Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

53. zk., 2022ko martxoaren 15a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LURRALDE PLANGINTZA, ETXEBIZITZA ETA GARRAIO SAILA
1216

EBAZPENA, 2022ko otsailaren 28koa, Garraio Azpiegituren zuzendariarena, zeinaren bidez jendaurrean jartzen baita «Bilbo-Donostia lineako Eibar-Azitain tartea estaltzeko eraikuntza proiektua» delakoak ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda.

2021eko azaroaren 18ko Ebazpenaren bidez, «Bilbo-Donostia lineako Eibar-Azitain tartea estaltzeko eraikuntza proiektua» onetsi zen.

Ebazpen honen bitartez onesten den proiektuaren helburua da Bilbo-Donostia trenbide-linean Eibar-Azitain tartea estaltzeko behar diren lanak egitea, eraikuntza proiektu mailan.

Proiektuaren helburua da Matsaria kalearen gaineko eta bi bideko plataforma elektrifikatuaren gaineko tarte bat estaltzea Eibarko tren-geltokiaren eta Azitaingo zonaren artean, izen bereko geltokia pasatuta; horri esker, oinezkoak konektatuta geldituko dira N-634 saihesbideko zubiarekin Azitain parean. Halaber, Eibarko geltokiaren gaineko zeharkako pasabidea handitzeko proiektua ere sartu da, igogailu bat barne. Hala, ibiltzeko espazioa eta bidegorria irabaziko ditu Eibarrek, eta Eibarko Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean jasota datozen helburuak beteko ditu.

Lursailak lortzeko eta ukitutako ondasun eta eskubideak kudeatzeko, proiektuak ondasun eta eskubide horien identifikazioa biltzen du. Horretarako, desjabetzeen eranskinean ageri dira lurzatien zerrenda eta planoak.

Organo honek eskumena du garraio-azpiegituraren arloko jarduerak betearazteko beharrezkoak diren desjabetze-espedienteak izapidetzeko, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 11/2021 Dekretuaren 16.2.c) artikuluak xedatzen duenaren arabera.

Trenbide sektorearen irailaren 29ko 38/2015 Legearen 6.2 artikuluak xedatutakoaren arabera, beste lursail batzuk erabili beharra dakarten trenbide-lineen proiektuak, horien tarteak edo tren azpiegituraren beste elementu batzuk eraikitzeko proiektuak edo lehendik zeuden azpiegiturak aldatzeko proiektuak onartzen direnean, onespenak berekin ekarriko du onura publikoaren edo gizarte-interesaren deklarazioa, lursail horiek okupatu beharra izatea eta okupazio hori premiazkotzat deklaratzea, ukitutako eta identifikatutako ondasun eta eskubideen nahitaezko desjabetzearen ondorioetarako.

Nolanahi ere, proiektua onartzeak inplizituki berarekin dakarren arren proiektuak ukitutako ondasunak eta eskubideak okupatu beharra, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 17.2, 18 eta 19.2 artikuluek ezartzen dute ondasun eta eskubide horien xehetasunak jasoko dituen zerrenda egin eta jendaurrean jarri behar dela, nahi duenak alegazioak eta datuak aurkeztu ahal izan ditzan, okerrak zuzentzeko eta interesdunak zeintzuk diren ondo zehazteko.

Hortaz, aipatutako xedapenak, horiekin bat datozenak eta aplikatu beharreko gainerakoak ikusirik, honako hau

EBAZTEN DUT:

Jendaurrean jartzea «Bilbo-Donostia lineako Eibar-Azitain tartea estaltzeko eraikuntza proiektua» delakoak ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda, ebazpen hau azken aldiz argitaratu eta hurrengo hamabost (15) egun balioduneko epean alegazioak aurkeztu ahal izan daitezen, okerrik baldin badago zuzentzeko, hala ezartzen baitute Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 19.2 artikuluak eta horrekin bat datozenek. Alegazioak Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saileko Garraio Azpiegituraren Zuzendaritzan aurkeztu beharko dira (Donostia kalea 1 – Lakua 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).

Aipatutako epean, ondasun eta eskubideen zerrenda Eibarko udaletxeko iragarki-oholean ere erakutsiko da jendaurrean.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko otsailaren 28a.

Garraio Azpiegituren zuzendaria,

MARÍA DOLORES DE JUAN DE MIGUEL.

ERANSKINA
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala