Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

256. zk., 2021eko abenduaren 24a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUA
6391

1450/2021 EBAZPENA, azaroaren 26koa, Donostialdeko Erakunde Sanitario Integratuko zuzendari-gerentearena, zeinaren bidez Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Donostialdeko Erakunde Sanitario Integratuan Administrazioko Taldeburu (Fakturazio eta Zordunketa Arloa) lanpostua izendapen askez betetzeko deialdia egiten den.

Donostialdeko Erakunde Sanitario Integratuko Administrazioko Taldeburua (Fakturazio eta Zordunketa Arloa) lanpostua hutsik geratuko da 2021eko abenduaren 10ean. Hori dela eta, Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzko ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 28. artikuluaren hirugarren arau komunean, Osakidetzaren lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuan eta azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuan ezartzen denaren arabera, lanpostu hori izendapen askez betetzeko deialdi publikoa iragartzea erabaki du Zuzendaritza Gerentzia honek, honako oinarri hauen arabera

OINARRIAK

1.– Parte hartzeko baldintzak.

Deialdi honetan parte hartu ahal izango dute baldintza hauek betetzen dituztela egiaztatzen dutenek:

a) Osakidetzako edozein zerbitzu-erakundetako langile finkoa izatea (estatutupekoa, funtzionarioa edo lan-legepeko kontratuduna) eta lanpostua jabetzan edukitzea C2/D2 lanbide-taldean.

b) C2/D2 lanbide-taldeei dagozkien titulazioa edukitzea.

c) Gutxienez 2 urteko lan-esperientzia izatea C2/D2 lanbide-taldean.

d) Uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuko eta Osakidetzako Euskara Planaren gainerako betebeharrak betetzea.

2.– Kontuan hartu beharreko merezimenduak.

– Taldeak antolatzeko eta/edo kudeatzeko prestakuntza eta/edo esperientzia izatea.

– Zordunen fakturazioaren kudeaketan ezagutza eta/edo esperientzia izatea (espedienteak kudeatzea, hirugarrenei fakturatzea).

– Diruzaintzaren kudeaketan ezagutza eta/edo esperientzia izatea (kobratu beharreko kontuen kontziliazioa, ordaindu beharreko kontuak, zorraren erreklamazioa).

– Fakturaziorako erabiltzen diren aplikazio informatikoen alorrean prestakuntza eta/edo esperientzia izatea: e-Osabide, Osabide AP, SAP logistikako eta finantzetako moduluetan.

– Ofimatikako ezagutza erabiltzaile-mailan: Word, Excel.

Lanpostu hau betetzeko interesgarria izan daitekeen eta balioa erants dezakeen edozein merezimendu aurkeztu ahalko da.

3.– Euskara jakitea.

Osakidetzan euskararen erabilera normalizatzeko martxoaren 18ko 67/2003 Dekretuan eta hori garatzeko arauetan aurreikusitakoaren arabera baloratuko da.

4.– Eskabideak egiteko epea eta aurkezteko modua.

Interesdunek Osakidetzako Donostialdeko Erakunde Sanitario Integratuko Langileen Zuzendaritzan aurkeztu beharko dituzte eskabideak (Begiristain doktorea 109, 20014 Donostia). Eskabideak aurkezteko epea 15 egun baliodunekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako moduan ere aurkeztu ahal izango dira.

Interesdunek Donostialdeko ESIko Langileen Zuzendaritzara bidali behar dute eskabidea (Begiristain doktorea 109, 20014 Donostia), beren datu pertsonal guztiak eta Curriculum Vitae dokumentatuarekin batera.

Dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

– NANaren, pasaportearen edo gidabaimenaren fotokopia konpultsatua.

– Funtzionario edo estatutupeko langile izendapenaren fotokopia konpultsatua, edo, hala badagokio, lan-legepeko kontratudun finkodun langilea dela egiaztatzen duen agiriarena.

– Baldintzak betetzen dituela egiaztatzen duen dokumentazioaren fotokopia konpultsatua.

– Baloratu beharreko meritu guztien fotokopia konpultsatua.

CVaren aplikazio informatiko korporatiboan behar bezala baliozkotuta dauden alderdiak ez dira ziurtatu behar izango aurreko paragrafoan ageri den moduan; hala ere, eskatzaileak horren berri eman behar du eskaeran.

5.– Balorazio Batzordea.

Batzorde bat eratuko da aurkeztutako eskabideak baloratzeko. Batzorde horren berri emango zaie hautagaiei.

Batzordeak, eskabideak baloratu ondoren, eginbide osagarriak gauzatzea erabaki dezake; eta izangaiei horren berri emango die.

Izangaien balorazioa egindakoan, eta berau kontuan hartuta, dagokion izendapena egiteko proposamena aurkeztuko da. Lanpostua hutsik uztea proposa dezake epaimahaiak betiere aurrez txosten arrazoitua eginez, baldin eta izangaiek betetzen ez badituzte bete beharreko baldintzak.

Akta egingo da Batzordea biltzen den bakoitzean. Bertan, aurkeztutako izangaiak eta gauzatutako eginbide osagarriak (halakorik balego) zerrendatuko dira, eta lanpostua euretako bati esleitzeko edo, deialdia bete gabe uzteko kontuan hartutako arrazoiak emango.

6.– Hautatzeko prozedura.

Ezin izango dira baloratu, inolaz ere, deialdia EHAAn argitaratzen den egunean eskuratu gabe dauden merezimenduak, ez eta eskaerak aurkezteko epea amaitu aurretik behar bezala alegatu eta egiaztatu ez direnak ere.

7.– Prozedura amaitzeko ebazpena.

Honen bidez hasitako prozedurari amaiera emango zaio (lanpostua esleitzea edo betetzeke uztea), Osakidetzako Donostialdeko ESIko zuzendari-gerentearen ebazpen bidez, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta baita Osakidetzaren intranetean eta web-orri korporatiboan ere argitaratuko da.

Ebazpen horrek ondorioak izango ditu EHAAn argitaratzen den egunetik aurrera, bertan besterik xedatu ezean.

8.– Ebazpen honen aurkako errekurtsoak.

Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Osakidetzako zuzendari nagusiari. Horretarako, hilabeteko epea izango da, ebazpena EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Donostia, 2021eko azaroaren 26a.

Donostialdeko ESIko zuzendari-gerentea.
EB (53/2019 Ebazpena, urtarrilaren 24koa).

Langileen zuzendaria,

ESTHER LITAGO SOLA.


Azterketa dokumentala