Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

111. zk., 2021eko ekainaren 8a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
3272

AGINDUA, 2021eko maiatzaren 18koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez dei egiten baitzaie EAEko Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko itunpeko ikastetxeei, hezkidetza eta emakumeen aurkako indarkeriaren prebentzioa eta detekzio goiztiarra modu global, sistematiko eta integratuan lantzeko jarduera-proiektuak egitea eskatzeko, 2021-2022 eta 2022-2023 ikasturteetarako (L2. Hezkuntza Inklusiboa eta Aniztasunaren Arreta).

Hezkuntza Sailak eraldaketa-prozesu bat sustatu nahi du, eskola-eredu mistotik hezkidetzako eskola-eredura, emakumeen aurkako indarkeria eta sexismoa sorburu duen edozein indarkeria-adierazpen saihesten lagunduko duena. Horretarako, Oinarrizko Hezkuntzaren curriculuma ezarri eta berau Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzen duen abenduaren 22ko 236/2015 Dekretuaren bosgarren xedapen gehigarria betetzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza-sistema hobetzeko plana onartzen da, bikaintasuneranzko ekitatean oinarrituta, eta «hezkuntza inklusiboa eta aniztasunarekiko arreta» ezarriz bere lerro estrategikoen artean.

«Euskal hezkuntza-sistemarako hezkidetzako II. Plana, berdintasuna eta tratu ona lortzeko bidean (2019-2023)» oinarri, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak aukera eman nahi dio Euskal Hezkuntza Sistemari, eta, zehazki, Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta Bigarren Hezkuntzako etapei, hezkidetza-eskolarantz hasitako bidean urratsak ematen jarraitzeko. Plan horien helburuen artean, honako hau dago: ikastetxeek beren kulturan, politiketan eta praktiketan genero-ikuspegia txerta dezaten bultzatzea, eskola-komunitateko eragileen laguntzarekin.

Emakumeen aurkako indarkeria da sexismoan eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasun faltan oinarritutako sistema baten ondorio larriena. Eskolak ikasleen arteko botere-harremanak aldatzen lagundu dezake, behar diren aldaketak eginez, berdintasunean oinarritutako harremanak ziurtatzeko. Sozializazio horrek identitate-aniztasuna errespetatu behar du, eta ikasle guztien garapen pertsonala ahalbidetu, nola neskena, hala mutilena.

Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak helburu hori zabaltzen du, eta horretan sakontzen du; hala, 28. artikuluan hezkuntza-sistema premiatzen du hezkidetza-eredu bat gara dezan. Zehazki, honako hau adierazten du:

Hezkuntza-politika publikoek bultzatu beharreko hezkuntza-ereduek, betiere, helburu hauek izan behar dituzte: sexuaren araberako estereotipoak eta rolak baztertuko dituen garapen integrala eskaintzea, bereizkeria mota oro baztertzea, eta generoak behartu gabeko orientazio akademiko eta profesionala bermatzea. Horretarako, emakumeen eta gizonen benetako berdintasuna bultzatuko da alor guztietan: curriculumean, antolaketan eta abarrean.

Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 29. artikuluak ezartzen duenez, Hezkuntza Administrazioak hezkidetzako proiektuak sustatuko ditu, eta hezkidetza-helburuak integratuko ditu hezkuntzako maila ezberdinetako jakintza-arloetako eta diziplinetako curriculumaren diseinuan eta garapenean.

COVID-19ak eragindako osasun-krisiak ikastetxeen funtzionamendu normala nahastu du, eta, bereziki, eragin handia izan zuen ikastetxeek aurreko ikasturteetan aurreikusitako proiektuak eta programak betetzean. Beraz, 2021-2022 ikasturteko plangintzak kontuan hartu behar du programatutako jarduerak irakaskuntza ez-presentzialera egokitzea.

Horregatik guztiagatik, eta kontuan hartuta Sailak lehentasunezko jarduera-eremuetan (hala nola bakea eta bizikidetza, hezkidetza eta genero-indarkeriaren prebentzioa) sustatutako programak eta proiektuak abian jartzea Hezkuntza Sailaren 2021eko Dirulaguntzen Plan Estrategikoan jasotako helburu estrategiko bat dela, Hezkuntzako sailburuaren 2021eko martxoaren 23ko Aginduaren bidez onartua, eta kontuan hartuta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren esparruan dirulaguntzak arautzeari buruzko azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren VI. Titulua eta VII. Tituluaren III. Atala, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan ezarritako oinarrizko araudiaren arabera, bai eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, Hezkuntza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 71/2021 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko 2021eko ekitaldirako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen otsailaren 11ko 1/2021 Legea, eta gainerako xedapen orokorrak, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Deialdiaren xedea.

Agindu honen xedea da EAEko Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoa ematen duten itunpeko ikastetxeei dei egitea, 2021-2022 eta 2022-2023 ikasturteak barne hartuko dituen jarduera-proiektu bat egin dezaten. Proiektu horrek ahalbidetu behar die ikastetxean lantzea hezkidetza eta emakumeen aurkako indarkeriaren prebentzioa eta detekzio goiztarra modu global, sistematiko eta integratuan.

Gehienez ere 50 ikastetxe aukeratuko dira, 2.3 artikuluan azaltzen den lurralde-banaketari jarraituz.

2. artikulua.– Dirulaguntzaren zenbatekoa.

1.– Xede hori lortzeko, oro har, 2021-2022 ikasturtean 100.000 euro bideratuko dira Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-partiden kargura.

2.– Hautatutako ikastetxe bakoitzari bi mila (2.000) euroko diru-ekarpena egingo zaio deialdi honetan aipatzen diren bi ikasturteetarako, irakasleak zein eskola-komunitatea trebatzeko eta proiektua koordinazio- eta zabalkunde-jardueretarako. Proiektuak bi ikasturteko iraupena badu ere, lehenengo ikasturtean egindako gastuak soilik hartuko dira aintzat.

3.– Honako lurralde-banaketa honen arabera aukeratuko dira proiektuak:

(Ikus .PDF)

4.– Hala ere, lurraldeen araberako banaketa aldatu ahal izango da, baldin eta aukeratutako eskabideekin ez bada lortzen lurralde horietakoren baterako aurreikusitako plaza-kopurua.

5.– Hezkuntza Sailak, diru-esleipenaz gain, deialdi honen xedeari buruzko prestakuntza eskainiko du.

3. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen jarduerak.

1.– Deialdi honetan aurreikusitako laguntza ekonomikoen xedea izango da proiektu bat egitea eta bi ikasturte akademikotan garatzea (2021-2022 eta 2022-2023), deialdi honen 12. artikuluan ezarritako irizpideak betez.

2.– Diruz lagunduko dira 2022ko uztailaren 1a baino lehen egindako proiektuari dagozkion gastu hauek:

a) proiektuaren zuzendaritzaren, koordinazioaren, jarraipenaren eta ebaluazioaren kostua, oro har, bai eta prestakuntza-jarduerena ere. Proiektuaren zuzendaritzari, koordinazioari, jarraipenari eta ebaluazioari egotz dakizkiekeen gastuek orduko 25 euroko muga izango dute. Irakasleen kontratazioari dagokion ordainsari-kostua ez du, inola ere, ordainketa eskuordetuak estaliko.

b) prestakuntza-jarduera emateko kostua, prestakuntza ematen duen erakundeak aurkeztutako aurrekontuaren arabera (gehienez 90 euro emango dira prestakuntza-ordu bakoitzeko), bai eta txostengilearen joan-etorriek, ostatuak edo mantenuak eragindako dietak ere, erakundeaz kanpokoa denean eta prestakuntza-saio horiek beharrezkotzat jotzen direnean.

Inola ere ez dira prestakuntza-jarduerari egotz dakizkiokeen kostutzat hartuko jardueran parte hartzen duten irakasleek joan-etorriengatik edo mantenuagatik egiten dituzten gastuak.

c) beharrezko curriculum-materialaren kostua.

3.– Aurreko deialdietan finantzaketa lortu duten ikastetxeek berriz ere parte hartu ahal izango dute, baldin eta parte hartu zuten deialdiko ikastaroen epea amaitu bada.

4. artikulua.– Erakunde onuradunak eta sartzeko baldintzak.

1.– Deialdi honetako dirulaguntzak eskuratu ahal izango dituzte 1. artikuluan aipatutako hezkuntza-mailetan itunduta dauden eta Euskal Autonomia Erkidegoaren eremu geografikoan kokatuta dauden ikastetxe pribatuen titularrek, eskabidea aurkezten den egunean.

2.– Deialdiaren xede diren dirulaguntzak eskuratzeko baldintza izango da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 eta 3. artikuluetan jasotako debekurik ez izatea.

3.– Erakunde eskatzaileak ezin izango du dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten dion zehapen administratiborik edo penalik jaso, ezta horretarako legezko inolako debekurik ere, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean xedatutakoarekin bat etorriz.

4.– Erakunde eskatzaileak egunean izan beharko ditu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, bai eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ere. Baldintza horiek bete beharko dira bai onuradun izateko bai emandako dirulaguntza likidatu arte onuradun izaten jarraitzeko.

5.– Dirulaguntzen onuradun izateko, aurreko paragrafoetan adierazitako zirkunstantziei eta baldintzak betetzeari eutsi egin beharko zaie laguntza-eskabidea aurkezten den unetik ematen den dirulaguntzaren likidazioa egin arte.

5. artikulua.– Betekizunak egiaztatzea.

1.– Dirulaguntzaren eskabidea aurkezteaz batera, eskatzaileak laguntza ematen duen organoari baimena ematen dio zuzenean egiazta dezan laguntzak eskatzen dituzten erakundeek zerga-betekizunak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela; izan ere, organo kudeatzaileak automatikoki eta behar beste aldiz egiaztatuko du hori, eta ez du eskatzaileen baimenik beharko horretarako, Dirulaguntzen Erregelamendu Orokorra onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 22. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua aplikatuz. Eskatzaileak modu arrazoituan aurka egin ahal izango du, eta, kasu horretan, ziurtagiria aurkeztu beharko du.

2.– Eskarietan aukera izango da laguntzak eskatzen dituen erakundeak berariaz adieraz dezan baimena ematen diotela organo kudeatzaileari gainerako datu edo agiri guztiak lortu edo egiaztatzeko, hargatik eragotzi gabe Administrazio Publikoak egiaztapen, kontrol eta ikuskaritzaren alorrean dituen ahalmenak.

3.– Eskabidea formatu elektronikoan egiteko eskabide normalizatuan, erakunde eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpen hauek jasoko dira:

a) Helburu bererako administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatuetatik inolako dirulaguntzarik jasotzen ez aritzea.

b) Erakunde edo pertsona eskatzaileak ez duela dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera ukatzen dion zigor administratibo edo penalik, ez eta dirulaguntzak jasotzeko legezko debekurik ere, sexuagatiko diskriminazioaren ondoriozko lege-debekuak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen amaierako seigarren xedapenak arautzen duen ildotik.

c) Eskabide-orriko eta berarekin batera aurkeztutako agirietako datuak egiazkoak direla adierazi beharko da.

d) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruko edozein itzulketa- edo zigor-prozeduratan sartuta egotea edo ez egotea.

e) Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta izatea.

6. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Erakunde interesdunek bitarteko elektronikoak erabiliko dituzte eskabideak, kontsultak eta prozedura honetako izapide guztiak egiteko.

2.– Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak eta Informatika eta E-Administrazioko Plataforma Teknologikoa –Platea– onartu zuen Telekomunikazio zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenak arautzen dute izapidetze elektronikoa.

3.– Izapidetzeko jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta ereduak eskuragarri dituen administrazio-prozeduraren informazio-fitxa, eskabidearen inprimakira sartzeko erabiltzen dena, helbide honetan eskura daiteke: www.euskadi.eus/zerbitzuak/1015407

4.– Eskabidearen izapide hauek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire Karpeta» atalean egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

5.– Bitarteko elektronikoen bidez Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoan jarduteko ordezkaritza beste pertsona bati ematen zaionean, pertsona horrek alta emanda egon beharko du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Egoitza Elektronikoaren ahalordetzeen Erregistro Elektronikoan, eta honako helbide honetan eskura daiteke: https://www.euskadi.eus/ordezkariak.

6.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio-bideak eta sinadura elektronikoa eskuragarri daude helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak.

7. artikulua.– Eskabideak eta agiriak.

1.– Erakunde eskatzaileek «Eskabidea» inprimaki normalizatua aurkeztu beharko dute, behar bezala beteta. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eskuratu ahal izango da eskabide-eredua, helbide honetan: www.euskadi.eus/zerbitzuak/1015407

2.– «Eskabidea» (I. eranskina) inprimaki normalizatuarekin batera, 2021-2022 eta 2022-2023 ikasturteetarako «Jarduera-proiektua» (II. eranskina) inprimaki normalizatua aurkeztu beharko da, eta eduki hau izango du:

I.– Justifikazioa.

II.– Helburu orokorrak eta helburu orokor bakoitzarekin lotzen diren helburu espezifikoak 2021-2023 ikasturteetarako.

III.– Helburu espezifiko bakoitzari lotutako jarduerak, haien arduradunak, denborak, jarraipenaren adierazleak eta lortutakoa zehaztuta, 2021-2022 ikasturterako, eta 2022-2023 ikasturterako aurreikuspenak.

IV.– Ebaluazioa.

3.– Deialdiaren III. eranskinean, proiektua lantzeko argibideak biltzen dira.

4.– «Eskabidea» eta «Jarduera-proiektua» inprimaki normalizatuekin batera, «Zuzendaritzaren ziurtagiria» inprimaki normalizatua ere aurkeztu beharko da (IV. eranskina).

8. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea eta lekua.

1.– Eskabidea aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Epea amaitzen den hilean bertan amaituko da. Muga-eguneko hilean hasierako egunaren baliokiderik ez badago, hilaren azken egunean amaituko da epea.

2.– Agiriak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztuko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan, helbide honetan: www.euskadi.eus/zerbitzuak/1015407

3.– Erakunde batek aurrez aurre aurkezten badu eskaera, elektronikoki aurkezteko betebeharra adieraziko zaio. Ondorio horietarako, eskabidea bide horretatik egin den eguna hartuko da aurkezpen-datatzat.

4.– Erakunde eskatzaileek euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete agiriak, beraiek nahi duten eran. Prozedura osoan zehar, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezartzen den moduan.

5.– Eskabidea aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartzen direla deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak.

9. artikulua.– Eskabidea zuzentzea.

1.– Aniztasunerako eta Hezkuntza Inklusiorako Zuzendaritzak ikusten badu aurkeztutako agiriak ez daudela osorik beteta, edo nahitaezko agiri guztiak aurkezten ez badira, erakunde interesdunari eskatuko zaio hamar egun balioduneko epean akats hori zuzentzeko edo nahitaezko agiriak aurkezteko. Epe horretan zuzenketa egin ezean, eskabideari uko egin diola ulertuko da; aurretik, Administrazioak eskabide horri buruzko ebazpena emango du Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan xedatutakoarekin bat.

2.– Akatsak zuzentzeko errekerimendua elektronikoki egingo da. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren «Nire Karpeta» atalean kontsultatu beharko dira jakinarazpenak.

3.– Erakunde interesdunak zuzenketa-errekerimendua jaso izana elektronikoki sinatzen duen unean egin dela ulertuko da.

4.– Zuzentzeko errekerimendua bidali eta hamar egun naturaleko epean ez bada edukira sartu, eskaera ezetsitzat joko da eta izapidea gauzatutzat. Prozedurak jarraitu egingo du, salbu eta ofizioz edo hartzaileak eskatuta egiaztatzen bada teknikoki edo materialki ezinezkoa izan dela sartzea.

5.– Hori hala izanik ere, organo kudeatzaileak beste aukera bat ere badu: interesdunei jakinarazpenen abisuak bidaltzea, eskabideetan jarri zituzten telefono mugikorretara eta helbide elektronikoetara SMSak edo mezu elektronikoak bidaliz. Abisu horiek ez dute inolaz ere jakinarazpen-baliorik izango.

10. artikulua.– Hautaketa-batzordea.

1.– Eskabideak barematuko ditu hautaketa-batzordeak, eta hautatutako ikastetxeen zerrendak egingo ditu. Batzorde horretan honako kide hauek parte hartuko dute:

a) Aniztasunari erantzuteko zerbitzuko burua, edo hark izendatzen duena, batzordeburu izango da.

b) Hezkuntza-berriztapeneko lurralde-arduradunak, edo horiek eskuordetzen dituzten pertsonak.

c) Eskola inklusiboko Berritzegune Nagusiaren arduraduna (aniztasuna/generoa).

d) Aniztasunerako eta Hezkuntza Inklusiorako Zuzendaritzako teknikari bat, idazkari-lanetan jardungo dena.

2.– Hautaketa-Batzordeak ikastetxeak zehaztuko ditu eta ebazpen-proposamena Aniztasunerako eta Hezkuntza Inklusiorako zuzendariari helaraziko dio.

11. artikulua.– Dirulaguntzen bateraezintasuna.

Deialdi honetan aurreikusten diren dirulaguntzak bateraezinak dira 1. artikuluan xedatutako helburu bererako beste edozein erakunde publikok edo pribatuk eman dezakeen dirulaguntza ororekin.

12. artikulua.– Esleitzeko irizpideak.

Aurkeztutako proiektuak baloratzean, gehienez 10 puntu emango dira, eta gutxienez 6 puntu lortu beharko dira onartuak izateko.

a) Balorazio-irizpideak:

1.– Ikastetxearen ibilbidea eta premien zehaztapena (2,5 puntu, gehienez). Hauek hartuko dira kontuan:

I.– Ikastetxeak jarduerak, programak eta proiektuak sustatzen, prestakuntzan eta abarretan egindako ibilbidea esparru hauetan: hezkidetzan, gizonen eta emakumeen berdintasunean, genero-indarkeriaren prebentzioan, sexu-aniztasunean, harreman afektibo-sexualetan. (0,75 puntu, gehienez).

II.– Eskualdeetako Berritzeguneek hezkidetzaz eta emakumeen aurkako indarkeriaren prebentzioaz eta detekzio goiztiarraz antolatutako mintegietan parte-hartzea (0,50 puntu, gehienez).

III.– Premien zehaztapena. (1,25 puntu, gehienez).

2.– Helburu orokorrak eta helburu espezifikoak (1,25 puntu, gehienez).

3.– Jarduerak. (4,25 puntu, gehienez). Hauek hartuko dira kontuan:

I.– Ikasleei eta irakasleei zuzendutako jarduerak, hezkidetzaren zutabe nagusiekin bat etorriz (1,50 puntu gehienez):

a) Pentsamendu kritikoa sexismoaren aurrean.

b) Hizkuntzaren eta irudien erabilera ez-sexista.

c) Emakumeen jakituriaren integrazioa eta haien ekarpen soziala eta historikoa.

d) Gatazken konponketa baketsua, hezkidetzako elkarbizitzarako proiektuen bidez.

e) Autonomia pertsonala eta independentzia ekonomikoa.

f) Espazioak ikastetxean, eskolaz kanpoko jarduerak eta jarduera osagarriak.

g) Hezkuntza afektiboa eta sexuala berdintasunean.

h) Emakumeen aurkako indarkeriaren prebentzioa eta horri aurre egiteko ekintzak.

II.– Hezkidetza eta emakumeen aurkako indarkeriaren prebentzioa eta detekzio goiztiarra honako dokumentu hauetan sartzeko jarduerak: proiektuak (IHP –Ikastetxearen Heziketa Proiektua–, ICP –Ikastetxearen Curriculum Proiektua– eta AJA –Antolakuntza eta Jarduera Araudia–, aniztasunari erantzuna, bizikidetza, eta abar), agiriak (jakinarazpenak, matrikulazioak, aktak...) eta ikastetxeko komunikazio-sistemak (puntu 1, gehienez).

III.– Klaustro guztiaren prestakuntza (0,75 puntu, gehienez).

IV.– Familien prestakuntza eta parte-hartzea (0,75 puntu, gehienez).

V.– Komunitate- eta gizarte-eragileen prestakuntza eta parte-hartzea (0,25 puntu, gehienez).

4.– Zer neurritan egokitzen den proiektua «Euskal Hezkuntza Sistemarako Hezkidetzako II. Plana, berdintasuna eta tratu ona lortzeko bidean (2019-2023)» delakora, eta hezkuntza-komunitateak plana prestatzen izandako parte-hartzea (puntu 1, gehienez).

5.– Ebaluazioa (puntu 1, gehienez).

b) Esleipena.

1.– Lortutako puntuazioaren eta 2. artikuluaren 3. apartatuan ezarritakoaren arabera egingo da esleipena.

2.– Berdinketa gertatuz gero, ikastetxeko irakasle-portzentaje handiena biltzen duen proiektuak izango du lehentasuna.

13. artikulua.– Ebazpena.

1.– Eskabideak egiaztatu ondoren, Aniztasunerako eta Hezkuntza Inklusiorako zuzendariak behin-behineko ebazpena emango du, erakunde onuradun bakoitzari emandako laguntzen zenbatekoa edo, hala badagokio, laguntza ukatzeko arrazoiak adierazita. Behin-behineko ebazpena Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratuko da, htpps:// euskadi.eus helbidean. Eskatzaileek hamar egun izango dituzte, jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, egokitzat jotzen dituzten erreklamazioak aurkezteko.

2.– Behin betiko ebazpenak behin-behineko ebazpenaren datu berberak izango ditu, eta Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratuko da, htpps:// euskadi.eus helbidean, behin-behineko ebazpena argitaratu eta hilabeteko epean, gehienez ere.

3.– Behin betiko ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuordeari, hilabeteko epean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluan xedatutakoaren arabera.

4.– Horrez gain, informazioa emate aldera, behin betiko ebazpena EHAAn argitaratuko da.

5.– Deialdia argitaratu eta gehienez ere sei hilabeteko epean argitaratuko da behin betiko ebazpena. Epe hori igaro eta ez bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi, interesdunek ezetsitzat jo ahal izango dute eskabidea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

6.– Aurreko puntuan esandakoa gorabehera, organo kudeatzaileak interesdunei jakinarazpen-abisuak bidali ahal izango dizkie, SMSak edo mezu elektronikoak igorriz eskabideetan jarri zituzten telefono mugikorretara eta helbide elektronikoetara. Abisu horiek ez dute inolaz ere jakinarazpen-baliorik izango.

7.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo erakunde autonomiadunek ezaugarri bereko beste laguntza edo dirulaguntzaren batzuk eman izana dela-eta horiek itzultzeko edo zigortzeko prozesuren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, prozesu hori amaitu egin beharko da onuradunei dirulaguntzak eman eta ordaindu ahal izateko.

14. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzea eta justifikatzea.

1.– Dirulaguntza bi zatitan ordainduko da:

a) Lehenengo ordainketa emandako laguntzaren % 60koa izango da, eta 15.1 a) artikuluan aipatutako epea igaro ondoren ordainduko da, berariaz uko egiten ez bazaio.

b) Gainerakoa –dirulaguntza osoaren % 40– «Hezkidetza – Dirulaguntzaren justifikazioa» agiria (V. eranskina) aurkeztu ondoren ordainduko da; 2021eko ekainaren 30a baino lehen aurkeztu behar da agiri hori, behar bezala beteta. Agiri hori eta dagozkion fakturak eta ordainagiriak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu behar dira, Euskal Autonomia Erkidegoaren egoitza elektronikoan, helbide honetan: www.euskadi.eus/zerbitzuak/1015407

2.– Administrazioak laguntzak eta dirulaguntzak ordaindu ahal izateko, erakunde onuradunak Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren datu-basean agertu beharko du. Alta emateko edo hirugarren interesdunaren datuak aldatzeko, hirugarrenen erregistro telematikora jo beharko da bide elektronikoa erabiliz. Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Sailak ematen du erregistro hori, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak.

3.– Programaren iraupena 2 ikasturtekoa den arren, gastu guztiak artikulu honetako 1. apartatuan ezarritako epean aurkeztu behar dira.

4.– Ikasturte bakoitzeko ekainaren 30a baino lehen, «Hezkidetza – Jarduera-proiektuak – Justifikazioa-Memoria» agiria (VI. eranskina) behar bezala beteta aurkeztuko da bitarteko elektronikoen bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren egoitza elektronikoan, helbide honetan: www.euskadi.eus/zerbitzuak/1015407

15. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

1.– Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bateginaren 50.2 artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan jasotako betebeharrak bete beharko dituzte deialdi honen xede diren laguntzen erakunde onuradunek, finantzaketa publikoa dela jakinarazteko publizitate egokia emateko neurriak barne, Dirulaguntzei buruzko lege horren 18. artikuluko 3. eta 4. apartatuetan jasotakoarekin bat; horiez gain, betiere, betebehar hauek bete beharko dituzte:

a) Esleitutako dirulaguntza onartzea. Ildo horretan, dirulaguntza eman zaiela jakinarazteko agiria jasotzen denetik aurrera, 10 eguneko epea izango dute erakunde onuradunek dirulaguntzari uko egiten diotela berariaz eta idatziz adierazteko; bestela, dirulaguntza onartu egiten dutela ulertuko da.

b) Dirulaguntza zertarako eman den, horretarako erabiltzea.

c) Aniztasunerako eta Hezkuntza Inklusiorako Zuzendaritzaren aurrean justifikatzea betetzen direla eskakizunak eta baldintzak eta gauzatu egin dela laguntza esleitzeko edo erabiltzeko arrazoi izan den jarduera.

d) Administrazio baten edo erakunde publiko zein pribatu baten beste laguntza edo dirulaguntzaren bat lortuz gero helburu bera betetzeko, horren berri ematea Aniztasunerako eta Hezkuntza Inklusiorako Zuzendaritzari.

e) Aniztasunerako eta Hezkuntza Inklusiorako Zuzendaritzak egingo dituen egiaztapenen mende eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoari dagozkion kontrolen mende jartzea, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura jasotako laguntzei eta dirulaguntzei dagokienez, bai eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren araudi espezifikoan aurreikusitakoen mende ere.

f) Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak laguntzen zertarakoa fiskalizatzeko eskatzen duten informazio guztia ematea.

2.– 2021-2022 eta 2022-2023 ikasturteetarako hezkidetza eta emakumeen aurkako indarkeriaren prebentzioa eta detekzio goiztiarra ahalbidetzen duen jarduera-proiektu bat aurkeztea (jardueren kasuan, arduraduna, denborak eta ebaluazio-adierazleak 2021-2022 ikasturterako bakarrik zehaztu behar dira, eta 2022-2023 ikasturtekoak aurreikusi).

3.– Ikasturte bakoitzean, lan-plan bat eta hari dagokion memoria egitea. Agiriok ikastetxearen urteko planaren eta urteko memoriaren zati izango dira, hurrenez hurren.

4.– Ikastetxeko hezkidetzako arduraduna identifikatuta izatea. Hark horretarako ezaugarri egokiak izan beharko ditu (hala nola, egonkortasuna, ikastetxea ezagutzea, sentsibilitatea, prozesua dinamizatzeko, koordinatzeko eta gidatzeko gaitasuna), eta Sailak antolatutako eskualde-mintegian eta prestakuntza-jardueretan parte hartzea ahalbidetuko zaio. Eginkizun hauek beteko ditu:

a) Ikastetxearen proiektua bultzatzea eta koordinatzea, emakumeen aurkako indarkeria prebenitzeko eta goiz detektatzeko lana egingo duen hezkidetza-eskola baterantz joateko.

b) Proiektuan planteatutako ekintza bateratu eta sistematikoak kudeatzea eta dinamizatzea, «Euskal Hezkuntza Sistemarako Hezkidetza II. Planean, berdintasuna eta tratu ona lortzeko bidean (2019-2023) jasotako hezkidetzaren zutabe nagusiak barne hartuta».

c) Koordinaziorako eta batera-lanerako uneak, aktak, saioen edukia... ezartzea.

d) Eskola mistoa hezkidetza-eskola bihurtzeko behar den prestakuntza pedagogikoa koordinatzea.

5.– Hezkidetzako arduradunak Berritzeguneen eskualde-mintegietan parte hartuko du, eta, mintegi horietan, deialdi honetan parte hartzen duten ikastetxeak elkartu eta koordinatuko dira, eta aholkuak jasoko dituzte.

6.– Ikastetxeko Ordezkaritza Organo Gorenean (OOG) berdintasuneko ordezkaria izendatua izatea, eta Sailak ematen duen prestakuntzan parte har dezan ahalbidetzea.

7.– Berritzeguneen esku jartzea programa honen esparruan landutako materialak, hezkuntza-komunitateko gainerakoekin partekatzeko.

8.– Ikastetxeak egiten duen hezkidetza-lanari lotutako eginkizunak ikastetxeetako bizikidetza-behatokian sartzea.

9.– Tutoretza eta Orientazio Planetan genero-ikuspegia txertatzea hezkidetzaren zutabeetan oinarritutako materialen bidez. Material horiek «EAEko Hezkuntza Sistemarako II. Hezkidetza Planaren esparruan, berdintasuna eta tratu ona lortzeko bidean» delakoaren bitartez emango dira.

10.– Ikastetxeko hezkidetza-plana egitea edo, balego, berritzea.

11.– Eskolaz kanpoko jardueren eskaintza genero-ikuspegiarekin egiten dela sustatzea.

16. artikulua.– Laguntzak kudeatzeko organoa.

Aniztasunerako eta Hezkuntza Inklusiorako Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusten diren laguntzak kudeatzeko lanak egitea.

17. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.

Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira, dirulaguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da, betiere dirulaguntzaren helburua betetzat jotzen bada. Ondorio horietarako, Aniztasunerako eta Hezkuntza Inklusiorako Zuzendaritzak dagokion likidazio-ebazpena emango du, emandako dirulaguntzen zenbatekoak egokitzeko. Baldintzen aldaketa horren ondorioz dirulaguntza osoa edo zati bat itzuli behar bada, 18. artikuluan jasotako itzulketa-prozedura hasiko da.

18. artikulua.– Ez-betetzeak eta itzulketa-prozedura.

1.– Laguntzen erakunde onuradunek, nolanahi ere, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuen kargurako laguntza publikoak erabiltzeagatik ezarritako arau-hausteen araubidea bete beharko dute, eta, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikulua aplikatuz, emandako eta jasotako zenbateko osoa edo haren zati bat itzuli beharko dute, dirulaguntzen arloan aplika daitekeen berandutze-interesaz gain, honako hauetan:

– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluaren 1. apartatuan jasotako itzulketa-kausaren bat izatea.

– Dirulaguntza ez erabiltzea eskatu zen eta eman zen helburu zehatzerako.

– Dirulaguntza eragin zuen jarduera ez egitea.

– Dirulaguntza eman zen helburu zehatzetarako erabili dela ez justifikatzea.

– Oro har, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren VI. tituluan, agindu honetan edo dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritako betebeharrak ez betetzea.

2.– Dirua itzultzeko, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan horretarako ezarritako prozedurari jarraituko zaio. Dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzudan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen da, eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dira. Horrez gain, bestelako ekintzak ere gauzatu ahal izango dira. Zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat hartuko dira legezko ondorio guztietarako.

19. artikulua.– Datuen babesari buruzko oinarrizko informazioa.

Zure datu pertsonalak erabiliko dira, eta tratamendu-jarduera honi erantsiko zaizkio: Aniztasunerako eta Hezkuntza Inklusiorako dirulaguntzak.

Arduraduna: Aniztasunerako eta Hezkuntza Inklusiorako Zuzendaritza, Hezkuntza Saila.

Helburua: Aniztasunerako eta Hezkuntza Inklusiorako dirulaguntzak.

Legitimazioa.

Hartzaileak: Autonomia Erkidegoko beste organo batzuk.

Eskubideak: datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubidea duzu, baita informazio gehigarrian jasotzen diren bestelako eskubide batzuk ere.

Informazio osagarria: gure web-orrian kontsulta dezakezu datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehaztua: www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/145100-capa2-eu.shtml

Araudia: Datuen Babeserako Erregelamendu Orokorra www.euskadi.eus/contenidos/informacion/normativa_dpd/eu_def/adjuntos/RGPD-2016_0679_eu.pdf

3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa. (www.boe.es/boe_euskera/dias/2018/12/06/pdfs/BOE-A-2018-16673-E.pdf )

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honetan araututako laguntzek ez dituzte betetzen EBko Funtzionamendurako Tratatuaren 107.1 artikuluan ezarritako baldintza guztiak, eta, beraz, ez dira Estatuaren laguntza, eta ez da beharrezkoa Europako Batzordeari jakinaraztea eta helaraztea.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek administrazio-bidea agortzen du, eta, beronen aurka, berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hileko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Deialdiaren xede diren laguntzak honako hauetan xedatutakoaren mende daude: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea; azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. titulua eta VII. tituluaren III. kapitulua, eta Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrean eta haren Erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretuan jasotako oinarrizko araudia.

AZKEN XEDAPENETAKO LAUGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko maiatzaren 18a.

Hezkuntzako sailburua,

JOKIN BILDARRATZ SORRON.

I. ERANSKINA
ESKABIDEA
(Ikus .PDF)
II. ERANSKINA
JARDUERA-PROIEKTUA
(Ikus .PDF)
III. ERANSKINA
PROIEKTUA EGITEKO ARGIBIDEAK
(Ikus .PDF)
IV. ERANSKINA
ZUZENDARITZAREN ZIURTAGIRIA
(Ikus .PDF)
V. ERANSKINA
HEZKIDETZA – DIRULAGUNTZAREN JUSTIFIKAZIOA
(Ikus .PDF)
VI. ERANSKINA
IKASTETXEAREN BALORAZIOA
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala