Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

27. zk., 2020ko otsailaren 10a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
667

AGINDUA, 2020ko urtarrilaren 29koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, 2020ko ekitaldian dirulaguntzak emateko erregimena arautzen eta iragartzen duena, komikiak, nobela grafikoak edo liburu ilustratuak sortzeko.

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren arabera, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren eskumenekoak dira arte eta kultura jarduerei dagozkien zereginak eta jardun-arloak. Eskumen horiek Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari esleitzen dizkio apirilaren 11ko 82/2017 Dekretuak, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duenak.

Ildo horretan, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari jardun-arlotzat ezarri zaizkion ahalmenen esparruaren barruan, eta kontuan harturik, batetik, komikiaren edo marraztutako narratibaren sektorea hartzen ari den garrantzia (sorkuntzaren arloan zein industrian), eta, bestetik, aintzat hartuta ilustrazio grafikoko profesionalek erakutsi duten sormen maila, interesekoa iruditu zaigu sorkuntza grafikoa bultzatzera bideratutako neurriak babestea, komiki, nobela grafiko edo album ilustratuen kasuan. Azken helburua hau da: gaur egun gure herrialdean gorakada handia izaten ari den sormen-sektore hori finkatzen laguntzea eta sektore horri bultzada ematea.

Autore bat baino gehiagoko obrak badira ere, eta obra horiek, normalean, lan literario eta lan grafikoa behar badute ere, laguntza-lerro hau obraren alderdi grafikoari zuzentzen zaio, bereziki konplexua delako eta ahalegin handia eskatzen duelako. Sormen-lanak izateaz gain produktu industrialak ere badirenez, laguntza-lerro hau obra jakin batzuei dago zuzenduta: argitalpena ziurtatuta, edo gutxienez, bideratuta duten obrei, hain zuzen ere. Ondorioz, artista grafikoen lana bultzatu eta sostengatzea helburu duen laguntza-lerro bat da, eta, aldi berean, Euskadin nobela grafikoen eta liburu ilustratuen argitalpena dinamizatu nahi du.

Bestalde, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legearen (otsailaren 18ko 4/2005 Legea) 3.5 eta 25. artikuluek ezarritakoaren arabera, agindu honetan neurri espezifikoak hartzen dira, sormen kulturalaren arloan dauden desparekotasunak desagerraraztera edo murriztera bideratutakoak eta baita Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako VI. Plana betetzera eta kultura-arloko eta maila guztietako produkzio kultural eta artistikoko guneetan emakumearen presentzia areagotzera bideratutakoak ere.

Era berean, Agindu hau Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren 2018-2020ko Dirulaguntza Plan Estrategikoaren barruan sartzen da.

Horiek horrela, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Hau da agindu honen xedea: komiki, nobela grafiko edo album ilustratuen formatuko liburu bat osatzen duten ilustrazioak sortzeko prozesuei dirulaguntzak emateko baldintzak iragartzea eta arautzea.

Proiektuek originalak eta argitaratu gabeak izan behar dute, hau da: orain arte garatu gabeak eta argitaratu gabeak. Ez dira kontuan hartuko bilduma baten parte direnak, aldizkako argitalpenetara zuzendutakoak, edo hasi eta amaitu egiten diren kapituluak.

2. artikulua.– Modalitateak eta baliabide ekonomikoak.

1.– Dirulaguntza hauetarako, guztira, 105.000 euro erabiliko dira.

2.– Ilustrazioak sortzeko dirulaguntzei dagokien kopurua bi prozeduratan banatuko da:

a) 15.000 euroko 4 laguntza, komiki bat edo nobela grafiko bat argitaratzea helburu duten ilustrazio-proiektuentzat. Laguntzetako bat, gutxienez, 30 urtetik beherako pertsona batentzat izango da, eta bat emakume batentzat.

b) 15.000 euroko 3 laguntza, album edo liburu ilustratu bat argitaratzea helburu duten ilustrazio-proiektuentzat. Laguntzetako bat, gutxienez, 30 urtetik beherako pertsona batentzat izango da, eta bat emakume batentzat.

3.– Adinaren baldintza frogatzeko kontuan izan beharreko data eskaerak aurkezteko epearen azken eguna izango da.

4.– Agindu honetako dirulaguntzak lehiaketa-prozeduraz ebatziko dira 2. atalean ezarritako lerro bakoitzean, eta 10. artikuluan agertzen diren esleipen-irizpideen arabera. Balorazio fasean, aipatutako artikuluan ezarritako puntuazio berdina edo altuagoa lortzen duten proiektuek baino ez dute izango dirulaguntza lortzeko aukera.

Balorazioa egina dagoenean, prozedura bakoitzean aukeratutako proiektuak hurrenkeran jarriko dira lortutako puntuazioaren arabera. Lehen dirulaguntza egokituko zaio 30 urtetik beherako pertsonen artean puntuaziorik altuena lortu duenari, eta bigarren dirulaguntza, berriz, puntuaziorik altuena lortu duen emakumeari (emakumea ez bada lehen dirulaguntza lortu duen 30 urtetik beherako pertsona). Ondoren, beste dirulaguntzak emango dira, ezarritako hurrenkeraren arabera.

Eskabiderik aurkeztu ez delako edo eskabideek betekizunak betetzen ez dituztelako, lerro bateko laguntzaren bat eman gabe uzten bada, beste lerrorako laguntza-kopurua handitu egin ahal izango da eman gabeko horrekin, betiere, laguntzen kopuru totala aldatu gabe.

3. artikulua.– Onuradunak izateko bete beharreko baldintzak.

1.– Laguntza hauek eska ditzakete 18 urtetik gorako pertsona fisikoek, Euskal Autonomia Erkidegoan jaiotakoek edo Agindu hau argitaratu den egunean Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriren batean erroldatuta daudenek, gutxienez urtebeteko antzinatasunarekin.

2.– Agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak jasotzeko beharrezkoa da zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteta izatea.

3.– Agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak jasotzeko, eskatzaileak ez du izan behar dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera ukatzen dion zigor administratibo edo penalik, ezta dirulaguntzak jasotzeko legezko debekurik ere, sexu-bereizkeriaren ondoriozkoak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legearen (otsailaren 18ko 4/2005 Legea) azken xedapenetako seigarrenaren arabera.

4.– Dirulaguntza horiek emateko –eta, bidezkoa denean, ordaintzeko– ezinbestekoa izango da amaituta egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emanda dituzten izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen arloan hasi eta oraindik izapidetzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiak. Dirulaguntza horiek emateko –eta, bidezkoa denean, ordaintzeko–, halaber, ezinbestekoa izango da halako prozeduretan jasotako dirulaguntzak itzultzea, baldin eta itzulketa-prozeduraren bukaeran hala eskatzen duen ebazpena ematen bada.

Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 13.2 artikuluan ezarritako debekuren bat dutenek ezin izango dituzte dirulaguntza hauek jaso.

5.– Eskatzaileek bi laguntza-eskaera aurkez ditzakete gehienez, eta deialdi honen modalitate bakarrean aurkeztu ahal izango dira eskaerak. Pertsona berak zenbait modalitatetara aurkezten baditu eskaerak, bakarrik onartuko dira sarrera-erregistroaren arabera aurkeztutako lehenari dagokion modalitatean aurkeztutakoak; gainera, pertsona berak eskaera bat baino gehiago aurkezten badu, modalitate horretan aurkeztutako lehena eta bigarrena bakarrik onartuko dira. Deialdi honetan, pertsona berak ezin izango du izan dirulaguntza bat baino gehiago.

6.– Aurreko urteko deialdiko edozein modalitatetan dirulaguntza lortu zuten pertsonek ezin izango dute dirulaguntza eskatu deialdi honetan.

4. artikulua.– Laguntzen kudeaketa.

Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusitako laguntzen kudeaketa-lanak egitea.

5. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

2.– Eskabideak aurrez aurre edo bitarteko elektronikoz aurkezteko aukera dago:

– Aurrez aurre: eskabideak toki hauetan aurkeztu ahal izango dira: Zuzenean zerbitzuan; EAEko erregistro osagarrietan, hau da, apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzkoa) adierazitako edozein erregistrotan; edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen (urriaren 1eko 39/2015 Legea) 16.4 artikuluan aurreikusitako organo, establezimendu eta dependentzietan.

– Bitarteko elektronikoz: euskadi.eus egoitza elektronikoan sartuta aurkeztuko dira eskabideak, artikulu honetako 4. zenbakian adierazten diren helbideen bidez.

3.– Eskabidea eta dokumentuak aurrez aurre aurkezteak edo bide elektronikoa erabiltzeak ez du esan nahi nahitaez baliabide horiek erabili behar direnik prozeduraren ondorengo izapideetan, edozein unetan alda daitezke-eta.

4.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainerako ereduak aurrez aurre nahiz elektronikoki nola izapidetu jakiteko xehetasunak euskadi.eus-en egoitza elektroniko hauetan eskura daitezke:

– Komikia edo nobela grafikoa: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1047005

– Album edo liburu ilustratua: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1047306

Eskaeraren osteko izapideak helbide honetan egingo dira, bide elektronikoz: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

5.– Eskatzaileek Euskal Autonomia Erkidegoko zeinahi hizkuntza ofizialetan aurkeztu ahal izango dute eskaera, atxikitako egiaztagiriekin batera. Halaber, eskabidearen ondoriozko jardunetan, eta prozedura osoan, eskatzaileak aukeratutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko Oinarrizko Legearen (azaroaren 24ko 10/1982 Legea) 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

6.– Eskabideak aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartu direla deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak.

6. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak eta betekizunak egiaztatzea.

1.– Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du dirulaguntzen eskatzaileen nortasunari, jaiolekuari, erroldatzeari eta zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzeari buruzko informazioa, haien baimenik behar izan gabe, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikulua aplikatuz. Eskatzaileak berariaz egin diezaioke uko baimen horri, eta, hala egiten badu, aipatutako egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu.

2.– Aurkeztu beharreko dokumentazioa:

a) Ilustratzailearen ibilbidea: formakuntza, egindako lanak eta argitaratutako liburuak.

b) Ilustrazio-lanaren oinarri izango den gidoi literarioa, pertsonaien deskribapena eta argumentuaren sinopsi osoarekin batera. Komiki eta nobela grafikoen kasuan, gutxienez 8 orriko gidoi zehatza.

c) Egin beharreko ilustrazioaren lagin bat, gutxienez marraztutako 6 orri dituena eta horietako bat amaierako emaitzarekin.

d) Kasuaren arabera, testuaren edo gidoiaren autorearen eta ilustratzailearen artean sinatutako kontratua. Ez da beharrezkoa izango, obraren testua edo gidoia jabari publikokoa bada.

e) Argitalpen-kontratua edo argitaletxe batekin hartutako konpromiso irmoari buruzko gutuna, obra argitaratzeari buruzkoa, edizioaren ezaugarri tekniko eta fisikoak jasotzen dituena. Argitaletxeak frogatu beharko du azken hiru urteetan hiru obra argitaratu dituela.

f) Sustapen-plana. Aipatuko dira obraren sustapen-planaren barruan kokatutako itzulpenak, hedapen-estrategiak, nazioartekotze-estrategiak, booktrailerrak edo bestelako komunikazio-ekintzak.

g) Proposamenaren laburpen-fitxa, euskadi.eus orrian ezarritako ereduaren araberakoa eta proiektuaren modalitatea adierazten duena.

h) Eskaera baloratzeko aurkeztu nahi den dokumentazio osagarria.

3.– Aurkeztu beharreko dokumentu elektronikoek honako ezaugarri hauek izan beharko dituzte:

– Deskarga daitezkeen ereduak erabiliko dira, halakorik bada, eta ahal bada ereduaren formatu berean aurkeztuta.

– Gainerako dokumentazioa, ahal bada, PDF formatuan aurkeztuko da.

– Dokumentazio elektronikoaren gehieneko tamaina hauxe izango da: 15 Mb.

7. artikulua.– Erantzukizunpeko adierazpenak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak ezartzen duenari jarraituz (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartua), eskaerarekin batera aurkeztutako erantzukizunpeko adierazpenaren bidez, honako betebehar hauek egiaztatuko dira:

– Edozein Administrazio Publikok edo erakunde pribatuk xede berberaz emandako laguntzarik ez jasotzea.

– Eskatzaileak egiaztatu behar du ez dagoela laguntza edo dirulaguntza publikoak jasotzea eragozten dion zehapen administratibo edo penal baten pean, edo ez daukala horretarako legezko debekurik.

– Proiektu originala dela eta orain arte ez dela hala garatu.

– Eskabidean eta dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla adieraziko du eskatzaileak, eta dirulaguntza hauen onuradun izateko indarrean den araudian ezarritako betekizunak betetzen dituela.

8. artikulua.– Akatsak zuzentzea.

Eskabidearen izapidetzea onartzeko eskatzen diren dokumentu batzuk falta direla edo horietan forma-akatsak daudela ikusiz gero, edo eskabidea balioesteko aurkeztutako dokumentazioan akatsak aurkituz gero, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari, hutsegitea konpondu edo aginduzko dokumentuak aurkez ditzan, eta jakinaraziko zaio ezen, hala egiten ez badu, eskabidean atzera egin duela edo izapideak egiteko eskubidea galdu duela ulertuko dela; betiere, hartarako, aldez aurretik ebazpen bat emango da.

9. artikulua.– Balorazio-batzordea.

1.– Bi modalitatetan aurkeztutako eskabideak aztertu eta ebaluatzeko, Balorazio Batzorde bakarra eratuko da, eta pertsona hauek izango dira batzordekideak:

– Presidentea: Kultura Sustatzeko zuzendaria. Bertan ez badago, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren Legearen (urriaren 1eko 40/2015 Legea) 19. artikuluan ezarritakoaren arabera jardungo da.

– Bokalak: 3-5 kide, Kulturako sailburuordeak izendatuta laguntzen xede diren arloan adituak direnen artean.

Kultura Sustatzeko Zuzendaritzako teknikari bat, Kulturako sailburuordeak izendatua, izango da Batzordeko idazkaria, eta hitza izango du baina botorik ez.

2.– Balorazio Batzordearen behin betiko osaera Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratutako Kulturako sailburuordearen ebazpen bidez ezagutaraziko da, eratu aurretik, interesdunek errefusatzeko eskubidea erabil dezaten, legez ezarritako termino eta baldintzetan.

3.– Balorazio Batzordea eratzerakoan, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legearen (otsailaren 18ko 4/2005 Legea) 3.7 artikuluan ezarritakoa beteko da.

4.– Prozedura bakoitzean, Balorazio Batzordeak, ezarritako esleipen-irizpideetan oinarrituta, Kulturako sailburuordeari aurkeztuko dio ebazpen-proposamen egokia. Hor jasoko dira proposatutako dirulaguntzak, proposatutako pertsonen identitatea, balorazio fasean lortutako puntuazioa eta sortu behar diren proiektuak. Hor agertuko dira, halaber, baztertzeko proposatutako proiektuak, bazterketaren arrazoiak azalduta. Era berean, zein eskaera ez diren onartu adieraziko da.

5.– Balorazio Batzordeak, beharrezko ikusten duenean eta aurkeztutako eskabideak egoki ebaluatze aldera, behar adina azalpen eskatu ahal izango dizkie eskatzaileei.

10. artikulua.– Esleipen-irizpideak.

1.– Dirulaguntzen ebazpenaren proposamena prestatzeko, Balorazio Batzordeak ondoko irizpideak ezarriko ditu:

a) Ilustratzailearen ibilbidea (gehienez 10 puntu). Formakuntza, egindako lanak eta argitaratutako obrak hartuko dira kontuan.

b) Ilustrazioaren kalitate artistikoa (gehienez 50 puntu). Aintzat hartuko da:

– ilustrazioaren tratamendua (30 puntu),

– berrikuntza eta ohiko estandarretatik desberdintzea (20 puntu).

c) Proiektuaren bideragarritasuna (gehienez 30 puntu). Kontuan izango da:

– gidoiaren interesa eta kalitatea (10 puntu),

– argitaratutako obraren sustapena, hedapena, banaketa eta salmenta-plana (10 puntu),

– zein hizkuntzatara itzuliko den eta kanpoko merkatuetara izango duen irteera (5 puntu)

– eta argitaletxearen helbide soziala Euskal Autonomia Erkidegoan egotea (5 puntu).

d) Euskararen erabilera (gehienez 10 puntu). Jatorrizko gidoia euskaraz duten obrak 5 punturekin balioetsiko dira, eta euskaraz argitaratuko direnak 5 punturekin.

2.– Dirulaguntzak eskuratzeko aukera izateko, gutxienez 60 puntu lortu beharko dira aurreko atalean ezarritako irizpideen arabera.

11. artikulua.– Ebazpena.

1.– Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzen ebazpenetan datu hauek agertuko dira: alde batetik, onartutako eskaerak eta onartu gabeak, eta, azken horien kasuan, baztertzeko arrazoiak; eta, bestetik, proiektuen balorazioa, eta ondorioz dirulaguntza-eskaerak onartu diren edo baztertu egin diren. Balorazio Batzordeak helarazitako proposamenak aztertu ondoren, Kulturako sailburuordeak ebazpenak emango ditu eta indibidualki jakinaraziko zaizkie interesdunei, 6 hilabeteko epean, deialdia egiteko agindu hau indarrean jartzen den egunetik aurrera. Ebazpen horiek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira, denen jakingarri.

Ebazpen horiek ez dute administrazio-bidea agortzen, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen (urriaren 1eko 39/2015 Legea) 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

2.– Interesdunari bide batetik baino gehiagotatik egiten bazaio jakinarazpena, lehenik egin zaionarena hartuko da jakinarazpen-datatzat.

3.– Ebazpen-epea igarota, onuradunari ebazpena jakinarazi ez bazaio, eskabidea ezetsi zaiola ulertu ahalko da, hala xedatzen baita Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean (urriaren 1eko 39/2015 Legea).

12. artikulua.– Dirulaguntzen bateragarritasuna.

Deialdi honetako dirulaguntza hauek ez dira bateragarriak edozein erakunde publiko zein pribatuk xede berberaz emandakoekin.

13. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan araututako dirulaguntzak jasotzen dituzten pertsonek honako betebehar hauek izango dituzte:

a) Esleitutako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, onuradunek dirulaguntza eman zaiela adierazten duen jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean berariaz uko egiten ez badiote, onartu egin dutela ulertuko da.

b) Dirulaguntza eman den xede jakinerako erabiltzea, eta amaitutako lana eta Jabetza Intelektualeko Erregistroan egindako inskripzioa Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari ematea.

c) Ogasun eta Ekonomia Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari dirulaguntzen fiskalizazio-lanetarako behar duten informazio guztia ematea.

d) Argitaratuko diren liburuetan Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren dirulaguntza espresuki adieraztea, eta Kultura Sustatzeko Zuzendaritzara ale bat bidaltzea.

Gainera, onuradunek dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte.

14. artikulua.– Proiektuaren aldaketak.

a) Aurkeztutako proiektuaren edozein aldaketa idatziz jakinarazi beharko zaio Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari, onuradunak esleipen-ebazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera, gehienez ere, hilabeteko epean.

b) Proiektua aldatzea bidezkoa izango da, soil-soilik agindu honetan dirulaguntza lortzeko ezarritako baldintzak mantentzen badira.

15. artikulua.– Dirulaguntzak ordaintzea.

Esleitutako dirulaguntzak bi ordainketaren bidez ordainduko dira:

a) Lehenengoa dirulaguntzaren % 50 izango da, eta 13.a) artikuluan ezarritako epea igaro ondoren emango da, uko egin ezean.

b) Gainerako % 50a 2021ean ordainduko da. Horretarako, onuradunak Kultura Sustatzeko Zuzendaritzan aurkeztu beharko ditu amaitutako lana eta lan hori Jabetza Intelektualeko Erregistroan inskribatu izanaren ziurtagiria. Argitalpen-kontratua ere aurkeztu beharko da, laguntza-eskaerarekin batera aurkeztu ez bada.

Laguntzaren edo dirulaguntzaren zenbatekoari kendu egingo zaizkio Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren (PFEZ) atxikipenak eta konturako ordainketak, zergaren araudia aplikatuz. Hala badagokio, jarduera hasteagatiko atxikipen-tasa onuradunak eskatu beharko du.

16. artikulua.– Sormen-lana aurkezteko epea.

Esleipen-ebazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera, onuradunek, gehienez ere, hamabi hilabeteko epea izango dute behin betiko sormen-lana emateko; lan horrek argitaratzeko moduan egon beharko du, eta paperean edo euskarri informatikoan eman beharko da, Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sustatzeko Zuzendaritzan.

Liburua 6 hilabeteko epean argitaratu beharko da, ilustrazio-lana amaitzen denetik aurrera; eta alea 2 hilabeteko epean bidali beharko da Kultura Sustatzeko Zuzendaritzara.

17. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Ez-betetzeak izango dira honako hauek:

a) Jasotako dirulaguntza osoa edo zati bat xede hori ez zuten beste jarduera batzuetan erabiltzea.

b) Agindu honetan ezarritako betebeharrak edo, hala badagokio, laguntza ematerakoan ezartzen direnak ez betetzea.

c) Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren (azaroaren 17ko 38/2003 Legea) 37. artikuluan ezarritakoak.

2.– Aipatutako egoera horietako bat gertatu dela egiaztatuz gero, jasotako zenbatekoak eta dirulaguntzetan aplikagarriak diren berandutze-interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, betiere azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren arabera (hurrenez hurren, 1/1997 Legegintza Dekretua, azaroaren 11koa, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena; eta 698/1991 Dekretua, abenduaren 17koa, Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena).

XEDAPEN GEHIGARRIA

Datu pertsonalen babesari buruzko informazio-klausula.

– Arduraduna: Kultura eta Hizkuntza Politika Saila; Kultura Sustatzeko Zuzendaritza.

– Helburua: sorkuntza grafikoaren arloko laguntzen eta dirulaguntzen eskabideak kudeatzea.

– Lege-oinarria: beharrezko tratamendua, interes publikoaren mesedetan zein tratamenduaren arduradunari esleitutako ahal publikoak gauzatzean egindako zeregina betetzeko (38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa - 1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duena).

– Jasotzaileak: gaiaren gaineko eskumena duten Administrazio Publikoei eman ahal izango zaizkie datu pertsonalak.

– Eskubideak: zeure datuak ikusteko, zuzentzeko zein ezabatzeko eskubidea duzu; baita haien tratamendua mugatzeko nahiz haren aurka egiteko eskubidea ere, informazio gehigarrian adierazten den moduan.

Informazio gehigarria: web helbide hauetan aurkitu ahal izango duzu datuen babesari buruzko informazio gehiago:

– Komikia edo nobela grafikoa: https://www.euskadi.eus/dbao/1047005

– Album edo liburu ilustratua: https://www.euskadi.eus/dbao/1047306

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko urtarrilaren 29a.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.


Azterketa dokumentala