Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

63. zk., 2020ko martxoaren 31, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
1747

EBAZPENA, 2020ko martxoaren 10ekoa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez ingurumen-txosten estrategikoa egiten baita Ipuruako (Eibar) kirol-ekipamenduko sistemaren Plan Bereziaren aldaketari buruz.

AURREKARIAK

2019ko azaroaren 21ean, Eibarko Udalak eskabide bat bete zuen, Ipuruako (Eibar) kirol-ekipamenduko sistemaren Plan Bereziaren aldaketaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura hasteko, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoari jarraikiz. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukia zuena.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritakoa aplikatuz, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak zenbait erakunderi eskatu zien egoki iruditzen zitzaizkien oharrak egiteko, oinarritzat har bailitezke ingurumen-organo horrek bere ingurumen-txosten estrategikoa formulatzeko, eta, beharrezko ikusiko balitz, ingurumen-inpaktu estrategiko arruntaren ebaluazioa egiteko. Halaber, eskatu zien iritzia emateko, dagokion ingurumen-azterlan estrategikoak nolako irismena, xehetasun-maila eta zehaztasuna izan beharko lukeen zehazteko.

Era berean, Eibarko Udalari izapidearen hasieraren berri eman zitzaion.

Halaber, espedientean jasota dagoen dokumentazioa eskuragarri egon zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdunek egoki ikusten zituzten ingurumen-arloko oharrak egiteko aukera izan zezaten.

Legez ezarritako epea bukatuta, zenbait erantzun jaso dira hainbat erakunderen aldetik, eta haien emaitza espedientean jasota dago.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da oinarriak ezartzea ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen planen, programen eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautzeko; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela ingurumenaren gaineko eraginen analisia, betiere aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan jasotako kasuen artean dago Ipuruako (Eibar) kirol-ekipamenduko sistemaren Plan Bereziaren aldaketa; izan ere, artikulu horretan ezartzen da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasatu behar diren plan eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin beharra, haiek ingurumenerako eragin garrantzitsuak ekar litzaketelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 29. artikulutik 32. artikulura bitartean arautzen da, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Dokumentazio teknikoa eta Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak aztertuta, eta ikusirik hasierako dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak –eskumena duen organoa baita otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera–. Txostenak Planaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egin, eta Plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien gaineko iritzia ematen du, baita ingurumen-ondorioetarako soilik sartu behar diren azken zehaztapenen inguruan ere.

Hauek guztiak aztertu dira: 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babestekoa; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzkoa, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Eibarko Udalak sustatzen duen Ipuruako (Eibar) kirol-ekipamenduko sistemaren Plan Bereziaren aldaketari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, jarraian adierazten diren zehaztapenekin:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

Planaren xedea da zerbitzuetarako solairu berri bat egitea futbol-zelaiarien eranskinaren hegoaldeko muturrean, erabilera osagarri berriak gaitzeko. Gainera, eranskina berritzea proposatzen da, eta horren azpian, futbol-zelaiaren zerbitzuak gaitzea, aparkaleku publiko bat eraikitzeko. Hala, inguruko aparkaleku eskasia hobetuko da. Halaber, igogailu bat jarri asmo dago eranskinean, eta eranskinaren eta hegoaldeko harmailaren artean sortuko den oinezkoentzako kale berriarekin, gehi eranskinarekin bat egiten duen Santaines kaleko zatia zabalduta, inguruko irisgarritasuna hobea izango da.

Horiek guztiak egiteko, aldaketa hauek egingo zaizkio Plan Bereziari:

– Ipurua futbol-zelaiaren eta haren eranskinaren lerrokadura berriak ezarriko dira (eraikin osagarrienak barne).

– Eraikinaren gailurraren altuera ezarriko da. Proposatzen den solairu berriak ez du eragingo eraikinaren gailurraren altuera egungoa baino handiagoa izatea. Dena dela, altuera horretako baino gehiagoko instalazioak ere eraiki ahalko dira, esaterako: futbol-zelaiaren argiztapen-dorreak. Eranskinaren eraikin osagarriak ez dira egongo +180,00 m-ko kotatik gora.

– Oinplano-okupazioa ere ez da handituko, beheko solairuetako oinplano-okupazioa bere horretan geratuko delako. Solairu berriak 1.292,93 m2 okupatuko ditu; guztira, 19.418,13 m2-koa izango da okupazioa. Lokalen erabilera bateragarria izan beharko da kirol-ekipamenduen eta bizitegien erabilerekin (taberna, jatetxea, museoa, ikasgela balioanitzak, teknifikazio-zentroa, etab.).

– Eraikigarritasun fisikoa handitzea; 37.005,08 m2-koa izango da. Eraikigarritasun fisikoa handitu ahalko da hala sestra gainean nola sestrapean, baina, edonola ere, ez da handituko A.3.3 Ipurua eremuaren hirigintza-eraikigarritasuna.

Plana exekuzio-proiektu baten edo batzuen bitartez garatuko da, aldi batean edo faseka gauzatzen den gorabehera. Aldameneko urbanizazioan egin beharreko esku-hartze puntualak fase bakoitzaren exekuzio-proiektuaren barnean zehaztu beharko dira. Solairu berriko erabilerak dagokion oinarrizko exekuzio- edo jarduketa-proiektuan definitzen direnak izango dira.

B) Planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, zehazteko ea planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez.

1.– Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:

a) Planak zenbateraino ezartzen duen proiektuetarako esparrua: planak eraikigarritasun fisikoa handitzea proposatzen du, oinplano-okupazioa handitu gabe. Horrek aukera ematen du zerbitzuetarako solairu berri bat hartzeko futbol-zelaiaren eranskinaren hegoaldean eta hegoaldeko harmailaren mendebaldeko muturrean, erabilera osagarri berriak gaitzeko. Plana onartu ondoren, exekuzio-proiektu baten edo batzuen bitartez garatuko da, aldi batean edo faseka gauzatzen den gorabehera. Aurkeztutako agiriak ikusita, Planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapen, ezaugarri, neurri edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategorietako batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

b) Zer neurritan eragiten duen Planak beste plan edo programa batzuetan, baita hierarkizatuta daudenetan ere: Planaren ezaugarriak aintzat hartuta, plan honek ez du aipatzeko moduko ondoriorik izango beste plan edo programa batzuetan.

c) Planak ingurumen-kontsiderazioak integratzeko duen egokitasuna, batez ere garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin: planak eremua garatzeko antolamendua aldatzen du Eibarko Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean xedatzen denarekin bat eta lurzoru natural edo erdi-natural gehiago okupatu gabe. Gainera, planak barnean hartzen ditu neurri babesle, zuzentzaile eta konpentsatzaile orokor eta bereziak. Alde horretatik, egokia da garapen jasangarria sustatzen duten ingurumen-irizpideak txertatzeko, bereziki, hauei dagokienez: eraikingintza eta eraikuntza efizienteena baliabideen erabileran; hondakinen kudeaketa, eta paisaia-integrazioa. Horretarako, planak proposatzen diren eraikinen energia-aurrezkia eta -efizientzia indartu beharko ditu, eta energia berriztagarriak bultzatu, aurrerago zehazten den moduan.

d) Planari loturiko ingurumen-arazo adierazgarriak: ez da hauteman plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, betiere, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, hondakinen kudeaketari, natura-ondareari, paisaiari eta kutsadura akustikoari dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira ukitutako eremuarekin lotutako esku-hartzeak eta jarduerak.

e) Planaren egokitasuna ingurumenaren arloko Batasuneko edo estatuko legedia ezartzeko: Plana egokia da Batasuneko edo estatuko ingurumen-legeak ezartzeko, hain zuzen ere, hondakinen, klima-aldaketaren, airearen kalitatearen (emisio atmosferikoak, zarata, argia) eta biodibertsitatearen arloetakoak.

2.– Eraginen eta erasan daitekeen eremuaren ezaugarriak.

Planaren xede den eremua hiri-lurzorua da; Eibarko hirigunearen hego-mendebaldean dago, ingurune garatu eta urbanizatuan. Ez dago kaltetu daitekeen naturagune babesturik, ezta natura-interes handiko eremurik ere. Eremu erabat eraldatua da, funtsean, Ipuruako kirol-ekipamenduek (udal futbol-zelaia, kiroldegia, igerilekuak) eta Santa Ines komentuak okupatzen dute. Iparraldean, dentsitate handiko bizitegi-eremu batekin egiten du muga; hegoaldean, AP-8arekin. Aldaketak, zehazki, udal futbol-zelaiari eta eranskinari eragiten die.

Horiek horrela, inpaktu adierazgarrienak, a priori, obra-faseari lotuta daudenak izango dira. Plana garatzetik eratortzen diren jarduketak, alegia, lur-mugimenduek, makinen zirkulazioak, aldi baterako okupazioak eta solairu berrien eraikuntzak soberakinak eta hondakinak sortuko ditu, eta istripuzko isuriak gertatu ahalko dira. Horiei loturiko emisio atmosferikoek eta akustikoek biztanleengan eragozpenak sortuko dituzte, nagusiki bizitegi-erabilerakoa den ingurunea denez (6 eta 16 solairu arteko blokeak).

Garapenaren ezaugarriak kontuan hartuta, ustiapen-fasean, etxebizitza berrien ondorioz, mugikortasuna handitzeak, baliabideen kontsumoak eta hondakinen eta emisioen sorkuntzak izango dituzten eraginak munta gutxikoak izatea espero da.

Edonola ere, ingurumen-ondorioak baloratzeko, erreferentziatzat hartuko da udalerrian indarrean dagoen antolamenduan aurreikusitako egoera. Horrela, Planak barnean hartzen dituen jarduketek ez dakarte berekin ekipamenduetara bideratutako azalera handitzea Eibarko HAPOan eremurako ezarritakoaren aldean, ez lurzoru-okupazioa handitzea, ez eta haren ondorio posibleak handitzea ere, betiere, segurtasunaren eta osasunaren, ingurumenaren, natura-ondarearen, kultura-ondarearen eta paisaiaren arloetan indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira planaren esku-hartze eta jarduerak.

Hori guztia kontuan hartuta, eta aurrerago zehazten diren neurri prebentibo, babesle eta zuzentzaileak aplikatuta, ez da espero jarduketa horiek inpaktu nabarmenik sortuko dutenik ingurumenean.

Beraz, ez da aurreikusten ingurumen-ondorio handirik, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean eta Planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzen duen urriaren 16ko 211/2012 Dekretuan ezarritako baldintzetan.

3.– Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko arauen arabera ezarriko dira, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera eta, aurrekoaren aurkakoa ez den guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta planean bertan adierazitakoaren arabera. Besteak beste, hauek nabarmendu ditzakegu:

– Obrako langileek erabili behar duten jardunbide egokien gidaliburuak gai hauekin zerikusia duten alderdiak bilduko ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, aldi baterako desbideratzeak, gehieneko okupazio-azalera, ahalik eta hauts eta soinu gutxien sortzea, hondakinak kudeatzea eta ez botatzea, olio-isuriengatik edo lur-arrasteengatik lurzorua edo urak kutsatzea eta herritarren lasaitasunean eragin negatiboa izan dezaketen jardunak minimizatzea.

– Landaredia babestea: Gipuzkoako lurralde historikoko flora espezie jakin batzuk babesteko urtarrilaren 16ko 4/1990 Foru Dekretuak xedatutakoa betetzeaz gain, neurri babesle eta zuzentzaile hauek ere aplikatuko dira:

– Obrak, bai eta lurzorua erabiltzea eragiten duten eragiketa osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Ingurumenean, zehazki, eremuaren hego-mendebaldeko mugan dagoen heskaian, ahalik eta eraginik txikiena izateko irizpideetan oinarrituz egingo dira beharrezkoak diren mozte- eta eskokatze-lanak, obra-sarreren irekierak eta kontratistaren instalazio-guneak –makineria-parkea, obra-etxetxoak, obra-materialak, landare-lurren eta hondakinen behin-behineko pilaketen eremuak barne–. Beharrezkoa bada, obra-gunetik hurbil dauden zuhaitz aleak in situ zedarritu eta behar bezala babestuko dira, istripuzko kalteak ekiditeko.

– Proiektua gauzatzeagatik erasandako eremu guztiak lehengoratuko dira, beharrik gabe kendu diren landare-zuhaitzak birjarrita, hala behar bada. Birlandaketa-lanak espezie autoktonoekin eta ahalik eta lasterren egingo dira, higadura-prozesuak eta solidoak ibilguetara arrastatzea ekiditeko.

– Landare-estaldura lehengoratzeko jardueretan, biodibertsitate autoktonoa sustatzeko jarduerak bultzatuko dira, jasangarritasun-irizpideak lehenetsiz jarduera horietan, horrela, espezie inbaditzaileak sartzeko arriskua murrizteko. Horretarako, Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua argitalpenean jasotako gomendioak eta neurriak erabiliko dira. Eskuliburua Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak sortu zuen.

– Landareztatze- eta lorategi-lanetan ez dira inola ere erabiliko inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak; esaterako, Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia eta Cortaderia selloana. Espezie horiek kentzeko eta lur-mugimenduen bidez hedatzea ekiditeko behar diren neurriak hartuko dira; betelanetan, landareztatze-lanetan eta urbanizazioko lorategi-lanetan erabiliko diren mailegu-lurren eta landare-lurren jatorria eta osaera kontrolatu beharko da.

– Hondakinak sortzea eta kudeatzea: obrak egin eta garbiketa-kanpainak dirauen bitartean sortutako hondakinak kudeatzeko, Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta berariaz aplikatu behar zaizkien arauetan xedatutakoa beteko da.

Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko uztailaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira eraikuntza- eta eraispen-hondakinak.

Amiantoa duen hondakinik edo elementurik aurkitzen bada, otsailaren 1eko 108/1991 Errege Dekretuak, amiantoak ingurumenean sortzen duen kutsadura prebenitu eta gutxitzekoak, ezarritakoa bete beharko da, baita martxoaren 31ko 396/2006 Errege Dekretua, amiantoaren eraginpean egoteko arriskua duten lanei aplika dakizkiekeen segurtasun eta osasuneko gutxieneko xedapenak ezartzen dituena, ere.

Hondakin arriskutsuak dituzten ontziek uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun arauak bete behar dituzte (dekretu horren bidez, Hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko Erregelamendua onartzen da), eta itxita egon behar dira baimendutako kudeatzaileak jaso arte, isuri edo lurrundu ez daitezen.

Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira sortutako olio erabiliak.

Obretan indusketa-soberakinak sortzen badira, baimendutako soberakin biltegira eraman eta indarreko legediaren arabera kudeatuko dira.

Eibarko Udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak hautemateagatiko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko.

– Obrek sortutako zarata: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakora.

Halaber, eguneko lan-ordutegian egingo dira obrak.

– Obra-aldiko garbitasuna: kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira. Era berean, obra-gunea ordena eta garbitasuneko baldintza egokietan eduki beharko da.

Eraikingintza eta eraikuntza jasangarrienerako behar diren ezaugarrietan, eraikinen energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzea eta energia berriztagarriak sustatzea hartu beharko da kontuan. Neurri horiek, gutxienez, alderdi hauetan eragin beharko dute:

• Materialak. Lehengai berriztaezinen kontsumoa murriztea.

• Energia. Iturri berriztaezinen bidez sortutako energia kopurua edo/eta kontsumoa murriztea.

• Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

• Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

• Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

• Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

Bigarrena.– Zehaztea, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoari jarraikiz, ez dela aurreikusten Ipuruako (Eibar) kirol-ekipamenduko sistemaren Plan Bereziaren aldaketak kontrako eragin nabarmenik izatea ingurumenaren gainean, eta, ondorioz, ez dela beharrezkoa ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egitea.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia Eibarko Udalari jakinaraztea.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarraldia galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, behin Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean onartuko ez balitz Ipuruako (Eibar) kirol-ekipamenduko sistemaren Plan Berezia aldatzea. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko martxoaren 10a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

IVAN PEDREIRA LANCHAS.


Azterketa dokumentala