataforma zabaltzeko eta hobetzeko lanei hasiera eman die. Obrak uztailean esleitu zituen Garraio Sailak 447.161 euroren truke.

Egungo plataforma ez da nahikoa bere eginkizunerako eta, gainera, maila batean baino gehiagotan dago eta behin behineko zenbait eraikinek okupatzen dute. Eusko Jaurlaritzak, Bela Eskolak ematen dion erabilerarako plataforma ez dela nahikoa ikusirik, lan horri ekitea erabaki du, plataforma zabaltzeko eta hobetzeko helburuz, arrapala berria eraikiz.

Obra horietan, Klub Nautikoaren egungo plataforma zabaldu egingo da, 40 metro luze eta 19,75 metro zabal izango den azalera berria lortzeko. Plataforma berria, oraingoaren kota berean egingo da eta, ondorioz, maila bakarrean egongo den 1.800 metro karratuko espazio osoa lortuko da. Plataforma berria eraiki aurretik, egungo zoladura deuseztatu eta kendu egingo da.

Horrez gain, ontzi arinak hondartzeko arrapala eraikiko da, 11,8 metro zabal eta 47 metro luze izango dena. Egungo arrapala dagoen bezala utziko da eta, ondorioz, eskolarako sarbideak ez du aldaketarik izango.

Ontziralekura joateko eskaileren inguruan, egungo eskudelaren ordez eskudel bikoitza jarriko da.