Departamento de Desarrollo Económico, Sostenibilidad y Medio Ambiente

Leonor Espinosak jaso du Basque Culinary World Prize 2017 saria

2017.eko abenduak 13

  • Sariaren 100.000 euroak Kolonbiako Chocó departamenduko Gastronomia Zentro Integral batera zuzenduko dira.
  • Leonor Espinosa chef kolonbiarrak erdietsi du Basque Culinary World Prize 2017 saria «Garapenerako gastronomia»ren arloko Funleo fundazioaren proiektuari esker; horren bitartez komunitate bereziki indigena eta afrokolonbiarrei laguntzen die gastronomiako tradizioak gizartearen eta ekonomiaren eragile gisa identifikatzen, aldarrikatzen eta bultzatzen.
  • Munduko eragin handieneko hainbat sukaldarik eta nazioarteko adituek osatutako epaimahaiak hautatu zuen irabazlea, Joan Roca chefa buru zuela.

Donostiako Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroan eman dute gaur arratsaldean Basque Culinary World Prize 2017 saria. Ekimen eraldatzaileak edo gizartean eragin positiboa dutenak abian jartzen dituzten chefak saritzen ditu, hain zuzen. Era horretan, helburua da erakustea gastronomiak balio dezakeela hainbat arlotan –berrikuntzan, hezkuntzan, ingurumenean, gizarte- edo ekonomia-garapenean edota osasunean, besteak beste– aldaketa bultzatzeko.

Eusko Jaurlaritzak sortu eta ematen du sari hori Basque Culinary Centrerekin elkarlanean, Basque Country estrategia integralaren barruan. Herrialde-marka horrek, indarguneak eta berezitasunak kontuan hartuta, aktore global bihurtzen du Euskadi, bikaintasunaren, bizi-kalitatearen eta gizarte-kohesioaren eredu, herrialde berritzaile eta lehiakorraz gain. Euskal gizartearen balio komunak –hala nola ahaleginaren kultura, konpromisoa, hobetzeko gaitasuna, eraldatzearen aldeko bokazioa, emakume eta gizonentzako aukera-berdintasuna– Euskadiren irudiari lotzea da xedea, nazioarteko gure bisita-txartela izan daitezen.

Arantxa Tapia sailburuak Leonor Espinosa chef kolonbiarrari eman dio saria Funleo fundazioan egindako lanagatik, hainbat agintari eta pertsona ospetsuren aurrean. Garapenerako gastronomiaren arloko fundazio horrek herri batez ere indigenen eta afrokolonbiarren antzinako jakintza aldarrikatzen du, eta landa-hazkunderako prozesuak bultzatzen ditu elikadura-burujabetza ardatz hartuta; hala bada, ekoizle txikiekin merkaturatzeko bideak ez ezik, heziketa, nutrizio, ekintzailetza zein turismorako guneak ere sortzen ditu etnia horiek bizi diren herrietan.

Leonor Espinosak Funleoren barruan abian dituen hainbat proiektutara bideratuko dira sariaren 100.000 euroak; haietako bat da, esate baterako, Chocó departamenduan Gastronomiako Zentro Integrala inauguratzea. Zentro horretan, aberastasun gastronomikoren inguruan kontzientziatu nahi dituzte herritarrak, narkotrafikoaren alternatiba gisa, komunitateek, era autonomoan, ondare biologiko, kultural eta immateriala erabil dezaten gizartea eta ekonomia garatzeko.

Hamar finalistaren artetik Leonor Espinosa hautatu zuten Basque Culinary World Prize 2017 sariaren irabazle. Joan Roca (El Celler de Can Roca - Espainia) buruaz gain munduan gehien eragin duten chefetako batzuk ere baziren epaimahaian, hala nola Gastón Acurio (Peru), Michel Bras (Frantzia), Dominique Crenn (AEB), Yoshihiro Narisawa (Japonia) eta Enrique Olvera (Mexiko), baita hainbat aditu ere, Laura Esquivel, Como agua para chocolate bestsellerraren egilea,Kirmen Uribe euskal idazlea, Cristina Franchini nazioarteko zuzenbideko aditua, Matthew Goldfarb landa-inguruneko soziologoa eta María Fernanda di Giacobbe, Basque Culinary World Prize 2016 sariaren irabazlea.

Saria emateko ekitaldian honako adierazpen hauek egin ditu Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburuak: «Euskadi aurrerantzean ere gastronomiaren arloko nazioarteko erreferentzia izatea nahi dugu, konbentzituta baikaude sektore hori oso garrantzitsua izango dela. Izan ere, pentsatzen dugu gastronomia elikadurako balio-katearen maila bat dela eta eskema konbentzionalez bestelako ikuspegiak eta azkenean guztioi dagozkigun gizarte-arazoentzako konponbideak eskaintzen dituen aldaketa-eragilea dela».

Leonor Espinosak, berriz, mintzaldi hunkigarri batean honako hau esan du ekitaldian bertan: «Saria pozgarria da komunitate hauentzat, urte askoan, antzinako balioaren eta nazioaren nortasun kulturalari egindako ekarpenaren bitartez, borroka egin baitute beren balioaren aitorpena jasotzeko. Gatazka armatuak, bidegabekeriak eta bazterkeriak eragindako isiltasuna arintzen du nolabait. Eta herrialdeari begira berretsi egiten du, berradiskidetzeko prozesu honetan, garrantzitsua dela gastronomia-prozesuen alde egitea, herrien garapen ekonomikoa lortzeko tresna adierazgarri gisa, zinez bertan baitago ongizatea sortzen duen egiazko ondarea».

Halaber, Bixente Atxa Mondragon Unibertsitateko errektore eta Basque Culinary Centerreko Patronatuko presidenteak hau ere erantsi du: «Azken urteotan gastronomiaren sektoreak izandako gorakadak erdigunean jarri ditu chefak. Benetan uste dugu sektore horrek garrantzi handia izan dezakeela haren eragileek gizartearen arazo garrantzitsuetan arreta jartzen dutenean.

Basque Culinary Centerrek gastronomiaren ahalmen ekonomiko eta soziala garatzea du xede. Horregatik sortu genuen Eusko Jaurlaritzarekin batera Basque Culinary World Prize saria; ekimen eraldatzaileak abiarazten dituzten chefentzako saria, alegia. Ekimen horien bitartez gastronomia aldaketa-eragilea izan daitekeela era berezian adierazten baitute.

Ekimen eraldatzailea

Basque Culinary World Prize saria 2016an jarri zen martxan gastronomia indar eraldatzailea nola izan daitekeen erakusteko. Sariak gizon eta emakume ekintzaileak, bikaintasuna bilatzen dutenak eta haien lana nabarmendu nahi ditu; jende berritzaile eta sortzailea, nekaezina, baina batez ere, bizi den gizartearekin konprometitua dagoena.

Basque Culinary World Prize 2017rako 30 herrialde inguruko 110 hautagai baino gehiago izendatu zituzten sariaren webgunearen bitartez: Bi hilabetez, industriako profesional eta erakundeek mundu osoko chefak izendatu zituzten.

Elena Arzak chefa (Arzak jatetxea, Euskal Herria) buru zuen batzorde teknikoak 10 finalistak hautatu zituen:

Honako hauek izan dira Basque Culinary World Prize saria eskuratzeko finalistak: José Andrés (AEB), Ebru Baybara Demir (Turkia), Leonor Espinosa (Kolonbia), Dan Giusti (AEB), David Hertz (AEB), Anthony Myint (AEB), Daniel Patterson & Roy Choi (AEB); Melinda McRostie (Australia / Grezia), Niko Romito (Italia), Ricardo Muñoz Zurita (Mexiko).

Uztailaren 18an, Mexikon bildu zen Basque Culinary World Prize sariaren epaimahaia eta nazioartean iragarri zuen erabakia.

Editoreentzako oharrak

  • Leonor Espinosak harrotasunez sustatzen du Kolonbiako sukaldaritza Leo eta Misia jatetxe ezagunetan, besteak beste. Latinoamerikako Emakume Chef Onenaren saria ere irabazi du aurten, Latinoamerikako 50 Jatetxe Onenen zerrendak emana (www.restauranteleo.com).
  • Basque Culinary World Prize sariarekin jasotako 100 mila euro horiek Funleo fundaziora bideratuko ditu Leonorrek. Fundazio hori 2008an sortu zuen «Garapenerako gastronomia» goiburuarekin, komunitateei –indigenei eta afrokolonbiarrei batez ere– gastronomiako tradizioak gizartearen eta ekonomiaren eragile gisa identifikatzen, aldarrikatzen eta indartzen laguntzeko. www.funleo.org
  • María Fernanda Di Giacobbe venezuelarrak eskuratu zuen saria 2016an, Jatorrizko Kakaoa deritzon proiektuari esker, hau da, Venezuelan kakaoaren inguruan –nortasunaren, kulturaren eta aberastasun ekonomikoaren iturri gisa– eratu duen hezkuntza-, ekintzailetza-, ikerketa- eta garapen-sareari esker. Sare horretan aukerak eman dizkie ekonomia-egoera ahulean dauden emakumeei, eta ahaldundu eta gaitu ditu txokolatearen alorreko mikroenpresaburu bihur daitezen.
  • Honako hauek osatu dute BCWP 2017 sariaren batzorde teknikoa: Elena Arzak (Arzak jatetxea, Euskal Herria), Xavier Medina (Kataluniako Unibertsitate Irekia, Espainia); Melina Shanon Dipietro (Mad Institute, Danimarka), Jorge Ruiz Carrascal (Kopenhageko Unibertsitatea, Danimarka), Marta Miguel Castro (Gastronomia Zientzien Ikerketa Institutua, Espainia) eta Joxe Mari Aizega, Basque Culinary Centerreko zuzendari nagusia.
  • Basque Culinary World Prize saria Eusko Jaurlaritzak ematen du, eta Euskadi Basque Country estrategia integralaren barruan dago. Herrialde-marka honek, indarguneak eta berezitasunak kontuan hartuta, aktore global bihurtzen du Euskadi, bikaintasunaren, bizi-kalitatearen eta gizarte-kohesioaren eredu, herrialde berritzaile eta lehiakor egiteaz gain.
  • Basque Culinary Center erakunde akademiko aitzindaria da mundu zabalean unibertsitate-hezkuntzaren alorrean, bai eta gastronomiaren potentziala hezkuntzan, ikerketan, berrikuntzan eta ekintzailetzan garatzeko bidean ere. Donostian 2009an sortu zenetik, diziplinarteko espazio bat sortzeko ahaleginean jardun du, guztia ere sektorea profesionalizatzeko bidean.

 

 

­