Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

238. zk., 2020ko azaroaren 30a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
5133

97/2020 EBAZPENA, azaroaren 24koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez argitara ematen baita hezkuntza-ituna indarrean duten ikastetxeei zuzeneko dirulaguntzak emateko Erabakia. COVID-19ari aurre egiteko prebentzio-protokoloek eskatzen dituzten zenbait neurri aplikatzearen ondoriozko gastu gehigarriak finantzatzera bideratuko dira dirulaguntza horiek.

Gobernu Kontseiluak, 2020ko azaroaren 24an egindako bilkuran, onartu du hezkuntza-ituna indarrean duten ikastetxeei zuzeneko dirulaguntzak emateko Erabakia. COVID-19ari aurre egiteko prebentzio-protokoloek eskatzen dituzten zenbait neurri aplikatzearen ondoriozko gastu gehigarriak finantzatzera bideratuko dira dirulaguntza horiek. Horrenbestez, behar duen publikotasuna emateko, hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara ematea hezkuntza-ituna indarrean duten ikastetxeei zuzeneko dirulaguntzak emateko Erabakia (ikus eranskina). COVID-19ari aurre egiteko prebentzio-protokoloek eskatzen dituzten zenbait neurri aplikatzearen ondoriozko gastu gehigarriak finantzatzera bideratuko dira dirulaguntza horiek.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko azaroaren 24a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

JON IÑAKI URBINA GARCÍA DE VICUÑA.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN AZAROAREN 24KO 97/2020 EBAZPENARENA
ERABAKIA, GOBERNU KONTSEILUARENA, 2020KO AZAROAREN 24KOA, HEZKUNTZA-ITUNA INDARREAN DUTEN IKASTETXEEI ZUZENEKO DIRULAGUNTZAK EMATEKOA. COVID-19ARI AURRE EGITEKO PREBENTZIO-PROTOKOLOEK ESKATZEN DITUZTEN ZENBAIT NEURRI APLIKATZEAREN ONDORIOZKO GASTU GEHIGARRIETARAKO IZANGO DIRA DIRULAGUNTZAK

2020-2021 ikasturtea hasi eta garatzeko Hezkuntzako Konferentzia Sektorialaren erabakiek (ekainaren 20ko EFP/561/2020 Aginduaren bidez argitaratu ziren), besteak beste, honako hauek jasotzen dituzte:

«6.– 2020-2021 ikasturtearen hasieran eta garapenean, Estatuko eta autonomia-erkidegoetako osasun-agintariek ezarritako jarraibideak beteko dituzte hezkuntza-administrazioek, ekainaren 9ko 21/2020 Errege Lege Dekretuan (LBK 2020, 954) xedatutakoa eta eskumenen banaketa errespetatuz.

Hezkuntza-administrazioek behar diren jarduketa-protokoloak egingo dituzte, beren lurralde eremuan eskumena duten osasun-agintariek unean-unean ezartzen dituzten jarraibideak kontuan hartuta, aplikatu beharreko higiene-, garbitasun- eta osasun-kontrolari, pertsonen artean mantendu beharreko segurtasun-tarteei eta kontaktu masiboak saihesteko ordutegien eta espazioen banaketari dagokienez osasun-agintariek ezartzen dituzten jarraibideak betetzen direla bermatzeko, ikastetxeen funtzionamendua segurtasun-baldintza onenetan gauzatu dadin.

11.– Hezkuntza-administrazioek behar diren neurriak hartuko dituzte ikastetxeek beren ohiko zerbitzu osagarriak, bereziki eskola-garraio eta -jantokikoak, segurtasun-baldintzetan eskaini ahal izan ditzaten.

Egoerak zerbitzu horiek ematean egokitzapen garrantzitsuak egitera behartuta ere, zerbitzu horien jarraitutasuna aurreikusi beharko da, bereziki garrantzitsua baita ikasle kalteberenentzat.

12.– Hezkuntza-administrazioek neurriak hartuko dituzte arrail teknologikoa murrizteko eta horren ondorioak mugatzeko.

Errealitate horrek ikasle askorentzat ekarri duen arazoaren aurrean, arreta berezia jarriko da ikastetxeek eta etapa eta irakaskuntza guztietako ikasleek behar duten ekipamendu teknologikoa hornitzeko (gailuak, hari gabeko sareak, konektibitatea, plataforma digitaletarako sarbidea), entrega- edo mailegu-sistemak ezarriz. Aldi berean, baliabide horiek erabiltzeko prestakuntza-ekintzak sustatuko dira irakasle eta ikasleentzat, baita seme-alabei ikaskuntza-prozesuan laguntzeko hala eskatzen duten familientzat ere.»

Osasuneko sailburuaren 2020ko ekainaren 18ko Aginduak (ekainaren 19ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 120. zk.), COVID-19ak eragindako osasun-krisiari aurre egiteko beharrezkoak diren prebentzio-neurriak ezarri zituen eranskinean. Agindu hori aldatu egin da, 2020ko ekainaren 28ko Aginduaren bidez, bai eta ondorengo 2020ko abuztuaren 7ko Aginduaren bidez eta, azkenik, 2020ko abuztuaren 19ko Aginduaren bidez.

Aipatutako 2020ko ekainaren 18ko aginduak, bosgarren apartatuan xedaten duenez, «Aginduaren eranskinean aurreikusitako prebentzio-neurrien jarraipena eta etengabeko ebaluazioa egingo da, epidemiologia- eta osasun-egoeraren bilakaerara egokitzen direla bermatzeko. Horretarako, Eusko Jaurlaritzako sailetako titularrek, bakoitzak bere eskumen-eremuan, beharrezkotzat jotzen dituzten xedapenak eman ahal izango dituzte, agindu honen bidez hartutako neurrien edukia zabaltzeko, murrizteko edo aldatzeko».

Hezkuntza Sailaren eremuan, agindu berak bosgarren apartatuan ezartzen ditu hezkuntza-, prestakuntza- eta ikerketa-jarduerari buruzko neurriak. Adierazten du, lehenik eta behin, 2020-2021 ikasturtearen hasieran indarrean zeuden osasun-baldintzen araberakoa izango dela irakaskuntzen hezkuntza-jardueraren garapena, araubide orokorrekoa zein berezikoa, etapa eta maila guztiak eta goi-mailako hezkuntza barne, bai eta bizitza osoan zehar kualifikazioak eskuratzea edo areagotzea dakarten ikaskuntza-jarduerak ere. Bigarrenik, adierazi du Sailak berak prestatu eta hezkuntza-komunitateari helaraziko diola ikastetxeetan jarduteko protokolo orokor bat, 2020-2021 ikasturtearen hasierari begira, non jasoko baitira hezkuntza-jarduera segurtasun- eta osasun-bermeekin antolatzeko jarraibideak eta orientabideak. Gainera, amaitzen du esanez hezkuntza-, prestakuntza- eta ikerketa-jarduera guztiak prebentzio-, osasun- eta higiene-arauak betez gauzatuko direla, babes-arauak eta pertsonen arteko distantzia errespetatuz eta maskarak erabiliz.

Hala, 2020ko ekainaren 25ean, Hezkuntza Sailaren webgunean argitaratu zen Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetan COVID-19aren aurrean 2020-2021 ikasturtean jarduteko protokolo orokorra. Ondoren, 2020ko irailaren 8an, 2020-2021 ikasturtearen hasieran Jarduteko Protokolo Osagarria argitaratu zen, bai eta ikastetxeetan COVID-19 kasuak agertzen direnean egin beharreko Jarduketak ere.

Horrek guztiak esan nahi du ezen, protokolo horiek behar bezala aplikatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko itunpeko ikastetxe pribatuek irakasle eta irakasle ez diren langile gehigarriak eta garbitzaileak kontratatu behar dituztela, ikastetxe eta hezkuntza-etapa bakoitzeko inguruabarren arabera, edo lehendik dauden langileen orduak gehitu behar dituztela. Gainera, telematika bidez irakaskuntzarekin jarraitzea ahalbidetuko duen material informatikoa erosi edo alokatu beharko dute.

Protokolo hau aplikatzeak itunpeko ikastetxe pribatuen funtzionamenduan sor ditzakeen zailtasunak ikusirik, Hezkuntza Sailak hura finantzatzen lagundu nahi du, Euskal Autonomia Erkidegoko itunpeko ikastetxe pribatuei zuzeneko dirulaguntzak emanez.

1/1997 Legegintzako Dekretuaren 49.7 artikuluan ezarritakoaren arabera jardungo da (azaroaren 11ko Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren antolarauei buruzko legearen testu bategina onartzen duena). artikulu horretan ezartzen denez, laguntzak edo dirulaguntzak zuzenean ematea Jaurlaritzaren eskumena izango da, interesa duen sailburuak proposatuta. Gainera, zuzeneko dirulaguntza horiek salbuespenezkoak izango dira, eta interes publiko, sozial, ekonomiko edo humanitarioko arrazoiak egiaztatu beharko dira, justifikazio arrazoituaren eta memoria dokumentalaren bidez.

Horrela, zuzeneko dirulaguntza hauetan, irakasleak eta irakasle ez diren langile berriak kontratatzeko zenbatekoa zehazteko, horietako bakoitzaren Hezkuntza Konplexutasunaren Indizea (HKI) hartu da kontuan. Indize horren helburua ikastetxeak bere ikasleekiko duen egoera baloratzea da, horretarako hainbat adierazle erabiliz, hala nola ikaskuntza-emaitzak, hezkuntza-laguntzaren beharrak, egokitasuna, jatorria, jarraitutasuna eta maila sozioekonomikoa.

Material informatikoa erosteari edo alokatzeari dagokionez, 21,75 euroko zenbatekoa finkatu da ikastetxe bakoitzean eskolatutako ikasle bakoitzeko, soilik Lehen Hezkuntzako 4., 5. eta 6. mailetan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1. eta 4. mailetan.

Gainera, hezkuntza-itunean garbiketarako eta irakasleen ordezkapenetarako emandako moduluetan % 20ko eta % 40ko igoerak ezarri dira, hurrenez hurren.

Azaldutakoagatik guztiagatik, Jaurlaritzaren Kontseiluak honako erabaki hau hartu du:

ERABAKIA

Lehenengoa.– Xedea eta helburua.

1.– Erabaki honen xedea da I. eranskinean zerrendatutako hezkuntza-ituna duten Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeei dirulaguntzak ematea, salbuespenezko izaerarekin eta erabaki honetan ezarritako klausulen arabera.

2.– Dirulaguntzen helburua da COVID-19aren aurkako prebentzio-protokoloek eskatutako zenbait neurri aplikatzearen ondorioz eragindako gastu gehigarriak finantzatzen laguntzea da, akordio honen laugarren atalean jasotako gastu-tipologiaren barruan, betiere protokoloak behar bezala aplikatzeko beharrezkoak badira.

Bigarrena.– Onuradunak eta dirulaguntzaren xedea.

Dirulaguntza honen onuradun izango dira I. eranskinean jasotako ikastetxe pribatuen titular diren pertsona fisiko edo juridikoak, baldin eta 2020-2021 ikasturtean Euskal Autonomia Erkidegoan itunduta badute jarraian aipatzen diren irakaskuntza arautuetakoren bat. Horietako bakoitzean, dirulaguntzaren xedea jarraian aipatzen diren gastu-tipologietara iristen da:

a) Haur Hezkuntza: langile berriak kontratatzea edo orduak gehitzea 1. eta 2. zikloetarako, eta irakasleak ordeztea, garbiketako langile berriak kontratatzea edo daudenen orduak gehitzea eta garbiketa-produktuak erostea 2. ziklorako.

b) Lehen Hezkuntza: langile berriak kontratatzea edo daudenen orduak gehitzea, irakasleak ordeztea, garbiketako langile berriak kontratatzea edo daudenen orduak gehitzea, garbiketako produktuak erostea eta, soilik 4., 5. eta 6. mailetan, informatikako materialak erostea edo alokatzea.

c) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza: langile berriak kontratatzea edo daudenen orduak gehitzea, irakasleak ordeztea, garbiketako langile berriak kontratatzea edo daudenen orduak gehitzea, garbiketa-produktuak erostea eta informatikako materialak erostea edo alokatzea.

d) Batxilergoa: langile berriak kontratatzea edo daudenen orduak gehitzea, irakasleak ordeztea, garbiketako langile berriak kontratatzea edo daudenen orduak gehitzea eta garbiketa-produktuak erostea.

e) Lanbide Heziketa: irakasleak ordeztea, garbiketako langile berriak kontratatzea edo daudenen orduak gehitzea eta garbiketa-produktuak erostea.

Hirugarrena.– Dirulaguntzaren zenbatekoa.

1.– COVID-19aren aurrean prebentzio-protokoloek eskatzen dituzten zenbait neurri aplikatzetik eratorritako gastu gehigarriak ordaintzeko zenbatekoa 36.689.760,82 eurokoa da 2020-2021 ikasturtean hezkuntza-ituna indarrean duten ikastetxeetarako, urteen arabera honela banatuta:

– 2020. urtea: 13.345.361,77 euro.

– 2021. urtea: 23.344.399,05 euro.

Dirulaguntzaren zenbatekoa Zuzendaritzaren aurrekontu-aplikazioetako kontabilitatean egotziko da: (11), Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren 12291 programa, 455.01 kontzeptua, 001/m partida eta 754.91 kontzeptua, 01/I partida.

2.– Langile berriak kontratatzeko edo ordu gehigarriak gehitzeko ikastetxe bakoitzari ematen zaion kopurua 24.161.594,46 eurokoa da. Horren kalkulua jarraian aipatzen diren erregelen arabera egin da, eta horren emaitza I. eranskinean jasotzen den zenbatekoa da:

– Haur Hezkuntza, lehen zikloa (0, 1 eta 2 urteko gelak): 0,1 lanaldi bi taldeko, ikastetxe bakoitzeko irakasleen eta irakasle ez diren langileen denboraren 0,50 gehienez. Osatu gabeko lerroak proportzionalki doituko dira.

– Haur Hezkuntza, bigarren zikloa (3, 4 eta 5 urteko gelak): 0,1 lanaldi hiru taldeko, edo bi taldeko, ikastetxeak bi talde baino ez baditu. Osatu gabeko lerroak proportzionalki doituko dira.

– Lehen Hezkuntza: sei talde dituen lerro oso bakoitzeko (hau da, horietako bakoitza etapako sei mailetako bati dagokio), 0,5 lanaldi. Lerro oso batekoak ez diren taldeen kasuan: 0,1 taldeko, 0,2 bi taldeko, 0,3 hiru edo lau taldeko eta 0,4 bost taldeko. Osatu gabeko lerroak proportzionalki doituko dira.

– Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza: lau talde dituen lerro oso bakoitzeko (hau da, horietako bakoitza etapako lau mailetako bati dagokio): irakasleen 0,33 lanaldi. Osatu gabeko lerroak proportzionalki doituko dira.

– Batxilergoa: bi talde dituen lerro oso bakoitzeko (hau da, horietako bakoitza etapako bi mailetako bati dagokio): 0,165 lanaldi. Osatu gabeko lerroak proportzionalki doituko dira.

Lehen Hezkuntzan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan hezkuntza-ituna duten eta Hezkuntza Konplexutasunaren Indizean 1. edo 2. mailak dituzten ikastetxeei honako arau hauen arabera kalkulatu zaie kontrataziorako edo langileen orduen gehikuntzarako zenbatekoa:

– Lehen Hezkuntza: 1. mailako hezkuntza-konplexutasuna duten ikastetxe guztiei (20 puntu baino gehiago 2020ko eskalan) 0,3 lanaldi gehituko zaie irakasleentzat, eta 2. mailako hezkuntza-konplexutasuna dutenei (15-20 puntu 2020ko eskalan) 0,2 lanaldi gehituko zaie irakasleentzat.

– Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza: 1. mailako hezkuntza-konplexutasuna duten ikastetxe guztiei (22,5 puntu baino gehiago 2020ko eskalan) irakasleen 0,45 lanaldi gehituko zaie, eta 2. mailako hezkuntza-konplexutasuna dutenei (18,5 eta 22,5 puntu artean 2020ko eskalan) irakasleen 0,25 lanaldi gehituko zaie.

3.– Irakasleen ordezkapenetarako zenbatekoa 7.021.430,32 euro da; hezkuntza-itunaren araubidean ikastetxeari dagokion ordezkapen-moduluaren % 40.

Ituneko ordezkapenen modulua, zeinean aplikatuko baita aipatutako % 40a, hau da:

– % 4 Haur Hezkuntzako 2. zikloan, Lehen Hezkuntzan eta DBHn.

– % 2 Batxilergoan eta Lanbide Heziketan.

– % 5 hezkuntza berezi itxian eta Zereginen ikaskuntzan.

4.– Garbiketa-gastura bideratutako zenbatekoa, 3.833.573,79 euro, hezkuntza-ituneko araubidean ikastetxeari dagokion mantentze-moduluaren garbiketa-osagaiaren % 20 da.

5.– Material informatikoa erosteko edo alokatzeko zenbatekoa kalkulatzeko (1.673.162,25 euro), 21,75 euro emango dira ikastetxe bakoitzean Lehen Hezkuntzako 4., 5. eta 6. mailetan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1., 2., 3. eta 4. mailetan eskolatutako ikasle bakoitzeko.

I. eranskinean, ikastetxe bakoitzari diru-esleipena egiten daio, honako kontzeptu hauengatik:

a) Irakasle berriak kontratatzeko, ordu gehigarriak gehitzeko eta ordezkapenak egiteko diru-esleipena.

b) Garbiketako langile berriak kontratatzeko, daudenen ordu-kopurua gehitzeko eta garbiketa-produktuak erosteko diru-esleipena.

c) Ekipo informatikoak erosteko edo alokatzeko diru-esleipena.

Laugarrena.– Diruz lagun daitezkeen gastuen tipologia.

1.– Erabaki honetan aurreikusitako ondorioetarako, honako gastu hauek dira emandako dirulaguntzaren xede:

a) Irakasle berriak kontratatzea edo jadanik daudenen orduak gehitzea, baldin eta COVID 19ren aurrean prebentzio-protokoloak betetzeko beharrezkoak diren neurriak aplikatzeko bada soilik.

b) Garbiketa-langileak kontratatzea, jadanik daudenen orduak gehitzea edo garbiketa-produktuak erostea, baldin eta COVID 19aren aurrean prebentzio-protokoloak betetzeko beharrezkoak diren neurriak aplikatzeko bada soilik.

c) Material informatikoa erostea edo alokatzea, baldin eta COVID 19ren aurrean prebentzio-protokoloak betetzeko beharrezkoak diren neurriak aplikatzeko bada soilik.

Material informatikoa erosteko edo errentan hartzeko kostuak ez du, inola ere, merkatuko balioa gaindituko.

2.– Irakasle berrien kontratazioan bermatu beharko da kontratatutako langileak ez direla epai irmoz kondenatuak izan sexu-askatasunaren eta sexu-ukigabetasunaren aurkako delituren batengatik. Horretarako, ikastetxeak bermatuko du Adingabearen Babes Juridikoari buruzko urtarrilaren 15eko 1/1996 Lege Organikoaren 13. artikuluaren 5. paragrafoan ezarritakoa betetzen dela.

Halaber, bermatuko da kontratatutako irakasleek honako hauek dituztela:

a) Kontratuaren xede diren irakaskuntzak emateko behar den titulazioa. Salbuespen gisa, eta COVID-19a dela eta, aukera izango da irakasleak prestatzeko masterra ez eskatzeko. Kasu horretan, kontratazio horrek ez ditu sortuko titulazioaren eta masterraren baldintzak betetzen dituzten ordezko langileei aitortutako eskubideak.

b) Kontratatu diren irakaskuntzen hizkuntza-ereduarekin edo ereduekin bat datorren hizkuntza-eskakizuna izatea.

3.– Ez dira inola ere diruz lagunduko gastu hauek:

a) Abal, fidantza edo isunen kostua.

b) Administrazio-kudeaketa, -kontratazio, -kontsulta edo -izapideei lotutako edozein gastu.

c) Finantza-kostuak.

4.– Diruz lagundutako gastuak 2020ko irailaren 1etik 2021eko ekainaren 30era bitartean egin beharko dira. Azken justifikazio-memoria aurkezteko epea amaitu baino lehen ordaindu beharko da, hamargarren puntuan ezarritako baldintzetan. Alde horretatik, diruz lagundutako gastutzat hartuko da benetan ordaindu dena, gastu mota bakoitzerako emandako zenbatekoaren mugarekin. Errentamendu-kuotei dagokienez, epe horretan ordaindutako hileko kuotak joko dira diruz laguntzeko modukotzat.

Epetik kanpo egindako gastuak ez dira diruz laguntzeko moduko gastutzat hartuko.

5.– Erabaki honen bidez diruz lagundutako irakasleen, garbitzaileen eta ekipo informatikoen gastuak dirulaguntza emateko xede zehatzerako erabiliko dira.

6.– Ez da baimentzen diruz lagundutako jarduera azpikontratatzea, irakaskuntza emateari dagokionez. Ez da azpikontrataziotzat hartuko informatikako eta garbiketako materiala erostea edo alokatzea, ez eta zeregin horietarako langileak kontratatzea ere.

Bosgarrena.– Hasierako dokumentazioa.

Erabaki honen bidez emandako dirulaguntzaren onuradunek (I. eranskinean zerrendatzen dira) diruz lagunduko diren beharrezko gastuen aurreikuspen-memoria bat (II. eranskina) aurkeztu beharko dute, telematikoki, erabakia onartu eta gehienez ere hilabeteko epean. Memoria horretan, gutxienez, honako hauek jaso beharko dira:

a) Kontratatuko den langile kopuruaren zerrenda arrazoitua eta/edo jadanik dauden langileen ordu gehigarrien gehikuntzaren aurreikuspena. Ikastetxe bakoitzak, gainera, labur aztertu beharko ditu dauzkan azpiegitura eta instalazio fisikoak, irakasle berriak kontratatzea edo orduak gehitzea egokia dela bermatzeko.

b) Kontratatuko den garbiketako langile kopuruaren zerrenda arrazoitua eta/edo dauden langileen ordu kopuruaren gehikuntzaren aurreikuspena, jarduketa-protokoloek eskatzen duten garbiketa behar bezala areagotzeko.

c) Eskatzaileren batek gastuak kontratatu baditu laguntza onartzen den eguna baino lehen, horri buruzko egiaztagiriak aurkeztu ahal izango ditu eskaerarekin batera.

d) Erantzukizunpeko adierazpena, helburu bererako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuk eskatu edo lortu izanari buruzkoa, edozein administraziotatik edo erakunde publiko zein pribatutatik etorriak direla ere; baiezkoa izanez gero, zenbatekoa eta erakunde emailearen izena adierazi beharko dira.

Seigarrena.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Dirulaguntzen onuradunek Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren bitarteko elektronikoak erabiliz egingo dituzte kontsultak eta dirulaguntza horiek kudeatzeko izapide guztiak.

2.– Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak eta Platea E-Administrazioko Plataforma Teknologikoa onartzen duen Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenak arautzen dute izapidetze elektronikoa.

3.– Izapideak bide elektronikoz nola egin, zer dokumentazio-eredu erantsi behar diren eta horren inguruko gainerako argibideak honako helbide elektroniko honetan daude eskuragarri: www.euskadi.eus/zerbitzuak/1109301

4.– Justifikazioa Nire karpeta atalaren bidez egingo da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

Zazpigarrena.– Emateko prozedura eta organo eskudunak.

1.– Erabaki hau aplikatuz, dirulaguntza hauek zuzenean ematen zaizkie I. eranskinean zerrendatutako pertsona fisiko edo juridiko guztiei.

2.– Kudeaketa Ekonomikoaren Zuzendaritza izango da dirulaguntzak kudeatzeko organo eskuduna.

Zortzigarrena.– Bateragarritasun-araubidea.

Emandako dirulaguntzak bateragarriak dira helburu bererako beste erakunde publiko edo pribatu batzuek emandako beste batzuekin, beti ere finantzazio bikoitzik eragiten ez badute. Beste dirulaguntza edo laguntza batzuk jasoz gero, horren berri eman beharko da.

Diruz lagundutako gastuaren aldi bereko finantzazioa gertatzen bada, diruz lagundutako jardueraren kostuaren gainetik lortutako soberakina itzuli beharko da, eta dagokion berandutze-interesa ere eskatuko da. (37.3 DLO).

Bederatzigarrena.– Ordainketak.

Dirulaguntza hiru epetan ordainduko da:

– Lehenengoa langile gehikuntzarako, ordezkapenetarako eta garbiketarako emandako guztizkoaren herena izango da, eta material informatikoa erosteko edo alokatzeko emandako zenbatekoaren % 100. Zenbateko hori abenduan ordainduko da, Gobernu Kontseiluak akordio hau onartu ondoren.

– Bigarren ordainketa, langileen gehikuntzagatik, ordezkapenengatik eta garbiketagatik emandako guztizkoaren herenari dagokiona, martxoan egingo da.

– Hirugarren ordainketa langileen gehikuntzagatik, ordezkapenengatik eta garbiketagatik emandako guztizkotik geratzen den herena izango da, eta 2021eko uztailean egingo da, justifikazioa egiaztatu ondoren.

Hamargarrena.– Justifikazioa.

1.– 2021eko ekainaren 1etik 30era, onuradunek azken justifikazio-memoria bat (III. eranskina) bidali beharko dute Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan, Nire karpeta atalaren bidez: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta Memoria horrek, gutxienez, honako dokumentazio hau izan beharko du, formatu elektronikoan edo kopia digitalizatuetan:

a) Kontratatutako irakasle berrien zerrenda zehatza eta/edo lehendik daudenek egindako ordu gehigarriak, hezkuntza-etapa, ordutegia eta funtzioak zer azpiegituratan bete dituzten xehatuta.

b) Irakasle berrien eta garbitzaileen lan-kontratuak, edo lehendik zeudenen ordu-gehikuntzari buruzko kontratu-aldaketa.

c) Kontratatutako irakasleen eta garbitzaileen nominak.

d) Kontratatutako langileen titulazioak eta hizkuntza-eskakizunak egiaztatzen dituen dokumentazioa, bai eta sexu-askatasunaren eta sexu-ukigabetasunaren aurkako delituren batengatik epai irmo baten bidez kondenatua izan ez dela egiaztatzen duen dokumentazioa ere.

e) Irakasleen eta garbitzaileen kontratazioa edo ordu-gehikuntza finantzatzeko, dirulaguntzaz gain, bai baliabide propioak bai bestelako dirulaguntzak edo baliabideak erabili badira, justifikazio horretan egiaztatu beharko da funts horien zenbatekoa, jatorria eta aplikazioa.

f) Kontratatutako irakasleen eta garbitzaileen Gizarte Segurantzako kotizazio-buletinak.

g) Fakturen zerrenda, hauek adierazita: hornitzailearen identifikazioa, faktura-zenbakia, fakturaren jaulkipen-data eta erositako garbiketa-produktuen eta material informatikoen ordainketa-data.

Material informatikoen errentamenduaren kasuan, errentamendu-kuoten ordainketak, hauek adierazita: hornitzailearen identifikazioa, errentamendu-kontratuaren zenbakia, errentamendu-kontratuaren sinadura-data eta kuoten ordainketa-data.

2.– Kudeaketa Ekonomikoaren Zuzendaritzak egokitzat jotzen dituen eta dirulaguntza behar bezala aplikatu dela egiaztatzeko aukera ematen duten frogagiriak egiaztatuko ditu diruz lagundutako jardueraren guztizko zenbatekoari dagokionez, eta onuradunari eskatu ahal izango dio hasieran eskatu ez diren frogagiriak aurkezteko, zeinak zaintzapean eta eskura eduki beharko baititu.

3.– Aurkeztutako justifikazioaren ondorioz egiaztatzen bada laguntzak gainditzen dituela benetan egindako gastuak, dagokion itzulketa-prozedura hasiko da.

Hamaikagarrena.– Onuradunen betebeharrak.

1.– Onuradunek berehala jakinarazi beharko diote Kudeaketa Ekonomikoaren Zuzendaritzari dirulaguntza emateko baldintzetan izandako edozein aldaketa. Aldaketa horien berri ez ematea arrazoi nahikoa izan daiteke laguntza ezeztatzeko.

2.– Laguntza zertarako eman den, hartarako erabili beharko da, ez beste ezertarako.

3.– Era berean, onuradunak onartu beharko ditu dirulaguntza ematen duen administrazioak, Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eta Administrazioaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoak egindako egiaztatze-jarduerak, EAEko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak, sail eskudunaren bitartez, auditoriak egin ahal izango ditu ikastetxeetan, emandako datuak egiazkoak direla egiaztatzeko.

Hamabigarrena.– Dirulaguntza emateko erabakia aldatzea.

Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira, eta, nolanahi ere, aldi berean beste ekarpen batzuk lortzen badira arauetan baimendutako kasuetatik kanpo, dirulaguntza emateko erabakia aldatu ahal izango da, dirulaguntzei buruzko legerian ezarritako baldintzetan.

Hamahirugarrena.– Laguntza itzultzea eta balizko ez-betetzeak mailakatzeko irizpideak.

1.– Erabaki honetan emandako dirulaguntza jasotzeko edozein baldintza edo ezarritako betebeharrak betetzen ez badira, edo azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 37. artikuluan ezarritako kasuren bat gertatzen bada (besteak beste, laguntza ez erabiltzea dirulaguntza jaso dezaketen gastuetarako), hori arrazoi nahikoa izango da laguntza kobratzeko eskubidea galdu dela eta/edo itzuli behar dela erabakitzeko.

2.– Dirua itzultzeko, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 42. artikuluan horretarako ezarritako prozedurari jarraituko zaio, bidezkoak diren gainerako ekintzak alde batera utzi gabe.

AZKEN APARTATUETAKO LEHENENGOA

Erabaki honetan ematen diren dirulaguntzak honako hauetan xedatutakoaren mende egongo dira: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 30/2015 Legea; Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea; azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. tituluan eta VII. tituluaren III. kapitulua; Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrean adierazitako oinarrizko araudia, eta azken horren erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretua.

AZKEN APARTATUETAKO BIGARRENA

Erabaki honek onartzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak, eta emandako dirulaguntzak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira, zenbatekoa, xedea eta ikastetxea adierazita.

AZKEN APARTATUETAKO HIRUGARRENA

Erabaki honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Gobernu Kontseiluari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

ERABAKIAREN I. ERANSKINA
DIRULAGUNTZAK
(Ikus .PDF)
ERABAKIAREN II. ERANSKINA
DIRUZ LAGUNTZEKO BEHARREZKO GASTUAK ETA JUSTIFIKAZIO-MEMORIA
(Ikus .PDF)
ERABAKIAREN III. ERANSKINA
AMAIERAKO JUSTIFIKAZIO-MEMORIA
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala