Arautegia
InprimatuAGINDUA, 2018ko uztailaren 3koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuarena, zeinaren bidez ebazten baita desjabetzako espedienteari hasiera ematea eta «Nerbioi ibaiaren goi-erroaren saneamendurako kolektore-proiektua, Laudio, Orozko, Aiara eta Amurrio udalerrietan (Araba eta Bizkaia)» gauzatzeko desjabetu behar diren ondasunen eta eskubideen zerrenda jendaurrean jartzea.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Agindua
- Organo arau-emailea: Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 135
- Hurrenkera-zk.: 3649
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2018/07/03
- Argitaratze-data: 2018/07/13
Gaikako eremua
- Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua; Garraio eta herri lanak
- Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak; Gobernua eta herri administrazioa
Testu legala
Sail honek gaur eman du argitaratzen den agindu hau:
Aztertuta geratu da «Nerbioi ibaiaren goi-erroaren saneamendurako kolektore-proiektua, Laudio, Orozko, Aiara eta Amurrio udalerrietan (Araba eta Bizkaia)» izeneko proiektuari dagokion espedientea.
2018ko maiatzaren 11n, Nekazaritza, Arrantza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioko Uraren zuzendari orokorrak erabaki zuen teknikoki onartzea «Nerbioi ibaiaren goi-erroaren saneamendurako kolektore-proiektua. Laudio, Orozko, Aiara eta Amurrio udalerrietan (Araba eta Bizkaia)».
Hori gauzatzeko beharrezkoak diren ondasunak eta eskubideak banakatuta eta behar bezala zehaztuta agertzen dira espedientean jasotako zerrendan, identifikatzeko beharrezkoak diren datuekin. Bere garaian ebatzi ziren zerrenda hori jendaurrean jarri zen epean aurkeztu ziren arrazoibide-idazkiak.
Aipatutako proiektuak hartzen dituen lur-sailak okupatzea beharrezkoa da eta premiazkotzat jotzen da, bertan aurreikusitako azpiegiturak eraikitzeko, 91/271/EEE Zuzentarauak hiriko hondakin-urak tratatzeari buruz ezarritako epeak betez.
Lehenengoa. Plan Hidrologiko Nazionalaren uztailaren 5eko 10/2001 Legeak Nerbioi goi-erroaren saneamendu eta arazketa bere II. eranskinean («Inbertsioen zerrendan») jaso du.
Bigarrena. Aipatutako legearen 36.5 artikuluaren arabera, II. eranskinean jasotako obra guztiak onura publikokoak dira, eta Uraren Legearen testu bategina onartzen duen uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuaren 44.2 eta 119. artikuluetan eta Nahitaezko Desjabetzearen Legearen 10. artikuluan aurreikusitako ondorioak izango dituzte.
Hirugarrena. Uraren Legearen 130. artikuluaren arabera, interes orokorreko obra hidraulikoen proiektuak onartzeak berekin ekarriko du proiektua onura publikokoa deklaratzea, ondasunak okupatu beharra izatea eta eskubideak eskuratzea, nahitaezko desjabetzea egiteko eta aldi baterako okupatzeko, indarrean dagoen legerian ezarritakoari jarraikiz.
Laugarrena. Nahitaezko desjabetzeari buruzko Legearen 17. artikuluan eta ondorengoetan xedatutakoa betetzeko, derrigorrezkoa da jendaurrean jartzea desjabetzeko prozedurak eraginpean hartutako ondasunen eta eskubideen zerrenda.
Bosgarrena. Euskal Autonomia Erkidegoaren Lurralde Antolamenduari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 26.1.f artikuluaren arabera eta Derrigorrezko Lurjabetzearen Legearen 52. artikuluak dioenez, salbuespen modura eta Euskadiko Jaurlaritzaren Kontseiluaren erabakiaren bidez, presakotzat jo daiteke obra bat egiteak edo helburu jakin bat izateak eragin dezakeen desjabetzeak ukitutako ondasunak eta eskubideak okupatzea.
Aipatutako xedapenei, haien kidekoei eta ezargarri diren gainerakoei atxikiz, honako hau
Hasiera ematea «Nerbioi ibaiaren goi-erroaren saneamendurako kolektore-proiektua, Laudio, Orozko, Aiara eta Amurrio udalerrietan (Araba eta Bizkaia)» proiektuan jasotako ondasunak eta eskubideak okupatzeko nahitaezko desjabetze-espedienteari, betiere horren barruan bildutzat emanda obrak onura publikokoak direla deklaratzea eta lurrak eta dagozkien eraikinak desjabetu edo zortasun-ezarketa egin beharra dagoela, Plan Hidrologiko Nazionala onartzen duen uztailaren 5eko 10/2001 Legean eta Uraren Legearen testu bategina onartzen duen uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuan xedatutakoari jarraikiz.
Aipatutako espedienteak hartutako ondasunen eta eskubideen zerrenda jendaurrean jartzea, legeak agindutako azken argitalpenetik hamabost egun balioduneko epearen barruan, behar diren arrazoibide-idazkiak aurkeztu ahal izateko Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saileko Etxebizitza eta Arkitekturako Zuzendaritzan (Donostia kalea 1, Vitoria-Gasteiz), aipatutako zerrendan dauden akatsak zuzentzekotan. Hori guztia Nahitaezko desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 17. artikuluan eta hurrengoetan eta haren arautegiari dagozkionetan xedatutakoa betetzeko, eta Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko Eusko Legebiltzarraren ekainaren 30eko 2/2006 Legearen 178. artikuluaren arabera.
Epe horretan ikusgai izango da honekin batera doan ondasunen eta eskubideen zerrenda, Laudio, Orozko, Aiara eta Amurrioko udaletxeetako iragarki-taulan, aipatutako ondorioetarako.
Euskal Autonomia Erkidegoko Gobernu Kontseiluari eskatzea Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak lehenbailehen hartu beharrekoak direla deklara ditzan «Nerbioi ibaiaren goi-erroaren saneamendurako kolektore-proiektua, Laudio, Orozko, Aiara eta Amurrio udalerrietan (Araba eta Bizkaia)» egiteko hartu beharrekoak diren ondasunak eta eskubideak, nahitaezko desjabetza egiteko.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko uztailaren 3a.
Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburua,
IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.
(Ikus .PDF)
Gaiarekin lotutako edukiak
Arauaren historia (5)
- Ikus: AGINDUA, 2023ko maiatzaren 25ekoa, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuarena, eraginpeko ondasun eta eskubideen zerrendaren II. handitzea xedatzen duena, eta «Nerbioi ibaiaren goi-arroaren saneamendurako kolektore-proiektua, Laudio, Orozko, Aiara eta Amurrioko udal-mugarteetan (Araba eta Bizkaia)» proiektuak eragindako ondasun eta eskubideen titularrei aurretiazko aktak eta/edo behin betiko okupazioaren eta adostasunezko balio justuaren aktak egiteko zitazioa egiten diena, hala badagokio.
- Ikus: AGINDUA, 2022ko otsailaren 14koa, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuarena, eraginpeko ondasun eta eskubideen zerrendaren handitzea xedatzen duena, eta «Nerbioi ibaiaren goi-arroaren saneamendurako kolektore-proiektua, Laudio, Orozko, Aiara eta Amurrioko udal-mugarteetan (Araba eta Bizkaia)» proiektuak eragindako ondasun eta eskubideen titularrei aurretiazko aktak eta/edo behin betiko okupazioaren eta adostasunezko balio justuaren aktak egiteko zitazioa egiten diena, hala badagokio.
- Ikus: 99/2019 DEKRETUA, uztailaren 2koa, zeinaren bidez presako deklaratzen baita Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak, nahitaez desjabetzeko, honako eskubide eta ondasun hauek okupatzea: Nerbioi ibaiaren goi-arroaren saneamendurako kolektore-proiektua Laudio, Orozko, Aiara eta Amurrio udalerrietan (Araba eta Bizkaia) egiteko behar diren ondasunak eta eskubideak.
- Ikus: AGINDUA, 2020ko urtarrilaren 24koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuarena, zeinaren bidez adierazten baita okupatu egin behar direla desjabetze honek eragindako ondasunak eta eskubideak: «Nerbioi Ibaiaren Goiko Arroaren saneamendurako kolektoreen proiektua, Laudioko, Orozkoko, Aiarako eta Amurrioko udalerrietan (Araba eta Bizkaia)».
- Ikus: AGINDUA, 2019ko irailaren 17koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuarena, zeinaren bidez finkatzen baita zer egunetan egingo diren Nerbioi Ibaiaren Goiko Arroaren saneamendurako kolektoreen proiektuko desjabetze-espedientearen eraginpeko ondasunak eta eskubideak okupatu aurretiko aktak, Laudioko, Orozkoko, Aiarako eta Amurrioko udalerrietan (Araba eta Bizkaia).