Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

68. zk., 2016ko apirilaren 12a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

IRAGARKIAK

Pribatuen iragarkiak

SOCIEDAD PARA LA TRANSFORMACIÓN COMPETITIVA-ERALDAKETA LEHIAKORRERAKO SOZIETATEA, S.A.
1526

IRAGARKIA, Sociedad para la Transformación Competitiva-Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, SA (SPRI) erakundearen Zuzendaritza Nagusiaren 2016ko martxoaren 22ko Ebazpenari buruzkoa, «Renove Maquinaria» 2016 Programa gidatuko duen araudia onartzen duena.

Sociedad para la Transformación Competitiva-Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, SAk, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren menpeko sozietate publikoak, hainbat ekintza egiten ditu Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) industria, lehiakortasuna, enpresen arteko lankidetza, ikerketa eta enpresen garapena sustatzeko.

Zentzu horretan, SPRIk hainbat ekintza garatu ditu enpresen lehiakortasuna hobetu eta ekipoak modernizatzeko eta, bide horretatik, sektorean aplikagarri diren legeriak betetzeko.

Ondorioz, laguntza programa hau diseinatu da makina industrialetan inbertsioak egin daitezen sustatzeko, bide horretatik produkzio ekipamenduak modernizatzeko, eta Segurtasun eta Osasun arloan indarrean dagoen araudiari egokitzeko.

Gorago adierazitako guztiagatik, hauxe

ERABAKITZEN DUT:

Lehenengoa.– Sociedad para la Transformación Competitiva-Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, SAren Administrazio Kontseiluak 2015eko abenduaren 16ko saioan onartutakoarekin bat etorriz:

1.– «Renove Maquinaria» 2016 laguntza programaren araudia onartzea, zeinaren edukia atxikita baitago Ebazpen honen eranskinean.

2.– «Renove Maquinaria» 2016 laguntza programaren araudia onartzen duen Ebazpen hau osorik argitaratzea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

Bilbao, 2016ko martxoaren 22a.

Zuzendari nagusia,

ALEXANDER ARRIOLA LIZARRITURRI.

ERANSKINA
RENOVE MAQUINARIA PROGRAMA

Euskal enpresek lehiakortasuna hobetzeko ahaleginak egiten jarraitu beharra daukate, besteak beste, ekoizpen-prozesuak modernizatuaz, teknologiaren, lan-segurtasunaren, ingurumenaren eta eragingarritasun energetikoaren arloetan. Horregatik, programa hau martxan jartzea erabaki da.

Azaroaren 8ko 31/1995 Legeak, Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzkoak, 5.1 artikuluan xedatzen duenez, prebentzioaren inguruko politikaren helburua izango da laneko baldintzen hobekuntza sustatzea, langileek lanean duten segurtasun eta osasunaren babes maila handituz.

Ildo horretatik, 5.3 artikuluak adierazten duenez, herri administrazioek jarduerak sustatuko dituzte lanean segurtasun eta osasun baldintzak hobetzeko eta laneko arriskuak murrizteko, babes-molde berriak ikertu eta bultzatzeko, eta prebentzio egitura eraginkorrak ezartzeko. Jarraian, aipatutako arauak dio helburu horrekin abiarazten diren programetan araudiaren arabera xedatzen diren pizgarriak eskaini ahal izango direla, eta pizgarri horiek enpresa txiki eta ertainei bideratuko zaizkiela batez ere.

Urriaren 10eko 1644/2008 Errege Dekretuak –makinak komertzializatu eta zerbitzuan jartzeko arauak ezartzen dituenak– helburu du makinak komertzializatu eta zerbitzuan jartzeko manuak ezartzea, euren segurtasuna eta zirkulazio librea bermatzeko, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2006ko maiatzaren 17ko 2006/427EE Zuzentarauan jasotakoaren arabera, zeina makinei eta 95/16/EE Zuzentaraua aldatzeari buruzkoa baita.

Programa honen helburua da industri arloko ETEen produkzio-ekipamenduetan modernizazio maila altua lortzea, ekipamendu horiek laneko segurtasun eta osasun arauei egokitzea eta produktibitatea hobetzea, horrela lehiakortasuna ere areagotuz.

Horren ondorioz, euskal industria-sarea egiazki sustatzeko, eta berariazko jarduketa eta segmentuetan baliabide publikoak aplikatzeko helburuarekin, Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, SA sozietateak (aurrerantzean, SPRI) uste du EAEko ETEetan produkzio-teknologia izateko beharrezko baliabidea dela ekoizpen-gaitasunaren modernizazioa; eta hartarako, prozesua erraztuko duen finantza-laguntza bat jarriko du eskuragarri.

1. artikulua.– Laguntzen xedea eta izaera.

1.– Xedea.

Programa honen helburua da makina industrial berrietan egindako inbertsioak sustatzea, produkzio ekipamenduen modernizazio maila handitzeko eta, era berean, ekipamendu horiek segurtasun eta lan osasunerako arauetara egokitzeko.

Araudi honen bidez finkatzen dira programaren baldintzak eta hartan parte hartzeko prozedura.

2.– Laguntzen izaera:

a) Programa hau gauzatzerakoan eta ebazterakoan, publizitatearen, lehiaren eta objektibotasunaren printzipioak bete behar dira.

b) Programa honek eta bertan arautzen diren laguntzek ez daukate norgehiagoka-printzipioa bete beharrik.

c) Programa honen bidez ematen diren diru-laguntzak itzuli beharrik gabeko fondo galdurako diru-laguntzak dira.

d) Programa honen barruan emandako diru-laguntzek ez dute lotura zuzenik esportatutako kopuruekin, banaketa sare bat sortu eta ustiatzearekin, edo esportazio jarduerarekin lotutako beste gastu arrunt batzuekin.

2. artikulua.– Aplikatzekoa den araudia.

Programa honi araudi hau aplikatuko zaio:

1.– Abenduaren 17ko 698/1991 dekretua, zeinaren bidez arautzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura emandako diru-laguntzen berme eta ordainketen araubide orokorra eta ezartzen baitira berorren kudeaketan parte hartzen duten erakunde kolaboratzaileen baldintzak, erregimena eta betebeharrak.

2.– Legegintzako 1/1997 Dekretua, EAEko Ogasun Orokorraren Printzipio Antolatzaileak ezartzen dituen Legearen Testu Bateratua onartzen duena.

3.– Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra. 13. artikulua eta aplikatzekoa den gainerako guztia (38/2013 Legea).

4.– Europako Batzordearen 1407/2013 Araudia (EB), Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa (EBEO L-352/1).

5.– Azaroaren 27ko 1435/1992 Errege Dekretua, Estatu kideek makinei buruz dituzten legeak elkarren antzeko egiteari buruzko Kontseiluaren 89/392/EEE Zuzentaraua aplikatzeko xedapenak ezartzen dituena.

6.– Prebentzio Zerbitzuen Araudia onartzen duen urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretua eta ondorengo aldaketak.

7.– Makinak merkaturatzeko eta zerbitzuan jartzeko arauak ezartzen dituen urriaren 10eko 1644/2008 Errege Dekretua.

8.– 14/2007 Legea, abenduaren 28koa, Herrialde Txirotuekiko Justizia eta Elkartasunerako Gutunari buruzkoa.

3. artikulua.– Terminoak eta definizioak.

Programa honen ondorioetarako, honako definizio hauek finkatzen dira:

1.– «SPRI». Sociedad para la Transformación Competitiva – Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, SA sozietatearen izen komertziala, Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailari atxikitako sozietate publikoa.

2.– Industria-enpresa. Negozio-bolumenari dagokionez, jarduera ekonomiko nagusitzat izaera industrialeko produkzio-eraldaketa duen entitatea, zeinahi delarik ere haren izaera juridikoa.

3.– Erantzukizunezko aitorpena: ETEaren legezko ordezkariak egindako aitorpena, zeinak puntu hauen berri eman behar baitu:

a) Erakundeko legezko ordezkariaren izen-abizenak eta Nortasun Agiri Nazionalaren zenbakia (NAN) edo Atzerritarraren Identifikazio Zenbakia (AIZ).

b) Erakundearen izena: Identifikazio Fiskalerako Zenbakia (IFZ), baltzuaren helbidea eta eraketa-eguna.

c) Gutxienez jarduera ekonomikoko zentro baten helbidea Euskal Autonomia Erkidegoan izatea, bertan egingo direlarik Laguntza Eskaeran deskribatutako diruz lagundu daitezkeen jarduerak.

d) Laguntza ematen denetik gutxienez hiru urtez, diruz lagundu daitezkeen jarduerak Euskal Autonomi Erkidegoan jarraitzeko konpromisoa.

e) Jarduera Ekonomikoen Zergaren kasuan kasuko epigrafean alta emanda egotea.

f) Egunean egotea Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko zerga betebeharretan, eta baita ere SPRI Taldeko edo/eta Eusko Jaurlaritzako enpresekiko dauzkaten betebeharretan.

g) Aurreko bi ekitaldi fiskaletan eta laguntza eskatzen den ekitaldi fiskalean jasotako minimis laguntzen zerrenda, bertan adieraziz laguntza hori noiz eman zen, zein organismok eman zuen, zein programaren baitan eta laguntzaren zenbatekoa.

h) Proiektu hori bera gauzatzeko beste erakunde publiko zein pribatu batzuei eskatutako edo/eta haiek emandako diru-laguntzak, bertan adieraziz laguntza hori noiz eskatu zen, eta, hala badagokio, zein organismok eman zuen, zein programaren baitan eta laguntzaren zenbatekoa.

i) Enpresako langile-kopurua.

j) Araudi honen 5.2.c artikuluan aurreikusitako egoeraren batean ez egotea.

k) Laneko Arriskuen Ebaluaketa eta Prebentzio Plana egina izatea, bai eta urtero egin beharreko prebentzio-plana ere.

4.– Baimena ematea SPRIri zerga administrazioekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak betearaz daitezen eskatzeko.

Baimena ematea SPRIri ziurtagiriak eska diezazkien Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiari, Zerga Administrazioko Estatu Agentziari eta Araba, Bizkaia nahiz Gipuzkoako Foru Aldundiei, ziurtagiri horien bidez bermatzeko ordezkatutako enpresak zerga administrazioekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak betetzen dituela. Horrela, aurkeztutako laguntza eskaerak aztertu edota ordaindu ahal izango dira, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzazko Dekretuaren 50.3 artikuluari jarraiki, zeinak Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateratua onartzen baitu.

4. artikulua.– Laguntzen gehienezko zenbatekoa eta indarraldia.

1.– Programa hau indarrean egongo da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik 2016ko azaroaren 11ra bitartean, betiere, egun hori baino lehen aurrekontu-funtsak agortzen ez badira.

2.– Programaren helburua dela eta, eta programaren 1.2 artikuluan ezarritakoari jarraiki, laguntzen eskatzaileei ez zaie aplikatuko norgehiagoka-printzipiorik. Programa honen xederako erabiliko diren baliabide ekonomikoak 8.000.000 eurorainokoak dira eta Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, SA sozietatearen 2016rako Aurrekontuetakoak izango dira, zeintzuk sartuta baitaude Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan.

Programarako funtsak agortzen badira, programari amaiera emango zaio, eta horren berri emango du SPRIren zuzendari nagusiak sozietatearen web orrian (www.spri.es) eta EHAAn argitaratuko den ebazpen baten bidez. Nolanahi ere, ez da halakorik gertatuko, programarako aurrekontua berariaz zabaldua izaten bada, eta hori ere argitaratu egingo da SPRIren web orrian eta EHAAn.

3.– Programa honen bitartez lortu nahi da ahalik eta denbora tarte txikiena igarotzea laguntza eskatzen denetik ematen den arte, eta horrenbestez, espedientea osatua dagoenean eta era ordenatuan egingo da esleipena. Laguntzen guztizko zenbatekoa gainditzen duten laguntzei ezezkoa emango zaie, ebazpen baten bidez.

4.– Behin aurrekontu-kreditua bukatuta, ezingo da beste diru-laguntzarik eman eta, hori dela-eta, aurkeztu diren baina ebazteke dauden eskaerak ezetsi egingo dira.

5. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko industria-enpresa txiki eta ertainek (ETE) jaso ahal izango dituzte programa honetan zehaztutako laguntzak.

Enpresa ertain edo txikiek, halakotzat hartzeko, Europako Batzordearen 651/2014 (EB) araudiko I. eranskinean ezarrita dauden baldintzak bete behar dituzte, edo hura aldatu edo ordezten dituzten xedapenak. Eta hauek dira araudi horretan indarrean diren betebeharrak:

– Gutxienez 250 langile dituztenak.

– 50 milioi euro baino gutxiagoko urteko negozio bolumena dutenak edota 43 milioi euro baino gutxiagoko urteko balantze orokorra dutenak.

Langile kopurua, finantza-zenbatekoak eta erreferentziazko epea zehazteko, eranskin horretan xedatutakoa izan beharko da kontuan.

2.– Onuradunek ondoko baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Diru-laguntzaren xede den makineriaren kokaleku izango den jarduera ekonomikoko zentro bat Euskal Autonomia Erkidegoan edukitzea, gutxienez hiru urtez makina instalatzen denetik aurrera.

b) Egunean egotea Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko zerga betebeharretan, eta baita ere SPRI, SA Taldearekiko eta Eusko Jaurlaritzarekiko dauzkaten betebeharretan.

c) Egoera hauetakoren batean ez egotea (ziurtagiriak aurkeztu beharko dira):

Lehenengoa.– Diru-laguntza publikoak lortzeko edota Euskal Autonomi Erkidegoko Administrazioarekin kontratatzeko legezko debekua edo gaitasun gabetzea izatea, horren barruan sartzen direlarik sexu bazterkeriagatik egoera horretan daudenak Emakume eta Gizonen Berdintasunerako Legearen arabera.

Bigarrena.– Laguntzak berreskuratzeko agindu baten menpe egotea, Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta barne merkatuarekin bateraezina dela.

Hirugarrena.– Legegintzako 1/1997 Dekretuaren 50. artikuluko egoeretan eta 13/2003 Legearen 13. artikulukoetan egotea, zeinaren ondorioz ezin baita izan laguntzen onuradun.

Laugarrena.– 200.000 eurotik gorako minimis laguntza bat jaso izana, egungo ekitaldi ekonomikoa eta aurreko biak aintzat hartuta. Onuraduna errepideko garraio-sektorean jardunean diharduen enpresa bada, gehiengo hori 100.000 eurora jaitsiko da. Beste laguntza batzuekiko metatze-arauak Programaren 10. artikuluan daude zehaztuta.

Bosgarrena.– Agintaritza eskudunak egiaztatzea ezen erakunde horrek lehia galarazten, murrizten edo faltsutzen duten jarduerak egiten dituela.

Seigarrena.– Armak egiten, merkaturatzen eta finantzatzen aritzea, betiere abenduaren 28ko 14/2007 Legean, Herrialde Txirotuekiko Justizia eta Elkartasunerako Gutunari buruzkoan, ezarritakoari jarraikiz.

Zazpigarrena.– Oraindik bete gabe izatea edozein administraziotatik edo sektore publikoko edozein erakundetatik jasotako laguntza edo diru-laguntzei dagozkien zenbatekoak itzultzeko betebeharrak. Ezingo dute, halaber, deialdi honetan parte hartu zehapen-prozedura batean zehapen irmo bat jaso dutenek (betiere, laguntza publiko batetik datorren zehapena bada), edo horrelako programetan lehiatzea galarazten duten zehapenak dituztenek, baldin eta zehapena betetzen ari badira. Eskatzailea dirua itzultzeko prozedura batean edo mota horretako zehapen-prozedura baten barruan badago, horren emaitza ikusita emango -edo, hala badagokio, ordainduko- da laguntza.

Zortzigarrena.– Prozedura batean kaudimengabetzat joak izatea, konkurtsoa eskatu izana, konkurtsoan egotea, esku-hartze judizial batean egotea edo Konkurtso Legearen arabera desgaituak izatea, konkurtsoko kalifikazio-epaian finkatutako desgaitze-aldia amaitu gabe egonik.

Bederatzigarrena.– Diru-laguntzen deialdi hau egin aurreko 5 urteetan enpresa edota haren legezko ordezkariak epai irmo baten bidez kondenatuak izatea, laneko osasunaren aurkako delituren bat egiteagatik, eta, halaber, zehapen irmoa jasotzea, arlo horretan arau-hauste administratibo oso larria egiteagatik.

Hamargarrena.– Bere jarduera garatzea sektore hauetakoren batean: (i) arrantza eta nekazaritza, (ii) nekazaritzako produktuen lehen mailako produkzioa, eta (iii) nekazaritza produktuen eraldaketa eta merkaturatzea, 1407/2013 Araudiaren 1.1.c) artikuluan aurreikusitako kasuetan.

Laguntza eta likidazio eskaerak aurkezten diren unean laguntzen onuradun izateko baldintzak bete beharko dira.

3.– Ez dira onuradun izango:

a) Sozietate publikoak, zuzenbide publikoko erakundeak, eta beste edozein enpresa edo erakunde, non partaidetza publikoa gehiengoa baita.

b) Eusko Jaurlaritzako honako eremu hauei dagozkien inbertsio-proiektuak dituzten enpresak: Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila; Enplegu eta Gizarte Politiketako Saila; Ingurumen eta Lurralde Politika Saila; eta Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko Nekazaritza eta Arrantza arloa.

6. artikulua.– Diru-laguntza jaso dezaketen jarduerak.

1.– Makinak erostea diruz lagundu daitekeen jarduera izango da, baldin eta makina horiek badira, batetik, industria-enpresen produkzio-ekipamenduak modernizatzeko, betiere ekipamendu horiek laneko segurtasun eta osasun arauei egokituta, eta, bestetik, produktibitatea hobetzeko, eta, hartara, lehiakortasuna handitzeko.

2.– Iraunkortasun jarraituaren ildotik, makineria berria erosiko da.

7. artikulua.– Gastu hautagarriak.

1.– Honako hauek izango dira gastu hautagarriak: produktuak eta materialak ontziratzeko eta paketatzeko, osagarriak muntatzeko, lehengaiak eta erdilandutako produktuak eraldatzeko, metrologiarako, eta enpresa eskatzailearen ustiapen ekonomikoko produkzio-prozesuetan erabilera automatikoa egiteko erabiltzen diren makina berriak erosteko egindako gastuak. Gastu horiek egiaztatzeko, alderdiek 2016ko urtarrilaren 1etik azaroaren 11ra bitartean (biak barne) onartu behar dute eskaera, eta fakturaren % 10 behintzat, ordaindua izan behar da eta, makineria lantokian martxan jarri behar da, erosi eta, gehienez ere, 12 hilabeteko epean.

2.– Honako zehaztapen eta ezaugarri hauek ere bete beharko ditu:

a) Makineria berriaren erosketa-prezioa, gutxienez, 70.000 eurokoa (BEZa barne) izan beharko da, eta erakunde eskatzailearen ustiapen ekonomikoaren barruan, produkzio-prozesuari lotuta egongo da; horretaz gain, onuradunaren enpresara eraman eta bertan instalatu beharko da.

b) Makineria berria 2016ko urtarrilaren 1etik eta azaroaren 11ra bitartean erosi beharko da (biak barne).

8. artikulua.– Gastu hautagarriei aplikatzeko baldintzak.

1.– Gastu hautagarriak baloratzeko, honako irizpideak izango dira kontuan:

a) Gastu hautagarriek lotura zuzena izango dute programa honen helburu den eta diruz lagundu daitekeen jarduerarekin.

b) Deskontuak eta antzekoak izanez gero, fakturan sartuta egon zein ez, gastua gutxitu egingo da.

c) Gastu hautagarriaren balioespena sortzapen-irizpidearen araberakoa izango da.

d) Eurotan egiten ez den gastu hautagarriaren balioespena eurotara bihurtuko da faktura-dataren eguneko truke tasaren arabera.

e) Gastu hautagarritzat hartuko da fakturari aplikatutako zerga, berreskuratu ezin dena. Kasu horretan, dagokion Foru Aldundiko Ogasun Sailaren ziurtagiri bidez egiaztatuko da baldintza hori.

f) Fakturan aplikatutako Balio Erantsiaren gaineko Zerga ez da inolaz ere gastu hautagarria izango.

g) Eskatzaileak berak edo taldeko enpresaren batek egindako makineria ez da inolaz ere gastu hautagarria izango.

2.– Makineria berria enpresa onuradunean instalatuko da eta enpresako arriskuen ebaluazioan sartuta egon beharko du. Honako zehaztapen eta ezaugarri hauek ere bete beharko ditu:

a) Makineria berriak 2. artikuluko 4., 5. eta 6. paragrafoetan ezarritako xedapen guztiak bete behar ditu.

b) CE marka eduki behar dute makinek. Marka hori ezabaezina, irakurgarria eta argi eta garbi ikusteko modukoa izango da.

c) Makinetarako derrigorrezkoa den «CE» adostasun-aitorpena eduki behar du. Aitorpena eta jarraibide-eskuliburua gaztelaniaz idatzita edota jatorrizko hizkuntzatik gaztelaniara itzulita egongo da.

3.– Inbertsioa finantza errentamenduaren bidez finantzatu ahal izango da, eta diru-laguntza jaso ahal izango du, baldin eta enpresak erosteko aukera gauzatzeko konpromisoa hartzen badu, hain zuzen ere eragiketa egiten duen finantza-erakundearekin.

9. artikulua.– Laguntzen modalitateak eta zenbatekoak.

Programa honen xede diren laguntzak gastu hautagarrien % 15eko diru-laguntzak izango dira, makina berriak erosteko direla egiaztatu ondoren, eta gehienez ere 70.000 euro emango dira erositako makina berri bakoitzeko, eta 100.000 euro, gehienez, enpresa eta urte bakoitzeko.

10. artikulua.– Laguntzak metatzea eta mugak.

1.– Laguntzaren zenbatekoa ez da inola ere izango erakunde onuradunak garatzeko asmoa duen jardueraren kostua baino handiagoa, soilik laguntza hori aintzat hartuta edo edozein administraziok edo horien sektore publikoek xede bererako emandako beste laguntza batzuk gehituta. Beste laguntza publikoak eta programa honen bidez emandakoa aintzat harturik metatutako zenbatekoak gainditu egiten badu kostu hori, murriztu egingo da programa honetan araututako laguntzaren zenbatekoa jardueraren gehiegizko finantzaketa saihesteko behar den neurrian.

2.– Programa hau aplikatuz emango diren laguntzak garrantzi txikikoak edo minimis laguntzak izango dira.

3.– Erakunde onuradun batek jaso dezakeen minimis laguntzaren guztizkoak ezingo du 200.000 eurotik gorakoa izan, indarrean dagoen ekitaldi fiskala eta aurreko biak aintzat hartuta. Onuraduna errepide bidezko garraioaren sektoreko enpresa aktibo bat bada, gehiengo hori 100.000 eurora murriztuko da (horrez gain, laguntza ezingo da erabili merkatu-gaiak errepidez garraiatzeko ibilgailuak erosteko). Hortaz, programa honetan aurreikusitako laguntzak ez dira esleituko, baldin eta esleitutako laguntzak muga hori gainditzen badu hain justu ere onuradunak eskuratutako beste minimis laguntza batzuk erantsi ondoren. Berdin dio laguntza horiek zein administraziok esleitu dituen.

4.– Minimis laguntzak ez zaizkio metatuko Estatuko inongo diru-laguntzari, diruz lagun daitezkeen gastu horiei dagokienez, baldin eta metatze horrek gaindituko balu laguntzaren intentsitatea edo dagokion gehieneko laguntzaren kopurua. Gehieneko kopuru hori kasu bakoitzaren ezaugarri zehatzen arabera dago ezarrita, kategorien araberako salbuespen-araudi baten edo Batzordeak harturiko erabaki baten bitartez.

5.– Aurrez aipatutako muga horiek edo programa honek zehazten dituen beste batzuk gaindituz gero, soberako kantitatea murriztu egingo da programaren arabera emandako zenbatekotik.

6.– Minimis laguntzak emandakotzat joko dira enpresari aitortzen zaionean laguntza jasotzeko legezko eskubidea duela.

7.– Epeka ordainduko diren laguntzak ematen diren momentuan duten balioaren arabera eguneratuko dira.

11. artikulua.– Laguntza eskaera.

1.– Aurreikusitako laguntzak jasotzeko baldintzak betetzen dituzten erakundeek laguntza eskaera egiteko formularioa bete beharko dute, SPRIren http//www.spri.es/maquina web-gunean.

2.– Eskaria inprimatutakoan, erakundea ordezkatzeko adina ahalmen duen pertsonak sinatu beharko du eta erakundeak berak zigilatu ondoren SPRI, SAren egoitzara bidali (Urkijo zumarkalea 36, 4. solairua, Bizkaia Plaza eraikina, 48011 Bilbo).

Laguntza eskaera eta gainerako agiri osagarriak noiz jaso SPRIren bulegoetan (paperezko euskarrian), egun horixe izango da aurkezpenarena.

3.– Erakunde eskatzailearen, bere legezko ordezkariaren eta hala badagokio harremanetarako pertsonaren identifikazio-datuak jaso beharko dira laguntza eskaeran.

4.– Laguntza eskaerarekin batera agiri hauek aurkeztu behar dira:

a) Aplikazio informatikoan dagoen eskaera inprimakia, behar bezala beteta eta sinatuta.

b) Erantzukizunezko aitorpena.

c) Eskabidea sinatu behar duen pertsonaren indarrean dagoen ahalordetzaren fotokopia.

d) Makina berriaren salerosketa kontratuaren kopia, alderdi biek sinatua, faktura edota proformako faktura, alderdi biek onartutako eskaera eta makinen truke eginiko ordainketen bankuko ziurtagiria.

e) Makina berriei buruzko informazioa eskaintzen duten agiriak. 8. artikuluaren 2. paragrafoan adierazitako ezaugarriak betetzen dituztela zehaztuko da.

f) Enpresa eskatzaileak kanpoko erakunde baimendu(ar)ekin prebentzio zerbitzuak hitzartu dituela azaltzen du(t)en ziurtagiria(k), non adieraziko baita egungo hitzarmena(k) indarrean daudela eta zein espezialitatetan hitzartu d(ir)en.

g) Hala badagokio, baimendutako Ikuskaritza Erakundearen Ziurtagiria, non adieraziko baita enpresak egin duela prebentzio sistemaren Arauzko Auditoria eta beraz eguneratuta dagoela.

12. artikulua.– Laguntza-eskaerak aurkezteko epea.

Laguntza eskaerak aurkezteko epea araudi hau Euskadiko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamuneko 09:00etan (penintsulako ordua) hasiko da eta 2016ko azaroaren 11ko eguerdiko 15:00etan (penintsulako ordua) amaituko da.

13. artikulua.– Ebaluaketa eta ebazpen prozedura.

1.– SPRIko Administrazio Kontseiluak 2014ko urtarrilaren 24an hartutako erabakiaren arabera eratu zen Programako Batzorde Exekutiboa zeina Merkataritza Erregistroan inskribatu baitzen. Hala, berea da araudi honen arabera aurkeztutako eskaerak ebaluatzeko eta ebazpenak emateko eskumena, eta horiei buruzko deliberamenduak dagozkion aktan jasota geldituko dira.

2.– Laguntza eskaerak espedienteak osorik daudenean ebaluatuko dira.

3.– Ebazpen epea. Hiru hilabeteko gehienezko epea ezartzen da ebazpena emateko, deialdia ixten den egunetik aurrera. Epe horretan ebazpenik eman ez bada, ezetsi egin dela ulertuko da.

4.– Aipatu ebazpena emandakoan erakunde eskatzaileari jakinaraziko zaio, Batzorde Exekutiboak ebazpena emateko egin duen batzar egunetik zenbatzen hasi eta gehienez ere 20 eguneko epean. Aipatutako epea zenbatzean ez da kontuan hartuko abuztua.

5.– Laguntza ez da emango edo –hala badagokio– ordainduko, makina berria instalatu gabe badago.

14. artikulua.– Laguntzen likidazioa – Ordainketa.

1.– Aldeko ebazpenen kasuan, ordainketak gauzatzeko, enpresa eskatzaileak behar bezala bete beharko ditu «Likidazio-eskaera» izeneko formularioak, programaren web gunean (www.spri.net) horretarako ezarritakoak. Horretaz gain, ordaintzeko eskaera izenpetu, eta SPRIri honako agiri hauek eman beharko dizkio:

– Erositako makina berriaren fakturaren/fakturen kopia.

– Diruz lagun daitezkeen gastuak ordaindu izanaren bankuetako frogagirien fotokopia. Hornitzailearen finantziazioa izanez gero, hark sinatutako idazkia, zeinetan onartzen duen enpresa onuradunari laguntza ordaintzea, nahiz eta makineria guztia kobratu gabe izan.

– Makinaren adostasunezko «CE» aitorpena, gutxienez gaztelaniaz.

– Erakunde Finantzarioaren egiaztagiriaren fotokopia, bankuko kontuaren titulartasuna enpresa onuradunaren izenean dagoela frogatzeko.

Likidazio eskaera eta gainerako dokumentazioa aurkezteko gehienezko epea 15 hilabetekoa izango da, eskaera-inprimakian adierazten den egunetik aurrera. Osalanek egiaztagiria egin ondoren ordainduko da esleitutako diru-laguntza.

Erosketa ziurtagiriak aurkezteko epea betetzen ez bada, automatikoki ezeztatuko da aurrez emandako diru-laguntza.

Diruz lagun daitekeen gastua enpresak laguntza eskaeran aurreikusi duena baino txikiagoa bada, diru-laguntza proportzionalki egokituko zaio proiektua gauzatzeko ezarri den portzentajeari.

2.– Laguntza aldi bakarrean ordainduko da, behin diruz lagunduko den jarduera egin ostean, eta, betiere, aurrez aurkeztu ondoren bai likidazio eskaera, bai inbertsioa nola gauzatu den eta programaren helburuak nola bete diren egiaztatzen duen gainerako dokumentazioa.

3.– Ordainketa egin baino lehen, SPRIk eta Osalanek erakunde onuradunari eskatu ahal izango diote programaren helburua gauzatzearekin lotuta dagoen beste edozein dokumentu.

4.– Laguntzaren ordainketa gehienez ere lau hilabeteko epean egingo da, behin erakunde onuradunak artikulu honetan adierazitako ziurtagiriak eta likidazio-eskaera aurkezten dituenean.

15. artikulua.– Laguntza eta likidazio eskaerak zuzentzea.

1.– Laguntza edota Likidazio Eskaerak ez badaude behar bezala beteta puntu guztietan edo ez bada 11. artikuluan eskatutako dokumentazio osoa ekartzen, SPRIk eta Osalanek 10 egun balioduneko epea emango dio erakundearen legezko ordezkariari akatsa zuzentzeko edo beharrezko agiriak helarazteko. Bestalde, ohartaraziko zaio horrela egin ezean eskaera ukatuko zaiola, eta halaxe jakinaraziko zaio eskatzaileari.

2.– Aipatu epea igaro eta zuzenketarik egin ez bada, Programaren Batzorde Beterazaleak laguntza ukatuko du, ebazpen bidez.

3.– Enpresa onuradunak baliozkotzat joko ditu diru-laguntza eskaeran adierazitako harremanetarako pertsonaren helbide elektronikora SPRIk posta elektronikoz bidaltzen dituen jakinarazpen guztiak.

16. artikulua.– Erakunde laguntzailea eta bere eginkizunak.

Behin eskaera beteta jaso ondoren eta hura tramitatzen hasteko, makineria berriaren ikuskapeneko ziurtagiri teknikoak eskatuko dizkio SPRIk erakunde laguntzaileari.

Programa honen ondorioetarako, Osalan izango da SPRIren erakunde laguntzailea, zeinak eginkizun hauek izango baititu:

a) Agiri teknikoak nahiz laneko segurtasun eta osasunari buruzkoak aztertzea.

b) Makinak ikuskatzea.

c) Ikuskapenei buruzko txostenak egitea.

d) Programaren batzordeetan elkarlanean aritzea.

e) Gerta litezkeen gorabeherak SPRIri jakinaraztea.

Osalan arduratuko da agiri teknikoak nahiz laneko segurtasun eta osasunari buruzkoak aztertzeaz eta makineria ikuskatzeaz. Osalaneko teknikariak enpresara joaten direnean, instalatuta eta martxan egon beharko du makinak, eta enpresako arriskuen ebaluazio-txostenean sartuta.

Makinerian edo agiri teknikoetan hutsuneak ikusten badira, hilabeteko epe bakarra jarriko da programa kudeatzen duen aplikazio informatikoaren bitartez hutsune horiek zuzentzeko, huts horien berri ematen den egunetik aurrera.

Azkenik, Osalanek txosten bat igorriko dio SPRIri ikuskapena egin dela egiaztatuz eta eskakizunak behar bezala bete diren ala ez adieraziz.

17. artikulua.– Erakunde Onuradunen Betebeharrak.

1.– Erakunde onuradunek, 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50. artikuluan aurreikusitakoa betetzeaz gain, honako baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Emandako diru-laguntza onartu behar da. Hartara, diru-laguntza eman izanaren jakinarazpena jasotzen denetik hamabost eguneko epean eta SPRIren aurrean espresuki horri uko egin ezean, ulertuko da erakunde onuradunak laguntza onartu duela.

b) Diru-laguntza programaren xede den jarduerarako erabiltzea.

c) SPRIri uztea programa behar bezala garatzeko beharrezkotzat jotzen dituen egiaztapenak egiten, eta laguntzaren jarduerari eta xedeari buruzko dokumentazioa ematea. Halaber, emandako laguntzaren xede den proiektua gauzatuko dela eta eskatutako baldintzak beteko direla egiaztatze aldera, SPRIk izendatutako langileek premiazkotzat eta komenigarritzat jotako egiaztapen guztiak egin ahal izango dituzte onuradunaren edozein instalaziotan.

d) Faktura osoak gordetzea eta SPRIren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren esku jartzea, bost urtez, laguntza jaso dezaketen gastuak burutzen direnetik aurrera.

e) Laguntzen erabilera fiskalizatzeko eginkizuna betetzen duten aldetik, eskatutako informazioa eman behar zaie Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari.

f) Xede berbererako beste Administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuei eskatutako edo horiek emandako laguntzen eta diru-laguntzen edota beste edozein diru-sarrera edo baliabideren berri eman behar dio berehala SPRIri.

g) Diru-laguntza esleitzeko aintzat hartu den arrazoiren bat aldatu bada, horren berri eman behar zaio SPRIri.

h) Eman programa honetan onartutako diru-laguntzaren jatorriari buruzko publizitate egokia.

18. artikulua.– Laguntzak aldatzea.

1.– Diru-laguntzak emateko baldintzetan edozein aldaketa gertatzen bada eta, edozein kasutan, beste erakunde publiko edo pribatu batzuek emandako laguntzak edo diru-laguntzak edota beste edozein diru-sarrera edo baliabide jaso badira xede berbererako, laguntza esleitzeko Ebazpena aldatu ahal izango da, betiere Programa honetan ezarritako gutxienezko baldintzak betetzen jarraitzen badira.

2.– Halaber, SPRIk luzapen bat eman dezake egin beharreko jarduerak gauzatzeko, baldin eta erakunde onuradunek eskatu eta behar bezala justifikatzen badute, hala izanez gero, dagokion laguntzaren ordainketa ere atzeratu egin daiteke, emandako arrazoiek hala justifikatzen badute.

3.– Gauzatutako ekintzak Laguntza Eskaeran jasotakoak izango dira ezinbestean, nahiz eta Programako Batzorde Betearazleak aukera duen aldaketak baimentzeko, baldin eta onuradunak behar bezala justifikatu baditu jarduerak amaitu aurretik eta Programa honen hasierako helburuak hutsaltzen ez badira.

19. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Ikusiko balitz erakunde onuradunak ez duela bete Programa honetan, diru-laguntzen arloan aplikatzekoak diren gainerako araudi orokorretan eta laguntzen ebazpenean ezarritako baldintzetakoren bat, emandako laguntza eskuratzeko eskubidea galduko du eta SPRIri itzuli beharko dizkio ordura arte kobratu dituen laguntzen diru kopuruak gehi dagozkien legezko interesak, eta behar balitz, legezko jarduketak abiaraziko dira diru kopuru horiek itzul ditzan.

2.– Zehazki, erakundeak laguntza exijitzeko eskubidea galduko du, edo, hala badagokio, jasotako zenbatekoak itzuli beharko ditu, honako kasu hauetan:

a) Programan ezarritako xedea edo programako jardueraren garapena justifikatzeko betebeharrak ez betetzea.

b) Laguntza eskuratzea Programa honetan ezarritako baldintza eta eskakizunak edo laguntza emateak berekin zekartzan baldintzak bete gabe.

c) Programan edo laguntza emateko ebazpenean aurreikusitako kontrol neurriak ez onartzea edo horien garapena oztopatzea.

d) Gastu hautagarriak epe barruan ez justifikatzea edo Programa honetan eta laguntza emateko ebazpenean jasotako eskakizunak ez betetzea.

e) Diruz lagundutako jarduera betetzeko epeak gainditzea, aldatzeko baimena edo luzapena eman ez bada.

f) Proiektua beste zerbaitera desbideratzea edo laguntzak emateko ebazpenean ezarritako beste edozein betebehar ez betetzea.

3.– Bidegabe jasotako zenbatekoak hilabeteko epean itzuli beharko dira, erakundeari horren berri emandako egunetik zenbatzen hasita. Horrez gain, hilabete hori igaro ondoren eragindako legezko interesak ere ordaindu beharko dira.

4.– Halaber, gainfinantziazioa badago ordainketaren ostean beste laguntza batzuk jaso izanagatik, programak helburu duen jardueraren kostua gainditzen duen laguntza zatia itzuli beharko da, 10. artikuluan araututakoari jarraiki. Kasu horretan, itzuli beharreko zenbatekoa zehaztuko da gertaera hori adierazteko eta itzulera erabakitzeko emango den ebazpenean.

AZKEN XEDAPENAK.

Lehenengoa.– Erakunde onuradunek programa honi buruzko sustapen jarduera eta argitalpen guztietan adierazi beharko dute SPRIren laguntza jaso dutela.

Bigarrena.– Abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoari jarraiki, emandako datu guztiak SPRIren (Urkijo Zumarkalea 36, 4. solairua, 48011 Bilbao) ardurapeko «LAGUNTZAK» izeneko fitxategian gordeko dira.

Fitxategi horren xedea da SPRIk diseinatutako edo kudeatutako laguntzen/diru-laguntzen espedienteak kudeatzea. Beharrezko balitz, informazio hori eman ahal izango zaie enpresa kolaboratzaileei, gai honetan eskumenak dauzkan Administrazio Publikoari eta SPRI taldeko enpresei.

Datuak Babesteko Espainiako Agentziari jakinarazi zaio fitxategi hori sortu dela eta datuen erabateko segurtasuna bermatzeko beharrezko diren segurtasun neurri guztiak dauzka.

Gogorarazten dizugu eman dizkiguzun datuetara sar zaitezkeela, eta beharrezko den kasuetan haiek zuzendu, aurka egin edo ezabatu ditzakezula, gorago aipatutako Legeak ezarritako terminoetan, SPRIko Segurtasun Arduradunari idatzizko jakinarazpen bat igorriz lopd@spri.es helbidera.

Hirugarrena.– SPRIren erabakia merkataritza alorrekoa da eta eskuduntza jurisdikzionala epaile eta auzitegi zibilena da. Enpresa onuradunak, eduki dezaketen edozein eskumeni formalki uko eginez, diru-laguntzen programa hau interpretatu edo gauzatzerakoan sor daitekeen edozein auzi, desadostasun, arazo edo erreklamazio konpontzeko Bilboko Justizia Auzitegien esanetara jartzen dira espreski, horiek baitira gai horietan eskuduntza dutenak.

Bilbao, 2016ko martxoaren 22a.

Zuzendari nagusia,

ALEXANDER ARRIOLA LIZARRITURRI.


Azterketa dokumentala