Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

228. zk., 2020ko azaroaren 17a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
4931

AGINDUA, 2020ko urriaren 20koa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarena, zeinaren bidez «Jakintelligent Fundazioa»ren eraketa inskribatzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan.

Aztertuta geratu da «Jakintelligent Fundazioa»ren eraketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko eskatzeko aurkeztutako espedientea. Hona hemen

AURREKARIAK

Lehenengoa.– 2020ko ekainaren 19an, «Jakintelligent Fundazioa»ren eraketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko eskabidea aurkeztu zen, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailean. Espedientean jasotako dokumentuak erantsi zitzaizkion eskabideari.

Bigarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzako Aholku Batzordeak, 2020ko uztailaren 29an, akta egin du fundazioaren xedeen zilegitasunari eta interes orokorrari eta haren bideragarritasun ekonomikoari buruz.

Hirugarrena.– «Jakintelligent Fundazioa»k honako helburu hauek ditu estatutuen 3. artikuluaren arabera:

a) Elikadura eta gastronomia sustatzea, gizartean etorkizun hobea eraikitzeko zeharkako eta diziplina anitzeko tresnak diren aldetik, eta bizitza-kalitatea eta, oro har, ongizatea bultzatzea.

b) Elikadura eta gastronomiaren bidez, gizarteari jakintza eta informazioa transmititzeko agente izatea. Hala, baliabide eta tresnak jarriko ditu eskura, gizartea eta balioak hobetzeko, eta zuzenean eragingo du berebiziko garrantzia duten zenbait balioren gainean: jasangarritasuna, osasungintza eta osasuna. Egiteko horretan, elikadura eta gizarte-konpromisoa baliatuko ditu, Euskadiko herritarren eta, finean, mundukoei onura sozialak ekartzeko.

c) Esperientzia berriak diseinatzea, haien bitartez etorkizunean baliabideen kalitatea, segurtasuna, jasangarritasuna eta jarraikortasuna bermatzeko garapen jasangarriaren esparruan, eta, gainera, lehen sektorearen eta ingurunearen garrantzia nabarmentzeko. Esperientzia horien artean, tokiko kulturan errotutako konnotazioak jasoko dira, alde batera utzi gabe abangoardiako eta egungo ikuspegitik etorkizuneko gastronomia garatzeko ekimenak, emaitza berriak lortzea ahalbidetuko dutenak garai eta erronka berrien aurrean, eta lehen sektorearen bikaintasuna aldeztuko dutenak.

d) Belaunaldi berrietan, balioak eta jakintza sortzea, eta, hala, elikaduraren, sukaldaritzaren eta gastronomiaren munduari buruzko ikuspegi aitzindari, bakar eta zeharo abangoardiakoa transmititzea. Horretaz gainera, sektore honetan diharduten talentu gazteei gaitasun eraginkor eta probetxugarriak eskuratzea, gauza izan daitezen etorkizuneko erronkei aurre egiteko baliabide eta tresnak garatzeko, garapen jasangarriaren lehentasunezko helburuaren esparruan, zeinak hainbat arlo biltzen baititu, hala nola osasuna eta ongizatea, planetaren eta ekosistemen babesa, hezkuntza, genero-berdintasuna eta ekoizpen eta kontsumo arduratsuak.

Laugarrena.– Estatutuen 4. artikuluan ezarritakoaren arabera, fundazioaren helbidea hau izango da: Legina auzoa z. g., Larrabetzu. Fundazioak Euskal Autonomia Erkidegoan gauzatuko du, bereziki, bere jarduna.

Bosgarrena.– Fundazioaren hasierako dotazioa hogeita hamar mila (30.000) eurokoa da, eta honela osatu da, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 12. artikuluaren bigarren apartatuan ezarritakoari jarraituz:

– Kutxabank banku-erakundearen zazpi mila eta bostehun (7.500) euroko diru-sarreraren bidez. Egiaztatuta geratu da, aipatutako erakundeak 2020ko ekainaren 17an egindako ziurtagiriaren bitartez.

– Gainerako zenbatekoa bost urteko epean ordainduko da; urteko, gutxienez, lau mila eta bostehun (4.500) euro.

Seigarrena.– Estatutuen 8. artikuluaren arabera, Patronatua honela osatuko da: gutxienez hiru lagun, eta gehienez bost. Estatutuen 11. artikuluaren arabera, patrono-karguak iraupen mugagabea izango du.

Eraketaren eskritura publikoan jasota dagoenez, lehenengo patronatua honako kide hauek osatuko dute:

– Lehendakaria: Eneko Atxa Azurmendi jauna.

– Lehendakariordea: Amagoia Etxeberria Tellabide andrea.

– Idazkaria: Ainhize Zarrabeitia Azurmendi andrea

Izendatutako pertsona guztiek onartu dituzte haien karguak, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 9ko 9/2016 Legearen 16.2 artikuluan aurreikusitako eraren batean.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak eman behar du, agindu bidez, estatutuak aldatzeko espediente honi buruzko ebazpena, honako arau hauetan xedatutakoarekin bat etorriz: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren eta Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren 3.1.a) artikulua; Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzeko eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzeko Lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren 7.1.n) artikulua; eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 71/2017 Dekretuaren 3.1 artikulua.

Bigarrena.– Legitimatutako pertsona batek sustatu du espediente hau, eta ebazpena emateko oinarrizkotzat jotzen diren dokumentu eta datu guztiak aurkeztu dira. Horrela, bereziki betetzen da Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 7. artikulutik 12. artikulura eta 51.2 artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren eta Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren 41. artikuluan eskatutakoa, eta erregelamenduetan ezarritakoarekin bat etorrita eratu da fundazioa.

Aipatutako arauak eta aplikatu beharreko gainerakoak ikusita, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Agindua ematea Larrabetzuko «Jakintelligent Fundazioa»ren eraketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko, egun honetan eta F-461 zenbakiarekin, bai eta patronatuko hasierako osaera ere. Patronatuko kideak seigarren egitate-aurrekarian aipatzen dira, eta guztiek espresuki onartu dituzte beren karguak, hain zuzen ere Bilboko notario María del Carmen Velasco Ramírez andrearen aurrean 2020ko ekainaren 17an egiletsitako eskritura publikoan jasotako zehaztapenekin bat etorriaz (Protokolo-zenbakia: 921).

Bigarrrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea eta interesdunei bidaltzea.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, haren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko urriaren 20a.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,

OLATZ GARAMENDI LANDA.


Azterketa dokumentala