Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

103. zk., 2022ko maiatzaren 30a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENERGIAREN EUSKAL ERAKUNDEA
2331

EBAZPENA, 2022ko maiatzaren 11koa, Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusiarena, Euskadiko toki-administrazio publikoaren sektorean energia berriztagarriak erabiltzeko eta energia-efizientziako inbertsioak egiteko aurrerakin itzulgarrien Gauzatu Energia programaren aurrekontu-zuzkiduraren gehikuntzari publizitatea ematen diona.

Euskadiko toki-administrazio publikoaren sektorean energia berriztagarriak erabiltzeko eta energia-efizientziako inbertsioak egiteko aurrerakin itzulgarrien Gauzatu Energia programaren oinarri arautzaileak onartu ziren, haien deialdia egin zen eta argitaratu ziren 2021eko abenduaren 30eko 261. EHAAn argitaratutako Energiaren Euskal Erakundearen zuzendari nagusiaren 2021eko abenduaren 13ko ebazpen bidez.

Gauzatu programaren 4. oinarrian aurreikusitakoari jarraikiz, programa horretarako zuzkidura ekonomikoa laurogeita hamar milioi (90.000.000) euro izango da, Eusko Jaurlaritzako aurrekontuetan xede horretarako ezarritako kredituaren arabera.

Lehengaien hornidura-merkatuetan bizi dugun egoera ekonomiko konplexuak eta, zehazki, 2021eko azken hiruhilekoko energia-merkatuetan bizi izan dugunak –intzidentzia bereziarekin 2022ko lehen hiruhilekoan–, Euskal Autonomia Erkidegoko energia-jasangarritasunari buruzko otsailaren 21eko 4/2019 Legean EAEko toki-administrazio publikorako ezarritako helburuak are gehiago indartzera garamatza, eta helburu horiexek dira, hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzak Gauzatu Energia programaren bidez bultzatu nahi dituenak. Horregatik, bizi duguna bezalako aurkako koiuntura batean, premiazkoa da aurrekontuak horretarako ahalbidetzen duen neurrian bizkortzea EAEko toki-administrazio publikoan aurrezpeneko eta energia-efizientziako neurrien nahitaezko ezarpena, baita energia berriztagarrien instalazioen ezarpena ere, erregai fosilen mendetasuna murriztea ahalbidetuko baitute, administrazio publiko horiek jasaten duten energia-kostua gutxituz horri esker.

Azaldutako guztia dela-eta, honako hau

EBAZTEN DUT:

Euskadiko toki-administrazio publikoaren sektorean energia berriztagarriak erabiltzeko eta energia-efizientziako inbertsioak egiteko aurrerakin itzulgarrien Gauzatu Energia programaren oinarri arautzaileak onartzen, deialdia egiten eta argitaratzen dituen 2021eko abenduaren 30eko 261. zenbakiko EHAAn argitaratutako Energiaren Euskal Erakundearen zuzendari nagusiaren 2021eko abenduaren 13ko ebazpen bidez deitutako laguntzei erantzuteko gehieneko aurrekontu-zuzkiduraren gehikuntzari publizitatea ematea.

Zuzkidura 10.000.000 euroan gehituko da, eta aurrerakin-programa honetarako zuzkidura ekonomikoa ehun milioi (100.000.000) euro izango da, Eusko Jaurlaritzako aurrekontuetan xede horretarako ezarritako kredituaren arabera. Horrela, finantzaketa-funtsaren zenbateko osoa, guztira, ehun milioi (100.000.000) euro izango da gehienez ere.

Bilbao, 2022ko maiatzaren 11.

Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusia,

IÑIGO ANSOLA KAREAGA.


Azterketa dokumentala