Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

87. zk., 2021eko maiatzaren 6a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

SPRI-ENPRESEN GARAPENERAKO EUSKAL AGENTZIA
2569

EBAZPENA, 2021eko apirilaren 20koa, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze zuzendariarena, zeinaren bitartez argitaratzen baita SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren Administrazio Kontseiluaren 2021eko martxoaren 31ko Erabakia, 2021eko «Zabaldu» laguntzen programaren oinarri arautzaileak onetsi, deialdia egini eta argitaratzekoa.

SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren Administrazio Kontseiluak 2021eko martxoaren 31ko bilkuran hartutako Erabakiaren arabera, 2021eko «Zabaldu» laguntzen programaren oinarri arautzaileak onetsi eta argitaratu ziren, publikotasuna emateko ondoreekin. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea 2021eko «Zabaldu» laguntzen programaren oinarri arautzaileen onespenari eta deialdiari buruzko erabakia, idatzi honetan eranskin gisa atxiki dena.

Bilbao, 2021eko apirilaren 20a.

SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren Nazioartekotze zuzendaria,

MARÍA AINHOA ONDARZABAL IZAGUIRRE.

ERANSKINA, SPRI-ENPRESA GARAPENERAKO EUSKAL AGENTZIAREN NAZIOARTEKOTZE ZUZENDARIAREN 2021EKO APIRILAREN 20KO EBAZPENARENA
SPRI-ENPRESA GARAPENERAKO EUSKAL AGENTZIAREN ADMINISTRAZIO KONTSEILUAREN ERABAKIA, 2021EKO MARTXOAREN 31KOA, ZEINAREN BIDEZ ONARTZEN ETA ARGITARATZEN BAITIRA 2021EKO «ZABALDU» LAGUNTZA-PROGRAMA ARAUTZEN DUTEN OINARRIAK ETA DEIALDIA EGITEN BAITA

SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren mendeko zuzenbide pribatuko erakunde publikoak, esleituta ditu honako hauek sustatzeko jarduerak: industria eta enpresa-jarduera, industria-sektoreko inbertsioa, garapena, dibertsifikazioa eta lehiakortasuna, berrikuntza, nazioartekotzea, informazioaren eta ezagutzaren gizartearen garapena eta enpresa-jarduera ekintzailearen sustapena Euskal Autonomia Erkidegoan.

Horri dagokionez, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak zenbait ekintza garatu izan ditu euskal enpresak nazioartekotzeko. Jarduketa horien artean daude euskal enpresak nazioarte mailan hobeto kokatuta egoten laguntzen duten laguntza-programak.

Ondorioz, laguntza-programa hau helburu nagusi bati begira diseinatu da: nazioarte mailan presentzia gutxi duten euskal enpresak atzerrian ezagutarazteko ekintzak sustatzea.

Bestalde, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak, zeinak onetsi zuen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak, 48.5 artikuluan agintzen die Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren bidez finantzatutako finantza-erakunde guztiei dirulaguntza-jarduera publizitatearen printzipioari, besteak beste, egokitzeko.

Azaldutakoaren ondorioz, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Zabaldu 2021 laguntza-programa arautzen duten oinarriak eta deialdia onestea. Programa horren edukia ebazpen honen I. eranskinean jasotzen da.

Bigarrena.– SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren Nazioartekotze Zuzendaritzari ahalmenak ematea ebazpen hau argitaratzeko eta indarrean jartzeko beharrezkoak diren izapide-egintzak egin ditzan.

Hirugarrena.– Ebazpen honen aurka, interesdunak aukerako berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango du SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako Administrazio Kontseiluaren aurrean; horretarako, hilabeteko epea izango du, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango du, administrazioarekiko auzien jurisdikzioan, bi hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratu eta biharamunetik hasita.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agindua ematea.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Erabakiak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

ERANSKINA
ZABALDU 2021 LAGUNTZA-PROGRAMA ARAUTZEN DUTEN OINARRIAK

XII. Legegintzaldiaren gobernu-programak, Industria eta Nazioartekotze eremuaren barruan, bere lehenengo ardatzean (Oparotasuna) 18 zenbakiko konpromisoa jasotzen du: Euskal enpresak nazioartekotzea.

Gobernu-programa horren aginduz, konpromiso hori Gobernuaren Industria eta Nazioartekotze Plan Estrategikoan eta Enpresen Nazioartekotzerako Programan zehaztu beharko da, eta izan behar dituen gutxieneko edukien artean, lehenengo apartatuko eduki hau nabarmentzen da: «enpresen nazioartekotzeari finantza-laguntza emateko programen garapena».

Horrela, aurreko legegintzaldietan hasitako sustapen-politika publikoari jarraipena ematen zaio; hau da, nazioartekotze-mailan sartzen ari diren enpresak sustatzeko ekimenei laguntza ematen zaie; izan ere, sustapen-ekimen horiek beharrezkoak dira enpresek kanpoko merkatuetara sartzeko oztopoak gainditzeko.

Zabaldu programa tresnaren bidez, laguntza ematen zaie funts galdurako dirulaguntzei, estrategia eta eragiketen arloko aholkularitzako gastuak arintzeko, eta kanpoko merkatuetara sartu nahi duten enpresak sustatzeko eta egokitzeko gastuak arintzeko.

Azkenik, programa hau erakundeak 2021eko ekitaldirako onartutako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan jasota dago, Administrazio Kontseiluaren 2021eko abenduaren 15eko erabakiaren bidez.

1. artikulua.– Xedea.

Zabaldu programak bat egiten du Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren helburuekin, zeinak jasotzen baitira XII. Legegintzaldiaren gobernu-programan eta helburu horiek garatzen dituzten plangintza estrategikoko tresnetan. Zabaldu programaren helburua da nazioartekotze prozesuetan hasten ari diren enpresei laguntzea, kanpoko merkatuetan presentzia handiagoa izan dezaten eta nazioartekotze-prozesuetan garapen iraunkorra sustatzeko.

2. artikulua.– Laguntzen izaera.

1.– Programa hau Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 8.3 artikuluak jasotako printzipioen mendean dago.

2.– Zabaldu programaren laguntzak eskatutako baldintzak betetzen dituzten eskaerak jasotzen diren hurrenkera-prozeduraren arabera izapidetuko dira. Aurrekoarekin bat etorrita, laguntza horiek behar bezala jasotako eskabideak ondoz ondo aitortzeko prozeduraren arabera emango dira. Ildo horretatik, banaka eta ordenatuta ebatziko dira, eskabidea oinarri hauetan eskatutako dokumentazio guztiarekin osatu den unearen arabera.

3.– Programa honen bidez ematen diren laguntzak garrantzi gutxikoak edo minimis laguntzak dira, eta beraz, Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 (EB) Erregelamenduak ezarritakoaren mende daude.

4.– Programa honen bidez ematen diren laguntzak itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak dira.

3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– 21. artikuluan ezarritako helbururako bideratutako baliabide ekonomikoak 3.000.000 eurokoak dira, eta SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren aurrekontuetan beren-beregi ezarritako aurrekontu-zuzkiduretatik etorriko dira. Aurrekontu horiek Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan sartuta daude.

2.– Deialdirako funtsak agortzen badira, dirulaguntzak emateko prozedura amaitutzat joko da, eta, beraz, funtsak agortu direla argitaratu ondoren jasotzen diren eskaerak ez dira onartuko. Diru-zuzkidura agortzen den unean ebazpenaren zain dauden eskaerak aipatutako arrazoiagatik ezetsiko dira, dagokion ebazpenaren bidez. Funtsak agortzeari buruzko adierazpena SPRI- Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez egingo da. Ebazpen hori SPRIren webgunean (www.spri.eus/Zabaldu) eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

4. artikulua.– Erakunde onuradunak eta laguntzen onuradun izateko baldintzak.

1.– Oinarri hauetako dirulaguntzen onuradun izan daitezke Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako edo EAEn ekoizpen-instalazioa duten mikroenpresak eta enpresa txiki eta ertainak, deialdi honen aurretik eratu badira, 2020an beren esportazio-jarduna ez bada fakturazio osoaren % 50etik gorakoa izan, eta nazioarteko estrategia hasi edo finkatu nahi badute.

ETE moduan zer hartu behar den jakiteko, Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko 2003/361/EE Gomendioan mikroenpresa eta enpresa txiki eta ertainen definizioari buruz xedatutakoa hartu da kontuan.

2.– Laguntza ekonomikoen onuradun izateko artikulu honetan ezarritako baldintzak, eskabidea aurkezten denetik laguntza likidatu arte, bete beharko dira.

3.– Deialdiaren dirulaguntzak ezingo dituzte jaso honako hauek:

a) Soilik bitartekaritza-lanak eta/edo hirugarrenen produktuak saltzen dituztenek.

b) Europar Batasunaren barruko hurbileko merkataritza-eragiketak soilik sustatzen dituztenek.

c) Halaber, honako hauek ezin daitezke Zabaldu programaren onuradun izan:

c.1.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 13.2 eta 13.3 artikuluetan deskribatutako egoeraren batean dauden enpresak; laguntza bat legez kontrakotzat edo barne-merkatuarekin bateraezintzat adierazi duen Europako Batzordearen aurretiko adierazpen baten ondoren laguntza hori berreskuratzeko agindu baten zain dauden enpresak; krisi-egoeran dauden enpresak, krisian dauden enpresa ez-finantzarioen salbamendu eta berregituraketako estatuko laguntzei buruzko Gidalerroen (DO C 249 2014-07-31) definizioaren arabera.

c.2.– Dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzea galarazten dien zigor eta administrazioaren arloko zehapena jaso duten enpresak, eta laguntzak jasotzeko ezgaitzen dituen legezko debekuetan sartuta daudenak. Emakumeen eta gizonen berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeko azken xedapenetako seigarrenean xedatutakoaren arabera, sexua dela-eta inor baztertzeagatik gertatutakoak ere sartzen dira debeku horietan.

c.3.– Hasitako ekitaldi fiskalean eta aurreko bi ekitaldietan zehar guztira 200.000 euro baino gehiagoko minimis laguntza jaso duten enpresak.

c.4.– Zabaldu programaren laguntzetatik kanpo geratzen dira 1/1997 Legegintza-dekretuaren 50. artikuluaren kasuetan eta 38/2003 Legearen 13. artikuluan onuradun ez izateko ezarritako kasuetan dauden enpresak, zehazki, kasu hauetan:

– Enpresak eta/edo bere erakunde laguntzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean ez izatea, eta muga-eguneratutako, erreklamatutako eta ordaindu gabeko zorrak edukitzea Eusko Jaurlaritzarekin edo SPRI Taldeko enpresaren batekin.

– Edozein administrazioren edo haren sektore publikoko erakundeek emandako laguntzak edo dirulaguntzak direla-eta diru-kopurua itzultzeko betebeharra oraindik beteta ez edukitzea. Ezin dira deialdi honetara aurkeztu laguntza publikoak direla-eta zehapen-prozedura batean zehapen irmoa jaso dutenak, edo izaera bereko laguntzak jasotzea galarazten duen prozeduraren batean daudenak (zehapena betetzeko epea ez bada oraindik amaitu). Dirulaguntzak direla-eta oraindik ere izapidetzen ari den itzulketa- edo zehapen-prozedura batean badago enpresa, prozeduraren emaitzari begiratu beharko zaio dirulaguntza emateko eta ordaintzeko.

– Edozein prozeduratan kaudimengabearen adierazpena jaso izana, konkurtsoaren adierazpena eskatu izana, konkurtsoaren adierazpena jaso izana, esku-hartze judizialaren menpean egotea edo Lege Konkurtsalaren arabera desgaituak gertatu izana, konkurtsoa kalifikatzeko epaian ezarritako desgaikuntza-epea artean amaitu barik dagoela.

– Armen ekoizpen, salerosketa eta finantzaketa arloan aritzea, Herrialde Pobretuekiko Justizia eta Elkartasunerako Gutunaren abenduaren 28ko 14/2007 Legean ezarritakoarekin bat etorrita.

d) Azkenik, eskaerak baztertuko dira, baldin eta eskaera aurkezten duen enpresak eta haren legezko ordezkariak epai irmoen bidezko zigorra jaso badu laneko osasunaren aurkako delituak egiteagatik, edo zigor irmoa jaso badu arlo horretako administrazioko arau-hauste oso larriak egiteagatik deialdiaren aurreko 5 urteetan zehar.

e) Laguntza bat legez kontrakotzat edo barne-merkatuarekin bateraezintzat adierazi duen Europako Batzordearen aurretiko adierazpen baten ondoren laguntza hori berreskuratzeko agindu baten zain dauden eta EBrekin zorretan dauden enpresak deialditik kanpo geratzen dira, bai eta krisi-egoeran dauden enpresak ere, krisian dauden enpresa ez-finantzarioen salbamendu eta berregituraketako estatuko laguntzei buruzko Gidalerroen (DO C 249 2014-07-31) definizioaren arabera.

5. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen ekintza eta gastuak.

1.– Zabaldu programaren esparruan diruz lagundu daitezkeen enpresen jarduketak mota hauetakoak dira:

a) Enpresak nazioartekotzerako sustatu eta egokitzeko jarduketak.

a.1.– Kanpoko aholkulariek egindako nazioartekotze-estrategia bat egitea.

a.2.– Industria-jabetzari eta homologazioei lotutako gastuak:

– Patente eta marken erregistroa: kudeaketa-gastuak diruz lagunduko dira, bai eta helmugako herrialdeko erregistro ofizialetako inskripzio tasak ere.

– Homologazioa eta egiaztapena: diruz lagunduko dira helmugako herrialdean erakunde egiaztatuek egindako homologazioen ondoriozko gastuak, bai eta atzerrian bezero handien aurrean egindako egiaztapenak eta aurrekalifikazioak.

a.3.– Azokei lotutako gastuak:

– Nazioarte mailako azoketan parte hartzea, erakusle moduan, baldin eta enpresak ez badu parte hartzen ekitaldi berean beste administrazio, elkarte edo kluster batekin laguntza ekonomikoa jasoz edo prezio publiko bati lotuta. Kasu horretan, dirulaguntza emango da, azoka bakoitzeko, espazioa alokatzeko, standa apaintzeko eta bidaia-poltsa baterako, 4 eranskinaren arabera.

– Nazioarteko kongresuetan, foro espezializatuetan eta azoketan parte hartzea, bisitari gisa: inskripzio-tasarako eta bidaia-poltsa baterako dirulaguntza eman ahal izango da, 4 eranskinaren arabera.

– Nazioarteko kongresuetan, foro espezializatuetan eta azoketan parte hartzea, on line formatuan. Inskripzio-tasarako eta beharrezko beste gastu batzuetarako dirulaguntza eman ahal izango da.

a.4.– Bidaiak:

– Merkatuak aztertzeko eta/edo bezero izan daitezkeen enpresekin harremanetan jartzeko prospekzio-bidaiak. Laguntza bidaia-poltsa izango da, destinoaren arabera kalkulatuta, 4 eranskinak zehaztu duenarekin bat.

– Alderantzizko misioak, bezero izan daitezkeen enpresak gonbidatzea.

Kasu bietan, dirulaguntza emango da garraio- eta ostatu-gastuetarako.

a.5.– Komunikazio eta marketineko gastuak:

– Zabalkunde eta sustapen materiala helmuga-herrialdera egokitzea, hango hizkuntza ofizialean edo ingelesez eginda.

– Katalogoak, liburuxkak eta kartelak egitea, web-orriak sortzea eta abian jartzea eta, gero, nazioarteko merkatura egokitzea. Mantentze hutsa kanpoan geratzen da.

– Publizitatea: helmugako herrialdean eragina duten komunikabide sektorialetan publizitate-espazioak kontratatzea eta materiala sortzea, bai eta produktua eta/edo zerbitzua merkaturatzeko publizitate digitalaren gastuak ere.

– Produktu edo zerbitzuen aurkezpenak, sustapenak eta aldi baterako erakusketak helmuga herrialdeko merkataritza-guneetan.

– Harreman publikoak: helmugako herrialdean produktuak eta/edo zerbitzuak merkaturatzeko publizitate-agentzien kontratazioko gastuak.

– Sustapen-formatu berriak garatzea merkatuetarako sarbidea hobetzeko, 2020ko osasun-krisiaren ondoriozko egoera berriaren testuinguruan.

a.6.– Kanpoko aholkularitzak egindako iraunkortasunari buruzko txostenak, enpresak helmugako herrialdean duen inpaktua aztertzen dutenak, Garapen Jasangarrirako 2030 Agendaren helburuak kontuan hartuta.

a.7.– Eskabidearen ekitaldian eratutako merkataritza- eta/edo ekoizpen-arloko kanpo-ezarpenei lotutako gastuak: ezarri nahi diren proiektuei buruzko bideragarritasun azterlanak, eraketa-gastuak, negozio-planak egiteko aholkularitza, due diligence eta lotutako auditoretzak eta lehenengo urteko beste ezarpen-gastu arrunt batzuk.

a.8.– Talentua: kanpo-eragiketetarako langileen hautaketa.

b) Aholkularitza operazional edo estrategikoan oinarritutako ekintzak, merkatu interesgarrietan sartzen eta jarduten laguntzeko.

Kasu horietan, eta BasqueTrade & Investment – Nazioartekotze Euskal Agentziak aholkularitza-zerbitzuak kanpoko sareko bulegoen bidez eskaintzen dituen herrialdeetan, laguntza publikoa ahal dela zerbitzu gisa eskainiko da. Horretarako, zerbitzuak emateko eskabideak info@basquetrade.eus helbide elektronikora bidali beharko dira.info@basquetrade.eus

Ondorioz, Zabaldu programan bakarrik aurkez daitezke 3 eranskineko kategorietan sailkatutako ekintzak (aholkularitza operazional edo estrategikoa) BasqueTrade & Investment – Nazioartekotze Euskal Agentziak, bere baliabideen plangintzan oinarrituta, berariaz eta modu arrazoituan ukatu badu enpresari zerbitzua ematea, salbu eta gastua dirulaguntza eskatu baino lehen egin bada.

2.– Diruz lagundu daitezkeen ekintzak 2021eko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean egindakoak izan behar dira.

3.– Merkataritzako agente eta ordezkarien kostuetarako ez da laguntzarik emango.

4.– Balio Erantsiaren gaineko Zerga (BEZ) ez da diruz lagunduko, eta, oro har, edozein motatako tasa edo kontribuzioa ere ez.

5.– Dirulaguntza jaso dezaketen gastuen eskuratze-kostua ezin da inola ere izan merkatuko balioa baino handiagoa.

6.– Diruz lagundu nahi diren lan guztiak egiteko, egokitzat jotzen den kasuetan, enpresa espezializatuak azpikontratatu daitezke. Kasu horretan, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 31.3 artikuluan xedatutakoaren arabera, diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoak kontratazio publikoaren arloan kontratu txikirako indarrean dagoen araudian zehaztutakoa gainditzen duenean, gutxienez hornitzaile desberdinen hiru eskaintza eskatu beharko ditu onuradunak, obrarako, zerbitzua emateko edo ondasuna jasotzeko konpromisoa kontratatu baino lehen, salbu eta, bere ezaugarriak bereziak izateagatik, merkatuan ez badago erakunde nahikorik lan hori egiteko, zerbitzua emateko edo hornitzeko, edo, salbu eta gastua dirulaguntza eskatu baino lehen egin bada.

7.– Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 29 artikuluaren arabera, honako hau joko da azpikontrataziotzat: erakunde onuradunak hirugarren erakunde edo pertsona batekin hitzartzen duenean dirulaguntzaren xedeko jarduera oso-osorik edo zati bat egitea. Azpikontratazioaren kontzeptu horretatik kanpo gelditzen da onuradunak diruz lagundutako jarduera bere kabuz gauzatzeko egin behar dituen gastuen kontratazioa. Horri dagokionez, hirugarrenen azpikontratazioa edo kontratazioa diruz lagundutako jardueraren zenbatekoaren % 100era iritsi ahal izango da, eta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 29. artikuluan jasotako gainerako aurreikuspenak aplikatuko dira diruz lagundutako jarduerak egiteko hirugarrenen azpikontrataziorako edo kontrataziorako.

6. artikulua.– Laguntza eskabidea.

1.– Eskatzaileek gehienez hiru eskaera aurkez ditzakete Zabaldu programaren deialdi honetan.

2.– Lehenengo eskabideak nazioartekotzeari buruzko proiektu oso bat izan beharko du; horretaz gain, ekitaldian zehar planifikatutako ekintzak eta 3 eranskinean ez dauden 2 ekintza gutxienez jaso beharko ditu.

3.– Bigarren edo hirugarren eskaerak, lehen eskaeraren ondoren aurkez daitezkeenak, hasierako eskaeran aurreikusita ez dauden ekintzak estaltzera bideratuta egon beharko dute, eta ekintza horien egokitasuna behar bezala justifikatuta egon beharko du, kasuan kasuko merkatuetan gerora sortutako inguruabarren ondorioz. Bigarren eta/edo hirugarren eskaeran gehienez ere 2 ekintza aurkeztu daitezke eskaera bakoitzeko.

7. artikulua.– Ebaluazio-irizpideak.

Dirulaguntzak onuradunak izateko irizpideak bete dituztela egiaztatu duten enpresei emango zaizkie, eta, betiere, balorazio irizpide hauen arabera:

– 1. irizpidea: Nazioartekotze-estrategia dirulaguntzaren helburu diren ekimenen nazioartekotze-estrategiaren kalitatea hartuko da kontuan. Irizpide honen balorazioan, analisi orokorra egingo da, 6 eranskineko atal hauetako puntuazio partzialetatik abiatuta: gaitasuna, merkatuak, sarrera motak, produktua/zerbitzua, sustapen politika, produktuaren kalitatea eta bideragarritasuna, eragina enpresan eta eragina ingurunean.

– 2. irizpidea: xede-merkatuak eta xede-herrialdeak. Eusko Jaurlaritzaren Nazioartekotze Plan Estrategikoaren lehentasunezko merkatuekin lerrokatuta egotea hartuko da kontuan. Amaierako puntuazioa Nazioartekotze Estrategian agertzen diren merkatu guztien arteko baliorik altuena izango da.

– 3. irizpidea: Eragina ingurunean: Lurraldeko lehiakortasun orokorraren eta EAEn lanpostu-sorreraren gaineko eragina hartuko da kontuan.

– 4. irizpidea: Gizarte erantzukizuna eta iraunkortasuna: Garapen Iraunkorraren helburuekiko konpromisoaren erakusgarri moduan, aintzat hartuko da enpresak 5 eranskinean aipatzen diren arlo hauetako ziurtagiriak edukitzea: iraunkortasuna, genero-berdintasuna, euskararen sustapena eta erantzukizun sozial korporatiboa. Gainera, Agenda 2030ren helburuekin erakutsitako konpromisoa ere hartuko da kontuan.

– 5. irizpidea: Enpresen arteko lankidetza. Alderdi hauek hartuko dira kontuan: lankidetza modalitatea eta lankidetza horri eustea.

Oinarri hauen 1 eranskinean puntuen banaketa-taula jasotzen da, azaldutako 5 irizpideetako bakoitzaren haztapenaren arabera.

8. artikulua.– Dirulaguntzen zenbatekoa eta mugak.

1.– Oinarri hauetan eta dagozkion eranskinetan ezarritako irizpideak eta mugak kontuan hartuta baloratuko dira eskabideak. Horri dagokionez:

– 50 eta 59 puntu (biak barne) arteko balorazioa lortzen duten eskaerei, esleituko zaien laguntza onartutako aurrekontuaren % 40 izango da.

– 60 eta 79 puntu (biak barne) arteko balorazioa lortzen duten eskaerei, esleituko zaien laguntza onartutako aurrekontuaren % 45 izango da.

– 80 puntu edo gehiagoko balorazioa lortzen duten eskaerei, esleituko zaien laguntza onartutako aurrekontuaren % 50 izango da.

– 50 puntu lortzen ez dituzten eskabideek ez dute Zabaldu programaren laguntza publikorik jasoko, eta SPRIko Nazioartekotze Zuzendaritzaren ebazpen bidez ezetsiko dira.

2.– Laguntzak onartutako gastuaren zenbatekoaren % 50ekoak, gehienez, izan daitezke, eta eskaera bakoitzeko laguntza gehienez ere 45.000 eurokoa.

3.– Bidaia-poltsen gehieneko kopurua 9 izango da, enpresa bakoitzak aurkeztutako eskaera-kopuru osorako. Bidaia-poltsa horien gehieneko zenbatekoa 4 eranskinean zehaztuko da.

Standa eta produktuen aurkezpena duten kanpoko azoketan parte hartuz gero, eta kongresu eta foro espezializatuetara eta azoketara bisitari gisa bertaratuz gero, bidaia-poltsa bat baino ezin daiteke eskatu, aurreko paragrafoan zehaztutako bidaia-poltsen kopurutik kanpo.

4.– Gonbidapena bezero potentzialei: Gonbidapen bakoitzeko ostatu-eta garraio-gastuen muga 1.000 eurokoa da, eta, gehienez ere 9 gonbidapen enpresa bakoitzeko.

5.– Eskabideko ekintzak deskribatzean eta 5. artikuluan jasotako gastu-motekin bat datozen aztertzean zalantzak sortzen badira, BasqueTrade & Investment – Euskal Nazioartekotze Agentziako zerbitzu teknikoek eskabideko ekintzak berriro esleitu ahal izango dituzte eta dagokien gastu-motara egokitu.

9. artikulua.– Bateragarritasuna beste laguntza batzuekin.

1.– Oinarri hauen babespean ematen diren dirulaguntzak bateragarriak dira administrazio publikoek edo erakunde pribatuek helburu bererako emandako beste edozein laguntzarekin. Dirulaguntzaren zenbatekoa, bakarrik zein administrazioak edo erakunde pribatu edo publikoek emandako beste dirulaguntza eta laguntzarekin batera, inolaz ere ezin da izan diruz lagundutako jardueraren kostua baino handiagoa; kasu horretan, hau da, kostu hori baino handiagoa bada, gaindikinari dagokion zenbatekoa kenduko zaio oinarri hauek direla bide emandako dirulaguntzari.

2.– Ez zaie laguntzarik emango erakunde publikoek egin dituzten azterketei eta eman dituzten zerbitzuei, prezio publikoei lotuta badaude.

3.– Aurrekoa gorabehera, aplikagarria izango da minimis dirulaguntzak metatzeko araubidea, laguntza horiei buruz Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 (EB) Erregelamenduak ezarritakoarekin bat, edo Europar Batasunean emandako beste zuzentarau edo xedapen batzuekin bat.

10. artikulua.– Eskabideen aurkezpena.

1.– Dirulaguntzaren eskabideak, bakarrak edo ondoz ondokoak (gehienez ere hiru eskabide) aurkezteko epea oinarri hauek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen diren egunaren biharamunean hasi eta 2021eko urriaren 29an amaituko da, edo bestela, erabilgarri dauden funtsak agortu arte, 3 eranskinean ezarritakoaren arabera. Jendaurreko arreta-zerbitzua 2021eko urriaren 29ko 15:00etan amaituko da.

2.– Eskaerak SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren Nazioartekotze Agentziari bidali behar zaizkio, laguntzen deialdi honetatik eratortzen diren gainerako izapideak baliabide elektronikoen bidez egingo dira, www.spri.eus/zabaldu helbide elektronikoan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluaren arabera.

3.– Eskabidea behar bezala beteta eta pertsona edo enpresa eskatzaileak sinatuta (onartutako sinadura) aurkeztu behar da, hurrengo artikuluak aipatzen duen euskarri-dokumentazio osoarekin batera.

4.– Eskabidea eta eskatutako dokumentazioa aukeratzen den hizkuntza ofizialean aurkeztu daitezke. Gainera, laguntzen eskaeraren ondoriozko jarduketetan eta prozedura osoan zehar, enpresa eskatzaileak aukeratu duen hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko 1982ko azaroaren 24ko 10/1982 Legearen arabera.

5.– Laguntzaren eskabideak berekin dakar eskatzaileak organo emaileari baimena ematea zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituela egiaztatzen duen agiria lortzeko. Hala eta guztiz ere, eskatzaileak aipatutako agiriak eskatzeko baimena ukatu dezake, eta, kasu horretan, aipatutako betebeharrak ordaindu dituela egiaztatzeko ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu, eskatzen zaion guztietan.

11. artikulua.– Eskabideen edukia eta dokumentazio erantsia.

1.– Eskatzaileek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

a) Eskabide telematikoa, erakundean nahikoa eskumen duen legezko ordezkariak behar bezala beteta eta sinatua. Eskabide horretan erakundeari eta proiektuari buruzko datuak egongo dira, balorazioa behar bezala egiteko oinarria izango direnak.

b) Proiektuaren balorazioa egiteko galdetegi normalizatua, Nazioartekotzeko Euskal Partzuergoaren gidalerroekin bat egindakoa (ikusi 6 eranskina).

c) Enpresaren eskriturak eta/edo ordezkaritzarako ahalordea.

d) Emandako kontu korrontearen banku-titulartasunaren ziurtagiria.

e) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak ordaindu dituela egiaztatzeko ziurtagiriak, baldin eta aipatutako agiriak eskuratzeko baimena ukatu bazaio organo emaileari.

f) Eskatzailea ETE bat dela egiaztatzeko dokumentazioa, Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko 2003/361/EE Gomendioan mikroenpresa eta enpresa txiki eta ertainen definizioari buruz xedatutakoaren arabera.

g) BasqueTrade & Investment (Nazioartekotze Euskal Agentzia) kanpoko sareko bulegoaren bitartez erantzun ezin zaien zerbitzuak (B ataleko 5 artikulukoak) jasotzen dituzten eskaerek erantzukizunpeko adierazpenaren bidez emango beharko dute horren berri.

h) Aurreko bi ekitaldi fiskaletan eta laguntza eskatzen den ekitaldi fiskalean zehar jasotako minimis laguntzak, Batzordearen 1407/2013 (EB) Erregelamenduak ezarritakoari lotutakoak.

i) Ezarpenetarako laguntza eskatzen bada eta ezarpena 2021. urtean eratzea eskatzen bada, ezarpena ekitaldi horretan eratu dela egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko dira.

2.– Halaber, enpresa nazioartekotzeko proiektuaren balorazioa behar bezala egiteko, honako hauek aurkeztu beharko dira:

a) Lankidetza modalitatea egiaztatzen duen ziurtagiria.

b) Arlo hauetako ziurtagiriak: ingurumenaren iraunkortasuna, genero-berdintasuna, euskararen sustapena eta erantzukizun sozial korporatiboa.

3.– Edozelan ere, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak enpresa eskatzaileari eskatu ahal izango dio aurkeztutako eskabideak ondo ulertu, ebaluatu eta izapidetzeko beharrezkotzat jotako dokumentazio eta/edo informazio osagarri guztia. Arau honetan aurrez ikusita ez dagoen guztian, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean jasotakoa aplikatuko da. Agiriak eskatzen diren unean zehaztutako epean eman beharko dira.

12. artikulua.– Oker-zuzenketak.

SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak dokumentazioan akatsik dagoela edo eskabidea zehatza ez dela ikusiz gero, enpresa eskatzaileei horren berri eman beharko die, eta hamar (10) eguneko epea izango dute akatsa zuzentzeko; halaber, ohartaraziko zaio hala egin ezean ulertuko dela bere eskaeran atzera egin duela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21 eta 68. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

13. artikulua.– Dirulaguntzak ebazteko prozedura.

1.– Laguntzen eskaerak modu ordenatuan egingo da, ebaluatu eta ebatziko dira, espedientea osatzen den unearen arabera.

2.– Eskabideak aztertu eta ebaluatzeko lan materialak Basque Trade & Investment-ek (Nazioartekotze Euskal Agentzia) izendatutako teknikariek egingo dituzte, eta dagozkien txosten teknikoak egingo dituzte. Sozietate hori SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren erakunde laguntzailea izango da eta funtzio hauek bete beharko ditu:

a) Laguntza emateko, bidalitako dokumentazio teknikoa aztertzea eta dagokion txosten teknikoa prestatzea.

b) Laguntzaren likidazioa egiteko:

– Gastu hautagarriak behar bezala egiten direla kontrolatzea.

– Egindako ikuskapenei buruzko txostenak egitea.

– SPRIri jakinaraztea gertatzen diren gorabeherak.

3.– Dagozkion txosten teknikoek honako hauek jasoko dituzte: Nazioartekotze Estrategiaren balidazioaren eta kalifikazioaren xehetasunak, onartutako gastu hautagarriak eta oinarri hauetako 7. eta 8. artikuluetan ezarritakoaren arabera lortutako puntuazioa.

4.– Aurreko atalean deskribatutako txosten teknikoetan oinarrituta, SPRI Nazioartekotze Zuzendaritzari laguntzeko zerbitzuak ebazpen proposamenak egingo ditu:

5.– Basque Trade & Investment-en (Nazioartekotze Euskal Agentzia) txosten teknikoetan jasotako proposamenak ikusita, SPRIren nazioartekotze zuzendariak ebatziko ditu laguntzak, eskaerak aurkeztu diren hurrenkeraren arabera eta aurrekontu-kreditua dagoen bitartean.

6.– Ebazpenak, gutxienez, jarraian zehaztutako edukiak izango ditu:

– Erakunde onuraduna.

– Diruz lagundutako ekintzak eta balorazioan emandako puntuazioa.

– Aurkeztu eta onartutako gastuen aurrekontua.

– Dirulaguntzaren zenbatekoa.

– Justifikazio-fasea amaitu arte jarraitu beharreko urratsen zerrenda eta fase horretan aurkeztu beharreko dokumentazioa.

– Adierazi beharko da zer errekurtso aurkez daitekeen ebazpenaren aurka eta zein organori aurkeztu behar zaion (administratiboa nola judiziala). Horretaz gain, egokitzat jotako beste edozein errekurtso mota ere erabil dezakete interesdunek.

7.– SPRIren nazioartekotzeko zuzendariak emango du eskabidea baietsi edo ezesten duen ebazpena, eta eskatzaileari jakinarazi zaio telematikoki. Ebazpenaren aurka berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango zaio SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze Zuzendaritzari, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeak ezarritako epean eta eran.

8.– Ebazpena eman eta enpresari jakinarazteko epea sei hilabetekoa izango da, espedientea osatuta dagoen unetik zenbatuta, oinarri hauetako 2 artikuluaren 2 atalean ezarritakoarekin bat etorrita. Epe horretan ez bada ebazpenik ematen, eskaera ezetsitzat joko da.

9.– Emandako laguntzak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira, guztiak jakitun egon daitezen.

14. artikulua.– Dirulaguntzaren ordainketa eta justifikatzea.

1.– Oro har, dirulaguntza bi zatitan ordainduko da, honela:

– Dirulaguntzaren % 25, emandako laguntza onartua izan ostean edo, hala dagokionean, oinarri hauetako 15. artikuluan zehaztutako hamabost eguneko epea igaro ostean.

– Gainerako % 75aren likidazioa, diruz lagundutako ekintzak burutzean egindako gastuak justifikatu ostean.

Onuradunak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean ordainduta ez dituen bitartean edo dirua itzuli behar duela dioen ebazpen bidez zordun den bitartean ezin izango da dirulaguntza ordaindu.

2.– Oinarri hauetako 6. artikuluan jasotako bigarren eta hirugarren eskaeren kasuan, ordainketen hurrenkera aurreko atalean ezarritakoaren araberakoa izango da.

3.– Justifikazioko-dokumentazioa bide telematikoz aurkeztu beharko da, www.spri/zabaldu helbidean, enpresa onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta, laguntza emateko ebazpena jasotzen den unetik 2022ko otsailaren 28ra arte. Jendaurreko arreta-zerbitzua 2022ko otsailaren 28ko 15:00etan amaituko da.

4.– Dokumentazioak hauek jaso beharko ditu:

– Dirulaguntzarekin finantzaturik egin diren jarduerak betetzeari buruzko justifikazio memoria.

– Gastuen zerrenda, ekintzaren eta zenbatekoaren arabera sailkatua.

– Gastuen faktura, honako hauek banakatuta: jaulkipen-data, hornitzailearen identifikazioa, ordainagiriak, zenbatekoa eta ordainketa-data.

– Egindako bidaiak justifikatzeko, garraio-txartelak edo ostatu-fakturak aurkeztu beharko dira, kostu efektiboa egiaztatuta, joan-etorriaren egiaztagiri gisa.

5.– Dokumentazioa aztertzean, ikusten bada enpresak aurkeztutako justifikazioan zuzentzeko moduko akatsak daudela, horren berri emango dio enpresari eta hamar eguneko epea emango dio haiek zuzentzeko.

6.– SPRIren Nazioartekotzeko zuzendariak emango du eskabidea baietsi edo ezesten duen likidazio-ebazpena, eta haren aurka berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango zaio SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze Zuzendaritzari, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeak ezarritako epean eta eran.

15. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

1.– Oinarri hauen babespean ematen diren dirulaguntzen erakunde onuradunek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 14 eta 46 artikuluetan ezarritako betebeharrak bete behar dituzte, bai eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan ezarritakoak ere (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onetsi zuen).

a) Emandako dirulaguntza onartzea. Ildo honetan, dirulaguntza eman zaiola adierazten duen ebazpena jakinarazi eta ondorengo hamabost egunetan onuradunak ez badio beren-beregi eta idatziz uko egiten dirulaguntzari, onartu egin duela ulertuko da.

b) Dirulaguntza eman den jarduketa-plana garatzeko helburu zehatzerako erabiltzea eta gastuak finantzatzeko erabiltzea.

c) Onartzea SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak beharrezkotzat jotzen duen dokumentazio gehigarri guztia eskatu ahal duela, eta SPRIk izendatutako langileek beharrezko eta komenigarritzat jotzen dituzten egiaztapenak egin ditzaketela euren instalazioetan, esleitutako laguntzaren xede den proiektua egikaritu dela eta eskatutako baldintzak bete direla egiaztatzeko.

d) Faktura guztiak gordetzea eta SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren, Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Finantza Saileko Kontrol Bulegoaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren esku jartzea bost urteko epean zehar, faktura egiten denetik zenbatzen hasita.

e) Eusko Jaurlaritzaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari edo beste kontrol-organo eskudun batzuei, bai nazionalak eta bai komunitarioak, eskatutako informazioa ematea, laguntzen erabileraren fiskalizazio-funtzioak betetzeko.

f) Berehala jakinaraztea SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziari beste edozein administrazio edo erakunderen (publikoa nahiz pribatua) laguntzak, dirulaguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskatu edo jaso dituela hemen arautzen diren laguntzen helburu berdinerako edo antzekorako.

g) SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziari laguntza esleitzeko kontuan hartutako edozein inguruabar aldatu dela jakinaraztea.

h) Zabaldu programaren laguntza publikoaren xede den edozein sustapen-euskarritan, behar bezala iragarri beharko da programaren bidez emandako dirulaguntzaren jatorria.

i) Halaber, azoketan parte hartzeko laguntza jasotzen badu, Basque Country marka (Euskadi Basque Country markaren, SPRI taldearen eta Nazioartekotze Euskal Agentziaren logoak) agertu beharko dira standean eta erabiltzen diren sustapen-material guztietan.

j) Hizkuntzaren erabilera ez-sexista egitea diruz lagundutako proiektua gauzatu bitartean sortzen diren irudi eta dokumentuetan.

16. artikulua.– Ez-betetzeak.

Erakunde onuradunak betetzen ez baditu agindu honetan ezarritako betekizunak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 37 artikuluan eta hurrengoetan eta gainerako araudi aplikagarrian ezarritakoa, eta emandako dirulaguntza onesteko ebazpenean ezarritako baldintzak, organo eskudunak, administrazio ebazpenaren bidez, ez-betetzearen espedientea hasi eta interesdunari entzunaldia eman ondoren, dirulaguntza jasotzeko eskubidea galdu duela deklaratuko du; gainera, hala badagokio, jasotako diru-kopuruak zein berandutze-interesak itzuli behar izango dizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53.1 artikuluan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren 4.1 artikuluan ezarritakoaren arabera (Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorraren kontura emandako dirulaguntzen bermeen eta itzulketen jardunbide orokorra arautu zuen dekretu horrek). Aipaturiko diru-kopuru horiek sarrera publikotzat joko dira ondorio guztietarako.

2.– Aurkeztutako proiektuetan % 30 baino gutxiagoko beheranzko desbideratzea badago, dirulaguntza emateko kontuan hartu eta aurkeztu den aurrekontuaren aldean, dirulaguntza berriro kalkulatu beharko da, hasieran emandako laguntza emateko erabilitako irizpide berdinak aplikatuta.

3.– % 30eko edo hortik gorako beheranzko desbideratzeak dirulaguntza jasotzeko eskubidea galtzea ekar dezake, laguntza emateko helburuak bete direla justifikatzen denean izan ezik. Bigarren kasu horretan, dirulaguntzaren zenbatekoa murriztuko da, aurreko atalean aurreikusitako moduan.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENEGOA.– Aplikatu beharreko araudia.

Programa honi araudi hau aplikatu behar zaio:

1.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta hura garatzen duen Erregelamendua (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua), dirulaguntzen arloko oinarrizko legedia osatzen duen aldetik.

2.– Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen 1/1997 Legegintzazko Dekretua.

3.– Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorraren kontura emandako dirulaguntzen bermeen eta itzulketaren jardunbide orokorra arautzen duen eta kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen baldintzak, jardunbidea eta betebeharrak ezartzen dituen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua.

4.– Europako Batzordearen abenduaren 18ko 1407/2013 Zuzentaraua, Europar Batasunaren minimis laguntzen funtzionamendu-itunaren 107. eta 108. artikuluen aplikazioari buruzkoa. (EBAO 2013 L 352/1).

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Datu pertsonalak Babesteko 2016/679 (EB) Erregelamendu Orokorrean (aurrerantzean, DBEO) eta izaera pertsonaleko datuen esparruan aplika daitezkeen gainerako araudietan ezarritakoarekin bat eginez, jakinarazten da emandako datuak tratatu egingo direla eskatutako dirulaguntzaren espedientea kudeatzeko. Hala, datu pertsonalen tratamenduaren oinarri juridikoa SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentzia gisa sortzeko estatutuetako xedeak betetzeko funtzio publikoa da.

Informazio hori enpresa kolaboratzaileei, gai honetan eskumena duen Administrazio Publikoari eta SPRI taldeko enpresei (ikus: www.spri.eus/nortzuk-gara/spri-taldeko-sozietateak/) transmititu ahal izango zaie.

Interesa duen pertsona orok erabil ditzake bere datu pertsonalak babesten dituen araudiak ezarritako eskubideak SPRIren aurrean. Horretarako, idatzi bat bidali beharko da lopd@spri.eus helbidera.

SPRIk Datu Pertsonalen Babeserako esparruan egiten duenaren inguruko informazio gehigarriaren eta xehakatuaren berri izateko, www.spri.eus/pribatutasun-politika/ web-orrialdeko pribatutasun-politika kontsulta daiteke.

Datuak zaintzeko eskatzen bada, Datuen Babeserako Espainiako Agentzia izango da kontrolaren arduraduna.

AZKEN XEDAPENETEAKO HIRUGARRENA

SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak oinarri hauekiko hartzen dituen erabakiek administrazio-izaera dute, eta, beraz, eskumeneko jurisdikzioa administrazioarekiko auziena izango da.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala