Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

47. zk., 2018ko martxoaren 7a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA AZPIEGITURA SAILA
1229

EBAZPENA, 2018ko otsailaren 22koa, Industriako sailburuordearena, zeinaren bidez plazaratzen baita krisi-egoeran dauden enpresak berregituratzeko eta bultzatzeko laguntzen 2018ko ekitaldiko deialdia. Bideratu Berria programa.

2017ko urriaren 17ko Aginduak Bideratu Berria programa arautzen du (2017ko urriaren 24ko EHAA, 203. zk.). Bideratu Berria programaren bidez, arautu egiten ditu krisialdiak jotako enpresak berregituratu eta bultzatzeko laguntzak.

Agindu arautzailearen 10. artikuluan xedatutakoaren arabera, egoki da, krisi-egoeran dauden enpresak berregituratzeko eta bultzatzeko laguntzak emateko, 2018ko ekitaldirako deialdia egitea, eta, horretarako, eman beharreko arau guztiak ematea.

Horrenbestez, aipatutako aginduaren 10. artikuluan xedatutako ahalmena erabilita, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Ebazpen honen xedea 2017ko urriaren 17ko Aginduan xedatutako laguntzen 2018ko ekitaldiko deialdia egitea da; laguntza horiek aurrerakin itzulgarrien eran emango dira (Aginduaren bidez, krisialdiak jotako enpresak berregituratu eta bultzatzeko laguntzak ezartzen dira). Bideratu Berria programa.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Deialdiko laguntzak finantzatzeko, gehienez 2.400.000 euro jarriko dira, abenduaren 22ko 5/2017 Legearen bidez 2018ko ekitaldirako, xede horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorretan onartzen diren aurrekontu-kredituen arabera.

Deialdi honi lotuta emango diren laguntzen zenbateko osoa ez da izango artikulu honetan finkatutako diru-kopurutik gorakoa, edo, indarrean dagoen legeriari jarraituz, kredituen arteko loturarik edo aurrekontu-aldaketarik badago, eguneratutakoan sortutako kopurutik gorakoa. Aipatutako zenbatekoa agortzen bada, ez da diru-laguntza gehiago emango, eta, beraz, handik aurrera, ebazpen honek ez du ondoriorik izango. Horrelakorik gertatuz gero, Industriako sailburuordeak horren berri emango du ebazpen baten bidez.

3. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epeak eta tokiak.

1.– Ebazpen honetatik eratorriko eskabideak, errekerimenduak, jakinarazpenak eta bestelako izapideak bitarteko elektronikoen bidez egingo dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluak xedatutakoaren arabera.

2.– Eskabideak eta erantzukizunpeko adierazpenak bitarteko elektronikoen bidez izapidetzeko jarraibideak eta gainerako ereduak eskuragarri daude egoitza elektroniko honetan: http://www.euskadi.eus/industria. Era berean, espedienterako sarbidea eta eskabidearen osteko gainerako izapideak kanal elektronikoaren bidez egingo dira, helbide honen bitartez: http://www.euskadi.eus/nirekudeaketak

3.– Deialdiko laguntzetarako eskabideak aurkezteko epea ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamuneko 09:00etan hasiko da; amaitu, berriz, 2018ko urriaren 31ko 15:00etan.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENengoa

Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko otsailaren 22a.

Industriako sailburuordea,

JAVIER ZARRAONANDIA ZULOAGA.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala