Departamento de Desarrollo Económico, Sostenibilidad y Medio Ambiente

Ireki da Basque Culinary World Prize Ekimen Eraldatzaileak dituzten sukaldarientzako sarirako izendapenen prozesua

RPBCWP2018-3.jpg

2018.eko martxoak 09

  • Eusko Jaurlaritzak Euskadi-Basque Country estrategiaren barruan eta Basque Culinary Centerrek ematen duten aparteko sari global honen hirugarren edizioa hasi da
  • Besteak beste, berrikuntzan, teknologian, heziketan, ingurumenean, osasunean, elikagaien industrian eta garapen sozial edo ekonomian lanak eginda dituzten sukaldariak izendatu ahal izango dituzte gastronomiaren sektoreko profesionalek eta erakundeek.
  • Munduan eraginik handiena duten sukaldariek, akademikoek eta nazioarteko adituek osatuko dute epaimahaia.
  • Irabazleak 100.000 euro jasoko ditu, berak aukeratzen duen eta gastronomiaren ahalmen eraldatzailea adierazten duen proiektu batean erabiltzeko.

Bittor Orozek, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikaduraren Politikako sailburuordeak, eta Basque Culinary Centerreko zuzendari nagusi Joxe Mari Aizegak Basque Culinary World Prize sariaren hirugarren edizioa aurkeztu dute gaur. Aurkezpenarekin, hasiera eman zaio ofizialki nazioarteko sari horretarako izendapenak egiteko prozesuari. Besteak beste, berrikuntzan, teknologian, heziketan, ingurumenean, osasunean, elikagaien industrian eta garapen sozial edo ekonomikoan ideia eraldatzaileak dituzten sukaldariak saritzen dira bertan.

Eusko Jaurlaritzak eta Basque Culinary Centerrek sortu dute saria, eta Oroz sailburuordeak azpimarratu du “saria apartekoa eta globala dela eta gastronomiaren irismena goratzen duela, mundu osoko sukaldariek bereizgarri dituzten ezagutzak, lidergoa, bokazio ekintzailea eta sormena erabiliz, gizartean aldaketak sortu eta transformazioak eragiten dituztela aitortuta”. ”Horrez gain, Basque Country estrategia integralaren barruan sartzen den sari honen asmoa da lortzea euskal gizarteak partekatzen dituen balioak, hala nola esfortzuaren kultura, konpromisoa, hobera egiteko gaitasuna, eraldaketarako bokazioa eta emakumeen eta gizonen arteko aukera berdintasuna Euskadiren irudiari lotuta egotea eta gure aurkezpen txartela izatea nazioartean”– gaineratu du Orozek.

Joxe Mari Aizegak, Basque Culinary Centerreko zuzendariak, sariaren garrantzia azpimarratu du, esanez: “Gastronomiak azken urteetan izan duen gorakada sozialak sukaldariak jarri ditu jomugan. Behin-behineko fenomenoa edo fenomento mediatiko hutsa izan ez ezik, sukaldari askok lekua irabazi dute ekintza eraldatzaileekin, zehazki.  Lortutako protagonismoak erantzukizuna dakar, ezinbestean. Sari horrekin leku askotako sukaldariek egindako aparteko lanaren adibide zehatzak zabaldu nahi ditugu munduan zehar. Horregatik, gastronomiaren komunitatea gonbidatzen dugu parte hartzera, lan zehatzekin inspirazio iturri izan daitezkeen pertsona ospetsuak izendatuta, eta ekimen honetan inplikatzera".

Munduan eraginik handiena duten sukaldari batzuek osatutako epaimahai batek aukeratuko du irabazlea, zeinak 100.000 euro jasoko dituen, berak nahi duen eta gastronomiaren ahalmen eraldatzailea adierazten duen proiektu batean erabiltzeko.

Izendapen irekiak

Basque Culinary World Prizeren asmoa da pertsona eraldatzaileak identifikatzea: gizon eta emakume langileak, ekintzaileak eta bikaintasunerako bokazioa dutenak; jende berritzailea eta sortzailea, saiatua, korrontearen kontra doana eta ausarta ere badena, baina, batez ere, jende konprometitua.

Horretarako, gaur hasiko dira izendapenak jasotzen sariaren web orriaren bitartez: www.basqueculinaryworldprize.com. Maiatzaren 31ra arte, gastronomiaren sektoreko profesionalek eta erakundeek aukera izango dute gastronomia aldaketaren eragile bihurtu daitekeela erakusten duten sukaldariak izendatzeko. 

Horrekin, Basque Culinary World Prizek gastronomiaren komunitateak duen ezagutzara jotzen du, munduko edozein lekutan ari diren eta hainbat arlotan, esaterako, berrikuntzan, teknologian, ingurumenean, osasunean, eligaien industrian eta garapen sozialean edo ekonomikoan, proiektuak garatzen ari diren profesionalak aurkitzeko asmoarekin. Sukaldaritzan ibilbide profesionala duen edozein – bere sukaldaritza kultura eta nazionalitatea edozein dela ere– aukeratua izan ahal izango da sari honetarako.

Izendapenak aurkezteko epea bukatu eta gero, Batzorde Tekniko batek ebaluatuko ditu hautagaiak, Elena Arzak buru dela (Arzak jatetxeko sukaldaria, Donostian 3 Michelin izar dituen jatetxea baita), 10 finalista aukeratzeko. 2018ko edizioaren irabazlea uztailean aukeratuko da. Aukeraketa egingo duen epaimahaia Basque Culinary Centerreko Aholku Batzordeko kideek osatuta egongo da, eta Joan Roca (Espainia) sukaldaria izango da burua. Horietaz aparte hauek ere egongo dira epaimahaian: Gaston Acurio (Peru), Ferran Adria (Espainia), Massimo Bottura (Italia), Michel Bras (Frantzia), Dominique Crenn (AEB) Yoshihiro Narisawa, (Japonia) eta Enrique Olvera (Mexiko), besteak beste.

Aurreko edizioa

2017an, Basque Culinary World Prize saria  Leonor Espinosa suskaldari kolonbiarrari eman zitzaion, FunLeo proiektuagatik, “Garapenerako gastronomia” -ko fundazioagatik, alegia. Bogotako Leo eta Misia jatetxeen arduraduna da Leonor Espinosa, eta berak azpimarratzen du gastronomia errealitateak eraldatzeko indar gisa erabili behar dela. Kolonbiako populazioen aspaldiko jakituria erreibindikatzen du, batez ere populazio indigenena eta afrokolonbiarrena, eta elikaduraren kateko eragileak elkartu eta landa inguruneko ezagutza eta premiak hirietako aukera eta eskariekin konektatzeko balioko duten egitura sortuko dituzten hazkuntza prozesuak eta sukaldaritzaren berrikuntzakoak bultzatzen ditu.

Hauek izan ziren aurreko edizioko finalistak: JoseAndres (Espainia/Estatu Batuak), Ebru Baybara Demir (Turkia); Leonor Espinosa (Kolonbia); Dan Giusti (Estatu Batuak), David Hertz (AEB), Anthony Myint (Estatu Batuak), Daniel Patterson eta Roy Choi Estatu Batuak); Melinda McRostie (Grezia); Niko Romito (Italia); Ricardo Muñoz Zurita (Mexiko).

Elena Arzakek, sariaren batzorde teknikoko buruak, aurreko edizioaren balantzea egiten du, eta hau azaltzen du: “2017an, 120 sukaldari baino gehiago izendatu ziren, eta sukaldari horiek 30 herrialde baino gehiagotan dituzte proiektuak; horrek erakusten du, beraz, fenomeno biderkatzailea eta inspiratzailea dela.Beren sukaldeak, tradizioak eta produktuak beren kulturarekin eta gizartearekin konektatuta, badira intentsuki lanean dauden sukaldariak, eta sukaldari horien historiak partekatzea merezi du”.

Bermea duen saria

Basque Culinary World Prize sariak munduan eraginik handiena duten sukaldari batzuen babesa dauka, eta sukaldari horiek honela azpimarratzen dute ekimenaren garrantzia:

“ Basque Culinary World Prize ekimen berritzailea da, eta hirugarren edizioan jada sendo dago.Uste dut gastronomiaren bitartez eraldaketa dakarren ekimen bati mundu mailan ematen zaion saririk garrantzitsuena dela.Ohore handia da epaimahai hau presiditzea”, dioJoan Rocak, Basque Culinary World Prizeren epaimahaiko eta  Basque Culinary Centerreko Nazioarteko Kontseiluko presidentea eta El Celler de Can Roca jatetxeko sukaldaria (Gironan, Espainian, 3 michelin izan dituen jatetxea).

“Sari erabat garrantzitsua da, lurraldeen luze-zabalean sukaldaritzak pertsonen bizitza eraldatu dezakeela erakutsiz ari diren sukaldariak balioesteko.Hori babesteko aukera izanda sukaldaritzak duen ahalmena eta ongizate, berrikuntza eta garapen tresna gisa duen balioa babestea da”, Basque Culinary World Prize sariaren epaimahaiko kide eta Astrid & Gaston (Peru) jatetxeko sukaldari Gaston Acurioren hitzak dira.

“Basque Culinary World Prize oso sari garrantzitsua da, ez soilik gure sektorearentzat, munduarentzat ere bai. Izan ere, mundu osoko sukaldariek beren sukaldeak beste errealitate batzuekin konektatuz egiten duten lanari merezitako aitortza egiten zaio, eta lekukotza inspiratzaileak eta beharrezkoak dituzten pertsonei hitza ematen dielako”, Dominique Crennek, Basque Culinary World Prize sariaren epaimahaiko kideak eta San Frantziskon (Estatu Batuak) 2 Michelin izar dituen Atelier Crenn jatetxeko sukaldariak esanda.

“Kultura, jakituria, kontzientzia eta erantzukizunaren zentzua.Horiek dira etorkizuneko sukaldariaren oinarriak; horregatik, harro nago sari honetako parte izateagatik, sariarekin desberdintasuna egiten buru-belarri ari diren horiek inspiratu eta eragin nahi ditugu-ta”,  Massimo Botturak, Osteria Francescanako sukaldariak esanda (Modenan, Italian, 3 Michelin izar dituen jatetxea).

Editoreentzako oharrak

  • Eusko Jaurlaritzak Basque Culinary Centreren laguntzarekin sortutako eta emandako saria da Basque Culinary World Prize, eta Basque Country estrategia integralaren barruan dago. Herri marka bat, zeinak indargune eta berezitasunetatik abiatuta Euskadi aktore global gisa, bikaintasunaren erreferente, bizi kalitatearen eta kohesio sozialaren eredu gisa eta lurralde berritzaile eta lehiakor gisa posizionatzen baitu.
  • Basque Culinary Centerrek (BCC) ematen du saria, eta haren babesa du. Basque Culinary Center, berriz, erakunde akademiko aintzindaria da mundu mailan, unibertsitateko hezkuntzan eta hezkuntzari, ikerketari, berrikuntzari eta ekintzailetzari lotuta gastronomiak duen ahalmena garatzen egiten duen lanagatik. 2009an Donostian sortu zenetik diziplina arteko gune bat sortzera bideratu ditu bere ahalegin guztiak, sektorearen profesionalizazioan  laguntzeko.
  • Epaimahaiko zein Batzorde Teknikoko kideak sarirako izendatuak izan daitezke.
  • Epaimahaiko kideei buruz eta sariaren funtzionamenduari buruz informazio gehiago eskuratzeko, jo www.basqueculinaryworldprize.com web gunera.
  • Prentsa eskarietarako, mesedez jarri harremanetan honekin:

Apollo Strategic Communications

Alex Jungwirth: alex.jungwirth@apollostrategiccomms.com

Tel. +44 (0) 207 871 0587

  • info@basqueculinaryworldprize.com