Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

177. zk., 2021eko irailaren 6a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LURRALDE PLANGINTZA, ETXEBIZITZA ETA GARRAIO SAILA
4657

EBAZPENA, 2021eko uztailaren 30ekoa, Garraio Azpiegituren zuzendariarena, zeinaren bidez «Donostialdeko Metroaren eraikuntza-proiektua. Altza-Galtzaraborda tartea» proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda onartzen baita eta titularrei dei egiten baitzaie okupazioaren aurreko aktak egiteko.

Garraio Azpiegituren zuzendariaren 2021eko apirilaren 12ko Ebazpenaren bidez, «Donostialdeko Metroa eraikitzeko proiektua. Altza Galtzaraborda tartea» onartu zen.

Proiektuaren xedea da, eraikuntza-mailan, Donostialdeko metroaren Altza-Galtzaraborda zatia ezartzeko beharrezkoa den obra zibila zehaztea, trazatu berrikoa eta trenbide bikoitzekoa, Altzako geltoki berria (egiten ari dira) eta Galtzarabordako egungo geltokia lotzen dituena, Errenteriako etorkizuneko lurperatzearekin koordinatuta.

Linea Altzan hasten da, Herrera-Altza tartearekin jarraituz, eta Galtzarabordako geltokian amaitzen da. Donostia, Pasaia eta Errenteria udalerrietan garatzen da. Proiektua Pasai Antxo auzoari eta Errenteriako Galtzaraborda auzoari zerbitzua emateko diseinatu da. Horretarako, bide-zatiak bi geltoki ditu ibilbidean zehar: bat Pasaiako udalerrian eta bestea Errenteriako udalerrian.

Lursailak lortzeko eta ukitutako ondasun eta eskubideak kudeatzeko, proiektuak lursailen identifikazio xehatua jasotzen du, desjabetzeen eranskineko lurzatien zerrendaren eta planoen bidez.

Garraio Azpiegituren zuzendariaren 2021eko apirilaren 20ko Ebazpenaren bidez, proiektua gauzatzeko beharrezkoak diren ondasun eta eskubideak nahitaez desjabetzeko prozedurari hasiera ematea eta desjabetzeen eranskinaren zerrenda jendaurrean jartzea erabaki zen. Interesdunei 2021eko maiatzaren 10ean jakinarazi zitzaien, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eta «Diario Vasco» eta «Noticias de Gipuzkoa» egunkarietan argitaratu zen. Ondasun eta eskubideen zerrenda hori Donostiako, Pasaiako eta Errenteriako udaletako iragarki-taulan ere jarri zen.

Izapide honetan, 7 alegazio-idazki aurkeztu dira, eta horiek Zerbitzu Teknikoetara bidali dira neurriak hartzeko, eta kontuan hartu dira akatsak zuzentzeko, hala badagokio, eta erantzun indibidualizatua bidali zaie guztiei.

Jendaurrean jartzeko epea amaituta, ukitutako ondasun eta eskubideen behin betiko zerrenda egin da.

Organo honek eskumena du garraio-azpiegituren arloko jarduketak gauzatzeko beharrezkoak diren desjabetze-espedienteak izapidetzeko, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 11/2021 Dekretuaren 16.2. c) artikuluan xedatutakoaren arabera.

Trenbide Sektoreari buruzko irailaren 29ko 38/2015 Legearen 6.2 artikuluan xedatutakoaren arabera, trenbide-lineen proiektuak, horien tarteak edo trenbide-azpiegiturako beste elementu batzuk onesteak edo lehendik daudenak aldatzeak, lursail berriak erabiltzea eskatzen badu horietan identifikatutako ukitutako ondasun eta eskubideen nahitaezko desjabetzearen ondorioetarako, onura publikoko edo gizarte-intereseko deklarazioa egingo da, eta okupatu beharrekoa eta presakoa dela deklaratuko da. Legezko adierazpen horrek nahitaezko desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 52. artikuluan aurreikusitako prozedurara jotzeko ahalmena ematen dio administrazioari, lurrak okupatuz edo ukitutako ondasunak eskuratuz, ondasun edo eskubide horiek deskribatzen dituzten aktak egin ondoren, titularrak identifikatuz eta baloraziorako beharrezkoak diren datuak jasoz, eta, aldez aurretik, okupazioaren aurreko gordailu gisa perituak zehaztutako zenbatekoa ordainduz edo kontsignatuz, eta, hala badagokio, okupatzeko presak eragindako kalteen zenbatekoa ordainduz edo kontsignatuz.

Ondorioz, egindakoa ikusita, eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 20., 21. eta 52. artikuluetan eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen Erregelamendua onartzen duen 1957ko apirilaren 26ko Dekretuaren 56. artikuluan eta horrekin bat datozen eta oro har aplikatu behar diren gainerako xedapenetan xedatutakoarekin bat etorriz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– «Donostialdeko Metroaren eraikuntza-proiektua. Altza-Galtzaraborda tartea» proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda onartzea, eta hura okupatu beharra deklaratzea, Trenbideen Sektoreari buruzko irailaren 29ko 38/2015 Legearen 6.2 artikuluan adierazitako ondorioekin.

Bigarrena.– Zerrenda horretan agertzen diren jabeei dei egitea, bertan adierazitako egun eta orduetan, eta dagokien Donostia, Pasaia eta Errenteriako udaletara joan ondoren, ukitutako ondasun eta eskubideak okupatu aurreko aktak egiteko eta, hala badagokio, horiek formalki okupatzeko; hala ere, beharrezkoa izanez gero, lursailera joan ahal izango dira, interesdunek hala eskatuta.

Ukitutako pertsonak pertsonalki edo beren izenean jarduteko behar bezala baimendutako pertsona batek ordezkatuta joan beharko dira ekitaldira, eta haien titulartasuna egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko dituzte (eskritura publikoak, Jabetza Erregistroko ziurtagiriak edo informazio-oharrak, etab.), bai eta beren eskubideak egiaztatzen dituen beste edozein agiri ere. Egoki iritziz gero, euren perituekin eta notario batekin batera aurkeztu ahal izango dira, beren kontura.

Era berean, eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen Erregelamendua onartzen duen 1957ko apirilaren 26ko Dekretuaren 56.2 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, interesdunek alegazioak aurkeztu ahal izango dituzte okupazioaren aurreko akta egiten den egunera arte, akatsik egonez gero horiek zuzentzeko. Horretarako, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saileko Garraio Azpiegituren Zuzendaritzara jo beharko dute idatziz (Donostia kalea 1, Lakua 1, 01010 – Vitoria-Gasteiz).

Ebazpen hau ez da behin betikoa administrazio-bidean, eta, beronen aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Azpiegitura eta Garraioetako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi edo argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Errekurtsoa jartzeko idazkia organo honi edo Azpiegitura eta Garraioetako sailburuordeari bidali behar zaio.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango dute bi (2) hilabeteko epean Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, hargatik eragotzi gabe aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan zehaztutako moduan eta epean.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko uztailaren 30a.

Garraio Azpiegituren zuzendaria,

MARÍA DOLORES DE JUAN DE MIGUEL.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala