Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

13. zk., 2019ko urtarrilaren 18a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
269

EBAZPENA, 2019ko urtarrilaren 9koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez egiten baita Trapagarango Hiri Antolamenduko Plan Orokorrak Ibarzaharra 01 AI IB RM01 industrialdean izandako aldaketaren ingurumen-adierazpen estrategikoa.

EGITATEZKO AURREKARIAK

Ingurumen Administrazioaren zuzendariaren 2018ko maiatzaren 24ko Ebazpenaren bidez, Trapagarango Hiri Antolamenduko Plan Orokorrak Ibarzaharra 01 AI IB RM01 industrialdean (aurrerantzean, Plana) izandako aldaketaren ingurumen-azterketa estrategikoaren irismeneko dokumentua egin zen, bai Euskal Herriko ingurugiroa babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorrean bai ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean jasotakoari jarraikiz.

Iragarki baten bidez, Trapagarango Udalak 45 egunez jendaurrean jarri zituen Plana eta ingurumen-azterketa estrategikoa, baita azterketa horren laburpen ez-tekniko bat ere, egoki iritzitako alegazioak aurkeztu ahal izateko, eta iragarki hori Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, 2018ko abuztuaren 2an (148. zk.).

Jendaurrean jartzeko izapidea burutu ostean, Trapagarango Udalak ziurtatzen du alegazio bakar bat jaso zutela, eta egiaztatu da alegazio horrek ez zuela izan ingurumenaren arloko edukirik. Trapagarango Udalak alegazio horri erantzun zion.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 22. artikuluan ezarritakoaren arabera, Trapagarango Udalak 2018ko abuztuaren 2an egin zien kontsulta ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei, arauaren 19. artikuluan ezarritakoaren arabera, eta 45 eguneko epea eman zien, egoki iritzitako txostenak eta alegazioak aurkez zitzaten. Zehazki, honako erakunde hauei egin zitzaien kontsulta: Kultura Ondarearen Zuzendaritza, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritza –biak ere Eusko Jaurlaritzakoak–; Uraren Euskal Agentzia, IHOBE; Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusia, Kulturako Zuzendaritza Nagusia, Azpiegitura eta Lurralde Garapen Zuzendaritza Nagusia –azken hori horiek Bizkaiko Foru Aldundikoak–; Ekologistak Martxan Bizkaia, Burdin Herria meatzaritzaren memoria historikoa berreskuratzeko eta babesteko elkartea, Industri Ondare eta Herri Laneko Euskal Elkartea, Meatzaldea Bizirik Ekologista Taldea eta Basagure Talde Ekologista.

Ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei eginiko kontsulta-izapidearen ingurumen-alderdiei dagokienez, emaitza honela laburbildu daiteke: kontsulta egin zaien administrazio publiko eta interesdun guztiek berretsi dute euren ingurumen-eskumenetan gai horiek kontuan hartu direla Planaren proposamena egiteko.

2018ko abenduaren 20an, ingurumen-adierazpen estrategikoa osatu du Trapagarango Udalak, honako hauetan xedatutakoaren arabera: otsailaren 27ko 3/1998 Legean, abenduaren 9ko 21/2013 Legean eta Planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzeko urriaren 16ko 211/2012 Dekretuan.

Eskabidearekin batera, dokumentu hauek aurkeztu ziren:

– Trapagarango Hiri Antolamenduko Plan Orokorrak Ibarzaharra 01 AI IB RM01 industrialdean izandako aldaketaren azken proposamena.

– Trapagarango Hiri Antolamenduko Plan Orokorrak Ibarzaharra 01 AI IB RM01 industrialdean izandako aldaketaren ingurumen-azterketa estrategikoa.

– Jendaurrean erakusteko aldiaren eta entzunaldiaren emaitza deskribatzeko hainbat dokumentu, baita jasotako txostenak aintzat hartzeko moduari buruzko idazkia ere.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumen-efektu nabarmenak izan ditzaketen planen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea, eta ingurumenaren babes-maila handia bermatzea, garapen jasangarri bat sustatzeko.

Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela ingurumen-efektuen analisia, betiere, aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.1 artikuluan xedatutakoa aplikatuz, ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin behar zaie administrazio publiko batek abian jarritako edo onetsitako planei, baldin eta lege-xedapen batek edo erregelamenduzko xedapen batek beharturik prestatu eta onartu badira, betiere ingurumen-eraginaren ebaluazioa egitera legez behartutako proiektuak baimentzeko esparrua ezartzen badute eta arlo jakin batzuei erreferentzia egiten badiete, hala nola lurralde-antolamenduari.

Ildo horretan, adierazi behar da Trapagarango Hiri Antolamenduko Plan Orokorrak Ibarzaharra 01 AI IB RM01 industrialdean (aurrerantzean, Plana) izandako aldaketa egin eta onartzea exijitzen dela Lurzoru eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legean.

Orobat, otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 46.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz, ingurumen-inpaktuaren baterako ebaluazio bat egin behar da; hau da, arauaren I. eranskineko a) letran jasotako planen ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin behar da, eta ebaluatu beharreko plan horien artean daude, besteak beste, ingurumen-efektu nabarmenak izan ditzaketen hiri-antolamenduko plan orokorren aldaketak. Bada, horrelako kasu baten aurrean gaude, ingurumen-inpaktuaren azterketa egin behar zaion proiektu bat baimentzeko marko bat ezartzen baitu Planak.

Halaber, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 17. artikuluan eta hurrengoetan eta Planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzeko urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren 8. artikuluan eta hurrengoetan adierazitakoaren arabera, bai Trapagarango Udalak, organo substantibo gisa, bai Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak, ingurumen organo gisa, beharrezko den guztia xedatu dute Planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura burutu ahal izateko, ingurumen-ikerketa estrategiko baten bidez, zeinaren irismena aurrez ezarri baita, kontsulta publikoen eta ukitutako administrazio publikoen eta interesdunen parte-hartze prozeduraren bitartez.

Planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-ebaluazio estrategikoa egokia dela eta indarrean dagoen araudiari egokitzen zaiola, ingurumen-adierazpen estrategiko hau ematen du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak –organo eskuduna otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta apirilaren 9ko 77/2017 Dekretuaren arabera, zeinaren bidez ezartzen baita Ingurumen eta Lurralde Politika Saileko egitura organiko eta funtzionala–. Adierazpen horretan, ingurumen-arloko alderdiak Planaren proposamenean sartzearen alde egiten da, eta Plana aplikatzeak dakartzan ingurumen-efektu nabarmenen aipamena jasotzen, azkenik onartuko den Planean sartu behar diren azken zehaztapenak sartuta, ingurumen-efektuetarako bakarrik.

Orain arte azaldutakoari jarraikiz, espedienteko txostena aztertu da, eta xedapen hauek guztiak ikusi dira: 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskadiko Ingurumena Babestekoa; 21/2013 Legea abenduaren 9koa, Ingurumen Ebaluazioari buruzkoa; 211/2012 Dekretua, urriaren 16koa, Planen eta programen ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura arautzekoa; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzekoa; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horiek horrela, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Trapagarango Hiri Antolamenduko Plan Orokorrak Ibarzaharra 01 AI IB RM01 industrialdean (aurrerantzean, Plana) izandako aldaketaren ingurumen-adierazpen estrategikoa egitea, honako hauek aipatuta:

A) Trapagarango Hiri Antolamenduko Plan Orokorrak Ibarzaharra 01_AI_IB_RM01 industrialdean izandako aldaketa puntualaren xedea da eremuan araututa dauden erabilpenen zorroztasuna deuseztatzea, plan orokorra idatzi zen garaian bertan garatzen ziren jarduerei erantzuten baitiete. Zehazki, indarrean den plangintzak bertan dauden eraikinak bota eta etorkizuneko garapen industrialetarako beste batzuk eraikitzeko aukera jasotzen du, erabilpen industrialerako betiere.

Beraz, aldaketaren bidez lortu nahi da erabilera bakoitzaren –berezkoen zein bateragarrien– gutxieneko eta gehieneko eraikigarritasunak eta berezko erabilera aldatzea, esparruaren guztizkoari eutsita, eta horiek guztiak Ibarzaharra 01 AI_IB_RM01 industria-eremu mistoan ahalbidetuz. Horrela, berezko erabilera konbinatuko da gainerako erabilera baimendu eta bateragarriekin, eta jarduera bai baino gehiago ahalbidetuko dira, berezko erabilerarenak zein erabilera bateragarrienak. Egungo eraikuntzak sendotu egingo dira, eta, horretarako, eraikin industrial nagusiei atxikitako eraikuntzak eraitsi egingo dira, baita antolamendutik kanpo daudenak ere lerrokadura arauak ez betetzeagatik edo sektoreko bide-komunikazioak oztopatzeagatik. Sestra gaineko gehieneko eraikigarritasuna 45.800 m2-koa da. Aurreikusitako eraikigarritasuna ez da egun dauden pabiloietan agortzen, ia guztiak solairu bakarrekoak, eta, horregatik, egungo eraikinen inguratzailearen barnean beste solairu bat eraikitzea baimenduko da.

Laburbilduz, aldaketarekin proposatutako jarduketak hauek dira:

– Berezko erabilera aldatzea, manufaktura-industriatik (metalurgia eta produktu metalikoen fabrikazioa) biltegia-industria erabilerara.

– Jarduera bat baino gehiago garatzea baimentzea, bai berezko erabilerakoak bai bateragarriak direnetakoak.

– Esleitutako hirigintza-eraikigarritasun guztia berezko erabilerara bideratzera derrigortzen duen mugaketa bertan behera uztea, baimenduta dauden eta bateragarriak diren erabilera guztiekin konbinatzea ahalbidetuz (egungo plangintzak dagoeneko baimendutako erabilerak).

– Eraikitakoaren mantentze eta sendotzea, zona partzialen eraisketarekin.

Aldaketan bide-komunikazioetako sistema orokorrera bideratutako lursailak urbanizatzeko derrigortasuna mantentzen da, tartean BI-745 eta BI-3746 foru aldundiaren errepideak gurutzatzen diren lekuan kokatutako biribilgunearen zati proportzionala.

Eremuko lurzoru pribatuetatik (86.860 m2 guztira), 3.602 m2 foru aldundiaren bide garraioko sistema orokorrera bideratuko dira eta beste 6.632 m2, Granada ibaiaren ibilguaren ondoan kokatutakoak, espazio libreen tokiko sistemari lagako zaizkio.

Planaren aldaketaren eraginpean zuzenean dagoen esparrua ez da Natura 2000 sareko naturagune babestua, ezta inbentarioan sartutako gune babestua edo natura interesekoa ere. Ez da, ezta ere, EAEko Korridore Ekologikoen Sareko egitura-elementua, eta ez du inbentariatutako edo katalogatutako paisaia-baliorik.

Hala ere, Granada ibaiaren ibilgua eremuaren bazterretik igarotzen da. Erreka ia ibilbide guztian dago kanalizatuta harri-lubetak edo hormigoizko murruak erabilita, eta egoera ekologiko eskasean dago.

Planaren aldaketa gauzatuko den lekua Uholde Arrisku Handiko Eremua da (Galindo ES017-BIZ-IBA-02). Horrez gain, planaren aldaketaren esparrua bat dator kutsatuta egon daitekeen lurzoru-partzela batekin (lurzorua kutsa dezaketen jarduerak jasaten dituzten edo jasan dituzten lurzoruen inbentarioko 48080-00066 kodea).

B) Ingurumen-adierazpen estrategiko hau bat dator ingurumen-azterketa estrategikoaren ondorio nagusiekin, eta uste da nahikoa justifikatu dela Ingurumen Administrazioaren zuzendariaren 2018ko maiatzaren 24ko Ebazpenaren bidez emandako irismen-dokumentuan aurkeztutako ingurumen-irizpideak integratzea.

Ingurumen-organo honek emandako irismen-dokumentuan eskatutako sakonera, xehetasun-maila eta espezifikazio-gradua bermatuz egin da Planaren ingurumen-azterketa estrategikoa. Planifikazio-prozesuan ingurumen-eragin posibleak kontuan hartzen direla bermatzeko, uste da nahikoa zorrozki heldu zaiela ingurumen-izapidean adierazitako irizpide guztiei.

C) Plana izapidetzean, ez da gehitu ingurumen-azterketa estrategikoa zabaltzeko eskatzen duen jarduketa berririk, eta ez da atzeman birdefinitu edo kendu behar den Planaren jarduketarik.

D) Indarreko araudiaren arabera hartuko dira neurri babesleak, zuzentzaileak, konpentsatzaileak eta segimenduzkoak, baita hurrengo apartatu hauetan xedatutakoaren arabera eta, aurrekoa galarazten ez dutenetan, ingurumen-azterketa estrategikoan aurreikusitakoaren arabera ere.

Halaber, planaren aldaketak zehaztapen hauek jaso beharko ditu:

– Planaren eremurako aurreikusitako beharrezko jarduera guztiak aintzat hartuko dira, 500 urteko errepikatze-denborako uraldietatik babestu ahal izateko.

– Ingurumen Administrazioaren zuzendariaren 2018ko azaroaren 29ko Ebazpenaren arabera –horren bidez, kokalekuaren lurzoru-kalitatearen adierazpena egiten da–, bateragarria da industria-biltegiaren erabilera berriarekin; halere, eremuan lurrazpiko uren kalitatea aldatu denez, kontuan hartu beharko dira ebazpen horretan urak eta lurzoruak babesteko ezarritako neurriak.

E) Ingurumen-efektuaren jarraipena egiteko plana.

Azterketak ikuskatze-programa egoki bat deskribatzen du, Planaren aplikazio egokia bermatzeko eta, hala badagokio, aurreikusitakoak ez diren beste ingurumen-efektu batzuk antzemateko. Hainbat kontrol proposatzen dira, Planaren esparrukoa den proiektuaren obra-faserako; jarraipen-adierazleen eta atalase-balio jakin batzuen arabera burutu beharreko jarduketa batzuk dira kontrol horiek.

Ezarritako kontrolei gehitu beharko zaizkie Ingurumen Administrazioaren zuzendariaren 2018ko azaroaren 29ko Ebazpenean ezarritako lurrazpiko uren kalitate-kontrolak. Ebazpen horren bidez, kokalekuaren lurzoru-kalitatea adierazten da –Trapagarango udal-mugarteko (Bizkaia) Junkal errepidea 5025–.

F) Planaren ondoriozko planen eta proiektuen ingurumen-ebaluaziorako arau orokorrak.

Planaren ondoriozko planen eta proiektuen ingurumen-ebaluazioan, aintzat hartuko dira lurraldearen baldintzatzaileak eta Ingurumen Administrazioaren zuzendariak 2018ko maiatzaren 24an emandako Ebazpenaren bidez eginiko irismen-dokumentuan adierazten diren ingurumen-irizpideak. Eragina izan behar du, besteak beste, jada artifizialdutako lurzoruen erabileraren lehenespenean, baliabideen erabilera jasangarrian eta lurraldearen gaineko esku-hartzeen paisaia-integrazio egokian.

Proiektua egikaritu ahal izateko materialak induskatu behar badira, indusketa-plan bat idatzi beharko da. Halaber, proiektua egikaritzean, obretako jardunbide egokien eskuliburua ezarri beharko da, eta honako hauek behar bezala egin beharko dira: lurren eta soberakinen kudeaketa, hondakinen sorkuntza eta kudeaketa, induskatutako lurzoruen kontrola, eta airearen kalitatearen eta kalitate akustikoaren babesa.

Era berean, eraikingintza eta eraikuntza jasangarriagoak izan daitezen beharrezko diren ezaugarriei dagokienez, «EAEko Etxebizitzen Eraikigarritasun eta Birgaitze Jasangarriari buruzko Gidaliburuan» jasotako neurriak eta ingurumen-jardunbide egokiak erabiliko dira, eraikinen energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko. Neurri horiek, gutxienez, alderdi hauetan eragin beharko dute:

– Materialak. Lehengai berriztaezinen kontsumoa murriztea.

– Energia. Iturri berriztaezinen bidez sortutako energia-kopurua edo -kontsumoa murriztea.

– Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

– Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

– Atmosfera. Gas, hauts, bero eta argi gutxiago isurtzea.

– Barne-kalitatea. Barne-airearen kalitatea, konforta eta osasungarritasuna hobetzea.

Halaber, Granada ibaiaren ibilguaren alboan kokatutako espazio libreen tokiko sistema diseinatzeko, hauek hartuko dira kontuan: «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua», Udala Sarea 21en lan-koadernoa (20. zenbakia, 2017ko apirilekoa) eta Eusko Jaurlaritzaren «Ibaien eremuko ingeniaritza naturalistikoko tekniken eskuliburua».

Bigarrena.– Plana onartzeko, bi urteko gehieneko epea ezartzen da, ingurumen-adierazpen estrategiko hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik aurrera. Epe hori igarota, proiektua onartu ez bada, ingurumen-adierazpen estrategiko honen indarraldia amaituko da, eta ez da gehiago eraginkorra izango. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du Planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren izapidea, non eta ez den ingurumen-adierazpen estrategikoaren epea luzatzea adosten. Hori guztiori, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 27. artikuluarekin bat etorriz.

Hirugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

Laugarrena.– Ebazpen hau Trapagarango Udalari jakinaraztea.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko urtarrilaren 9a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

IVAN PEDREIRA LANCHAS.


Azterketa dokumentala