Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

54. zk., 2023ko martxoaren 17a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

SEGURTASUN SAILA
1359

AGINDUA, 2023ko martxoaren 2koa, Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuarena, zeinaren bidez seigarren aldiz aldatzen baita Larrialdiei Aurre Egiteko Euskal Sistemaren taktika operatiboak onartzen dituen agindua.

Herrizaingo sailburuaren 2001eko abuztuaren 1eko Aginduaren bidez, Larrialdiei Aurre Egiteko Euskal Sistemaren taktika operatiboak onartu ziren eta Larrialdietan Koordinatuta Esku Hartzeko Zerbitzua sortu zen (2001eko irailaren 13ko EHAA, 178. zk.). Agindu hori, gerora, aldatu egin zen, honako hauen bidez: Herrizaingo sailburuaren 2007ko martxoaren 20ko Agindua (2007ko apirilaren 16ko EHAA, 72. zk.); Herrizaingo, Justizia eta Administrazio Publikoko sailburuaren 2012ko urriaren 8ko Agindua (2012ko urriaren 24ko EHAA, 207. zk.); Segurtasuneko sailburuaren 2016ko otsailaren 1eko Agindua (2016ko irailaren 9ko EHAA, 26. zk.); Segurtasuneko sailburuaren 2018ko azaroaren 20ko Agindua (2018ko abenduaren 4ko EHAA, 233. zk.), eta Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuaren 2020ko abenduaren 4ko Agindua (2020ko abenduaren 18ko EHAA, 253. zk.).

Azken urteotako esperientzia kontuan hartuta, taktika operatibo jakin batzuk berrikusi dira, gaur egungo errealitatera moldatzeko eta erantzunaren efikazia areagotzeko. Halaber, hiru taktika berri gehitu dira, egoera berezi batzuetan jarduteko prozedurak hobetzeko:

1.– ANTOLA taktika; ekitaldi baten estaldura egokia bermatzeko planifikatutako gailuei lotutako taktika, segurtasunaren eta asistentzia sanitarioaren ikuspegitik begiratuta, eta kontuan hartuta ekitaldiaren ezaugarriak eta aurreikusteko moduko arriskuen identifikazioa.

2.– PFORU A-B-G taktika; foru-aldundien lurralde-plan eta plan bereziak aktibatzea.

3.– PUDALA taktika; udal-planak aktibatzea.

Taktika operatiboak berregitean, zerikusia duten erakundeen eta entitate publikoen eta pribatuen lankidetza izan dugu, betiere Larrialdiak Kudeatzeko Legearen testu bategina onartzen duen apirilaren 27ko 1/2017 Legegintzako Dekretuaren 41. eta 42. artikuluetan xedatutakoa betez. Era berean, taktika operatibo berriek Euskadiko Babes Zibilerako Batzordearen aldeko irizpena jaso zuten, 2022ko abenduaren 22an.

Hori guztia kontuan izanik, hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– 1.– Aldatu egiten dira Herrizaingo sailburuaren 2001eko abuztuaren 1eko Aginduaren eranskineko II. atalean aurreikusitako taktika operatiboak (Larrialdiei Aurre Egiteko Euskal Sistemaren taktika operatiboak onartzen ditu Agindu horrek, eta Larrialdietan Koordinatuta Esku Hartzeko Zerbitzua sortzen).

2.– Aldatutako teknika operatiboak zerikusia duten zerbitzuei jakinaraziko zaizkie.

AZKEN XEDAPENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko martxoaren 2a.

Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburua,

JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.

ERANSKINA
TAKTIKA OPERATIBOEN ZERRENDA OROKORRA
1.– DESAGERTUTAKO PERTSONA:

– M0: Pertsona baten desagerpena jakinaraztea, non dagoen ez denean jakin.

2.– MENDIALDEA/LANDA/HIRIEN KANPOALDEA (MENDI):

– M1: Mendiko/landako eta/edo hirien kanpoaldeko erreskateak. Mendialdean, landan eta/edo hirien kanpoaldean dauden pertsonen denetariko erreskateak.

– M2: Mendian, landan eta/edo hirien kanpoaldean bilatzea. Mendian, landan edo hirien kanpoaldean desagertutako eta/edo galdutako pertsonen bilaketak.

– KOBA: Lurpeko erreskateak, mendian edo landan, espezializazioa edo erreskateko bitarteko eta/edo teknika bereziak behar direnean.

3.– URETAN (URA):

– U1: Itsas salbamendua (kanpoko urak). Itsaso zabalean pertsonak eta/edo ondasunak salbatzea (baita nabigatzen ari diren ontzietako suteetako salbamenduak ere).

– U2: Itsasertzeko salbamendua. Itsasertzean edo kostaldean dauden pertsonak eta/edo ondasunak salbatzea edo bertan dauden gorpuak berreskuratzea.

– U3: Salbamendua barruko uretan. Ibaietan edo urtegietan dauden pertsonak erreskatatzea edo bertan dauden gorpuak berreskuratzea.

4.– SUTEAK (SUTEGI):

– SG1: Hiriko/landako sutea. Hirian eta/edo hiritartutako landa-eremuan sortutako sutea.

– SG2: Baso-suteak. Suteak basoan, sasietan, larretan, laboreetan eta antzekoetan.

– SG3: Industria-sutea. Jarduera industriala duen edozein enpresatan edo biltegitan sortutako sutea, hirigunean zein landan.

– SG10: Hiri altzarien sutea.

5.– SALGAI ARRISKUTSUAK GARRAIATZEA: TPC/TPF.

Errepideko zirkulazioko edo trenbideko edozein istripu, gai arriskutsuak tartean dituena:

– TPC1-TPF1. Matxura edo istripua, garraioko ibilgailuari edo konboiari aurrera egitea galarazten diona; hala ere, garraiatutako gai arriskutsuen edukitzailea egoera onean dago ez baita irauli edo errailetik atera.

– TPC2-TPF2. Istripua gertatzean, edukitzailea hondatu egin da edota irauli edo errailetik atera da; hala ere, ez dago edukiaren ihesik edo isuririk.

– TPC3-TPF3. Istripua gertatzean edukitzailea hondatu egin da eta edukiak ihesa edota isuria du.

– TPC4-TPF4. Edukitzailea hondatuta edo sutan dago eta eduki-ihesa dago, sugarrak eta guzti.

– TPC5-TPF5. Edukiak eztanda egin du eta edukitzailea suntsitu.

6.– INDUSTRIA:

– KIMIKA: Intzidentea enpresan gai arriskutsuekin (oliobideak eta pirotekniak barne). Jatorri kimikoa duten istripuak dira, edozein enpresatan sor daitezkeenak, baita aitortzeko beharra dutenetan ere. (SEVESO).

7.– TRENBIDEA.

– T1: Harrapatzea. Pertsonak zein ibilgailuak harrapatzea.

– T2: Errailetik ateratzea, elkar jotzea, talka edo sutea.

8.– ABIAZIOA:

– TXORI 1: Aireontzi-istripua aireportutik kanpo. Aireontzi bat tartean den edo izan daitekeen edozein intzidente.

– TXORI-A: Aireontzi-istripua Vitoria-Gasteizko Aireportuan (Foronda).

– TXORI-B: Aireontzi-istripua Bilboko Aireportuan (Loiu).

– TXORI-G: Aireontzi-istripua Donostiako aireportuan (Hondarribia).

9.– HIRIA (HIRI):

– H1: Hiriko erreskatea. Hirian pertsonak erreskatatzea (harrapatuta igogailuetan, barruko patioetan eta abarretan).

– HA: Hirian arriskuak detektatzea (fatxadak, teilatuak, zuhaitzak eta abar erortzeko arriskua).

10.– NRBQ:

N: NUKLEARRA.

– GAROÑA 0: Santa Maria Garoñako zentral nuklearreko instalazioetan gertatutako istripuak. Ez da kanpoko laguntzarik behar.

– GAROÑA 1: PENBU garatzea.

RBQ: Intzidente hauetan, tartean dira material edo instalazio erradioaktiboak / elementu, material edo hondakin biologikoak / elementu edo material kimikoak, aurreikusita ez daudenak SG3, KIMIKA, SEVESO, TPC/TPF ingurumen-kutsadurako taktiketan, eta Santa Maria Garoñako zentral nuklearrari eragiten ez diotenak.

11.– GASA:

– GAS: Ihesa, sutea, leherketa. Gas hidrokarburoen (metanoa, propanoa, butanoa, gas naturala) ihesa, sutea edota leherketa gertatu den guztietan.

12.– INGURUMENA.

– IGA: Airearen kutsadura.

– IGR: Ibai/urtegiaren kutsadura.

– IGM: Itsaso/marea-gunearen kutsadura. Itsasoko urei eta mareak eragindako guneei eragiten die (itsasadarrak, estuarioak...).

– IGT: Lurraren kutsadura – hondakinak. Lurrari eragiten dio, gainera nekazaritza, industria edo etxeko jatorria duen edozein hondakin mota ere ager daiteke.

13.– EGURALDI KASKARRA (METEO) / BASOAK SU HARTZEKO ARRISKUA (BASOA).

1.– Eguraldi kaskarrari buruzko informazioa / Basoak su hartzeko arriskuari buruzko informazioa:

– METEO.

– BASOA: Basoak su hartzeko arriskuari buruzko informazioa.

2.– Eguraldi kaskarrak eragindako intzidenteen kudeaketa:

– UHOLDE: Uholdeak.

– ELURRA: Elurteak.

– GALERNA: Galernak.

– HAIZEA: Haizeak.

14.– HORNIDURA (ERAMAN).

– ERAMAN: Herritarrak eta haien ondasun materialak nahitaezkoaz, oinarrizkoaz eta beharrezkoaz hornitzeko burutu behar diren ekintza guztiak (ezinbestez eta presako izaeraz).

15.– LUIZIAK – LUR-IRRISTATZEAK.

– LURRA: Lur-higidurek eragindako intzidente-mota guztiak (luiziak, lur-irristatzea, etab.), eta pertsonaren bat lurperatuta egonez gero, haren erreskatea ere.

– SISMO: Mugimendu sismikoak detektatzea Euskadin edo/eta erkidego mugakideetan.

16.– EBAKUAZIOA-OSTATUA.

– HOTELA: Intzidente batek ukitutako pertsonei ebakuazioa eta/edo ostatua eman beharra eskatzen duen egoera, edonolakoa.

17.– URTEGIAK.

1.– Urtegiak urez husteko eragiketen inguruko jakinarazpenez informatzea:

– ULLIBA: Uribarri Ganboa urtegiko eragiketen jakinarazpenen kudeaketa.

– UNDURR: Undurraga urtegiko eragiketen jakinarazpenen kudeaketa.

– URRUNA: Urrunaga urtegiko eragiketen jakinarazpenen kudeaketa.

– SOBRON: Sobron urtegiko eragiketen jakinarazpenen kudeaketa.

– AÑARBE: Añarbe urtegiko eragiketen jakinarazpenen kudeaketa.

2.– Presa/urtegietako intzidenteen kudeaketa:

– URTEGI: Presak edo urtegiak apurtzeko edota gainezka egiteko posibilitatearekin zerikusia duten era guztietako intzidenteak.

18.– ZIRKULAZIO-ISTRIPUAK (TG).

– TG1: Zauriturik gabeko zirkulazio-istripu guztiak.

– TG2: Zaurituak edota harrapatutakoak dituzten zirkulazio-istripu guztiak.

19.– BIKTIMA ASKOKO INTZIDENTEAK (IMV).

– IMV: Tartean hainbat ibilgailu eta/edo autobusak, trenak, itsasontziak, aireontziak dituzten istripu guztiak, edo egiturazko kolapsoak, pertsona askori eragiten dietenak: hildakoak, zaurituak eta/edo harrapatuta geratu direnak.

20.– APARTEKO INTZIDENTE BORTITZAK (IEV).

– IEV: Nahitako intzidenteak, gertatzen ari direnak, indarrez eraginak –egitez edo mehatxuz–, ekintza oldarkor zein bortitzen bitartezkoak, norbanakoek edo taldeek eginak, pertsonei, ordenari, ondasunei edo ingurumenari garrantzizko kalteak eragiteko modukoak. Intzidente horietara honako gertaera hauek biltzen dira: ekintza terroristak, bahiketak, mehatxu bortitzak, manifestazio bortitzak eta aurrekoekin pareka daitekeen beste edozein. Ertzaintzak zehaztuko du zein diren aparteko intzidente bortitzak (IEV), zuzenean edo SOS-DEIAK Larrialdiak Koordinatzeko Zentroak gertaeraren berri eman eta gero.

21.– BILAKETA ETA ERRESKATEA KOLAPSATUTAKO EGITURETAN: BREC.

– BREC: Egituraren kolapsoa eragiten duten intzidenteak, eta horietan biktimak edo pertsona desagertuak egon daitezke.

22.– JOKABIDE AUTOLITIKOEN ONDORIOZKO INTZIDENTEAK: ICA.

– ICA: Pertsona batek bere burua hil nahi duela modu inplizituan edo esplizituan erakusten duten ebidentziekin lotutako jarduketak.

23.– LAN-ISTRIPUAK (PG1).

– PG1: Lanagatik edo lana dela eta izandako gorputz-kalte guztiak, baldin eta sorburutzat badute kanpoko kausa baten ekintza bat, bat-batekoa edo bortitza bera, edota jasandako lesioak, kausa edozein dutela.

24.– BIDE PUBLIKOETAKO ISTRIPUAK (PG3).

– PG3: Bide publikoan gertatutako edozein istripu, zaurituak ere badituena.

25.– ANTOLA.

– ANTOLA: Planifikatutako baliabideei lotutako taktika, segurtasunaren eta osasun-laguntzaren ikuspegitik ekitaldi bat bermatzeko, haren ezaugarriak eta aurreikus daitezkeen arriskuen identifikazioa kontuan hartuta.

26.– LARRIALDIETARAKO PLANAK AKTIBATZEA.

EUSKO JAURLARITZA.

– PEE: Kanpoko Larrialdi Planak.

– PLABI: Euskadiko Babes Zibileko Plana.

– PUHOLDE: Uholde Ziozko Larrialdi Plana.

– PBASOA: Baso-Suteetarako Larrialdi Plana.

– PSISMO: Arrisku Sismikorako Larrialdi Plana.

– PTPCF: Salgai Arriskutsuak Errepidez eta Trenbidez Garraiatzeak Dakarren Istripu-Arriskuari Aurre Egiteko Larrialdi Plana.

– PRADIO: Arrisku Erradiologikorako Larrialdi Plana.

– PIGM: Itsasertzaren Kutsadurari Aurre Egiteko Larrialdi Plana. Itsasertza.

– PTXORI: Aeronautikako Larrialdietarako Plan Berezia.

FORU ALDUNDIAK.

– Lurralde Planak.

– Plan Bereziak.

UDALERRIAK.

– Larrialdietarako Udal Planak.


Azterketa dokumentala