Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

195. zk., 2017ko urriaren 11, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
4877

3/2017 FORU DEKRETU-ARAUA, ekainaren 20koa, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Araua aldatzen duena jabetza intelektual edo industrialaren ustiapenetik datozen errentak murrizteari dagokionez.

ELGA erakundeak onartutako «BEPS» Planaren esparruan –ingelesezko akronimo horrek barruan hartu nahi ditu nazioartean profil jakinekoak diren hainbat sozietatek arlo fiskalean baliatzen dituzten jardunbide erasokorrak kokatuta dauden jurisdikzioetako zergei dagozkien oinarri zergapegarriak modu artifizialean murrizteko–, ekainaren 20ko 3/2016 Foru Arauak, araudian zenbait aldaketa sartu dituenak Gipuzkoako zerga ordenamendua ELGAren barruan adostutako akordioetara eta Europar Batasunetik datozen zenbait zuzentarau eta epaitara egokitzeko, aldaketa garrantzitsuak sartu zituen nazioartean patent box bezala ezagutzen den araubidean, plan horretako 5. ekintzara moldatzeko. Jabetza intelektual edo industrialaren ustiapenetik datozen errentak murrizten ditu araubide horrek. Esandako planaren 5. ekintzaren helburua da zerga praktika kaltegarriei aurre egitea gardentasuna eta substantzia kontuan hartuta.

Helburu horri begira, 2016ko uztailaren 1etik aurrerako ondorioekin, aipatutako foru arauak aldaketak sartu zituen sozietateen gaineko zergaren foru arauaren 37. artikuluan, haren erregulazioa ELGAren Jardunbide Fiskal Kaltegarriei buruzko Foroan eta ECOFINeko Jokabide Kodea Taldean hartutako akordioetara egokitzeko. Horrela, artikulu horren barruan jarduera substantzialaren irizpidea sartu zuen, «modified nexus approach» deritzona, zeinaren arabera zuzeneko lotura bat exijitzen baita zerga onuraz gozatzen duen sarreraren eta sarrera hori lortzen laguntzen duen gastuaren artean.

Aurrekoarekin bat, eta nazioartean adostutako baldintzen barruan betiere, araubide iragankor bat ezarri zen 2016ko uztailaren 1a baino lehen lagatzen ziren era horretako aktiboei aplikatzeko, eta araubide horrek aukera ematen die zergadunei gehienez bost urtez gozatzeko aldaketa egin aurretik aplikatzen zuten araubideaz.

Nazioarteko bi foro horietan hartu diren akordio osagarri berriak betetze aldera, foru dekretu-arau honen bitartez saihestu nahi da aktiboen sarrera berriak araubide iragankor horretara biltzea 2016ko ekainaren 30eko inguru horretan, jokaera horren helburu bakarra berez ez dagokien zerga tratamendu bat aplikatzea denean.

Horretarako, babes neurri berriak ezartzen dira, eta haien helburua da 2016ko urtarrilaren 1etik aurrera alderdi lotuetatik zuzenean edo zeharka eskuratzen diren aktibo ukiezinei zergadunek ez aplikatzea Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauaren hogeita bigarren xedapen iragankorrean erregulatuta dagoen araubide iragankorra, betiere baldin eta, aplikagarri zuten zerga araubideagatik, eskurapenaren unean aktibo horiek ez bazuten onuretarako eskubiderik.

Kontuan izanik kautela horrek 2016ko zergaldian duela eragina eta sozietate zerga autolikidatzeko epea 2017ko uztailaren 1ean hasiko dela, beharrezkoa da neurria presazko bidetik onartzea.

Alde horretatik, uztailaren 12ko 6/2005 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Erakunde Antolaketa, Gobernu eta Administrazioari buruzkoak, 14. artikuluan xedatzen du presazko arrazoiak daudenean Diputatuen Kontseiluak behin-behineko arau xedapenak eman ahal izango dituela, xedapen berezi horiek foru dekretu-arauak izango direla, eta horiek ezin izango dietela eragin foru organoen antolaketari, araubideari eta funtzionamenduari.

Foru dekretu-arauak Batzar Nagusietan eztabaidatu eta osorik bozkatu behar dira berehala, baliozkotuak izateko.

Horiek horrela, Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuak proposaturik, eta Diputatuen Kontseiluak gaurko bileran eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.– Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Araua aldatzea.

Azken paragrafo bat gehitzen zaio Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauaren hogeita bigarren xedapen iragankorrari, zehazki, eduki hau duena:

«Araubide iragankor hau ez zaie aplikatuko foru arau honen 42. artikuluko entitate lotuetatik 2016ko urtarrilaren 1aren ondoren zuzenean edo zeharka eskuratzen diren aktiboei, baldin eta eskurapenaren unean aktibo horiek ez bazuten murriztapenerako eskubiderik jabetza intelektual edo industrialaren ustiapenagatik.»

AZKEN XEDAPENA.– Indarrean jartzea.

Foru dekretu-arau hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Donostia, 2017ko ekainaren 20a.

Diputatu nagusia,

MARKEL OLANO ARRESE.

Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatua,

JABIER LARRAÑAGA GARMENDIA.


Azterketa dokumentala