Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantza Saila

Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2025eko urriaren 13koa, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuarena, zeinaren bidez onartzen baita ŤArabako Txakolina / Txakoli de Álava / Chacolí de Álavať Jatorri Deituraren Kontseilu Arautzailearen erregelamendua.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 210
  • Hurrenkera-zk.: 4637
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2025/10/13
  • Argitaratze-data: 2025/11/03

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Ingurune naturala eta etxebizitza
  • Azpigaia: EAEko udalak; Gobernua eta Administrazio Publikoa; Nekazaritza eta arrantza

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura sailburuaren 2008ko ekainaren 17ko Aginduaren bidez, ŤArabako Txakolina / Txakoli de Álava / Chacolí de Álavať jatorri-deituraren erregelamendua aldatu eta horren testu bategina onetsi zen. Ondoren, eta gai teknikoetara egokitzeko xedearekin, erregelamendu hori aldatu egin zen Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren 2012ko martxoaren 7ko Aginduaren bidez.

Orain arte, erregelamenduak, kontseilu arautzailearen funtzionamendua jatorri-deituraren kudeaketa-organo gisa arautzeaz gain, izaera teknikoko gaiak ere jasotzen zituen, baina, hemendik aurrera, produktuaren baldintza-agirian soilik jasoko dira horiek. Horregatik, jatorri-deituraren kontseilu arautzaileak proposatuta onartzen den erregelamendu berriak produktuari buruzko gaiak lantzen ditu, edukia berrantolatzen du, eta Emakume Nekazarien Estatutuari buruzko urriaren 15eko 8/2015 Legera egokitzeko behar diren preskripzioak jasotzen ditu.

Arau hau egiterakoan, kontuan hartu dira Xedapen Orokorrak Egiteko Prozeduraren ekainaren 30eko 6/2022 Legearen 4. artikuluan xedatutako arauen kalitatearen printzipioak.

Hori guztia dela eta, honako hau

Indargabetu egiten da Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura sailburuaren 2008ko ekainaren 17ko Agindua, ŤArabako Txakolina / Txakoli de Álava / Chacolí de Álavať jatorri-deituraren erregelamendua aldatzen eta horren testu bategina onesten duena.

AZKEN XEDAPEN BAKARRA. Indarrean jartzea.

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko urriaren 13a.

Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua,

AMAYA BARREDO MARTÍN.

  1. ŤArabako Txakolina / Txakoli de Álava / Chacolí de Álavať Jatorri Deitura Babestuaren Kontseilu Arautzailea zuzenbide publikoko korporazio gisa eratuko da, eta nortasun juridiko propioa eta jarduteko gaitasun osoa izango ditu bere helburu publiko eta pribatuak betetzeko.

  2. Halaber, jatorri-deitura babestu hori kudeatuko duen entitatea izango da, eta kontrol- eta ziurtapen-jarduerak egin ahal izango ditu, Mahastizaintza eta Ardogintza Antolatzeko maiatzaren 7ko 5/2004 Legearen 35. artikuluan xedatutakoa aplikatuz.

  3. Oro har, zuzenbide pribatuak arautuko du; bereziki, kontratazioa eta ondare-araubidea. Salbuetsita daude dagokion araubide juridikoaren mende geratzen diren gai zibilak eta penalak, bai eta langileekiko harremanak ere, lan-legeriaren arabera arautuko baitira.

    Eraketari, antolaketari eta hauteskundeen prozedurari dagokienez, zuzenbide publikoak arautuko du, eta, era berean, administrazio-zuzenbidearen mende geratuko da funtzio publikoak betetzea dakarren jarduketa orotan. Egintza horien aurka errekurtsoa jarri ahal izango da Eusko Jaurlaritzan elikagaien kalitatearen arloan eskumena duen sailaren aurrean, eta errekurtso horrek administrazio-bidea azkenduko du.

    Nolanahi ere, horien eraketa, egitura eta funtzionamendua jatorri-deitura babestuan integratutako interes ekonomiko eta sektorialen printzipio demokratikoen eta ordezkagarritasunaren printzipioen arabera arautuko dira, gutxiengoak bereziki kontuan hartuta.

  4. Jatorri Deitura Babestuaren Kontseilu Arautzailea ordezkatzea presidenteari dagokio.

Hau da egoitza soziala: Dionisio Aldama kalea 7, 1. D 36. posta-kutxa, Amurrio (Araba).

Kontseilu Arautzailearen eskumen-esparrua, zuzenbide pribatuari lotutako barne-erabilerako arauak aplikatzean, eta eman dakizkiokeen funtzio publikoei kalterik egin gabe, hauek zehaztuko dute:

  1. Lurraldeari dagokionez: jatorri-deitura babestuaren eremu geografikoa.

  2. Produktuen arabera: jatorri-deitura babestuak babestutakoak, edozein fasetan (ekoizpena, elaborazioa, zahartzea, zirkulazioa eta merkaturatzea); eta jatorri-deitura babestuak babesten ez dituenak, baldintza-agiria egiaztatzeko soilik, eta erregelamendu honetan zehaztutako erregistroetan inskribatutako upeltegien barruan dauden bitartean.

  3. Pertsona fisiko eta juridikoak: erregistro horietan inskribatutakoak.

    Entitate kudeatzaileak era guztietako elkarte, fundazio, sozietate zibil edo merkataritza-sozietate, zuzenbide publikoko korporazio, kontseilu arautzaile edo bestelako pertsona juridikoetan parte hartu, eratu edo horiekin harremanak izan ahal izango ditu, eta, hala badagokio, egoki iritzitako lankidetza-akordioak ezarriko ditu.

  1. ŤArabako Txakolina / Txakoli de Álava / Chacolí de Álava Jatorri Deitura Babestuaren Kontseilu Arautzaileať izeneko entitate kudeatzailearen xedea da jatorri-deitura hori kudeatzea, bat etorriz Mahastizaintza eta Ardogintza Antolatzeko maiatzaren 7ko 5/2004 Legean xedatutakoarekin.

  2. Era berean, Administrazioaren tutoretzapean egongo da, eta, beraz, administrazio-zuzenbideko arauen mende, honako jarduketa hauetan, ahal publikoak egikaritzen direlako:

    1. Barne-araubidearen erregelamendua onartzea.

    2. Jatorri-deitura babestuaren erregistroak kudeatzea.

    3. Jatorri-deitura babestuari atxikitako produktuaren edo operadorearen ziurtagiriak ematea, interesdunak hala eskatuta.

    4. Babestutako produktuetan erabil daitezkeen etiketa komertzialek bete behar dituzten gutxieneko baldintzak ezartzea, jatorri-deitura babestuari eragiten dioten alderdietan.

    5. Kanpaina bakoitzerako, agirian ezarritako mugen barruan, ekoizpen- edo eraldaketa-prozesuetan eragina izan dezaketen urteko koiunturako alderdiak ezartzea.

Kontseilu Arautzailearen helburu nagusia jatorri-deitura babestua bere gobernu-organoen bidez kudeatzea eta defendatzea da.

Horrez gain, jatorri-deitura babestua ordezkatzea eta sustatzea, eta babestutako ardoak defendatzea, bermatzea, horien merkatuak ikertu eta garatzea, bai eta jarduera horiekin lotutako zerbitzuak ematea ere.

Era berean, jatorri-deitura babestuak babesten ez dituen mahats, muztio eta ardoen mugimendua zaintzea agintzen da, baldin eta ekoizpen-eremuan elaboratzen, ontziratzen, merkaturatzen edo garraiatzen badira. Zerbitzu horren gorabeheren berri emango zaio Eusko Jaurlaritzan elikagaien kalitatearen arloan eskumena duen sailari, eta sortzen diren akten kopiak igorriko zaizkio, hargatik eragotzi gabe zaintza horretan eskumena duten organismoek esku hartzea.

  1. Eginkizun hauek dagozkio Kontseilu Arautzaileari, besteak beste:

    1. Administrazio publikoekiko kontsulta- eta lankidetza-entitate gisa jardutea jatorri-deitura babestuaren eremuan.

    2. Jatorri-deitura babestuaren izen ona eta sustapena zaintzea, eta, hala badagokio, erabilera oker oro salatzea eskumena duten administrazio- eta jurisdikzio-organoetan.

    3. Aplikazio-arauek eskatzen dituzten erregistro ofizialak kudeatzea, operadoreenak barnean direla.

    4. Mahastizainen eta upeltegien hautesle-erroldak egitea eta eguneratuta edukitzea.

    5. Babestutako produktua defendatzea, bai eta jatorri-deituraren izena babestea ere, marken erregistroa eta zeinu bereizgarriak, Interneteko domeinuen izenak eta jabetza industrialeko beste eskubide batzuk barne.

    6. Ardoak kalifikatzea eta deskalifikatzea, egoki iritzitako analisi fisiko-kimikoak eta organoleptikoak egin ondoren, baldin eta operadoreek eginkizun hori eskuordetu badute, eta, hala badagokio, dagokion ziurtagiria ematea.

    7. Baldintza-agiria eta arau-testu honetan jasotako xedapenak betetzen direla zaintzea.

    8. Ekoizpen- eta merkaturatze-sistema propioen ezagutza eta aplikazioa ikertzea eta zabaltzea.

    9. Baldintza-agirian aldaketak proposatzea.

    10. Erregelamendu-proposamena eta horren aldaketak aurkeztea Eusko Jaurlaritzan elikagaien kalitatearen arloan eskumena duen sailburuordetzan, onartu ondoren.

    11. Txostena egitea, ekoizpen-eremuan dauden lurretan landaketa berriak, birlandaketak eta mahastien ohiko ordezkapenak baimentzeko, Mahastien Erregistroan inskriba daitezen.

    12. Jatorri-deitura babestuko ardoen kalitate-ezaugarriei eta datu estatistikoei buruzko informazioa ematea kontsumitzaileei.

    1. Eusko Jaurlaritzan elikagaien kalitatearen arloan eskumena duen sailburuordetzan salatzea baldintza-agirian eta gaiari eta aplikazio-eremuari buruz indarrean dagoen araudian ezarritakoarekin bat ez datozen praktikak.

    2. Babestutako produktuen ekoizpenari, elaborazioari eta merkaturatzeari buruzko estatistikak egitea, barne-erabilerarako, hedatzeko eta orokorrean ezagutzeko.

    1. Nahitaezko kuotak eta zerbitzuak emateagatiko tarifak ezarri, kudeatu eta galdatzea.

    2. Jatorri-deitura babestuari atxikitako produktuaren edo operadorearen ziurtagiriak ematea, interesdunak hala eskatuta.

    3. Merkataritza-etiketek izen babestua behar bezala erabiltzeko bete behar dituzten gutxieneko baldintzak ezartzea, eta kontraetiketak, zigiluak eta beste berme-marka batzuk kudeatzea.

    4. Kanpaina bakoitzerako mahats-bilketako kanpainako arauak eta prozesu horietan eragina izan dezaketen errendimenduak, ekoizpeneko edo eraldaketako gehieneko mugak edo urteko beste edozein koiunturako alderdi ezartzea, kalitatea babesteko eta hobetzeko irizpideetan oinarrituta, eta baldintzen agirian ezarritako mugen barruan.

    5. Eremu geografikoaren garapen jasangarria zaintzea.

    6. Aurrekontuak egin, onartu eta kudeatzea, bai eta bere jabetzako ondasunak administratu, eskuratu, besterendu eta kargatzea ere.

    7. Erregelamendu honek, estatu-legeriak, autonomikoak edo nazioz gaindikoak esleitzen dizkien beste funtzio batzuk, bai eta eremuarekin zerikusia duen eta helburuak lortzera bideratuta dagoen beste edozein jarduera ere.

    8. Eusko Jaurlaritzan elikagaien kalitatearen arloan eskumena duen saileko sailburuordetzak berariaz esleitutako funtzio guztiak betetzea, jatorri-deitura babestuarekin lotuta.

  2. Deskribatutako eginkizunak honako hauek modu aktiboan kontuan hartuta garatu beharko dira: emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren helburua eta bi generoen beharrizanak, aspirazioak, baldintzak eta egoerak. Horretarako, Kontseiluaren ikerketak, estatistikak eta proposamenak egitean, genero-ikuspegia txertatu beharko dute, sexuaren arabera bereizitako informazioa erabiliz eta gizonen eta emakumeen arteko desberdintasunak hobeto ezagutzea ahalbidetuko duten adierazleak txertatuz.

Aplikatu beharreko legeria orokorrean ezarritakoez gain, hauek izango dira:

  1. Produktuaren baldintza-agiria betetzen dela egiaztatzea kontrol-lanen eremuan.

  2. Nahitaezko saiakuntzen, kontrolen, ikuskapenen, auditoretzen, laginketen eta analisi-zehaztapenen txostenak edo emaitzak ematen direla ziurtatzea, bai eta adostasun-ziurtagiria ematen dela ere, kontrol ofizialaren zereginak delegatu zaizkionean.

  3. Baldintza-agiria betetzen ez bada, operadorearen adostasun-ziurtagiria ezereztea edo kentzea, kontrol ofizialeko eginkizunak delegatu zaizkionean.

  4. Operadoreei egiten zaizkien ziurtagiriei eta ikuskapenei buruzko dokumentazioa bost urtez gordetzea.

  1. Kontseilu Arautzailea, jatorri-deitura babestua kudeatzeko organoa den aldetik, honako hauek osatuko dute: Osoko Bilkurak, presidenteak eta presidenteordeak.

    Halaber, idazkari bat izendatuko da, zeinak kudeaketa-organoak agintzen dizkion eginkizunak beteko dituen.

  2. Kontseilu Arautzaileak, zuzendaritza-organoak osatuko dituzten pertsonak izendatzerakoan, eta Emakume Nekazarien Estatutuari buruzko urriaren 15eko 8/2015 Legean jasotakoa behar bezala betez, emakumeen eta gizonen arteko ordezkaritza orekatua bermatu beharko du, salbu eta erabat ezinezkoa denean, arrazoi oinarridunak, objektiboak eta behar bezala arrazoituak direla-eta.

  1. Gobernu-organo gorena da, eta jatorri-deitura babestuaren lan-ildoak ezartzeko ardura du.

    Kontseilu Arautzailearen kide anitzeko gobernu-organo gisa eratzen da, eta jatorri-deitura babestuaren erregistroetan inskribatutako mahastien eta upeltegien titularren ordezkaritza du.

  2. Hauek osatzen dute:

    1. Presidentea.

    2. Presidenteordea.

    3. Lau bokal.

  1. Kontseilu Arautzailearen Osoko Bilkuraren eginkizunak dira erregelamendu honetan eta baldintzen pleguan jasotako xedapenak betetzea eta betearaztea, horretarako beharrezkoak diren barne-xedapenak proposatuz eta hartzen dituen erabakiak betearazteko aginduz. Bereziki, hauek:

  1. Jatorri-deitura babestuaren Kontseilu Arautzailearen jarduera zuzentzea eta kudeatzea.

  2. Jatorri-deitura babestuaren izen ona eta sustapena zaintzea, eta erabilera oker oro salatzea eskumena duten administrazio- eta jurisdikzio-organoetan.

  3. Kontseilu Arautzailearen barne-araubidea antolatzea, erregelamendu-proposamena, kalitate-eskuliburua, prozedurak, jarraibide teknikoak eta gainerako arauak onartuz, eta zerbitzuak antolatzea eta zuzentzea.

  4. Jatorri-deitura babestuaren erregistroen kudeaketa gainbegiratzea.

  5. Erregelamendu honetan aurreikusitako funtzionamendu-kuotak ezartzea, bai eta kontrol- eta ziurtapen-egiturako zerbitzuak emateagatiko tarifak ere.

  6. Babestutako produktuetan erabil daitezkeen aurrealdeko eta atzealdeko etiketa komertzialak berrikustea, jatorri-deitura babestuari eragiten dioten alderdietan, eta ontzien ezaugarriak ezartzea, betiere bermatu behar baita bigarren erabilerarik ez izatea.

    Kontsumitzaileak nolabait nahas ditzaketenak ez dira onetsiko. Halaber, etiketa bati emandako baimena deuseztatu egin daiteke enpresa jabearen etiketa horretan adierazitako inguruabarrak aldatuz gero.

  7. Kanpaina bakoitzerako, kalitatea defendatzeko eta hobetzeko irizpideetan oinarrituta eta agirian ezarritakoaren barruan, ekoizpen- eta eraldaketa-errendimenduak eta gehieneko mugak edo prozesu horietan eragina izan dezakeen urteko beste edozein koiunturako alderdi ezartzea.

  8. Aurrekontuak, urteko memoria eta aurreko ekitaldiko aurrekontu-likidazioa onartzea. Halaber, ezohiko aurrekontuak eta derramak onartzea helburu espezifikoak finantzatzeko, hala nola: publizitatea, ikerketa, etab.

  9. Diru-sarrerak eta funtsak administratzea, Kontseilu Arautzailearen finantzaketa-baliabideak zehaztuta, eta kontrol- eta ziurtapen-tarifak kalkulatzeko oinarriak onartzea.

  10. Idazkariak egindako kudeaketa ekonomikoaren jarraibide orokorrak ezartzea eta, hala badagokio, berrestea.

  11. Ondarea besterentzea eta kreditu-eragiketen hitzarmenak onartzea. Kontseilu Arautzailearen alde dohainik egindako jarauntsiak, dohaintzak, legatuak edo beste edozein ondasun-esleipen onartzea.

  12. Barne-araubidea eta zerbitzuak antolatzea, eta langileak kontratatzea, kargugabetzea, kaleratzea edo berritzea.

  13. Baldintza-agiria aldatzeko proposamena egitea Eusko Jaurlaritzan elikagaien kalitatearen arloan eskumena duen sailburuordetzari.

  14. Erregelamendu-proposamena eta horren aldaketak aurkeztea Eusko Jaurlaritzan elikagaien kalitatearen arloan eskumena duen saileko sailburuordetzari, onartu ondoren.

  15. Kontrol- eta ziurtapen-organismoa hautatzea, zeregin horiek Kontseilu Arautzaileak berak egiten ez dituenean. Operadore guztiak egongo dira organismo horren mende.

  16. Kontrol ofizialeko zereginak eskuordetu direnean, Alderdien Komiteko kide diren pertsona fisiko edo juridikoei proposatzea.

  17. Administrazio publikoei beren eskumeneko gaietan bidali behar zaizkien txostenak onartzea.

  18. Jatorri-deitura babestua defendatzeko edozein jurisdikzioren aurrean akzioak gauzatzeari eta errekurtsoak jartzeari buruzko erabakiak hartzea, jatorri-deitura babestuari eta haren Kontseilu Arautzaileari eragiten dioten edozein motatako lege-xedapenen aurka egitea barne.

  19. Urtabe edo uzta bakoitza kalifikatzea.

  20. Osoko bilkuraren hauteskunde-prozeduraren deialdia erabakitzea.

  21. Zehatzeko ahala erabiltzea.

  22. Jatorri-deitura babestuari lotutako ustezko arau-hausteengatiko zehapen-espedienteen berri izatea, berak ireki ez baditu.

  23. Beste funtzio propio batzuk, baldin eta beste organo batzuei ez badagozkie edo ez bazaizkie berariaz esleitu.

  1. Osoko Bilkura osatzen dutenen eskubideak.

    1. Osoko Bilkura osatzen duten guztiek eskubide hauek dituzte:

      1. Gutxienez lau egun lehenago jasotzea bilkuren deialdia; bertan, gai-zerrenda eta aurreko bilkuraren aktaren zirriborroa jasoko da. Gai-zerrendan agertzen diren gaiei buruzko informazioa Osoko Bilkurako kideen eskura egongo da epe berean, eta gai-zerrendako puntuei eragiten dieten txostenen eta agirien kopia eskatu ahal izango dute.

        Beharrezkoa izanez gero, gaiaren presagatik hala eskatzen duenean, presidentearen iritziz, gutxienez hogeita lau ordu lehenago deituko zaie bokalei, telegrama bidez edo jaso izanaren berri izatea ahalbidetzen duen edozein bitarteko egokiren bidez.

      1. Bilkuretako eztabaidetan parte hartzea.

      1. Galde-eskeak egitea.

      1. Bere izaerari datxezkion beste funtzio batzuk; funtzio horiek betetzeko behar duen informazioa eskuratu ahal izango du.

    2. Botoa emateko eskubidea presidenteari eta bokalei dagokie, bai eta, hala badagokio, boto partikularra ematea ere, botoaren esanahia eta arrazoiak adierazita.

      Boto-eskubiderik gabeko Osoko Bilkurako kideek beren iritziak agerraraz ditzakete bileren aktan.

  2. Osoko Bilkuraren saioak:

    1. Kontseilu Arautzailearen Osoko Bilkura gutxienez hiru hilean behin bilduko da, eta presidenteak beharrezkotzat jotzen duen guztietan edo bokalen gehiengoak hala eskatzen duenean.

    2. Bilkuretan ezin izango da gai-zerrendan ez dagoen erabakirik hartu, salbu eta Osoko Bilkurako kide guztiak bertan badaude eta gehiengoaren aldeko botoarekin gai bat premiazkoa dela erabakitzen bada.

    3. Kontseilu Arautzailearen Osoko Bilkura behar bezala eratzeko, presidente bat eta idazkari bat egongo dira, eta, hurrenez hurren, aldez aurretik zehazten den karguak edo Kontseilu Arautzaileari atxikitako pertsonak ordezkatu ahal izango ditu.

      Era berean, bilkura behar bezala eratzeko, kideen gehiengoa egon behar da bertan (erdia gehi bat).

    4. Edonola ere, Osoko Bilkura balio osoz eratuko da, kide guztiak bertan daudenean eta aho batez hala erabakitzen dutenean.

    5. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak ordezkari bat edukiko du, elikagaien kalitatearen arloan eskumena duen sailak izendatua, eta Arabako Foru Aldundiak beste bat, nekazaritzaren arloan eskumena duen foru-diputatuak izendatua. Hitza izango dute, baina botorik ez.

    6. Titular batek ezin badu bilkurara joan, horren berri emango die bai Osoko Bilkurari bai ordezko izendatutako pertsonari, hura haren ordez joan dadin.

  3. Osoko Bilkuraren erabakiak:

  1. Kontseilu Arautzailearen Osoko Bilkuraren erabakiak boto-eskubidea duten bertaratutako kideen gehiengoz hartuko dira, eta, berdinketa gertatuz gero, presidentearen kalitatezko botoak ebatziko ditu, salbu eta bokal ere izendatu badute.

  2. Jatorri-deitura babestuaren erregelamendua aldatzeko proposamena onesteko Kontseilu Arautzaileko kideen bi hereneko gehiengo kualifikatua beharko da, bai eta mahastien azalera handitzeko proposamenak onesteko ere. Gero, administrazio eskudunari bidaliko zaizkio, onets dezan.

  1. Osoko Bilkuraren erabakiak jakinaraztea:

    1. Kontseilu Arautzailearen erabakiak, administrazio-ahalez baliatuta hartuz gero, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeko 40. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoaren arabera jakinarazi eta argitaratuko dira.

    2. Aurrekoa gorabehera, Kontseilu Arautzailearen erabaki batek ŤArabako Txakolina / Txakoli de Álava / Chacolí de Álavať deiturako ardoen ekoizpenean edo elaborazioan ari diren pertsona edo enpresa batzuk ukitzen baditu eta partikularra ez bada, kontseiluaren bulegoetan erakutsiko da, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko.

  2. Erregelamendu honetan ezarri ez den guztian, Kontseilu Arautzailearen funtzionamendua Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen Atariko Tituluko II. kapituluko 3. atalean kide anitzeko organoentzat ezarritako araubidera egokitu beharko da.

  3. Kontseiluko kideek beren jardunean edozein hizkuntza ofizial erabili ahal izango dute. Kontseiluak hala erabakitzen badu, euskaraz egin ahal izango dira bileretarako deialdiak, gai-zerrendak, aktak, ziurtagiriak eta, oro har, testu idatziak, euskara normalizatzeko. Horrela ez bada, Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialen erabilera bermatuko da.

  1. Osoko Bilkurak batzorde iraunkor bat eratu ahal izango du. Batzorde hori presidente-funtzioak betetzen dituen pertsonak, idazkari-funtzioak betetzen dituen pertsonak eta Osoko Bilkurak izendatzen dituen bi bokal titularrek osatuko dute, ordezkaritza parekidearen printzipioa errespetatuz. Bata ekoizleen sektorekoa izango da eta bestea elaboratzaileen sektorekoa.

  2. Batzorde hori eratzea erabakitzen den bilkuran, esleitzen zaizkion berariazko gaiak eta eginkizunak erabakiko dira, bai eta jarduteko araubidea ere, eta Osoko Bilkurari jakinarazi beharko zaizkion erabakiak adieraziko dira, jakinaren gainean egon dadin edo berrets ditzan.

  3. Urtero egingo ditu ohiko eta ezohiko aurrekontuen proiektua eta haiei erantsitako memoria, Osoko Bilkurak onar edo uka ditzan.

  4. Gai zehatzak aztertzeko egokitzat jotzen dituen lan-batzordeak ezarriko ditu.

  5. Hartzen dituen erabaki guztiak idazkariak edo gai zehatzetarako izendatzen den pertsonak kudeatu eta gauzatuko ditu, eta, nolanahi ere, kontseiluaren Osoko Bilkurari jakinaraziko zaizkio egiten den lehenengo bileran.

Osoko Bilkurak egoki iritzitako aholku-batzordeak eta lantaldeak sortzea erabaki ahal izango du. Horien eginkizuna da Osoko Bilkuraren eskumenekin zerikusia duten gaiak eta proposamenak aztertzea. Bertan hartutako erabakiak Osoko Bilkurak berretsi beharko ditu.

  1. Presidenteak eginkizun hauek izango ditu:

    1. Kontseilu Arautzailearen lege- eta erakunde-ordezkaritza izatea hirugarren edozein entitateren aurrean eta Osoko Bilkurak eskuordetzen dion beste edozein entitateren aurrean. Behar izanez gero, ordezkaritza hori kontseiluko kide bati eskuordetu ahal dio berariaz.

    2. Osoko Bilkuraren ohiko eta ezohiko bileren deialdia erabakitzea, gai-zerrenda finkatzea eta Batzorde Iraunkorraren proposamenak jasotzea.

    3. Batzorde Iraunkorraren ohiko eta ezohiko bileretarako deialdia egitea, eta gai-zerrenda finkatzea, gainerako kideek behar besteko aurrerapenaz egindako eskaerak barne hartuta.

    4. Osoko Bilkuraren eta Batzorde Iraunkorraren bilkuretako buru izatea, eztabaidak moderatzea eta horiek etetea, justifikatutako arrazoiak daudenean.

    5. Berdinketak direnean, bere botoarekin berdinketa haustea, hartu behar diren erabakiak hartu ahal izateko.

    6. Osoko Bilkuraren eta Batzorde Iraunkorraren aktak eta erabakien ziurtagiriak ikus-onestea.

    7. Kontseilu Arautzaileko langileak kontratatu, berritu edo kargugabetzea, Osoko Bilkuraren aldez aurreko onespenarekin.

    8. Agintaritza eskudunari Osoko Bilkuraren erabakiak igortzea, ezagutu behar dituenak, bai eta, duten garrantzia dela eta, Administrazioak ezagutu behar lituzkeenak ere, besteak beste, ekoizpenean eta merkatuan gorabeherak izateagatik.

    9. Osoko Bilkurak hartutako erabakiak betearazten direla zaintzea.

    10. Zerbitzuak antolatzea eta zuzentzea.

    11. Kontseilu Arautzailearen erabakiekin bat etorriz, haren sarrera eta funtsak administratzea eta ordainketak egiteko aginduak ematea, indarreko legeria beteta.

    12. Kontseilu Arautzaileko presidente izateak berez dakartzan beste funtzio guztiak betetzea.

  2. Presidentea ez badago, gaixorik badago edo errekusatuta badago, presidenteorde-funtzioak betetzen dituen pertsonak ordezkatuko du. Heriotzagatik, dimisioagatik edo ezintasunagatik kargua hutsik geratzen bada, presidenteorde-funtzioak betetzen dituen pertsonak ordezkatuko du, harik eta presidente berria izendatu arte. Izendapena hilabeteko epean egin behar da. Presidentea ordezkatuko duenaren agintaldia betetzeko geratzen zaion denborarako baino ez da izango.

  3. Kargua lau urtean behin berrituko da, eta berrautatu ahal izango da.

  4. Kasu hauetan utziko du kargua: agintaldia amaitutakoan; berak eskatzen duenean dimisioa onartu ondoren; bera izendatzeko eskumena duen organoak erabakitzen duenean.

Presidenteordeak presidentea ordezkatuko du, hura falta denean, gaixorik dagoenean edo eskuordetze espresuaren bidez.

  1. Bokal-karguen titularrak eta ordezkoak jatorri-deitura babestuko erregistroetan inskribatutako pertsona fisiko edo juridikoek hautatuko dituzte euren artean, lau urteko agintaldirako.

  2. Pertsona juridiko bat bokal gisa hautatzen denean, Osoko Bilkurako bilkuretan hura ordezkatuko duen pertsona fisikoa izendatuko du.

  3. Bokalak lau izango dira; betiere parekotasuna egongo da mahastizaintzaren arloko eta ardogintzaren arloko ordezkarien artean.

  4. Kontseilu Arautzaileko bokal bakoitzak bere ordezkoa izango du, titularra bezala hautatua. Edozein arrazoirengatik bokal batek kargua uzten badu, ordezkoak hartuko du haren lekua, eta azken horrek ere kargua uzten badu, titular eta ordezko berriak izendatuko dira ezarritako moduan, baina haien agintaldiak kontseilua lehen aldiz berritu arte baino ez du iraungo.

  5. Bokal-karguak dituztenek lotuta egon beharko dute ordezkatzen dituzten sektoreei, zuzenean edo ordezkatu behar dituzten enpresek izendatuta. Hala ere, hainbat erregistrotan inskribatutako pertsona fisiko edo juridiko berak ezin izango du Kontseilu Arautzailean ordezkaritza bikoitza izan, hau da, une bakoitzean onartutako hautesle-erroldetako batengatik baino gehiagorengatik, ez zuzenean, ez haren filialen edo bazkideen sinaduren bidez.

  6. Karguaren indarraldian kontseilukide batek zehapena jasotzen badu Erregelamendu honetan arauturiko gaietako batean arau-hauste astuna egiteagatik, kargua utzi beharko du berak edo bere enpresak. Emaitza bera izango da elkarren segidako hiru bilkuratara edo txandakako bostetara ez joateagatik, jatorri-deitura babestuko erregistroetan baja emateagatik edo erregelamendu honek arautzen dituen gaietan arau-hauste oso astuna egin eta zehatuak izateagatik.

  7. Inskribatutako enpresa bateko zuzendaritzako kide izateagatik kontseiluko bokal gisa hautatuak izan diren pertsonek kontseiluko kargua utziko dute, enpresa horren barruan kargu hori izateari uzten diotenean, nahiz eta sektoreari lotuta jarraitu beste enpresa batera pasatzeagatik, eta ordezkoa ezarritako moduan izendatuko da.

  1. Kontseilu Arautzaileak idazkari bat izango du, Osoko Bilkurak izendatua, eta haren mende egongo da zuzenean.

  2. Honako funtzio hauek izango ditu:

    1. Kontseilu Arautzailearen bileretarako deialdia egitea, presidentearen aginduz, bai eta kontseiluko kideei zitazioak egitea ere.

    2. Kontseilu Arautzailea osatzen dutenen komunikazio-egintzak jasotzea, eta, beraz, jakin behar dituen jakinarazpenak, datu-eskaerak, zuzenketak edo beste edozein idazki jasotzea.

    3. Gaiak bideratzeko prestatzea, aktak eta Kontseilu Arautzailearen bileretako erabakien ziurtagiriak egitea eta idaztea, dagozkien liburuetan, presidentearen oniritziarekin.

    4. Kontabilitatea eramatea, kobrantzak eta ordainketak proposatzea eta aurrekontuak idaztea.

    5. Kontseilu Arautzailearen eskumeneko gaiak prestatzearekin eta bideratzearekin zerikusia duten gainerako eginkizunak, salbu eta babestutako produktuen ebaluazioarekin zerikusia dutenak.

    6. Kontsulten, irizpenen eta onartutako erabakien ziurtagiriak egitea.

    7. Kontseilu Arautzailearen organo, zerbitzu eta sailen eta administrazio-langileen zuzendaritza, koordinazio orokorra eta kudeaketa, salbu eta kontrol- eta ziurtapen-egiturarena, zeregin horiek Kontseilu Arautzaileari eskuordetu bazaizkio.

    8. Aurrekontuaren aurreproiektua eta jardueren urteko memoria idaztea.

    9. Presidenteak edo Osoko Bilkurak eskuordetzen dizkioten gainerako kontuak.

    10. Bileretara joatea, hitzarekin baina botorik gabe, Osoko Bilkura osatzen dutenen artetik izendatzen dutenean izan ezik; kasu horretan ere botoa emateko eskubidea izango du.

  1. Kontseilu Arautzailearen Osoko Bilkurak hauteskundeetarako deia egingo du ezarritako epeetan, eta Eusko Jaurlaritzan elikagaien kalitatearen arloan eskumena duen sailari jakinaraziko dio, titularrak izenda dezan. Hautagai bakarraren kasuan, ez da beharrezkoa izango hauteskunde-prozesurik egitea.

    Kontseilu Arautzaileko karguak lau urtez behin berrituko dira. Kargudunak berrautatu daitezke.

  2. Osoko Bilkurako bokal hautetsien bi herenen gehiengo kualifikatuz hautatuko da presidentea, eta hautatutako bokaletako bat edo beste pertsona bat izan daiteke.

  3. Presidenteordea izendatzeko, presidentea izendatzeko erabili den sistema berdina erabiliko da.

  4. Presidentea edo presidenteordea bokalen artetik hautatzen badira, parekotasunari eusteko, ez dira bokalen postuak beteko, eta, presidentearen kasuan, kalitatezko botoa galduko du.

  5. Bokalak honela hautatuko dira:

    1. Mahastizaintzaren sektorearen bi ordezkari, ŤArabako Txakolina / Txakoli de Álava / Chacolí de Álavať deiturako ardoa egiteko mahatsa hornitzen duten mahastizainek, dagokion erregistroan inskribatuek, euren artean hautatuak.

    2. Bi bokal ardogintzaren sektorearen ordezkari, dagokion erregistroan inskribatutako upeltegien jabeek euren artean hautatuak.

      Bokalak, izendatu eta hilabete igaro aurretik, jabetu behar dira karguaz.

  6. Idazkari-funtzioak betetzen dituen pertsonari dagokionez, Osoko Bilkurak hartuko du hura izendatu, kargugabetu edo aldi baterako ordezkatzeko erabakia.

  1. Alderdien Batzordea arduratuko da kontrol- eta ziurtapen-sistemaren funtzionamendu egokia zaintzeaz funtzio hori Kontseilu Arautzailearen esku utzi denean, eta kontrol- eta ziurtapen-sistemaren edukiarekin eta funtzionamenduarekin zerikusia duten interes guztien parte-hartzea izango du, horietako bakar bat ere nagusitu gabe.

  2. Osaera eta eginkizunak prozeduran eta kalitate-eskuliburuan ezarriko dira. Betiere Osoko Bilkuraren erabakiz proposatuko dira kideak.

  3. Kontrol-sistemaren funtzionamendu egokia gainbegiratzeko funtzioen artean, aurrekontuak onartu aurretik txosten bat egitea egongo da, kontrol-egiturak giza baliabide eta baliabide ekonomiko nahikoak dituela bermatzeari begira. Halaber, beharrezkoa izango da, Osoko Bilkurara bidali aurretik, horren berri ematea kontrol-egiturako langileak kontratatu, kargugabetu, kaleratu edo berritu behar direnean.

  1. Kontseilu Arautzailearen zerbitzuak administrazio- eta sustapen-arloan egituratzen dira, Kontseilu Arautzaileko idazkari-funtzioak betetzen dituen pertsonaren zuzendaritzapean eta koordinaziopean.

  2. Administrazio- eta sustapen-arloek beren gain hartuko dituzte giza baliabideekin eta baliabide materialekin, kudeaketa ekonomikoarekin, sustapen-jarduketekin eta administrazioarekin, eta Kontseilu Arautzailearen idazkaritzarekin lotutako gai guztiak, bai eta beste arlo batzuei esleitu gabeko beste edozein gai orokor ere. Gainera, arlo bakoitzeko arduradunak izango dituzte.

  1. Kontseilu Arautzaileak bere helburua betetzeko behar dituen langileak kontratatuko ditu lan-kontratupean.

  2. Langileen kontratazioa Osoko Bilkurak onartutako plantillen arabera egingo da, betiere aurrekontuan dagokion partida esleitu bada. Behar besteko publizitatea bermatuko duen deialdi baten bidez egingo da, eta deialdi horretan izangaiek parte hartzeko baldintzak eta baloratu beharreko merezimenduak jasoko dira, zeinak Osoko Bilkurak ezarriko baititu.

  3. Kontseiluak aldi baterako behar diren langileak kontratatu ahal izango ditu lan bereziak edo jakinak egiteko, betiere aurrekontu-zuzkidura horretarako gaitzen bada.

  1. Operadoreek eskubidea izango dute jatorri-deitura babestuaren izena, sinboloak, ikurrak, publizitate-legendak edo beste edozein propaganda erabiltzeko hark babestutako ardoak egiteko mahatsaren ekoizpenean, elaborazioan bertan, publizitatean, dokumentazioan edo etiketetan. Horretarako, ezinbestekoa izango da hura dagokion erregistro ofizialean inskribatzea, eta, horrez gain, produktua erregelamendu honetan eta eskualde jakin batean ekoitzitako kalitateko ardoak egiteko aplikatu behar diren gainerako arauetan jasotako arauetara egokitzea, bai eta produktu horiek ezaugarritu behar dituzten baldintza fisiko-kimikoak, enologikoak eta organoleptikoak betetzea ere.

  2. Kontseilu Arautzaileak mahastizain agiria edo txartela emango die Mahastien Erregistroan inskribatutako pertsona fisiko eta juridikoei: bertan inskribatutako mahastiaren azalera zehaztuko da (barietateak banakatuta) eta kanpaina bakoitzeko gehieneko ekoizpena adieraziko; horiez gainera baliteke beste datu batzuk ere ezartzea mahastiak ondo identifikatu eta kontrolatzeko. Agiri horrekin batera, jatorrizko fakturazio-orri bat aurkeztuko da. Mahastizainak horren ale bat aurkeztu beharko dio doakion mahats-saila jaso duen inskribatutako upeltegiari, ematerakoan eta garraioan, horren jatorria justifikatzeari begira.

  1. Jatorri-deitura babestuko erregistroetan titular gisa inskribatutako pertsona natural edo juridikoek betebehar hauek izango dituzte:

    1. Ekoizpenari, merkaturatzeari eta ingurumena babesteari buruz jakinaraztearen arloan Kontseilu Arautzaileak hartutako arauak aplikatzea.

    2. Kontseilu Arautzaileak eskatutako informazioa helaraztea, helburu estatistikoekin eta ekoizpenaren eta merkaturatzearen jarraipena egiteko.

    3. Autokontrol-sistema bat izatea, ardoek baldintza-agiriko betekizunak betetzen dituztela ziurtatzeko eta lote bakoitzaren trazabilitatea eta kalifikazioa bermatzeko.

    4. Ardoak kalifikatzeko, Kontseilu Arautzaileak berariaz ezarritako prozedura erabiliko da. Kontseilu Arautzaileari eskuordetu ahal izango zaizkio loteen kalifikazioarekin lotutako zereginak, eta eskuordetze-dokumentu batean formalizatuko da inguruabar hori.

    5. Ardo deskalifikatuei dagokienez:

      Gordailu bereizietan eta ontzi independenteetan biltegiratu beharko dira, behar bezala errotulatuta, Kontseilu Arautzailearen kontrolpean. Kontseilu Arautzaileak ebazpen bidez zehaztuko du zer egingo den produktu deskalifikatuarekin.

      Aurrez deskalifikatuta dagoen beste produktu batekin nahastuta lortutako produktuak deskalifikatutzat joko dira.

      Produktu deskalifikatua ontziz edo lekuz aldatzeko, ezinbestekoa da Kontseilu Arautzaileari behar besteko aurrerapenaz jakinaraztea, hark behar diren kontrol-neurriak har ditzan.

      Egiaztatu beharko dute produktuaren helburua bat datorrela Kontseilu Arautzaileak zehaztutako erabilerekin.

    6. Kontrol- eta ziurtapen-araubidearen mende jartzea, kontrol- eta ziurtapen-organismoarekin lankidetzan aritzea eta ekoizpenari, elaborazioari edo merkaturatzeari buruz eskatzen zaizkion datu eta dokumentu guztiak ematea.

    7. Erregelamendu honetan aurreikusitako betebeharrak ez betetzeagatik ardura izatea.

    8. Nahitaez egin behar dituzten aitorpenak edo txostenak bidaltzea. Nolanahi ere, Upeltegien Erregistroan inskribatutako enpresa bakoitzak merkaturatzen duen ardo-kantitatea bat etorriko da mahats-bilketa propioko edo erositako mahats-kantitatearekin, lehenagoko kanpainetako izakinekin eta inskribatutako beste enpresa batzuei erositako ardo eta muztio kopuruarekin.

    9. Nahitaezko kuotak eta tarifak ordaintzea, jatorri-deitura babestuko kide izatearen ondoriozko zerbitzuak eskuratzeko eta eskubideak baliatzeko, bai eta antolamendu- eta funtzionamendu-arauen ondoriozko kostua finantzatzeko ere.

    10. Erregelamendu honetan jasotako gainerako xedapenak betetzea, bai eta, beren eskumenen esparruan, Euskal Autonomia Erkidegoan elikagaien kalitatearen arloan eskumena duten organismoek emandako erabakiak ere.

  2. Inskribatutako enpresen arteko mahats, muztio edo ardo igorpenetan, mahastizaintzari eta ardogintzari buruzko indarreko legerian ezarritako dokumentazioaz gainera, upeltegien arteko zirkulaziorako orria ere bidali behar da (Kontseilu Arautzaileak emango du berak erabakitzen duen moduan).

  3. Ardoaren ekoizpena eta elaborazioa, ardo izakinak, eta merkaturatutako ardo motak eta haien kalitatea eta jatorria frogatzeko behar den guztia kontrolatu ahal izateko, mahastien eta upeltegien titular diren pertsona fisiko eta juridikoek ondoko betebehar hauek izango dituzte:

    1. Urtean behin, bilketa amaitutakoan eta azaroaren 30a baino lehen, Mahastien Erregistroan inskribatutako enpresa guztiek inskribatutako lurzati bakoitzeko uztaren aitorpena aurkeztu behar dute, eta, bertan, mahats-barietateak, mahatsaren destinoa eta, salduz gero, eroslearen izena adierazi behar dituzte. Mahats mota bat baino gehiago ekoitziz gero, bakoitzaren kopurua aitortu behar da.

    2. Urtero, azaroaren 30a baino lehen, Ardogintzan eta Ontziratzen diharduten Upeltegien Erregistroan inskribatutako enpresa guztiek egin duten ardoaren kopurua aitortu beharko dute, motaren arabera banakatuta. Horrez gainera, saltzen duten ardoa egiteko erabili den mahatsaren jatorria eta haren destinoa adierazi beharko dituzte, eta eroslea eta kopurua zehaztu.

      Halaber, kanpaina bakoitzeko eta ardo-mota bakoitzeko izandako produktuen sarrera eta irteeren erregistro eguneratua eduki behar dute, eta eskuratutako ardoen jatorria zehaztu behar dute bertan. Betiere ardo-motak bereizi beharko dira. Kontseilu Arautzaileak eta kontrol- eta ziurtapen-organoak noiznahi eskuratu ahal izango dituzte erregistro horretako datuak.

    3. Urtero, irailaren 7a baino lehen, upeltegien erregistroetan inskribatutako enpresek uztailaren 31n eduki dituzten muztio eta ardo kopuruen aitorpena aurkeztu behar diote Kontseilu Arautzaileari.

  4. Dagokion erregistroan inskribatutako mahastiak eta ustiategi berekoak ez diren eraikinak dauden lurzatietan ezin egon daiteke jatorri-deitura babestuaren itzalpean ez dagoen mahatsik, muztiorik ez ardorik.

  5. Dagokion erregistroan inskribatutako upeltegiak dituzten enpresek inskribatutako mahastietako mahatsa eta inskribatutako beste upeltegi batzuetako muztioa edo ardoa baino ezingo dute izan. Era berean, inskripzioan aitortutako lokaletan bakarrik biltegiratu ahal dituzte euren ardoak.

  6. Artikulu honetako 1.e) apartatuan aipatutako aitorpenak estatistiketarako baino ez dira erabiliko. Beraz, haietako datuak zenbakitan soilik eman eta argitara daitezke, inolako banako aipamenik gabe.

ŤArabako Txakolina / Txakoli de Álava / Chacolí de Álavať jatorri-deituraren operadore izan nahi duten pertsona fisiko edo juridiko guztiek, Mahastizaintza eta Ardogintza Antolatzeko maiatzaren 7ko 5/2004 Legea betez, Kontseilu Arautzaileari jakinarazi beharko dizkiote beren datuak, erregistro ofizialetan inskriba ditzan.

  1. Inskripzio-eskaerak Kontseilu Arautzaileari bidali beharko zaizkio indarreko xedapen eta arauetan eskatzen diren datuak, dokumentuak eta egiaztagiriak hark prestatutako inprimakietan erantsita.

  2. Kontseilu Arautzaileak inskripzioa ukatuko die erregelamendu honetako manuei edo mahastiek eta upeltegiek izan behar dituzten izaera teknikoko gai osagarriei buruz Kontseilu Arautzaileak hartutako erabakiei lotzen ez zaizkienei, eta, beraz, kontrol- eta ziurtapen-erakundeak emandako adostasun-ziurtagiria lortzen ez dutenei.

  3. Upeltegien erregistroetan inskribatu aurretik, orokorrean ezarrita dauden erregistroetan inskribatu beharko da, eta Kontseilu Arautzailearen erregistroetan inskribatu aurretik egiaztatu beharko da hori.

    Mahastien Erregistroan inskribatu aurretik, landaketak baimentzeko eskumena duten administrazioek ezarritako erregistroetan inskribatu beharko da.

Kontseilu Arautzaileak ezarriko du erregistroetako inskripzioak noiz eta nola berritu behar diren. Horretarako, aldizkako ikuskapenak egingo dira jarraian xedatutakoa betetzen den egiaztatzeko:

  1. Mahastien Erregistroa.

    1. Mahastien Erregistroan inskribatu ahal izango dira ekoizpen-eremuan kokatutako mahasti guztiak, baldin eta bertako mahatsa ardo babestuak egiteko erabil badaiteke eta baldintza-agiriko baldintzak betetzen badituzte.

    2. Inskripzioan, kasuan kasuko inskripzio- edo alta-prozeduran eskatutako datu guztiak agertuko dira, baldintza-agiriaren arabera. Zehazki, honako datu hauek agertuko dira: jabearen izena; eskubideen titularraren izena; behar denean, kolonoaren, partzuerraren, errentariaren, zentsu-hartzailearen edo aprobetxamendurako beste edozein eskubideren titularraren izena; mahastiaren izena; mahastia dagoen inguruaren eta udalerriaren izenak; mahastizaintzan erabiltzen den azalera; mahats barietateak; mahastia sailkatzeko eta kokatzeko behar diren datuak.

    3. Inskripzio-orriarekin batera inskribatu nahi diren lurzatien plano edo krokis xehatua aurkeztu behar da, Kontseilu Arautzaileak ezartzen duenaren araberakoa, bai eta Mahastien Erregistroko inskripzio-datuak eta, behar denean, Arabako Foru Aldundiak emandako landaketa-baimena ere.

  2. Ardogintzan eta Ontziratzen diharduten Upeltegien Erregistroa.

    1. Ardogintzan eta Ontziratzen diharduten Upeltegien Erregistroan inskribatuko dira jatorri-deitura babestuaren eremu geografikoan dauden eta bertan elaboratu, biltegiratu, ondu eta ardoak egiteko aukera izan dezaketen guztiak. Botilatzea hauxe da: ardoa itzulgarriak ez diren ontzietan sartzea, Europar Batasunak baimendutakoarekin bat etorriz.

    2. Inskripzioan, hauek agertuko dira gutxienez: enpresa titularraren izena, kokalekua, udalerria eta gunea, inskribatu nahi den erregistroa edo erregistroak, inskripzio horren irismena eta upeltegia behar bezala identifikatzeko behar diren datu guztiak, upeltegia inskribatzeko edo hari alta emateko prozeduraren arabera.

    3. Elaborazio- eta ontziratze-enpresek bitarteko tekniko eta instalazio hauek izan beharko dituzte gutxienez, eta horiek adierazi beharko dituzte inskripzio-eskaeran: biltegiak (horien kopurua, edukiera eta ezaugarriak adieraziko dira), prentsatze-sistema (mota eta ezaugarriak adieraziko dira), ponpak eta iragazkiak, eta ontziratze-sistema. Eskaeran, ardogintzako gainerako makina guztien berri ere eman behar da.

      Ardogintzako enpresa ez bada lokalen jabea, horren berri eman behar da, eta jabearen izena adierazi.

    4. Ardogintzan eta Ontziratzen diharduten Upeltegien Erregistroan inskribatu nahi duten upeltegiek indarreko legeria bete behar dute. Upeltegiaren titularrak eguneratuta eduki beharko ditu upeltegiari buruzko datuak Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Elikagai Industrien Erregistroan. Halaber, gerta daitezkeen aldaketen berri eman beharko dio, idatziz, Kontseilu Arautzaileari, eta, horrekin batera, erregistroak emandako inskripzioaren kopia eguneratua.

    5. Upeltegi bat dagokion erregistroan inskribatzeko, edo haren inskripzioak indarrean jarraitzeko, ezinbestekoa da lokal lokabean egotea eta bere eraikin eta instalazioen eta jatorri-deitura babestua erabiltzeko eskubidea ez duten ardoak egiten, manipulatzen edo biltegiratzen diren beste lokal batzuen artean bide publikoa egotea, gutxienez.

    6. ŤArabako Txakolina / Txakoli de Álava / Chacolí de Álavať jatorri-deitura babestua duten ardoak Kontseilu Arautzaileak baimendutako ontzi motetan eta edukieretan bakarrik aurkeztu ahal izango zaizkio azken kontsumitzaileari.

    7. Kontsumorako ardoa banatzeko erabiltzen den ontziak, edozein dela ere, berme-zigilua eta Kontseilu Arautzaileak emandako etiketa edo atzealdeko etiketa zenbakituak eduki beharko ditu; horiek upeltegian bertan jarri beharko dira, Kontseilu Arautzaileak zehazten duenarekin bat etorriz eta berriro ezin erabili izateko moduan.

  3. Etiketen eta marka komertzialen erregistroa.

    1. Kontseilu Arautzaileak etiketen inbentario bat izango du, eta bertan jasoko ditu inskribatutako enpresek jakinarazten dizkiotenak, jatorri-deitura babestua duten ardoak merkaturatzeko erabil daitezen. Kontseilu Arautzaileak berrikusiko ditu etiketa horiek, ziurtatzeko izen babestua behar bezala erabiltzen dela eta ez duela nahasterik sortzen beste jatorri-deitura babestu bateko edo inskribatutako beste upeltegi bateko ardoetan erabilitakoarekin.

    2. Orobat, erregistroetan inskribatutako enpresek erabili gabeko atzealdeko etiketen eta zigiluen inbentario eguneratua eduki behar dute. Kontseilu Arautzaileak eta kontrol- eta ziurtapen-organoak noiznahi eskuratu ahal izango dituzte erregistro horretako datuak.

    3. Erregistro horri lotuta, Marka Komertzialen Erregistro bat ezarriko da. Erregistro horretan sartu ahal izateko, marka bat inskribatuta, pertsonak bere jabetza justifikatu beharko du edo marka horren jabearen berariazko baimena izan beharko du. Nolanahi ere, jabetza industrialaren arloan eta mahastizaintzaren eta ardogintzaren arloan indarrean dagoen legerian ezarritakoa bete beharko da.

    4. Erregistro horietan inskribatutako enpresek Kontseilu Arautzaileari jakinarazi beharko dizkiote erabiltzen dituzten marka eta etiketa guztiak, hirugarren batentzat egindako ardoak ontziratzeko erabiltzen badira ere.

  4. Upelen eta andelen erregistroa.

    1. Kontseilu Arautzaileak zurezko upelen eta andelen erregistro bat izango du, eta bertan muztioa eta ardoa hartzitu eta eraldatuko dira, ŤBereziať aipamenarekin merkaturatutako txakolinak egiteko.

    2. Upelak egur nobleez eginak izango dira, eta andelak zeramikazkoak, zementuzkoak edo beste material batzuetakoak izan ahalko dira.

  5. Inskripzioen indarraldia.

    1. Kasuan kasuko erregistroetako inskripzioek indarrean jarrai dezaten, ezinbestekoa izango da jatorri-deitura babestuaren araudiak ezartzen dituen baldintzak betetzea une oro. Horrez gain, baldin eta inskripzioan emandako datuei eragiten dien edozein aldaketa gertatzen bada, inskribatutako pertsonek Kontseilu Arautzaileari jakinarazi beharko diote hori. Kontseilu Arautzaileak inskripzioak baliogabetu edo ezeztatu ahal izango ditu, inskripzio horien titularrek ez badituzte baldintza horiek betetzen. Horretarako, aldizkako ikuskapenak egingo dira apartatu honetan xedatutakoa betetzen den egiaztatzeko.

    2. Erregistroak etengabe eguneratuko dira.

    3. Operadoreen jarduerei eta babestutako produktuei eragiten dien edozein aldaketak baldintza partikular horiek ezartzea edo aldatzea ekar dezake, bai eta inskripzioaren edo berritzearen baldintzak eguneratuko dituen beste ebazpen bat ematea ere.

  1. Kontseilu Arautzaileak kontrol- eta ziurtapen-sistema bat hautatuko du. Sistema hori haren kudeaketatik bereizita egongo da, eta aukera emango du produktuaren jatorria, kalitatea eta trazabilitatea bermatzeko. Bi aukera daude betekizun hori betetzeko:

    1. Kontseilu Arautzailean bertan integratuta dagoen kontrol-organismo batek eduki ahal izango du kontrola. Kasu horretan, kontrol- eta ziurtapen-zuzendariak eta auditoretzako langileek osatuko dute kontrol-egitura. Langile horiek Idazkaritzatik eta Osoko Bilkuratik independenteak izango dira beren kontrol- eta ziurtapen-eginkizunak betetzean, eta Alderdien Batzordeak gainbegiratuko du.

    2. Jatorri-deitura babestuaren Kontseilu Arautzailearekin zerikusirik ez duen kontrol- eta ziurtapen-entitate batek ere egin ahal izango du kontrola.

      Bi kasuetan, kontrol- eta ziurtapen-organismoak hauek bete beharko ditu:

      ISO 17.065 araurako edo hori ordezten duen araurako akreditazioa izan beharko du jatorri-deitura babestuaren baldintza-agiriaren egiaztapen-irismenean.

      Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritza eta Elikagaigintza Produktuen Kontrol eta Egiaztapenerako Erakundeen Erregistroan inskribatuta egongo da.

      Horretarako egokiak diren antolakuntza-egitura, baliabide tekniko eta ekonomikoak, dokumentazioa eta lan-sistematika izango ditu, eta horiek kalitate-eskuliburuan eta dagozkion prozeduretan deskribatuko dira.

      Kontrol- eta ziurtapen-langileek kontrol- eta ziurtapen-jarduerak egiteko behar besteko gaitasun teknikoa eta prestakuntza dutela bermatuko dute. Halaber, diskriminaziorik gabeko tratua bermatuko du, bai eta inpartzialtasuna babesteko ezartzen diren mekanismo guztiak beteko dituela ere.

      Kontrol- eta ziurtapen-erakundeak urtero egindako ikuskapenen eta kontrolen eta lortutako emaitzen berri eman beharko dio Eusko Jaurlaritzan elikagaien kalitatearen arloan eskumena duen organoari.

Kontseilu Arautzaileak baliabide hauek izango ditu helburuak betetzeko:

  1. Inskribatutakoek ordaindutako kuotak, sailkapen honen arabera:

    1. Nahitaezko kuota finkoa, Mahastien Erregistroan zein Ardogintzan eta Botilatzen diharduten Upeltegien Erregistroan inskribatutako titular guztiek ordaindu beharrekoa. Hasieran ezartzen den urteko nahitaezko kuota finkoaren zenbatekoa 55,62 eurokoa da, inskribatutako titulartasuneko kuota unitario gisa. Kuota hori KPIaren arabera eguneratuko da.

    2. Nahitaezko kuota aldakorrak, banaketa-sistema honen arabera ezarriko direnak:

      1. % 10 Mahastien Erregistroan inskribatuta dauden pertsonen artean, inskribatutako eskubideen azaleraren proportzioan.

      1. % 90 Upeltegien Erregistroan inskribatuta dauden pertsonen artean, zigiluen, kontraetiketen edo horretarako ezarritako kontrol-sistema egokiaren arabera.

    3. Ezohiko kuotak, premiazko edo ustekabeko jarduketetan ezarriko direnak. Kontseilu Arautzaileak botoen % 65eko gehiengoa beharko du kuota horiek onartu ahal izateko. Banaketa-sistema nahitaezko kuota aldakorretarako ezarritako bera izango da.

    4. Jasotzen dituen dirulaguntzak, legatuak eta dohaintzak.

    5. Berari edo berak ordezkatzen dituen interesei sortutako kalte-galerengatik jasotzen dituen ordainak.

    6. Kontseiluaren ondarea osatzen duten ondasunak eta haren etekinak eta errentak.

    7. Kontseilu Arautzaileak berak hasi eta ebatzitako zehapen-prozeduren ondoriozko zehapenen zenbatekoak.

  2. Diru-sarrerak eta gastuak Kontseilu Arautzaileak kudeatuko ditu.

  3. Oinarriei aplikatu behar zaizkien ehunekoak Osoko Bilkuraren erabaki baten bidez onartuko dira eta argitaratu egingo dira operadoreek horren berri izan dezaten.

  4. Kontseilu Arautzaileak urtero memoria bat egingo du garatutako jarduerei eta bere ondarearen kudeaketa ekonomikoari buruz; aurreko ekitaldiko aurrekontuaren likidazioa egingo du hurrengo urteko lehen hiruhilekoan, eta diru-sarreren eta gastuen ohiko aurrekontua egingo du, aurreko urteko urria amaitu baino lehen. Dokumentu horiek Osoko Bilkurak onartu beharko ditu.

Jatorri-deitura babestuko erregistroetan titular gisa inskribatutako pertsona fisiko edo juridikoek erregelamendu honetan ezarritakoa ez betetzearen ondoriozko erantzukizuna izango dute.

Aipatutako pertsona inskribatuen portaera-arau deontologikoak jasotzen dituzten kudeaketa-organoaren erabakiak gutxienez organoaren webgunean argitaratu behar dira.

Zehapen-ahala egikaritzean, arau-haustearen astuntasunarekiko proportzionaltasun egokiaren irizpideak errespetatuko dira, egitateen izaera, arau-haustearen ondorioak eta inguruabar aringarriak edo astungarriak kontuan hartuta.

Erregelamendu honetan ezarritako administrazio-araubideak ez die kalterik egingo jatorri-deitura babestuko erregistroetako kideek izan ditzaketen beste edozein eratako erantzukizunei.

Zehapenik ezin izango da ezarri, kapitulu honetan ezarritako prozeduraren arabera horretarako bideratutako espedientearen bidez ez bada.

Zehapen-ahala Osoko Bilkurari dagokio.

Zehatu daitezkeen arau-hausteak arinak, astunak eta oso astunak izan daitezke.

Honako hauek hartuko dira arau-hauste arintzat:

  1. Kontseiluaren finantzaketarako ezarritako kuoten ordainketa atzeratzea, hiru hilabetetik gorako atzerapena ez denean.

  2. Jokabide oker oro, jatorri-deitura babestuko erregistroetan inskribatuta dauden gainerakoekin, kontseiluko kideekin eta haien gobernu-organoekin izandako harremanetan egindakoak, baldin eta jokabide oker horiek astunak edo oso astunak ez badira.

  3. Entitatearen estatutu- eta erregelamendu-xedapenen aurkako jokabideak edo ez-betetzeak, baldin eta astunak edo oso astunak ez badira.

  4. Kontseilu Arautzailearen erabakiak ez betetzea, baldin eta ez badakarte zehapen-prozeduraren bat eragin dezakeen arau-hausterik.

Honako hauek hartzen dira arau-hauste astuntzat:

  1. Kuotak ordaintzeko betebeharrak ez betetzea hiru hilabetean baino gehiagoan.

  2. Erregistroko datuen aldaketen berri ez ematea kontseiluari, baldin eta aldaketa horiek ez badakarte zehapen-prozesuren bat eragin dezakeen arau-hausterik.

  3. Urtebetean hiru arau-hauste arin egitea.

Hauek dira Osoko Bilkurako kideek egindako arau-hauste astunak, zehapena ekar dezaketenak:

  1. Osoko Bilkurako kide gisa dituen betebeharrak betetzeari dagokionez, eginkizunak alde batera uztea edo ardurarik ez izatea.

  2. Erregelamenduak edo indarreko legeriak ezartzen dizkien betebeharrak ez betetzea, baldin eta ez-betetze astuna bada.

  3. Osoko Bilkuraren aginduak edo erabakiak ez betetzea edo atzerapen larria eta justifikaziorik gabea izatea.

  4. Deiturarako interes orokorrekoak diren datuak edo irizpen-elementuak ezkutatzea, baldin eta Osoko Bilkuraren esku egon behar badute, duten izaeragatik.

  5. Urteko aurrekontuetan aurreikusitako helburuetarako ez beste batzuetarako esleitutako zenbatekoak bidegabe eta justifikaziorik gabe aplikatzea.

  6. Karguaren arabera, jatorri-deitura babestuaren edo haren ordezkaritza-organoen duintasunaren eta izen onaren aurkako jarduketak.

Honako hauek hartuko dira arau-hauste oso astuntzat:

  1. Jatorri-deitura babestuaren izen onari kalte larria eragiten dioten jarduketa errudunak edo arduragabeak.

  2. Kudeaketa-organoak ezarritako erabakiak ez betetzea, jatorri-deitura babestuari kalte larria eragiten badio, edo ez-betetze hori behin eta berriz egitea.

  3. Abusuzko eta lehia desleialeko jarduerak, gainerako operadoreei edo kontsumitzaile edo erabiltzaileei kalte larria eragiten dietenak.

  4. Begirunerik ez erakustea ez jatorri-deitura babestuko erregistroetan inskribatutako gainerako titularrei, ez eta Kontseilu Arautzailea osatzen duten pertsonei ere.

  5. Arau-hausteengatik ezarritako zehapenak ez betetzea, zehapen irmoak direlako eta jurisdikzio-ordenako organo eskudunek bertan behera utzi ez dituztelako eska daitezkeenean.

  6. Ohiko eta ezohiko kuotak edo beste ordainketa batzuk ez ordaintzea urtebetean baino gehiagoan.

  7. Arau-hauste astun bat egiteagatik ezarritako zehapena ez betetzea.

  8. Kontrola eragotzi edo zailtzea.

  1. Zehapen hauek ezarri ahal izango dira aurreko artikuluetan aurreikusitako arau-hausteengatik:

  1. Ahozko ohartarazpena arau-hauste arinen kasuan.

  2. Idatzizko ohartarazpena, 300 eurotik 3.000 eurora bitarteko isunarekin, arau-hauste astunen kasuan.

  3. Idatzizko ohartarazpena, 3.001 eurotik 15.000 eurora bitarteko isunarekin, arau-hauste oso astunen kasuan.

  4. Edonola ere, % 10eko errekargua zordundutako kuoten ordainketa atzeratzeagatik, baldin eta hiru hilabetean baino gehiagoan ordaindu ez badira operadoreen kasuan, eta urtebetean baino gehiagoan mahastizainen kasuan.

  5. Deiturari eragindako kalte ekonomikoaren zenbatekoko isuna.

  6. Kontseilu Arautzailearen Osoko Bilkurako kide izateari uztea; arau-haustearen astuntasunaren arabera, hilabete batetik sei urtera arte desgaitu ahal izango da kudeaketa-organoan erantzukizuneko edozein postu betetzeko.

  1. Artikulu honetako 5. eta 6. zehapenek sufragio aktibo eta pasiborako eskubidea etetea dakarte, haiek dirauten bitartean.

  1. Aurreko artikuluetan adierazitako zehapenak ezartzeko, zehapen-espediente bat izapidetuko da, eta, espediente horretan, espedientea egin zaien pertsonek eskubidea dute haien aurkako neurriak hartu aurretik entzunak izateko eta neurri horiek eragin dituzten egitateen berri izateko, eta, hala badagokio, zehapena ezartzen duen erabakia arrazoitu egin beharko da.

    Ustezko arau-hauste baten berri izatean, Kontseilu Arautzaileak, aurrekariak ikusita, jarduketak artxibatzea edo espedientea hastea erabakiko du. Kontseilu Arautzaileko idazkari-funtzioak betetzen dituen pertsona arduratuko da horretaz.

  2. Egin beharreko ikerketak egin ondoren, Kontseilu Arautzaileko idazkari-funtzioak betetzen dituen pertsonak espedientea artxibatzea proposatuko du, baldin eta zehapen arloko ez-zilegitasunaren zantzurik aurkitzen ez badu; bestela, kargu-orria egingo du. Kargu-orrian, hauek zehaztasunez, argi eta behar bezala arrazoituta adierazi beharko dira: legez kontrakotzat jotzen diren egintzak; jokabide horren ondoriozko arau-hauste motaren kalifikazioa; eta, hala badagokio, arau-hausteari zer zehapen dagokion. Espedientepeko pertsonari hamabost eguneko epea emango zaio, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, idatziz erantzun ahal izateko, alegia, deskargu-orria eta defentsarako egokitzat jotzen dituen frogen proposamena aurkezteko.

    Zuzenbidean onargarriak diren frogabide guztiak onartuko dira espedientean, eta Kontseilu Arautzaileko idazkari-funtzioak betetzen dituen pertsonari dagokio, proposatu ondoren, egokitzat jotzen dituen edo berak erabaki ditzakeen frogabideak gauzatzea. Egindako entzunaldiak eta frogak espedientean jasoko dira idatziz.

  3. Zehapen-espedientea, haren instrukzioa amaitu ondoren, Kontseilu Arautzaileko idazkariak Osoko Bilkurari helaraziko dio, dagokion ebazpen-proposamenarekin batera, eta, bertan, espedientepeko pertsonari beste entzunaldi-izapide bat emango zaio. Berriz ere hamabost eguneko epea izango du, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, bere eskubideari dagokionez egoki iritzitako guztia alegatu ahal izan dezan. Kontseilu Arautzaileko idazkariak ezin izango du eztabaidetan parte hartu, ezta Osoko Bilkuraren erabakietan ere, organo horrek baitu ebazteko ardura. Organo horrek, ebazpena eman aurretik, erabaki arrazoitu baten bidez, espedientea itzuli ahal izango dio idazkariari, ebazpena hartzeko ezinbestekoak diren eginbideak gauzatzeko. Interesdunak aukera izango du eginbide berrietan parte hartzeko, egoki irizten badio; dena den, eginbide horien emaitza jakinarazi behar zaio. Emaitza jakin ostean, interesdunak zortzi eguneko epea izango du eginbide horiei begira bere eskubideari ondo datozkion alegazioak egiteko.

    Ebazpena arrazoitua izango da, eta interesdunak planteatutako gai guztiak ebatziko ditu, bai eta prozeduratik eratorritakoak ere. Ebazpena eman eta hurrengo hamar egun balioduneko epean jakinarazi beharko zaio interesdunari, zer errekurtso jar daitezkeen eta horiek zer epetan jar daitezkeen adierazita, indarrean dagoen legeriaren arabera.

    Batzorde Iraunkorrak arau-hauste arinengatiko zehapen-espedientea ebatzi ahal izango du. Ostera, Osoko Bilkurari dagokio astunak eta oso astunak ebaztea, eta kideen gehiengo kualifikatuz hartu beharko da erabakia.

    Batzorde Iraunkorraren ebazpenaren aurka, interesdunak errekurtsoa jarri ahal izango du Osoko Bilkuran.

  1. Arau-hausteek epe hauetara preskribatuko dute:

    1. Arinek: 6 hilabetera.

    2. Astunek: urtebetera.

    3. Oso astunek: 2 urtera.

  2. Zehapenek epe hauetara preskribatuko dute:

    1. Arinek: 6 hilabetera.

    2. Astunek: urtebetera.

    3. Oso astunek: 2 urtera.

  3. Arau-hausteek preskribatzeko epeak arau-haustea egiten denetik aurrera hasiko dira zenbatzen. Preskripzioa eten egingo da Kontseilu Arautzaileak, berariaz eta argi, ustezko arau-haustea ikertzeko egiten duen edozein jarduketagatik; interesduna jakinaren gainean egongo da.

    Zehapenen preskripzio-epeak zehapena ezartzen duen ebazpena irmo bihurtu eta hurrengo egunetik aurrera hasiko dira zenbatzen. Kontseilu Arautzaileak zehapena berariaz eta argi betearazteko egintzaren bat egiten badu, zehapenaren preskripzio-epea eten egingo da.

  4. Ezeztatzen bada, zehapen-aurrekaria deuseztatuko da ondorio guztietarako. Arau-hauste arinak, astunak eta oso astunak egiteagatik ezarritako zehapenak urtebetera, bi urtera eta lau urtera ezeztatuko dira, hurrenez hurren, kasuan kasuko zehapena betetzen denetik aurrera.

  5. Kanporatze kasuetan, Kontseilu Arautzaileak kanporatua birgaitzea erabaki ahal izango du zehapena irmoa denetik gutxienez hiru urte igaro ondoren; horretarako, dagokion espedientea hasi beharko du, pertsona horrek hala eskatuta.

Berrerortzerik egon den zehazteko, ezarritako zehapen irmoak baino ez dira kontuan hartuko.

Kontseilu Arautzaileak erregelamendu hau garatzeko xedapenak ezarri ahal izango ditu.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.