Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

111. zk., 2021eko ekainaren 8a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LAN ETA ENPLEGU SAILA
3270

AGINDUA, 2021eko maiatzaren 10ekoa, Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuarena. Honen bidez, hasiera ematen zaio 2021. urtean honako sindikatu hauei dirulaguntzak emateko prozedurari: azaroaren 28ko 237/2000 Dekretuan ezarritako Hauteskunde Sindikalen Batzordeko eta lurralde-batzordeetako kide diren eta ikuskaritza-araubidean parte hartzen duten sindikatuak.

Azaroaren 28ko 237/2000 Dekretuaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Hauteskunde Sindikalen Bulego Publikoa, Batzordea eta Ikuskaritza sortu ziren. Dekretu horren bigarren xedapen gehigarrian, prozedura bat ezarri zen, dekretu horren bidez sortutako organoak osatzen dituzten erakunde sindikalei dirulaguntzak emateko.

Halaber, aipatutako dekretuko 8. artikuluak Hauteskunde Sindikalen Batzordean sindikatuei dagokien ordezkaritza arautu zuen. Ordezkaritza hori proportzionaltasun irizpidea errespetatuz egingo da, enpresetako eta administrazio publikoetako langileen ordezkaritza-organoetarako hauteskundeetan sindikatu bakoitzak Euskal Autonomia Erkidegoan eskuratutako ordezkatze-mailaren arabera.

Horretaz gain, erreferentziazko dekretuko aipatutako bigarren xedapen gehigarrian, aurrekontu-kreditua banatzeko prozedura arrunta ezartzen da, bi aukera emanez: dirulaguntzaren zenbatekoa erakunde sindikalen artean zati berdinetan banatzea, edo administrazio publikoen zerbitzuko langileen ordezkaritza-organoetarako Euskal Autonomia Erkidegoko hauteskundeetan erakunde sindikal bakoitzak eskuratutako ordezkatze-mailaren arabera banatzea, betiere dirulaguntzak emateko aginduan xedatzen denari jarraikiz, eta sindikatuekin aldez aurreko akordiorik dagoen ala ez kontuan hartuz.

Euskal Autonomia Erkidegoko 2021. urteko aurrekontu orokorrak onartzen dituen otsailaren 11ko 1/2021 Legearen 3112 programan ezartzen denez, 722.873,00 euroko dirulaguntza emango zaie erakunde sindikalei, Hauteskunde Sindikalen Batzordean eta lurralde-batzordeetan parte hartzeagatik.

Euskal Autonomia Erkidegoko Sindikatu Hauteskundeen Bulego Publikoa, Batzordea eta Ikuskaritza sortu zituen azaroaren 28ko 237/2000 Dekretuak xedatutakoari jarraikiz, hasiera eman behar zaio Hauteskunde Sindikalen Batzordean, lurralde-batzordeetan eta dekretu horretan ezarritako ikuskaritza-araubidean parte hartzeagatik sindikatuei dagokien dirulaguntza emateko prozedurari.

Hori guztia dela eta, hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Hasiera ematen zaio 2021. urtean honako sindikatu hauei dirulaguntzak emateko prozedurari: azaroaren 28ko 237/2000 Dekretuak arautzen dituen Hauteskunde Sindikalen Batzordeko eta lurralde-batzordeetako kide diren eta dekretu horretako ikuskaritza-araubidean parte hartzen duten erakunde sindikalak (237/2000 Dekretuaren bidez, Hauteskunde Sindikalen Bulego Publikoa, Batzordea eta Ikuskaritza sortu ziren, Euskal Autonomia Erkidegoan).

2. artikulua.– Aurrekontu-zuzkidura.

2021ean, 722.873,00 euro bideratuko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura.

3. artikulua.– Prozedura arrunta.

2021eko uztailaren 31ra arteko epea izango dute sindikatuek eta Lan eta Gizarte Segurantza Zuzendaritzak, azaroaren 28ko 237/2000 Dekretuko bigarren xedapen gehigarriaren bigarren apartatuan aipatzen den adostasunera heltzeko (237/2000 Dekretuaren bidez, Hauteskunde Sindikalen Bulego Publikoa, Batzordea eta Ikuskaritza sortu ziren, Euskal Autonomia Erkidegoan). Aipatutako epea igarota administrazioak egiaztatzen badu ez dela inolako adostasunik lortu, bigarren xedapen gehigarriaren hirugarren apartatuan ezarritakoa aplikatuko da.

4. artikulua.– Erakunde onuradunen baldintzak.

1.– Erakunde onuradunek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Egunean izatea zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak.

b) Ez izatea dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratiborik edo penalik, ezta horretarako gaitasuna kentzen duen legezko inolako debekurik ere, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barnean direla, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean xedatutakoarekin bat etorriz.

c) Ez egotea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak 13.2. eta 3. artikuluan aurreikusten duen egoeraren batean.

2.– Artikulu honetan onuradun izateko ezarritako baldintzak betetzen direla justifikatzeko, erakundeek erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu ahal izango dute; dena dela, horrek ez du balioko zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela justifikatzeko.

3.– Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du laguntza hauen erakunde sindikal onuradunek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela, behar beste aldiz, eta horretarako haien baimenik behar izan gabe.

Nolanahi ere, erakunde sindikalak egiaztatze horren aurka agertu ahal izango dira, horretarako arrazoiak emanez, eta, kasu horretan, ziurtagiri horiek aurkeztu beharko dituzte, araudian aurreikusitako eran.

4.– Dirulaguntzak eta laguntzak esleitzeko eta, hala behar bada, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaituta egotea itzulketa edo zehapen prozedura oro, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek emandako antzeko laguntza edo dirulaguntzengatik hasi bada eta artean izapidetzen ari bada, hala xedatuta baitago azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.4 artikuluan. Ezingo dira onuradun izan Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak bete gabe dituztenak.

5. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14., 18. eta 46. artikuluetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50. artikuluan aurreikusitako betebeharrak bete beharko dituzte laguntza hauen erakunde sindikal onuradunek; zehazki, honako hauek:

a) Dirulaguntza emateko oinarritzat hartzen den egoeran egotea.

b) Jasota uztea jasotako finantziazioa publikoa dela.

c) Jarduera egin dela eta dirulaguntza jasotzeko gainerako baldintzak betetzen direla justifikatzea.

d) Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari, beren eginkizunetan dihardutela, eskatzen duten informazioa ematea, jasotako laguntzen erabileraren fiskalizazioari eta helburuen betearazpenari buruz.

e) Laneko eta Gizarte Segurantzako Zuzendaritzari idatziz jakinaraztea beste edozein administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatutatik helburu berdinerako jasotako bestelako dirulaguntzak edo laguntzak.

f) Dirulaguntza emateko kontuan hartu den edozein inguruabar objektibo edo subjektibo aldatzen bada, horren berri idatziz jakinaraztea Laneko eta Gizarte Segurantzako Zuzendaritzari, eta zuzendaritza horrekin lankidetzan aritzea aldaketa horien egiaztapen-, jarraipen- eta kontrol-prozeduretan.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko maiatzaren 10a.

Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburua,

IDOIA MENDIA CUEVA.


Azterketa dokumentala