Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

73. zk., 2022ko apirilaren 12a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

SPRI-ENPRESEN GARAPENERAKO EUSKAL AGENTZIA
1634

EBAZPENA, 2022ko martxoaren 24koa, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze zuzendariarena, zeinaren bidez onartzen eta argitaratzen baitira 2022ko «Global Training» laguntza programa arautzen duten oinarriak, eta beketarako deialdia egiten baita.

SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak, Eusko Jaurlaritzako Ekonomi Garapen eta Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren menpeko Zuzenbide Pribatuko Erakunde Publikoak, hainbat ekintza egiten ditu bultzada bat emateko Euskal Autonomia Erkidegoko industria eta enpresen jarduerari, inbertsioari, garapenari, industri arloko dibertsifikazio eta lehiakortasunari, berrikuntzari, nazioartekotzeari, Informazioaren eta Ezagutzaren Gizarteari eta enpresen ekintzailetzari.

Zentzu horretan, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak hainbat ekintza garatzen ditu euskal enpresen nazioartekotzea sustatzeko. Ekintza horien artean aipatzekoak dira gure enpresen nazioarteko posizionamendua hobetzea helburu duten laguntza programak.

Hala, Laguntza Programa hau beraizik diseinatu da euskal gazteek prestakuntza praktikoa jaso dezaten atzerriko enpresa eta organismoetan.

Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartuak) bere 48.5 artikuluan agintzen du Autonomi Erkidegoko Aurrekontu Orokorren bidez finantzatzen diren erakundeek publizitate-printzipiora egokitu behar dutela euren dirulaguntza-jarduera.

Gorago adierazitakoaren arabera, hauxe

ERABAKI DUT:

Lehenengoa.– «Global Training» 2022 Laguntza Programaren deialdia eta oinarri arautzaileak onartzea, zeintzuen edukia atxikita baitago Ebazpen honen I. eranskinean.

Bigarrena.– Ebazpen hau osorik argitaratuko da Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean.

Hirugarrena.– Ebazpen honen kontra berraztertzeko errekurtsoa jar daiteke SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren Nazioartekotze Zuzendaritzan, hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa administrazioarekiko epaitegietan, bi hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.

AZKEN XEDAPENA

Erabaki honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Bilbao, 2022ko martxoaren 24a.

SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze zuzendaria,

AINHOA ONDARZABAL IZAGUIRRE.

ERANSKINA
GLOBAL TRAINING 2022 LAGUNTZA PROGRAMAREN OINARRI ARAUTZAILEAK

Hazkunde Adimentsu, Jasangarri eta Solidarioa helburu duen Europako 2020ko Estrategia garatzeko eta euskal ekonomiaren nazioartekotzea bultzatzeko, gehiago eta hobeto prestatutako gazteak behar ditugu, ezinbestekoak baitira gizarte jasangarria eraikitzeko; gizarte bat, non emakumeek nahiz gizonek independentzia ekonomiko parekidea izango baitute, Europako Batzordeak 2010eko martxoaren 5ean onartutako agiriak dioen bezala. Ildo horretatik, kalkulatzen da etorkizun hurbilean EBko lanpostu gehienek goi-mailako kualifikazioa eskatuko dutela, eta beharrezkoak izango diren gaitasun asko hezkuntza ez-formalaren bidez eskuratuko direla, arreta berezia jarriz nazioarteko mugikortasunari, boluntariotzari, benetako lan-inguruneetan jasotako ikaskuntza praktikoari eta gazteriaren parte-hartze aktiboari.

Horregatik, helburutzat izanik ekonomia irekiak planteatzen dituen etorkizuneko erronkei konponbideak bilatzea eta euskal gazteen gaitasunak, ezagutza, prestakuntza eta mugikortasuna hobetzea prest egon daitezen lan-merkatuan sartzeko, 2012an beka-programa bat abiarazi zen. Beka-programa horrek EAEko gazteen nazioz gaindiko mugikortasuna bultzatzen du, euren profil akademiko eta profesionalarekin zerikusia duten jarduerak eta proiektuak garatu ditzaten atzerriko enpresa eta organismoetan, aurretik planifikatutako prestakuntza-plan praktiko baten arabera. Programak horrek, dagozkion aldaketak egin ondoren, indarrean jarraitzen du euskal gazte eta enpresen trebakuntza-premiei erantzuteko.

«Global Training» beka-programak aukera ematen die Euskadiko unibertsitateko tituludun eta goi-mailako lanbide heziketako graduatu gazteei atzerrian profesionalki trebatzeko, praktika ordainduak eginez beren espezialitate akademikoarekin zerikusia duten enpresa edo erakundeetan. Proiektu honen bidez EAEko gazteen nazioz gaindiko mugikortasuna sustatzen da, euren prestakuntza osatu dezaten eta aukera izan dezaten pertsonalki nahiz profesionalki hazteko.

Programa hau jasota dago erakundearen 2022ko ekitaldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan, zeina 2021eko abenduaren 15eko Administrazio Kontseiluaren erabakiz onartu baitzen.

1. artikulua.– Xedea.

Oinarri hauen bidez finkatuko da Basque Trade & Investment-en (Nazioartekotzeko Euskal Agentzia) eta SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren «Global Training» 2022 beka-programaren kudeaketan bakarka edo lankidetzan kolaboratzen duten erakundeei emango zaizkien funts galdurako dirulaguntzen erregimena. Beka horien helburua da unibertsitateko eta goi-mailako Lanbide Heziketako titulua duten gazteek prestakuntza praktikoa jaso dezatela atzerriko enpresa eta erakundeetan.

Lankidetza horrek esan nahi du erraztu egin behar direla beken deialdirako eta hautagaien eta praktikak egingo diren enpresen aukeraketarako prozesuak, bai eta Global Training bekadunen prestakuntza-, arreta- eta jarraipen-prozesuak, oinarri hauetako I. eranskinean ezarritakoaren arabera.

2. artikulua.– Deitutako bekak.

Goitik jota 500 «Global Training» beka eskainiko dira, eta oinarri hauetan aurreikusitako baldintzen arabera, erakunde onuradun bakoitzak gutxienez 50 eta gehienez 80 beka eskainiko ditu.

3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Programa honen xedera bideratutako baliabide ekonomikoak 6.250.000 eurokoak dira, eta SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren aurrekontuetan horretarako ezarri diren aurrekontu-zuzkiduretatik etorriko dira. SPRIren aurrekontuak Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan sartuta daude.

Deialdi honen kargura emandako beken guztirako zenbatekoak ezingo du gainditu artikulu honetan jasotako zenbatekoa.

4. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Oinarri hauetako laguntzen onuradun izan daitezke «Global Training» bekak deitzen dituzten erakunde publiko edo pribatuak (I. eranskinean jasota daude), baldin eta baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Dagokion erregistroan eratuta eta erregistratuta egotea eskaerak aurkezteko epea amaitu baino gutxienez bi urte lehenagotik.

b) Gutxienez bi urteko esperientzia izatea unibertsitateko edo goi-mailako lanbide heziketako proiektu eta jardueretan, eta/edo gutxienez bi urteko esperientzia izatea gazteen lan-merkaturako gaitasunen trebakuntzan, nazioarteko mugikortasun programen bidez.

c) Erakundeen estatutuen arabera, beren jarduera-eremua Euskal Autonomi Erkidegoa izatea.

d) Nazioarteko sareren bateko kide izatea edo antzeko ezaugarriak dituzten atzerriko beste erakunde batzuekin lankidetza-hitzarmenak edo akordioak sinatuta izatea, zeintzuen bidez bermatzen den badaudela atzerriko enpresa edo organismo batzuk prest daudenak gazteei praktikaldirako aukera emateko.

e) Egunean izatea Ogasuneko eta Gizarte Segurantzako zerga betebeharrak.

f) Ez izatea administrazio-zehapenik edo zehapen penalik, dirulaguntzak edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dionik; eta ez izatea ezta ere laguntza horiek eskuratzeko ezgaitzen duen legezko galarazpenik.

g) Egunean izatea dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak.

2.– Ezingo dira onuradun izan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2. eta 13.3 artikuluetako egoeraren batean dauden erakundeak. Hona hemen egoera horiek:

– Egunean ez izatea zerga arloko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak.

– Egunean ez izatea dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak.

– Galduta izatea dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzeko aukera administrazio-zehapenen edo zehapen penalen ondorioz, edo laguntza horiek eskuratzeko ezgaitzen duen legezko galarazpenenen bat izatea.

3.– Oinarri hauek ezartzen dituzten laguntzak ordaindu aurretik, ezinbestekoa izango da amaituta egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomiadunek eta/edo SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi den eta oraindik tramitaziopean dagoen itzulketa- edo zehapen-prozedura oro.

4.– Aurreko ataletan dirulaguntzen onuradun izateko ezartzen diren baldintzak nahitaez bete behar dira laguntza-eskaera aurkezten den unetik emandako dirulaguntzaren likidazioa egin arte.

5. artikulua.– Jarduerak, diruz lagundu daitezkeen gastuak eta laguntzen gehienezko zenbatekoak.

1.– Oinarri hauen ondorioetarako, diruz laguntzeko moduko jarduerak dira: beken deialdia egitea, zabaltzea, bekadunak hautatzea eta horiei aldez aurreko prestakuntza ematea, eta beka kudeatu eta jarraitzea guztiz garatzen den arte.

2.– Hauexek dira diruz lagundu daitezkeen gastuak:

a) Bekari hasiera ematen dion prestakuntza espezifikorako ikastaroen ondoriozko gastuak. I. eranskinean ezartzen den bezala, ikastaro horiek 40-60 ordu bitarteko iraupena izango dute, eta eranskin berean zehaztutako oinarrizko programari egokituko zaizkio. Gastu horiek finantzatzeko laguntzak ez dira izango 500 eurotik gorakoak bekadun bakoitzeko.

b) Bekaren zuzkidura estaltzeko gastuak. Askoz jota hilean 1.600 euro emango zaizkio bekadun bakoitzari, gehienez 6 hilabetean. Partida horren kargura:

– Bekadunek 1.530 euroko zuzkidura gordina jasoko dute. PFEZaren eta Gizarte Segurantzaren arauek ezarritakoaren arabera, dagozkien atxikipenak egingo zaizkie aipatutako zuzkidura gordinari eta horri dagozkion ordainketei (hala badagokio).

– Gainerako zenbatekoarekin erakunde onuradunek enpresak ordaindu beharreko Gizarte Segurantzako kotizazioak ordainduko dituzte.

c) Aseguru-polizen ondoriozko gastuak. I. eranskinaren arabera, erakunde onuradunak aseguru-poliza bat sinatu behar du, bekadunak aseguru bat izan dezan gaixotasun, erantzukizun zibil eta istripu arriskuak estaltzeko, eta bidaia laguntzako beste poliza bat, azken horren osagarria dena. Gastu horiek finantzatzeko laguntzak ez dira izango 400 eurotik gorakoak bekadun bakoitzeko.

d) Erakunde onuradunek «Global Training» beka-programa abiaraztean, kudeatzean, administratzean eta haren komunikazioa eta publizitatea egitean izan dituzten gastuak. Gastu horiek finantzatzeko laguntzak ez dira izango 1.000 eurotik gorakoak emandako beka bakoitzeko.

Herrialderen bateko bisatuaren kostua oso handia bada eta, beraz, ezin bada kostu hori ordaindu bekadunaren zuzkidurarekin, erakunde onuradunek ordaindu ahal izango dute gastua partida horren kargura.

Bekadunak uko egiten badio bere bekari oinarri hauetako 14. artikuluko b) letran ezarritako justifikazioa aurkeztu ondoren eta oraindik ez bada abiatu jomugako herrialderantz edo hara heltzerik ez badu herrialdeko osasun egoeragatik nahiz mugak itxita daudelako, bertan behera geratuko da beka eta, hortaz, erakunde onuradunek bakarrik jasoko dute bekaren kudeaketari dagokion kopuruaren % 50a.

e) Horrez gain, COVID-19aren pandemiak eragin duen mundu mailako egoera honetan, eta ikusirik honelako krisiek sortzen dituzten zailtasunak mugikortasunerako eta atzerrian bizitzeko, 3. artikuluan azaldutako aurrekontuan kontingentzietarako partida berezi bat sortu da, alegia, 1.000 euro bekadun bakoitzeko.

Partida hori ezohiko kasu hauetan bakarrik erabiliko da:

– Bekadunen segurtasunari eragiten dioten ezinbesteko arrazoiengatik beharrezkoa bada ezohiko gastuak egitea, esaterako, ezohiko arreta medikorako, helmugako herrialdean bidaia eta gastu gehigarriak egiteko edo, hala badagokio, bekadunak helmugatik jatorrira aberriratzeko. Hori guztia, atzerriko 6 hilabeteko egonaldian zehar eta programaren aurrekontuaren kargura.

– Bidaia, bisa edo alokairuen gastuak ordaindu ondoren bekadunak ezin badu abiatu helmugarantz, dela osasun egoeragatik edo dela mugak itxi dituztelako, eta, beraz, bere beka bertan behera geratu bada.

Basque Trade & Investment-i eta/edo SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziari baimena eskatu behar zaie partida horri edozein gastu egotzi ahala izateko, eta baimendutako gastu guztiak egiaztagiri bidez justifikatu behar dira. Ez bada beharrezkoa partida erabiltzea, erakunde onuradunek ez dute jasoko inolako diru kopururik.

6. artikulua.– Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Oinarri hauetan ezarritako laguntzak bateragarriak izango dira beste erakunde edo organismo batzuek helburu berarekin emandako edozein laguntzarekin.

2.– Aurreko atalean aipatutakoa gorabehera, oinarri hauen babesean emandako laguntzaren zenbatekoa ez da izango laguntzak xedetzat duen programaren garapenerako guztizko kostua baino handiagoa, ez zenbateko hori bakarka hartuta ez administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatuek emandako beste laguntza edo dirulaguntza batzuk gehituta, eta ezta ere diruz lagundutako jarduera berberetarako beste edozein diru-sarrera edo baliabide gehituta. Zenbateko hori gaindituz gero, soberakina kenduko zaio laguntzari.

7. artikulua.– Aurkezteko epea, eskaerak eta dokumentazioa.

1.– Laguntza-eskaera aurkezteko epea hasiko da oinarri hauek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen diren egunaren biharamunean eta 2022ko maiatxaren 16ko gaueko 24:00etan amaituko da. Halere, publikoarentzako arreta 2022ko maiatxaren 16ko arratsaldeko 15:00etan (penintsulako ordua) bukatuko da.

2.– Eskaerak, errekerimenduak, jakinarazpenak eta oinarri hauetatik ondorioztatutako gainerako tramiteak bitarteko elektronikoen bidez egingo dira. Eskaera helbide elektroniko honetan eskuratu eta bete ahal izango da: www.spri.eus/GlobalTraining

3.– Dokumentu hauek aurkeztu behar dira eskaerekin batera:

a) Eskatzailearen NANa.

b) Erakunde eskatzailearen Identifikazio Fiskaleko Txartela.

c) Erakundearen eratze-eskriturak eta pertsona eskatzailearen ordezkatze-ahala.

d) Emandako kontuaren titulartasunaren ziurtagiria.

e) Zerga arloko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak beteta daudela egiaztatzen duten ziurtagiriak. Laguntza-eskaeran berariazko baimena eman dakioke SPRIri ziurtagiri horiek eskatzeko, baina erakunde eskatzaileak ez badu baimenik ematen horretarako, berak aurkeztu beharko ditu.

f) Oinarri hauetako 4.b) artikuluan eskatzen den esperientzia egiaztatzeko ziurtagiriak, zeintzuetan adierazi behar baitira garatutako proiektuak, deialdiak edo hitzarmenak.

g) Nazioarteko sare bateko kide dela edo atzerriko antzeko beste erakunde batzuekin hitzarmenak edo lankidetza akordioak sinatu dituela egiaztatzen duten ziurtagiriak, 4.d) artikuluan adierazitakoa betetzeko.

h) «Global Training» beka-programa bat garatzeko proiektua, honako hauek jasoz:

I.– Deialdirako proposatzen dituen eta oinarri hauen eranskinean aurreikusitako baldintzekin bat datozen «Global Training» beken kopurua.

II.– Hautatutako gazteei praktikak egingo dituzten enpresan edo erakundean sartu aurretik emango zaien prestakuntza-plana. Prestakuntza-plan horrek bere baitan bilduko ditu 40-60 ordu bitarteko ikastaroak, bat etorriko direnak oinarri hauetako II. eranskinean zehazten den oinarrizko programarekin.

III.– Egin beharreko ekintzen kronograma, proiektua deialdiaren arabera garatuko dela bermatzeko.

IV.– Aurreikusitako diru-sarrera eta gastuen eta proiektuan bildutako ekintzen garapenaren aurrekontu osoa.

V.– Erakunde eskatzaileak proiektua garatzeko dauzkan giza baliabideak, baliabide materialak edo/eta esperientzia.

VI.– Proiektuaren garapenean inplikatutako erakunde juridikoko pertsonen Curriculum Vitae-a.

III, V, VI eta VII. eranskinak ongi beteta aurkeztu behar dira. Ez badira ongi betetzen, eskatzaileari eskatuko zaio zuzendu ditzala eranskin horiek 8. artikuluan ezarritakoaren arabera.

i) Bi erakunde desberdin edo gehiagok eskaera bateratu bat aurkezten badute lankidetza modalitatean, eskaerarekin batera aurkeztu beharko dute baita ere erakunde kooperatzaile guztiek sinatutako lankidetzako barne-akordio bat. Akordio horretan zehatz-mehatz azalduko dute nola lagunduko duten bikaintasuna lortzen proiektuaren fase desberdinetan, nola egingo duten beken publizitatea, deialdia eta hautagaien aukeraketa, nolako prestakuntza eskainiko duten, nola bilatuko dituzten jardunbide egokienak eta nola monitorizatuko duten prozesu osoa.

j) Erantzukizunezko aitorpen bat, bertan adieraziz erakundeak ez duela jaso administrazio zigorrik, ez eta zigor penalik sexuagatiko bazterkeria kasu bategatik, eta ez duela laguntza deialdietan parte hartzeko debekurik, Emakumeen eta Gizonen berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera.

k) Dirulaguntza gehiago eskatu badira helburu bererako beste erakunde batzuetan, laguntza horien eskaeren kopia. Dirulaguntza horiek eman badira dagoeneko, ebazpenaren kopia.

4.– Basque Trade & lnvestment (Nazioartekotzeko Euskal Agentzia) edo/eta SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak erakunde eskatzaileei eska diezaiekete aurkeztu ditzatela laguntza eskaeran aurkeztutako proiektua egoki ulertzeko eta ebaluatzeko beharrezkotzat jotzen duten beste edozein dokumentu edo informazio osagarri.

5.– Ez da derrigorrezkoa Basque Trade & Investment (Nazioartekotzeko Euskal Agentzia) edo/eta SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren esku dauden indarreko dokumentuak aurkeztea. Erakunde eskatzaileak dagoeneko aurkeztu badu dokumentazio hori, eskaeran adierazi beharko du zein egunetan eta zein organo edo bulegotan aurkeztu zuen.

6.– Laguntza-eskaera eta gainerako dokumentazioa edozein hizkuntza ofizialetan aurkeztu daitezke. Gainera, laguntza-eskaeratik eratorritako jarduketetan eta prozedura osoan zehar erabiliko da erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean ezarritakoaren arabera.

8. artikulua.– Onarpena eta zuzenketa.

Basque Trade & Investment-ek (Nazioartekotzeko Euskal Agentzia) eta/edo SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak ikusten badute oker, akats edo zehaztugabetasunen bat dagoela aurkeztutako dokumentazioan, horren berri emango diote erakunde eskatzaileari, zeinak 10 egun izango baititu akatsa zuzentzeko, eta baita ere esango diote, akatsa zuzendu ezean, ulertuko dela atzera egin duela eskaeran. Epe hori igaro bada zuzenketa egin gabe, ebazpen bidez adieraziko da uko egin zaiola eskaerari.

9. artikulua.– Esleipen prozedura.

Dirulaguntzak lehiaketa bidez esleituko dira. Horretarako, aurkeztutako eskaera guztiak alderatuko dira eskaeren lehentasun-hurrenkera ezartzeko, 10. artikuluan ezarritako irizpideen arabera. Ondoren, dirulaguntza emango zaie gutxieneko puntuazioa lortu duten proiektuen artean puntu gehien dituztenei, beti ere lehentasun-hurrenkerari jarraiki eta deialdiari dagokion zuzkidura ekonomikoa agortu arte.

10. artikulua.– Balorazio-irizpideak eta haztapen-faktoreak.

Balorazio-irizpideak oinarri hauetako IV. eranskinean zehaztutakoaren arabera haztatuko dira. Onuradun izaera eskuratzeko, derrigorrezkoa da gutxienez 60 puntu lortzea.

Irizpideen azalpena:

1.– Praktiken argitasuna (0-15 puntu): honakoei buruzko informazioa eman behar da: enpresa edo organismoaren jarduera, sektorea, jatorria eta tamaina; eskatzen den profila; praktikaldia egingo den helmuga geografikoari buruzko informazioa; bekadunak egin beharko dituen zereginen azalpena.

2.– RIS3 enpresa eta organismoetan egingo diren praktiken portzentajea (10 puntu): kontuan hartuko da aurkeztutako praktika guztien % 25 gutxienez RIS 3 sektore bateko enpresa eta organismoetan egitea, halako moldez non programaren lehentasunak bat etorriko baitira Eusko Jaurlaritzaren Industria Garatzeko eta Nazioartekotzeko 2021-2024 Plan Estrategikoarekin.

3.– Atzerriko enpresa eta organismoen portzentajea (15 puntu): Erakundeek lankidetza-akordioak sinatu ditzakete euskal enpresekin zein Estatuko organismoekin, baina nola programaren helburua den bekadunek beste enpresa-kultura batzuk ezagutzea eta haietatik ikastea, baloratuko da aurkeztutako praktika guztien % 80 gutxienez atzerriko enpresa eta organismoetan egitea.

Euskal enpresetan eta Estatuko organismoetan eginiko praktiken portzentajea % 20koa baino handiagoa bada, proiektuak ez ditu jasoko atal honetako 15 puntuak eta, horrezaz gain, % 20ko gehienezko portzentaje horretatik gora geratzen diren eta unibertsitate-tituludunak eskatzen dituzten praktikak ez dira kontuan hartuko artikulu honetako 5. ataleko balorazioa egitean.

Lanbide Heziketako tituludunak eskatzen dituzten euskal enpresetan nahiz Estatuko organismoetan egiten diren praktiken kasuan, aintzat hartuko da kolektibo horretako kideek unibertsitateko tituludunek baino aukera gutxiago dituztela atzerrian praktikak egiteko, eta horregatik ez dira kontuan hartuko atzerriko enpresetako praktiken portzentajea kalkulatzean.

Irizpide hori ebaluatzeko, Euskadiko edo Estatuko enpresen filialak, sukurtsalak eta ordezkaritza-bulegoak ez dira hartuko atzerriko enpresatzat, eta ezta ere Estatuko organismoek atzerrian dituzten delegaritzak edo/eta ordezkaritzak.

4.– Beka-aldiaren iraupena luzatzea erakunde onuradunaren edo praktikak egiten diren enpresa edo organismoaren kontura (0-30 puntu): beka-aldia 6 hilabetez luzatu ahal izango da gehienez, eta horretarako, enpresa edo organismoak oinarri hauetako V. eranskinean jasotako aurre-akordio eredua sinatu beharko du.

Azken deialdietako esperientziak erakusten du zenbait diziplina akademikotan ez dela posible beka-aldiaren iraupena luzatzea, eta bermatzeko programa honetan diziplina guztiek izango dutela tokia eskaintza apropos eta interesgarriekin, aurkeztutako eskaintzen % 10ari ez zaio aplikatuko balorazio-irizpide hori. Hauek dira salbuespen honetan sartzen diren diziplinak: Ingurumen Zientziak, Biologia, Artea, Artearen Historia, Arte Ederrak, Geografia eta Historia, Kultur Kudeaketa, Filologia, Itzulpengintza eta Interpretazioa, Psikologia, Kirola eta Gorputz Hezkuntza, Musika, eta Ostalaritza eta Sukaldaritza.

5.– Eskainitako beka kopurua (gehienez 10 puntu): puntu gehiago lortuko dira 60 beka edo gehiago aurkeztuz gero.

6.– Erakundeen arteko lankidetza eraginkor eta erreala (10 puntu): kontuan hartuko da bi erakunde edo gehiagok euren proiektua lankidetzan aurkeztea. Lankidetzaren helburua izan behar da bikaintasuna lortzea proiektuaren fase desberdinetan: beken publizitatea, deialdia eta hautagaien aukeraketa, prestakuntza, jardunbide egokien bilaketa eta prozesu osoaren monitorizazioa.

7.– Hautagaitzen ratio handiagoa (5 puntu): programaren aurreko deialdian emandako bekak baino hautagaitza-ratio handiagoa lortzen duten erakundeek puntu gehiago izango dituzte.

8.– Emandako bekak guztira (5 puntu): kontuan hartuko da aurreko deialdian emandako beka guztiak esleitu izana. Gerta liteke hautagaiek beka ez onartzea edo bekari uko egitea helmugara abiatu aurretik; kasu horietan, bekak esleitutzat joko dira, eta, beraz, ez da zigortuko erakunde eskatzailea.

Artikulu honetan jasotako irizpideak hobeto ebaluatzeko, eskatzaileak beteta aurkeztu beharko ditu VI. eranskina (Eskainitako praktiken laburpen-koadroa) eta VII. eranskina (Eskainitako praktika bakoitzaren xehetasunak).

11. artikulua.– Eskaeren analisia eta ebaluazioa.

1.– Baliorazio-batzordearen zeregina izango da aurkeztutako eta onartutako eskaerak aztertzea eta ebaluatzea. Honako hauek osatuko dute Balorazio-batzordea:

– Basque Trade & Investment – Nazioartekotzeko Euskal Agentziako Nazioartekotze zuzendaria, Batzordeko presidentea izango dena: Ińaki Ezkurra.

– Basque Trade & Investment – Nazioartekotzeko Euskal Agentziako Programen teknikaria, Batzordeko bokala izango dena: Enbor Barruetabeńa.

– SPRIko Nazioartekotze Programen teknikaria, Batzordeko bokala izango dena: Inmaculada López.

– SPRIren Nazioartekotze Programen Tramitaziorako arduraduna, Batzordeko idazkaria izango dena: Iker Arruabarrena.

Basque Trade & Investment (Nazioartekotzeko Euskal Agentzia) izango da SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren erakunde kolaboratzailea, eta hauek izango dira bere zereginak:

a) Bidalitako dokumentazio teknikoa aztertzea.

b) Egindako gastu hautagarriak behar bezala egin direla egiaztatzea.

c) Egindako ikuskapenei buruzko txostenak egitea.

d) Gerta litezkeen gorabeherak SPRIri jakinaraztea.

e) Oinarri hauetan jasotako guztiak.

2.– Lehiaketan parte hartzeko bete behar diren eskakizunak eta oinarri hauetan ezarritako balorazio-irizpideak oinarritzat harturik, Balorazio-batzordeak proiektu guztiak aztertu eta kalifikatuko ditu, aurkeztu eta onartutako eskaerak ordenatuko ditu goitik beheranzko zerrenda batean (lortu dituzten puntuen arabera) eta orobat adieraziko du bakoitzari proposatutako praktika kopurua, deialdi honi dagokion zuzkidura ekonomikoa agortu arte.

Azken bien artean berdinketa gertatzen bada, 10. artikuluko 4. irizpidean (beka-aldiaren iraupena) puntu gehien lortu dituen erakundea lehenetsiko da. Berdinketak jarraitzen badu, 10. artikuluko 1. irizpidean (praktiken argitasuna) puntu gehien lortu dituen erakundea lehenetsiko da.

3.– Batzordearen erabakia oinarritzat harturik, proposamen bat idatziko da erakunde onuradunei bekak esleitzeko, eta SPRIko Nazioartekotze Zuzendaritzari bidaliko zaio.

12. artikulua.– Ebazpena, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epeak, jakinarazteko modua, eta publizitate-prozedura.

1.– Deialdi honetan aurkeztutako eskaerak prozedura bakar baten bitartez izapidetuko dira. Prozedura horren ebazpena SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren Nazioartekotze Zuzendariari dagokio.

2.– Ebazpenak erabakiko du dirulaguntzak emango diren ala ez eta, ematen badira, honako alderdi hauek adieraziko dira: erakunde onuradunaren izen soziala, onartutako «Global Training» beka-proiektuaren zenbatekoa, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa, eta diru horrekin finantzatuko den beka kopurua. Ukatuak izan diren eskaeren kasuan, eskatzaileen izen soziala eta ukatuak izateko arrazoiak adieraziko dira.

3.– Aurreko paragrafoan aipatutako Ebazpenak administrazio-bidea agortzen du. Interesatuek ebazpenaren kontrako berraztertze errekurtsoa jarri ahal izango diote SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze Zuzendaritzari, eta horretarako, hilabeteko epea izango dute jakinarazpenaren biharamunetik kontatzen hasita.

4.– Ebazpena banan-banan jakinaraziko zaie erakunde interesatuei, baina, denek izan dezaten horren berri, programaren web orrian (www.spri.eus/Global Training) eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ere argitaratuko da erakunde onuradunen zerrenda, bertan adieraziz bakoitzak kudeatuko duen beka kopurua eta jaso duen laguntzaren zenbatekoa.

5.– Prozedura ebazteko eta ebatzitakoa erakunde interesatuei jakinarazteko gehienezko epea sei hilabetekoa izango da, laguntzen deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita, eta epe horren ostean ebazpenik jakinarazten ez bada, dirulaguntzaren eskaera ukatu dela ulertu beharko dute interesatuek.

6.– Oinarri hauetan aurreikusitako dirulaguntzak esleitu eta, hala badagokio, ordaindu aurretik, ezinbestekoa izango da SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren menpeko erakunde autonomoek eta/edo sektore publikoko gainerako erakundeek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi den eta oraindik tramitaziopean dagoen itzulketa- edo zehapen-prozedura oro amaituta egotea. Baldin eta prozedura amaitzean erabakitzen bada erakundeak galdua duela dirulaguntzak jasotzeko gaitasuna edo diru kopuru bat itzuli behar duela eta ordainketa hori ez bada egiten horretarako ezarritako borondatezko epean, dirulaguntza bertan behera geratuko da, erakunde horrek onuradun izateko debekua duelako.

13. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Oinarri hauen babesean ematen diren dirulaguntzen erakunde onuradunek derrigor bete behar dituzte azaroaren 17ko Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan ezarritako betebeharrak, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen (azaroaren 11ko 1/1997 Dekretu Legegilearen bidez onartua) testu bateginaren 50.2 artikuluan jasotakoak, eta baita ere bekadunekin hartzen dituztenak, oinarri hauetako I. eranskineko VII. atalean aurreikusitakoaren arabera. Zehazki, hauexek dira betebehar horiek:

a) Emandako dirulaguntza onartzea. Zentzu horretan, ulertuko da erakundeak dirulaguntza onartzen duela, baldin eta ez badio espresuki eta idatziz uko egiten laguntza emateko ebazpena jakinarazi eta 15 egun naturaleko epean.

b) Dirulaguntza erabiltzea dirulaguntzan adierazitako helbururako eta aurreikusitako gastuak finantzatzeko.

c) SPRIri eta Basque Trade & Investment-Nazioarteko Euskal Agentziari berehala jakinaraztea laguntzak edo dirulaguntzak edota beste edozein diru-sarrera edo baliabide jaso dutela hemen ezarritako xede berbererako beste edozein Administraziotatik edo erakunde publiko edo pribatutatik.

d) Lankidetza-akordio espezifikoak sinatzea praktikak eskainiko dituzten atzerriko enpresa edo organismoekin, zeintzuetan argi zehaztuko baitira praktikaldia garatzeko baldintza material eta teknikoak. Baldin eta bekadunaren egonaldia formalizatzeko beharrezkoa bada bisa bat edo bestelako baimenen bat lortzea, erakunde onuradunak helmugako enpresa edo organismoei eskatuko die aldez aurretik ziurtatu dezatela betetzen dituztela herrialde horrek eskatzen dituen baldintza guztiak.

e) Bermatzea eskatutako profila betetzen duten hautagai guztiek aukera izango dutela interesatzen zaizkien eskaintza guztietara aurkezteko. Zentzu horretan, debekatuta dago aurrez aukeratutako pertsona zehatz bati zuzendutako eskaintzak egitea.

f) «Global Training» beken deialdia egitea oinarri hauetako I. eranskinean adierazitako ezaugarri guztiekin, eta emandako beka guztiak kudeatzea, hasi aukeraketatik eta praktikak amaitu arte.

«Global Training» beken berri emateko elementu guztietan (web orrietan, prentsako edo aldizkarietako iragarkietan...) nahiz deialdi-, aukeraketa-, esleipen- eta jarraipen-prozesuetako dokumentu guztietan agertu behar dira «Global Training» beka-programa identifikatzen duen logoa, Basque Trade & Investment-en (Nazioartekotzeko Euskal Agentzia) logoa, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren logoa eta Eusko Jaurlaritzaren logoa.

Horrez gain, aipatutako elementu eta dokumentuetako testuetan espresuki eta behar adina aldiz adieraziko da beka horiek Basque Trade & Investment-en (Nazioartekotzeko Euskal Agentzia), SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren eta Eusko Jaurlaritzaren ekimena direla.

g) Solaskide bakar bat izendatzea Basque Trade & Investment-ekin (Nazioartekotzeko Euskal Agentzia) eta SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziarekin egin behar diren tramite guztietarako. Bi erakundek edo gehiagok lankidetzako modalitatean parte hartzen badute Global Training programan, solaskide bakar horrek erakunde guztiak ordezkatuko ditu.

h) SPRIren sozietate filiala den Basque Trade & Investment-i (Nazioartekotzeko Euskal Agentzia) behar besteko aurrerapenarekin jakinaraztea zein den aukeraketa-prozesuko elkarrizketen egutegia, bere ordezkariak elkarrizketetara joan daitezen.

i) Ziurtatzea ematen direla aurretiazko prestakuntza-ikastaroak.

j) Beka emateko agiria egitea, jakinaraztea eta argitaratzea, I. eranskineko V. artikuluko 4 eta 5 ataletan adierazten den bezala.

k) Beka bakoitzaren aseguruak kudeatzea.

l) Bekadunei alta ematea Gizarte Segurantzan.

m) Emandako «Global Training» beka guztien jarraipena egitea, egiaztatzeko bekadunak betetzen dituela ezarri zaizkion baldintzak programan dagoen bitartean. Horretarako, dagozkien txostenak eskatuko zaizkie bekadunei eta praktikak garatuko diren enpresa edo organismoei.

n) Hilean behin bekadunek jasandako aldaketen (helmugara abiatzea, uko egitea, Euskadira itzultzea, azken orduko aldaketak, etab.) berri ematea SPRIren sozietate filiala den Basque Trade & Investment-i (Nazioartekotzeko Euskal Agentzia).

o) Harremanetarako telefono bat gaitzea larrialdietarako, Basque Trade & Investment-en (Nazioartekotzeko Euskal Agentzia) eta SPRIren zerbitzura egongo dena.

p) Agiri bidez dokumentatzea emandako «Global Training» beken kopurua eta beren ezaugarriak. Agiri horiekin batera beken garapenaren laburpen-txosten bat aurkeztu beharko da.

q) Kontrol Ekonomikorako Bulegoak eta Herri Kontuen Epaitegiak eskatutako informazio guztia ematea, laguntzen xedearen fiskalizazio-eginkizunak betetze aldera.

r) Ez-betetzeren bat detektatzen bada laguntza emateko baldintzetan, jasotako zenbatekoak itzultzea.

s) Bekadunari dagokion zuzkidura ordaintzea. Ordainketa hori hiru zatitan egingo da: lehena, % 50ekoa, beka eman ondoren eta praktikak hasi baino lehen; bigarrena, % 40koa, praktikaldiaren erdia betetzen den hilabetean; eta hirugarrena, gainerako % 10a, praktikak amaitzean eta eskatutako agiri guztiak aurkeztutakoan.

t) Bi erakundek edo gehiagok eskaera bateratu bat aurkezten badute lankidetzako modalitatean, proiektuaren kudeaketa bakarra eskaintzea. Hau da, ezingo dituzte bekak erakunde kooperatzaileen artean banatu eta bereizita kudeatu.

14. artikulua.– Dirulaguntzak ordaintzea eta erakunde onuradunek laguntza justifikatzea.

1.– «Global Training» beka-programaren erakunde onuradunei emandako laguntzak 13. artikuluan aipatutako epea igarotakoan ordainduko dira, betiere ez bazaio laguntzari espresuki uko egin. Ordainketa honela egingo da:

a) Lehenengo ordainketa (zenbatekoaren % 50) laguntza onartzen denean egingo da, gastu hauetarako: prestakuntza, aseguru-polizak, beka abian jartzeko gastuak, eta kudeaketa, administrazio, komunikazio eta publizitate gastuak.

b) Bigarren ordainketa (zenbatekoaren % 40), datu eta agiri hauek aurkeztutakoan:

– Bekadunen zerrenda: zerrenda horretan datu hauek zehaztuko dira: izen-abizenak, NANa, jaiotza-data, generoa, telefonoa, posta elektronikoa, ikasketak, hizkuntzak, eta esleitu zaizkion enpresa, herrialdea eta hiria. Horrez gain, SPRIren sozietate filiala den Basque Trade & Investment-ek (Nazioartekotzeko Euskal Agentzia) beharrezkotzat jotzen duen informazio gehigarri guztia eskatu ahal izango du bekadunei eta esleitutako enpresei buruz.

– Aukeratutako bekadun bakoitzari emandako beka indibidualen agiriak, I. eranskineko V. artikuluko 4 eta 5 ataletan adierazitakoaren arabera.

Bekadunen zerrenda aurkezteko azken eguna 2022ko abenduaren 31 izango da. Behin bekadunen zerrenda aurkeztu ondoren, ezingo da beka gehiagorik eman, ezta 2022ko abenduaren 31tik aurrera ere.

c) Hirugarren eta azken ordainketa (gainerako % 10a, kontzeptu guztiengatik gehi kontingentziengatik, halakorik balego), sei hilabeteak amaitu eta justifikatu ostean egingo da. Erakunde onuradunek egiaztatzen badute azken ordainketa horren aurrerakin bat behar dutela «Global Training» beken kudeaketak eragindako gastuei aurre egiteko, eskaera bat egin beharko diote SPRIren sozietate filiala den Basque Trade & Investment-i (Nazioartekotzeko Euskal Agentzia), eta horrekin batera 180.303,63 euro baino gehiagoko aurrerakinetarako bankuko abal bat ere aurkeztu beharko dute. Aurrerakinak eskatu ahal izango dira 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera, eta eskaera egin denetik askoz jota 2 hilabetera ordainduko dira.

2.– Justifikazioak SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentzian aurkeztu beharko dira, deialdi honen aurrekontuaren kargura garatutako proiektua amaitzen denetik hilabeteko epean, eta beranduen jota 2023ko azaroaren 30a baino lehen.

3.– Justifikaziozko agirien artean honako hauek aurkeztuko dira gutxienez:

– Bekadunak egin dituen zeregin eta jardueren txosten xehea.

– Bekaren garapenaren txosten orokorra, enpresen eta bekadunen zerrendarekin.

– Erakunde onuradunak bekadunei eginiko bankuko transferentzien ziurtagiria.

– Gizarte Segurantzari eginiko ordainketen ziurtagiria (langileen zerrenda nominala, alta eta baja agiriak, etab.).

– Kontratatutako aseguruen ziurtagiriak.

– Prestakuntza-ikastaroak antolatzeagatiko kostuaren ziurtagiriak.

– Kudeaketa, administrazio, komunikazio eta publizitate gastuen ziurtagiriak.

Faktura guztiak BEZ gabe egingo dira, salbu eta erakunde onuradunak BEZa ordaintzetik salbuetsita dauden jarduerak bakarrik egiten baditu. Kasu horretan, dagokion ogasunaren ziurtagiria aurkeztu behar da.

Ez da onartuko auto-fakturaziorik, ez eta erakunde kooperatzaileen arteko fakturaziorik.

Erakunde onuradunaren barneko langileek garatu badituzte prestakuntza, administrazio, komunikazio edo publizitate jarduerak, espresuki adierazi beharko dira pertsona horien izenak, egin dituzten zereginak, jarduerari eskaini dizkioten orduak eta ordu horien kostua.

Prestakuntza-ikastaroa emateko erakunde onuradunaren barruko aretoak erabiltzeagatiko gastuak egotzi behar badira, orduak eta horien kostua adieraziko dira, erakundeko aretoak erreserbatzeko tarifa ofizialak aurkeztuz.

Ez da ordainketarik egingo onuradunak ez baditu egunean bere zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak edo zorduna bada dirua itzuli behar duela dioen ebazpenen baten ondorioz.

15. artikulua.– Aldaketak praktiken eskaintzan.

1.– Erakunde eskatzaileek erreserbako praktikak aurkeztu ahal izango dituzte praktika nagusiak ordezkatzeko. Erreserbako praktika horiekin praktika nagusiak ordezkatu ahal izango dira zenbait profilen gabezia nabaritzen bada edo ordezkapenak egin behar badira praktikak bertan behera geratu direlako zenbait arrazoirengatik, hala nola bisak edo baimenak ezin lortzeagatik, mugak ixteagatik, herrialdeko segurtasun baldintzek okerrera egiteagatik, helmugako enpresa edo organismoek alde bakarreko erabakiz praktikak bertan behera uzteagatik edo sor litezkeen ezinbesteko beste arrazoi batzuengatik.

2.– Erreserbako praktikak aurkeztu nahi dituzten erakunde eskatzaileek VI. eranskinean (Eskainitako praktiken laburpen koadra) praktika nagusientzako eskatzen den informazio bera aurkeztu beharko dute, erreserbakoak eta nagusiak bereiziz bakoitzari dagokion zutabean.

3.– Praktika nagusiak erreserbako praktikekin ordezkatuko dira, baldin eta antzeko ezaugarriak badituzte oinarri hauetako 10. artikuluan adierazitako balorazio-irizpideetan.

4.– Salbuespen gisa, gutxienez erreserbako 10 praktika aurkeztu dituzten erakunde onuradunek aukera izango dute praktika nagusien ordez erreserban ez zeuden beste praktika batzuk egiteko. Horrelakoetan, onuradunak frogatu beharko du ezinezkoa dela praktika nagusiak erreserbakoekin ordezkatzea eta, nolanahi ere, SPRIren sozietate filiala den Basque Trade & Investment-en (Nazioartekotzeko Euskal Agentzia) baimena beharko du.

16. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Erakunde onuradunak ez badu betetzen oinarri hauetan ezarritakoa, aurkeztutako datuak faltsuak badira edo dirulaguntzan adierazitakoa ez den beste helburu baterako erabili badu dirua, SPRI-Enpresa Nazioartekotzeko Euskal Agentziak ez-betetze espedientea tramitatuko du eta onuradunak dirulaguntza galduko du; hala, bi hilabeteko epean laguntzaren zenbatekoa gehi dagozkion interes legalak itzuli beharko ditu, egoki diren gainerako ekintzen kalterik gabe, hori guztia azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartzen duen Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginean ezarritakoaren arabera.

2.– Ez-betetzetzat hartuko da baita ere Dirulaguntzen Lege Orokorreko 37. artikuluan aurreikusitako egoeraren batean egotea.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Aplikatzekoa den araudia.

Programa honi araudi hau aplikatuko zaio:

1.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta Lege hori garatzen duen Araudia (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua) dirulaguntza arloko oinarrizko legeriari dagokion guztian.

2.– 1/1997 Legegintza Dekretua, Euskadiko Ogasun Orokorraren Antolarauei buruzkoa.

3.– Abenduaren 17ko 698/1991 dekretua, zeinaren bidez arautzen baita Euskal Autonomi Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura emandako dirulaguntzen berme eta ordainketen araubide orokorra, eta zeinetan finkatzen diren berorren kudeaketan parte hartzen duten erakunde kolaboratzaileen baldintzak, erregimena eta betebeharrak.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Datuen Babeserako 2016/679 (EB) Araudian eta datu pertsonalen babesari dagokionez aplikatzekoak diren gainerako arauetan ezarritakoari jarraiki, jakinarazten da jasotako datuak tratatuko ditugula eskatutako laguntza-espedientea kudeatzeko, kontuan izanik datuen tratamenduaren oinarri juridikoa funtzio publikoa dela, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren sorrera-estatutuetan ezarritako helburuei jarraiki.

Informazio hori eman ahal izango zaie enpresa kolaboratzaileei, gai honetan eskumenak dauzkan Administrazio Publikoari eta SPRI taldeko enpresei (ikusi http://www.spri.eus/es/quienes-somos/sociedades-del-grupo-spri).

Interesa duen pertsona orok erabil ditzake Datu Pertsonalen Babeserako Araudi bidez babestuta dauzkan eskubideak SPRIren aurrean. Horretarako, idatzi bat bidali beharko da lopd@spri.eus helbidera. Era berean, harremanetan jar daitezke erakundeko Datuen Babeserako Ordezkariarekin helbide elektronikoan.

SPRIk Datu Pertsonalen Babeserako esparruan egiten duenaren inguruko informazio gehigarriaren eta xehakatuaren berri izateko, jo web-orrialdeko Pribatutasun-politikara.

Jakinarazten da datuen babesa eskatu behar bada, Datuen Babeserako Euskal Agentzia (www.avpd.euskadi.eus) dela kontrolerako autoritatea duena.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak oinarri hauekiko hartzen dituen erabakiek administrazio-izaera dute, eta, beraz, administrazioarekiko auzien jurisdikzioa izango da jurisdikzio eskuduna.

I. ERANSKINA
«GLOBAL TRAINING» BEKA-PROGRAMAREN OINARRIAK

I.– Helburua.

«Global Training Bekak» laguntza-programaren helburua da Euskal Autonomia Erkidegoko gazteen nazioz haraindiko mugikortasuna bultzatzea, gazte horiek beren ikasketa- eta lanbide-profilarekin lotutako jarduerak eta proiektuak egin ditzaten atzerriko herrialdeetako enpresetan eta erakundeetan, aldez aurretik planifikatutako prestakuntza praktikoko plan batekin. Horretarako, Basque Trade & Investment (Nazioartekotzeko Euskal Agentzia) erakundeak eta SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak laguntza ekonomikoak ematen dizkiete programa hori garatzeko gaituta dauden erakundeei, unibertsitateko tituluak eta goi-mailako lanbide-heziketako tituluak dituzten gazteek –erakunde horiek hautatutakoek eta prestatutakoek– aukera izan dezaten praktikak egiteko atzerriko enpresa eta erakundeetan. Laguntza horien araubidea jasota dago oinarriotan eta oinarriei atxikita doan eranskin honetan.

II.– «Global Training» beken edukia.

1.– Programari atxikitako erakunde arduradunek ematen dituzten bekek honako hauek barne hartzen dituzte:

a) 40-60 ordu bitarteko prestakuntza-ikastaro bat, bekadun guztiek derrigorrez egin behar dutena; ikastaro horren gutxieneko edukia zehaztuta dago deialdi honetako II. eranskinean eta beken erakunde arduradunak, hau da, laguntza-programaren onuradunak emango du praktikak hasi aurretik.

b) Gutxienez 6 hilabeteko eta gehienez 12 hilabeteko egonaldi bat atzerrian praktikak egiteko enpresa edo organismo kolaboratzaile batean.

2.– Bekaduna bekadun bihurtuko da erakunde arduradunak beka eman izanaren agiria igortzen duenean.

III.– «Global Training» beken onurak eta mugak.

1.– Guztira 500 beka eskainiko dira.

2.– Programa honetako bekak jasotzen dituztenek onura hauek izango dituzte:

a) 40 eta 60 ordu bitarteko doako prestakuntza-ikastaro bat praktikak hasi aurretik; beken erakunde erakundeak antolatu eta ordainduko du ikastaro hori eta bekadunek derrigorrez egin beharko dute, bestela beka galduko dute eta.

b) Hileko 1.530 euroko zuzkidura gordina gastu hauek ordaintzeko: helmugako herrialdera joateagatiko gastuak, mantenua eta ostatua eta, beharrezkoa balitz, bisak lortzeko edo txertoak jartzeko gastuak. PFEZaren eta Gizarte Segurantzaren arauek ezarritakoaren arabera, dagozkien atxikipenak egingo zaizkie aipatutako zuzkidura gordinari eta horri dagozkion ordainketei (hala badagokio).

c) Erantzukizun zibileko eta istripuetako arriskuak estaltzeko polizak eta Bidaia Laguntzako beste poliza bat, azken horren osagarri dena. Erantzukizun zibileko polizaren bidez estaltzen dira aseguratuak bere beka-aldian hirugarrenei eragindako kalteen ondorio ekonomikoak.

Hauexek dira istripu polizak estaltzen dituen gertaerak: heriotza, ezintasun iraunkor absolutua, osoa eta partziala (baremoaren arabera). Eta Bidaia Laguntzako polizaren bidez estaltzen dira aseguratuak helmugako herrialdean izan ditzakeen istripu eta/edo gaixotasunak (pandemiak barne).

Poliza horien eremu geografikoa mundu osora hedatzen da.

3.– Beka emateak eta hartaz baliatzeak ez du inolako kontratu edo estatutu bidezko harremanik sortuko bekadunaren eta beken erakunde arduradunaren, Basque Trade & Investment-en (Nazioartekotzeko Euskal Agentzia), SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren edo praktikak egiten diren enpresa edo erakundeen artean.

IV.– «Global Training» bekak eskuratzeko baldintzak.

1.– «Global Training» bekak eskuratu nahi dituztenek baldintza hauek bete eta egiaztatu beharko dituzte:

a) Administrazio-auzotasuna Euskal Autonomia Erkidegoan izatea, eskabideak aurkezteko epea irekitzen den unea baino gutxienez 12 hilabete lehenagotik edo 5 urtez jarraian aurreko 10 urteetan.

b) Unibertsitateko gradu-titulua edo goi-mailako Lanbide Heziketako titulua edukitzea. Onartuko dira atzerrian lortutako tituluak, baldin eta tituluarekin batera aurkezten bada agintaritza eskudunak egindako homologazioa edo baliokidetza.

c) Praktikak egingo diren enpresak edo erakundeak eskatutako profilera egokitzea.

d) 2022ko urtarrilaren 1ean 30 urte bete gabe izatea.

e) Ingelesa jakitea. Unibertsitateko irakaskuntza ofizialetako graduko tituluen kasuan, erreferentziatzat hartuko da B2 maila, eta goi-mailako Lanbide Heziketako tituluen kasuan, B1 maila. Baldin azken 4 urteetan hautagaiak ez badu eskuratu eskatzen zaion hizkuntza-maila egiaztatzeko titulu ofizialik, ahozko eta idatzizko proba bat egin beharko du eta eskatutako ingeles-mailari dagozkion ezagutzak egiaztatu beharko ditu.

f) Beka onartzeko unean ez izatea beka normaltasunez garatzea eragozten duen gaixotasunik edo muga fisiko edo psikikorik, ez eta eguneroko bizitza mugatzen duen patologiarik.

g) Antzeko prestakuntza-helburua duten eta unibertsitate-tituludunei zuzenduta dauden laguntza edo beken onuradun ez izatea, baldin eta beka eta laguntza horren bidez 6 hilabete edo gehiagoko praktikak egin badira nazioarteko erakunde edo enpresetan. Zehazki, beka hauek ez dira bateragarriak beste hauekin: aurreko ekitaldietako Global Training bekak, ICEXenak edo beste administrazio autonomiko batzuenak, merkataritza-ganberenak, merkataritza sustatzeko EBko erakundeenak edo antzeko beste erakunde batzuenak.

h) Lanik edo praktikarik egin ez izana Global Training praktikak egingo diren enpresa edo erakundeetan.

i) Egunean egotea indarrean dauden xedapenek agindutako zerga betebeharretan eta Gizarte Segurantzarekikoetan.

j) Oinarri hauen bitartez araututako bekarik ez dute jasoko bekak edo dirulaguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratibo edo penalen bat dutenek, edo horretarako legezko debekuren bat dutenek, sexu-diskriminazioaren ondoriozko debekuak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 4/2005 18 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean xedaturikoari jarraiki.

k) Ez dira onuradun izango Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko kasuren batean dauden pertsonak.

2.– Ondoko hauek aurkeztuko zaizkio beken erakunde arduradunari egiaztatzeko betetzen direla aurreko atalean jasotako baldintzak:

a) Jaiotza-data egiaztatzeko dokumentazioa (NANa, jaiotza-agiria edo datu hori modu frogagarrian egiaztatzen duen beste edozein agiri).

b) Curriculum vitaea.

c) Artikulu honetan zehaztutakoari jarraiki, administrazio-auzotasuna Euskal Autonomia Erkidegoan duela egiaztatzen duen dokumentazioa.

d) Eskatutako titulua baduela eta hautaketa-prozesua amaitu aurretik eskuratu duela ziurtatzen duten egiaztagiriak. Titulu hori atzerrian eskuratutakoa bada, baita ere aurkeztuko da agintaritza eskudunak egindako homologazioa edo baliokidetza.

e) Eskatutako hizkuntza-maila ziurtatzen duen egiaztagiria, gehienez ere 4 urteko antzinatasuna duena. Halakorik izan ezean, hizkuntza-maila egiaztatzeko ahozko eta idatzizko proben emaitzak aurkeztu beharko dira.

f) Erantzukizun adierazpena, honako hauek adieraziko dituena:

– Ez duela beka normaltasunez garatzea eragozten duen gaixotasunik edo muga fisiko edo psikikorik; edo beka onartzeko orduan ez duela eguneroko bizitza mugatzen duen patologiarik.

– Ez dela izan antzeko beka baten onuradun, artikulu honetan xedatutakoarekin bat etorriz.

– Ordainduta dituela dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak.

– Egunean dagoela zerga arloko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharretan.

3.– Jakiteko hautagaia egokitzen den praktikak egingo diren enpresak edo erakundeak eskatutako profilera, elkarrizketa bat egingo da Hautaketa Epaimahaiarekin eta bertan erabakiko da eskatutako profilera egokitzen den ala ez.

V.– «Global Training» beketarako hautagaiak aukeratzeko prozesua.

1.– Beka-eskaera aurkezteak berekin dakar oinarri hauetan ezarritakoa onartzea.

2.– Hautagai bakoitzak eskaera bakarra aurkeztu ahal izango du programari atxikitako erakunde onuradun batean. Hori hala dela ziurtatzeko, SPRIren sozietate filiala den Basque Trade & Investment-ek (Nazioartekotzeko Euskal Agentzia) konprobatuko ditu beken erakunde arduradunetan aurkeztutako eskaera guztiak. Hautagairen batek eskaera bat baino gehiago aurkeztu badu, hautaketa-prozesutik kanpo geratuko da.

3.– Beken erakunde arduradunek egingo dute hautaketa, jarraian azaltzen den prozesuaren arabera:

a) Beka-programaren deialdi publikoa egingo da, eta bertan alderdi hauek azalduko dira: proposatutako beka kopurua eta beka bakoitzaren profila eta jomuga; eta gutxienez hilabeteko epea finkatuko da deialdia lehenengoz iragartzen denetik, eskaerak formalizatzeko eta IV. atalean aipatutako egiaztagiriak aurkezteko.

b) Egiaztatuko da aurkeztu dela eskatutako dokumentazio guztia, eta, hala ez bada, interesatuei eskatuko zaie aurkez dezatela dokumentazio hori gehienez hamar eguneko epean.

c) Curriculum Vitaea aztertuko da eta tituluak, prestakuntza osagarria eta esperientzia edo egindako praktikak baloratuko dira, irizpidetzat harturik berdintasuna, merezimenduak eta gaitasuna.

d) Eskatutako ingeles-titulu ofizialik (gehienez 4 urteko antzinatasunarekin) ez duten hautagaiek ingeles proba egingo dute.

e) Elkarrizketa egingo da Hautaketa Epaimahaiarekin, eta bertan baloratuko da hautagaiaren profila egokitzen den praktikak egingo diren atzerriko enpresak edo organismoak eskatutako profilera.

f) Hautaketa Epaimahai bakoitzean beka-deialdia egin duen erakundeko bi kide egongo dira gutxienez. Lankidetza modalitatean parte hartzen duten erakundeen kasuan, lankidetzan ari diren gutxienez bi erakundetako ordezkariak egongo dira elkarrizketa bakoitzean. Horrez gain, presente egon daiteke baita ere SPRIren sozietate filiala den Basque Trade & Invesment-eko (Nazioartekotzeko Euskal Agentzia) ordezkari bat.

4.– Hautaketa-prozesua amaitu ondoren, deialdia egin duen erakundeak beka esleitzeko agiria emango du, non adieraziko baitira helmugako herrialdea, praktikak egingo diren enpresa edo erakundea, praktiken datak eta iraupena, bekaren zuzkidura, egin beharreko zereginak eta praktika-egonaldia behar bezala garatzeko garrantzitsutzat jotzen den beste edozein alderdi.

5.– Beka esleitzeko agiriaren berri emango zaie aukeratuak izan diren hautagaiei. Beken erakunde arduradunak prozesuan parte hartu duten guztien zerrenda orokorra argitaratuko du, eta bertan adieraziko du aukeratuak izan diren ala ez.

6.– Esleitutako bekaren baldintzak aldatzea.

a) Bekadunek helmugako herrialdeak eskatzen dituen bisak eta baimenak lortu beharko dituzte beka jaso ahal izateko. Ezinezkoa bada bisa edo baimen horiek lortzea, beka horren erakunde arduradunak eskain diezaioke bekadunari praktikak beste jomuga batean egitea.

b) Arriskuan badaude beka garatzeko baldintzak, dela bekaren erakunde arduradun, enpresa edo organismoari egotz dakizkiokeen arrazoiengatik, dela helmugako herrialdeko segurtasunean aldaketa edo mehatxu larriren bat dagoelako, Basque Trade & Investment-ek (Nazioartekotzeko Euskal Agentzia) eta/edo SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak beken erakunde arduradunei agindu ahal izango diete aldatzeko helmugako herrialdea aldi baterako edo betirako. Salbuespen gisa, posible da bekadunari esleitutako jomuga berria Euskadin egotea eta bekarekin lotutako zereginak telelanez egitea.

c) Ezohiko kasuetan, aurreko ataletan azaldutako egoeretan dauden bekadunei ezin bazaie aurkitu beste jomuga bat eta ez badago aukerarik bekaren zereginak telelanez egiteko, beken erakunde arduradunek ezarritako data baino lehen bukarazi ahal izango dituzte bekak, Basque Trade & Investment-ekin (Nazioartekotzeko Euskal Agentzia) eta SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziarekin ados jarri ondoren.

VI.– «Global Training» bekadunen betebeharrak.

«Global Training» programako beken onuradunek betebehar hauek dituzte:

a) Emandako beka onartzea. Hartara, beka eman izanaren jakinarazpena egiten denetik 5 eguneko epean eta idatziz espresuki horri uko egin ezean, ulertuko da onartu dutela beka.

b) Helmugako herrialdean praktikak egiten hasi aurretik emango den prestakuntza-ikastarora joatea, eta jarrera kooperatiboa izatea, bai irakasleekin eta bai ikaskideekin.

c) Erakunde, enpresa eta organismo kolaboratzaileek ezarritako osasun-neurriak errespetatzea bekak dirauen bitartean.

d) Helmugako herrialdeak bertara joan aurretik eskatzen dituen bisa, txerto eta baimenak lortzea.

e) Emandako jarraibideak onartu eta betetzea: jomugako enpresa eta erakunde kolaboratzaileetan lanean hasi eta amaitzeko datak, laneko egutegia eta ordutegia, eta bekaren helburuak betetzeko beharrezko den beste edozein jarraibide. Praktikaldiak dirauen bitartean, bekadunaren lan-ordutegia eta -egutegia erakunde kolaboratzailearen ordutegi eta egutegiaren araberakoa izango da, eta gehienez 40 orduko lanaldia izango du astean.

f) Arduraldi esklusiboa izatea bekaren berezko jardueretarako, eta ez egitea bestelako jarduera ordaindurik. Bekak dirauen bitartean, bekadunak uneoro bete beharko ditu erakunde, enpresa eta organismo kolaboratzaileen funtzionamendu-arauak.

g) Praktikak eskaini dizkion enpresak edo organismoak agindutako zereginak egitea, aldez aurretik ezarri edo adostutako lan-planaren esparruan.

h) Bekaren erakunde arduradunak praktiken garapenari buruz eskatzen dizkion txostenak egitea eta txosten horiek zein eskatutako beste edozein informazio bidaltzea.

i) Helmugako herrialdera iritsitakoan kontsul-etxean edo enbaxadan erregistratzea, beka-aldiko bizilekua finkatzeko.

j) Bekaren erakunde onuradunak finkatutako lan-ebaluazioetan parte hartzea. SPRIren sozietate filiala den Basque Trade & Invesment-eko (Nazioartekotzeko Euskal Agentzia) ordezkari batek parte hartu ahal izango du ebaluazio horietan.

k) Bekadun izateari utziz gero, soberan jasotako zenbatekoak itzultzea. Itzuli behar den zenbatekoa kalkulatzeko, kontuan hartuko da praktikaren egonaldirako aurreikusitako epearen eta praktika hori estaltzeko esleitutako zuzkidura ekonomikoaren arteko harreman proportzionala; bekadunak jaso duen zenbatekoa egin duen egonaldiari dagokiona baino handiagoa bada, jaso duen soberako zati hori itzuli beharko dio erakunde arduradunari.

l) Beken erakunde arduradunek ezarritako jarraibideei jarraiki, argi jakinaraztea helmugakoak ez diren beste herrialde batzuetara praktikengatik nahiz arrazoi pertsonalengatik egindako bidaiak, aseguru-poliza eguneratzeko eta estaldura bermatzeko. Basque Trade & Investment-Nazioartekotzeko Euskal Agentziak edo SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak egiaztatzen badute herrialde edo eskualde jakin bat arriskutsua dela, posible izango da bekadunen nazioarteko mugikortasuna mugatzea.

m) Kontrol Ekonomikorako Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskatutako informazio guztia ematea, laguntzen xedearen fiskalizazio-eginkizunak betetze aldera.

n) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan ezarritako gainontzeko betebeharrak betetzea.

VII.– Beken erakunde arduradunek bekadunekin dituzten betebeharrak.

«Global Training» programan parte hartzen duten erakundeen ardura da III. atalean azaldutako onurak erabat asebetetzea eta, horri jarraiki, honako betebehar hauek izango dituzte:

a) Bekadunari prestakuntza ematea praktikak egiteko egonaldia hasi aurretik.

b) Lankidetza-hitzarmen espezifikoak formalizatzea atzerriko praktikak eskainiko dituzten enpresekin edo erakundeekin. Hitzarmen horietan jasoko dira bekadunek praktikak garatzeko behar dituzten baldintza material nahiz teknikoak, esate baterako, non egingo diren praktikak, praktika-aldiaren iraupena, adostutako lan-plana eta funtsezkotzat hartzen den beste edozein gai.

c) Aseguru-poliza kontratatzea, zeinak gaixotasun- eta istripu-arriskuak ez ezik, aberriratze-gastuak eta hirugarrenekiko erantzukizun zibila ere estaliko baitizkio bekadunari.

d) Bekaren diru-zuzkidura ordaintzea ordainketa-araubide honen arabera:

1) Lehenengo ordainketa: emandako bekaren zuzkidura ekonomikoaren % 50 praktiketako egonaldia hasi aurretik.

2) Bigarren ordainketa: bekaren zuzkidura ekonomikoaren % 40 praktiketako egonaldiaren erdia betetzen den hilean.

3) Hirugarren eta azken ordainketa: geratzen den zenbatekoa praktiketarako egonaldia bukatutakoan ordainduko da, egonaldiaren azken balantzeari buruzko bi txostenak (bekadunak eta beka jaso duen erakunde edo enpresak aurkeztutakoak) jaso ondoren.

VIII.– Bekadun izaera galtzea.

Bekadun izaera azkendu daiteke programa amaitzeagatik edo, bestela, honako arrazoiren batengatik:

a) Bekadunak uko egitea.

b) VII. artikuluan zerrendatutako betebeharrak ez betetzea.

c) Beka bertan behera uztea VI.c) artikuluan ezarritakoa betetzen delako.

d) Helmugako herrialdera joan aurreko prestakuntza-ikastarora birritan edo gehiagotan ez joatea justifikaziorik gabe.

e) Helmugako herrialdera joan aurreko prestakuntza-ikastarora edo ikastaroko jardueretara birritan edo gehiagotan berandu iristea justifikaziorik gabe. Inpuntualtzat hartuko da ikasgelan sartu ezin izatea erakunde onuradunen sarrera-protokoloak bete behar izateagatik.

f) Helmuga-aldaketak ez onartzea, V. artikuluan ezarritakoaren arabera.

g) VII. artikuluko i) atalaren arabera agindutako mugikortasun-murrizketak ez onartzea.

h) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 37. artikuluan edo Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53.1 artikuluan jasotako egoeraren bat gertatzea.

II. ERANSKINA
AURRETIKO PRESTAKUNTZA-IKASTAROAREN GUTXIENEKO EDUKIAK
(Ikus .PDF)
III. ERANSKINA
ESKABIDE-ORRIA
(Ikus .PDF)
IV. ERANSKINA
AURKEZTUTAKO PROIEKTUA BALORATZEKO IRIZPIDEAK ETA HAZTAPEN-FAKTOREAK
(Ikus .PDF)
V. ERANSKINA
BEKAREN LUZAPEN GEHIGARRIARI BURUZKO AURREAKORDIOA
(Ikus .PDF)
VI. ERANSKINA
ESKAINITAKO PRAKTIKEN LABURPEN-KOADROA
(Ikus .PDF)
VII. ERANSKINA
ESKAINITAKO PRAKTIKA BAKOITZAREN XEHETASUNA
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala