Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

225. zk., 2022ko azaroaren 24a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LAN ETA ENPLEGU SAILA
5089

AGINDUA, 2022ko azaroaren 10ekoa, Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuarena. Honen bidez, laguntzen deialdia egiten da Euskal Autonomia Erkidegoko enpresetan berdintasun-planak garatzeko, berdintasun-batzordeak gaituta.

Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren 12.2 artikuluaren arabera, autonomia-erkidegoak dauka lan-arloko legeria betearazteko eskumena, bere gain hartuz lan-harremanen inguruan Estatuak gaur egun dituen ahalmen eta eskumenak; halaber, badu, Estatuaren goi-ikuskaritzarekin batera, lanari buruzko legeak betearazteko zerbitzuak eratzeko, zuzentzeko eta babesteko ahalmena, langileen kualifikazioa eta hezkuntza osoa bultza daitezen lan-baldintzak gizartearen aurrerabide eta aitzinamenduari egokitzen saiatuz.

Lan eta Enplegu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 7/2021 Dekretuak 10.1 artikuluan xedatzen duenez, Laneko eta Gizarte Segurantzako Zuzendaritzak garatu beharreko egitekoen artean daude enpresei eta langileei, entitateei eta organismoei laguntza teknikoa ematea lan-agintaritzaren funtzioak gauzatzearen barruan, eta gizarte-eragileen giza baliabideen kualifikazioa sustatzea, eragile horiek gizartearen garapen ekonomikoari eta ongizateari egiten dioten ekarpena indartuko duten prestakuntza-planen bidez.

Martxoaren 1eko 6/2019 Errege Lege Dekretuak (6/2019 Errege Lege Dekretua, enplegu eta lanaren arloan emakumeen eta gizonen arteko tratu- eta aukera-berdintasuna bermatzeko presako neurriena) Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoaren 46. artikulua aldatu zuenetik, enpresen eremuan emakumeen eta gizonen arteko berdintasun eraginkorra lortzeko ahalegin handiagoa egin da berdintasun-planen negoziazioan eta, hala badagokio, akordioetan, eta, gainera, hitzarmen kolektiboaren antzeko izaera konbentzionala eman zaie.

Lege hori urriaren 13ko 901/2020 Errege Dekretuaren bidez garatu da (901/2020 Dekretua, urriaren 13koa, berdintasun-planak eta haien erregistroa arautzen dituena eta Laneko hitzarmen eta akordio kolektiboen erregistro eta gordailuari buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretua aldatzen duena). Bada, dekretu horrek berdintasun-planak indartu ditu, berdintasun-batzordeen bidez (berdintasun-planak negoziatzeko batzordeak), eta 6. artikuluan honako eskumen hauek eman dizkie:

a) Diagnostikoa negoziatzea eta prestatzea, bai eta berdintasun-plana osatuko duten neurriak negoziatzea ere.

b) Diagnostikoaren emaitzen txostena egitea.

c) Diagnostikotik eratorritako lehentasunezko neurriak, haien aplikazio-eremua, haiek ezartzeko behar diren baliabide material eta giza baliabideak identifikatzea, bai eta pertsona edo organo arduradunak ere; era berean, jardueren kronograma eranstea.

d) Enpresan berdintasun-planaren ezarpena bultzatzea.

e) Ezarritako berdintasun-planeko neurrien betetze-mailaren jarraipena eta ebaluazioa egiteko beharrezkoak diren neurketa-adierazleak eta informazioa biltzeko tresnak zehaztea.

f) Aplikatu beharreko araudiak eta hitzarmen kolektiboak esleitzen dizkion beste eginkizun guztiak, edo batzordeak berak erabakitzen dituenak; besteak beste, onartutako berdintasun-plana lan-agintaritza eskudunari bidaltzea, hura erregistratu, gordailutu eta argitaratzeko.

Gainera, artikulu horren arabera, negoziazio-batzordearen ardura izango da langileak informatu eta sentsibilizatzeko lehenengo ekintzak bultzatzea.

Batzordea modu paritarioan osatuko dute, 901/2020 Errege Dekretuaren 5. artikuluak ezartzen duenaren arabera, enpresaren eta langileen ordezkariek; azken horiek enpresa-batzordeko kideak izango dira, hala badagokio langileen ordezkariak, edo, halakorik egonez gero, sindikatu-atalak, batzordeko kideen gehiengoa ordezkatzen badute. Adierazitako legezko ordezkaritzarik ez duten enpresetan ere negoziazio-batzorde bat sortuko da. Batzorde hori osatuko dute, alde batetik, enpresaren ordezkaritzak eta, bestetik, langileen ordezkaritza batek. Langileen ordezkaritza hori eratuko dute ordezkaritza handieneko sindikatuek eta enpresaren sektorean ordezkaritza duten sindikatuek; aplikatzekoa den hitzarmen kolektiboaren negoziazio-batzordean parte hartzeko legitimazioa izango dute sindikatuok.

Lege-testuinguru berri horrek eskatuko die gizarte-eragileei epe labur eta ertainean barne-gaikuntzako prozesu oso biziak garatzea, eta halaber eskuragarri izatea, ahal den neurrian, kanpoko laguntza-baliabideak eta -egiturak berdintasun-planak eta -neurriak diseinatzeko, abian jartzeko eta haien jarraipena eta ebaluazioa egiteko.

Errealitate horren jakitun, 2021eko irailaren 14an, Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarrizketa Sozialaren Mahaiak (urtarrilaren 15eko 3/2019 Dekretuaren bidez sortua) akordio bat sinatu zuen; haren xedea zen hainbat neurri ezartzea gizarte-eragileen gaikuntza eta prestakuntza hobetzeko, aldi berean, gizarte-eragileok hobetu dezaten arduradunek enpresetan berdintasun-planak egiteko, negoziatzeko eta, hala badagokio, adosteko duten gaikuntza.

Hala, alderdiek honako konpromiso hauek hartu zituzten:

• Barne-prestakuntza eta -gaikuntza sindikatu- eta enpresa-erakundeetan garatuko da.

• Sindikatu-erakundeen kasuan, prestakuntza-ekintzak eta gaikuntzarako programak berdintasun-batzordeetan edo planaren jarraipenerako organo paritarioetan parte hartuko dutenei zuzenduko zaizkie.

• Enpresa-erakundeen eremuan gaitzeko programek sentsibilizazio- eta kontzientziazio-ekintzak jasoko dituzte genero-berdintasunaren legezko betebeharren irispideari eta garrantzi estrategikoari buruz.

Euskal Autonomia Erkidegoko 2022. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 11/2021 Legean aurrekontu-kreditu nahikoa dago agindu honetan aurreikusitako laguntzen deialdia finantzatzeko.

Xedapen honen bidez iragarritako dirulaguntza-lerroa Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuaren 2021eko abenduaren 14ko aginduan dago araututa (Lan eta Enplegu Sailaren 2022. urterako Dirulaguntzen Plan Estrategikoa onartzen duena), Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak 8.1 artikuluan ezartzen duen moduan, eta manu horretan jasotako edukiaren arabera.

Horrenbestez, Lan eta Enplegu Sailaren egitura organiko eta funtzionalari buruzko urtarrilaren 19ko 7/2021 Dekretuak ematen dizkidan eskumenez baliatuz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da Eusko Jaurlaritzak, Lan eta Enplegu Sailaren bidez, 2022ko ekitaldian gizarte-eragileak trebatzeko jarduerak egiteko emango dituen laguntzen deialdia egitea; Euskal Autonomia Erkidegoan jarduten duten enpresetan ezarri beharreko berdintasun-planak egiteko, negoziatzeko eta, hala badagokio, adosteko trebatuko dira gizarte-eragileok.

2. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.

1.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzak jarduera hauetakoren batek zuzenean eragindako gastuak finantzatzeko dirulaguntzak izango dira:

a) Urriaren 13ko 901/2020 Errege Dekretuaren 6. artikuluan aurreikusitako berdintasun-batzordeen bidez berdintasun-planen negoziazioan eta prestaketan parte hartzen duten pertsonak gaitzea, genero-berdintasuneko adituek emandako aholkularitzaren, kontsulten ebazpenaren, emaitzen ebaluazioaren eta laguntzaren bitartez. (901/2020 Errege Dekretua, urriaren 13koa, berdintasun-planak eta haien erregistroa arautzen dituena eta laneko hitzarmen eta akordio kolektiboen erregistroari eta gordailuari buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretua aldatzen duena).

b) Sentsibilizazio- eta dibulgazio-ekintzak, Euskal Autonomia Erkidegoko enpresetan genero-berdintasunari buruzko araudia betetzearen kultura zabaltzeko.

c) Berdintasun-planak hobeto landu eta negoziatzeko material aproposak prestatzea edo argitalpen egokiak editatzea.

d) Genero-berdintasunari buruzko ikerketa-jarduerak enpresetan, baldin eta haiek garatzeko baliagarriak badira.

2.– Agindu honen indarrez laguntza jaso dezaketen proiektuek aurten hasi behar dute, eta 2022ko abenduaren 31 baino lehenago amaiturik egon behar dute.

3.– Dirulaguntzaren xede den jarduera baliabide propioekin edo hirugarrenekin azpikontratatuta egin ahal izango dute erakunde onuradunek, % 100eraino, salbu eta planifikazio- eta koordinazio-funtzioak, haiek bitarteko propioekin gauzatu beharko baititu onuradunak. Dena den, onuradunak bere gain hartuko du diruz lagundutako jarduera gauzatzeko erantzukizuna Eusko Jaurlaritzako Lan eta Gizarte Segurantza Zuzendaritzaren aurrean, eta hark zein azpikontratistak ziurtatu beharko dute jarraipen- eta kontrol-erakundeen eginkizunak behar bezala betetzen direla.

Edonola ere, diruz lagundutako jarduera hirugarren batekin hitzartzeko, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko Erregelamendu Orokorraren 68. artikuluan (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua) xedatutakoa bete beharko da.

3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak, esleitzeko prozedura eta dirulaguntzaren muga.

1.– Agindu honen xedea betetzeko, ehun eta berrogeita hamar mila (150.000) euroko gehieneko kopurua erabiliko da guztira.

2.– Laguntzak esleitzeko, lehiarik gabeko eta aldibereko prozedura ezarriko da; prozedura horretan, garaiz eta modu egokian egiten diren eskabide guztiei eman ahal izango zaizkie deialdi honetako laguntzak, 11. artikuluan ezarritako mugen eta zenbatzeko irizpideen arabera, betiere berariaz egiaztatzen badute bete egiten dituztela eskatzen diren baldintza objektibo eta subjektiboak.

3.– Artikulu honetako 1. paragrafoan adierazitako zuzkidura ekonomikoa nahikoa baldin bada hasiera batean 2. paragrafoan jasotakoaren arabera kalkulatutako zenbateko guztiak estaltzeko, dagozkien zenbateko baliokideekin esleituko dira dirulaguntzak. Horrela ez bada, kalkulatutako zenbatekoak linealki murriztuko dira, zuzkidura hori baterako estaldurarako nahikoa izan arte.

4. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzak lortzeko, erakundeek eskakizun orokor hauek bete beharko dituzte:

a) Erakunde sindikalen eta enpresa-erakundeen estatutuak gordailutzeari buruzko maiatzaren 29ko 416/2015 Errege Dekretuaren edo haren ordezko arauaren arabera eratutako enpresa-elkarteak izatea, baldin eta konfederalak, lurraldez gaindikoak eta sektorez gaindikoak badira, eta, gainera, indarreko legeriaren arabera ordezkaritza handia badute.

b) Erakunde sindikalen eta enpresa-erakundeen estatutuak gordailutzeari buruzko maiatzaren 29ko 416/2015 Errege Dekretuaren edo haren ordezko arauaren arabera eratutako erakunde sindikalak izatea, baldin eta konfederalak, lurraldez gaindikoak eta sektorez gaindikoak badira, Euskal Autonomia Erkidegoan ordezkatuta badaude, eta, gainera, indarreko legeriaren arabera ordezkaritza handia badute.

2.– Agindu honen ondorioetarako, erakundeak lurraldez gaindikoak direla ulertuko da haien eremua Euskal Autonomia Erkidegoa denean, eta sektorez gaindikoak direla ulertuko da jarduera-sektore edo -adar bat baino gehiago biltzen dituztenean.

5. artikulua.– Onuradun izateko betekizunak.

1.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzak lortu ahal izateko, erakunde eskatzaileek betekizun hauek bete behar dituzte:

a) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzea laguntza ematen den unean, bai eta hura ordaintzen den unean ere.

b) Dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzea galarazten duen zehapen penal edo administratiborik ez izatea, edo horretarako desgaitzen duen legezko debeku baten pean ez egotea.

c) Hala badagokio, dirua itzultzeko betebeharra egunean izatea, hala eskabidea egiteko unean, nola ordainketen unean.

d) Erakunde eskatzaileak erantzukizunez adieraztea zein egoeratan dagoen administrazio honi edo beste administrazio publiko batzuei xede eta helburu berberaz eskatutako beste edozein laguntza (eskatuta, izapideak egiten nahiz emanda).

e) Horretara behartuta egonez gero, berdintasun-plan bat indarrean izatea, Estatuko araudiaren arabera.

f) 50 langile baino gehiagoko enpresei dagokienez, sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta borrokatzeko neurriak ezarri izana egiaztatzea, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Estatuko legerian ezarritakoaren arabera.

2.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzak erakunde onuradunei ematea eta, hala badagokio, ordaintzea, baldintzapean geratuko da; hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntza edo dirulaguntzen esparruan hasita dauden baina oraindik bideratzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiak amaitzearen baldintzapean.

3.– Era berean, ezin izango dira agindu honetan jasotako dirulaguntzen onuradun izan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan aipatutako egoeretakoren batean dauden erakundeak.

6. artikulua.– Erakunde eskatzaileen betekizunak egiaztatzea.

1.– Eskabidearekin batera aurkeztuko duten erantzukizunpeko adierazpen baten bidez, erakunde onuradunek adierazi behar dute bete egiten dituztela aurreko artikuluan zehazten diren eskakizunak, baita Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan adierazitako gainerako betekizunak ere. Nolanahi ere, Laneko eta Gizarte Segurantzako Zuzendaritzak egokitzat jotzen dituen egiaztapen eta ziurtatze-lanak egin ahal izango ditu baldintzak betetzen direla egiaztatzeko, eta pertsona edo erakunde interesdunek eskatzen zaien informazio osagarri guztia eman beharko dute.

2.– Eskabidea aurkeztearekin batera, eskatzaileak baimena ematen dio Laneko eta Gizarte Segurantzako Zuzendaritzari zuzenean egiazta dezan zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituela eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta dauzkala, salbu eta horren aurka agertzen bada; horrelako kasuetan, administrazio-instantzia eskudunek eta Gizarte Segurantzakoek emandako ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu erakunde eskatzaileak. Betebehar horiek egunean izatea nahitaezkoa da onuradun izan ahal izateko, bai eta onuradun gisa jarraitzeko ere, harik eta onartutako dirulaguntza likidatu arte; hortaz, betebehar horiek betetzen direla egiaztatuko da dirulaguntza emateko unean eta ordainketak egiteko unean.

3.– Eskabideetan aukera egongo da laguntza jaso duen erakundeak esanbidez uka dezan datuak edo dokumentuak organo kudeatzaileak lortzea edo egiaztatzea, hargatik eragotzi gabe administrazio publikoek esleituta dauzkaten egiaztatze-, kontrol- eta ikuskatze-ahalmenak betetzea. Halakoetan, erakunde eskatzaileak aurkeztu beharko ditu eskatutako nahitaezko dokumentuak.

7. artikulua.– Bitarteko elektronikoak erabiltzea.

1.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzen eskabideak baliabide elektronikoen bidez izapidetuko dira.

2.– Administrazio-prozeduraren informazio-fitxan, eskuragarri daude izapidetzeko jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta ereduak, eta haren bidez sar daiteke eskabide-formulariora. Informazio-fitxa hori helbide honetan dago: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1220801

3.– Eskabidea aurkeztu ondorengo izapideak eta jakinarazpenak «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/

4.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak helbide honetan eskuratu daitezke: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/

5.– Prozedura osoa ordezkari baten bidez izapidetu ahal izango da, eta, horretarako, ordezkaritza hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren ahalordeen erregistro elektronikoan inskribatu beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ahalordeen-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu/

8. artikulua.– Eskabideak aurkezteko modua eta epea.

1.– Eskabidea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan egongo da eskuragarri, honako helbide honetan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1220801

2.– Eskabideak aurkezteko epea hilabete izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

3.– Erakunde eskatzaileek euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete eskabidea eta agiriak, aukeran. Era berean, erakunde eskatzaileak zer hizkuntza hautatzen duen, hizkuntza hori erabiliko da prozedura osoan, Euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

9. artikulua.– Nahitaezko agiriak.

1.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzak eskuratzeko eskabideekin batera, memoria bat aurkeztu beharko da, non aurreikusitako jarduerak egiteko arrazoiak eta helburuak zehaztuko baitira. Memoria horrek honako hauek jaso behar ditu, nahitaez:

• Erabili beharreko giza baliabideak eta baliabide materialak.

• Aurkeztutako proiektuaren partiden gutxi gorabeherako aurrekontua eta aurrekontu zehatza.

• Diruz lagundu daitekeen jardueraren garapena deskribatzeko egutegia.

• Aurkeztutako proiektuak finantzatzeko plan xehatua.

• Programaren erakunde laguntzaileen zerrenda, halakorik badago.

2.– Erakunde eskatzaileari laguntza jasotzeko eskubidea onartzen bazaio, emandako laguntzaren ordainketa jasotzeko, Ekonomia eta Ogasun Saileko Hirugarrenen Erregistroan eman beharko du izena (lehendik erregistratu gabe egonez gero, edota jasota dauden datuak aldatu nahi izanez gero). Horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikora jo beharko du, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/

10. artikulua.– Eskabideko akatsak zuzentzea.

Dirulaguntzen eskabideak guztiz beteta ez badaude edo beharrezko agiri guztiak ez badituzte, erakunde eskatzaileari eskatuko zaio akatsa konpon dezala edo beharrezko dokumentuak gaineratu ditzala, betiere hamar eguneko epean, eta jakinaraziko zaio hori egiten ez badu eskaeran atzera egin duela ulertuko dela. Administrazioak eskabide horri buruzko berariazko ebazpena eman beharko du, eta ebazpen hori jakinarazi, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21.1 eta 68.1 artikuluetan xedatutakoari jarraikiz.

11. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

1.– Diruz lagun daitezkeen gastuak dira diruz lagundutako jardueraren izaera argi eta garbi dutenak, behar-beharrezkoak direnak, eta deialdi honetan eta dirulaguntza emateko ebazpenean nahiz haren balizko aldaeretan ezarritako epean egiten direnak.

Aurrekoa aintzat hartuta, 9. artikuluan aipatutako memoriari diruz lagundu beharreko programarekin edo jarduerarekin lotutako ohiko gastuen eta funtzionamendu-gastuen zerrenda erantsi beharko zaio (kontuan izan behar da erosketa-kostuak ezin duela merkatuko balioa gainditu –nominak, fakturak, etab.–), eta haien originalak edo kopia konpultsatuak aurkeztu beharko dira, bai eta, hala badagokio, kontratatutako langileen Gizarte Segurantzako kotizazioa egiaztatzen duten TC kotizazio-buletinak ere.

2.– Dirulaguntzaren zenbatekoa eta aplikatu beharreko mugak jardueraren kostu garbiaren % 85 izango dira; 50.000 euro, gehienez.

3.– Egindako gastuen justifikazioa aurkeztu ondoren, emandako dirulaguntzak ez du inolaz ere gaindituko benetan ordaindutako kostu garbi errealaren % 85, agindu honen 2. artikuluan aipatutako jardueretako bakoitzeko.

12. artikulua.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Deialdi honetan araututako dirulaguntzak bateragarriak dira helburu eta xede bererako beste edozein administraziok edo erakunde publikok ematen dituen bestelako laguntzekin. Nolanahi ere, dirulaguntzen zenbatekoak ezin izango du gainditu diruz lagundutako jardueraren kostu osoa, ezta agindu honen 11. artikuluan aurreikusitako gehieneko zenbatekoa ere.

2.– Baldin eta agindu honetako laguntzekin batera erakunde onuradunak helburu eta xede bererako beste laguntzaren bat jasotzen badu beste administrazio publiko edo erakunde publiko batzuetatik, eta laguntza horien baturak laguntza-gai den jardueraren kostua edo agindu honen 11. artikuluan aurreikusitako gehieneko zenbatekoa gainditzen badu, soberakin hori bateraezina dela deklaratuko da, eta murriztu egingo da Lan eta Enplegu Sailak eman beharreko laguntzaren zenbatekoa.

13. artikulua.– Kudeaketa, ebazpena, epea eta publikotasun-prozedura.

1.– Lan eta Enplegu Sailaren Laneko eta Gizarte Segurantzako Zuzendaritza izango da agindu honetako dirulaguntzak kudeatzeko organo eskuduna.

2.– Laneko eta Gizarte Segurantzako zuzendariak emandako ebazpen bakar baten bidez eman eta ukatuko dira agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak. Ebazpen bakar hori banaka jakinaraziko zaie eskatzaileei, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoaren arabera.

Ebazpenean zehaztuko da eskatutako dirulaguntzak ematen diren edo, hala badagokio, ukatzen diren. Ematen badira, honako hauek zehaztuko dira: erakunde onuradunen izena edo izen soziala, diruz lagundutako jarduera eta emandako dirulaguntzaren zenbatekoa. Ukatutako eskabideei dagokienez, eskatzaileen izen sozialaz gain, laguntza zergatik ukatu den adieraziko da.

Ebazpen horrek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke Laneko eta Gizarte Segurantzako sailburuordearen aurrean, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoa betez.

3.– Agindu honen babesean aurkeztutako eskabideak esanbidez ebazteko eta jakinarazteko epea sei hilabete izango da gehienez, eskabideak aurkezteko epea amaitzen denez geroztik. Epe horretan ez bada esanbidezko ebazpenik eman eta jakinarazi, eskabideak ezetsi egin direla ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako. Edonola ere, ez da eragotziko Administrazioak berariaz ebazteko duen betebeharra.

4.– Publikotasun-printzipioa betetzeko, honako hau argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Laneko eta Gizarte Segurantzako zuzendariaren ebazpenaren bidez: alde batetik, agindu honen babesean dirulaguntza zer erakundek jaso duten eta zenbateko laguntza jaso duten, eta, bestetik, zer erakunderi aldatu zaizkien emandako dirulaguntzak. Nolanahi ere, ebazpena espresuki eta banan-banan ere jakinarazi ahal izango da.

14. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzeko eta justifikatzeko modua.

1.– Dirulaguntzak zatika ordainduko dira, honela:

a) Lehenengo, dirulaguntza osoaren % 60 ordainduko da, dirulaguntza emango dela jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera hamabost egun igarotakoan, betiere esanbidez uko egin ez bazaio.

b) Bigarren zatia, gainerako % 40a, diruz lagundutako jarduera edo jarduerak amaitutakoan.

2.– Dirulaguntzaren bigarren zatia jasotzeko, emandako dirulaguntzaren justifikazio-kontu sinplifikatua aurkeztu beharko du erakunde onuradunak, eta kontu horrek informazio hau jasoko du:

a) Egindako jardueren eta lortutako emaitzen justifikazio-memoria.

b) Jardueraren gastu eta inbertsioen zerrenda sailkatua. Dirulaguntza gutxi gorabeherako aurrekontu baten arabera eman baldin bada, harekiko zer desbideratze izan diren azalduko da.

c) Diruz lagundutako jarduera finantzatu duten beste diru-sarrera edo dirulaguntza batzuen zerrenda. Zenbatekoa eta jatorria adierazi beharko dira.

d) Hala badagokio, itzulketaren ordainketa-gutuna, aplikatu gabeko gerakinen kasuan, bai eta haien ondoriozko interesak ere.

3.– Dirulaguntza eman duen organoak, erakunde onuradun bakoitzari egotzitako eta behar bezala justifikatutako kopuru nagusien laginak hartuz, egoki iritzitako frogagiriak egiaztatuko ditu; hain zuzen ere, dirulaguntza behar bezala aplikatu dela frogatzeko arrazoizko zantzuak ematen dituztenak. Horretarako, hautatutako gastuaren frogagiriak bidal ditzatela eskatuko die erakunde onuradunei.

4.– Aurreko paragrafoan aipatutako agiriak aurkezteko epea 2023ko urtarrilaren 13an bukatuko da.

15. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Agindu honen xede diren dirulaguntzen erakunde onuradunek indarrean dagoen araudia bete beharko dute, alde batera utzi gabe azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan ezarritako betebeharrak. Halaber, honako betebehar hauek bete beharko dituzte:

a) Laneko eta Gizarte Segurantzako Zuzendaritzari prestakuntza-proiektuetan erabilitako ikasmaterialen ale bat bidaltzea, halakorik baldin badago.

b) Berariaz adieraztea Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Sailaren babesa, baldin eta dirulaguntza jaso duten jarduerak argitaratu behar badira, argitalpenaren azalean sail horren logotipoa sartuta. Halaber, erakunde onuradunek behar diren zabalkunde-neurriak hartuko dituzte, era egokian iragartzeko agindu honen kargupeko jarduera-finantzaketa publikoa dela. Dirulaguntzaren bigarren ordainketa eskatzeko nahitaez aurkeztu beharreko justifikazio-memorian, berariaz jaso beharko dira betebehar hori betetzeko hartu diren neurriak.

c) Dirulaguntzak zertan eta zelan erabili diren ziurtatu beharko dute zerrenda bidezko bermeen bitartez, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoarekin bat etorriz. Dekretu horrek Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horien itzulketei buruzko erregimen orokorra arautzen du, eta horien kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen ditu.

16.– Artikulua.– Dirulaguntzen baldintzak aldatzea.

Dirulaguntza emateko kontuan hartutako edozein baldintza aldatuz gero –haren helburua betetzat jotzen bada, betiere–, eta, hala dagokionean, beste administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatu batzuetatik beste laguntza edo dirulaguntza batzuk eskuratzen badira, edota helburu bererako beste diru-sarrera zein baliabide batzuk eskuratzen badira, dirulaguntza emateko hartu zen erabakia aldatu ahal izango da. Horretarako, Laneko eta Gizarte Segurantzako Zuzendaritzak aldaketa egiteko ebazpena emango du. Ebazpen horren bidez, emandako dirulaguntzen zenbatekoak egokituko dira, eta erakunde onuradunek soberakinak itzuli beharko dituzte.

17. artikulua.– Ez-betetzeak eta erantzukizunak.

1.– Erakunde onuradunak ez baditu arauak betetzen (dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritakoak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarrikoak, eta erabilgarri diren gainerako xedapenak); edo aurkeztutako datuak egiazkoak ez badira; edo emandako dirua, bere helbururako erabili beharrean, beste zerbaitetarako erabili bada; orduan, Laneko eta Gizarte Segurantzako Zuzendaritzak berariaz horretarako hasitako espedientea izapidetuko du, eta interesdunari hamabost eguneko entzunaldia eman ondoren, hala badagokio, onuradunak dirulaguntza galduko du, eta, bi hileko epean, ordura arte jasotako zenbatekoak eta legez dagozkien interesak itzuli beharko dizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari; horrez gainera, bidezkoak diren gainerako ekintzak ere egingo dira. Hori guztia halaxe izango da honako hauetan ezarritakoa oinarri hartuta: abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua (Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko araubide orokorra arautzen duena eta kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen baldintzak, araubidea eta betebeharrak ezartzen dituena) eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua.

2.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37.2 artikuluan ezarritakoa aintzat hartuta, ez-betetzeak mailakatzeko, eta beti proportzionaltasun-printzipioari jarraikiz, honako hau ezartzen da: erakunde onuradunak hasieran aurkeztutako aurrekontuaren gutxienez % 60 erabiltzen duenean, itzuli beharko da, edo, hala badagokio, erabili ez den zatiaren ordainketa partziala egin beharko da eta zati horren kobrantza proportzionala jasotzeko eskubidea galduko da, betiere proiektuaren helburuen betekizuna guztizko betekizunen antzekoa bada, eta erakunde onuradunak zalantzarik gabe egiaztatzen badu konpromisoak betetzeko jarduera bat.

3.– Hauek dira dirulaguntzen arloko arau-hauste administratiboak: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren IV. tituluan tipifikatutako ekintzak eta ez-egiteak; zehagarriak dira, zabarkeria arin gisa bada ere. Dirulaguntzen gaineko arau-hauste horiek zehatzeko, diru-zehapenak ezarriko dira, eta, hala badagokio, diruzkoak ez diren zehapenak ere bai.

18. artikulua.– Dirua itzultzeko prozedura.

Aurreko artikuluan aurreikusitako ez-betetzeak izanez gero, honako hau izango da jasotako laguntzak itzultzeko prozedura:

1.– Laneko eta Gizarte Segurantzako zuzendariak ebazpen bidez jakinaraziko dio erakunde onuradunari dirua itzultzeko prozedura hasi dela eta zergatik hasi den prozedura hori; horretaz gainera, 15 eguneko epea emango dio, egoki iritzitako alegazioak egin ditzan.

2.– Alegazioak jasota edo batere aurkeztu gabe igaro bada epea, organo eskudunak ebazpena emango du, zeinean, beharrezkoa bada, dagozkion zenbatekoak EAEko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko betebeharra xedatuko baitu; horretarako gehieneko epea bi hilekoa da, ebazpena jakinarazten denetik aurrera. Epe hori borondatezko epetzat joko da.

3.– Itzulketa-prozedura ebazteko gehienezko epea hamabi hilabete izango da.

4.– Borondatez ordaintzeko epean itzulketarik egiten ez bada, horren berri emango zaio Eusko Jaurlaritzaren Ekonomia eta Ogasun Saileko Finantza eta Aurrekontu Sailburuordetzari, hark premiamendu-bideari ekin diezaion, aplikatzekoa diren legezko arauek xedatutakoari jarraikiz.

19. artikulua.– Datuak babestea.

Datu pertsonalak tratatu egingo dira, eta tratamendu-jarduera honetan sartuko dira: Prestakuntza-planen dirulaguntzak

– Arduraduna: Lan eta Enplegu Sailaren Laneko eta Gizarte Segurantzako Zuzendaritza.

– Helburua: izapidetzea eta kudeatzea enpresa-elkarteentzako eta erakunde sindikalentzako dirulaguntzak, prestakuntza-planak gara ditzaten giza baliabideen kualifikazioa hobetzeko beren jarduera-esparruetako gaietan.

– Legitimazioa:

• Tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoak egikaritzean egin behar den eginkizun bat betetzeko.

• 19/1977 Legea, apirilaren 1ekoa, Sindikatuetan Elkartzeko Eskubidea arautzen duena.

• 11/1985 Lege Organikoa, abuztuaren 2koa, Sindikatu-askatasunari buruzkoa.

– Hartzaileak:

• Ez da datuen komunikaziorik aurreikusten.

– Eskubideak: Datuak eskuratu, zuzendu eta deuseztatzeko eskubideak dituzu, bai eta informazio gehigarrian adierazten diren beste eskubide batzuk ere.

– Informazio gehigarria: Gure web-orrian begira dezakezu datu-babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatza, helbide honetan:

https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/122900-capa2-eu.shtml

– Araudia:

• Datuen Babeserako Erregelamendu Orokorra (eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES)

• 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa (https://www.boe.es/boe_euskera/dias/2018/12/06/pdfs/BOE-A-2018-16673-E.pdf).

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Aplikatu beharreko araudia.

Agindu honek hizpide dituen dirulaguntzek honako hauek xedatutakoari egiten diote men: urriaren 1eko Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legea; urriaren 1eko Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren 40/2015 Legea; azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartuko Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko VI. titulua eta VII. tituluko III. kapitulua; eta Dirulaguntzen 38/2003 Lege Orokorrean eta azken horren araudia onartzen duen 887/2006 Errege Dekretuan jasotako oinarrizko araudia.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Errekurtsoak.

Agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 112. artikuluan eta hurrengoetan jasotakoarekin bat etorriz. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke zuzenean EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.a) eta 46.1 artikuluetan ezarritakoa betez.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA.– Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko azaroaren 10a.

Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburua,

IDOIA MENDIA CUEVA.


Azterketa dokumentala