Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

120. zk., 2022ko ekainaren 22a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LAN ETA ENPLEGU SAILA
2832

EBAZPENA, 2022ko ekainaren 10ekoa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez argitaratzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko lantokietan 30 urtetik gorako luzaroko langabeak kontratatzeko 2022ko laguntzen deialdia.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2022ko ekainaren 9ko bilkuran hartutako erabakiaren bidez, 30 urtetik gorako luzaroko langabeak Euskal Autonomia Erkidegoko lantokietan kontratatzeko 2022ko laguntzen deialdia onartu zuen. Maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuak onartutako Lanbideren Estatutuen 10.2 artikuluaren o) letran xedatutakoarekin bat etorriz, eta estatutu horiek aldatzen dituen ekainaren 29ko 156/2021 Dekretuak emandako idazkeraren arabera, organismo autonomo honetako zuzendari nagusiari dagokio deialdi hori argitaratzea.

Hori guztia dela eta, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Luzaroan langabezian egon diren 30 urtetik gorako pertsonak Euskal Autonomia Erkidegoko lantokietan kontratatzeko 2022. urteko laguntzen deialdia argitara ematea. Deialdi hori Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren erabakiaren bidez onartu zen, 2022ko ekainaren 9ko bilkuran, eta ebazpen honi erantsi zaio.

Bigarrena.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak laguntza-deialdia onartzeko hartu duen erabakiak ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Hirugarrena.– Deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren ebazpenaren aurka berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da zuzenean Gasteizko Administrazioarekiko Auzietako Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena aldizkari horretan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko ekainaren 10a.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,

MARÍA GLORIA MÚGICA CONDE.

ERANSKINA
EAE-KO LANTOKIETAN 30 URTETIK GORAKO LUZAROKO LANGABEAK KONTRATATZEKO LAGUNTZEN 2022. URTERAKO DEIALDIA

EAEn, langabezia-tasak behera egin du azken urteetan: % 11,4koa izan da 2020ko laugarren hiruhilekoan, eta % 9,9koa 2021eko laugarren hiruhilekoan, Eustaten Biztanleria Jardueraren Arabera sailkatzeko Inkestaren datuen arabera.

Hala ere, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan erregistratutako 2021eko abenduko langabezia-datuen arabera, langabeen % 50,9 iraupen luzeko langabezian daude. Luzaroko langabezia-egoeran dauden pertsonen kopuruak gora egiten du adin-tartea handitu ahala; hala, 30 urtetik beherako pertsonak kolektibo horren % 8,8 dira, 30 eta 44 urte bitartekoak % 26,2 dira, eta 45 urtetik gorakoak kolektibo horren % 65 dira. Generoaren araberako aldeak esanguratsuak dira: iraupen luzeko langabeen % 60,1 emakumeak dira, eta % 39,9 gizonak. Desberdintasun hori adin-tarte guztietan ikusten da, 45 urtetik beherakoen artean handiagoa baita 45 urtetik gorakoen artean baino.

Enpleguaren sorrera eta jarduera ekonomikoaren susperraldia dira Eusko Jaurlaritzak, Foru Aldundiekin batera eta gizarte-eragileekin lankidetzan, Berpiztu 2020-2024 Programan islatu dituen lehentasun estrategikoko eta konpromisoko bi ardatzak. Halaber, badago hirugarren ardatz edo zeharkako arlo bat ere, enpleguaren kalitatea hobetzeari eta genero-berdintasuna sustatzeari lotuta.

Berpiztu Programak, EAEk dauzkan indarguneen azterketan oinarrituta (agertoki berri batean sustatu beharreko trantsizioak indargune horien arabera bideratzeko eta finkatzeko), nahitaez jorratu beharreko hainbat hobekuntza-arlo zehazten ditu, besteak beste enplegu-tasa, batez ere emakumeen enpleguarena, eta langabezia-tasa, batez ere gazteen langabeziarena eta luzaroko langabeziarena.

Hala, Europar Batasuneko Kontseiluak luzaroko langabeak lan-merkatuan integratzeari buruz emandako Gomendioan (2016/C 67/01) adierazten da luzaroko langabeziak Europar Batasuneko ekonomien hazkunde-ahalmena murrizten duela, eta gizarte-esklusioa eta desberdintasuna izateko arriskuak areagotzen dituela.

Esparru-programa horren arabera, luzaroko langabeentzako aukera zehatzak sustatze aldera, eta enplegurako eskumenak hobetzeko beste jarduera-ildo batzuekin lotuta, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, 3/2011 Legearen bidez dagozkion eginkizunak betez, luzaroko langabezian dauden pertsonak kontratatzeko laguntza-programa sustatzen du, EAEko enpresek pertsona horiek kontrata ditzaten.

Iraupen luzeko langabezia-egoeran dauden 30 urtetik gorako pertsonak EAEko lantokietan kontratatzeko laguntzak aurreikusita daude Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren 2022ko ekitaldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan. Plan hori organismo autonomo horren Administrazio Kontseiluak onartu zuen 2022ko martxoaren 22ko bileran hartutako erabakiaren bidez, Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 8.1 artikuluari jarraituz, eta Lanbideren webgunean argitaratu zen (www.lanbide.euskadi.eus), «Laguntzak eta dirulaguntzak» atalean.

Horregatik guztiagatik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak proposatuta, organismo autonomo honetako Administrazio Kontseiluak, 2022ko ekainaren 9an egindako batzarrean, iraupen luzeko langabezia-egoeran dauden 30 urtetik gorako pertsonak EAEko lantokietan kontratatzeko laguntzen 2022ko deialdia onartu zuen.

1. artikulua.– Xedea.

Deialdi honen helburua da 30 urtetik gorako luzaroko langabeak kontratatzeko laguntzen oinarriak ezartzea eta laguntza horiek arautzea, pertsona horiei EAEko lan-merkatuan laneratzen laguntzeko.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak eta Europako Gizarte Funtsaren kofinantzaketa.

1.– Deialdi honetan araututako dirulaguntzak finantzatzeko baliabide ekonomikoak 1.410.000 eurorenak dira. Horietatik 705.000 euro Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua organismo autonomoaren 2022ko aurrekontuko ordainketa-kreditukoak dira, eta 705.000 euro, berriz, 2023ko konpromiso-kreditukoak.

2.– Deialdi honen arabera diruz lagundutako lan-kontratuak Europako Gizarte Funtsarekin batera finantzatu ahal izango dira, EAEko 2014-2020ko EGF Programa Operatiboaren esparruan, REACT-UE ardatzaren barruan, Europar Batasunak COVID-19 pandemiari eman behar dion erantzunaren harira, edo EAEko 2021-2027ko EGF Plus Programa Operatiboaren esparruan.

3. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen jarduketak.

1.– Deialdi honen babesean, gutxienez 6 hilabeteko iraupena duten kontratu mugagabeak eta aldi baterako kontratuak lagundu ahal izango dira diruz, baldin eta 5. artikuluan aurreikusitako baldintzak betetzen dituzten pertsonekin Euskal Autonomia Erkidegoko lantokietan lanpostuak betetzeko badira.

Deialdi honetan aurreikusitako laguntzak aplikatuko zaizkie 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera sinatu edo hasi diren lan-kontratuei, baldin eta bertan ezarritako betekizun eta baldintzak betetzen badituzte.

Diruz lagundu daitekeen gehieneko epea 6 hilabetekoa izango da aldi baterako kontratuen kasuan, eta 12 hilabetekoa iraupen mugagabeko kontratuen kasuan, eta 2023ko urriaren 31n amaituko da.

2.– Deialdi honen esparruan diruz lagundu daitezkeen kontratuak lan-arloko legeriarekin bat datorren edozein kontratu-modalitate erabilita formalizatu ahal izango dira, honako hauek izan ezik: prestakuntzarako eta ikaskuntzarako kontratuak eta txandakako prestakuntzarako kontratuak, aldizkako kontratu finkoak eta aldi baterako laneko enpresek enpresa erabiltzaile bati lagatzeko langileekin egindako kontratuak, betiere aldi baterako kontratuak edo mugagabeak badira eta deialdi honetan ezarritako gutxieneko iraupenaren baldintza betetzen badute, bai eta beste baldintza hauek ere:

a) Kontratuko lanpostuek kontratatutako pertsonen ikasketa-mailetarako egokiak izan beharko dute.

b) Kontratuak idatziz formalizatu beharko dira, eredu ofiziala erabilita, eta berariaz jaso beharko dituzte honako hauek: langilearen prestakuntza edo kualifikazio profesionala; kontratuaren hasiera-data eta, hala badagokio, amaiera-data; kontratuaren iraupena; lanaldia; eta bete beharreko lanpostua.

c) Kontratuak lanaldi osokoak edo lanaldi partzialekoak izango dira; azken kasu horretan, inoiz ez dira izango ezarritako lanaldiaren % 70etik beherakoak.

d) Ordainsariei dagokienez, urteko soldata gordina adierazi beharko da iraupen mugagabeko kontratuetan, eta hileko ordainsaria, gutxienez sei hilabeteko iraupeneko kontratuetan.

Deialdian eskatzen den gutxieneko soldata-ordainsari gordina zehazteko, oinarrizko soldata, aparteko ordainsariak eta soldata-osagarriak baino ez dira kontuan hartuko, eta berariaz geratuko dira zenbaketatik kanpo soldataz kanpoko bestelako ordainsari eta osagarriak.

Dirulaguntza jaso ahal izateko, urteko ordainsari gordina ez da, ezein kasutan, taula honetan azaltzen diren zenbatekoak baino txikiagoa izango:

(Ikus .PDF)

3.– Halaber, diruz lagundutako kontratazioek enplegu-sorrera eragin beharko dute, diruz lagunduko den kontratuaren xede den langilea lanean hasi aurreko 6 hilabeteetan enpresak Euskal Autonomia Erkidegoan dituen lantokietako batez besteko langile-kopuruarekin alderatuta. Kontratazioaren egunean, kontratu berri horren ondorioz, enpresako langileen batezbestekoak gora egin beharko du.

Baldintza hori betetzeari dagokionez, ez dira kontuan hartuko arrazoi hauengatik amaitutako kontratuak: langileen erretiroagatik, dimisioagatik, heriotzagatik, ezintasun iraunkor osoagatik, absolutuagatik edo baliaezintasun handiagatik bidegabetzat jo ez diren arrazoi objektiboengatik edo kaleratzeagatik azkendu diren kontratuak, ezta langileak hasieran itundutako lan-denbora borondatez murriztu dutenak ere.

4.– Ez dira diruz lagunduko:

a) Enpresaburuaren edo enpresaren kontrola duen inoren ezkontideari, izatezko bikotekideari edo bizikideari, ondorengoei eta gainerako senideei (odol- edo ezkontza-ahaidetasuneko bigarren mailaraino) egindako kontratuak, edo enpresetako administrazio-organoetako kideekin edo zuzendaritza-karguak dituztenekin halako ahaidetasuna dutenei egindako kontratuak, ezta azken horien kontratazioak ere, haien forma juridikoa edozein dela ere.

b) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren edozein deialditan diruz lagundu daitezkeen jarduerei lotuta formalizatu daitezkeen kontratuak, edo deialdi horien barruan diruz lagunduak izan direnak.

c) Etxeko zerbitzuko araubidean egindako kontratuak.

d) Enpresa berarekin lan-harreman mugagabea amaitu duten pertsonen kontratazioa.

e) Enpresa kontratatzailearekin aurretik iraupen mugatuko edo aldi baterako lan-harremana izan duten pertsonen kontratazioa, lan-harreman hori dirulaguntza eskatzen den kontratazioaren aurreko 3 hilabeteetan izan bada.

4. artikulua.– Enpresa onuradunak.

Deialdi honetan ezarritako laguntzak jaso ahal izango dituzte bertan ezarritako baldintzetan lan-kontratuak egiten dituzten enpresek edo erakundeek (haien forma juridikoa edozein dela ere), honako hauek izan ezik: administrazio publikoek eta organismo autonomoek, zuzenbide pribatuko erakunde publikoek eta sektore publikoa osatzen duten gainerako erakundeek. Onuradunek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Egoitza soziala edo fiskala EAEn izatea eta/edo lantokia EAEn egotea.

b) Enpresako Langileen Legezko Ordezkaritzari (LLO) deialdi honen babesean kontratatzeko asmoaren berri eman izana, kontratu-mota, kontratazio-aldia eta bete beharreko postua adierazita. Enpresak eskabidean berariaz adierazi beharko du LLO baduen ala ez.

c) Zerga-arloko eta Gizarte Segurantzako betebeharrekiko egunean egotea.

Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bete direla, bai dirulaguntza emateko garaian, bai ordainketak egiteko unean, hala xedatzen baitu azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak (Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duenak) 50.3 artikuluan, bai eta Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra garatzeko Erregelamenduak (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartu zenak) 22.4 artikuluan ere.

Hala ere, eskatzaileak berariaz aurka egin diezaioke egiaztatze horri, eta, halakorik egiten baldin badu, baldintza hori betetzen duela egiaztatzen duten ziurtagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu.

d) Dirulaguntzak itzultzeko ordainketa guztiak eginak izatea.

e) Dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren zigor edo administrazio-arloko zehapenik jaso ez izana, eta horretarako ezgaitzen duen legezko debekurik jaso ez izana, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabeko bizitzena otsailaren 18ko 4/2005 Legeari eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 30eko 3/2007 Lege Organikoari jarraikiz.

f) Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 eta 13.3 artikuluak ezarritako gainerako ezein egoeratan ez egotea.

5. artikulua.– Deialdi honen babesean kontratatutako pertsonek bete beharreko baldintzak.

30 urte edo gehiago dituzten pertsonak kontratatzeko da deialdia hau, baldin eta honako baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Euskal Autonomia Erkidegoan bizitzea.

b) Langabeak izan eta izena emanda egotea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan lan-eskatzaile gisa, bai kontratuaren hasiera-datan, bai aurreko 540 egunetan 360 egunez gutxienez.

c) Eskainitako lanpostua betetzeko profil profesional egokia edukitzea.

6. artikulua.– Kontratatutako pertsonen hautaketa.

1.– Kontratatuko diren pertsonak honako prozedura hauetako baten bidez hautatuko dira:

a) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren bidez.

Hautaketa-mota horretarako, eskaintza kudeatzeko eskabide bat aurkeztu beharko da bete beharreko lanpostu-profil bakoitzeko. Eskabide hori horretarako xedatutako inprimaki normalizatu baten bidez aurkeztu behar da, eta, bertan, gutxienez datu hauek adierazi beharko dira: izen-abizenak edo enpresaren izen soziala, IFZ, enplegatzailearen kotizazio-kontuaren kodea (halakorik bada), lantokiaren udalerria, lanpostuaren izena eta langintza, lanpostuen kopurua, lanpostuaren deskribapena eta enpresaburuaren, legezko ordezkariaren edo baimena duen pertsonaren sinadura.

Eskaintza kudeatzeko eskabide bakoitza hura jasotzen duen bulegoak edo erakunde kolaboratzaileak erregistratuko du, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren bitartekaritza-sisteman identifikatuta geratuko da. Eskaintza erregistratu ondoren, enpresari jakinaraziko zaio haren erreferentzia.

Eskaintzak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ezarritako prozeduren arabera kudeatuko dira. Enpresara bidaliko dira Lanbiden luzaroko langabezia-egoeran inskribatuta dauden hautagaiak, eskatutako profil profesionala eta baldintzak betetzen dituztenak, egingo zaien kontratua deialdi honen babesean diruz lagundu ahal izateko.

Kontratu bakoitzaren komunikazio-prozesuan, enpresak nahitaez adierazi beharko du kontratu horri dagokion eskaintzaren erreferentzia.

b) Enpresak zuzenean hautatzea, Lanbideri enplegu-eskaintza kudeatzeko eskabiderik egin gabe.

Kasu horretan, 8. artikuluan xedatutakoa betetzeko, kontratatuko den pertsonak, kontratazioaren aurretik, luzaroko langabezia-egoeran dagoela egiaztatzen duen txostena eskatu beharko dio Lanbideri, eta txosten hori enpresa kontratatzaileari eman beharko dio, dirulaguntzarako eskabidearekin eta eskatzen den gainerako dokumentazioarekin batera aurkez dezan.

2.– Egiten den hautaketa-prozesua dena delakoa izanda ere, kontratatuko diren pertsonek beren enplegu-eskaera alta-egoeran eduki behar dute kontratuaren hasiera-data arte.

7. artikulua.– Dirulaguntzaren zenbatekoa.

1.– Kontratu bakoitzeko diruz lagundutako zenbatekoa titulazio akademikoaren edo egindako ikasketen eta kontratuaren iraupenaren arabera zehaztuko da, taula honekin bat etorriz:

2.– Aipatutako dirulaguntzen zenbateko guztiak % 15 handituko dira, kontratatutako pertsonak ezaugarri hauetako bat gutxienez badu: 45 urte edo gehiago izatea edo emakumea izatea.

3.– Halaber, aurreikusitako dirulaguntzen zenbatekoak % 10 handituko dira, kontratatutako pertsonak kontratatzeko konpromisoa dakarren prestakuntza-ekintzaren bat amaitu badu 2021. edo 2022. urtean, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak diruz lagundutakoa, maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuak (Enplegurako Lanbide Heziketa arautzen duenak) ezarritakoaren baitan, eta formalizatzen den kontratua mugagabea bada edo gutxienez 12 hilabeteko iraupena badu, eta lanaldia, gutxienez, ezarritako lanaldiaren % 70 bada.

4.– Kontratatutako pertsonak aurreko 2. eta 3. apartatuetan adierazitako baldintzak betetzen baditu, dirulaguntzaren zenbatekoa % 20 handituko da.

Taula hauetan ageri dira dirulaguntzen zenbatekoak, bai eta dirulaguntza gehigarrien ehunekoak ere:

5.– Aipatutako dirulaguntzen zenbatekoak lanaldi osoko kontratuei dagozkie. Denbora partzialeko kontratuetan, zenbatekoak lanaldiaren arabera doituko dira.

8. artikulua.– Eskabideak aurkezteko modua, epeak, eta aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.– Dirulaguntza-eskabideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez aurkeztu behar dira: https://www.euskadi.eus/egoitza-elektronikoa; eta hara iristeko esteka bat egongo da Lanbideren web-orrian.

Izapidetzeko jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta ereduak eskuragarri dauden administrazio-prozeduraren informazio-fitxa, eskabide-inprimakira sartzeko erabiltzen dena, helbide honetan eskura daiteke: https://www.euskadi.eus/servicio/1092804

Eskabidea aurkeztu ondorengo izapideak eta jakinarazpenak «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan. Bertara sartzeko, hona hemen lotura: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/

Eskabidea ordezkari baten bidez aurkezten bada, ordezkaritza hori Eusko Jaurlaritzako Ordezkarien Erregistroan inskribatuta egon ahal izango da. Hona hemen Erregistrora sartzeko lotura: https://www.euskadi.eus/ordezkarien-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu/

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikaziorako eta sinadura elektronikorako onartzen diren bitartekoak eskuragarri daude helbide honetan: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/

2.– Luzaroko langabezian dauden pertsonak kontratatzeko dirulaguntzetarako eskabidearen inprimakiarekin batera, enpresek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Eskabidea pertsona juridiko eskatzailearen izenean sinatzen duenaren legezko ordezkaritza egiaztatzeko agiria, baldin eta inskribatuta ez badago Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren ordezkarien erregistroan.

b) Enpresaren identifikazio fiskaleko txartelaren fotokopia. Dirulaguntza kudeatzen duen organoak automatikoki egiaztatuko ditu enpresaren identifikazio fiskalari buruzko datuak, salbu eta eskatzaileak berariaz aurka egiten badio; kasu horretan, eskatzaileak dagokion dokumentazioa aurkeztu beharko du.

c) Egindako kontratuaren edo kontratuen fotokopia.

d) Eskabidea langile autonomo batek egiten badu, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan alta emanda dagoela egiaztatzeko dokumentazioa.

e) Bi txosten «Alta egoeran dauden langileen batez besteko plantillaren txostena» izenekoak, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak egindakoak (RED sistemaren bidez eskuratuak), enpresak EAEn dituen lantokiei buruzkoak: bat, kontratatutako pertsonari enpresan alta eman aurreko sei hilabeteko aldiari dagokiona, eta bestea, kontratazioaren alta egunari dagokiona.

Bi txosten horiek alderatuta, ikusten bada plantilla ez dela handitu, 3.3 artikuluaren bigarren paragrafoan xedatutakoa aplikatzeko, aurreko sei hilabeteetan kontraturen bat amaitu dela egiaztatzeko dokumentazioa aurkeztu beharko dute. Kontratuak amaitzeko arrazoiak hauek izan daitezke: langileen erretiroa, dimisioa, heriotza, ezintasun iraunkor osoa, absolutua edo baliaezintasun handia, bidegabetzat jo ez diren arrazoi objektiboak edo kaleratzeagatik azkendu diren kontratuak, langileak lan-denbora borondatez murriztea.

3.– Diruz laguntzeko eskatzen den kontratazioa Lanbideri enplegu-eskaintza egiteko eskatu gabe egin bada, aurreko paragrafoetan xedatutakoaz gain, Lanbidek igorritako txosten bat ere aurkeztu beharko da, indarrean dagoena, pertsona hori kontratazioa egin aurretik luzaroko langabezia-egoeran zegoela egiaztatzeko, deialdiaren 5. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz. Txosten hori diruz laguntzeko eskatu den kontratazioaren xede den pertsonak aurretik eskatu beharko dio Lanbideri.

4.– Eskabideak betetzen ez baditu oinarri hauetan eskatzen diren betekizunak, edo osatu gabe badago edo akatsak baditu, interesdunari hamar eguneko epean okerra konpon dezan edo aurkeztu beharreko agiriak aurkez ditzan eskatuko zaio; eta adieraziko zaio, hala egiten ez badu, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, eta, horretarako, aurretiaz, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak ebazpena emango du, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

5.– Eskabideak aurkezteko epea deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta 2022ko urriaren 14an amaituko da.

9. artikulua.– Ebazpena emateko organo eskuduna, emate-prozedurak eta ebazpena.

1.– Prozedura kudeatzeko, izapidetzeko eta ebazteko organo eskuduna Laneratzea Aktibatzeko Zuzendaritza izango da.

2.– Eskabideak aurkezten diren hurrenkeran aztertuko dira, eta hurrenkera horretan emango zaizkie dirulaguntzak deialdiko baldintzak eta eskakizunak betetzen dituzten guztiei, harik eta finantzaketarako funtsak amaitu arte, hala badagokio. Aurrekontu-zuzkidura amaituta, geratzen diren eskabideei ezezkoa emango zaie, eta EHAAn argitaratuko da horren berri, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Laneratzea Aktibatzeko zuzendariaren ebazpen baten bidez. Era berean, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko web orrian argitaratuko da: www.lanbide.euskadi.eus

3.– Eskabideak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Laneratzea Aktibatzeko zuzendariaren esanbidezko ebazpen bidez onartu edo ukatuko dira.

Luzaroko langabeak kontratatzeagatik jaso daitezkeen dirulaguntzak emateko ebazpenean datu hauek adieraziko dira: dirulaguntzaren zenbatekoa, ordainketa-modua eta dirulaguntzaren justifikazioa.

Ebazpenean, berariaz aipatuko da EAEko 2014-2020ko EGF Programa Operatiboaren Europako Gizarte Funtsaren kofinantzaketa duela, eta emandako dirulaguntzak «minimis» izaera duela, baita zehazki REACT-UE ardatzaren barruan ere, Europar Batasunak COVID-19 pandemiari eman behar dion erantzunaren baitan, nahiz EAEko 2021-2027ko EGF Plus Programa Operatiboaren esparruan.

Eskabidea ezesten duen ebazpena arrazoitu egin beharko da, hura ezesteko arrazoiak berariaz adierazita.

4.– Ebazpenak eman eta jakinarazteko, gehienez sei hilabeteko epea egongo da, eskabidea aurkezten den egunetik zenbatzen hasita; epe hori amaitutakoan, dirulaguntzaren eskabidea ezetsitzat hartuko da, baldin eta ebazpen espresurik eman ez bada.

5.– Onuradunei dirulaguntzak onartzeko eta, hala badagokio, ordaintzeko, ezinbesteko baldintza izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren organismo autonomoek emandako izaera bereko dirulaguntzen esparruan hasita dauden baina oraindik bideratzen ari diren itzultze- edo zigor-prozedura guztiak amaituta egotea.

6.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Laneratzea Aktibatzeko Zuzendariaren ebazpenak amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

7.– Publikotasun-printzipioa betetzeko, eta emakida-ebazpenak espresuki eta banaka jakinarazteaz gainera, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Laneratzea Aktibatzeko zuzendari nagusiaren ebazpen bidez, arau honen babesean emandako dirulaguntzen onuradun diren erakundeen zerrenda, eta zer zenbateko jasoko dituzten ere adieraziko da. Halaber, erakunde bati emandako dirulaguntza aldatzea erabaki bada, hori ere adieraziko da.

10. artikulua.– Kontratua azkentzea.

1.– Kontratuan xedatutako probaldia ez gainditzeagatik, borondatezko lanuzteagatik, arrazoi objektiboengatik edo bidegabetzat jo ez diren kaleratzeagatik, artikuluan ezarritako diruz lagundutako gehieneko aldiaren barruan, erretiroa, heriotza, ezintasun iraunkor osoa, absolutua edo baliaezintasun handia dela-eta, 3.1 artikuluan xedatutakoa, eta kontratu mugagabeetarako, 15 hilabeteko epean–, enpresak horren berri eman beharko dio Lanbideri, idatziz.

Komunikazio hori kontratua azkendu eta hilabeteko gehieneko epean egin beharko da, kontrataziorako dirulaguntzaren behin betiko zenbatekoa kontratatutako pertsonak lan egindako aldiaren zati proportzionalera egokitzeko.

Doikuntza proportzional hori egiteko, artikulu honetako 1. apartatuan xedatutako aldia eta kontratuaren amaiera-data hartuko dira kontuan.

2.– Artikulu honen 1. apartatuan xedatutako aldian lan-harremana azkentzen bada, hor aurreikusi ez den beste kausaren batengatik, kontrataziorako emandako dirulaguntza oso-osorik itzuli beharko da, deialdi honen 17. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

3.– Enpresak beste pertsona bat edo batzuk kontratatu nahi izanez gero, nahitaez eskatu beharko du berriro dirulaguntza, deialdi honetan ezarritako baldintzen arabera, adierazitako epeen barruan baldin badago.

11. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzea.

1.– Dirulaguntzak honela ordainduko zaizkie enpresa kontratatzaileei:

a) Emandako dirulaguntzaren % 50 ordainduko da lehen ordainketan, dirulaguntza ematea onartzeko unean, 2022ko ekitaldiko aurrekontuaren ordainketa-kredituaren kontura.

Ordainketa egin baino lehen, Lanbidek egiaztatuko du langilea Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorrean alta emanda dagoela, eta enpresako plantilla handitu egin dela.

b) Bigarren ordainketan gainerako % 50a edo kasuan-kasuan dagokiona ordainduko da, 2023ko ekitaldiko konpromiso-kredituaren kontura, diruz laguntzekoak diren jarduketak justifikatu ondoren, 12. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

2.– Administrazioak laguntzak ordaindu ahal izan ditzan, erakunde eskatzaileak Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren Hirugarrenen Erregistroan inskribatuta behar du.

Erakundea ez badago erregistratuta, edo Ekonomia eta Ogasun Sailaren Hirugarrenen Erregistroko banku-datuak aldatu nahi baditu, inprimakia bete beharko du hemen adierazitako ereduari jarraituz: https://www.euskadi.eus/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/web01-tramite/eu/ Inprimaki hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoko egoitza elektronikoan ere egongo da eskuragarri.

12. artikulua.– Dirulaguntzaren justifikazioa eta epea.

1.– Kontratuak justifikatzeko, enpresa onuradunak kontratatu dituen pertsona langabeen eta haien kontratuen iraupenen zerrenda aurkeztu beharko du.

Baldin eta enpresa kontratatzaileak 52 urtetik gorako langabeak kontratatzeagatiko onurak aplikatzen baditu (onura horiek Langabeziatik babesteko sistema erreformatzeko eta lan-aukerak areagotzeko premiazko neurriei buruzko abenduaren 12ko 45/2002 Legearen bosgarren xedapen iragankorraren 4. apartatuan daude ezarrita), erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du, kontratuak irauten duen hilabeteetan kontratuan ezarritako soldatan onura hori aplikatu izanari buruz.

2.– Hori aurkezteko epea hau izango da:

a) Aldi baterako kontratuen kasuan, hilabete bat, 3.1 artikuluan aipatzen den diruz laguntzeko gehieneko aldia amaitzen denetik.

b) Lan-kontratu mugagabeen kasuan, urtebete, kontratua hasten denetik.

Kasu batean zein bestean, zerrenda aurkezteko azken eguna 2023ko azaroaren 15a izango da, egun hori barne dela.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ofizioz egiaztatuko du aldi baterako kontratuen benetako iraunaldia, bai eta kontratu mugagabeak gutxienez 12 hilabete iraun dutela ere, horren ostean bigarren ordainketa egiteko. Halaber, deialdiaren 13. artikuluan adierazitakoa betetzen dela egiaztatuko du.

3.– Azkenean, enpresari egotzi ezin zaizkion arrazoiengatik –deialdiaren 10.1 artikuluan jasotzen dira arrazoi horiek– kontratuaren iraupena xedatutakoa baino laburragoa bada, dirulaguntzaren zenbatekoa ere gutxitu egingo da, proportzioan.

13. artikulua.– Enpresa onuradunen betebeharrak.

Erakunde onuradunen betebeharrak izango dira Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak 14. eta 46. artikuluetan ezarritakoak, bai eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak (Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duenak) 50.2 artikuluan jasotakoak ere, eta, bereziki, honako hauek:

a) Hasieran hitzartutako iraupena baino lehenago azkentzen diren kontratuen berri ematea, eta arrazoia jakinaraztea.

b) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren aurrean justifikatu beharko da bete direla dirulaguntza emateko edo jasotzeko eskakizunak eta baldintzak.

c) Honako hauen egiaztatze-jarduketei baiezkoa ematea: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua, Lan eta Enplegu Saila, Ekonomia eta Ogasun Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoa, Herri Kontuen Euskal Epaitegia, eta Europako funtsen kontrol-instantziak.

Diruz lagundu daitezkeen gastuek Europako Gizarte Funtserako aukeratuak izateko baldintzak beteko badituzte, erakunde onuradunean gastuaren kontabilitate-erregistro bat eraman behar da, aparteko kontabilitate-identifikazio batekin, edo kontabilitate-kode egoki batekin.

d) Helburu berberarekin administrazio honen bidez edo beste edozein administrazio publiko edo erakunde publiko nahiz pribatutatik dirulaguntzak edo laguntzak jasoz gero, horren berri ematea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari.

e) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea dirulaguntza emateko kontuan izan den edozein baldintzaren aldaketa, baita diruz lagundutako jardueren xedeari edo izaerari nabarmenki eragiten dion edozein gorabehera ere.

f) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren organismo autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi, eta oraindik izapidetzen ari den edozein itzultze- edo zehapen-prozedura jakinaraztea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari.

g) Beren-beregi jasotzea edo adieraztea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak eta Europako Gizarte Funtsak elkarrekin finantzatu dituztela –EAEko 2014-2020ko Programa Operatiboaren esparruan, baita REACT-UE ardatzaren barruan ere, Europar Batasunak COVID-19 pandemiari eman behar dion erantzunaren baitan, nahiz EAEko 2021-2027ko EGF Plus Programa Operatiboaren esparruan– deialdi honen babesean diruz lagundutako jardueren komunikaziorako, hedapenerako edo argitalpenerako material eta ekintza guztiak.

Enpresa onuradunen zerrenda Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko (EB) 1303/2013 Erregelamenduaren 115. artikuluaren 2. apartatuan adierazitako zerrenda publikoan jasoko da.

h) Emakumeen eta gizonen arteko tratu- eta aukera-berdintasunari buruzko betebeharrak:

– Probetan edo elkarrizketetan eta lanpostuetarako hautaketak egitean tratu- eta aukera-berdintasunaren eta emakumeen eta gizonen arteko diskriminaziorik ezaren printzipioa aplikatzen dela bermatu behar da.

– Dokumentazio, publizitate, irudi eta material guztietan sexismorik gabeko hizkera erabili behar da, emakumeen kontrako bereizkeria edo estereotipo sexistak bultzatzen dituzten irudiak saihestu behar dira, eta berdintasunaren aldeko irudiak sustatu behar dira, presentzia orekatua, aniztasuna, erantzukidetasuna eta rolen eta genero-identitatearen pluraltasuna sustatzen dutenak.

i) Erakunde onuradunek kontratatutako langileei helaraztea 18. artikuluan aipatzen den datu pertsonalen babesari buruzko informazioa.

14. artikulua.– Jarraipena eta kontrola.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, Lan eta Enplegu Sailak, Ekonomia eta Ogasun Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoak, Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eta Europako funtsen kontrol-instantziek beharrezkoak diren ikuskaritza- eta kontrol-jarduerak egingo dituzte, deialdi honen helburuak betetzen direla bermatzeko, eta bereziki egiaztatuko dute betetzen direla enplegua benetako sorrera eta kontratuen iraupena ezartzen dituzten baldintzak.

Horretarako, diruz lagundutako kontratazioei buruzko dokumentazio guztia gorde eta zaindu beharko du enpresak, gutxienez 2029ra arte, deialdi honen ondoriozko konpromiso eta betebehar guztiak betetzen dituela egiaztatu ahal izateko.

15. artikulua.– Dirulaguntza aldatzea.

Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan gertatu den aldaketa orok ekarri ahal izango du emandako dirulaguntza aldatzea, deialdi honetan dirulaguntzen onuradun izateko ezarritako gutxieneko eskakizunak betetzen badira, betiere. Baldintzen aldaketa horren ondorioz dirulaguntza osoa edo zati bat itzuli behar bada, itzultzeko prozedurari hasiera emango zaio.

16. artikulua.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Deialdi honetan aurreikusitako laguntzak bateraezinak dira kontzeptu eta helburu berberetarako administrazio honek edo beste administrazio edo erakunde pribatu edo publiko batzuek emandako dirulaguntza, laguntza eta diru-sarrerekin, ez ordea legez ezarritako Gizarte Segurantzari egindako kotizazioetako hobariekin edo murrizketekin.

Era berean, bateragarriak dira abenduaren 12ko 45/2002 Legeak (langabeziagatiko babeserako eta lan-aukerak areagotzeko sistemaren erreformarako premiazko neurriei buruzkoak) bosgarren xedapen iragankorreko 4. apartatuan enpresentzat ezartzen dituen 52 urtetik gorako pertsona langabetuak kontratatzeagatiko onurekin.

17. artikulua.– Ez-betetzeak eta emandako dirulaguntzak itzultzea.

1.– Onuradunek itzuli beharko dituzte jasotako zenbatekoak eta legezko interesak –laguntzak ordaintzen direnetik aurrerakoak–, baldin eta honako xedapen hauetan oro har aurreikusitako betebeharrak betetzen ez badituzte: Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikulua eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikulua. Zenbatekoak eta interesak itzuli beharko dituzte, orobat, deialdi honetan ezarritako betebehar espezifikoak betetzen ez badituzte edo azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53.1 artikuluan dirulaguntzak itzultzeko ezarritako kasuetako batean sartzen badira. Itzuli beharrekoak itzultzeko, xedapen horretan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan horretarako ezarritako prozedurari jarraituko diote (698/1991 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautu zen eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezarri ziren). Aipatutako kopuru horiek diru-sarrera publikotzat joko dira, legezko ondorio guztietarako.

2.– Diruz lagundutako kontratuak 10.1 artikuluan ezarritako aldia baino lehenago azkentzen badira, artikulu horretan aurreikusi ez den beste arrazoiren batengatik, emandako dirulaguntza osorik itzuli beharko da, eta dagokion prozedura izapidetuko da.

3.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak abiaraziko du itzulketa-prozedura, eta idazkia bidaliko dio pertsona onuradunari, ez-betetzea eragin duen edo duten gertaera edo gertaerak jakinarazteko. Hori ez ezik, egokitzat jotako alegazioak edo egiaztagiriak aurkezteko hamabost eguneko epea duela adieraziko dio. Prozedura hori hasten denean, eten egingo dira egiteko dauden ordainketak, halakorik egonez gero.

4.– Alegazioak aurkezteko epea igaro eta halakorik aurkeztu ez bada, edo aurkeztutako alegazioak onartu ez badira, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak ebazpena emango du. Laguntzak itzultzeko prozedura gehienez ere 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.

5.– Ebazpenak arauren bat bete gabe utzi dela iritziz gero, eta dirulaguntza osorik edo zati bat jasotzeko eskubidea galdutzat ematen badu, interesdunak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari itzuli beharko dizkio dagozkion diru-kopuruak; horretarako, bi hilabeteko gehieneko epea izango du, ebazpena jakinarazten denetik hasita. Epe hori borondatezko epea izango da.

6.– Borondatezko epean dirulaguntza itzultzen ez bada, hura berreskuratzeko premiamendu-bidera jotzeko izapideak hasiko dira.

18. artikulua.– Datuak babesteari buruzko informazioa.

Datu pertsonalen babesaren arloan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak bi xedapen hauen arabera jokatuko du: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (EB 2016/679 Erregelamendua) eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko 3/2018 Lege Organikoa. Lortutako datu pertsonalak «Enplegurako eta enplegu-prestakuntzarako dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueraren barruan egongo dira. Jarduera horren arduraduna Lanbide da, eta haren helburua da Lanbideren eskumen diren enplegu-politika aktiboekin zerikusia duten dirulaguntzak kudeatu eta kontrolatzea, bai eta iruzurra pertsegitzea eta datuak estatistiketarako erabiltzea ere. Lortzen diren datuak beharrezkoak dira Lanbideri emandako botere publikoak gauzatzeko eta lege-betebeharrak betetzeko, eta arlo horretan eskumena duten administrazio publikoei komunikatu ahal izango zaizkie.

Datuen titularrek eskubidea dute beren datuak irispidean izateko, zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta tratamenduaren aurka egiteko eta tratamendua mugatzeko ere. Horretarako, idatzizko komunikazio bat bidali behar dute Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzura (Jose Atxotegi kalea 1, 01009 Vitoria-Gasteiz).

Datuen babesari buruzko informazio gehiago, hemen: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/074300-capa2-eu.shtml

19. artikulua.– Eskumenari buruzko Europako araudia.

1.– Deialdi honetan luzaroko langabeak kontratatzeagatik emateko laguntzek bete egin beharko dute Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 Erregelamenduan (EB) ezarritako «minimis» araua (Erregelamendua Europar Batasunaren Funtzionamendu Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak «minimis» laguntzei aplikatzeari buruzkoa da; DOUE L352, 2013ko abenduaren 24koa). Kalifikazio horren ondorioz, enpresa bakarrari «minimis» laguntzetan emandako guztizko zenbatekoa ez da izango 200.000 eurotik gorakoa hiru ekitaldi fiskalen barruan.

Muga hori aplikatzeko, kontuan hartu beharko da nola definitzen den «enpresa bakarra» Erregelamendu horren 2.2 artikuluan.

2.– Dagokion ekitaldi fiskalean eta aurreko bietan jasotako minimis laguntza horiei buruzko aitorpena egin beharko du laguntza eskatzen duenak, honako hau frogatzeko: minimis laguntza berriarekin ez dela gainditzen aipatutako erregelamenduan ezarritako muga maximoa.

20. artikulua.– Dirulaguntzen arloan aplikatu beharreko arauak.

Laguntzen programa honi dirulaguntzen arloko arau hauetan bildutako oinarrizko araubide juridikoa aplikatu behar zaio: Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta hura garatzen duen Erregelamendua (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartua). Era berean, arau hauetan xedatutakoa ere aplikatuko da: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bateginaren VI. titulua eta VII. tituluko III. kapitulua –azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen testu bategina–, eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua (horretan arautzen dira Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen bermeen eta itzulketen araubide orokorra eta bertan ezartzen dira horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen betekizunak, araubidea eta betebeharrak).

Dirulaguntzek, Europako Gizarte Funtsaren baterako finantzaketa dutenez, bete egin beharko dituzte Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 2013ko abenduaren 17an emandako 1303/2013 Erregelamendua (EB), eta Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 2013ko abenduaren 17an emandako 1304/2013 Erregelamendua (EB), Europako Gizarte Funtsari buruzkoa eta Kontseiluaren 1083/2006 Erregelamendua (EE) indargabetzekoa eta 2020/2221 (EB) Erregelamendua, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2020ko abenduaren 23koa, 1303/2013 (EB) Erregelamendua aldatzen duena baliabide gehigarriei eta betearazpen-xedapenei dagokienez, COVID-19aren pandemiaren testuinguruan krisia konpontzen laguntzeko eta ekonomiaren susperraldi berde, digital eta erresilientea (REACT) prestatzeko.

Europako Gizarte Funts Plusak programak laguntza hauek finantzatzekotan, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021/1060 (EB) Erregelamenduari atxikiko zaizkio, 2021eko ekainaren 24koa, Eskualde Garapeneko Europako Funtsari, Europako Gizarte Funts Plusari, Kohesio Funtsari, Bidezko Trantsiziorako Funtsari, Itsasoko, Arrantzako eta Akuikulturako Europako Funtsari, eta bi Finantza Funtsari buruzko xedapen komunak ezartzen dituena, bai eta bi Finantzetako Funtsari buruzkoak ere.


Azterketa dokumentala