Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

199. zk., 2018ko urriaren 16a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA AZPIEGITURA SAILA
5048

AGINDUA, 2018ko urriaren 3koa, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuarena, zeinaren bidez baimena ematen baitzaio partez uko egiteko Euskal Autonomia Erkidegoan hidrokarburoak ikertzeko baimen bati, «Saia» izenekoa; uko-egite hori Euskadiko Hidrokarburo Baltzua SA (SHESA) merkataritza-sozietateak eskatu du.

AURREKARIAK

Lehenengoa.– Abenduaren 4ko 269/2012 Dekretuaren bidez, «Saia» izeneko baimena eman zitzaion Euskadiko Hidrokarburo Baltzua SAri (SHESA), Euskal Autonomia Erkidegoan hidrokarburoak ikertzeko, 49.752 hektareatan. 6 urterako eman zen baimen hura, eta erpinek definitzen dute haren eremuen mugaketa, zeinaren ED50 koordenatu geografikoak jarraian deskribatzen baitira Greenwich meridianoari dagozkion longitudeekin:

(Ikus .PDF)

Bigarrena.– 2017ko abenduaren 15ean sartu zen idazkian, Juan García Portero jaunak, «Saia» ikerketa-baimenaren zuzendari fakultatibo gisa, zeinaren titulartasuna Euskadiko Hidrokarburo Baltzua SAri (SHESA) baitagokio, eskatu zuen borondatez eta partez uko-egitea aipatu ikerketa-baimenari, 44.030,52 hektareako azalerarako. Agiri hauek aurkeztu zituen, hirukoiztuta, eta indarraldiko seigarren urterako konpromiso ekonomiko berriak azalera berrira doitzeko eskatu zuen:

– «Saia» baimenari borondatez eta partez uko egiteko proposamena.

– Jatorrizko baimenaren 1:50.000 eskalako planoa, zeinetan seinalatzen baita zer parteri egiten zaion uko (44.030,52 hektarea) eta zer atxikitzen den (5.721,48 hektarea).

– Justifikazio-memoria, datu hauek dituena:

• Geologian eta geofisikan egindako lanen estatistika, indarraldiko urteen araberakoa, eta eskuratutako emaitzen azterlana.

• Egindako inbertsioen kontabilitate-analisia, indarraldiko urteei dagokiena eta atalka egina: geologia, geofisika eta gastu orokorrak.

• Uko egin aurreko indarraldi osoari dagozkion azaleren kanonaren ordainagiriak.

Hirugarrena.– 2018ko urtarrilaren 30ean eskatu zen eskatzailearen botereari buruzko agiri gehiago aurkezteko, eta baita erdietsitako emaitzen azterlan oso bat ere, hauen bertsio eguneratuenaren konpilazioarekin: agiri geologikoak, txosten paleontologikoak eta geofisiokoak, zulaketa eta ekoizpenari buruzkoak, sekzio sismikoak, diagrafiak, zundaketen fitxak eta ekoizpen-probak, Hidrokarburoen Ikerketa eta Ustiapenari buruzko Legearen 1974ko ekainaren 27ko Erregelamendua onartzeko uztailaren 30eko 2362/1976 Errege Dekretuaren 73. artikuluan xedatu bezala; epean eta behar bezala aurkeztu zituen enpresak agiriok.

Laugarrena.– Uko egiteko arrazoiak teknikoki justifikatu ditu zuzenbideko titularrak; aitzitik, uko-egiteko eskabidearen unera arte eta emandako eremu guztiarentzat, ez du osorik bete ikerketa-konpromiso eta -programa, artikulu hauekin bat: Hidrokarburoen Sektoreari buruzko urriaren 7ko 34/1998 Legearen 34. artikulua; Hidrokarburoen Ikerketa eta Ustiapenari buruzko Legearen 1974ko ekainaren 27ko Erregelamendua onartzeko uztailaren 30eko 2362/1976 Errege Dekretuaren 73.1.9.a) artikulua, eta abenduaren 4ko 269/2012 Dekretua. Horrenbestez, 2018ko uztailaren 5eko memoria teknikoarekin bat, eta 2018ko azkenetan betetzea aurreikusten denez, orduan, eta hala badagokio, itzuliko dira dagozkion abalak, azalera berrirako konpromiso ekonomikoak doitzeko.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Hidrokarburoen Sektoreari buruzko urriaren 7ko 34/1998 Legearen 15. artikuluan arautzen da hidrokarburoen ikerketa-baimenak ematea; 3.3.c) artikuluan ezartzen du autonomia-erkidegoek duten eskumena hidrokarburoak ikertzeko baimenak emateko, haien lurralde-eremuari eragiten dionean, eta 18.2 artikuluan xedatzen da errege-dekretu baten bidez hartuko dela ikerketa-baimena emateari buruzko ebazpena, edo autonomia-erkidego bakoitzak bere lurralde-eremura ezartzen duen moduan.

Bigarrena.– Hidrokarburoen ikerketa-baimenei buruzko eskumenak, besteak beste, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailari dagozkio, bere egitura organikoaren eta funtzionalaren dekretuan xedatutakoarekin bat, Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren Zuzendaritzaren bidez.

Hirugarrena.– Hidrokarburoen Ikerketa eta Ustiapenari buruzko Legearen 1974ko ekainaren 27ko Erregelamendua onartzeko uztailaren 30eko 2362/1976 Errege Dekretuaren 73. artikuluan arautzen da hidrokarburoen ikerketa-baimenei uko-egiteko araubidea, eta, 1.9.d) puntuaren arabera, Industriako ministroaren da horiek ebazteko eskumena, Energiako zuzendari nagusiaren proposamenez. Euskal Autonomia Erkidegoan, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuarena da eskumen hori, Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren Zuzendaritzaren proposamenez.

Laugarrena.– Eskabidea aztertuta, eta, Hidrokarburoen Sektoreari buruzko urriaren 7ko 34/1998 Legearen 34. artikuluarekin, Hidrokarburoen Ikerketa eta Ustiapenari buruzko Legearen 1974ko ekainaren 27ko Erregelamendua onartzeko uztailaren 30eko 2362/1976 Errege Dekretuaren 73. artikuluarekin eta Hidrokarburoen «Saia» ikerketa-baimena emateko abenduaren 4ko 269/2012 Dekretuarekin bat, sail honetako Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren Zuzendaritzaren proposamenez, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Baimena ematea Euskadiko Hidrokarburo Baltzua SAren (SHESA) eskakizunari: partez uko egitea Euskal Autonomia Erkidegoan dagoen hidrokarburoen «Saia» ikerketa-baimenari, zeina abenduaren 4ko 269/2012 Dekretuaren bidez eman baitzen; izan ere, bete dira partez edo osorik uko egiteko uztailaren 30eko 2362/1976 Errege Dekretuaren bidez onartutako Hidrokarburoen Ikerketa eta Ustiapenari buruzko Legearen Erregelamenduan ezarritako bete beharreko baldintzak.

Bigarrena.– «Saia» ikerketa-baimenaren mugaketa geografiko berria ezartzea geoerreferentziazio honekin bat, koordenatu geografikoekin:

(Ikus .PDF)

Hirugarrena.– Konpromiso ekonomiko berrien egokitzapena baimentzea, atxikitako 5.721,48 hektareengan 361.553,85 euroko inbertsioak baimenaren seigarren urtean egin beharko direlarik.

Laugarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea, eta interesdunari eta eskumena duen ministerioari jakinaraztea, uztailaren 30eko 2362/1976 Errege Dekretuaren bidez onartutako Hidrokarburoen Ikerketa eta Ustiapenari buruzko Legearen Erregelamenduaren 77. artikuluan xedatutakoa betetzeko. Hor ezartzen denaren arabera, baimenen eremu iraungiak estatuari leheneratzen zaizkio, eta franko eta erregistragarri bilakatuko dira agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta sei hilera, baldin eta ez badu lehengo erabili indarreko erregelamenduaren 4. artikuluaren 1. apartatuak ematen dion eskumena, hau da, ikerketa bere gain hartzea edo haren esleipena lehiaketara ateratzea.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko urriaren 3a.

Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.


Azterketa dokumentala