Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

238. zk., 2021eko azaroaren 30a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

HEZKUNTZA SAILA
6022

241/2021 DEKRETUA, azaroaren 23koa, Lanbide Heziketako Koordinazio Organo Gorena arautzen duena.

Sektore produktiboak aldaketa sakonak eskatzen ari dira, eta hauek dira egoera horren arrazoiak: gertatzen hasiak diren gizarte-aldaketak, kalitatezko enplegua eskuratzeko aukera, lan-merkatuaren berregituraketa, berrikuntza teknologikoen aurrerabidea, ekoizpen-prozesuen automatizazio-maila gero eta handiagoa, antolamendu eta kudeaketa mota berriak, lanbide-esparru berrien agerpena eta tekniken nahiz ekipamenduen eraldaketa bizkorra.

Erronka horiei erantzun ahal izateko, EAEk behar duen Lanbide Heziketak malgua izan behar du, eta behar bezalako lotura izan behar du bertako ekonomiaren ezaugarri bereziekin, EAEko lan–merkatuaren egiturara eta berariazko eskakizunetara eta etorkizunean nozituko diren aldaketetara egokitutako tresna izan dadin. Horrek exijitzen du eskaintzaren plangintza eta espezializazioa lan-merkatuaren premien araberakoa izatea, batez ere gorabidean diren sektore eta okupazioetan, enplegu gehien sortzen duten eta euskal ekonomiaren etorkizunerako estrategikoak diren horietan. Eta lanbide-heziketako zentro integratuetan eta prestakuntza hori ematen duten beste zentro batzuetan egingo den prestakuntza-eskaintza behar bezala planifikatzeko, ezinbestekoa da lanbide-kualifikazio berrien beharrizanei buruzko prospekzio onak egitea, kontuan hartuta lan-merkatuko etengabeko aldaketak eta lanbide-profilen eboluzioa, bai eta enpresen eraberritze eta egokitze etengabearen ondorioz gorabidean diren profilak ere.

Horrek eragileen arteko elkarlana areagotzeko lehentasunezko beharrizana dakar, formazioak, kualifikazioak, sektore produktiboek eta lan merkatuak era koordinatuan bide egokitik aurrera egin dezaten.

Lanbide-heziketako sistema koherentea osatzeko beharrak eraginda (sistema horrek, halaber, helburu komunak lortzen lagunduko du), lanbide-heziketak sailen arteko elkarlana eta koordinazioa eskatzen du. Helburu horrekin, Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 28ko 4/2018 Legeak Lanbide Heziketako Koordinazio Organo Gorena osatu zuen 18. artikuluan.

Organo horri dagokio sailen estrategietan eragiten duten lanbide-heziketaren arloko politikak koordinatzea, bai eta Eusko Jaurlaritzak erregelamenduz esleitzen dion beste edozein eginkizun ere. Lanbide Heziketako Koordinazio Organo Gorenak, eginkizun horiek aurrera eramateko, kontuan izango ditu Lanbide Heziketako Euskal Kontseiluaren proposamenak, baita Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikei buruzko abenduaren 23ko 17/2008 Legearen 70. artikuluan adierazitako batzorde mistoak egin ditzakeen proposamenak ere.

Dekretu hau prestatzeko orduan, kontuan hartu da Lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren 10. artikuluan ezarritakoa (18/2020 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena).

Horren arabera, Jaurlaritzaren ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 18. artikuluan xedatutakoari eta Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoak adierazitakoari jarraikiz, Hezkuntzako sailburuaren proposamenez eta Gobernu Kontseiluak 2021eko azaroaren 23an egindako bilkuran proposamena eztabaidatu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Arauaren xedea eta araubide juridikoa.

1.– Dekretu honen xedea Lanbide Heziketako Koordinazio Organo Gorena arautzea da. Hain zuzen ere, organo hori kide anitzeko sailarteko organo gisa sortu zen Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketari buruzko 4/2018 Legearen 18. artikuluaren bidez.

2.– Organoak honen arabera jokatuko du: Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren Legearen Atariko Tituluaren II. kapituluaren 3. sekzioko 1. azpisekzioan xedatutakoaren arabera, horiei buruz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legean ezarritako aurreikuspenen arabera, eta dekretu honetan ezarritakoaren arabera.

2. artikulua.– Adskripzioa eta osaera.

Lanbide Heziketako Koordinazio Organo Gorenak osaera hau izango du:

a) Lehendakaria.

Lanbide-heziketaren arloan eskumena duen kargu publikoren bat betetzen duen pertsona bat, Jaurlaritzak izendatua, hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren arloko eskumena duen saileko titularraren proposamenez.

b) Bokalak.

– Kide anitzeko organoaren eginkizunekin lotutako arloetan eskumena duten hiru kargudun publiko, hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren arloko eskumena duen saileko titularrak izendatuak.

– Kide anitzeko organoaren eginkizunekin lotutako arloetan eskumena duten hiru kargudun publiko, enplegurako lanbide-heziketaren arloko eskumena duen saileko titularrak izendatuak.

– Kide anitzeko organoaren eginkizunekin lotutako arloetan eskumena duen kargudun publiko bat, nekazaritza-arloko lanbide-heziketa ez-arautuan eskumena duen saileko titularrak izendatua.

– Kide anitzeko organoaren eginkizunekin lotutako arloetan eskumena duen kargudun publiko bat, industria-arloko eskumena duen saileko titularrak izendatua.

– Kide anitzeko organoaren eginkizunekin lotutako arloetan eskumena duen kargudun publiko bat, teknologia, berrikuntza eta eraldaketa digitalaren arloko eskumena duen saileko titularrak izendatua.

c) Idazkaria.

Hezkuntza-sistemako lanbide-heziketan eskumena duen saileko teknikari bat. Kide anitzeko organoko lehendakariak izendatuko du, kargutik kenduko du edo aldi baterako ordeztuko du, postua hutsik dagoenean edo idazkaria ez dagoenean edo gaixorik dagoenean.

3. artikulua.– Eginkizunak.

1.– Lanbide Heziketako Koordinazio Organo Gorenak eginkizun hauek izango ditu:

a) Jaurlaritzako sailek garatzen dituzten estrategietan eragina izango duten lanbide-heziketako politika orokorrei buruzko irizpideak ezartzea.

b) Jaurlaritzako sailek garatzen dituzten estrategietan eragina izango duten lanbide-heziketako politikak koordinatzea.

c) Legez edo organo horri organikoki dagokion sailaren egitura organiko eta funtzionalaren dekretu bidez ezarritako beste edozein eginkizun.

2.– Eginkizunak gauzatzeko, kontuan izango ditu Lanbide Heziketako Euskal Kontseiluak eginiko proposamenak, bai eta Nekazaritza eta Elikagaigintzari buruzko 17/2008 Legearen 70. artikuluan jasotako Batzorde Mistoak egin ditzakeenak ere.

4. artikulua.– Izendatzea eta kargutik kentzea.

1.– Kide anitzeko organoko presidente-kargua bete behar duen pertsona Gobernu Kontseiluaren dekretu bidez izendatuko da, organoa atxikia duen Hezkuntza Sailaren proposamenez, lanbide-heziketaren arloko eskumena duten kargudun publikoen artean.

Kide anitzeko organoko bokal-kargua bete behar duten pertsonak dekretu honen azken xedapenetako lehenengoan aipatzen diren sailetako titularrek izendatuko dituzte, kide anitzeko organoaren eginkizunekin lotutako gaietan eskumena duten kargudun publikoen artean. Izendapenek emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua ahalbidetu behar dute, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 4/2005 Legearen 23. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

Kide anitzeko organoko idazkari-kargua bete behar duen pertsonaren izendapena kide anitzeko organoko presidenteak egingo du, hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren arloko eskumena duen saileko teknikarien artean.

Pertsona hori ez da kide anitzeko organoko kide izango; ahotsa izango du, baina botorik ez.

2.– Titularren posturen bat hutsik badago, edo absente edo gaixorik badaude, Hezkuntza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 71/2021 Dekretuaren lehenengo xedapen gehigarrian xedatua bete beharko da.

3.– Izendapena egiteko eskumena duten organoek edozein unetan kargugabetu ahal izango dituzte izendatutako pertsonak, bai eta ordeztu ere.

Ordezkapenen kasuan, ordeztutako pertsonaren agintaldia bete arteko denbora-tarterako iraungo du izendatu berriak.

Kargua utzi duten pertsonek beren eginkizunak betetzen jarraituko dute, haien ordez izendatu den pertsonak izendapena onartu arte.

5. artikulua.– Kide anitzeko organoko lehendakariaren eginkizunak eta eskumenak.

Kide anitzeko organoko presidenteari dagokio:

a) Organoaren ordezkari izatea.

b) Ohiko eta ezohiko bileretarako deia egitea, eta gai-zerrenda finkatzea; horretarako, hala beharko balitz, kontuan izango ditu gainerako kideek behar besteko denboraz aurkeztutako eskaerak.

c) Bileretan buru izatea, eztabaiden moderatzaile izatea, eta eztabaidok bertan behera uztea arrazoi justifikaturik badago.

d) Berdinketak bere botoarekin haustea.

e) Legeak beteko direla bermatzea.

f) Organoak hartzen dituen erabakien aktak eta ziurtagiriak ikus-onestea.

g) Organoko lehendakari izateari dagozkion bestelako eginkizunak gauzatzea.

6. artikulua.– Kide anitzeko organoko kideen eginkizunak eta eskumenak.

1.– Kide anitzeko organoko kideei dagokie:

a) Deialdia jasotzea gutxienez bilkura baino zazpi egun natural lehenago; hain zuzen ere, deialdian, bilkuretako gai-ordena eta gai horien gaineko informazioa jaso beharko dira.

b) Saioetako eztabaidetan parte hartzea eta komenigarritzat jotako proposamenak formulatzea, gai-zerrendan sartutako edozein gairen inguruan.

c) Boto-eskubidea gauzatzea, abstenitzeko aukerarik izan gabe, zer eta zergatik bozkatu duten azaltzea, eta boto partikularra formulatzea.

d) Galderak eta eskariak egitea.

e) Lehendakariari proposatzea hurrengo bilkuren gai-zerrendetan sartuko diren puntuak, puntu horiek jasota geratuko direla bermatuko duen edozein bitartekoren bidez.

f) Bilkuretan, premiazko gairen bat sartzeko proposamena egitea.

g) Emandako eginkizunak betetzeko behar den informazioa lortzea.

h) Dagozkion beste edozein eginkizun egitea.

2.– Kideek hala eskatuta, hartutako erabakiaren kontrako botoa, eta hori justifikatzen duten arrazoiak, edo aldeko botoaren azalpena jasoko dira aktan.

Era berean, edozein kidek dauka bere parte-hartzearen edo proposamenaren transkripzio osoa eskatzeko eskubidea; horretarako, eta betiere aktak ez badakar bilkuraren grabaziorik, bere parte-hartzearekiko fidela den testua eman beharko du une horretan bertan edo presidenteak adierazitako epean, eta horrela geratu beharko da jasota aktan edo horren kopia erantsi beharko da.

Gehiengoaren erabakiarekin ados ez dauden kideek idatziz formulatu ahal izango dute beren boto partikularra, bi eguneko epean, eta hura ere onartutako testuari erantsiko zaio.

3.– Kide anitzeko organoko kideek ezin izango dituzte beren gain hartu organoari aitortzen zaizkion ordezkaritza-funtzioak, salbu eta, kasu zehatz bakoitzerako, organoak berak halakorik esleitu dienean berariaz, modu baliozkoan hartutako erabaki bidez.

7. artikulua.– Kide anitzeko organoko idazkariaren eginkizunak eta eskumenak.

Kide anitzeko organoko idazkariari dagokio:

a) Bileretara joatea, hitz egiteko eskubidearekin baina botorik gabe.

b) Organoaren bilkuren deialdia egitea lehendakariaren aginduz, eta organoko kideei zitazioak egitea.

c) Organoaren ekintzen legaltasun formal eta materiala beteko dela zaintzea.

d) Erabakiak hartu eta eratzeko prozedurak eta arauak errespetatzen direla bermatzea.

e) Kideek organoari egindako komunikazioak jasotzea: jakinarazpenak, datu-eskaerak, zuzenketak edo ezagutu behar dituen bestelako idazkiak.

f) Gaiak bideratzea eta bilkuretako aktak idatzi eta baimentzea.

g) Onartutako erabakiei buruzko ziurtagiriak ematea.

h) Idazkariari berez dagokion beste edozein eginkizun.

8. artikulua.– Organoa eratzea, deialdiak eta bilkurak egitea eta erabakiak hartzea.

1.– Lanbide Heziketako Koordinazio Organo Gorena behar bezala eratu eta bilkurak egiteko, eztabaidak izateko eta erabakiak hartzeko helburuz, lehenengo deialdian, organoko lehendakaria eta idazkaria bertaratu beharko dira, modu presentzialean edo urrutitik; edo, bestela, haien ordezkoak eta, gutxienez, kideen erdiak.

Deialdian berariaz hala jasota baldin badago, lehenengo deialdirako adierazitako ordutik ordubete igaro bada eta ez bada beharrezko quorumik lortu organoa modu baliagarrian eratzeko, bigarren deialdian eratu ahal izango da, eta, modu baliagarrian eratzeko, nahikoa izango da presidentea eta idazkaria bertaratzea, bai eta, gutxienez, hiru kide ere, hiru sailen titularrek izendatutako kargudun publikoak izan beharko direnak.

2.– Deialdiak 7 egun naturaleko gutxieneko epean egingo dira bilkuraren aurretik, eta deialdiarekin batera gai-zerrenda erantsiko da. Premia izango balitz, presidenteak 48 ordura murriztu ahal izango luke epea, gutxienez.

Ezin da eztabaidatu edo erabaki gai-zerrendan jarri ez den gairik, salbu eta kide anitzeko organoko kide guztiak bertaratu direnean eta gehiengoak erabaki duenean aztergaia presazkoa dela.

3.– Organoak zehaztuko du ohiko bilkuren maiztasuna: gutxienez, urtean bi bilkura izango dira.

4.– Ezohiko bilkuren deialdiak egingo dira lehendakariak beharrezko irizten dionean, bai eta gutxienez kideen % 50ek eskatzen duenean ere.

5.– Idazkaria eta kide anitzeko organoko kide guztiak, edo, bestela, haien ordezkoak, modu presentzialean edo urrutitik bilduta daudenean, modu baliagarrian eratu ahal izango dira kide anitzeko organo gisa, aldez aurreko deialdirik gabe bilkurak egiteko, eztabaidak izateko eta erabakiak hartzeko, kide guztiek hala erabakitzen dutenean.

6.– Bilkurak presentzialak edo urrutikoak izan ahalko dira, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren Legearen 17. artikuluan ezarritakoaren arabera.

7.– Gai bereziak aztertzean organoko kide ez diren pertsonak eramatea komeni bada, presidenteak egingo du deialdia, soilik aipatutako gai horietarako. Pertsona horiek hitza izango dute, baina botorik ez.

8.– Bertaratutakoen botoen gehiengo soilez hartuko dira erabakiak.

9. artikulua.– Aktak.

Bilkuretako aktak Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren Legearen 18. artikuluan ezarritakoaren arabera idatzi eta onartuko dira.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Hezkuntza Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezarri zuen otsailaren 23ko 71/2021 Dekretua aldatzea.

Laugarren xedapen gehigarri berria gehitu da otsailaren 23ko 71/2021 Dekretuan, eta testu hau izango du:

«Laugarren xedapen gehigarria: Lanbide Heziketako Koordinazio Organo Gorenaren adskripzioa eta osaera.

1.– Lanbide Heziketako Koordinazio Organo Gorena lanbide-heziketaren arloan eskumena duen sailburuordetzari atxikita geratzen da organikoki.

2.– Lanbide Heziketako Koordinazio Organo Gorenak osaera hau izango du:

a) Lehendakaria.

Lanbide-heziketaren arloan eskumena duen kargu publikoren bat betetzen duen pertsona bat, Jaurlaritzak izendatua, hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren arloko eskumena duen saileko titularraren proposamenez.

b) Kideak, kopuru eta ordezkaritza honetan:

– Kide anitzeko organoaren eginkizunekin lotutako arloetan eskumena duten hiru kargudun publiko, hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren arloko eskumena duen saileko titularrak izendatuak.

– Kide anitzeko organoaren eginkizunekin lotutako arloetan eskumena duten hiru kargudun publiko, enplegurako lanbide-heziketaren arloko eskumena duen saileko titularrak izendatuak.

– Kide anitzeko organoaren eginkizunekin lotutako arloetan eskumena duen kargudun publiko bat, nekazaritza-arloko lanbide-heziketa ez-arautuan eskumena duen saileko titularrak izendatua.

– Kide anitzeko organoaren eginkizunekin lotutako arloetan eskumena duen kargudun publiko bat, industria-arloko eskumena duen saileko titularrak izendatua.

– Kide anitzeko organoaren eginkizunekin lotutako arloetan eskumena duen kargudun publiko bat, teknologia, berrikuntza eta eraldaketa digitalaren arloko eskumena duen saileko titularrak izendatua.

c) Idazkaria.

Hezkuntza-sistemako lanbide-heziketan eskumena duen saileko teknikari bat. Kide anitzeko organoko lehendakariak izendatuko du, kargutik kenduko du edo aldi baterako ordeztuko du, postua hutsik dagoenean edo idazkaria ez dagoenean edo gaixorik dagoenean.

Kide anitzeko organoa osatzen duten pertsonak izendatu eta kargugabetzeko, Lanbide Heziketari buruzko Legean eta Lanbide Heziketako Koordinazio Organo Gorena arautzen duen Dekretuan ezarritakoaren arabera jokatuko da».

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Indarrean jartzea.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2021eko azaroaren 23an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Hezkuntzako sailburua,

JOKIN BILDARRATZ SORRON.


Azterketa dokumentala