Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

103. zk., 2022ko maiatzaren 30a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

OSASUN SAILA
2329

EBAZPENA, 2022ko maiatzaren 16koa, Araubide Juridiko, Ekonomiko eta Zerbitzu Orokorretako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitara ematea Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearen eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren arteko hitzarmen bat, osasun-erakundeak unibertsitate-ikerketan eta -irakaskuntzan erabiltzea xede duena.

2022ko otsailaren 16an, hitzarmen bat izenpetu zuten Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateak eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak, osasun-erakundeak unibertsitate-ikerketan eta -irakaskuntzan erabiltzeko. Jarraian transkribatuta dago.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluak 2022ko urtarrilaren 27ko Erabakiaren bidez eman zuen baimena kontseilu horretako lehendakari eta Osasuneko sailburuak hitzarmen hori izenpetu zezan.

Orain argitara ematen da, behar den publikotasuna emateko, Osasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen martxoaren 23ko 116/2021 Dekretuaren 14.1.d) artikuluak zuzendaritza honi esleitzen dizkion eginkizunak baliatuz. Horrenbestez, hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren eta Euskal Herriko Unibertsitatearen artean izenpetutako hitzarmenaren bigarren eguneratzearen testua. Hitzarmen horrek helburutzat du osasun-erakundeak unibertsitate-ikerketan eta -irakaskuntzan erabiltzea (ikus eranskina).

Vitoria-Gasteiz, 2022ko maiatzaren 16a.

Araubide Juridiko, Ekonomiko eta Zerbitzu Orokorretako zuzendaria,

IÑAKI ARRIZABALAGA ORMAETXEA.

HITZARMENA, UNIVERSIDAD DEL PAÍS VASCO/EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEAREN ETA OSAKIDETZA EUSKAL OSASUN ZERBITZUAREN ARTEKOA, OSASUN ERAKUNDEETAKO INSTALAZIOAK IKERKETA ETA IRAKASKUNTZARAKO ERABILTZEA XEDE DUENA

Bilbao, 2022ko otsailaren 16a.

BILDUTA

Alde batetik, Eva Ferreira García andrea, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko errektorea, unibertsitatearen izenean eta ordezkari gisa.

Gotzone Sagardui Goikoetxea andrea, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren (aurrerantzean, Osakidetza) eta haren Administrazio Kontseiluaren presidentea.

Dagozkien karguen baitan eta bakoitzari eman zaizkion ahalmenak erabiliz esku hartzen dute, eta elkarri aitortzen diote hitzarmen hau izenpetzeko nahikoa lege ahalmena. Hori dela eta,

ADIERAZTEN DUTE

Lehenengoa.– Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateak eta Euskal Autonomia Erkidegoko titulartasun publikoko osasun erakundeek lankidetzan egiten dute lan ikasleak Osasun Zientzien arloetan prestatzeko. Lankidetza horren emaitzek gomendatzen dute arau esparru egoki bat garatzea horretarako, biztanleriaren asistentzia premiak kontuan hartuta, osasun zientzien arloan unibertsitateko irakaskuntza eta ikerketa programak garatzeko osasun sistemaren baliabide guztiak erabil daitezen, erraztasunak emanez Osakidetzako profesionalak unibertsitateko irakaskuntzan sar daitezen eta osasun arloetako Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle unibertsitarioen kidegoko irakasleak eta irakasle kontratatuak Osakidetzan sar daitezen.

Bigarrena.– Unibertsitateei buruzko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoak eta Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorrak, hasiera-hasieratik eta indarrean dauden idazketetan, unibertsitateen eta osasun erakundeen arteko etengabeko lankidetza agintzen dute, eta horren bidez, osasun sistemaren egitura asistentziala graduko eta graduondoko irakaskuntzan eta osasun langileen etengabeko prestakuntzan erabili nahi da; hartara, osasunaren langileek jasotzen duten prestakuntza guztia osasun sistemaren zerbitzu egituretan barneratu ahal izango da.

Hirugarrena.– Aipatutako Unibertsitateei buruzko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoaren xedapen gehigarriak ezartzen duenez, gobernuari dagokio, Hezkuntza, Kirol eta Kultura eta Osasun Ministerioek hala proposatuta eta Unibertsitateko Irakaskuntza Koordinatzeko Kontseiluaren aldez aurreko txostena edukita, unibertsitateen eta unibertsitateko irakaskuntza eman behar duten osasun erakundeen eta establezimendu sanitarioen arteko hitzarmenen araubidearen oinarri orokorrak ezartzea, irakaskuntza praktikoa bermatzeko Medikuntzan, Farmazian, Erizaintzan eta beharrezkoa duten beste osasun titulu batzuetan. Ezartzen du, halaber, oinarri orokor horietan autonomia erkidegoetako gobernu kontseiluen parte hartzea aurreikusiko dela unibertsitateek eta osasun erakundeek sinatzen dituzten hitzarmen singularretan.

Laugarrena.– Ildo beretik doa Lanbide Sanitarioen Antolamenduari buruzko azaroaren 21eko 44/2003 Legeak 11. eta 14. artikuluetan adierazitakoa, ezartzen baitu osasun sistemaren egitura asistentzial guztia horren beharra duten osasun ikerketarako eta osasun ikasketen irakaskuntzarako erabili ahal izango dela eta horretarako osasun hitzarmenak formalizatuko direla, ezartzen den araubide juridikoaren arabera.

Gaur-gaurkoz, unibertsitate ikasleen prestakuntza praktiken araubidea jasota dago unibertsitate ikasleen kanpoko praktika akademikoak arautzen dituen uztailaren 11ko 592/2014 Errege Dekretuan.

Bosgarrena.– Ekainaren 28ko 1558/1986 Errege Dekretuan ezarri ziren jada, gero testuan sartutako aldaketen bidez, unibertsitateen eta osasun erakundeen arteko hitzarmen araubidearen oinarri orokorrak, eta oinarri horiek 1987ko uztailaren 31ko Aginduan ezarritako aurreikuspenen bidez osatu ziren, bertan ezarri baitziren unibertsitateekin itunak egin nahi dituzten osasun erakundeek bete behar dituzten baldintzak.

Seigarrena.– Osasunari buruzko Lege Orokorraren 105. artikuluak, Euskal Unibertsitate Sistemari buruzko otsailaren 25eko 3/2004 Legeak eta UPV/EHUko irakasle-ikertzaile kontratatuen araubideari buruzko martxoaren 4ko 40/2008 Dekretuak plazak lotzeko araubidea aurreikusten dute, eta irakasle elkartuei, laguntzaileei, atxikiei edo agregatuei buruzko beste aipamen batzuk jasotzen dituzte.

Zazpigarrena.– Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzko ekainaren 26ko 8/1997 Legeak 31. artikuluan printzipio orokor gisa xedatzen du lankidetza bideak ezartzeko betebeharra, dena delako irakaskuntza egituren eta Euskadiko sistema sanitarioaren egitura asistentzial guztien artean, graduko eta graduondoko irakaskuntza eta osasun langileen etengabeko prestakuntza modu egokian garatzen direla bermatzeko.

Bestalde, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearen Estatutuek, bigarren xedapen gehigarrian, ezartzen dute UPV/EHUk hitzarmenak izenpetuko dituela osasun erakundeekin, irakaskuntza, asistentzia eta ikerketa xedeetarako.

Ekainaren 28ko 1558/1996 Errege Dekretuaren 4. artikuluko 3. apartatuaren 2. oinarrian aipatzen den batzordea eratu eta hainbat bilera egin ondoren, UPV/EHUk eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak hitzarmen hau sinatzea adostu dute, eta Unibertsitateko Gizarte Kontseiluak aldeko txostena eskuratu ondoren, Euskal Autonomia Erkidegoko Gobernu Kontseiluari helaraziko diote, jarraian aipatuko diren klausulen arabera.

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Helburua.

Hitzarmen honen bidez, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearen (aurrerantzean, UPV/EHU) eta Osakidetza Erakunde Publikoaren arteko lankidetza harremanak arautzen dira, Euskadiko osasun sistemaren egitura asistentziala irakaskuntza eta ikerketarako erabiltzen dela bermatzeko Erizaintza, Medikuntza, Farmazia, Odontologia, Psikologia, Fisioterapia eta Giza Nutrizioa eta Dietetika curriculum ikasketetan eta UPV/EHUk osasun zientzien edo osasun espezialitateen arloan eskainitako beste ikasketa batzuetan, bai graduko eta graduondoko ikasketetan bai langileen etengabeko prestakuntzan, betiere Osakidetzako plantilla estrukturalean eskatutako prestakuntza emateko langile kualifikatuak badaude.

Aurreko paragrafoan aipatutako UPV/EHUko ikasketak hitzarmen honen I. eranskinean zehazten dira. Hitzarmen honetan ikasketak sartzeko edo, hala behar bada, kentzeko, ez da beharrezkoa izango hura aldatzea; horrek, ordea, ez du eragotziko hamalaugarren klausulan aurreikusitako Batzorde Mistoaren aldez aurreko akordioa izatea eta I. eranskin eguneratuta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.

Hitzarmen honen helburu espezifikoak honako hauek dira:

1.– Irakaskuntza.

a) UPV/EHUko Erizaintza, Medikuntza, Farmazia, Odontologia, Psikologia, Fisioterapia eta Giza Nutrizioa eta Dietetika ikasketen eta osasun zientziei edo osasun espezialitateei lotuta egoteagatik haien beharra duten bestelako ikasketen irakaskuntzarako Osakidetzako zerbitzu erakundeen baliabideak ahalik eta gehien erabil daitezen sustatzea eta erraztea, bai gradu eta graduondokoetan, bai bi erakundeetako langileen etengabeko prestakuntzan, lehen klausulan adierazitako diziplina, irakasgai eta jarduera praktikoen prestakuntza planean; hala, erraztasunak emango dira langile horien eguneratzea eta kalitatea etengabe hobetzeko, bai eta haien kualifikazioa ere, irakaskuntzan, asistentzian eta/edo ikerketan.

b) Osasun langileen eta unibertsitate irakasleen kualifikazioa mailarik gorenean mantentzeko lankidetzan aritzea, haien eguneratzea eta birziklatzea zainduz eta haien kalitatea hobetuz irakasle eta profesional gisa.

c) Lankidetzaren bidez graduondoko irakaskuntza areagotzea, irakasleei eta asistentzia langileei doktorego programetan sartzeko erraztasunak emanez eta irakasle-ikertzaile unibertsitarioen plazak eskuratzeko beharrezkoa den akreditazioa lortzera bultzatuz.

d) Irakaskuntza praktikoa bultzatzea laborategiak edo simulazio ikasgelak batera garatzen eta erabiltzen.

e) Osasun Zientzietako tituluen irakaskuntza eskaintza bat erraztea eta sustatzea, Euskal Autonomia Erkidegoak datozen urteetan izango dituen osasun beharrei erantzuteko behar adina ikasle prestatuko dituena, Eusko Jaurlaritzak osasun arloko langileen premiei buruz ezartzen duenarekin bat etorrita eta UPV/EHUn eskuragarri dauden baliabideen arabera.

f) Osakidetzaren baliabideak UPV/EHUko ikasleen esku jartzea, klausula honen lehen paragrafoan aipatutako graduak eta graduondokoak lortzeko beharrezkoak diren lanak egin ditzaten, betiere Osakidetzak horretarako prestatuta dauden langileak baditu.

2.– Asistentzia.

a) Lankidetzan jardutea Osasun Zientzien arloko eta osasun espezialitateei lotutako bestelako unibertsitate ikasketak eta ikerketak osasun arreta etengabe hobetzeko erabil daitezen, osasun erakundeen funtzionamendu asistentzialaren unitatea zainduz une oro.

b) Asistentzia kalitate gorena unibertsitateko edo unibertsitateari lotutako osasun erakundeen kontsiderazioarekin bat datorrela aurreikustea, UPV/EHUren eragin eremuan.

c) Irakasleen ezagutza zientifikoak baliatzea ospitaleetan eta lehen mailako arretan asistentzia hobea emateko.

d) Osasun langileentzako unibertsitateko irakaskuntza eskaintza asistentzia premiei egokitzea, une oro indarrean den eskumenen esparruaren barruan, premia horiei erantzun ahal izateko orain eta etorkizunean.

3.– Ikerketa.

a) Osasun Zientzietako ikerketa bultzatzea, ikerketa unitateak batera garatuz eta erabiliz, edo ikerketa institutuak egiaztatzen badira, bi erakundeetako giza baliabideak eta baliabide materialak ahal bezain ongi erabili ahal izateko.

b) Ikerketa bokazioak piztea, osasun zentroetako langileei doktorego ondoko programetan parte hartzeko erraztasunak emanez.

Bigarrena.– Araubide juridikoa.

Hitzarmen hau bertan jasotako klausulek arautuko dute, eta klausula horietan aurreikusi gabeko alderdi guztiak, berriz, unibertsitateen eta osasun erakundeen arteko hitzarmenen araubidearen oinarri orokorrak ezartzen dituen ekainaren 28ko 1558/1986 Errege Dekretuak eta horrekin bat datozen gainerako xedapenek.

Hirugarrena.– Osasun erakundeen baldintzak.

1.– Ikasleen prestakuntza praktikoa osasun baliabide dibertsifikatuen bidez egiteari begira, Osakidetzak UPV/EHUren esku jarriko ditu ospitaleak, zerbitzuak eta erakunde sanitario integratuen (ESI) lehen mailako arretarako unitateak, baita hitzarmen honen helburuak betetzeko osasun edo asistentzia zerbitzuak emateko beste erakunde espezifiko batzuk ere, aldez aurretik Batzorde Mistoak hala adostuta, eta bermatuko du, halaber, hitzarmenaren baitan ituntzen direnek ekainaren 28ko 1558/1986 Errege Dekretuak, bere 4. artikuluaren 3. oinarrian, eta hura garatzeko araudiak ezarritako baldintzak betetzen dituztela.

Hitzarmen honen II. eranskinaren bidez, hitzartutako erakundeak ezarriko dira, eta eranskinean egiten diren aldaketak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira ere, Batzorde Mistoaren adostasuna jaso ondoren.

2.– Aurreko xedapenean ezarritakoaren arabera, dokumentu honen II. eranskinean jasota dauden Osakidetzako ESIetako laguntza erakundeak, ospitale zerbitzuak eta lehen mailako arretarako unitateak edo zentroak, beraz, hitzartuta geratzen dira lehen klausulan aipatutako UPV/EHUko ikasketei lotutako irakaskuntza, asistentzia eta ikerketa helburuei, beharrezkoak diren baldintzak betetzen dituztela egiaztatu ondoren. Haren erreferentzia ospitaleak eta lehen mailako arretarako unitateak edo zentroak unibertsitariotzat hartu ahal izango dira, ospitalea osorik hartzen denean edo haren asistentzia zerbitzu edo unitateen % 75. Bestela, unibertsitatera elkartutako ospitaleak edo lehen mailako arretarako unitate edo zentroak izango dira.

Barne hartuko dira, halaber, aurrerantzean sor daitezkeen Osakidetzaren asistentzia erakundeak, zeinak sortuko baitira Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren erakunde sanitario integratuei buruzko uztailaren 3ko 100/2018 Dekretuaren 30.4 artikuluan edo hura ordezkatuko duen araudiaren ezarritakoaren arabera, aldez aurretik Batzorde Mistoaren adostasuna edukita.

3.– Helburu berarekin, Osakidetzak bereak diren beste egitura batzuk eskaintzen ditu, zeinak UPV/EHU-Osakidetza Batzorde Mistoak zehaztuko baititu.

4.– Osakidetzak eta UPV/EHUk hitzartutako ospitale bakoitzean Ikerketa Unitate bat bultzatzeko konpromisoa hartzen dute, hargatik eragotzi gabe etorkizunean, bi aldeak ados jarrita, beste ikerketa ekintza batzuk eta/edo prestakuntza edo bestelako lankidetza hitzarmenak bultza daitezen ikerketari lotutako beste erakunde batzuekin, euskal osasun publikoaren arloan.

5.– Klausula honetan aipatutako Osakidetzaren asistentzia erakundeen irakasgune guztiak edo aurreko 2. atalaren arabera sartzen diren irakasgune berriak UPV/EHUri lotuta egongo dira, eta bertako ikasleen prestakuntza bermatuko dute, I. eranskinean aipatutako ikasketak emateko.

Unibertsitate ospitaleak ezingo dira lotuta egon hitzarmen baten bidez unibertsitate bati baino gehiagori, titulu bera emateko, salbuespenezko egoeretan izan ezik, non hasierako hitzarmena duen unibertsitateak ados egon beharko baitu unibertsitate ospitale horren jarduera beste unibertsitate batera edo batzuetara zabaltzearekin. Edonola ere, hitzarmen espezifiko baten bidez lotutako unibertsitatekoak ez diren beste unibertsitate bateko ikasleek praktika akademikoak egin ahal izango dituzte, lotutako unibertsitateak baimendu ondoren.

Laugarrena.– Hitzartutako zerbitzuak eta sekzioak.

Hitzarmen honetan aurreikusitako helburuak betetzeko eta lehen klausulan aipatzen diren ikasketetako ikasleen kopurua eta haien indarreko ikasketa planak eta irakaskuntza programa espezifikoak kontuan hartuta, II. eranskinean zerrendatzen diren osasun erakundeetako zerbitzuak eta sekzioak hitzartzen dira, eta dagozkien unibertsitate sailei atxikitzen zaizkie, funtzionalki, dagozkion irakaskuntza ondorioetarako, ekainaren 28ko 1558/1986 Errege Dekretuaren 4. artikuluaren seigarren oinarriak ezarritakoarekin bat etorrita. Zerbitzu eta sekzio horiek eratzen dute, hain zuzen, hitzarmen honetan, kasuaren arabera, elkartzen edo lotzen diren espezialitateen eta jakintza arloen katalogo osoa. Edonola ere, korrelazio horrek lotuta egon beharko du, alde batetik, ikasketa planetan diziplinen arabera ezartzen diren irakaskuntza premiei, eta, bestetik, Osakidetzako plantilla estrukturalean eskatutako prestakuntza emateko langile kualifikatuak izateari.

Bosgarrena.– Lotutako lanpostuak.

1.– Osasunari buruzko Lege Orokorraren 105. artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorrita eta hitzarmen honen lehen klausulan aipatutako UPV/EHUren irakaskuntza eta ikerketa helburuak bermatze aldera, UPV/EHUko irakasle-ikertzaileen kidegoen plantillako irakasle lanpostuei eta irakasle agregatu eta osoen lanpostuei lotuta geratzen diren osasun erakundeetako laguntza plazak III. eranskinean zerrendatutakoak dira, Batzorde Mistoak etorkizunean egin ditzakeen aldaketak ezertan eragotzi gabe.

Plaza horien lotura hitzarmen honetan adierazitako irakaskuntza eta asistentzia unean-uneko premien menpe egongo da; hortaz, hura betetzen ari den pertsonak UPV/EHUrekin edo osasun erakundearekin duen enplegu harremana eteteak edo haren egoera juridikoa aldatzeak ez dio halabeharrez eragin beharko lotura horri.

Profesionalak lotutako plazan egindako berezko irakaslanaren amaiera Batzorde Mistoak onartuko du, eta hitzarmen hau sinatzen duten bi aldeei jakinaraziko zaio, ondorioak edukita Batzorde Mistoaren bileraren hurrengo hilabetearen lehen egunetik.

2.– Unibertsitate plazak asistentzia zerbitzuei lotzen zaizkie, eta ez dago korrespondentziarik irakaskuntza-asistentzia maila profesionalen artean.

3.– Gerta daitezkeen unibertsitate edo asistentzia promozioak arlo bakoitzaren araudien arabera egingo dira, eta promozio prozesu horietan aintzat hartuko dira beste arloan egiaztatutako merezimenduak.

4.– III. eranskinean sartutako plaza guztiek UPV/EHUko lanpostuen zerrendan eta Osakidetzaren plantilla estrukturalean agertu beharko dute.

5.– Ekainaren 28ko 1558/1986 Errege Dekretuak eta urriaren 11ko 1652/1991 Errege Dekretuak ezarritakoarekin bat etorrita, plaza bat, lotua denean, lanpostu bakartzat hartuko da, eta hura betetzen duenak irakaskuntza, ikerketa eta asistentzia funtzioak bete beharko ditu lanaldi berean, aipatutako errege dekretuetan ezarritako baldintzetan, edo etorkizunean zehaztuko direnetan ezarritako baldintzetan, abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoaren 7. xedapen gehigarrian ezarritakoa aplikatuta.

6.– Lotutako lanpostua duen irakaslearen arduraldi araubidearen izena bat etorriko unibertsitateko irakasle kidegoko irakasleentzat ezarritakoarekin. Horrenbestez, bi arduraldi araubide egongo dira, baina bi kasuetan lanaldia osasun publikoko zentroetan asistentzia plaza esklusiboa duten langileentzako ezarritako berbera izango da.

a) Denbora osoan: arduraldi esklusiboa osasun eta irakaskuntza sistema publikoetan.

b) Denbora partzialean: ez du eskatzen arduraldi esklusiboa osasun eta irakaskuntza sisteman publikoetan; beraz, irakasle eta asistentzia lana bateragarria da sektore pribatuan zerbitzuak ematearekin.

7.– Lotutako lanpostu batean lan egiten duen langile baten lanaldiaren asteko orduen kopurua ekainaren 28ko 1558/1986 Errege Dekretuan edo araudi aplikagarrian ezarritakoa izango da, honako hauen arabera:

a) Astean soilik irakaskuntzarako sei ordu gehienez, irakaskuntza arautuaren aldian, eta horien barruan irakaskuntza teorikoa eta praktikoa sartu ahal izango da. Irakasleek esleitzen zaizkien ikasleen irakaskuntza-ikaskuntza prozesuaren erantzukizuna hartuko dute bere gain. Irakaskuntza arautuaren aldia ikasturte hasieran hasiko da (iraileko lehen astea) eta irakasgaiaren ebaluazio prozesua amaitzean (uztaileko bigarren astea) bukatuko da, tituluan onartutako egutegi akademikoaren arabera. Aldi horretatik Gabonetako oporraldiari dagozkion bi asteak kendu behar dira.

b) Astean gehienez hiru ordu ikasleei laguntza eta tutoretza emateko, irakaskuntza arautuaren aldian, eta itunpeko osasun erakundean egin ahal izango dira.

c) Astean osasun asistentziako hogeita bost ordu gutxienez, dagokion erakundean. Ordu horien barruan sar daitezke, halakorik bada, asistentzia jarduera inplikatzen duten praktika klinikoaren irakaskuntza eta ikerketa funtzioa. Irakaskuntza praktikoak berekin ekarriko du, nolanahi ere, irakasleak erantzukizun zuzena izatea esleitzen zaizkion ikasleen ikaskuntza klinikoan.

d) Legez ezarritako asteko lanaldiaren gainerako orduak, bai eskolaldian bai eskolalditik kanpo, asistentzia jarduera ez dakarren ikerketa jarduerari eskainiko zaizkio, baita, hala behar bada, irakaskuntzaren eta asistentziaren arloetan betetzen ari diren karguari edo lanpostuari dagozkion kudeaketa eta administrazio zereginei ere.

Irakaskuntza, asistentzia eta ikerketa funtzio guztiak lanaldi berean garatuko dira. Edonola ere, aurreko puntuetan ezarritako tarteen barruan, Batzorde Mistoak, hala badagokio, aurreko puntuetan aipatzen diren jarduerak koordinatzeko formulak ezarriko ditu, unibertsitatearen eta osasun erakundearen irakaskuntza, asistentzia eta ikerketa premien arabera.

8.– Lotutako irakasleek eman beharreko eskola teorikoak, ahal dela, lanaldiaren lehen eta azken orduetan egingo dira, edo haien asistentzia jardueran interferentzia txikiena eragiten duten orduetan.

Era berean, osasun erakundeak, hala behar denean, beharrezkoak diren bitartekoak emango ditu, irakasleak asistentzia jarduera bere irakaskuntza eta ikerketa konpromisoekin uztartzeko aukera izan dezan.

9.– Klausula honen 1. atalean aipatzen diren lotutako lanpostuak betetzeko, aintzat hartuko da urriaren 5eko 1313/2007 Errege Dekretuan eta Unibertsitateei buruzko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoa (apirilaren 12ko 4/2007 Lege Organikoak aldatua) garatzeko gainerako xedapenetan ezarritakoa, eta irakasle kontratatu doktoreen plazak, berriz, dagozkien arauen arabera beteko dira.

10.– Hitzarmen honetan aipatutako lotutako lanpostuak betetzeko ezinbesteko baldintza izango da horietako bakoitzerako eskatutako espezialitatearen titulua edukitzea.

11.– Behin plaza horiek adjudikatuta, hura betetzen duen pertsonak UPV/EHUko irakasle eta dagokion osasun erakundearen asistentzia langile izateari datxezkion eskubideak eta betebeharrak izango ditu, aplikagarria zaion araubide juridikoaren arabera.

12.– Oporren, lizentzien eta abarren araubidea UPV/EHUko lan baldintzak arautzen dituen araudian ezarritakoa izango da. Hala ere, zerbitzuak ematen dituen osasun erakundeak aldez aurretik aldeko txostena eman beharko die aurkeztutako eskabideei.

13.– Asistentzia plaza bat betetzen ari diren irakasleak ordezteko, irakaskuntza jarduerarako bitarteko langileak kontratatuko dira lanaldi partzialeko erregimenean, eta dagokion asistentzia jarduera garatzeko, berriz, osasun langileak, eta gerta daiteke irakaslea soilik bere funtzioetako batean ordezkatzea.

14.– Diziplina araubidea, oro har, UPV/EHUko irakasleentzat ezarriko da, baina horrek ez du eragotziko espedientearen instrukzioan beharrezkoak diren neurriak hartzea lanpostuari dagozkion funtzio guztiak aintzat hartuta; hots, irakaskuntza, ikerketa eta asistentzia funtzioak.

15.– Bateragarritasun espedienteak UPV/EHUko organo eskudunak ebatziko ditu. Espediente hori ebazteko, txostena eskatuko zaio Osakidetzaren agintaritza eskudunari.

16.– Lotutako lanpostu bat betetzen duten langileen erretiroa unibertsitateko araudi espezifikoan aurreikusitakoaren arabera egingo da.

17.– Asistentzia jardueraren atxikipena hasierakoa ez den Osakidetzaren beste osasun erakunde batera aldatzeko, beharrezkoa izango da Batzorde Mistoaren onarpena.

Seigarrena.– Osasun Zientzietako irakasle elkartuak.

1.– Era berean, helburu berberarekin eta Osasunari buruzko Lege Orokorraren 105. artikuluan eta ekainaren 28ko 1558/1986 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera, hitzarmen honek UPV/EHUko plantillako irakasle elkartuen kopurua ezartzen du, eta plaza horiek hitzartutako osasun erakundeetako langileek bete beharko dituzte nahitaez, IV. eranskinean ezarritako baldintzetan.

Osasun erakundeak, irakasle elkartuen asistentzia betebeharren barruan, lan baldintza zehatzak emango ditu, irakasle horiek irakaskuntza lana egiteko aukera izan dezaten.

2.– Irakasle elkartuen plazak UPV/EHUko lanpostuen zerrendan agertuko dira, eta kopuru hori ez da aintzat hartuko Unibertsitateei buruzko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoaren 48. artikuluaren 1. apartatuaren bigarren paragrafoan ezarritako portzentajearen ondorioetarako.

3.– Irakasle elkartuak urtebeterako kontratatuko dira, dagokion lehiaketa publikoaren bidez, eta kontratuak iraupen bereko aldiez berritu ahal izango dira, 3 urteko mugarekin.

Aurrekoa ezertan eragotzi gabe, hautagaiak hurrengo kontratazioak eskuratzeko aukera izango du, behin irakasle elkartuaren postua deituta.

Batzorde Mistoak protokolo bat adostuko du, Osakidetzako asistentzia lanaren eta UPV/EHUko irakaskuntza lanaren arteko bateragarritasunaren tramitazioa errazteko eta bizkortzeko.

4.– Kontratuak luzatzeko, ikasturte akademiko bakoitza amaitzean, hamalaugarren oinarrian aipatzen den Batzorde Mistoak, prozedura objektiboen arabera eta plaza atxikita duen sailaren txostena jaso ondoren, irakasle elkartuen erregimenean kontratatutako langileen asistentzia eta irakaskuntza errendimendua ebaluatuko du, eta, ebaluazioa kontrakoa bada, kontratua ez luzatzea proposatu ahal izango dio UPV/EHUri.

Edonola ere, irakasle elkartuak lanpostua utziko du, baldin eta, edozein arrazoirengatik, hitzartutako osasun erakundean betetzen duen laguntza plaza uzten du.

5.– IV. eranskinean aipatutako irakasle elkartuen plazen deialdiak hitzartutako osasun erakundeko osasun langileen arteko merezimendu lehiaketaren bidez ebatziko dira, UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak onartutako baremoaren arabera, hamalaugarren oinarrian aipatzen den Batzorde Mistoak hala proposatuta.

6.– UPV/EHUk irakasle elkartuko erregimenean eta denbora partzialean kontratatzen duen itunpeko zentroetako osasun langileak lan kontratupeko irakasle-ikertzaileei dagokien hitzarmen kolektiboan ezarritako ordainsaria jasoko du.

7.– Ekainaren 28ko 1558/1986 Errege Dekretuak edo abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoaren 7. xedapen gehigarrian ezarritakoa aplikatuz etorkizunean zehaztuko denak ezarritakoaren arabera, irakasle elkartu gisa kontratatutako asistentzia langileek lanaldi berean garatuko dituzte beren irakaskuntza eta asistentzia lanak.

8.– Osasun Zientzietako irakasle elkartu baten lanaldiaren asteko orduen kopurua ekainaren 28ko 1558/1986 Errege Dekretuan edo araudi aplikagarrian ezarritakoa izango da, honako hauen arabera:

a) Astean soilik irakaskuntzarako hiru ordu gehienez, irakaskuntza arautuaren aldian, eta horien barruan irakaskuntza teorikoa eta praktikoa sartu ahal izango da. Irakasleek esleitzen zaizkien ikasleen irakaskuntza-ikaskuntza prozesuaren erantzukizuna hartuko dute bere gain. Irakaskuntza arautuaren aldia ikasturte hasieran hasiko da (iraileko lehen astea) eta irakasgaiaren ebaluazio prozesua amaitzean (uztaileko bigarren astea) bukatuko da, tituluan onartutako egutegi akademikoaren arabera. Aldi horretatik Gabonetako oporraldiari dagozkion bi asteak kendu behar dira.

b) Astean gehienez hiru ordu ikasleei laguntza edo tutoretza emateko, irakaskuntza arautuaren aldian, eta itunpeko osasun erakundean bete ahal izango dira.

c) Legez ezarritako asteko lanaldiaren gainerako orduak asistentzia lanari eskainiko zaizkio, eta horien barruan sartuko dira ere irakaskuntza praktikoaren orduak, eta horrek irakasleen erantzukizun zuzena eskatu du, esleitzen zaizkien ikasleen ikaskuntza klinikoan.

Irakasle elkartu gisa kontratutako asistentzia langileak bere irakaskuntza eta asistentzia funtzioak beteko ditu legez ezarritako lanaldi beraren barruan (lanegun berean).

9.– Irakasle elkartuek eman beharreko eskola teorikoak, ahal dela, lanaldiaren lehen eta azken orduetan egingo dira, edo haien asistentzia jardueran interferentzia txikiena eragiten duten orduetan.

10.– Irakasle elkartuen egoera irizpide garrantzitsu gisa hartu behar da osasun langileen ibilbide profesionalaren maila ebaluatzean.

11.– Osakidetzak, bere asistentzia langileen mugikortasun sistemen esparruan, irakasle lanpostuak lortzeko behar diren merezimenduak kontsideratuko ditu.

12.– Baldin eta, klausula honetan aurreikusitako irakasle elkartuetako batek UPV/EHUko irakasle funtzionario edo irakasle iraunkor plaza bat lortzen badu lehiaketa bidez eta plaza hori aurrez lotuta ez badago, lotuta egotera pasatuko da, aldez aurretik Batzorde Mistoaren akordioa edukita eta hitzarmen honen bosgarren klausulan aurreikusitakoaren arabera, betiere laguntza eta irakaskuntza premiek hala gomendatzen badute, eta, hortaz, irakasle elkartuaren kontratua amortizatu egingo da.

13.– Batzorde Mistoak neurri zehatzak hartuko ditu irakasle elkartuen ibilbide akademikoaren garapena sustatzeko; bereziki, irakasle eta ikertzaile profila duten pertsonen artean.

Zazpigarrena.– Asistentzia eta irakaskuntza plangintza.

1.– Irakaskuntza, ikerketa eta asistentzia lanen arteko koordinazioa ahal bezain bestekoa izan dadin eta asistentzia lanaren premiazko izaera egoki errespetatu dadin, hitzartutako osasun erakundeetan beharrezkoak diren azpiegiturak egokituko dira helburu horietarako (ikasgelak, etab.), hitzartutako osasun erakundeek bete behar dituzten irakaskuntza eta ikerketa premiekin bat etorrita.

2.– UPV/EHUk eta osasun erakundeek Osakidetzak bete beharreko irakaskuntza eta ikerketa premien arabera hitzartutako zerbitzuak berrikusteko konpromisoa hartzen dute.

3.– Hitzartutako erakunde batean ikasketak jasotzen dituzten ikasleek bi erakundeen funtzionamendu eta diziplina arauak bete beharko dituzte. Edonola ere, UPV/EHUk hitzartutako erantzukizun zibileko polizaren estaldura izango dute, praktikak egin bitartean sor ditzaketen kalteak estaltzeko.

4.– UPV/EHUk hitzartutako osasun erakundeen aretoak erabiliko ditu hitzarmen honetan ezarritako helburuetarako, erakundeen barne funtzionamenduko araudiek ezarritako mugen barruan.

5.– Halaber, beharrezkoa den azpiegitura bermatuko da ikasleek, besteak beste, atsedenlekuak, armairuak, aldagelak, jantokiak eta kafetegia erabiltzeko aukera izan dezaten. UPV/EHU ikasleen uniformetasunaz eta identifikazioaz arduratuko da, osasun zentroaren zuzendaritzak xede horrekin ezarritako araudiekin bat etorrita.

6.– Bi erakundeen zerbitzuak –daudenak edo sortu berriak– erabiliko direla bermatuko da, osasun zentroko langileen, irakasleen eta ikasleen irakaskuntza, asistentzia eta ikerketa beharrei erantzuteko (liburutegia, trebetasun laborategia, informatika gelak, etab.).

Zortzigarrena.– Irakasle-ikertzaile lankidetzaren akreditazioa.

1.– Ekainaren 28ko 1558/1986 Errege Dekretuaren ildo orokorren arabera, zerbitzu guztiak osorik hitzartu beharko dira.

Unibertsitate irakaskuntzan izandako lankidetza lanaren aitortzan, UPV/EHUrekin zerbitzu harremanik ez duten eta irakaskuntza horretan parte hartzen duten osasun profesionalek UPV/EHUko «Prestakuntzarako kolaboratzaile akademikoa» edo «Praktiketako begirale» aitortza jasotzeko eskubidea izango dute (venia docendi-a onartuta).

Horretarako, Batzorde Mistoak aitortza hori eskuratzeko irakaslanak ezarriko ditu.

Aitortza horiek UPV/EHUk egingo ditu, figura horiek arautzen dituen araudiaren arabera, eta merezimendutzat hartuko dira hitzarmen honen seigarren klausulan aipatutako Osasun Zientzietako irakasle elkartuko plazak eskuratzeko baremoen balorazioan; horrez gain, UPV/EHUk eskainitako zerbitzuak eskuratzeko eta prestakuntza programetara sartzeko lehentasuna izango dute, eta baloratu egingo dira ere barne promozioko lehiaketetan eta ezartzen diren sustapen profesionaleko mekanismoetan.

Horrez gain, atal honetan aipatutako langileek aitortza hori aipatu ahal izango dute beren argitalpen edo komunikazio zientifikoetan.

2.– Era berean, Osakidetzak eta UPV/EHUk Osasun Zientzietako egoiliarren irakaskuntza jarduera praktikoetan kolaboratzeko aukera emango dute, egoitzaren hirugarren urtetik aurrera, betiere horien ardura duen irakasleak gainbegiratuta; UPV/EHUk lan horren gaineko ziurtapena egingo du.

3.– Lotutako irakasleek zuzendutako ikerketetan parte hartzen duten eta itunpeko zerbitzuetan kontratatuta dauden ikertzaileek UPV/EHUko ikertalde batean sartzeko aukera izango dute.

Bederatzigarrena.– Ordainsariak.

1.– Lotutako lanpostu bat betetzen duten langileek UPV/EHUk ordainduko duen nomina bakar batean jasoko dituzte beren ordainsari guztiak.

2.– Langile horiek, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko langileen lan baldintzen gaineko akordio arautzaileak ezarritako ordainsariez gainera, urriaren 17ko 209/2006 Dekretuan araututako gehigarrizko ordainsari osagarriak jasoko dituzte, martxoaren 4ko 41/2008 Dekretuaren Bigarren Xedapen Gehigarrian ezarritako proportzioan, Ibilbide Profesionalari dagozkion osagarrien ordainketa osorik barne hartuta.

3.– Lotutako lanpostu bat betetzen duten eta denbora osoko arduraldi erregimenean zerbitzuak ematen dituzten langileak, lan kontratudunak edo funtzionarioak izan, jarraian aipatutako ordainsari osagarriak ere jaso ahal izango dituzte, hala dagozkienean:

a) Kargu akademikoak betetzeagatiko osagarria.

b) Irakaskuntzako merezimenduen osagarria (bosturtekoak).

c) Ikerketako merezimenduen osagarria (seiurtekoak).

4.– UPV/EHUk irakasle elkartuko erregimenean eta denbora partzialean kontratatzen dituen hitzartutako erakundeetako osasun langileek lan kontratupeko irakasle-ikertzaileei dagokien hitzarmen kolektiboan ezarritako ordainsaria jasoko dute.

Hamargarrena.– Laneko prebentzio eta osasun araubidea.

1.– Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legearen 24. artikulua garatzen duen urtarrilaren 30eko 171/2004 Errege Dekretuan aurreikusitako lankidetza betebeharra betez, enpresa jardueren koordinazioari dagokionez, Osakidetzak eta UPV/EHUk, lehentasunezko koordinazio bitarteko gisa, aipatutako Errege Dekretuaren 11. artikuluaren a) eta d) apartatuetan aurreikusitakoak ezartzeko konpromisoa hartzen dute; hau da, informazioa eta komunikazioak trukatzea, eta jarraibideak eta jarduteko protokoloak edo prebentzio neurriak ezartzea hitzartutako langileentzat.

Hamaikagarrena.– Unibertsitateko graduondoko prestakuntza.

1.– UPV/EHUk graduondoko programetan gutxieneko plaza batzuk gorde ahal izango ditu ikasturte bakoitzeko, ahal dela arduraldi partzialekoak, hitzartutako osasun erakundeetako osasun langileentzat, baldin eta irakasle kontratua badute edo graduondoko prestakuntza egiten ari badira. UPV/EHUk plaza horiek erabili ahal izango ditu, matrikula epea amaitu ondoren eskatu ez badira.

2.– UPV/EHUk hitzarmen honetako osasun erakundeetako osasun langileak baliozkotu ahal izango ditu, baldin eta espezialista titulua badute eta irailaren 28ko 822/2021 Errege Dekretuak aipatutako mintegi, ikastaro eta doktorego programei lotutako prestakuntza programa espezializatu bat egin badute; aipatutako Errege Dekretu horrek unibertsitate ikasketen antolamendua eta haien kalitatea ziurtatzeko prozedura ezartzen ditu, ekainaren 28ko 1558/1986 Errege Dekretuaren bigarren apartatuaren hamaikagarren oinarrian ezarritako baldintzetan.

Hamabigarrena.– Batzordeak.

Honako batzorde hauek eratuko dira:

a) UPV/EHU-Osakidetza Batzorde Mistoa.

b) Ospitale Batzordeak eta Zerbitzu Erakundeetakoak eta hitzartutako gainerako egituretakoak.

Hamahirugarrena.– UPV/EHU-Osakidetza Batzorde Mistoa.

1.– UPV/EHU-Osakidetza Batzorde Mistoaren erantzukizuna da hitzarmena betetzen eta aplikatzen dela zaintzea, eta osasun arloan irakaskuntza, asistentzia eta ikerketa lana planifikatzeko gaitasuna izango du.

2.– Batzordea honako hauek osatuko dute: UPV/EHUk izendatutako 4 kide, ahotsa eta botoa dutenak, Unibertsitate gaietan eskumena duen Eusko Jaurlaritzaren Sailak izendatutako kide bat, ahotsarekin baina botorik gabe, Osakidetzak izendatutako 3 kide (bi ahotsa eta botoa dutenak eta bat botorik gabe), eta Osasun gaietan eskumena duen Eusko Jaurlaritzaren Sailak izendatutako kide bi (ahotsa eta botoa dutenak), eta horien guztien ordezkoak ere. Erakunde bakoitzak bere ordezkaria zehaztuko du ezarritako irizpideen arabera.

3.– Batzordeburua ahotsa eta botoa duten zortzi batzordekideetako bat izango da, eta bi ikasturtez bete beharko da kargu hori, irailaren 1ean hasi eta abuztuaren 31ra arte. Batzordeburutza txandaka beteko dute hitzarmen hau sinatzen duten bi erakundeek.

Lehen txanda UPV/EHUri egokituko zaio, eta hitzarmen hau sinatzen denean hasiko da. Batzordeburua automatikoki berrituko da aldi bakoitzaren amaieran.

4.– Batzordeak ahots eta botorik gabeko idazkari baten laguntza jasoko du, eta batzordeburuaren erakundeak hautatuko du. Idazkariak bileretako akta egingo du, eta dokumentazio guztia zainduko du.

Dagokion aldian Batzorde Mistoko idazkaria ez den pertsonak, dagokion erakundea ados egonez gero, unean uneko idazkariarekin lankidetzan jarduteko aukera izango du, Batzorde Mistoan aztertu beharreko gaiak behar bezala koordinatzeko. Edonola ere, batzordeko idazkaria dagokion aldian izendapen hori jaso duen pertsona izango da.

5.– Batzordea eskolaldian urtean bi aldiz bilduko da gutxienez eta, horrez gain, aldeetako batek justifikatutako arrazoiengatik eskatzen duenean.

Batzorde Mistoak, akordio bidez, osaera parekideko azpibatzordeak eratu ahal izango ditu, bere funtzioak, bereziki koordinazioari lotutakoak, garatzeko; hala, bere eskumenen barruan, azpibatzorde horri proposamenak, planak, memoriak, azterlanak, irizpenak eta antzeko zereginak prestatzeko, aztertzeko eta egiteko eskatu ahal izango dio. Edonola ere, haien erabakiak, eraginkorrak izateko, Batzorde Mistoak berretsi beharko ditu.

Batzorde Mistoa eta, halakorik balego, azpibatzordeak eratuko dira, deialdiak eta bilerak egingo dituzte, erabakiak hartuko dituzte, eta urrunetik aktak igorriko dituzte, indarrean den araubide juridikoarekin bat etorrita.

Batzorde Mistoak, halaber, Osakidetzako plantillako pertsona bat izendatu ahal izango du, erakunde horren eta UPV/EHUren arteko solaskide lanak egiteko, hitzarmen honen lehen klausulan aipatutako ikasketen graduko eta graduondoko prestakuntzari lotutako gaietan.

6.– Batzordea behar bezala eratzeko, beharrezkoa izango da aldez aurretik deialdia egitea, eta bileran parte hartzea, aurrez aurre edo urrunetik, batzordeburuak, idazkariak, edo haien ordezkoek, eta, gutxienez, batzordekideen erdiak, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 17.2 artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

7.– Batzordeak, oro har, bertaratutako batzordekideen bi herenen aldeko botoekin hartuko ditu erabakiak.

8.– Batzordeak honako funtzio hauek izango ditu:

a) Hitzarmena behar bezala aplikatzen eta interpretatzen dela zaintzea eta, unibertsitate eta osasun araudiak ezarritakoaren arabera, arlo horretan sor daitezkeen hutsuneak konpontzea.

b) Hitzarmen honen eranskinak eguneratzeko erabakiak hartzea, eta, hala behar bada, horiek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea, organo eskudunaren bidez.

c) Unibertsitate irakaskuntzari eta bi erakundeek onartutako prozeduretan parte hartzeari dagokionez, hitzartutako zerbitzuen betebeharrak eta eskubideak garatzea akordioen bidez, hitzarmenaren edukia urratu gabe.

d) Osasun erakundeko langileentzako irakasle plazen kopurua irizpide objektiboen arabera murrizteko, areagotzeko edo eraldatzeko txostenak eta azterlanak egitea, UPV/EHUk gai horietan duen autonomia propioa ezertan kaltetu gabe.

Horretarako hainbat ekintza sustatuko ditu, besteak beste, doktorego tesiak egiteko erraztasunak emateko, asistentzia langileen karrera akademikoan aurrera egiteko beharrezkoak diren akreditazioak lortzeko, eta langileak hitzarmen honen arabera lotzeko. Horretarako, Osakidetzak doktorego programak garatzen lagunduko du arlo klinikoetan, batez ere doktoreen gabezia dagoen esparruetan (lehen mailako arreta, erizaintza).

e) III. eranskinean jasotako lotutako lanpostuen zerrenda berrikustea, eskura dagoen aurrekontua aintzat hartuta, organo eskudunek, hitzarmen honen helburuak betetzeko, lotutako lanpostuak eta/edo irakaskuntzakoak sortzeko prozedurak izapidetzen hasi aurretik.

f) Proposatzea, hala behar bada, ikastegiei, sailei eta Irakasleen Batzordeari IV. eranskinaren Osasun Zientzietako irakasle elkartuen plazak, zeinak hitzarmen honen helburuak betetzeko beharrezkoak izan baitaitezke, murriztea edo areagotzea UPV/EHUk erabilgarri duen aurrekontua aintzat hartuta.

g) Osasun Zientzietako irakasle elkartuen deialdia egiteko eta erabakitzeko baldintzak eta merezimenduen baremoa proposatzea, Unibertsitateei buruzko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoan eta hura garatzeko xedapenetan aurreikusitako esparruaren barruan, eta UPV/EHUren Estatutuekin eta haren araudi propioarekin bat etorrita.

h) Onartzea, hala behar bada, unibertsitateko gradu eta graduondoko praktika klinikoak egiteko koordinazio plan bat, eta irakaskuntzarako osasun baliabideen erabileran aprobetxamendu onena bermatzea. Espezialisten prestakuntzari lotutako alderdi guztietan, hitzarmen honek gaiari eragiten dion indarreko legedia beteko du.

i) Koordinazio formulak proposatzea irakaskuntza, ikerketa eta asistentzia jardueren artean, graduko eta graduondoko ikasketen artean, eta UPV/EHU osatzen duten irakaskuntza instantzien (fakultateak, sailak) eta Osakidetzako asistentzia organoen (azterlaneko buruak, zentroak, zerbitzuak) artean.

Zehazki, eta helburu horrekin, beharrezkoak diren jarduera protokoloak ezarri ahal izango dira hitzartutako asistentzia erakundeen artean, unibertsitateko irakaskuntza eta ikerketa jarduera bermatzeko.

j) Parte hartzeko formulak proposatzea hitzarmenaren xede diren ikasketak ematen dituzten UPV/EHUko ikastegietako gobernu organoetan eta hitzartutako osasun erakundeen zuzendaritzetan.

k) Erakunde sinatzaileei hitzarmen honen helburuak betetzeko inbertsio proposamenak helaraztea.

l) Proposatzea kasu bakoitzean eskumena duen organoari dagozkion diziplina espedienteak irekitzea, hitzarmen honetan aipatutako medikuei emandako irakaskuntza edo asistentzia funtzioak bete ez direnean edo gaizki bete direnean, Diziplina Araubidearen Erregelamenduak edo kasu bakoitzean dagokion zehapen prozedurak beste organo batzuei esleitutako eskumenak ezertan eragotzi gabe.

m) Hitzarmen honetan egoki iritzitako aldaketak proposatzea, ikasturtean egindako jarraipenaren arabera. Hala behar bada, adostutako aldaketak eranskin gisa sartuko dira hitzarmenean.

n) Zehaztea, Osasun Zientzietako irakasle elkartuen plazen deialdia egin aurretik, plazak betetzeko hautagaiek dagokion asistentzia arloaren barruan izan beharko duten espezialitatea, atxikita dagoen sailaren proposamenez.

o) Hitzarmenaren jarraipena, ebaluazioa eta kontrola egitea.

p) Protokoloetan sistema bat ezartzea, ordezkatu beharreko edo hutsik geratutako irakasle elkartu eta lotuen plazak aldi baterako betetzeko.

q) Oro har, lehentasunak ezartzea eta onartutako proiektuen jarraipena egitea, Osasun Publikoaren Arloko Neurri Bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoak, Osasunari buruzko Lege Orokorrak eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzari buruzko ekainaren 1eko 14/2011 Legeak ezarritako lehentasunen esparruan.

r) Hitzartutako osasun erakundeetako zuzendaritzei beste erakunde batzuek finantzatutako beken eta ikerketa proiektuen politikaren berri ematea, horrelakoak erakunde horietan egiten direnean.

s) Hitzarmen honen jarraipen egokirako beharrezkoak diren gainerako funtzioak betetzea.

9.– Helburuak betetzeaz gainera, Batzorde Mistoak graduondoko ikasleek hitzartutako zentroetan egiten dituzten ikerketen eta doktorego tesien berri izango du, baita horretarako eskura dituzten baliabide fisiko eta ekonomikoen eta giza baliabideen berri ere. Era berean, Osasun Zientzietako ikerketa proiektuetan unibertsitateko sailen eta ikertaldeen integrazioa sustatuko du.

Hamalaugarrena.– Ospitale Batzordeak eta Zerbitzu Erakundeetakoak eta hitzartutako gainerako egituretakoak.

1.– Hitzartutako osasun erakunde bakoitzak batzorde paritario bat eratuko du. Batzorde horren xedea izango da Batzorde Mistoak esleitzen dizkion eginkizunak betetzea, zentro bakoitzaren jardun eremuaren barruan.

Era berean, unibertsitateko ikastegi guztiak zerbitzu erakunde guztiekin eta hitzartutako gainerako osasun erakundeekin bilduko dituen batzorde parekide bat eratuko da.

2.– Batzordea UPV/EHUko lau kidek eta dagokion osasun erakundearen beste lauk osatuko dute, horien ordezkoekin batera. Erakunde bakoitzak bere ordezkaria zehaztuko du ezarritako irizpideen arabera. Unibertsitate ospitaleen kasuan, UPV/EHUko ordezkaria irakasgune bakoitzaren koordinatzailea izango da, eta haren ordezkoa, irakasle elkartua edo lotutako irakaslea, kasuaren arabera.

3.– Batzordeburuaren kargua txandaka beteko da, ikasturteka. Lehenengo ikasturtean UPV/EHUri dagokio. Batzordean idazkaritza lanak egiteko, ahotsik eta botorik gabe, Osakidetzako edo UPV/EHUko pertsona bat hautatuko da (lan kontratupeko, funtzionarioa edo estatuaren araberako lotura izango duena), eta haren eginkizunak izango dira bileretako aktak egitea eta dokumentazio guztia zaintzea.

4.– Batzordea urtean bi aldiz bilduko da gutxienez, eta, horrez gain, aldeetako batek justifikatutako arrazoiengatik eskatzen duenean.

5.– Batzordea behar bezala eratzeko, beharrezkoa izango da aldez aurretik deialdia egitea, eta bileran parte hartzea, aurrez aurre edo urrunetik, batzordeburuak, idazkariak, edo haien ordezkoek, eta, gutxienez, batzordekideen erdiak, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 17.2 artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

6.– Batzordeak, oro har, bertaratutako batzordekideen bi herenen aldeko botoekin hartuko ditu erabakiak.

7.– Batzordeek Batzorde Mistoari bidaliko dizkiote beren bileretako aktak, izandako gorabeherei eta hitzarmena betetzeari buruzko informazioa ere emanez; era berean, haien iritziz, hitzarmen honen aplikazio zuzenerako hartu behar diren neurriak jakinaraziko dizkiote.

8.– Batzordeak honako funtzio hauek izango ditu:

a) Irakaskuntza.

i.– Eraginpeko unibertsitate sail eta ikastegiekin eta osasun zerbitzuekin lankidetza estuan, osasun erakundean egin beharreko irakaskuntza praktikoaren urteko programazioa egingo du, eta gero Batzorde Mistoak onartu beharko du.

ii.– Batzorde Mistoak onartuko duen irakaskuntza jardueren programaren jarraipena egitea.

b) Ikerketa.

i.– Ikerketako baliabideen inbentarioa egitea, azken bost urteetako giza baliabideak eta baliabide materialak oinarri hartuta, bai eta egindako lanak ere.

ii.– Ikerketa premien memoria bat egitea eta premia horiek asetzeko proposamenak prestatzea, Batzorde Mistoari helarazteko, eta dagozkion akordioen jarraipena egitea.

iii.– Ikerketa lerroak eta haien kalitate objektiboa aztertzea. Lehentasunak ezartzea eta onartutako proiektuen jarraipena egitea, Osasun Publikoaren Arloko Neurri Bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoak, Osasunari buruzko Lege Orokorrak eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzari buruzko ekainaren 1eko 14/2011 Legeak ezarritako lehentasunen esparruan.

iv.– Osasun erakundean egiteko proposatutako ikerketa proiektuen eta lan zientifikoen lehen ebaluazio bat egitea, dagozkien txosten zientifikoak eta ekonomikoak eginda eta haien onargarritasun eta bideragarritasun kalifikazioa adierazita, eta informazio hori Batzorde Mistoari helaraztea.

Hamabosgarrena.– Hitzarmenaren ekonomia eta finantza araubidea.

1.– Osakidetzak hilero transferituko dio UPV/EHUri lotutako langileen ordainsarietan eta gizarte kargetan dagokion zenbateko proportzionala, hurrengo ataletan ezarritakoaren arabera.

2.– Osakidetzak bere gain hartuko du lotutako lanpostua betetzen duten langileen asistentzia jardueraren ordainsari aldakorrei dagozkien kontzeptuen finantzaketa osoa.

3.– UPV/EHUk bere gain hartuko ditu, oso-osorik, kargu akademikoak betetzeagatiko osagarriaren eta irakaskuntzako merezimenduen osagarriaren finantzaketa.

4.– Administrazio bakoitzaren ekarpena hurrenez hurren asistentzia jarduerara eta irakaskuntza teorikora eskainitako lanaldiaren zati proportzionalean egingo da. Akordiorik izan ezean, UPV/EHUk batera finantzatutako ordainsari kontzeptuen % 25 finantzatuko du, eta Osakidetzak, berriz, gainerako % 75a.

5.– UPV/EHUk eta Osakidetzak batera finantzatuko dituzte lanpostu funtzionalaren eta profesionalaren berezko ordainsari finko eta aldizkako hauek:

a) Osakidetzaren ordainsari kontzeptuak (ordainsari finkoak eta aldizkakoak).

i.– Oinarrizko soldata.

ii.– Lanpostu mailako osagarria.

iii.– Berariazko osagarriak, bai osagai orokorra bai zerbitzuen prestazio eta arduraldi erregimenetik eratorritakoa.

iv.– Produktibitate osagarri finkoak.

v.– Antzinatasuna eta antzinatasun produktibitatea.

vi.– Ibilbide profesionalaren osagarria.

Baterako finantzaketa horrek barne hartuko ditu, hala badagokio, arau aldaketen edo negoziazio prozesuaren ondorioz gerora izan daitezkeen aldaketen bidez ordainsari sisteman barnera daitezkeen ordainsari kontzeptu finko eta aldizkako guztiak.

b) Era berean, batera finantzatuko dituzte UPV/EHUren ordainsari kontzeptu hauek:

i.– Aldi baterako irakaskuntza osagarri pertsonala.

ii.– Ikerketako eta transferentziako merezimenduen osagarria (seiurtekoak).

iii.– Urriaren 17ko 209/2006 Dekretuan aurreikusitako gehigarrizko ordainsari osagarriak.

Atal honetan aurreikusitakoez bestelako kontzepturen bat batera finantzatzeko modukoa dela kontsideratzeko, beharrezkoa izango da Batzorde Mistoaren aldez aurreko adostasuna.

Hamaseigarrena.– Indarraldia eta eraginkortasuna.

1.– Hitzarmen honek, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian nahitaez argitaratu behar bada ere, bi aldeek sinatzen duten egunetik aurrera izango ditu ondorioak, eta lau urteko indarraldia izango du.

2.– Urriaren 1eko 40/2015 Legearen 49. artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorrita, aurreko paragrafoan adierazitako epea amaitu baino lehen, hitzarmenaren sinatzaileek edozein unetan berariaz erabaki ahal izango dute bai hitzarmena luzatzea –beste lau urtez gehien jota– bai hitzarmena bertan behera uztea.

3.– Nolanahi ere, hitzarmenaren indarraldia edo, hala badagokio, luzapena bertan behera uzteko arrazoiren bat, zeinak hurrengo klausulan aipatzen baitira, gertatzen den ikasturtean, hasita dauden irakaskuntza jarduerek ikasturte hori amaitu arte jarraituko dute.

Hamazazpigarrena.– Hitzarmena bertan behera uzteko arrazoiak.

Bertan behera uzteko arrazoiak honako hauek dira:

a) Indarraldia amaitzea hitzarmenaren luzapena adostu gabe.

b) Alde sinatzaileak ados jartzea.

c) Aldeetako batek dagozkion betebeharrak eta konpromisoak ez betetzea.

d) Hitzarmena baliogabetzat jo duen erabaki judizial bat ematea.

e) Aurrekoez bestelako arrazoiren bat, indarrean den araudian aurreikusitakoa.

Hemezortzigarrena.– Jurisdikzioa.

Hitzarmen honek izaera administratiboa dauka, eta administrazioarekiko auzien jurisdikzioari dagokio sor daitezkeen auziak ebaztea.

Aurrekoa gorabehera, Batzorde Mistoak ahalmena du hitzarmena behar bezala aplikatzen eta interpretatzen dela zaintzeko, bai eta hura interpretatzean eta aplikatzean sor daitezkeen zalantzak argitzeko ere.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Hitzarmen hau indarrean sartu aurretik egindako protokoloek eta prozedurek indarrean jarraituko dute, hitzarmenaren aurkakoak ez diren bitartean; nolanahi ere, beharrezkoa bada, eguneratu egin ahal izango dira.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Bere horretan mantenduko da, maila pertsonalean eta haren jarduerak dirauen bitartean, irakaskuntzari lotutako osagarri pertsonal iragankorra, 2008ko hitzarmena indarrean sartzean onartu zena, gaur egun jasotzen ari bada.

Hitzartutakoarekin ados daudela adierazteko, aldeek dokumentu honen lau ale sinatzen dituzte, goiburuan adierazitako lekuan eta egunean.

UPV/EHUko errektorea.
Osakidetzako eta bertako Administrazio Kontseiluko presidentea.
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala