Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

118. zk., 2022ko ekainaren 20a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
2762

EBAZPENA, 2022ko maiatzaren 20koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez Cycobask – Irungo Bentak eremurako (Gipuzkoa) Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa formulatzen baita.

AURREKARIAK

2022ko martxoaren 11n, Irungo Udalak eskabide bat aurkeztu zuen Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan, hasiera emateko Cycobask – Irungo Bentak eremurako Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren (aurrerantzean, Plana) ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedurari. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu zituen; besteak beste, Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan ezarritako edukiarekin.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikulua aplikatuz, 2022ko apirilaren 6an Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea hasi zuen, kontsulta eginez ukitutako Administrazio publikoei eta interesdunei, eta espedientean jaso dira jasotako erantzunak. Era berean, Irungo Udalari jakinarazi zion hasiera eman ziola prozedurari.

Espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egoki jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.

Legezko erantzun-epea amaituta, eta espedientean jasotako dokumentazio teknikoa aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarriko dira, nahitaez, ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, eta horien aldaketak eta berrikuspenak, ingurumena babesteko maila handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko asmoz.

Cycobask – Irungo Bentak eremurako Hiri Antolamenduko Plan Berezia abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 72.2 artikuluan jasotako kasuen artean sartzen da; bertan, ezartzen da zer plan eta programak behar duten ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua, zehazteko plan edo programak ez duela ingurumenean eragin nabarmenik –ingurumen-txosten estrategikoaren arabera– edota plan edo programak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duela, ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzakeelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura 75. artikuluan dago araututa, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.C eranskinean ezarritako irizpideekin bat.

Planaren dokumentazio teknikoa eta Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdiekin bat datorrela, honako ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak (huraxe baita organo eskuduna, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera). Txostenean, Planak ingurumenean ondorio nabarmenak izan ditzakeen baloratzen da, eta, beraz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen edota, alderantzizko kasuan, baldintzak ezarri behar dituen, Plana garatzean ingurumena behar bezala babesteko.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Cycobask – Irungo Bentak eremurako Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, ondoren adierazten diren baldintzetan:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

Antolamendu-eremua Cycobask enpresa zenaren lurzati pribatuari zegokiona da, 10.722 m2-ko azalerakoa, Irungo Bentak auzoan kokatua, eta mugakide diren lursail publikoen zati bat ere barne hartzen du (3.893 m2), konfigurazioa hobetzeko helburuarekin. Eremuan indarrean dagoen hirigintza-araudia Irungo Hiri Antolamenduko Plan Orokorrak (aurrerantzean, HAPO) osatzen du. Plan hori 2015eko urtarrilaren 28an onartu zen behin betiko (2015eko martxoaren 3ko GAO, 41. zk.), eta jarduera ekonomikoetarako hiri-lurzoru gisa sailkatzen du eremua. Eremuaren zati handi bat, lurzati pribatuari dagokiona, lurzatiko industriatzat jotzen da xehatuki.

Cycobaskek jarduera 2009. urtean utzi zuenetik enpresa bakar bat ere ez denez bertan ezarri, lurzati pribatuaren kalifikazio eta antolamendu xehatua egokitzea da Plan honen helburua, bertan jarduera ekonomiko bat baino gehiago ezarri ahal izateko eta lurzatiaren perimetro-bideak berrantolatzeko.

Jarraian, Planak proposatutako antolamendua laburbiltzen da:

– Aldatu egin da lurzati industrialaren kalifikazio xehatua: «Industria Kolektiboa - 2. maila». Azalera 10.257,40 m2-koa da; hots, HAPOn zehaztutakoa baino pixka bat txikiagoa.

– Lurzati industrialaren barruan lurzati pribatu bat dago, 9.140 m2-ko azalerarekin. Lurzati horretan, gaur egun dagoena baino 5.898 m2 gutxiagoko eremu eraikigarri bat antolatzen da, eta haren gehieneko lerrokadurak bete egiten ditu Mokozorrotz errekastorako, AP-8rako eta GI-2134rako gutxieneko tarteak. Gainerako lurzatia 3.242 m2-ko bide pribatu gisa antolatu da, eremu eraikigarriaren iparraldeko eta hegoaldeko aurrealdeetan bi aparkaleku pribatu gisa banatuta.

– Eraikin berriaren gehieneko altuera orokorra 10,50 m-koa izango da, biribilgunearen ondoan izan ezik, bertan txikiagoa izango baita. Eraikinaren profila BS+1 izango da, solairuarteak egiteko aukerarekin. Eraikuntza multzoa +23ko kotan kokatuko da, egungoa baino apur bat beherago, eta ez da aurreikusten sestra azpiko solairurik.

– Lurzatiaren azpibanaketa horizontalari dagokionez, lurzoru eraikigarriaren okupazioa gehienez ere 1.500 m2-ko edo hortik gorako hiru sortatakoa izatea proposatu da, bertan hainbat enpresa ezarri ahal izateko.

– Egokitu egin da HAPOn proposatutako bide-trazadura, eta trazadura berri bat antolatu da GI-2134 errepidearen biribilgunetik, lurzati pribatuaren barrutik joango dena, errekastoarekiko paraleloan. Bide horren eta errekastoaren artean, berdegune bat antolatu da, ibilguaren 5 m-ko erreserbarekin bat datorrena.

– Bideak berrantolatuz, handitu egin da eremuko espazio libreen (LJ) azalera, 1.527,70 m2-ko eta 1.236,70 m2-ko bi lurzatitan banatuta, hurrenez hurren.

– Bestalde, 455,20 m2 banaketa-bide gisa (VD) eta 1.138,00 m2 tokiko bide gisa (VL) antolatu dira.

Plan Berezia dagozkion eraikuntza-proiektuen eta urbanizazio-obra osagarrien bidez garatuko da.

Alternatibei dagokienez, 0 aukera edo esku-hartzerik eza aztertu da, eta garapenerako 1. eta 2. alternatibak. 1. alternatiba HAPOn eremurako ezarritako zehaztapenak aplikatzearen ondoriozkoa da, eta horrek haren kalifikazio xehatuari eustea ekarriko luke, baita biribilgunearen ondoko egungo espazio librea zeharkatuko lukeen bide-ardatz bat egikaritzea ere. Bestalde, 2. alternatiba bat dator Plan honetako proposamenarekin.

0 eta 1 alternatibak baztertu egin dira; batez ere, ez luketelako lurzoru industrialaren antolamendua optimizatzen utziko eta horrek zaildu egingo lukeelako eremuan jarduera berriak ezartzea, azken urteotan gertatzen ari den bezala. Planak 2. alternatibaren alde egin du, beraz.

B) Proposatutako Planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.3 artikuluarekin bat etorriz, lege horren II.C eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira; hain zuzen ere, Plana ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren mendean jarri behar den ala ez zehazteko.

1.– Planaren ezaugarriak, bereziki alderdi hauek kontuan hartuta:

a) Planak zenbateraino ezartzen duen proiektuetarako esparru bat: aurkeztutako dokumentazioaren arabera, Planak jasotzen dituen zehaztapenek ez dute baldintzatzailerik ezartzen, besteak beste, kokapen, ezaugarri, neurri edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legeetan zerrendatutako kategoriaren batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

b) Planak zer neurritan eragiten duen beste plan edo programa batzuetan, hierarkizatuta daudenetan barne: Planaren antolamendu-eremua globalki jarduera ekonomikoetarako kalifikatutako hiri-lurzorua da eta bizitegi-lurzoruak dituzten lursailak ditu mugakide, guztira 14.615 m2-ko azalerarekin. Eremu horretan, Cycobask enpresa zenaren pabiloia dago, zeina gaur egun ez baiten erabiltzen. Planak lurzatiaren kalifikazio eta antolamendu xehatua aldatzea planteatzen du, jarduera ekonomiko bat baino gehiago ezarri ahal izateko eta Irungo HAPOk antolatutako bidea egokitzeko. Planak, bere ezaugarriak kontuan hartuta, ez du beste plan edo programa batzuetan ingurumen-eragin nabarmenik izango. Ez da aurkitu bateraezintasunik hierarkikoki nagusia den plangintzarekiko.

c) Planaren egokitasuna ingurumen-alderdiak integratzeari dagokionez; bereziki, garapen jasangarria sustatzeko: Plana egokitzat jo da garapen jasangarria sustatzen duten ingurumen-alderdiak integratzeko. Aldez aurretik hiri-lurzoru gisa kalifikatutako lurzorua okupatzea dakar, eta garapen berriak aukera ematen du energia-aurrezpena eta -efizientzia sustatzeko neurriak jasotzeko.

d) Planari lotutako ingurumen-arazo nabarmenak: Plana gauzatzeak ez du ingurumen-arazo nabarmenik sortuko, betiere eragindako eremuan egin beharreko esku-hartzeak eta jarduerak gauzatzen badira besteak beste segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, hondakinen kudeaketari, kutsadura akustikoari, lurzoru kutsatuei eta kultura-ondarearen babesari dagokienez indarrean dagoen araudia betez.

e) Era berean, Plana egokitzat jotzen da Europar Batasuneko edo Espainiako ingurumen-legedia txertatzeko.

2.– Ondorioen eta eragina paira lezakeen eremuaren ezaugarriak:

Planaren antolamendu-eremuak Cycobask zenaren poligonoaren lurzatia eta haren lursail mugakideak hartzen ditu; hots, 14.615 m2-ko azalera, guztira. Irungo udalerriaren hego-mendebaldeko muturrean dago, eta hauek ditu mugakide: iparraldean eta ekialdean, herrigunea; hegoaldean, AP-8 autobidearen ezponda; eta mendebaldean, Mokozorrotz errekastoa.

Gaur egun erabiltzen ez diren Cycobask zenaren pabiloiek hartzen dute ia eremu osoa. Ildo horretan, eremuko ingurumen-balio garrantzitsuenak Mokozorrotz errekastoaren presentziara, mendebaldeko mugaren ondoan, eta errekastoaren bazterrean garatzen den ibaiertzeko landarediaren orla estura mugatzen dira.

Azterketa-eremua Kantauri Ekialdeko Mugape Hidrografikoari dagokion Bidasoaren Unitate Hidrologikoan dago. Eremutik kanpo, mendebaldeko mugan, Mokozorrotz errekastoa igarotzen da, zeinak AP-8 autobidea lurpean zeharkatzen duen, hegoaldean, eta eremuaren ondoan agerian jarraitzen duen, harik eta GI-2134 errepidearen biribilgunearen azpian lurperatzen den arte. Errekasto hori Jaizubia-A ur-masa gisa dago identifikatuta, 0 mailakotzat kategorizatzen du EAEko Ibai eta Errekak Antolatzeko Lurralde Plan Sektorialak, eta 1 eta 10 km2 arteko isurtze-arroa du. Tarte horretan, harri-lubetak ditu dago Mokozorrotz errekastoak bi ertzetan, eta harri-lubeta horien gainean daude eraikinak hartzen dituzten plataformak.

Eremua Zumaia-Irun lurpeko ur-masaren gainean dago, eta ez dago interes hidrogeologikoko inongo eremutan kokatuta. Kantauri Ekialdeko Mugape Hidrografikoko Plan Hidrologikoko Eremu Babestuen Erregistroaren arabera, eremua mantenugaien ekarpenarekiko sentikorrak diren eremuak hartzeko eremu batean dago, eta Mokozorrotz ibilgua babes bereziko ibai-tartetzat hartzen da, ingurumen motakoa, Irungo Bidasoa ibaia eta Bidasoaren ibaiadarrak izenarekin identifikatua (TIME01 kodea).

Eremua Irungo ikuspen-arroan dago kokatuta, oso paisaia-balio txikia du, eta oso arrunta da. Paisaia ez dago katalogatuta. Zehazkiago, eremuaren inguruan hiri- eta industria-osagaiak dituen paisaia nagusitzen da.

Eremua ingurune urbanizatu bat da, eta bertan dagoen landaredia eraikinaren ondoan eta GI-2134 errepidearen biribilgunearen aurrean dauden lorategi-espazioetara mugatzen da. Espazio horietan zuhaitz-aleak eta zuhaixka apaingarriak daude, funtsean. Bestalde, interes berezia du errekastoaren eskuinaldeko ezpondako landarediak, eremuaren barruan; bertan, ibaiertzeko basoko berezko hainbat espezie daude. Azkenik, adierazi behar da GeoEuskadin eskuragarri dagoen kartografiak eremuaren hegoaldean libre dauden lursailak intereseko habitat gisa identifikatzen dituela, altitude baxuko sega-belardi pobre modura (HIC 6510); hala ere, lursail horietan baratzeak eta txabolak daude gaur egun.

Mokozorrotz errekastoa arrain hiruarantzaren (Gasterosteus aculeatus) interes bereziko eremu gisa dago identifikatuta.

Ez dago interes geologikoko tokirik, ez eta naturagune babesturik, natura-intereseko beste espaziorik edo EAEko korridore ekologikoen sareko elementurik. Hezegunerik ere ez dago.

Bestalde, eremuan ez da kultura-ondasun izendatutako kultura-ondarearen elementurik identifikatu.

Ingurumen-arriskuei dagokienez, Mokozorrotz errekastoa, Bidasoa ibaiarekin eta haren ibaiadar nagusiekin batera, Irun-Hondarribia uholde-arrisku potentzial adierazgarria duen eremu gisa dago identifikatuta (ES017-GIP-BID-01 kodea). Eremuaren ondoko ibilguaren bideratze-maila handia dela eta, uholdeek urez bete ditzaketen lursailak errekastoaren egungo ibilgura mugatzen dira, eta ez da lurzatian eraginik identifikatzen.

Horrez gain, Planaren eremuan lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan jasotako lurzati bat dago, mota industrialekoa; 20045-00053 lurzatia, zehazki. Ingurumen Dokumentuan jasotako informazioaren arabera, 2014an zegozkion lanak egin ziren, eta Ingurumen Administrazioaren zuzendariaren 2015eko ekainaren 12ko Ebazpenarekin burutu ziren lanok. Ebazpen horren bidez, Cycobask SA enpresa zenak (Andrearriaga ibilbidea 37, Bentak industrialdea, Irungo udal-mugartea, Gipuzkoa) okupatutako kokalekuei dagokien lurzoruaren kalitatea adierazi zen, 1/2005 Legean (otsailaren 4koa, Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzekoa) xedatutako prozedurari jarraituz. Adierazpen horren arabera, erabilera «industrial» eta «urbanorako» eraldatutako lurzorua da, eta bateragarria da gaur egun hirigintza-plangintzan jasotako erabilera industrialarekin.

Beste arrisku batzuei dagokienez, oso baxua da eremuan dauden akuiferoek kutsaduraren aurrean duten zaurgarritasuna.

Egoera akustikoari dagokionez, gaur egungo zarata-iturri nagusiak AP-8 autobideko eta GI-2134 errepideko trafikoa, ADIF eta Euskotreneko trenbide-lineak, eremuarekin mugakide diren kaleak eta inguruko industriak dira. Horri dagokionez, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Zarataren Mapa Estrategikoen arabera, eremua AP-8 errepidearen zortasun akustikoko eremuaren barnean dago. Aurkeztutako azterketa akustikoaren emaitzen arabera, eremuan gainditu egiten dira B motako eremu akustikoetarako ezarritako kalitate akustikoko helburuak (industria-erabilerako lurzorua nagusi den lurralde-eremuak), gaur egun gau-garaian.

Deskribatutakoa kontuan hartuta, Planean biltzen diren jarduketen inpaktuak eraikinak eraistearen, urbanizatzeko obra osagarriak egitearen eta eraikin berriak eraikitzearen ondoriozkoak izango dira. Jarduketa horien ondorioak hainbat izango dira: lurzorua okupatzea; hondakinak, lur-mugimenduak eta soberakinak sortzea; makinen joan-etorriak, kalteak lurzoruetan istripuzko isurketengatik, emisio atmosferikoek eta akustikoek herritarrengan eragindako eragozpenak, eta abar.

Lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten edo izan dituzten lurzoruen inbentarioan sartutako lursailean egindako esku hartzeari jarraipen berezia egin beharko zaio, kutsatuta egon daitezkeen lurzoruak behar bezala kudea daitezen.

Proposatutako antolamenduak Mokozorrotz errekastoaren ertzaren ondoan okupaziorik gabeko zerrenda bat mantentzea aurreikusten du. Edonola ere, dagozkion neurriak hartu beharko dira arrain hiruarantzaren habitat potentzialari kalterik ez egiteko; besteak beste, lurrak mugitzean uren kalitatea murriztearen edo gerta daitezkeen istripuzko isurketen ondorioz.

Uholde-arriskuari dagokionez, gutxi dira urpean gera daitezkeen lursailak eta errekastoaren ibilgura mugatzen dira. A priori, ez da eremu horretan jarduketarik planteatzen, eta urbanizatutako eta eraikitako espazioetatik kanpo geratuko da; beraz, uste da Plana gauzatzeak ez duela arrisku hori areagotuko. Nolanahi ere, garapenean drainatze jasangarriko sistemak sartu beharko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Ibai eta Errekak Antolatzeko Lurralde Plan Sektorialaren E.4 epigrafearen eta Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamenduaren 126 ter artikuluaren 7. apartatuaren arabera.

Eremuaren ezaugarriak eta proposatutako jarduketak aintzat hartuta, eta betiere indarrean dagoen legeria betetzen bada, gehienbat natura-ondareari, zaratari, hondakinei eta isurketei buruzkoa, pentsatzekoa da eraginak txikiak izango direla.

Zaratari dagokionez, aurkeztutako azterlan akustikoaren emaitzei erreparatuta, ikusten da aurreikusitako etorkizuneko agertokian gainditu egiten direla etorkizuneko industria-erabilerarako eremuetarako ezarritako kalitate akustikoko helburuak (B motako eremu akustikoa), gaualdian, bai kanpoan, bai hegoaldera begira dagoen fatxadan. Alternatiba gisa, azterlan akustikoak AP-8tik urrutien dagoen eraikina kokatuz aztertzen ditu espero diren maila akustikoak; hala ere, lortutako emaitzak antzekoak izango lirateke, eta ez lirateke kalitate akustikoko helburuak betetzera iritsiko. Neurri zuzentzaile gisa, neurriz kanpoko neurritzat hartzen du fokua pantailaratzea, eta, beraz, eremua Babes Akustiko Bereziko Eremu izendatzea eta fatxadan isolamendu akustikoa betetzea planteatzen du.

Hori dela eta, ingurumen-dokumentu estrategikoak planteatzen dituen neurri zuzentzaileak eta jasangarritasun-neurriak aplikatuz gero, eta aurrerago zehazten diren prebentzio-, babes- eta zuzenketa-neurriak ere aplikatuta, ez da espero jarduketek ingurumenean inpaktu nabarmena izango dutenik, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitakoari jarraikiz.

3.– Ebazpen honetan, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, Planak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Cycobask – Irungo Bentak eremurako Hiri Antolamenduko Plan Bereziari dagokionez ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, betiere ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak txertatzen badira.

Neurri babesle eta zuzentzaileak indarrean dagoen araudiaren arabera ezarriko dira, Ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera eta, aurrekoaren aurkakoa ez den guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta Planean bertan adierazitakoaren arabera.

Aplikatzeko neurrien artean, Plana garatzeko proiektu eta jarduketen ondoriozkoak nabarmendu behar dira, obra-faseari eta jardueraren funtzionamendu-faseari lotutakoak. Besteak beste, neurri hauek hartu beharko dira:

– Hautemandako arriskuekin lotutako neurriak:

• Kutsagarriak izan daitezkeen kokapenen presentzia: lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten edo izan dituzten lurzoruen inbentarioan sartutako lurzatiko jarduketei dagokienez, 20045-00053 lurzoruaren kalitateari buruzko adierazpenean xedatutakoa beteko da. Adierazpen hori 2015eko ekainaren 12ko Ebazpenaren bidez eman zuen Ingurumen Administrazioko zuzendariak.

Kokalekuan une oro hormigoizko zola egongo dela bermatu beharko da, eta, kenduz gero, hasierako egoerara itzuli beharko da, edo, bestela, sortutako egoera berriarekin arriskuen analisia berregin beharko da.

Kokagunean materialak hondeatu behar izanez gero, hondeaketa-plan bat idatzi beharko da, ingurumen-organoak onartu beharrekoa. Plan horrek hondeatu beharreko materialak kudeatzeko bide egokia zehaztu beharko du, eta, kanpokoa bada, ezaugarritzearen bidez egin beharko du hori, aintzat hartuz 49/2009 Dekretua, otsailaren 24koa, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena.

Horrez gain, Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean xedatutakoa beteko da. Zehazki, Autonomia Erkidegoko ingurumen-organoari kontsulta egin beharko zaio, arrazoietan oinarritutako ebazpen baten bidez dagoen deklarazioaren baliozkotasunari buruzko irizpena eman dezan eta, hala badagokio, baliozkotasun horri eusteko baldintzak ezar ditzan.

• Uholde-arriskua: Planak kontuan hartu behar du Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoko Plan Hidrologikoaren araudian eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ibai eta Errekak Antolatzeko Lurralde Plan Sektorialeko E.2 apartatuan jasota dagoen uholdeen babesari buruzko berariazko araudian xedatutakoa, baita Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamenduaren 14 bis artikuluan jasotakoa ere.

EAEko Ibai eta Errekak Antolatzeko Lurralde Plan Sektorialaren E.4 epigrafean eta Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamenduaren 126 ter artikuluaren 7. apartatuan ezarritakoarekin bat etorriz, Planak drainatze jasangarriko hiri-sistemak jasoko ditu, hirigintza-garapen berria gauzatzearen ondorioz gerta litezkeen jariatze-uren gehikuntzak minimizatzeko.

• Ustiaketako zarata: Planean aurreikusitako etorkizuneko hirigintza-garapenak eremu akustiko horretan aplikatzekoak diren kalitate akustikoko helburuak bete beharko ditu, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko Dekretuaren (urriaren 16ko 213/2012 Dekretua) 31.2 artikuluan xedatutakoaren arabera.

Nolanahi ere, eraikinaren barnealdean kalitate akustikoaren helburuak betetzera bideratutako neurriak hartu beharko dira, eraikinaren erabileren eta motaren arabera. Fatxadaren isolamendu horiek behar bezala justifikatuta egon beharko dira eraikuntza-proiektuan.

Aldaketaren xede den lurzatia AP-8 errepidearen zortasun akustikoko eremuan dagoenez, azaroaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 30.3 artikuluarekin bat etorriz, «Zortasun akustikoko eremuan hiri-garapen bat egiten baldin bada, artikulu honetako 2. paragrafoan aipatutako ikerketa akustikoari buruzko agiriak bidali beharko dizkio toki administrazioak hiri-garapenaren titular den pertsonari edo erakundeari, betiere, dagokion hirigintza-tresna hasiera batez onartu aurretik. Aipatutako agiri horiek jaso ondoren, dekretu honetan aurreikusitako hots-kutsaduraren erregulazioari buruzko nahitaezko txostena egingo du hiri-garapenaren titularrak».

– Ingurune hidrikoa babesteko neurriak:

• Jabari publiko hidraulikoan edo zaintza-eremuan edozein obra edo lan egin aurretik, arroaz arduratzen den organismoaren administrazio-baimena eskuratu beharko da.

• Jabari Publiko Hidraulikoan eta hura babesteko zortasun-eremuan ahal dela ez da egingo zuzeneko afektaziorik, ez eta zeharkako afektaziorik ere, sor litezkeen solido esekien edo arrastatutako edo jariatutako kutsatzaileen ondorioz. Jalkitzeko eta iragazteko luzetarako hesiak jarriko dira, horien bitartez ingurune hidrikora askoz ekarpen solido gutxiago egiteko. Neurri horiek nahikoak ez badira, neurri gehigarriak diseinatuko dira, hala nola dekantazio-putzuak instalatzea.

– Intereseko landaredia babesteko neurriak:

• Mokozorrotz errekastoaren ertzeko landarediari eragitea saihestuko da. Obrak egiten hasi aurretik, zehaztasunez balizatuko dira afektazioetatik salbu geratu behar duten landareak, bai eta inausitako zuhaitzak ere, bota ez ditzaten. Zuzeneko okupaziorik aurreikusten ez den eremuetan ahal dela ez da landarerik moztuko, ez garbituko.

• Obrek kaltetutako eremuak leheneratzea: proiektua gauzatzearen ondorioz kaltetutako eremu guztiak leheneratuko dira. Landareztatze-lanak ahalik eta lasterren egingo dira, higadura-prozesuak, solidoak drainatze-sarera arrastatzea eta espezie aloktono inbaditzaileen kolonizazioa ekiditeko. Jasangarritasun-irizpideak lehenetsiko dira, espezie inbaditzaileak sartzeko arriskua gutxitzearren. Landareztatze- eta lorategi-lanetan, ez dira inola ere erabiliko inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak; esaterako, Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia eta Cortaderia selloana. Leheneratze-lanetan erabilitako landare-lurrak flora inbaditzaileko propagulurik ez duela bermatuko da.

• Gune libreen tratamendua: gune libreak landareztatzeko, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak egindako Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua argitalpenean jasotakoari jarraituko zaio. Espezie autoktonoak erabiliko dira; ibilguaren ondoan haltzadi kantauriarraren ezaugarriei emango zaie lehentasuna, eta eremuaren gainerako berdeguneetan, berriz, harizti baso mistoari.

– Beste prebentzio-neurri eta neurri zuzentzaile batzuk:

Aurretik adierazitakoari kalterik egin gabe, garapen-proiektuak gauzatzean aplikatu beharreko neurriak loturik egongo dira obrak egiteari, lurrak eta soberakinak kudeatzeari, hondakinak sortu eta kudeatzeari, induskatutako lurzoruak kontrolatzeari eta urak, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babesteari buruzko jardunbide egokien eskuliburuarekin. Planak azkenean onartzen dituen zehaztapenei erantsi beharko zaizkie horiek guztiak.

• Obrako langileek erabili beharreko jardunbide egokien eskuliburua. Gai hauei lotutako alderdiak izango ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, ur-isurketak saihestea, ahalik eta hauts eta zarata gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa duten jardunak minimizatzea, hondakinak kudeatzea eta abar.

• Planak proposatzen duen antolamenduaren ondoriozko obrak, bai eta lurzoruaren okupazioa dakarten gainerako eragiketa osagarriak ere, proiektua egikaritzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Kontratistaren instalazio-eremuak proiektatzerakoan –makineria-parkea, obra-txabolak, obrako materialak aldi baterako gordetzeko gunea etalandare-lurra eta hondakinak aldi baterako pilatzeko tokiak barne–, ingurumenari ahalik eta gutxien eragiteko irizpidea hartuko da kontuan.

• Hondakinak sortzea eta kudeatzea: Ekonomia zirkularrerako hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak xedatutakoaren arabera eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutakoaren arabera kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorritakoak barne.

Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak Eraikuntza- eta Eraispen-hondakinen kudeaketa arautzen duen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira olio erabiliak.

Obretan sortutako indusketa-soberakinak baimendutako soberakin-biltegira eramango dira, eta indarrean dagoen legerian ezarritakoaren arabera kudeatuko.

Irungo Udalari eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak detektatzearen ondoriozko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko Legearen (ekainaren 25eko 4/2015 Legea) 22.2 artikulua betez.

• Kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erratz-makinak erabiliko dira.

• Lurzoruak eta lurpeko urak babestea: prebentzio-neurriak eta neurri zuzentzaileak ezarriko dira obra-faserako, istripuzko isurien eragina saihesteko, bereziki makineria mantentzeko lanetan (material xurgatzaileak erabiltzea, isuriak eragindako lurrak kentzean eta kudeatzea, etab.). Pilaketa-eremuak, instalazio osagarriak edo makineria-parkea gainazal iragazgaitzetan kokatuko dira. Ahal dela, iragazgaiztu gabeko eremuetan ez da egingo makineria mantentzeko lanik.

• Obrako zarata: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko den makineria egokitu egin beharko da kanpoan erabiltzeko makineriaren emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko hainbat makinak ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatu egin du) eta arau osagarrietan ezarritakora.

Eguneko lan-ordutegian egingo dira obrak.

• Paisaian integratzea: ingurunearen ingurumen-ezaugarriak kontuan izanda, eta garapen berria inguruko paisaian integratzeko asmoz, zenbait eraikuntza-baldintza zehaztuko dira (materialak, koloreak, morfologia, altuerak, bolumenak, etab.), bat etorriko direnak inguruneko eraikinen eta estetikaren tipologiarekin.

• Eraikuntzaren jasangarritasuna: eraikuntza eta eraikingintza jasangarriagoak egiteko behar diren ezaugarriei dagokienez, eraikuntza jasangarrirako gidetan jasotako ingurumen-neurri eta -jardunbide egokiak erabiliko dira (https://www.ihobe.eus/argitalpenak), eraikinen aurrezpen eta efizientzia energetikoa eta energia berriztagarrien erabilera bultzatzeko. Neurriok, gutxienez, arlo hauetan izan beharko dute eragina:

* Materialak. Lehengai berriztaezinen kontsumoa murriztea.

* Energia. Energia-kontsumoa murriztea eta/edo energia gutxiago sortzea iturri berriztaezinen bidez.

* Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa murriztea.

* Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

* Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

* Barne-kalitatea. Barneko airearen kalitatea, konforta eta osasuna hobetzea.

Bigarrena.– Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta, betiere, Ebazpen honetan zehaztutako neurri babesle eta zuzentzaileak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten Cycobask - Irungo Bentak eremurako Hiri Antolamenduko Plan Bereziak ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren mende jarri behar.

Hirugarrena.– Irungo Udalari ebazpen honen edukiaren berri ematea.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Bosgarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-txosten estrategiko honek indarraldia galduko du eta berezkoak dituen efektuak izateari utziko dio, baldin eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondoren ez bada Cycobask – Irungo Bentak eremurako Hiri Antolamenduko Plan Berezia onartzen lau urteko epean. Kasu horretan, berriro eman beharko zaio hasiera Planaren ingurumen-ebaluazioaren prozedurari, ingurumen-organoari indarraldia luzatzeko eskatzen zaionean salbu. Hala gertatuz gero, ingurumen-organoak, hala badagokio, ingurumen-txosten estrategikoaren beste indarraldi bat xedatuko du, erregelamenduz ezarritako moduan.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko maiatzaren 20a.

Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala