Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

238. zk., 2021eko azaroaren 30a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
6035

AGINDUA, 2021eko azaroaren 24koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarena, zeinaren bidez onartzen baitira animalien ongizatearen ziurtagiria lortzeko dirulaguntzen 2021eko deialdiko oinarriak.

Abere-ustiategietan dauden Animaliak Babesteko Europako Hitzarmenaren ondorioz (Estrasburgon sinatu zen, 1976ko martxoaren 10ean, Espainiak berretsi zuen eta 1988ko azaroaren 6an jarri zen indarrean), Europako Erkidegoak animalien ongizatearen arloko hainbat xedapen eman ditu.

Ildo horretan, azpimarratzekoak dira Abere-ustiategietan dauden Animaliak Babesteko Europan egin diren zuzentarauak eta horiek askotariko etxalde motetara zabaltzea. Horien artean, Estatuko legedirako transposizio nabarmenena martxoaren 10eko 348/2000 Errege Dekretukoa da –Kontseiluaren apirilaren 21eko 441/01 EDaren bidez aldatua–, zeinaren barruan sartzen baitira hainbat printzipio, adibidez: estabulazioa, janaria, ura eta zaintza egokiak ematea, animalien behar fisiologiko eta etologikoen arabera, bereganatutako esperientziari eta ezagutza zientifikoari jarraituz. Halaber, animalien zaintzaileek bete beharreko baldintzak jasotzen ditu.

Bestalde, Euskadin, Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikari buruzko abenduaren 23ko 17/2008 Legearen 35. artikuluan, xedapen arautzaileak ezartzen ziren, bai abere-ustiategien titularrentzat bai haien instalazioentzat, ustiategi horietan dauden animalien ongizatea zaintze aldera.

Era berean, 2020ko maiatzaren 20an, Europako Batzordeak «Baserritik mahaira» estrategia aurkeztu zuen, Europako Itun Berdearen esparruko funtsezko ekimenetakotzat jota. Hemendik 2050era bitartean klima-neutraltasuna lortzen laguntzeko, Estrategiak EBko egungo elikadura-sistema eredu jasangarri baterantz eraman nahi du, eta estrategia horren helburu estrategikoetako bat animalien ongizatea hobetzea da.

Estrategia horren isla da, gainera, kontsumitzailea gero eta sentsibilizatuago dagoela etiketan animalien ongizatearen ziurtagiria duten haragi-produktuak eskatzeari dagokionez.

Europako Batzordeak ziurtagiri horiei buruzko berariazko araurik ez duenez, hainbat ziurtapen-eredu eta -eskema sortu dira, eta Wellfair zigilua da estatuan zorroztasun- eta exijentzia-maila handienak dituena.

Animalien Ongizatearen Welfair™ ziurtagiria da Institut de Recerca i Tecnologia Agroalimentàries (IRTA) erakundeak, Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundearekin (Neiker) lankidetzan, homologatutako ziurtagiri independente bakarra. Ziurtagiri hori Europako erreferentziazko Welfare Quality eta AWIN® ziurtagirietan oinarritzen da eta etxaldeetan, haztegietan eta hiltegietan dauden animalien ongizatearen kalitatea sakon ebaluatzen eta kontrolatzen du, honako espezie hauei dagokienez: behiak, txerriak, ardiak eta oiloak, oilaskoak, untxiak eta indioilarrak.

Agindu honen xedea honako hau da: aurten abere-ustiategietako zenbait elkarteri edo talderi haien ustiategietarako Welfair ziurtagiria lortzeko ekintzen kostuei aurre egiten laguntzea. Ildo horretan, Agindu honek minimis erregimeneko laguntza batzuk planteatzen ditu ustiategiek animalien ongizatearen Werlfair ziurtagiria lor dezaten laguntzeko eta laguntzek aurrerantzean jarraipena izatea aurreikusten da.

Laguntza-deialdi honek aurrekontu-estaldura nahikoa du, Euskal Autonomia Erkidegoko 2021eko ekitaldiko aurrekontu orokorrak onartzen dituen otsailaren 11ko 1/2021 Legeak baimendutako kredituen arabera.

Era berean, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2021eko martxoaren 17ko Aginduak (Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren 2021erako, 2022rako eta 2023rako Dirulaguntzen Plan Estrategikoa onartzen du agindu horrek) onetsitako Dirulaguntzen Plan Estrategikoa aldatzen duen 2021eko ekainaren 30eko Aginduaren barruan dago dirulaguntzen deialdi hau, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 8. artikuluan adierazitakoarekin bat etorriz.

Laguntza horiek 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 (EB) Batzordearen Erregelamenduari atxikitzen zaizkio –Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzetan aplikatzeari buruzkoa–. Horrez gain, honako araudi hauek aplikatuko zaizkie: 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena; Sektore Publikoaren Testu Bategineko VI. titulua eta VII. tituluko III. kapitulua; azaroaren 11ko 1/1997 Errege Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategineko VI. titulua eta VII. tituluko III. kapitulua; Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrean eta azken horren Erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretuan jasotako oinarrizko araudia.

Eta Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearekin bat etorriz (lege horren 26.4 artikuluaren arabera, Jaurlaritzako kide gisa dagozkien eskumenei kalterik egin gabe, sailburuek beren sailari dagozkion gaietan administrazio-xedapen orokorrak eta ebazpenak emateko eskudantzia izango dute), honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Deialdia.

Animalien ongizatearen ziurtagiria lortzeko dirulaguntzen 2021eko deialdiko oinarriak onartzea. Agindu honen eranskinean jasota daude oinarriok.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Errekurtsoak.

Agindu honen aurka, interesdunek berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari, hilabeteko epean. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean. Kasu bietan, agindua argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da epea.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko azaroaren 24a.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

ERANSKINA
I. KAPITULUA
ZATI OROKORRA

1. oinarria.– Laguntzaren xedea eta helburua.

Animalien ongizatearen ziurtagiria lortzeko laguntzen 2021eko ekitaldirako deialdia egitea da agindu honen xedea.

Laguntza horien helburua honako hau da: animalien ongizatea kontrolatzeko barne-prozedura egin eta ezarri, arduradunei prestakuntza eman eta animalien ongizatearen Wellfair ziurtagiria eskuratzeko gastuak finantzatzea.

2. oinarria.– Dirulaguntzen izaera.

1.– Dirulaguntzen programa hau gauzatu eta ebazterakoan, publizitatearen, lehiaren eta objektibotasunaren printzipioak bete beharko dira.

2.– Agindu honetan jasotako laguntzak lehiaketa prozeduraren bidez adjudikatuko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 51.4 artikuluan ezarritakoaren arabera (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren bidez onetsi zen Testu Bategina).

Dirulaguntzak lehiaren eta zenbateko erabilgarriaren arabera emango dira, eta oinarrietan ezarritako mugaraino esleituko dira, kreditu erabilgarriaren barruan. Laguntzak jasotzeko baldintzak betetzen dituztenek eskatutako zenbatekoen batura handiagoa bada deialdiaren aurreikusten den zenbatekoa baino, zenbateko hori onuradunen artean hainbanatuko da, dagokion proportzioan.

3.– Programa honen bidez ematen diren laguntzak itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak izango dira.

4.– Programa honi jarraituz emango diren laguntzak Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzko 2013ko abenduaren 18ko Batzordearen 1407/2013 (EB) Erregelamenduan ezarritako minimis araubideari atxikita daude.

Estatu kide bakoitzak enpresa bakar bati emandako minimis laguntzen zenbateko osoa ez da 200.000 eurotik gorakoa izango 2019, 2020 eta 2021eko ekitaldi fiskaletan.

Muga hori gaindituz gero, emandako laguntzaren zenbatekoa gutxitu egingo da, soberako kopurua kenduta.

Minimis laguntzak emantzat joko dira, onuradunari laguntza eman zaiola jakinarazten zaion unetik aurrera.

3. oinarria.– Laguntzaren helburua.

Ongizate-ziurtagiria lortzeko laguntzen barruan, Wellfair ziurtagiria lortzeko animalien ongizatea kontrolatzeko barne-prozedura prestatzeko eta ezartzeko ekintzetarako babesa emango da. Horren barruan, planen, arduradunen prestakuntzaren eta ziurtapenaren gastuak sartuko dira.

4. oinarria.– Finantzaketa.

Agindu honetan aurreikusitako laguntzak Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura finantzatuko dira oso-osorik, eta 250.000,00 euroko aurrekontu-kreditua erabiliko da horretarako.

5. oinarria.– Onuradunak.

Laguntza hauen onuradun izan ahalko dira EAEn egoitza duten erakunde publiko edo pribatuak, besteak beste, nekazaritza-ustiategiak biltzen dituzten nekazaritzaren arloko kooperatibak, enpresak, taldeak edo bestelako elkarteak, edo banakako ustiategiak, baldin eta biltzen dituzten ustiategietan kontrola eta barne-auditoria egiteko prozeduraren ezarpenaren operadoreak badira % 100ean eta haien helburuen artean honako hauek badituzte: txerrien, arrautzetarako hegazti-hazkuntzaren, landa-oilaskoen, esnetarako ardien eta esnetarako behien azpisektoreetako animalia-jatorriko elikagaiak ekoiztea eta/edo merkaturatzea.

Pertsona fisiko edo juridikoen taldeen kasuan, pertsonalitate juridikorik ez badute, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorreko 11. artikuluan finkatutakoa bete beharko dute.

6. oinarria.– Betekizun orokorrak.

1.– Agindu honetan iragarritako laguntzen onuradun izateko, oinarri honetan ezarritako eskakizunak bete behar dira. Izan ere, oinarri honek jasotzen ditu honako hauetan dauden betekizunak: Dirulaguntzei buruzko abenduaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan. Hauek dira horiek guztiak:

a) Epai irmo baten bidez, laguntza edo dirulaguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren zigor bat ezarri ez izana edo delitu hauetakoren bat egitearen erruduntzat jo ez izana: prebarikazioa, eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, influentzia-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.

b) Borondatezko konkurtso-deklaraziorik eskatu ez izana, edozein prozeduratan kaudimengabetzat deklaratuta ez egotea, konkurtsoan deklaratuta ez egotea, salbu eta horretan eraginkortasuna hartu badu hitzarmen batek, esku-hartze judizialaren eraginpean ez egotea edo desgaitua ez egotea Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaitze-aldia amaitu gabe.

c) Administrazioarekin egindako kontraturen baten suntsiarazpen irmorik eragin ez izana, suntsiarazpen-arrazoi horren errudun deklaratu dituztelarik.

d) Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateetako administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak ez egotea honako lege hauetan jasotako kasuren batean: 3/2015 Legea, martxoaren 30ekoa, Estatuko Administrazio Orokorreko goi-kargudunen jarduna arautzen duena; 53/1984 Legea, abenduaren 26koa, Administrazio publikoen zerbitzura dauden langileen bateraezintasunena; edo Hauteskunde Erregimen Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako kargu hautetsiak izatea, lege horretan edo gai horiek arautzen dituen Euskal Autonomia Erkidegoko araudian ezarritako baldintzetan.

e) Egunean izatea indarreko xedapenek zergen eta Gizarte Segurantzaren arloan ezartzen dituzten betebeharrak. Baldintza hori bete beharko da hala onuradun izateko nola izaera horri eusteko dirulaguntzaren likidazioa egin arte. Beraz, alde horretatik, egiaztapenak egingo dira bai dirulaguntza ematen denean bai ordainketak egiten direnean.

f) Egoitza fiskala ez izatea araudiaren arabera zerga-paradisu gisa sailkatutako lurralde edo herrialderen batean.

g) EAEko Administrazioak edo haren mendeko erakundeek emandako laguntzen edo dirulaguntzen esparruan, itzultze- edo zehapen-prozeduretako kantitate zehatzen ordainketari dagokionez egunean egotea. Betebehar horien ordainketak egunean dituztela ulertuko da baldin eta zorrak atzeratuta eta zatituta badaude, edo dagokion itzultze-ebazpena dela-eta bertan behera uztea erabaki bada. Baldintza hori bete beharko da hala onuradun izateko nola izaera horri eusteko dirulaguntzaren likidazioa egin arte. Beraz, alde horretatik, egiaztapenak egingo dira bai dirulaguntza ematen denean bai ordainketak egiten direnean.

h) Ebazpen irmo baten bidez dirulaguntzak jasotzeko aukera galtzeko zigorrik ezarri ez izana.

i) Elkarteen kasuan, horiek elkartzeko eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 4. artikuluko 5. eta 6. zenbakietan aurreikusitako debekuen kausetan nahastuta ez egotea. Eta inskribatzeko administrazio-prozedura eten ez izana, ez-zilegitasun penalaren arrazoizko zantzuak aurkitzeagatik, 1/2002 Lege Organikoaren 30.4 artikuluan ezarritakoa aplikatuz, harik eta ebazpen judizial irmoa egon arte; kasu horretan, dagokion inskripzioa egin ahalko da, dagokion erregistroan.

j) Eskatzaileek jakinarazi behar dute diruz laguntzen den gastu bera ordaintzeko beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide ekonomikorik eskatu dioten administrazio publiko edo erakunde publiko edo pribaturen bati, baita eskuratu duten ala ez. Halaber, aurreko bi ekitaldi fiskaletan eta uneko ekitaldian minimis erregimenari atxikita eskatu eta/edo lortu diren laguntzei buruzko berariazko adierazpena aurkeztea.

k) Pertsona juridikoen kasuan, Emakume Nekazarien Estatutuari buruzko urriaren 15eko 8/2015 Legean ezarritakoa betetzea.

Izaera juridikorik ez duten pertsona fisikoen edo juridikoen taldeetako kideek, onuraduntzat har daitezkeenek, 1. apartatu honetan jasotako eskakizunak bete beharko dituzte.

Era berean, dirulaguntzak jasotzeko galerazpenek honako enpresei ere eragingo diete: zuzentzen dituzten pertsonak edo beste zirkunstantzia batzuk direla-eta, horiek tartean izan dituzten beste enpresa batzuen jarraipentzat edo deribaziotzat har daitezkeenei –eraldaketa, bat-egite edo ondorengotzaren ondorioz–.

2.– Halaber, dirulaguntza jaso ahal izateko, proiektuek honako eskakizun hauek bete behar dituzte:

a) Diruz laguntzekoak diren jarduerak Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan egitea.

b) Diruz laguntzekoak diren gastuak 2021. urtean eginak izatea eta ziurtagiria lortzeko egin beharreko edo egindako ekintzen plan xehatu baten barruan kokatzea.

7. oinarria.– Eskabideak aurkezteko epea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hamabost egun naturalekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Eskabidearekin batera, oinarri honen 8. lerrokadan eskatzen diren agiriak aurkeztu beharko dira.

2.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14,2. artikuluan ezarritakoaren babesean, prozedura hau bide elektronikotik bakarrik izapidetuko da.

3.– Eskabidea aurkezteko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen eredu normalizatua erabili beharko da:

https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1206901

4.– Eskabidearen ondorengo izapideak elektronikoki egiteko (baita gastua justifikatzeko izapide ere), Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikora sartu beharko da, «Nire karpeta» atalera:

https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

5.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainerako agiriak izapidetzeko moduari buruzko zehaztasunak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan daude eskuragarri:

https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1206901

6.– Eskabidea ordezkari baten bitartez egiten bada, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 5. eta 6. artikuluetan xedatutakoaren arabera egiaztatu beharko da ordezkaritza, ahalordeen erregistro elektronikoaren bitartez:

https://www.euskadi.eus/ordezkariak

7.– Laguntza hauen eskabide-ereduaren oinarrizko edukia oinarri hauen eranskin gisa argitaratu da.

8.– Laguntzen eskatzaile bakoitzak honako dokumentu hauek aurkeztu beharko ditu:

a) Pertsona juridikoek, erakundea eratzeko eskrituraren eta estatutuen kopia, dagokion erregistroan sartu dela adierazten duen zigilua jarrita.

b) Erantzukizunpeko adierazpena, agindu honetan eskatutako baldintzak betetzen direla eta aurkeztutako dokumentu guztiak egiazkoak direla adierazteko.

c) Eskabideak ziurtagiria lortzeko egin beharreko edo egindako ekintzen plan xehatua izan beharko du, eta ziurtatu beharreko ustiategiak identifikatu beharko ditu (NUE-Nekazaritzako Ustiategien Erregistroak identifikatuta).

Planak honako gastu hauen zenbatekoak zehaztu beharko ditu: autokontrol-sistema ezartzearenak, sistemaren arduradunari prestakuntza ematearenak, autokontrol-prozedura idaztearenak eta barne-auditoriak egitearenak.

d) Eskatzaileak laguntza kuantifikatzeko aurkeztu nahi duen beste edozein dokumentazio osagarri.

e) Izaera juridikorik gabeko pertsona fisikoen edo juridikoen taldeek eskabidean berariaz adierazi beharko dituzte kide bakoitzak proiektua gauzatzeko hartzen dituen konpromisoak eta bakoitzari aplikatu beharreko dirulaguntza-zenbatekoa. Era berean, taldearen ordezkari edo ahaldun bakar bat izendatu beharko dute, taldeari onuradun izateagatik dagozkion betebeharrak betetzeko ahalorde askietsiak dituena.

f) Hala badagokio, Kalitatea erregimenekoa dela egiaztatzen duen dokumentazioa.

9.– Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzak automatikoki egiaztatuko ditu bere IFK, zerga-betebeharren ordainketak eta Gizarte Segurantzarekiko ordainketak egunean dituela egiaztatzen duten agiriak, pertsona eskatzaileek edo onuradunek horretarako berariazko baimena eman beharrik izan gabe, hark berariaz aurka egiten dionean salbu, eta, kasu horretan, dagokion ziurtagiria edo dokumentua aurkeztu beharko du. Hori guztia Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen 1/1997 Legegintza Dekretuaren 50.3 artikulua aplikatuz, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 28.2 artikuluari dagokionez.

10.– Urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluaren 3. paragrafoan ezarritakoarekin arabera, oinarri honen 8. paragrafoan eskatutako dokumentazioa administrazio honetan edo beste batean entregatzen denean eta eskatzaileak berariaz deklaratzen badu dokumentu horietan ez dela aldaketarik egin, horiek aurkeztutzat joko dira.

Eskatzaileak adierazi beharko du zein Administraziotan eta noiz aurkeztu diren dokumentuok, eta Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzak elektronikoki bilduko ditu bere korporazio-sareen bidez.

11.– Laguntza jasotzeko eskabidea nahi den hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango da, eskatutako dokumentazioarekin batera. Gainera, laguntza-eskaeratik eratorritako jarduketetan eta prozedura osoan, eskatzaileak aukeratutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean ezarritakoaren arabera.

12.– Eskabideak oinarri honetan eskatutako dokumentazioa ez badauka, osorik ez badago edo akastuna bada, interesdunari jakinaraziko zaio hamar egun balioduneko epea duela hutsa zuzentzeko edo beharrezko diren agiriak eransteko. Halaber, adieraziko zaio horrela egin ezean atzera egin duela ulertuko dela, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariak ebazpena eman ondoren, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

Urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluaren 4. apartatuan xedatutakoa betetzeko, eskabidea legez telematikoki aurkeztu behar badu interesdunak baina presentzialki egiten badu, aipatutako eskakizun horri muzin eginda, aurkezteko modua zuzentzeko eskatuko zaio, eta legez ezarritako bide elektronikoak erabiliz egiteko. Eskakizun hori bete ezean, presentzialki aurkeztu duena ez da baliozkoa edo eraginkorra izango. Elektronikoki aurkezteko jarritako epea da eskabidea aurkezteko epea.

Ondorio horietarako, baldin eta, zuzentzeko xedez, eskabide elektronikoa aurkezten bada, baina oinarri honetan ezarritako epetik kanpo, aurkeztu gabekotzat joko da eskabide hori.

13.– Edonola ere, Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzak, eskabidean adierazitakoa egoki ulertzeko, ebaluatzeko eta eskabidea izapidetzeko, beharrezkotzat jotzen dituen bestelako argibide edo agiri osagarriak eskatu ahal izango dizkio eskatzaileari.

14.– Helbide honetan eskuratu daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak:

https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

8. oinarria.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak eta gastuak.

Honako gastu hauek diruz lagundu ahalko dira:

Autokontrol-sistema ezartzearen ondoriozkoak:

– Sistemaren arduradunaren prestakuntza.

– Autokontrol-prozedura idaztea.

– Barne-auditoriak egitea:

• Joan-etorrien kostuak.

• Langileen kostuak.

Wellfair ziurtapenetik eratorritakoak:

– Enpresa ziurtatzailea azpikontratatzea.

– Ziurtapen-eskemaren kuotak.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan ezarritakoaren arabera, diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoak Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legean kontratu txikirako ezarritako zenbatekoak gainditzen dituenean, gutxienez hiru eskaintza –zenbait hornitzailerenak– eskatu beharko ditu onuradunak, obrarako konpromisoa kontratatu aurretik, zerbitzua eman aurretik edo ondasuna entregatu aurretik, non eta, haien ezaugarri bereziak direla-eta, merkatuan ez den aski erakunde haiek egin, eman edo entregatzeko, edo non eta dirulaguntzaren aurretik ez den egin gastua. Efizientzia- eta ekonomia-irizpideen arabera hautatuko da aurkeztutako eskaintzen artean, eta berariaz justifikatu beharko da hautu hori, memoria batean, proposamen ekonomiko merkeena ez denean. Eskaintza horiek justifikazioarekin batera aurkeztu beharko dira, edo, bestela, dirulaguntza-eskabidearekin batera.

9. oinarria.– Laguntzen kudeaketa.

1.– Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzak du deialdi honetan araututako laguntzak kudeatzeko eskumena.

2.– Agindu honi lotuta aurkeztutako laguntza-eskabideak ebaluatu eta baloratzeko, eta balorazio-irizpide objektiboak aplikatzeko eta haiek haztatzeko, balorazio-batzorde bat sortuko da.

3.– Balorazio Batzordeak hiru kide izango ditu eta Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzako honako kide hauek izango dira: Juan Ramón Puy Pitarque jauna, zerbitzuburua, batzordeko lehendakaria izango da, Gorka Ruiz de Eguino Etxeberria jauna eta Resurrección Abasolo García andrea; azken biak Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzako teknikariak. Resurrección Abasolo García andrea idazkaria izango da.

Balorazio Batzordeak, bere eginkizunak betetzeko, arloko aditu diren pertsonei hala bileretan parte hartzeko nola aholkularitza emateko eskatu ahal izango die, beharrezko irizten dionean.

4.– Balorazio Batzordeak, 10. Oinarrian jasotako laguntzak baloratzeko eta kuantifikatzeko irizpide objektiboei jarraituz, onuradun bakoitzari zenbateko laguntza eman proposatuko du.

5.– Balorazio Batzordeak ebazpen-proposamena aurkeztuko dio Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariari. Proposamenak agindu honen 8. oinarrian aipatzen den edukia jaso beharko du gutxienez.

6.– Balorazio Batzordeak bere funtzionamendu-arau propioak ezarri ahalko ditu. Horiek arautzen ez dituzten gaietan, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren Legearen (urriaren 1eko 40/2015) 15. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoa aplikatuko da.

10. oinarria.– Laguntzen zenbatekoa, esleipen-irizpideak eta bateragarritasuna.

Laguntza lehia-erregimenean emango da jasotako eskabide guztietarako. Laguntzaren zenbatekoa diruz lagundu daitezkeen kostuen % 80rainokoa izango da; gehienez 50.000 euro proiektuko eta urteko.

1.– Adjudikatzeko irizpideak.

A) Eskabideak biltzen duen ustiategi-kopuruaren arabera, gehienez 30 puntu:

– 1-10 ustiategi: 8,5 puntu (ustiategiaren titularra edo titularkidea emakume nekazari bat bada, 1,5 puntu gehiago).

– 11-25 ustiategi: 17 puntu (ustiategiaren titularra edo titularkidea emakume nekazari bat bada, 3 puntu gehiago).

– > 25 ustiategi: 25,5 puntu (ustiategiaren titularra edo titularkidea emakume nekazari bat bada, 4,5 puntu gehiago).

Laguntza eskatu duen ustiategiaren titularra edo titularkidea emakume nekazari bat bada, bi puntu gehiago izango dituzte.

B) Taldeak azpisektorean duen pisuaren arabera, gehienez 20 puntu:

– Azpisektoreko ustiategien artean <% 50, 15 puntu.

– Azpisektoreko ustiategien artean % 50 edo >, 20 puntu.

C) Eskatzaileak Kalitatean parte hartzearen arabera (Kalitateak ziurtatutako ustiategiak): 20 puntu.

2.– Laguntzaren zenbatekoa:

– 70 puntu dituzten proiektuak: diruz lagun daitezkeen kostuen % 80.

– 40-69 puntu dituzten proiektuak: diruz lagun daitezkeen kostuen % 70.

– < 40 puntu dituzten proiektuak: diruz lagun daitezkeen kostuen % 60.

3.– Dirulaguntzaren zenbatekoak –Estatuko edo nazioarteko beste administrazio publiko batzuen edo beste erakunde publiko edo pribatu batzuen laguntzekin eta bestelako diru-sarrerekin batera– ezingo du onuradunak egin beharreko jardueraren kostua gainditu.

4.– Laguntza hauek Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzko Batzordearen 1407/2013 (EB) Erregelamenduari, 2013ko abenduaren 18koari, atxikitzen zaizkio.

5.– Dirulaguntza horiek bateragarriak izango dira beste administrazio publiko batzuek helburu berarekin ematen dituztenekin, guztien artean diruz lagundutako jardueraren gainfinantzaketa gertatzen ez bada. Hala izanez gero, agindu hau betez eman beharreko zenbatekoak gutxitu egingo dira, laguntzaren xede den jardueraren kostu errealeraino. Hala ere, Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 (EB) Erregelamenduan ezarritako minimis araubidearekin bat, onuradun batek ezingo du 200.000 eurotik gorako zenbatekoa jaso 2019, 2020 eta 2021eko ekitaldi fiskalak biltzen dituen aldian, laguntzaren xedea edo helburua eta laguntza ematen duen administrazio-organoa edozein direlarik ere.

11. oinarria.– Ebazpena.

1.– Aurkeztutako eskabideak eta dokumentuak aztertu ondoren, Balorazio Batzordeak egin duen proposamena ikusirik, 9. oinarrian xedatutakoaren arabera, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariak ebatziko du eskatutako laguntzak eman ala ez, ebazpen bakar baten bitartez.

2.– Ebazpenak honako informazio hau jaso beharko du, gutxienez:

A) Baietsitako eskabideei dagokienez:

1.– Onuradunen izena edo izen soziala, eta IFK.

2.– Diruz lagundutako zenbatekoa.

3.– Aplikatutako irizpide objektiboak eta laguntzaren ehunekoa.

Izaera juridikorik gabeko pertsona fisikoen edo juridikoen taldeen kasuan, ebazpenean berariaz adierazi beharko dira kide bakoitzak proiektua gauzatzeko hartzen dituen konpromisoak eta bakoitzari aplikatu beharreko dirulaguntza-zenbatekoa.

B) Ezetsitako eskabideei dagokienez:

1.– Eskatzaileen izena edo izen soziala, eta IFK.

2.– Laguntza ukatzeko arrazoiak.

3.– Zehapen-prozeduraren batean edo dirulaguntzen itzultze-prozeduraren batean egonez gero, hura amaituta izan beharko da dirulaguntza eman ahal izateko. Prozedurak, amaieran, laguntza publikoak eskuratzeko gaitasungabetzea badakar, edo laguntza itzultzeko betebeharra ezartzen badu, baldintzapean emandako laguntza baliogabetu egingo da, onuradun izateko debekua ezartzen duen egoera batean egoteagatik.

4.– Ebazpena Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren bitartez eman eta jakinaraziko da, agindu hau indarrean jarri eta gehienez sei hilabeteko epean.

https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

Ondoren, lehia-prozeduraren ebazpena, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluaren 1. zenbakiko b) letran xedatutakoaren arabera, EHAAn argitaratuko da, eta argitalpena jakinarazpentzat hartuko da.

5.– Agindu hau indarrean sartu eta sei hilabete igarota, ebazpen espresurik ez badago, eskabidea ukatu egin zaiela ulertu beharko dute interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan xedatutakoaren arabera.

6.– Prozeduraren ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dio interesdunak Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpenaren jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera, edo, hiru hilabeteko epean administrazio-isiltasunaren ondorioak gertatu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoaren arabera.

7.– Jakinarazpen elektronikoak egiteko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalera jo beharko da:

https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

12. oinarria.– Onuradunen betebeharrak.

1.– Agindu honek arautzen dituen dirulaguntzen onuradunek oinarri honetan ezarritako baldintzak bete behar dituzte. Baldintza horiek baldintza hauek guztiak jasotzen dituzte: Dirulaguntzei buruzko abenduaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetako baldintzak, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50. artikuluko baldintzak eta laguntza ezberdinen baldintza espezifikoak; hauek dira horiek guztiak:

a) Diruz lagundutako jarduera 13. oinarrian adierazitako epean egitea.

b) Dirulaguntza eman den xede zehatzerako erabiltzea.

c) Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, dirulaguntza eman dela adierazten duen jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean onuradunak berariaz uko egiten ez badio, dirulaguntza onartutzat emango da.

d) Ebazpen-proposamena eman baino lehen, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

e) Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzari jakinaraztea jarduera edo proiektua partez edo osorik gauzatu dela eta haren esku jartzea hala egin dela egiaztatzeko beharrezkoak diren agiri guztiak.

f) Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko Sailari, Kontrol Ekonomikoko Bulegoari, Herri Kontuen Euskal Epaitegiari eta Europar Batasuneko kontrol-organoei jasotako laguntzak nola erabili diren eta haien helburuak bete diren fiskalizatzeko eskatzen duten informazio guztia eman beharko zaie.

g) Deialdi honen 6. oinarriko 1.j) paragrafoan xedatutakoa eragotzi gabe, baldin eta beste administrazio batek edo erakunde publiko edo pribaturen batek helburu bererako ematen duen beste dirulaguntza edo laguntzarik eskatu eta eskuratzen bada, horren berri ematea Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzari, idatziz, beste laguntza edo dirulaguntza eskuratu izanaren berri izan eta hurrengo hamabost egun naturalen barruan eta, betiere, funts publikoen erabilera justifikatu aurretik. Era berean, 2019, 2020 eta 2021eko ekitaldietan minimis erregimenera atxikitako bestelako laguntzarik eskatu duen edo ez eta lortu duen edo ez jakinaraztea, baita horien zenbatekoa ere.

h) Dirulaguntza emateko kontuan hartutako egoera subjektibo edo objektiboren bat aldatzen bada, aldaketaren berri ematea Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzari, idatziz.

i) Kontabilitate-liburuak, erregistro izapidetuak eta gainerako dokumentu guztiak behar bezala auditatuta izatea, merkataritza-legeriak eskatutako baldintzetan, eta deialdi bakoitzean finantzatutako inbertsioarekin lotutako gastu guztietarako kontabilitate-sistema bereizi bat edo kontabilitate-kode egoki bat izatea, araudiak finkatzen dituen kontrolak egin ahal izateko.

j) Jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatzen duten agiriak gorde behar dituzte, agiri elektronikoak barne, egiaztatzeko eta kontrolatzeko ekintzak gauzatzeko erabil baitaitezke.

k) Finantzazio publikoaren publizitate egokia egitea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 31. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

2.– Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzak automatikoki eta ofizioz egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dauden. Hala ere, eskatzaileak modu arrazoituan aurka egin ahal izango dio horri eta, hala egiten badu, ziurtagiria edo eskatzen zaion agiria aurkeztu beharko du, betiere urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluan xedatutakoaren arabera.

3.– Emakume Nekazarien Estatutuaren urriaren 15eko 8/2015 Legearen baldintzak betetzen dituztela eta 10.1.A oinarrian aurreikusitako puntuazioa gehitzeko eskubidea ematen dutela egiaztatzen duten agiriak aurkeztea Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzari.

13. oinarria.– Gauzatzeko gehieneko epeak.

Urteko proiektuen exekuzio-epea 2021eko abenduaren 31n amaituko da.

14. oinarria.– Gastua justifikatzea.

1.– Laguntzen den proiektua gauzatu dela justifikatzeko, honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dira Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzan:

a) Aurkeztutako proiektuan gauzatutako jarduketen justifikazio-memoria, autokontrol-sistemak ezartzeko gastuen, ziurtapen-gastuen eta egindako prestakuntzaren fakturak eta ordainagiri originalak barne hartuta.

b) Erantzukizunpeko adierazpen bat, zehazten duena fakturak eta ordainketak justifikatzeko gainerako egiaztagiriak ez direla aurkeztu diruz lagundu daitezkeen beste programa batzuk justifikatzeko edo, hartarako aurkeztu badira, zehazten duena zer programa justifikatzeko aurkeztu diren eta faktura edo egiaztagiri bakoitzaren zer ehuneko lagundu den diruz.

c) Behar izanez gero, dirulaguntzak itzultzeagatik dagozkion betebeharrak ordaindu dituela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena.

2.– Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzak automatikoki eta ofizioz egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dauden. Hala ere, onuradunak berariaz uka dezake baimen inplizitu hori, eta, hala egiten badu, ziurtagiria edo eskatzen zaion agiria aurkeztu beharko du, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluan xedatutakoaren arabera.

3.– Laguntzak behar bezala kudeatu eta ordaintzen direla bermatzeko, egindako gastua egiaztatzen duten agiriak aurkezteko epea, gehienez, 2022ko urtarrilaren 15era artekoa izango da.

4.– Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariak agiri gehiago eskatu ahal izango ditu, egoki irizten badio. Eskaera horrek arrazoitua izan beharko du.

15. oinarria.– Ordainketa.

1.– Ordainketa egiteko, aurretik eskatu eta gastua justifikatu beharra dago, aurreko oinarrian adierazitako agiriak aurkeztuz.

2.– Ez da laguntzaren aurrerakinik emango, ezta konturako ordainketarik egingo ere.

3.– Ordainketa egiteko eskabidearekin batera, 14. oinarriaren 1. zenbakian aipatzen diren agiriak aurkeztuko dira. Dokumentazio hori osatu eta gehienez ere bi hilera, Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzak egin beharreko izapideak egingo ditu Ogasun eta Ekonomia Sailak ordainketa egin dezan.

4.– Plana ez bada ezarritako gehieneko epeetan gauzatzen, luzapenak barne hartuta, edo inbertsioa egin izana egiaztatzeko agiriak ez badira epearen barruan aurkezten, onuradunek dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko dute.

5.– Dirulaguntzak ordaintzeko, amaitu egin beharko dira Euskal Autonomia Erkidegoak emandako antzeko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasitako itzultze- edo zehapen-prozedurak, artean izapideetan daudenak. Prozedurak, amaieran, laguntza publikoak eskuratzeko gaitasungabetzea badakar, edo laguntza itzultzeko betebeharra ezartzen badu, baldintzapean emandako laguntza baliogabetu egingo da, onuradun izateko debekua ezartzen duen egoera batean egoteagatik, eta ez da inolaz ere ordainduko.

6.– Administrazioak dirulaguntzak ordaindu ahal izateko, erakunde onuradunak Eusko Jaurlaritzaren dagokion datu-basean jasota egon beharko du. Alta eman edo hirugarren interesduneko zure datuak aldatzeko, Eusko Jaurlaritzak emandako hirugarrenentzako erregistro telematikora jo beharko da, honako helbide honetan: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak

16. oinarria.– Azpikontratazioa.

1.– Azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 29. artikulua eta uztailaren 21eko 887/2016 Errege Dekretuaren 68. artikulua aplikatuz, diruz lagundutako jardueraren gauzatzea onuradun ez diren hirugarrenei azpikontratatu ahal izango die onuradunak. Proiektua gauzatzeko azpikontratua diruz lagunduko den jardueraren % 60koa izan daiteke gehienez.

2.– Baldin eta hirugarrenei azpikontratatutako jardueraren zenbatekoak dirulaguntzaren zenbatekoa % 20 gainditzen badu, dirulaguntza 60.000 eurotik gorakoa izanik, idatzizko kontratua egin beharko da, zeina Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzak baimendu beharko baitu kontratua formalizatu aurretik eta eskabidea aurkeztu ondoren.

Kontratua formalizatzeko baimen-eskaera laguntza-eskabidearekin batera aurkeztuko da, eta onartze- edo ukatze-ebazpena, aldiz, aurkezten den egunetik bi hileko epean emango eta jakinaraziko da; epe hori igarota, berariazko ebazpenik eman ez bada, eskabidea onartu dela ulertu ahal izango da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 24. artikuluan xedatutakoaren arabera. Prozedurako ebazpenaren aurka, interesdunak gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dio Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordeari. Horretarako hilabeteko epea izango du ebazpenaren jakinarazpena jaso eta biharamunetik aurrera, edo hiru hilekoa, administrazio-isiltasunak ondorioak izan eta biharamunetik aurrera.

3.– Kontratua ezin izango da zatikatu, kontratuaren zenbatekoa murriztu eta 2. paragrafoko betekizunak bete beharrik ez izateko.

4.– Kontratistek onuradunaren aurrean baino ez dute betebeharrik izango, eta onuradunak dauka diruz lagundutako jarduera ondo gauzatzeko erantzukizun osoa Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren aurrean.

5.– Aurreko apartatuan jasotakoa betetzeko, onuradunen erantzukizuna da diruz lagunduko den jarduera itundua gauzatzean agindu honetan ezarritako mugak errespetatzen direla zaintzea, diruz lagundutako gastuen izaera eta zenbatekoari dagokionez, eta kontratistek, aldiz, agindu honen 9. oinarrian adierazitako lankidetza-betebeharra bete behar dute, eta muga horiek benetan errespetatzen dituzten ala ez behar bezala egiaztatzeko aukera eman.

6.– Alabaina, onuradunak ezin izango du diruz lagundutako jardueraren gauzatze osoa edo partziala honako hauekin itundu:

a) 6. oinarrian ezarritako betekizun orokorrak betetzen ez dituzten pertsona fisiko edo juridikoak.

b) Kontratuaren xede den jarduera egiteko beste dirulaguntza batzuk jaso dituzten pertsona fisiko edo juridikoak.

c) Bitartekari edo aholkulariekin, baldin eta eragiketaren kostu totalaren ehuneko jakin gisa definitzen badira horiei ordaindu beharrekoak; non eta ordainketa hori ez dagoen justifikatuta egindako lanak edo emandako zerbitzuak merkatuan daukan balioaren erreferentziaren arabera.

d) Onuradunarekin loturaren bat duten pertsona fisiko edo juridikoak, honako inguruabar hauetan izan ezik:

1.– Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzaren aldez aurretiko baimena lortu izana.

2.– Diruz lagundutako zenbatekoak ez gainditzea lotutako entitateak izandako kostua. Kostua egiaztatzeko, pertsona onuradunaren gastuak frogatzeko ezarrita dauden baldintza berberak justifikatu beharko dira.

e) Deialdi eta programa berean laguntza eskatu duten, baina betekizunak betetzen ez dituztelako edo beharrezkoa den balorazioa lortu ez dutelako laguntzarik gabe geratu diren pertsona fisiko edo juridikoak.

17. oinarria.– Dirulaguntzak emateko baldintzak bat etortzea eta aldatzea eta inbertsioa egiteko epeak luzatzea.

1.– Beste erakunde publiko nahiz pribatu batetik beste laguntza edo dirulaguntzaren bat jasoz gero, idatziz justifikatu eta jakinarazi beharko zaio Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzari, eta, horren ondorioz, baliteke dirulaguntza emateko ebazpena aldatzea; kasu horretan, dena dela, agindu honetan ezarritako gutxieneko baldintzak eta laguntza ematea eragin zuen helburua gorde beharko dira. Horretarako, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariak dagokion ebazpena aldatzeko ebazpena emango du, emandako dirulaguntzaren zenbatekoak oinarri berrira egokitzeko, eta, hala badagokio, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak arautzen duen itzulketa-prozedura hasiko du.

2.– Aurkeztu eta dirulaguntza eman zaion proiektuan egiten dituen aldaketak idatziz jakinarazi eta behar bezala justifikatu beharko ditu onuradunak, Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzaren aurrean.

Aurkeztu eta dirulaguntza eman zaion proiektuan aldaketa funtsezkoak egiten badira, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariak ebazpena emango du, aldaketa onartuz edo ezeztatuz. Aldaketa onartuz gero, ebazpen horretan bertan, laguntza emateko jatorrizko ebazpena aldatuko da, baldin eta edukiren bat aldatu bada.

Aldaketak direla-eta ez da inoiz emandako laguntza handituko.

Aldaketak ez badira funtsezkoak, ez dute laguntza emateko ebazpena aldatuko, oinarri honetako 3. paragrafoan aurreikusitakoa gertatzeari kalterik egin gabe.

3.– Baldin eta proiektuaren behin betiko benetako kostua txikiagoa bada onartutako eta dirulaguntza emateko erreferentziatzat hartutako aurrekontua baino, eta laguntza helburu bererako erabiltzen bada, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa txikitu egingo da, dagokion proportzioan, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariaren likidazio-ebazpen baten bidez, eta, gero, oinarri berriari aplikatuko zaio dirulaguntzaren ehunekoa.

4.– Onuradunak aldez aurretik eskatu eta idatziz justifikatzen badu laguntza eskatzen dueneko proiektua ezin dela gauzatu ebazpenean ezarritako epean berehalakoan proiektua gauzatzea eragozten duten berandutze, atzerapen edo zailtasunak gertatu direla-eta –laguntza emateko ebazpenaren arabera proiektua bukatu behar den eguna baino lehenago aurkeztu beharko luke eskaera–, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariak proiektua gauzatzeko epea luzatu ahalko du, ebazpen bidez, non zehaztuko baita luzapenaren gehieneko iraupena, hasieran onartutako dirulaguntzari eutsita. Proiektua gauzatzeko gehieneko epea inola ere ez da izango agindu honen 11. oinarriak xedatzen duena baino luzeagoa.

18. oinarria.– Atzera egitea eta uko egitea.

1.– Laguntza-eskatzaileek atzera egin ahalko dute, betiere laguntzak emateko prozeduraren ebazpena jakinarazi aurretik. Horretarako, atzera egiteko eskaera helarazi beharko diote Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariari, idatziz, eta hark, ebazpen baten bidez, bete-betean onartuko du atzera egiteko eskaera, eta hari dagokion prozedura amaitutzat emango du.

2.– Onuradunek laguntzei uko egin ahal izango diete, laguntza onartu ondoren ere –agindu honen 12. oinarriaren 1.c) apartatuan ezarritako betebeharrarekin bat etorriz, emandako laguntza onartzeko betebeharra dute onuradunek–, baina, betiere, inbertsioa amaitu aurretik, eta baldin eta Administrazioak inolako ordainketarik egin ez badu. Uko egiteko asmoa idatziz aurkeztuko zaio Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariari eta hark, ebazpen baten bidez, bete-betean onartuko du eta amaitutzat emango du hari dagokion prozedura.

Ukoa onartuta, onuradunak automatikoki galduko du ebazpen bidez onartutako eskubidea, baita emandako laguntza kobratzeko eskubidea ere.

19. oinarria.– Ez-betetzeak.

1.– Baldin eta onuradunek ez badute betetzen agindu honetako betebeharren bat edo dirulaguntza emateko ebazpenak finkatzen duen baldintzaren bat, proiektua ez badute osorik gauzatzen eta horren ondorioz erabat hutsaltzen badute laguntzaren helburua edo dirulaguntzak itzultzera behartzen duen Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan aurreikusitako egoeraren batean badaude, laguntzak ematen dituen organo eskudunak, baldintzak ez betetzeagatiko espedientea izapidetu eta interesduna entzun eta gero, ebazpen baten bidez, dirulaguntza jasotzeko eskubidea kenduko dio onuradunari, partez edo osorik, eta, hala dagokionean, kobratu dituen laguntzak eta dagozkion legezko interesak itzuli beharko dizkio onuradunak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, partez edo osorik, proiektuaren gauzatze-mailaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 53. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37.2 artikuluan xedatuarekin bat. Gainera, dagozkion gainerako neurriak hartuko dira.

Aipatutako diru kopuruak diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.

2.– Itzulketa-prozedura Administrazioko arau-hauste baten ondorioa bada, eskumena duen organoari jakinaraziko zaio, behar den zehapen-prozedurari ekin diezaion, eta interesdunari. Administrazioko arau-hausteak izango dira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 56., 57. eta 58. artikuluetan jasotako jokabideak.

20. oinarria.– Bateragarritasunak.

Deialdi honetako dirulaguntzak bateragarriak dira edozein entitate publiko zein pribatuk xede berberaz emandakoekin. Guztien zenbateko osoak gehieneko laguntza-ehunekoak gainditzen baditu, programa honen babesean emandako dirulaguntza murriztu egingo da, soberakinari dagokion kopuruan.

Gauza bera gertatuko da minimis laguntzen metaketak 2019, 2020 eta 2021eko ekitaldietan 200.000 euroko gehieneko zenbatekoa gainditzen badu, 1407/2013 (EB) Erregelamenduak ezartzen duen bezala.

21. oinarria.– Datuen babesa.

Agindu hau aplikatuta biltzen diren datu pertsonalak Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta gainerako lege aplikagarrietan xedatutakoaren arabera tratatuko dira.

Datuen babesari buruzko informazioa lortzeko: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/datuak-babesteko-ordezkaria/hasiera/

ESKABIDEA EGITEKO INPRIMAKIAREN EDUKIA

Laguntza-eskabiderako formularioa webgune honetan dago eskuragarri: http://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1206901

Oinarrizko eduki hau du:

Eremu generikoak:

– Identifikazio-agiri mota.

– NAN zenbakia.

– Izena (pertsona fisikoek soilik).

– Lehen abizena (pertsona fisikoek soilik).

– Bigarren abizena (pertsona fisikoek soilik).

– Sexua (pertsona fisikoek soilik).

Honako hau ordezkatzen du:

– Entitatearen izena (pertsona juridikoek soilik).

– IFKren zenbakia.

– Telefono finkoa.

– Telefono mugikorra.

– Helbide elektronikoa.

– Lurralde historikoa.

– Jakinarazpen- eta komunikazio-bidea.

– Abisuak jasotzeko helbide elektronikoa.

– Abisuak jasotzeko mugikorra.

– Jakinarazpen, komunikazio eta abisuen hizkuntza.

Honako agiri hauek ditu:

Erakundea eratzeko eskrituraren eta estatutuen kopia, dagokion erregistroan sartu dela adierazten duen zigilua jarrita.

Ziurtagiria lortzeko egin beharreko edo egindako ekintzen plan xehatua, ziurtatu beharreko ustiategiak identifikatuta (NUE-Nekazaritzako Ustiategien Erregistroak identifikatuta). Honako gastu hauen zenbatekoak zehaztu beharko ditu: autokontrol-sistema ezartzearenak, sistemaren arduradunari prestakuntza ematearenak, autokontrol-prozedura idaztearenak eta barne-auditoriak egitearenak.

Agindu honetan ezarritako baldintza guztiak betetzen dituela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena; zehazki:

Ez zaio, epai irmo baten bidez, laguntza edo dirulaguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren zigor bat ezarri edo ez da delitu hauetakoren bat egitearen erruduntzat jo: prebarikazioa, eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, influentzia-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.

Ez du borondatezko konkurtso-deklaraziorik eskatu; ez dago inolako prozeduratan kaudimengabetzat jota; ez dago konkurtsoan deklaratuta, salbu eta horretan eraginkortasuna hartu badu hitzarmen batek; ez dago esku-hartze judizialaren eraginpean edo desgaitua, Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaitze-aldia amaitu gabe.

Ez du administrazioarekin egindako kontraturen baten suntsiarazpen irmorik eragin, suntsiarazpen-arrazoi horren errudun deklaratu dituztelarik.

Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateetako administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak ez daude honako lege hauetan jasotako kasuren batean: 3/2015 Legea, martxoaren 30ekoa, Estatuko Administrazio Orokorreko goi-kargudunen jarduna arautzen duena; 53/1984 Legea, abenduaren 26koa, Administrazio publikoen zerbitzura dauden langileen bateraezintasunena; edo Hauteskunde Erregimen Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako kargu hautetsiak izatea, lege horretan edo gai horiek arautzen dituen Euskal Autonomia Erkidegoko araudian ezarritako baldintzetan.

Zerga-egoitza ez du erregelamenduz zerga-paradisu gisa kalifikatutako herrialde edo lurralde batean.

EAEko Administrazioak edo haren mendeko erakundeek emandako laguntzen edo dirulaguntzen esparruan, itzultze- edo zehapen-prozeduretako kantitate zehatzen ordainketari dagokionez egunean dago/ez dago. Betebehar horien ordainketak egunean dituztela ulertuko da baldin eta zorrak atzeratuta eta zatituta badaude, edo dagokion itzultze-ebazpena dela-eta bertan behera uztea erabaki bada. Baldintza hori bete beharko da hala onuradun izateko nola izaera horri eusteko dirulaguntzaren likidazioa egin arte. Beraz, alde horretatik, egiaztapenak egingo dira bai dirulaguntza ematen denean bai ordainketak egiten direnean.

Ez du jaso dirulaguntzak lortzeko aukera galtzeko zehapenik ebazpen irmo baten bidez.

Ez dago sartuta Elkartzeko eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 4. artikuluko 5. eta 6. apartatuetan aurreikusitako debekuen kausetan. Eta inskribatzeko administrazio-prozedura ez da eten, ez-zilegitasun penalaren arrazoizko zantzuak aurkitzeagatik, 1/2002 Lege Organikoaren 30.4 artikuluan ezarritakoa aplikatuz, harik eta ebazpen judizial irmoa egon arte; kasu horretan, dagokion inskripzioa egin ahalko da, dagokion erregistroan (elkarteen kasuan).

Sartuta dago/Ez dago sartuta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntza eta dirulaguntzen esparruan abiarazi duten itzultzeko edo zehatzeko prozeduraren batean.

– Eskatu ditu/Ez ditu eskatu eta Lortu ditu/Ez ditu lortu diruz laguntzekoa den gastu bererako bestelako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo bestelako baliabide ekonomikoak administrazio publiko edo erakunde publiko nahiz pribaturen baten eskutik. Halaber, aurreko bi ekitaldi fiskaletan eta uneko ekitaldian minimis erregimenari atxikita eskatu eta/edo lortu diren laguntzei buruzko berariazko adierazpena aurkeztea.

Horiek lortuz gero, lortutako kopurua:

– Pertsona juridikoen kasuan, nortasun juridikoa izan edo ez, Emakume Nekazariaren Estatutuari buruzko urriaren 15eko 8/2015 Legean ezarritakoa betetzen du.

– Eskabide honekin batera aurkeztutako agiri guztiak egiazkoak direla adierazten du.

Behar izanez gero, markatu: EZ diot Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzari baimenik ematen eskatzailearen NANa eta IFK automatikoki egiaztatzeko, ez eta eskatzaileak zerga-betebeharrak egunean dituela eta Gizarte Segurantzarekiko ordainketak egunean dituela egiaztatzen duen ziurtagiririk ere. Beraz, agiri horiek eskabidearekin batera aurkezten ditut.


Azterketa dokumentala