Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

92. zk., 2022ko maiatzaren 13a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
2045

EBAZPENA, 2022ko apirilaren 20koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Markina-Xemeingo A.40 Arretxinaga hirigintza-eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa.

AURREKARIAK

2021eko abenduaren 30ean, Markina-Xemeingo Udalak eskabide bat aurkeztu zuen Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan, A.40 Arretxinaga hirigintza-eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren (aurrerantzean, Plana) ingurumen-txosten estrategikoa egin zedin, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoaren arabera. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu zituen, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan ezarritako edukiarekin.

21/2013 Legearen 30. artikulua aplikatuta, 2022ko urtarrilaren 28an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei; jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira.

Espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egoki jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.

Erantzuteko legezko epea amaitu, eta espedientean jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluaren arabera.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, legearen helburua da ingurumenean efektu nabarmenak eragin ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea; era horretan, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko.

Markina-Xemeinen A.40 Arretxinaga hirigintza-eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Berezia abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan aipatutako kasuetan sartzen da; bertan aurreikusten da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren planak eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin esanguratsurik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 29. artikulutik 32. artikulura bitartean arautzen da, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta betetzen dituela indarrean dagoen araudian ezarritako alderdiak, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak (huraxe baita organo eskuduna, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera). Txosten horretan, Planak ingurumenean efektu esanguratsuak izan ditzakeen ala ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen ala ez, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren Plana garatzeko, eta ingurumena behar bezala babesteko.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Markina-Xemeingo A.40 Arretxinaga hirigintza-eremuari dagokion Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, honela:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

Planaren xedea da Arretxinaga A.40 hirigintza-eremuaren antolamendu xehatua aldatzea, Markina-Xemeingo udalerrian indarrean dagoen hirigintza-plangintzak zehaztutakoa.

Antolamendu berriak eremuari esleitutako eraikigarritasuna bi etxebizitza-bloketan biltzea planteatzen du, eta eraikuntza Urko ibaitik eta haren lehentasunezko fluxu-eremutik ahalik eta gehien aldentzea. Horrela, hasiera batean Urko ibaiaren ezkerraldean aurreikusitako ibaiertzeko parkea handitu daiteke.

Jarduketak eraikuntza kontzentratzea dakar, indarrean dagoen plangintzan jasotako bost blokeetatik bi bloketara pasatuz, eta horrek eraikuntza-profila solairu bat igotzea dakar (S+BS+4+teilatupea). Era berean, jarduketaren ondorioz, etxebizitza kopurua handitu egingo da, haien tamaina txikituko baita; hori horrela, 96 etxebizitza eraikitzea aurreikusten da, oraingo plangintzan aurreikusitako 82 etxebizitzen ordez.

Etxebizitza-blokeak 500 metroko uraldi-kotatik gora daude; horrenbestez, eremuaren mendebaldean betelanak egitea aurreikusten da.

Antolamendu-proposamenak Urko ibaiaren gaineko oinezkoentzako pasabide bat jasotzen du, ibaiertzeko parke berria Urko ibaiaren eskuineko ertzean dagoen Patrokua parkearekin lotzeko. Pasabide horrek 19 metroko luzera du, 3 metroko zabalera, eta lehentasunezko fluxu-lerrotik kanpo dauzka estribuak; 49,70 m2-ko aireko okupazioa du.

Bide berri bat sortuko da Arretxinaga kaletik, eta lotura izango du Arretxinaga kalearen eta Xemein hiribidearen arteko loturaren inguruan aurreikusten den etorkizuneko garapenarekin. Gainera, oinezkoentzako eta bizikletentzako bide bat sortuko da. Bide hori 3 metro zabal eta 156 metroko luze izango da. Ibaiertzeko parkeko espaloiak eta oinezko eta bizikletentzako ibilbideak zoru iragazkorrekin zolatuko dira.

B) Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira; hain zuzen ere, planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez zehazteko.

1.– Planaren ezaugarriak, bereziki hauek kontuan hartuta:

a) Planak proiektuetarako esparrua ezartzen duen neurria: proposatutako planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapenari, ezaugarriei, neurriei edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategorietako baten batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

b) Planak zer neurritan eragiten duen beste plan edo programa batzuetan, hierarkizatuta daudenetan barne: A.40 Arretxinaga eremua Urko ibaiaren zortasun- eta zaintza-eremuaren barruan dago. Eremuaren uholde-arriskua dela eta, 2015-2021 aldirako Uholde Arriskua Kudeatzeko Planak eta 2022-2027 ziklorako berrikusteak eremua ES017-BIZ-ART-01 UAPGGaren barruan jasotzen dute. Horrenbestez, Planak kontuan hartu behar du 2015-2021 aldirako Kantauri Ekialdeko Plan Hidrologikoaren araudiaren 40., 41. eta 42. artikuluetan ezarritakoa, baita Euskal Autonomia Erkidegoko Ibaiertzak eta Errekaertzak Antolatzeko Lurraldearen Arloko Planeko E.2 apartatuko uholdeen babesari buruzko berariazko araudian ezarritakoa ere.

c) Planaren egokitasuna ingurumeneko irizpenak integratzeko, batik bat garapen jasangarria sustatzeko xedearekin: Planak eraikuntzak Urko ibaitik urrutien dagoen aldean pilatzen ditu, eta horrek ibilguaren ondoko berdeguneak nabarmen handitzea dakar, eta, beraz, uste da egokia dela garapen jasangarria sustatzen duten ingurumen-irizpenak integratzeko. Gainera, plangintza garatzeko proiektuak energia-aurrezpena eta -efizientzia sustatzeko neurriak har ditzake barnean.

d) Planarekin zerikusia duten ingurumen-arazo esanguratsuak: Planak ez du aldatuko lurzoruaren erabilera, etxebizitzetarako izango baita. Hala ere, bizitegi-garapenerako planaren antolamendu xehatuak eremu horretan antzemandako arazo nagusia konpondu beharko du, hau da, uholde-arriskua. Horri dagokionez, espedientean dauden txostenen arabera, aurkeztutako azterketa hidraulikoa aztertu ondoren, eta hurbileko ingurunean 100 eta 500 urteko errepikatze-denborako uraldi-kotaren maila nabarmen igo denez, uste da proposatutako pasabidea ez dela bateragarria Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoaren 40.4 artikuluan jasotako premisarekin.

e) Plana egokitzat jotzen da Europako edo Espainiako ingurumen-legedia ezartzeko, betiere ebazpen honetan ezarritako baldintzei jarraikiz onartzen bada.

2.– Ondorioen eta eragina jasan lezakeen eremuaren ezaugarriak.

Planaren xede den eremua finkatu gabeko hiri-lurzorua da, 11.634,17 m2-ko azalerakoa, Urko ibaiaren ezkerreko ertzean kokatua, Markina-Xemeingo herrigunean.

Eremua uholde-arriskua duen eremu batean dago; hori dela eta, 2015-2021 aldirako Uholde Arriskua Kudeatzeko Planak eta 2022-2027 ziklorako berrikuspenak eremua ES017-BIZ-ART-01 UAPGGGaren barruan sartzen dute.

Uholde-arriskua larriagotzen duen inpaktua eragin dezakeen jarduketa nagusia Urko ibaiaren gaineko oinezkoentzako pasabidea egitea da. Uraren Euskal Agentziak espediente honi dagokionez egindako txostenaren arabera, pasabidea gauzatzeak nabarmen areagotzen du gertuko ingurunearen uholde-arriskua, A.40 Arretxinaga eremutik ibaian gora. Nabarmen areagotzea da, zehazki, ur-lamina 10 cm-tik gora igotzea 500 urteko errepikatze-denborako uraldietan, EAEko Ibaiak eta Errekak Antolatzeko LAPean definitzen den bezala. Uraren Euskal Agentziaren iritziz proposatutako pasabidea ez da bateragarria Kantauri Ekialdeko Plan Hidrologikoaren 40.4 artikuluan jasotako premisarekin, hau da, «Uholde-arriskua eta ingurunean lehendik dagoen arriskua ez larriagotzeko» premisarekin, eta, horrenbestez, pasabidea gauzatzea, Planean jasotako konfigurazioarekin, ez da onargarria ikuspegi hidraulikotik. Hala ere, Uraren Euskal Agentziak jakinarazi duenez, egiaztatu da, pasabideak dakarren oztopoa alde batera utzita, ingurunean ez dela uholde-arriskuaren igoera esanguratsurik ikusten, eta, horrenbestez, Planaren gainerako proposamenak garatzea badagoela.

Urko ibaia bisoi europarrarentzako (Mustela lutreola) interes bereziko eremua da, Bizkaiko Lurralde Historikoan duen kudeaketa-planaren arabera (ekainaren 19ko 118/2006 Foru Dekretuaren bidez onartu zen); izan ere, espezie hori «galzorian» katalogatuta dago Basoko eta Itsasoko Fauna eta Flora Espezie Mehatxatuen Euskadiko Katalogoan.

Bizitegi-eraikinak eta urbanizazioko barruko bideak aldentzeko eta Urko ibaiaren ondoan ibai-parke bat egiteko proposamenak baliteke mesedegarria izatea tarte horretan ibilgua lehengoratu eta bisoi europarraren habitataren egoera hobetzeko. Hala ere, obren fasean, kontu handiz ibili beharko dira ibai-ibilguetan, ibaiertzeko landaredian eta, bereziki, uren kalitatean eraginik ez sortzeko.

Eremu horretan gaur egun dagoen landaredia baratzeak eta fruta-arbolak dira, eta tamaina handiko intxaurrondo batzuk nabarmentzen dira; Urko ibaiaren ertzean, alboa edo platano arrunta da nagusi, baina ibaiertzeko ohiko beste espezie batzuk ere badaude, hala nola lizarrak, sahatsak, astigarrak eta hurritzak, baita fruta-arbolak eta gaztainondo batzuk ere.

A.40 Arretxinaga eremutik gertu, baina haren mugetatik kanpo, epaitegi zaharraren eraikina dago, Donejakue bideko monumentu-multzoan inbentariatuta.

Euskal Autonomia Erkidegoko akuiferoen kutsadurarekiko urrakortasunaren maparen arabera, Planaren xede den eremuak urrakortasun handia du.

Lurzoru potentzialki kutsatuei dagokienez, A.40 Arretxinaga eremuko leku bat Lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten edo izan dituzten lurzoruen inbentarioan sartuta dago (kodea: 48060-00056).

Ingurumen-dokumentu estrategikoak hots-kutsadurari buruzko azterlan bat hartzen du barne, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 37. artikuluan aurreikusten den bezala idatzi dena. Horretarako, Planaren ingurunean dauden zarata-foku nagusiak identifikatu eta modelizatu dira. Lortu diren emaitzen arabera, kalitate akustikoaren helburuak beteko dira kanpoaldean, hala egungo egoeran, nola etorkizunean aurreikusitakoan. Era berean, eta 20 urterako etorkizuneko egoeran fatxadetan erasotzen duen soinu-maparen arabera, aztertutako aldi guztietarako betetzen dira fatxadetan kalitate akustikoaren helburuak.

Plana garatzearen ondoriozko beste eragin batzuk lotuta egongo dira eraikin berriak egiteko lanak gauzatzearekin, sarbideak egikaritu edo egokitzearekin eta jarduketa horiei lotutako eremua urbanizatzearekin. Inpaktuen sorburu izan daitezke lur-mugimenduak egotea, hondakinak sortzea, makinen joan-etorriak, isuriak, zaratak, eta abar, horrek guztiak ekar ditzakeen bestelako ondorioekin, hala nola, isuriek azaleko urak, lurpeko urak eta lurzoruak erasatea, eta eremuan edo haren inguruan bizi diren herritarrei eragozpenak sortzea isuri atmosferiko eta akustikoengatik. Hala ere, proposatzen diren jarduketen eta haien ondoriozko afektazioen mugak ikusita, uste da inpaktuak txikiak eta, oro har, aldi baterakoak, itzulgarriak eta berreskuragarriak izango direla, baldin eta indarrean dagoen legeria eta, bereziki, zaratari, hondakinei eta isuriei buruzkoa betetzen bada eta halako jarduketetarako ezarrita dauden jardunbide egokiei kasu eginez gauzatzen badira obrak, betiere.

3.– Ebazpen honetan neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, Planak ingurumenean eragin kaltegarri esanguratsurik izan ez dezan eta beharrezkoa izan ez dadin Markina-Xemeingo A.40 Arretxinaga hirigintza-eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egitea, betiere Plan horrek oinezkoen pasabidea egitea kentzen badu bere jarduketetatik, «Urko ibaiaren azterketa hidraulikoa 40. Arretxinaga auzoa arearen ondoan (Markina-Xemein)» izenekoan jasotako konfigurazioarekin; 2021eko azaroko azterketa hori I. eranskin gisa gehitu da ingurumen-dokumentu estrategikora.

Neurri babesle eta zuzentzaileak indarrean dagoen araudiaren arabera gauzatuko dira, ebazpen honetan ezarritakoaren arabera eta, aurrekoaren aurkakoa ez den guztian, Ingurumen Dokumentu Estrategikoan eta Planean bertan jasotakoaren arabera.

Plana garatzeko proiektuetan eta jarduketetan kasuan-kasuan aplikagarriak diren ingurumen-arloko baimenak edo prozedurak alde batera utzi gabe, honako neurri hauek hartuko dira:

Jabari Publiko Hidraulikoa (JPH) eta haren babes-eremuak babestera bideratutako neurriak.

Jabari publiko hidraulikoan eta haren babes-eremuetan (zortasuna eta ibilguak zaintzeko eremua) egiten den jarduketa orok Uraren Euskal Agentziaren nahitaezko baimena izan beharko du.

Saneamendu-sare berriak udal saneamendu-sareekin lotuko dira lehentasunez, Markina-Xemeingo HUAn azken tratamendua emateko.

Ibaiertza eta/edo ibai-ekosistema leheneratzearekin zerikusirik ez duten gainerako jarduketetarako, 5 metroko zortasun-eremuak ez duela eraginik izan beharko gogorarazten da. Muga horiek edozein okupazio mota barne hartzen dute; hala, lurraren profil naturalari eutsi behar zaio eta ez zaio ibaiertzeko landarediari eragin behar.

Urkoren ibai-oheko kolektorea A.40 Arretxinaga eremuko espazio libreetako gunera eramateko aukera aztertu beharko du Planak.

Uholde-arriskua murrizteko neurriak.

Uholde-arriskuaren ikuspegitik, Planetik kendu ondoren oinezkoentzako pasabidea Planean bertan jasota zegoen baldintzetan egikaritzea, Planeko gainerako jarduketetarako, Plan Hidrologikoaren 40.4 artikuluan barne hartutako mugak hartuko dira kontuan. Zehazki, honako hauek:

– Bizitegi-erabilera berriek 500 urteko errepikatze-denborako uraldiak eragiten ez duen kotan ezarri beharko dira. Planean jasota dago hori.

– Lurpeko garajeak eta sotoak 500 urteko errepikatze-denborako uraldirako estankoak direla bermatu beharko da, eta ebakuazio-bideak eta arnasbideak dituztela aipaturiko uholde-kotatik gora.

– Lursailaren gaur egungo sestra aldatzen duten eta urak husteko gaitasuna nabarmen murrizten duten lanik ezin izango da baimendu.

– Ezin izango dira mota guztietako materialak eta hondakinak pilatu urak har dezakeen eremuan.

Natura-ondarea babesteko neurriak.

– Bizkaiko Foru Aldundiaren ekainaren 19ko 118/2006 Foru Dekretuan ezarritakoarekin bat (haren bidez onesten da Bisoi Europarraren (Mustela lutreola, Linnaeus, 1761) Kudeaketa Plana, Bizkaiko Lurralde Historikoan, galtzeko arriskuan dagoen espeziea den eta babesteko neurri bereziak behar dituen aldetik), Bizkaiko Foru Aldundiaren aurretiazko baimena beharko du bisoi europarraren interes bereziko guneetako jarduera orok, baldin eta jarduera horrek espezieak erabilitako habitataren ezaugarriak aldatzea badakar.

Lurzoruaren kalitatea aurreikusitako erabilerekin bateragarria dela bermatzeko neurriak.

Planaren eremuan lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan sartzen den kokaleku bat dago. Horrenbestez, Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 23. artikuluak xedatzen duena betez, arau horretan adierazitako egoeraren bat gertatzen bada, ingurumen-organoak ebazpen bidez adierazi beharko du lurzoruaren kalitatea, aipatutako ekainaren 25eko 4/2015 Legeak araututako prozedurari jarraikiz.

Lege horren 23.2 artikuluaren arabera, 23.1 artikuluan jasotako ekintzaren baten ondorioz egin behar diren lur-mugimenduak egiteko, hondeaketa selektiborako plan bat onartu beharko du aldez aurretik autonomia-erkidegoko ingurumen-organoak, lurzoruaren kalitateari buruzko adierazpenaren prozeduraren esparruan.

Zaratari buruzko neurriak.

Planaren ondoriozko jarduerek eremu akustiko horretan aplikatu behar diren kalitate akustikoaren helburuak bete beharko dituzte, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 31. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Beste neurri prebentibo eta zuzentzaile batzuk.

Planaren garapen-proiektuak gauzatzean aplikatuko diren neurriak loturik egongo dira obretako jardunbide egokien eskuliburuarekin, lurren eta soberakinen kudeaketarekin, hondakinen sorkuntza eta kudeaketarekin, induskatutako lurzoruen kontrolarekin, intereseko balio naturalen babesarekin, eta urak, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestearekin. Planak azkenean onartzen dituen zehaztapenei erantsi beharko zaizkie horiek guztiak:

Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua. Gai hauei lotutako alderdiak izango ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, ur-isurketak saihestea, ahalik eta hauts eta zarata gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa duten jardunak minimizatzea, hondakinak kudeatzea, eta abar.

Lurzorua eta lurpeko urak babestea. Prebentzio-neurriak eta neurri zuzentzaileak ezarriko dira dagokion obra-faserako, istripuzko isurien eragina saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (material xurgatzaileak erabiltzea, isuriekin kutsatutako lurzoruak kendu eta kudeatzea, etab.). Pilaketa-eremuak, instalazio osagarriak edo makinen parkea gainazal iragazgaitzetan kokatuko dira.

Obrako makinen parke gisa erabiltzen den lurrazala eta horren mantentze-eremua drainatze naturaleko saretik isolatuko da. Zolata iragazgaitzaz gain, efluenteak biltzeko sistema bat ere izango du, olioek eta erregaiek lurzorua eta ura ez kutsatzeko. Erregaien zamalanak, olio-aldaketak eta tailerreko jarduerak ezin izango dira horretarako adierazitako guneetatik kanpo egin.

Jabari Publiko Hidraulikoan eta hura babesteko zortasun-eremuan ez da eragingo zuzeneko afektaziorik, ez eta zeharkako afektaziorik ere, sor litezkeen solido esekien edo arrastatutako edo jariatutako kutsatzaileen ondoriozkorik. Beharrezkoa izanez gero, jalkitzeko eta iragazteko luzetarako hesiak jarriko dira, edo dekantazio-putzuak, horien bitartez ingurune hidrikora askoz ekarpen solido gutxiago egiteko.

Obrako materialak eta landare-lurra metatzeko eremuak eta obrako instalazio osagarriak urpean geratzeko arriskurik ez duten eremuetan kokatuko dira.

Hondakinak sortzea eta kudeatzea. Ekonomia zirkularrerako hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak araututako moduan eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutako moduan kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketakoak, ebakiak, bilgarriak, eta errefuseko nahiz garbiketa-kanpainetako materialak.

Eraikitze- eta eraispen-jardueren ondorioz sortutako hondakinak eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan eta eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan aurreikusitakoa betez kudeatuko dira.

Zabortegira bidali beharreko hondakinak, gainera, Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzea arautzen duen abenduaren 27ko 1481/2001 Errege Dekretuaren eta Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzea eta betegarriak egikaritzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuaren arabera kudeatuko dira.

Jarduerako soberakinak betelanak egiteko erabiltzen badira, aipatutako otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritako baldintzak bete beharko dira. Betelanak jalkitzeko, kutsatzaile-edukia A ebaluazioko balio adierazleetan (EBA-A) ezarritako baloreen azpitik duten materialak bakarrik baimenduko dira. Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen III. eranskinean daude jasota adierazle horiek.

Zaratari buruzko neurriak. Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta bereziki egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora. Eguneko lan-ordutegian egingo dira obrak.

Obrek eragindako espazioak lehengoratzea. Plana gauzatzean egindako obren ondorioz erasandako eremu guztiak lehengoratuko dira, kendu diren landare-zuhaitz autoktonoak birjarrita, hala behar bada. Landareztatze-lanak ahalik eta lasterren egingo dira, higadura-prozesuak eta solidoak ibilguetara herrestatzea ekiditeko.

Urko ibaiaren ertzeko babes-zortasuneko eremuan ibaiertzeko basoko espezie autoktonoak landatuko dira.

Landare-estaldura lehengoratzeko jardueretan, biodibertsitate autoktonoa sustatzeko jarduerak bultzatuko dira, jasangarritasun-irizpideak lehenetsiz jarduera horietan, horrela, espezie inbaditzaileak sartzeko arriskua murrizteko.

Landareztatze- eta lorategi-lanetan ez da inola ere ahalmen inbaditzaileko espezie aloktonorik erabiliko. Lehengoratze-lanetan erabilitako landare-lurrak flora inbaditzaileko propagulurik ez duela bermatuko da.

Urko ibaiaren ertzean (platanoak) dauden landare-espezie aloktonoak kentzea eta, horien ordez, Kantauriko ibaiertzekin lotutako landaredi-sailekin bat datozen espezieekin ordezkatzea egokia den baloratu beharko da. Nolanahi ere, natura-ingurunea babesteko neurrietan ezarri den bezala, Bisoi Europarraren Kudeaketa Planeko organo arduradunaren baimena eskatu beharko da neurri horrek espezie horretan zer eragina duen egiaztatzeko.

Lorategiak landareztatzeko irizpideak Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburuan ezarritakora egokituko dira (Udalsarea 21 Lan Koadernoa, 20b zk., 2017ko apirila). Eskuliburu hori Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak argitaratu du.

Kultura-ondarearen babesa. Hargatik eragotzi gabe Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa, obrak egiterakoan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira behin-behinean, eta berehala emango zaio horren berri Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailari; hark erabakiko du zer neurri hartu.

Eraikingintzako jasangarritasuna. Planean aurreikusitako instalazioei aplikatzekoak direnean, eraikuntza iraunkorrerako gidetan jasotako ingurumen-neurri eta -jardunbide egokiak erabiliko dira, eraikinetan energia-aurrezpena eta eraginkortasun energetikoa areagotzeko eta energia berriztagarriak bultzatzeko. Neurri horiek, gutxienez, arlo hauetan izan beharko dute eragina:

– Materialak. Lehengai berriztaezinen kontsumoa murriztea.

– Energia. Energia-kontsumoa murriztea eta/edo energia gutxiago sortzea iturri berriztaezinen bidez.

– Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

– Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

– Hondakinak. Hondakin solido gutxiago sortzea.

Bigarrena.– Ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritako baldintzen arabera, ez da aurreikusten Markina-Xemeingo A.40 Arretxinaga hirigintza-eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziak ingurumenaren gaineko ondorio kaltegarri esanguratsurik eragingo duenik, betiere Planak bere jarduketetatik kentzen badu oinezkoentzako pasabidea egikaritzea, 2021eko azaroko «Urko ibaiaren azterketa hidraulikoa 40. Arretxinaga auzoa arearen ondoan (Markina-Xemein)» izenekoan jasotako konfigurazioarekin, zeina ingurumen-dokumentu estrategikoari I. eranskin gisa erantsi zaion, eta, betiere, ebazpen honetan ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak hartzen badira, baita sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira; ondorioz, ez zaio ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik egin behar.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia Markina-Xemeingo Udalari jakinaraztea.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, honako ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarraldia galduko du, eta berezko dituen ondoreak sortzeari utziko dio, behin Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, A.40 Arretxinaga hirigintza-eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Berezia onartuko ez balitz. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko apirilaren 20a.

Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala