Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

116. zk., 2020ko ekainaren 15a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Prestatu eta trebatzeko ikastaroak

OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUA
2310

348/2020 EBAZPENA, ekainaren 4koa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiarena, hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko probetarako 2020ko ohiko bigarren deialdiko probetan parte hartzeko deialdia onartzen duena.

Ebazpen hau honako egitate hauetan oinarritzen da:

AURREKARIAK

Martxoaren 18ko 67/2003 Dekretuak euskararen erabilera Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan normalizatzeko prozesua arautzen du. Dekretu horrek zehazten du Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan aplikatu beharreko hizkuntza-eskakizunak apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuaren 13. artikuluan ezarritakoak direla (86/1997 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Herri-administrazioetan Euskararen Erabilera Normalizatzeko Prozesua arautzen duena).

COVID-19 eritasuna hedatzearen ondoriozko larrialdi-egoera dela eta, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiaren apirilaren 8ko 290/2020ko Ebazpenak, (EHAA, 74. zk.), urtarrilaren 31ko 51/2020 Ebazpenaren bidez hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko 2020ko lehenengo deialdia indarrik gabe utzi zuen.

Gaur egun, COVID-19ak eragindako osasun-krisialdiaren ondorioz botere publikoek dekretatutako alarma-egoeran, eta osasun-esparruko agintariek zehaztutako prebentzio-arau eta jarraibideetara egokituz, hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko 2020ko bigarren deialdia gauzatzeko ez ohiko neurriak ezarri behar dira, zuhurtasuna eta segurtasuna gidari. Batetik, aurreratu egiten da bigarren deialdiaren egutegia, eta, bestetik, azterketa-denbora murrizteko, zenbait proba laburtzen dira, betiere proben eskakizun maila bermaturik, Ebazpen honen 8. eta 9. oinarrietan zehazten den erara.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Martxoaren 18ko 67/2003 Dekretuak, orobat ezartzen du Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak eskumena duela hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko probak egiteko, Entitate horrek helburu zehatz horrekin deituko dituen bai ohiko deialdi bai ohiz kanpoko deialdien bidez.

Azaldutako guztiagatik eta emandako ahalmenak erabiliz, hau

EBATZI DUT:

Hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko proben 2020ko bigarren ohiko deialdia onartzea eranskinean agertzen diren oinarrien arabera.

Hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko probetarako deia egiten duen Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen honen kontra gora jotzeko errekurtsoa jarri ahalko zaio Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluari, urriaren 1eko Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 121. eta hurrengo artikuluen arabera, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2020ko ekainaren 4a.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusia,

JUAN LUIS DIEGO CASALS.

ERANSKINA
HIZKUNTZA-ESKAKIZUNAK EGIAZTATZEKO DEIALDIA
OINARRIAK

1. oinarria.– Deialdiaren xedea.

Deialdi honek aukera ematen du lehenengo, bigarren, hirugarren eta laugarren hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko. Prozesuak atal hauek izango ditu: izena emateko aldia, onartuen eta baztertuen zerrenda, dagozkion probak, bakoitza bere behin-behineko kalifikazioekin eta erreklamazio-epearekin, eta guztia behin betiko kalifikazioak argitaratuta amaituko da.

Egiaztatze-prozesua ebazpen hau argitaratzearekin hasten da eta jarraibide hauexek arautuko dute azterketaldia.

2. oinarria.– Deialdian parte hartu dezaketenak.

Deialdi honetan parte har dezakete 2019ko bigarren egiaztatze-prozesuko matrikulazio-epe amaieratik (2019ko irailaren 26tik) prozesu honen matrikulazio-epe amaiera bitarteko denboraldian (2020ko ekainaren 30era arte), zerbitzu aktiboan, senideak zaintzeko eszedentzian edo zerbitzu berezietan egon diren edo dauden Osakidetzako langileek, lan-harremana edozein izanda ere.

3. oinarria.– Izena ematea.

COVID-19 eritasuna hedatzearen ondoriozko larrialdi-egoera dela eta, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiaren apirilaren 8ko 290/2020ko Ebazpenak (EHAA, 74. zk.), urtarrilaren 31ko 51/2020 Ebazpenaren bidez hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko 2020ko lehenengo deialdia indarrik gabe utzi zuen.

Ebazpen horren bigarren artikuluak zera jartzen zuen: «Indarrik gabe uzten den hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko deialdian parte hartzeko behin betiko 161/2020 ebazpenean onartu diren eskabideak, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko bigarren deialdian aurkeztutako eskabide gisa hartuko dira kontuan, baldin eta eskabide horien titularrek aurkakotasunik adierazten ez badute.»

Beraz, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiaren 161/2020ko Ebazpenean, 2020ko lehenengo deialdirako onartu ziren eskabideak, automatikoki onartuak izango dira 2020ko bigarren deialdirako, eta interesdunek ez dute berriro eskabidea eskatu beharko.

Deialdi honetako egiaztatze-prozesuan parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea ekainaren 16tik 30era izango da, biak barne.

Deialdi honetan aurkezten dena hizkuntza-eskakizun bakarrera aurkez daiteke. Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko deialdiaren prozesu-aldiak eta IVAPeko deialdiaren prozesu-aldiak bat baletoz, azterketa bera izango litzateke, eta batera egina. Hala balitz, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko deialdi honetan izena ematen duenak aldi bererako IVAPeko deialdian ere eskabidea egingo balu, aukeratzeko eskatuko litzaioke, soilik bi deialdietako batean parte hartzeko.

Izangaiek eskabide elektronikoa bete beharko dute, horretarako ondorengo helbide elektronikoetara joz:

Intranetekora: https://www.osakidetza.eus/sites/Intranet/eu/profesionales/plan-de-euskaldunizacion/perfiles-linguisticos/acreditacion-pl/Orriak/2_Convocatoria.aspx

Era berean, eskabidea aurkezteko hainbat era daude, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan jasotakoak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen azken xedapenetako zazpigarrenaren bigarren paragrafoan adierazten denarekin bat etorriz eta 2018ko abuztuaren 31ko 11/2018 Errege Lege-Dekretuaren V tituluaren seigarren artikuluarekin aldatuta.

4. oinarria.– Laugarren hizkuntza-eskakizunera aurkeztuko direnak.

Laugarren hizkuntza-eskakizuneko probetan parte hartzeko, hirugarren hizkuntza-eskakizuna egiaztatuta eduki behar da, deialdian izena emateko epearen azken egunerako. Horretarako, beharrezkoa izango da egiaztapen hori Osakidetzako Erregistro Ofizialean erregistratuta edukitzea. Laugarren hizkuntza-eskakizuneko probak egiteko eskatzen den hirugarren hizkuntza-eskakizunaren egiaztagiririk ez badago erregistratuta Osakidetzako langileen Erregistroan, izangai horiek laugarren hizkuntza-eskakizuneko probetan parte hartzeko eskabidearen fotokopia (intranet bidez egindakoa) eta hirugarren hizkuntza-eskakizuna baliokidetzeko eskabidea (behar bezala beteta eta dagokion dokumentazioarekin) aurkeztu behar dituzte euren zerbitzu-erakundean inskripzio-epearen barruan (Giza Baliabideetako zuzendariaren 11/2012 Jarraibideak, beste Herri Administrazio batzuek emandako hizkuntza-eskakizunen egiaztapenen baliokidetzari eta euskaraz egindako ikasketa ofizialen aitortzeari eta erregistratzeari buruzkoak).

5. oinarria.– Probak egiteko egokitzapenak behar dituzten pertsonak.

Probak egiteko egokitzapenak behar dituzten pertsonek eskabide-orrian adierazi behar dute zer egokitzapen eskatzen duten (aulki edo mahai berezia, entzungailuak, eta abar) eta eskaera oinarrituta dagoen mediku-txostena aurkeztu behar dute. Baldintzak beteta, behar den azterketa-egokitzapena egingo zaie, beti ere azterketaren edukia indargabetzen ez bada edo eskatu beharreko gaitasun-maila murrizten ez bada.

6. oinarria.– Onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda. Gora jotzeko errekurtsoak.

Egiaztatze-prozesu bakoitzean izena emateko epea amaitutakoan, Giza Baliabideetako zuzendariak, ebazpen baten bidez, onartu eta baztertutakoen behin betiko zerrendak onartuko ditu. Baztertuen kasuan, baztertzearen arrazoia adieraziko da. Aipatutako ebazpena Osakidetzaren intranetean eta zerbitzu-erakundeetako iragarki-oholetan jarriko da jende aurrean.

Halaber, hor bertan adieraziko da ahozko proban zein izangaiek parte hartu ahalko duten proba idatzia egin gabe, 8. oinarrian araututakoaren arabera.

Onartu eta baztertutakoen behin betiko zerrenda jende aurrean jarri eta hurrengo egunetik hasita, interesatuek hilabeteko epea izango dute gora jotzeko errekurtsoa Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiari aurkezteko.

Azterketetan parte har dezakete onartuen eta baztertuen zerrenda dakarren ebazpenean onartuta agertzen diren izangaiek.

Era berean, azterketan parte har dezakete, baztertuta egon arren, gora jotzeko errekurtsoa jarri eta beraren kopia azterketaren egunean aurkezten dutenek. Gora jotzeko errekurtsoaren kopiarekin batera eskabidearen kopia ere aurkeztu beharko dute. Kasu horretan, azterketaren emaitzak bakarrik balio izango du, baldin eta errekurtsoa ebatzi ondoren izangaia onartuta geratzen bada.

7. oinarria.– Epaimahai kalifikatzailea.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen bidez, deialdiaren ardura izango duen epaimahaia izendatuko da. Epaimahaikide izango dira epaimahaiburua, sei mahaikide eta idazkaria. IVAPek epaimahaikideetako bi izendatuko du. Epaimahaikiderik gehienak Euskal Herri Administrazioen zerbitzuan dauden langile finkoak izango dira eta 4. hizkuntza-eskakizuna egiaztatuta izan beharko dute.

Epaimahaikideek zerbitzua dela kausa dagozkien kalte-ordainak jasoko dituzte, asistentziak barne, otsailaren 2ko 16/1993 Dekretuan eta ekainaren 13ko 121/2006 Dekretuan arauturik dagoenarekin bat etorriz. Era berean, Epaimahaiari aholkuak emanez edo zaintza lanetan arituko direnek ere jasoko dituzte kalte-ordain horiek.

8. oinarria.– Idatzizko probak.

Lehen azterketa idatzizkoa izango da. Azterketa horretan trebetasun bi neurtuko dira: irakurmena eta idazmena. Trebetasun bakoitza neurtzeko berariazko proba bat egongo da. Azterketa gainditzeko trebetasun biei dagozkien probak gainditu beharko dira, zein bere aldetik. Irakurmen-probak bi ariketa izango ditu, orain arteko hiru ariketen ordez. Idazmen-probak ariketa bat izango du, orain arteko bi ariketen ordez.

Osakidetzak hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko antolatutako 2019ko azken azterketaldian idatzizko probak gainditu bai baina ahozko probak gainditu ez zituzten izangaiak, salbuetsita daude azterketaldi honetako idatzizko ulermen eta idazmen probak egitetik, baldin eta aurrekoan salbuetsita ez bazeuden. Hortaz, zuzenean joko dute ahozko probetara.

Hala eta guztiz ere, izangai guztiek epe barruan eman beharko dute izena probetarako, salbuetsita dauden ala ez kontuan hartu gabe.

9. oinarria.– Ahozko probak.

Proba guztiak baztertzaileak direnez, proba bat ez gainditzea nahikoa izango da hurrengo probak ez ebaluatzeko. Ahozko azterketa gainditzeko, entzumen-proba eta mintzamen-proba gainditu behar dira, zein bere aldetik. Entzumena mintzamen-saioarekin batera neurtuko da, berariazko entzumen probarik egin gabe.

Aztertzaileek izangaien ahozko proba grabatu ahalko dute, premia ikusten badute, bakar-bakarrik, kalifikazioaren alderdiren bat berrikusteko, lagungarri bat eskueran edukitzearren.

10. oinarria.– Azterketa egunak eta toki-orduak.

Azterketa egutegi bat prestatuko da onartutako eskatzaileen kopurua eta azterketak egiteko beharko diren baliabideak kontuan hartuta. Baliteke proba bat baino gehiago bateratzea ekitaldi edo egun bakarrean.

Azterketen egunak, lekuak eta orduak zerbitzu-erakundeetako iragarki-oholetan eta Osakidetzako intranetean jakinaraziko dira.

Edozein hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeko prozesuan trebetasun hauek ebaluatuko dira: idatzizko ulermena eta idazmena eta ahozko ulermena eta mintzamena. Proba bereiziak, onartutako izangaien kopuruaren eta dauden baliabideen arabera bateratu ahalko dira.

11. oinarria.– Behin-behineko emaitza orokorrak. Erreklamazioak.

Trebetasun ezberdinak (idatzizko ulermena, idazmena, ahozko ulermena eta mintzamena) ebaluatzen dituzten probetako behin-behineko kalifikazioak Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Giza Baliabideen zuzendariaren ebazpen baten bidez jakinaraziko dira, ebaluatutako proba bakoitzari dagokion «gai» edo «ez gai» kalifikazioa zehaztuta, eta zerbitzu-erakundeetako iragarki-oholetan eta Osakidetzako intranetean jendaurrean jarriko.

Behin-behineko kalifikazioak argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, gutxienez 5 egun naturaleko epea izango dute interesdunek erreklamazioak Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Giza Baliabideen zuzendariari aurkezteko.

Erreklamazioak egin ahal izateko, Osakidetzako intraneteko orrian horretarako dagoen formularioa erabili beharko da, eta betiere bertan agertzen diren jarraibideak oinarri hartuta.

12. oinarria.– Behin betiko emaitza orokorrak. Gora jotzeko errekurtsoak.

Behin-behineko kalifikazioen aurkako erreklamazio-epea amaituta eta erreklamazioak ebatsi ondoren, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez izangaien behin betiko kalifikazioak argitaratuko dira.

Ebazpen horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jarri ahalko zaio Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluari, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita hilabeteko epean.

Izangai bakoitzak hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko azterketetan lortutako behin betiko kalifikazioa bakarra izango da, eta «gai» edo «ez gai» moduan adieraziko da.

13. oinarria.– Emaitzak argitaratzea.

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian proba guztiak gainditu, eta ondorioz hizkuntza-eskakizun baten ziurtagiria jasoko dituztenen kalifikazioak argitaratuko dira.

14. oinarria.– Egiaztapenaren balio-data.

Hizkuntza-eskakizunen egiaztapenek ondorioak izango dituzte behin betiko kalifikazioak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzen duen Ebazpena egiten den egunetik.

15. oinarria.– Ziurtagiriaren bidalketa.

Hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko probak gainditu dituztenek Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendaritza nagusiaren ziurtagiria jasoko dute. Ziurtagiri hori izangaiak lan egin duen azken zerbitzu-erakundera bidaliko da.

16. oinarria.– Ebaluatzeko irizpideak.

Hizkuntza-eskakizun bakoitzean eskatuko den euskara ezagutza-maila neurtzeko ondorengoak hartuko dira kontuan: batetik, apirilaren 15eko 86/1997 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duena eta bestetik, azaroaren 9ko 297/2010 Dekretua, euskararen jakite-maila egiaztatzen duten tituluak eta ziurtagiriak baliokidetu, eta Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratuko mailekin parekatzeko dena.

17. oinarria.– Izaera Pertsonaleko Datuen Tratamendua.

Eskatzaileak baimena ematen du eskaera honetan jasotako datu pertsonalak tratatzeko.

Hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko prozesua kudeatu ahal izateko ezinbestekoa da eskatzaileei buruzko hainbat datu pertsonal jasotzea, tratatzea, fitxategi batean biltzea eta Osakidetzari eta erakunde eskudunei lagatzea.

Deialdi honetan parte hartzen duten pertsonek baimena ematen dute datu pertsonalak jasotzeko, erregistratzeko eta tratatzeko Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiaren ekainaren 4ko 348/2020 Ebazpenaren helburua betetzeko eta Osakidetzaren Euskara Planaren gutxieneko helburu eta lehentasunen betetze-mailaren, hizkuntza-gaitasunaren prozesuen eta hizkuntza-eskakizunen egiaztatze-mailaren ebaluazio-txostena egiteko (67/2003 Dekretua, martxoaren 18koa, euskararen erabilera Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan normalizatzekoa, 1.3 artikulua). Orobat, datu horiek Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Euskera Plana egokiro kudeatzeko ere onartzen dute.

Bestetik, urriaren 16ko 222/2012 Dekretuak Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratua (ETZEB) sortu eta arautu zuen; bertan xedatzen den bezala, Erregistroak datuak jasotzen ditu lehendik dauden erregistro batzuetatik, Osakidetzako erregistrotik ere bai. Beraz, deialdi honetan euskara mailaren bat egiaztatzen duten pertsonek onartu egiten dute datuak Hizkuntza politika gaietan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailari bidaltzea.

Eskatzaileen gaineko informazioa Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren Giza Baliabideetako Dibisioak kudeatuko ditu (Araba kalea, 45, 01006 Vitoria-Gasteiz, 945006000 telefonoa).

Instrukzio honen ondorioz jasoko diren datuen tratamendua bat etorriko da Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016/679 Erregelamenduarekin (EB), datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa, bai eta aplikatzekoak diren estatuko gainerako arauekin ere.

Interesdunek, datu pertsonal horietan sartzeko, datuok zuzendu, ezeztatzeko eta tratamendua mugatzeko edo horren aurka egiteko eskubideak erabili ahal izango dituzte, Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioen Datuak babesteko arduradunari hala eskatuta. Era berean, abiarazitako ekintzari uko egiteko eskubidea izango dute, datu pertsonalak tratatzeko baimena ezeztatuta. Azkenik, interesdunek Datuak Babesteko Euskal Bulegora jo dezakete erreklamazioa aurkezteko.


Azterketa dokumentala