Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

89. zk., 2022ko maiatzaren 10a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
BERDINTASUN, JUSTIZIA ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
1977

53/2022 DEKRETUA, apirilaren 26koa, Asociación Seniors para la Cooperación Técnica «SECOT» izeneko elkarteari onura publikokoa dela aitortzeko dena.

Euskadiko Elkarteei buruzko ekainaren 22ko 7/2007 Legearen 42. artikuluak dioenez, Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean inskribatuta dauden elkarteak onura publikokotzat aitortu ahal izango dira, baldin eta elkarteok, beren jardueren bitartez, interes orokorra edo guztien ongia lortzen laguntzen badute, eta, horretarako, eskuzabaltasun-, altruismo-, elkartasun- eta aniztasun-balioak nabarmen gauzatzen badituzte.

Lege horren babesean, Asociación Seniors para la Cooperación Técnica «SECOT» izeneko elkarteak, aitormen hori emateko eskatu du. Bere ustez, elkartea onura publikokoa dela aitortzea merezi du, boluntariotza indartzeko eta etengabeko prestakuntzaren bidez erretirotik hurbil daudenei zahartze aktiboagoa eta osasungarriagoa izaten laguntzeko egiten dituen jarduerengatik.

Asociación Seniors para la Cooperación Técnica «SECOT» izeneko elkartea, Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean inskribatuta dago (zenbakia: AS/B/12593/2006), Herri Administrazio eta Justizia Saileko Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako Zuzendaritzak 2006ko ekainaren 5ean emandako Ebazpena dela bide.

Euskal Autonomia Erkidegoan garatzen ditu bere eginkizunak.

Eratu zenetik, Asociación Seniors para la Cooperación Técnica «SECOT» elkarteak, beharrezko jarduera guztiak egiten ditu bere helburu nagusia lortzeko, hau da, aholkularitza teknikoa, industriala, nekazaritzakoa, zerbitzuetakoa, ekonomikoa, finantzarioa, komertziala eta juridikoa ematea irabazi asmorik gabeko pertsona, erakunde, enpresa eta elkarte nazional eta atzerritar, publiko eta pribatuei, eta bereziki emakumeei, gazteei, babesgabeko egoeran dauden pertsonei, eta zailtasun sozialak dituzten pertsonei.

Jarduera horiek guztiak interes orokorrekotzat jotzen ditu gizarteak, oro har.

Ekainaren 22ko 7/2007 Legearen 45.2 artikuluak xedatutakoarekin bat eginez, onura publikoa Gobernu Kontseiluak emandako dekretu bidez aitortuko da, gaiaren arabera egoki diren sailek proposamena egin ostean. Agindu hori betez, dagokion espedientea izapidetu da, eta sailek eta erakundeek egindako txostenak erantsi zaizkio espedienteari.

Ondorioz, Gobernantza Publiko eta autogobernuko sailburuaren eta Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuaren proposamenez, entitate eta erakunde interesdunek emandako txostenak ikusi ondoren, Gobernu Kontseiluak 2022ko apirilaren 26an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.– Asociación Seniors para la Cooperación Técnica «SECOT» elkartea, onura publikokoa dela aitortzea, bere jardueren bidez interes orokorraren alde egiten duela uste baita. Elkarte hori Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean inskribatuta dago, AS/B/12593/2006 zenbakiarekin.

Horrekin batera, aitorpen honi dagozkion eskubideak aitortzen zaizkio, hain zuzen ere, Euskadiko Elkarteei buruzko ekainaren 22ko 7/2007 Legearen 43. artikuluan xedatutakoak.

Vitoria-Gasteizen, 2022ko apirilaren 26an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,

OLATZ GARAMENDI LANDA.

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua,

BEATRIZ ARTOLAZABAL ALBENIZ.


Azterketa dokumentala