Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

89. zk., 2022ko maiatzaren 10a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
1970

EBAZPENA, 2022ko apirilaren 22koa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko idazkari nagusiarena, Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Kalitate Batzordearen Arautegiaren aldaketa onartzen duena.

2022ko urtarrilaren 27ko bileran Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Batzarrak ikastegiko Kalitate Batzordearen arautegia aldatzea onartu zuen, bertako kideen artean ikastegiari atxikitako master ofizialen ordezkariak sartzeko. Artikulu batzuei eragiten dieten beste aldaketa txiki batzuk ere egin dira, eta 2016an aldatu zen fakultatearen izena zuzendu da. Horregatik guztiagatik, arautegiaren testu berri osoa argitaratzea erabaki da.

Arautegia aldatzeko proposamen horrek Lege Zerbitzuaren aldeko txostena du, errespetatu egiten baitu Irakaskuntza Ikastegietako Kalitate Batzordearen Esparru Araudian jasotakoa batzordeen osaerari dagokionez. UPV/EHUko idazkari nagusiari dagokio, Gobernu Kontseiluak eskuordetuta, Ikastegietako Kalitate Batzordeen Esparru Arautegiaren 2.2 artikuluaren arabera, Ikastetxeen Kalitate Arautegiak onartzea, baldin eta bertako kideren batek edo ikastetxeko Batzordeko kideen % 15ek ez badu berariaz eskatzen Gobernu Kontseiluari bidaltzeko.

Adierazitakoagatik guztiagatik, ondokoa

EBATZI DUT:

Lehenengoa.– Onartzea Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Kalitate Batzordearen Arautegiaren aldaketa, eranskienean jasota bezala.

Bigarrena.– Agindua ematea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko.

Hirugarrena.– Aldaketa hau EHAAn argitaratzen den egunean sartuko da indarrean.

Leioa, 2022ko apirilaren 22a.

Idazkari nagusia,

AITOR ZURIMENDI ISLA.

ERANSKINA
MEDIKUNTZA ETA ERIZAINTZA FAKULTATEKO KALITATE BATZORDEAREN ARAUTEGIA
ATARIKOA

Ikastegiko Kalitate Batzordea eratu da Europako Unibertsitate Eremuan sartzeko prozesuan zehaztutako arauak betetzeko. Zehatzago esanda, ikastegiko gradu berrietako ikasketa planetan zehaztutakoa beteko du arautegi honek, non argi eta garbi adierazten den koordinazio mekanismo bertikalak eta horizontalak egon beharko direla titulazioetako maila eta moduluetan. Gradu berrietan ezartzen da ikastegiek Kalitatea Bermatzeko Barne Sistema (KBBS) izan beharko dutela. Era berean, AUDIT programaren arabera, KBBS bat daukaten ikastegietan, bertako Kalitate Batzordeak ebaluatu egin behar du sistema hori. Bestalde, 2009ko abenduaren 22an UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak «Docentiaz» Programa onartu zuen, UPV/EHUko Irakasleen Irakaskuntza Jarduera Ebaluatzekoa; programa hori gauzatzeko beharrezkoa da, haren testuan bertan adierazten den bezala, ikastegietako kalitate batzordeek beren arautegiak izatea.

Ikastegiko Kalitate Batzordea Fakultateko Batzarrak izendatutako batzordea da. Dekanotza taldearekin eta Medikuntza eta Erizaintza Fakultatean irakasten diren titulazioen curriculum garapenaren eta koordinazioaren ardura duen batzordearekin batera, KBBSren plangintza, koordinazioa eta jarraipen egiten du eta, gainera, barne komunikaziorako tresna da kalitate sistema honen politika, helburu, plan, programa, erantzukizun eta lorpenen inguruan. Kalitate Batzordeak, gainera, ikastegiko dekanotza taldeari eta Fakultateko Batzarrari laguntza eta aholkua ematen die tituluen curriculuma garatzeko plangintzan eta jarraipen lanean, gaitasunetan oinarritutako irakaskuntza ikaskuntza ereduaren arabera (Gobernu Kontseiluak 2010eko apirilaren 29an onartutakoa). Eredu horretan, metodologia aktiboen bidez eta informazio eta komunikazio teknologien laguntzaz, ikasleak berak gidatutako ikaskuntza sustatzen da (banaka nahiz taldean lan eginda), bai eta etengabeko ebaluazioa ere, guztia irakaskuntza eleaniztunaren testuinguruan. Era berean, ikastegiko Kalitate Batzordeak irakasleen ebaluaziorako txostenak egingo ditu.

Ikastegiko Batzarrari dagokio ikastegiko kalitate politika eta helburuak onartzea, bai eta Kalitate Batzordearen eraketa, osaera eta eginkizunak onartzea ere. Orobat, Ikastegiko Batzarrari dagokio titulazioetarako proposatzen diren hobekuntza ekintzak onartzea, graduko eta graduondoko tituluen kalitatea bermatzeko sistemaren esparruan, Kalitate Batzordeak egindako txostenak oinarri hartuta, besteak beste. Horrela, bada, arautegi honetan jasota daude ikastegietako kalitate batzordeen arautegietan aipatu beharreko gutxieneko jarraibideak. Batzordearen eginkizunak, osaera eta funtzionamendua ezartzen dira.

1. artikulua.– Arautegiaren helburua.

1.– Arautegi honen helburua da ikastegiko Kalitatea Bermatzeko Barne Sistemaren (KBBS) ardura duen organoaren egitura, osaera eta eginkizunak zehaztea.

2.– Organoaren izena hau da: ikastegiko Kalitate Batzordea.

2. artikulua.– Araubide juridikoa.

Ikastegiko Kalitate Batzordeak arautegi honen arabera eta aplikagarri diren gainerako arautegiei jarraiki jardungo du.

3. artikulua.– Eginkizunak.

1.– Kalitate Batzordeak eginkizun hauek izango ditu:

a) Kalitatea Bermatzeko Barne Sistemaren (KBBS) diseinua, ezarpena, abian jartzea eta jarraipena bultzatzea.

b) Prozesuei jarraipena egitea dagozkien adierazleen bitartez.

c) Ikastegiko dekanotza taldeari batzordearen proposamenak aurkeztea.

d) Ikastegiaren urteko helburuak jaso eta, behar denean, haien formulazioa koordinatzea, eta helburuok betetzeko prozesuari jarraipena egitea.

e) Unibertsitateko planetan biltzen diren helburuak ikastegira egokitzeko plana onartzea.

f) Ikastegiak eskaintzen dituen ikasketen kalitatea aldiro ebalua dadin proposatzea, eta unibertsitatearen zerbitzu publikoa hobetzeko neurriak proposatzea.

g) Gogobetetze inkesten emaitzak jasotzea eta, haietatik abiatuta, hobekuntzak proposatzeko irizpideak ematea.

h) Urteko jarraipen txostena egitea KBBSren azterketa eta berrikuspenetik abiatuta, eta hobekuntza ekintzak proposatzea titulazio bakoitzean ezarritako helburuak betetzeko.

i) Fakultatean irakasten diren titulazioen eta ikastegiaren akreditazioa lortzen eta aldiro berritzen laguntzea.

j) Ikastegiko kalitate politika eta helburuen berri emateko tresna izatea, eta helburuok bete daitezen eta unibertsitateko kideen artean zabal daitezen bermatzea.

k) Titulazioen curriculuma garatzeko plangintza eta haren zehaztapena egiten laguntzea, bai eta jarraipena ere.

l) Ikastegiko titulazioen koordinazio bertikal eta horizontalerako proposamenak egitea, hala maila eta modulu bakoitzaren barruan nola maila eta moduluen artean.

m) Ikastegiko irakasleek gradu berrietako curriculuma hobeto garatzeko tresnak eta metodologiak ikas ditzaten sustatzea.

n) Eskolako kideek eta interes taldeek kalitateari eta ebaluazioari buruzko prestakuntza har dezaten bultzatzea.

o) Laguntza ematea zuzendaritzari KBBSrekin zerikusia duten gaietan.

p) Ikastegiko Batzarrari bere eskumenen arloko erabaki proposamenak aurkeztea.

q) Eginkizunak aurrera eramateko beharrezko ikusten dituen azpibatzordeak sortzea.

r) Unibertsitateko araudiak esleitu edo Fakultateko Batzarrak eskuordetzen dizkion gainerako guztiak.

4. artikulua.– Osaera.

1.– Hauek izango dira Kalitate Batzordeko kideak:

a) Dekanotza taldearen zazpi ordezkari:

– Kalitatearen ardura duen dekanordea.

– Gai hauen ardura duten bost dekanorde: gradua, graduondokoa, plangintza, antolakuntza akademikoa eta arlo klinikoa.

– Donostiako Atalaren koordinazioko dekanordea.

b) IRIen lau ordezkari, dekanotza taldeak hautatuko dituenak, egoitza ikastegian duten sailen proposamenari jarraiki. Ahal den neurrian, irakasle eta ikertzaile horiek ez dira izango dekanotza edo zuzendaritza taldeko kide eta eskolak emango dituzte ikastegiak eskaintzen dituen titulazioetan.

c) Graduetako lau koordinatzaile:

– Medikuntzako Graduko koordinatzailea.

– Odontologiako Graduko koordinatzailea.

– Fisioterapiako Graduko koordinatzailea.

– Erizaintzako Graduko koordinatzailea.

d) Medikuntzako Graduko modulu klinikoen koordinatzailea.

Dekanotza taldeak izendatuko ditu lau graduetako eta moduluetako koordinatzaileak. Izendapen horietarako, dekanotza taldeak, ahal dela, Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko graduko titulazioetan mailako koordinatzaile lanak egin dituzten irakasle eta ikertzaileak hartuko ditu kontuan. Ahalegina egingo da irakasleak eta ikertzaileak dekanotza taldeko kide izan ez daitezen, eta gizon eta emakumeek pareko ordezkari kopurua izan dezaten batzordean. Bi hizkuntza ofizialak ezarrita dauden mailetan, titulazioetako euskara eta gaztelaniako taldeek pareko ordezkari kopurua izan dezatela zainduko da.

e) Ordezkari bat fakultateari atxikitako lau master ofizialeko edo lautik beherako multzo bakoitzeko. Ordezkari horiek dekanotza taldeak izendatuko ditu, ikastegiko masterren arduradunen artetik.

f) Administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkari bi. Horietako bat ikastegiko kalitateko teknikaria izango da.

g) Ikasleen bost ordezkari, ikastegiko Ikasleen Kontseiluaren proposamenari jarraiki izendatuak. Horietako lau, ahal dela, graduetako ikasleak izango dira eta bat masterreko ikaslea.

2.– Kalitate Batzordeko burua Kalitateko dekanordea izango da, dekanoaren eskuordetzaz. Ikastegiko kalitateko teknikaria batzordeko idazkaria izango da, batzordeak berak hala erabakitzen badu.

3.– Kalitate Batzordeko kideen izendapena Fakultateko Batzarrak berretsiko du, dekanotza taldeak proposatuta.

4.– Kalitate Batzordeko kideak lau urterako izendatuko dira, ikasleen ordezkariak izan ezik. Azken horiek bi urterako izendatuko dira. Edonola ere, Fakultateko Batzarrak urtero berretsiko ditu Kalitate Batzordeko kide berrien izendapenak, kideak izendatu behar badira hutsuneak egoteagatik (kargua uztea, kargutik kentzea, erretiroa eta abar).

5.– Ikastegiko Kalitate Batzordearen irizpideek eta jardunak jarraipena izan dezaten, ez dira aldatuko kide guztiak batera.

5. artikulua.– Kalitate Batzordearen azpibatzordeak.

Dekanotza taldeak proposatuta, Kalitate Batzordeak laguntza azpibatzordeak eratu ahal izango ditu titulazioen curriculuma garatu eta koordinatzeko, Docentiaz programaren ebaluazioa egiteko eta beharrezkotzat jotzen den beste edozein eginkizun betetzeko. Kalitate Batzordeak zehaztuko ditu azpibatzorde horien jarduera arloa eta eginkizunak, bai eta, behar izanez gero, bere funtzionamendua eta berezitasunak. Edonola ere, azpibatzorde horien lana aholkua ematea izango da, eta Kalitate Batzordeak eta Fakultateko Batzarrak berretsi beharko dituzte beren erabakia eta osaera.

1.– Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko graduko eta graduondoko titulazioen curriculum garapen eta koordinaziorako azpibatzordeak. Beren eginkizuna izango da laguntza ematea Kalitate Batzordeari eta dekanotza taldeari titulazioen curriculum garapena eta jarraipena ikuskatzeko zereginean, eta bermatzea bai titulazioen koordinazio bertikala bai titulazioetako maila eta/edo irakasguneen koordinazio horizontala.

Aipatutako azpibatzordeen osaera hau da:

a) Medikuntzako Gradua:

– Graduen ardura duen dekanordea.

– Kalitatearen ardura duen dekanordea.

– Plangintzaren ardura duen dekanordea.

– Arlo klinikoen ardura duen dekanordea.

– EKOEren ardura duen dekanordea.

– Medikuntzako Graduko koordinatzailea.

– Medikuntzako Graduko modulu klinikoen koordinatzailea.

– Medikuntzako 1., 2. eta 3. mailen koordinatzaileak, gaztelaniazko eta euskarazko adarretakoak.

– Medikuntzako irakasguneetako koordinatzaileak.

– IRIen bi ordezkari, dekanotza taldeak aukeratuak titulazioan eskolak ematen dituzten sailen proposamenari jarraiki. Ahalegina egingo da irakasleak eta ikertzaileak dekanotza edo zuzendaritza taldeko kide izan ez daitezen.

– Medikuntzako Graduko bi ikasle, ikastegiko Ikasleen Kontseiluaren proposamenari jarraiki izendatuak.

– Administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat.

b) Odontologiako Gradua:

– Graduen ardura duen dekanordea.

– Kalitatearen ardura duen dekanordea.

– Plangintzaren ardura duen dekanordea.

– Odontologiako Graduko koordinatzailea.

– Odontologiako bost mailen koordinatzaileak, gaztelaniazko eta euskarazko adarretakoak.

– Odontologia Klinikako Zerbitzuaren arduraduna.

– IRIen bi ordezkari, dekanotza taldeak aukeratuak titulazioan eskolak ematen dituzten sailen proposamenari jarraiki. Ahalegina egingo da irakasleak eta ikertzaileak dekanotza edo zuzendaritza taldeko kide izan ez daitezen.

– Odontologiako Graduko bi ikasle, ikastegiko Ikasleen Kontseiluaren proposamenari jarraiki izendatuak.

– Administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat.

c) Fisioterapiako Gradua:

– Graduaren ardura duen dekanordea.

– Kalitatearen ardura duen dekanordea.

– Plangintzaren ardura duen dekanordea.

– Kanpoko Curriculum Praktiketako dekanordea.

– Fisioterapiako Graduko koordinatzailea.

– Fisioterapiako lau mailen koordinatzaileak, gaztelaniazko eta euskarazko adarretakoak.

– IRIen bi ordezkari, dekanotza taldeak aukeratuak titulazioan eskolak ematen dituzten sailen proposamenari jarraiki. Ahalegina egingo da irakasleak eta ikertzaileak dekanotza edo zuzendaritza taldeko kide izan ez daitezen.

– Fisioterapiako Graduko bi ikasle, ikastegiko Ikasleen Kontseiluaren proposamenari jarraiki izendatuak.

– Administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat.

d) Erizaintzako Gradua:

– Graduaren ardura duen dekanordea.

– Kalitatearen ardura duen dekanordea.

– Plangintzaren ardura duen dekanordea.

– Titulazioko eta Akademia Antolakuntzako Donostiako dekanordea.

– Kanpoko Curriculum Praktiketako dekanordeak (Leioakoa eta Donostiakoa).

– Erizaintzako Graduko koordinatzailea.

– Erizaintzako lau mailen Leioako eta Donostiako koordinatzaileak.

– IRIen bi ordezkari, dekanotza taldeak aukeratuak titulazioan eskolak ematen dituzten sailen proposamenari jarraiki. Horietako batek Leioan emango ditu eskolak, eta besteak Donostiako atalean. Ahalegina egingo da irakasleak eta ikertzaileak dekanotza edo zuzendaritza taldeko kide izan ez daitezen.

– Erizaintzako Graduko bi ikasle, ikastegiko Ikasleen Kontseiluaren proposamenari jarraiki izendatuak.

– Administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkari bi, bata Leioakoa eta bestea Donostiakoa..

Titulazioen curriculum garapen eta koordinaziorako azpibatzordeek gutxienez bilera bat egingo dute ikasturtean, graduarekin zerikusia duten alderdi guztiak berrikusi eta aztertzeko. Azpibatzordeko burua graduen ardura duen dekanordea izango da, dekanoaren eta Kalitate Batzordearen eskuordetzaz. Azpibatzordeak berak erabakiko du zein batzordekide izango den idazkaria.

e) Fakultateari atxikitako graduondokoak:

– Graduondokoen ardura duen dekanordea.

– Kalitatearen ardura duen dekanordea.

– Kanpoko Curriculum Praktiketako dekanordeak (Leioakoa eta Donostiakoa).

– Plangintzaren ardura duen dekanordea.

– Titulazioko eta Akademia Antolakuntzako Donostiako dekanordea.

– Ikastegiari atxikitako master ofizial guztietako batzorde akademikoen arduradunak.

– IRIen bi ordezkari, dekanotza taldeak aukeratuak graduondokoren batean eskolak ematen dituzten sailen proposamenari jarraiki. Ahalegina egingo da irakasleak eta ikertzaileak dekanotza edo zuzendaritza taldeko kide izan ez daitezen.

– Ikastegiari atxikitako master ofizialetako bi ikasle, ikastegiko Ikasleen Kontseiluaren proposamenari jarraiki izendatuak.

– Administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat.

Graduondoko Azpibatzordeak gutxienez bilera bat egingo dut ikasturtean, ikastegiaren masterrekin zerikusia duten alderdi guztiak berrikusi eta aztertzeko. Azpibatzordeko burua graduondokoen ardura duen dekanordea izango da, dekanoaren eta Kalitate Batzordearen eskuordetzaz. Azpibatzordeak berak erabakiko du zein batzordekide izango den idazkaria.

2.– Docentiaz Irakasleen irakaskuntza jarduera ebaluatzeko programarako azpibatzordea.

Bi azpibatzorde egongo dira, Leioakoa eta Donostiako Atalekoa. Donostiako Atalekoak atal horretako Erizaintzako irakasleen txostenak egingo ditu Docentiaz programarako, eta Leioakoak (egoitza) Docentiaz programarako egin behar diren gainerako txostenak.

Leioakoaren osaera hau da:

– Kalitatearen ardura duen dekanordea.

– Irakasleen gaien ardura duen dekanordea.

– Graduen ardura duen dekanordea.

– Graduondokoen ardura duen dekanordea.

– Arlo klinikoen ardura duen dekanordea.

– Euskararen ardura duen dekanordea.

– Sail guztietako IRIen sei ordezkari, honako hauek barne: Leioako ikastegira atxikitako lau graduetako ordezkari bana, Donostiako Ataleko graduko ordezkari bat, eta ikastegiko master ofizial guztietako ordezkari bat. Ahal den neurrian, irakasleen ordezkariak Docentiaz programan ebaluazio positiboa izan duten irakasleak izango dira, ikastegiaren edo sailen curriculum kudeaketan esperientzia dutenak.

– Ikasle bat, ikastegiko Ikasleen Kontseiluaren proposamenari jarraiki izendatua.

– Administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat.

Azpibatzordeko burua kalitateaz arduratzen den dekanordea izango da, dekanoaren eta Kalitate Batzordearen eskuordetzaz. Azpibatzordeak berak erabakiko du zein batzordekide izango den idazkaria.

Donostiako Atalekoaren osaera hau da:

– Kalitatearen ardura duen dekanordea.

– Irakasleen gaien ardura duen dekanordea.

– Donostiako Atalaren koordinazioko dekanordea.

– Titulazioko eta Akademia Antolakuntzako Donostiako dekanordea.

– Erizaintzako Graduaren Donostiako koordinatzailea.

– Erizaintzako mailen Donostiako koordinatzaileak.

– Donostiako Erizaintzako Graduan eskolak ematen dituzten sail guztietako IRIen bi ordezkari. Ahal den neurrian, ordezkari horiek Docentiaz programan ebaluazio positiboa izan duten irakasleak izango dira, ikastegiaren edo sailen curriculum kudeaketan esperientzia dutenak.

– Ikasle bat, Donostiako Ataleko Ikasleen Kontseiluaren proposamenari jarraiki izendatua.

– Administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat, Donostiako atalekoa.

Azpibatzordeko burua Donostiako Atalaren koordinazioko dekanordea izango da, dekanoaren eta Kalitate Batzordearen eskuordetzaz. Azpibatzordeak berak erabakiko du zein batzordekide izango den idazkaria.

3.– Azpibatzordeetako kideen izendapena lau urterik behin onartuko du Fakultateko Batzarrak, dekanotza taldearen proposamenari jarraiki, ikasleen ordezkarien kasuan izan ezik. Azken horien izendapenak bi urterik behin onartuko ditu. Edonola ere, Fakultateko Batzarrak urtero berretsiko ditu azpibatzordeetarako dekanotza taldeak proposatuko dituen kide berrien izendapenak, kideak izendatu behar badira hutsuneak egoteagatik (kargua uztea, kargutik kentzea, erretiroa eta abar).

4.– Dekanotza taldeak hala proposatuz gero, Kalitate Batzordeak beste azpibatzorde batzuk eratu ahal izango ditu, aholkurako izango direnak, fakultatean indarrean egongo diren plan estrategikoen jarraipena egingo duten azpibatzordeak barne. Kalitate Batzordeak berak zehaztuko ditu azpibatzorde horien osaera, berezitasunak eta funtzionamendua, kontuan hartuta arautegi honetan eta Ikastegien Oinarrizko Arautegian jasotako jarraibideak.

6. artikulua.– Kalitate Batzordearen funtzionamendua.

1.– Arautegi honek ezartzen du nola eratuko den Kalitate Batzordea eta zeintzuk baldintza bete behar diren batzordeko kide izateko.

2.– Kalitate Batzordearen barne funtzionamenduak jarraituko dio Ikastegien Oinarrizko Arautegiko Hirugarren Atalean adierazitakoari, bileretarako; eta Medikuntza eta Erizaintza Fakultatearen Arautegian adierazitakoari, berriz, honako hauetarako: deialdiak eta bileren maiztasuna (9. artikulua), kide izatea (10. artikulua), batzordeko kideen eskubideak eta betebeharrak (11. artikulua) eta botazioa (12. artikulua).

3.– Bat etorrita 6.2 artikuluan adierazitakoarekin, honako hau ezartzen da:

– Batzordeko idazkariak, batzordeko buruak hala aginduta, bileretarako deia egingo du, bilerak egingo direla bermatuko du eta akta egingo du. Akta hori Kalitate Batzordeko kide guztiei bidaliko die eta argitara emango du, ikastegiko kide guztiak jakitun egon daitezen.

– Batzordeak bilerara joandako kideen gehiengoaz hartuko ditu erabakiak. Batzordeko buruak kalitateko botoa izango du.

4.– Kalitate Batzordearen erabakiak ikastegiko dekanotza taldeari helaraziko zaizkio, bidera ditzan.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Kalitate Batzordeko eta bere azpibatzordeetako kideek konfidentzialtasun betebeharra dute, bai eta datu pertsonalak babestekoa ere, organo horietan aztertuko diren gai guztietan.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Arautegi hau indarrean sartzean indargabetuta geratuko dira Donostiako Erizaintzako Unibertsitate Eskolako eta Leioako Erizaintzako Unibertsitate Eskolako kalitate batzordeen aurreko arautegiak (2011ko martxoaren 11ko EHAAn argitaratuak biak), bai eta Medikuntza eta Odontologia Fakultatearena ere (2011ko uztailaren 6ko EHAA).

AZKEN XEDAPENA

Arautegi hau EHAAn argitaratzen den egunean sartuko da indarrean.


Azterketa dokumentala