Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

200. zk., 2021eko urriaren 6a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
5098

EBAZPENA, 2021eko abuztuaren 6koa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko idazkari nagusiarena, Kimika Fakultateko Kalitate Batzordearen Arautegiaren aldaketa onartzen duena.

2021eko ekainaren 11ko bilkuran, Kimika Fakultateko Batzarrak ikastegiko Kalitate Batzordearen arautegia aldatzea onartu zuen, bertako kideen artean ikastegiari atxikitako master ofizialen ordezkaritza bat sartzeko. artikulu batzuei eragin dioten beste aldaketa txiki batzuk ere egin dira, 2016an fakultateari aldatutako izena zuzentzeaz gain. Horregatik guztiagatik, arautegiaren testu berri osoa argitaratzea erabaki da.

Arautegia aldatzeko proposamen horrek Lege Zerbitzuaren aldeko txostena du, errespetatu egiten baitu Irakaskuntza Ikastegietako Kalitate Batzordearen Esparru Araudia jasotakoa batzordeen osaerari dagokionez.

UPV/EHUko idazkari nagusiari dagokio, Gobernu Kontseiluak eskuordetuta, Ikastegietako Kalitate Batzordeen Esparru Arautegiaren 2.2 artikuluaren arabera, Ikastetxeen Kalitate Arautegiak onartzea, baldin eta bertako kideren batek edo ikastetxeko Batzordeko kideen % 15ek ez badu berariaz eskatzen Gobernu Kontseiluari bidaltzeko.

Adierazitakoagatik guztiagatik, ondokoa

EBATZI DUT:

Lehenengoa.– Onartzea Kimika Fakultateko Kalitate Batzordearen Arautegiaren aldaketa, eranskienean jasota bezala.

Bigarrena.– Agindua ematea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko.

Hirugarrena.– Aldaketa argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.

Leioa, 2021eko abuztuaren 6a.

Idazkari nagusia,

AITOR ZURIMENDI ISLA.

ERANSKINA
DONOSTIAKO KIMIKA FAKULTATEKO KALITATE BATZORDEAREN ARAUTEGIA
ATARIKOA

Arautegi hau betetzera dator Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko Ikastegietako Kalitate Batzordeen Oinarrizko Arautegian jasotakoa; oinarrizko arautegia, bestalde, diseinatu da bat etorrita Europako Unibertsitate Eremuan sartzeko prozesuei lotutako zenbait programarekin. Zehatzago esanda, gradu berrietako ikasketa planetan zehaztutakoa beteko du arautegi honek, plan horietan argi eta garbi adierazten delako ikastegiek izan beharko dutela Kalitatea Bermatzeko Barne Sistema bat (KBBS). Bestalde, AUDIT programaren arabera, KBBS bat daukaten ikastegietan, bertako Kalitate Batzordeak ebaluatu egin behar du sistema hori. Gainera, 2009ko abenduaren 22an UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak «Docentiaz» Programa onartu zuen, UPV/EHUko Irakasleen Irakaskuntza Jarduera Ebaluatzekoa; programa hori gauzatzeko beharrezkoa da, haren testuan bertan adierazten den bezala, ikastegietako kalitate batzordeek beren arautegiak izatea.

Kimika Fakultateko Kalitate Batzordea Ikastegiko Batzarrak izendatzen du. Dekanotza taldearekin batera, Kalitate Batzordeak parte hartzen du KBBSren plangintzan eta jarraipen lanetan, eta, gainera, barne komunikaziorako tresna da kalitate sistemaren politika, helburu, plan, programa, erantzukizun eta lorpenenak ezagutzera emateko. Kalitate Batzordeak, gainera, ikastegiko zuzendaritzari laguntza eta aholkua ematen dizkie tituluen curriculuma garatzeko plangintzan eta jarraipen lanean, gaitasunetan oinarritutako irakaskuntza-ikaskuntza ereduaren arabera. Eredu horretan, metodologia aktiboen bidez eta informazio eta komunikazio teknologien laguntzaz, ikasleak gidatutako ikaskuntza (banakakoa nahiz taldekoa) sustatzen da, bai eta etengabeko ebaluazioa ere, guztia irakaskuntza eleaniztunaren testuinguruan. Era berean, batzordeak irakasleen ebaluaziorako txostenak egiten ditu.

Ikastegiko Batzarrari dagokio, fakultatearen gobernu eta ordezkaritzarako kide anitzeko organoa den aldetik, haren kalitate politika eta helburuak onartzea, bai eta Kalitate Batzordearen eraketa, osaera eta eginkizunak onartzea ere. Orobat, Ikastegiko Batzarrari dagokio titulazioetarako proposatzen diren hobekuntza ekintzak onartzea, graduko tituluen kalitatea bermatzeko sistemaren esparruan, Kalitate Batzordeak egindako txostenak oinarri hartuta, besteak beste.

1. artikulua.– Arautegiaren helburua.

1.– Arautegi honen helburua da Donostiako Kimika Fakultateko Kalitate Batzordearen egitura, osaera eta eginkizunak zehaztea. Batzordeak Kalitatea Bermatzeko Barne Sistemaren (KBBS) ardura izango du fakultate honetan ematen diren titulazioei dagokienez.

2.– Arautegi honetan biltzen dira Ikastegietako Kalitate Batzordeen Oinarrizko Arautegiaren arabera nahitaez bete beharreko jarraibideak.

2. artikulua.– Araubide juridikoa.

Fakultateko Kalitate Batzordea gobernatuko da Ikastegiko Batzarrak onartutako arautegi honen bitartez, UPV/EHUko Ikastegietako Kalitate Batzordeen Oinarrizko Arautegiaren bidez –zeinak bete beharreko gutxienekoa markatuko baitu, ikastegikoan aurreikusita ez dagoen guztirako– eta arlo honetan aplikatu beharreko gainerako arautegiez.

3. artikulua.– Eginkizunak.

1.– Kalitate Batzordeak eginkizun hauek izango ditu:

a) Kalitatea Bermatzeko Barne Sistema (KBBS) diseinatu, ezarri, abian jarri eta hari jarraipena egiteko lanak bultzatzea.

b) Prozesuei jarraipena egitea dagozkien adierazleen bitartez.

c) Ikastegiko dekanotza taldeari batzordearen proposamenak aurkeztea.

d) Ikastegiaren urteko helburuak jaso eta, behar denean, haien formulazioa koordinatzea, eta helburuok betetzeko prozesuari jarraipena egitea.

e) Gogobetetze inkesten emaitzak jasotzea eta, haietatik abiatuta, hobekuntzak proposatzeko irizpideak ematea.

f) Urteko jarraipen txostena egitea KBBSren azterketa eta berrikuspenetik abiatuta, eta hobekuntza ekintzak proposatzea titulazioetarako ezarritako helburuak betetzeko.

g) Eskolan irakasten diren titulazioen eta ikastegiaren akreditazioa lortzen eta aldiro berritzen laguntzea.

h) Ikastegiko irakasleek gradu berrietako curriculuma hobeto garatzeko tresnak eta metodologiak ikas ditzaten sustatzea.

i) Eskolako kideek eta interes taldeek kalitateari eta ebaluazioari buruzko prestakuntza har dezaten bultzatzea.

j) Aholku ematea zuzendaritzari KBBSrekin zerikusia duten gaietan.

k) Ikastegiko Batzarrari bere eskumenen arloko erabaki proposamenak aurkeztea.

2.– Ikastegiko Batzarrak, dekanotza taldearen proposamenari jarraituz, Kalitate Batzordeari eskuordetu ahal izango dizkio berari dagozkion eta kalitatearekin zerikusia duten eginkizunak, adibidez, Ikastegien Oinarrizko Arautegiaren 10.2.i) artikuluan ezarritakoa.

4. artikulua.– Osaera.

1.– Hauek izango dira Kalitate Batzordeko kideak:

a) Berezko kideak:

– dekanoa edo horrek eskuordetutako pertsona.

– Akademia Antolakuntzako dekanordea.

– Graduko koordinatzailea.

b) Ikastegiari atxikitako master ofizialen ordezkari bat, dekanotza taldeak izendatuko duena.

c) IRIen sei ordezkari, dekanotza taldeak hautatuko dituenak, ikastegian egoitza duten sailen proposamenez. Ahal dela, irakasle-ikertzaileok ez dira dekanotza taldeko kideak izango.

d) Administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat, ahal dela kalitatearen arloan arduraren bat daukana.

e) Ikasleen ordezkari bat, fakultateko Ikasleen Kontseiluak proposatua.

2.– Batzordeko burua fakultateko dekanoa izango da, edo horrek bere ordez izendatzen duen pertsona. Ikastegiko Kalitate Batzordeak berak erabakiko du zein batzordekide izango den batzordeko idazkaria.

3.– Kalitate Batzordeko kideak Ikastegiko Batzarrak izendatuko ditu, dekanotza taldeak proposatuta. Izendapena lau urterako izango da. Ikasleen ordezkariak, berriz, bi urterako izendatuko ditu, baina epe hori luzatu ahal izango da.

4.– Kalitate Batzordearen irizpideek eta jardunak jarraipena izan dezaten, kide batzuk baino ez dira aldatuko batzordea berritzen den bakoitzean, eta hori bi urterik behin izango da. Dekanotza taldearen ordezkariak eta titulazioko koordinatzailea aldatuko dira dekanotza taldea aldatzen denean; IRIen ordezkarien erdiak eta AZPkoen ordezkaria batzordea eratu eta bi urtera berrituko dira lehen aldiz, salbuespenez.

5. artikulua.– Laguntza batzordeak.

1.– Ikastegiko Kalitate Batzordeak laguntza batzordeak sortu ahal izango ditu. Kalitate Batzordearen menpe egongo dira, eta haien lana aholkua ematea izango da. Kalitate Batzordeak honako hauek zehaztuko ditu batzorde bakoitzerako: nola osatuko den eta batzordeko burua eta idazkaria nortzuk izango diren; zein izango diren batzordearen eremua eta eginkizunak; eta zein haren funtzionamenduaren berezitasunak, halakorik badu.

2.– Horrela, Kimikako Graduko Batzordea sortzen da, Kimikako Graduaren curriculuma garatzeko.

2.1.– Osaera.

Titulazio batzorde honen osakideak izango dira: dekanoa edo hark bere ordez izendatzen duen pertsona, titulazioko koordinatzailea, mailako lau koordinatzaileak, AZPkoen ordezkari bat, eta ikasleen ordezkari bat, ikastegiko Ikasleen Kontseiluak proposatuko duena. Ikastegiko Kalitate Batzordeak erabakiko du zein batzordekide izango den idazkaria.

2.2.– Eginkizunak.

a) Kimikako Graduari jarraipena egitea eta, hala badagokio, Kalitate Batzordeari gradua hobetzeko proposamenak egitea, hark Fakultateko Batzarrari aurkeztu eta batzarrak berrets ditzan.

b) Irakaskuntzaren antolaketari, eskola ordutegiei eta praktiken egutegiari buruzko proposamenak aurkeztea Akademia Antolakuntzako dekanordeari, hala badagokio.

c) Aholkua ematea Kalitate Batzordeari eskola ordutegi eta egutegien aldaketez, hala badagokio.

d) Irakasleen irakaslanaz ikasleek betetako inkesten emaitzak aztertzea, eta, beharrezkoa iritziz gero, hobekuntza proposamenak egitea.

e) Kanpoko praktiketan parte hartzen duten eragile guztien (begiraleen, tutoreen eta ikasleen) inkesten emaitzak aztertzea, hala badagokio, eta tutoretzapeko praktiken arduradunari haien berri ematea, behar diren hobekuntza neurriak hartzeko.

f) Kalitate Batzordeari honako hauek proposatzea, Gradu Amaierako Lanaren inguruan:

– Ikasleei eskainitako proiektuen zerrenda.

– Lanaren defentsa egiteko ohiko eta ezohiko deialdien egutegia.

– Epaimahaien izendapena.

g) Urtero aztertzea ikaskuntzaren eta egresatuen laneratzearen emaitzak islatzen dituzten adierazleak. Adierazleok aztertzeaz gain, adierazle berriak proposatu ahal izango dituzte eta ebaluazio txostena egin.

h) Irakasleek ebaluazio negatiboa jasoz gero, zuzenketa ekintzen planak prestatzea, behar izanez gero.

i) Behar izanez gero, tituluak kentzeko proposamenak prestatzea eta Kimika Fakultateko Batzarrari aurkeztea.

3.– Era berean, Docentiaz Laguntza Batzordea ere sortuko da, informazio iturria izan dadin UPV/EHUko Irakasleen Irakaskuntza Jardueraren Ebaluazio Programarako. Batzordeak osakide hauek izango ditu: dekanoa edo hark bere ordez izendatzen duen pertsona, ikastegiari atxikitako sail edo sail atal bakoitzaren ordezkari bat, administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat eta ikasle bat. Guztiak ere ikastegiko Kalitate Batzordeko kideak izango dira. Laguntza batzorde honetako kideen izendapena Fakultateko Batzarrak berretsi beharko du.

6.– artikulua.– Funtzionamendurako araubidea.

1.– Batzordeko kide izatea eta batzordeko leku hutsak betetzea.

Ikastegiko Kalitate Batzordeko kidea izatea ezaugarri pertsonala eta besterenezina da; pertsona batek Kalitate Batzordeko kidea izateari utziko dio UPV/EHUko Estatutuetan ezarritako arrazoiengatik. Arrazoiren bategatik tokiren bat hutsik geratuko balitz, ezarrita dagoen prozeduraren arabera beteko da.

2.– Eskubideak eta betebeharrak.

Kalitate Batzordeko kideek batzordearen bileretara joateko eskubidea eta joan beharra daukate, eta arautegi honek ezartzen dizkien eginkizunak betetzekoa. Bileretara joateak unibertsitateko gainerako betebeharrak betetzetik salbuetsiko ditu organoetako kideak, baina kasuan kasuko organoek beharrezko neurriak hartuko dituzte betebehar horiek bete egiten direla eta zerbitzua eman egiten dela bermatzeko.

3.– Batzorde Akademikoa gutxienez lau hilean behin bilduko da.

4.– Docentiaz batzordea eratzen bada eta egokitzen bazaio txostena egin beharra batzordeko kide diren irakasleez, irakasle horiek ez dira egongo beren kasua aztertzen den bileran.

5.– Batzordeak bilerara joandako kideen gehiengoaz hartuko ditu erabakiak. Batzordeko buruak kalitateko botoa izango du. Batzordearen erabakiek ez dute betearazteko ahalmenik izango. Zuzendaritza taldeari bidaliko zaizkio beharrezko neurriak har ditzan.

6.– Idazkariak akta jasoko du eta Kalitate Batzordeko kide guztiei bidaliko die. Bakarrik jasoko ditu bileran hartutako erabakiak eta fakultateko kide guztien esku egongo da.

7.– Bere araubidean aurreikusita ez dagoen guztian, Kalitate Batzordeak eta bere laguntza batzordeek jardungo dute Fakultateko Batzarraren bileretarako ezarrita dauden arauen arabera, aplikagarri zaizkien neurrian.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Batzordeetako kideek konfidentzialtasun betebeharra izango dute, batez ere datu pertsonalei dagokienez.

Era berean, datu pertsonalak babesteari buruzko arautegia bete beharko dute batzordeek datu pertsonalen fitxategiak sortu eta erabiltzean.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabetuta geratzen da Kimika Fakultateko (lehen Kimika Zientzien Fakultatea) Kalitate Batzordearen Arautegia, 2011ko uztailaren 5eko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratua.

AZKEN XEDAPENA

Arautegi hau EHAAn argitaratzen den egunean sartuko da indarrean.


Azterketa dokumentala