Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2024ko otsailaren 1ekoa, Hezkuntzako sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoan derrigorrezko irakaskuntzen baliokideak diren atzerriko hezkuntza-sistemetako irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeetan Gaztelania eta Literatura, Euskara eta Literatura, Ingurune naturalaren, sozialaren eta kulturalaren ezagutza, Natura Zientziak, eta Geografia eta Historia jakintzagaiak irakasteko curriculuma eta gutxieneko ordutegia ezartzen dituena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Hezkuntza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 33
  • Hurrenkera-zk.: 780
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2024/02/01
  • Argitaratze-data: 2024/02/14

Gaikako eremua

  • Gaia: Kultura eta Kirola; Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Espainian dauden atzerriko ikastetxeen erregimenari buruzko maiatzaren 28ko 806/1993 Errege Dekretuak araubide juridikoa ezarri zuen atzerriko herrialdeetako hezkuntza-sistemei dagozkien unibertsitateaz kanpoko mailetako irakaskuntzak Espainian ematen dituzten ikastetxeentzat, ikastetxe horien titularraren nazionalitatea edozein dela ere.

Euskal Autonomia Erkidegoko atzerriko ikastetxeek, maiatzaren 28ko 806/1993 Errege Dekretuan aurreikusitakoaren ondorioz, urteak daramatzate ikasketa-planean bi hizkuntza ofizialen beharrezko ezagutza jasotzen, honako curriculum hauek erreferentziatzat hartuta: Lehen Hezkuntzako Euskara eta Literatura, Gaztelania eta Literatura, Ingurune naturalaren, sozialaren eta kulturalaren ezagutza; eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Natura zientziak, Gaztelania eta Literatura, Euskara eta Literatura eta Geografia eta Historia.

Maiatzaren 28ko 806/1993 Errege Dekretuan xedatutakoa arautzeko, Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 2012ko martxoaren 12ko Agindua argitaratu zen. Agindu horren bidez, atzerriko hezkuntza-sistema bateko irakaskuntzak ematen zituzten unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetan Gaztelania eta Literatura, Euskara eta Literatura eta Geografia eta Historia irakaskuntzak ezarri eta arautu ziren.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan (abenduaren 29ko 3/2020 Lege Organikoak aldatua) eta 77/2023 Dekretuan, maiatzaren 30ekoan, Oinarrizko Hezkuntzaren curriculuma zehaztu eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzekoarekin bat etorriz, curriculum horiek egokitu egin behar dira maiatzaren 28ko 806/1993 Errege Dekretuaren 3.1.a artikuluan aipatzen diren derrigorrezko irakaskuntzen baliokideak diren unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzak emateko baimena duten atzerriko ikastetxeen berariazko baldintzetara.

Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako ikastetxe horien ikasketa-planek beren irakaskuntzak garatzen dituzten atzerriko hizkuntza menderatzea eta atzerriko bigarren hizkuntza baten erabilera funtzionala barne hartzen dituzte. Gaztelania eta euskara ikasteak dakartzan hizkuntza-helburuak lortzeko, beharrezkoa da metodologia berritzaile eta integratzaileak sartzea, ikasleei atzerriko hezkuntza-sistemen ikasketa-planek eta agindu honetan aurreikusitakoak eskatzen duten hizkuntza-gaitasuna lortzen laguntzeko. Euskal curriculumaren irakaskuntza sartzea nahitaezkoa da atzerriko ikastetxe guztientzat, eta hizkuntzen planteamendu integratu batetik egiten da, ikastetxe bakoitzaren hizkuntza-proiektuaren arabera.

Hori horrela, Oinarrizko Hezkuntzaren curriculuma zehaztu eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzeari buruzko maiatzaren 30eko 77/2023 Dekretuaren seigarren xedapen gehigarrian xedatutakoa betetzeko agindu hau prestatu da.

Horregatik guztiagatik,

  1. Agindu honen xedea da Oinarrizko Hezkuntzako Gaztelania eta Literatura, Euskara eta Literatura, Ingurune naturalaren, sozialaren eta kulturalaren ezagutza, Natura Zientziak, eta Geografia eta Historia jakintzagaiak ezartzea eta arautzea, Espainiako atzerriko ikastetxeen araubideari buruzko maiatzaren 28ko 806/1993 Errege Dekretuan eta Euskal Autonomia Erkidegoan Oinarrizko Hezkuntzaren curriculuma zehaztu eta ezartzeari buruzko maiatzaren 30eko 77/2023 Dekretuan aurreikusitakoaren arabera.

  2. Agindu hau Euskal Autonomia Erkidegoan hezkuntza-sistemako derrigorrezko irakaskuntzen baliokideak diren irakaskuntza arautuak ematen dituzten atzerriko ikastetxeetan aplikatuko da, baldin eta atzerriko hezkuntza-sistema bateko ikasketak eta Espainiako eta Euskal Herriko hizkuntza eta kultura irakasten badira.

  1. Gaztelania eta Literatura eta Euskara eta Literatura irakasgaien curriculuma ikastetxe horiek egokituko dute, Euskal Autonomia Erkidegoan arlo eta ikasgai horietako bakoitzerako indarrean dagoen curriculuma kontuan hartuta. Geografia eta Historiari dagozkion irakasgaien curriculuma Lehen Hezkuntzako Ingurune naturalaren, sozialaren eta kulturalaren ezagutzaren curriculumetik, eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Geografia eta Historiaren curriculumetik egokituko da.

  2. Ikasturte berean hainbat hizkuntzek parteka ditzaketen hizkuntza-egiturei buruzko edukiak batera eman daitezke. Hala egiten denean, egitura komun horiek irakasteko hizkuntza gaztelania edo euskara ez bada, bermatu behar da ikasleek Gaztelania eta Literatura eta Euskara eta Literatura irakasgaietako irakaspenak jasoko dituztela, edo irakaspenak gaztelaniaz edo euskaraz jasoko dituztela, hurrengo artikuluan aipatutako ordu-kopuruan, gutxienez. Nolanahi ere, Euskal Eskola Publikoari buruzko otsailaren 19ko 1/1993 Legeko xedapen gehigarrietatik hamargarrenean ezarritakoaren arabera, Gaztelania eta Literaturako, eta, Euskara eta Literaturako irakaspenak hizkuntza horietan emango dira, nagusiki.

Gaztelania eta Literatura, Euskara eta Literatura, Ingurune naturalaren, sozialaren eta kulturalaren ezagutza, eta Geografia eta Historia irakaskuntzak emateko gutxieneko ordutegia Euskal Autonomia Erkidegoan Lehen Hezkuntza eta/edo Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza ematen duten ikastetxeetan, arlo horietarako 77/2023 Dekretuak, maiatzaren 30ekoak, Oinarrizko Hezkuntzaren curriculuma zehaztu eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzen duenak zehazten duena izango da.

Dekretu horretan ezarritakoaren arabera, Gaztelania eta Literaturaren curriculuma emateko gutxieneko ordutegia 1050 ordukoa izango da. Euskara eta Literaturako curriculuma emateko gutxieneko ordutegia 1050 ordukoa izango da. Natura, Gizarte eta Kultura Ingurunearen Ezagutza eta Geografia eta Historia irakasgaien curriculuma emateko gutxieneko ordutegia 735 ordukoa izango da.

  1. Bigarren artikuluan aipatutako irakaspenak emango dituzten irakasleek Lehen Hezkuntzarako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzarako eskatzen diren titulu-eskakizunak bete behar dituzte. Irakasle horiek gainerako irakasleek duten parte-hartze bera izango dute ikastetxeko organoetan.

  2. Atzerriko ikastetxeek artikulu honetan aipatutako irakasgaietako irakasleen artean aukeratu behar dute zuzendari teknikoa, irakasgai horiek koordina ditzan.

Irakasgai horiek ikastetxean emango diren gainerako irakasgaiei aplikagarri zaizkien arauen arabera ebaluatuko dira, eta ebaluazioen emaitzak dagozkien ikasketa-ziurtagirietan idatziz jasoko dira.

Euskal Autonomia Erkidegoan dauden atzerriko ikastetxe baimenduetan ikasleek egingo dituzten ikasketak eta tituluak indarrean dagoen araudian xedatutakoaren arabera baliozkotuko edo homologatuko dira.

Agindu honen aplikazio-eremuan dauden atzerriko ikastetxeak Hezkuntza Saileko Ikuskaritzaren mende geratuko dira, agindu hau betetzeari dagokionez.

Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleentzat oro har ezarritakoaren arabera egin behar da Euskara eta Literatura irakasgaia ematetik salbuesteko eskaera.

Agindu honetan ezarritakoa alde batera utzi gabe, agindu hau ez da nahitaezkoa izango ikasturte bat baino gutxiagoz ikastetxean eskolatuta dauden eta hurrengo ikasturtean ikastetxean ikasten jarraituko ez duten ikasleentzat.

Indargabetuta geratzen da Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 2012ko martxoaren 12ko Agindua, Euskal Autonomia Erkidegoan dauden eta atzerriko hezkuntza-sistema bateko ikasketak eta Espainiako eta Euskal Herriko hizkuntza eta kulturari buruzko ikasketak eskaintzen dituzten unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetan Gaztelania eta Literatura, Euskara eta Literatura eta Geografia eta Historia jakintzagaiak ezartzen eta arautzen dituena.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA. Agindu honen garapena.

Baimena ematen zaio Hezkuntza Sailburuordetzari agindu hau interpretatu eta garatzeko behar diren xedapen guztiak eman ditzan.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA. Indarrean sartzea.

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean izango du indarra agindu honek.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko otsailaren 1a.

Hezkuntzako sailburua,

JOKIN BILDARRATZ SORRON.