Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

164. zk., 2014ko irailaren 1a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN ETA LURRALDE POLITIKA SAILA
3698

AGINDUA, 2014ko uztailaren 23koa, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuarena, enpresei ingurumena babesteko inbertsioak egiteko diru-laguntzak emateko baldintzak arautzen dituen urriaren 19ko 260/2010 Dekretuan ezarritako diru-laguntzetara biltzeko 2014ko deia egiten duena.

2010eko urriaren 21eko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen urriaren 19ko 260/2010 Dekretua, enpresei ingurumena babesteko inbertsioak egiteko diru-laguntzak emateko baldintzak arautzen dituena. Dekretu horren bidez, indarreko EBko arauak gainditzen dituzten ingurumenaren babes-mailak lortzera bideratutako inbertsioak egitera bultzatu nahi dira enpresak, inbertsio horiei zuzenean lotutako azterlanak barne hartuta eta bereziki kontuan hartuz ekoberrikuntzako proiektuak, berrikuntza babesteko Erkidegoko helburuaren arabera.

Urriaren 19ko 260/2010 Dekretuaren 11. artikuluan xedatutakoaren arabera, urtero, dagokion deialdiaren agindua argitaratuko da, artikuluan bertan ezarritako edukiarekin argitaratu ere. Ildo horretan, agindu honek, aipatutako dekretuan bildutako mandatua betez, honako hauek xedatzen ditu: diruz lagunduko diren lerroak; lerro bakoitzerako aurrekontuko baliabideak; eskabideak aurkezteko epea; eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa; bai eta proiektuko edota produkzio-zentroko emango den gehieneko eta gutxieneko zenbatekoa ere.

2013ko deialdian sartu zen berritasunetako bat prozesu osoa telematikoki izapidetuko dela da; hau da, diru-laguntza eskatzea zein ondoren justifikatzea bide telematikoz besterik ez da egingo. Hori honako hauen babesean: urriaren 19ko 260/2010 Dekretua, ingurumena babesteko inbertsioak egiteko enpresei diru-laguntzak emateko baldintzak arautzeko dena (21. artikulua), eta otsailaren 21eko 21/2012 Dekretua, Administrazio Elektronikoari buruzkoa.

Deialdia telematikoki besterik ez kudeatzeak zenbait aldaketa dakar, hala nola eskaera-inprimakia ez dela Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean publikatuko, egoitza elektronikoan egongo delako eskuragarri, edo zenbait dokumentazio ez dela aurkeztu behar izango.

Agindu honetan arautzen den deialdian, eta aurrekontu-zuzkidura aurreko urte batzuetakoa baino txikiagoa denez, ez da prozedura arruntaren deialdirik egingo. Prozedura sinplifikatuaren deialdia egiten da, eta prozedura horren bidez, ekitaldi honetan, diruz lagunduko dira 260/2010 Dekretuan ezarritakoa betetzen duten inbertsio guztiak, Agindu honen 5. artikuluan zehaztutako mugekin.

Ingurumen eta Lurralde Politika Saileko egitura organiko eta funtzionalarekin bat etorriz, deialdiaren kudeaketa Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzari dagokio. Zuzendaria izango da Balorazio Epaimahaiaren lehendakaria, hark izendatuko ditu, epaimahai hori osatzeko, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailari atxikitako bi funtzionario.

Azkenik, aipatutako urriaren 19ko 260/2010 Dekretuko 13. artikuluaren arabera, urteko deialdiaren aginduan, Ihobe Ingurumenaren Kudeaketarako Sozietate Publikoa, S.A. izendatu ahal izango da, enpresei ingurumena babesteko inbertsioak egiteko diru-laguntzak kudeatzeko; Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren menpeko erakunde laguntzailea da, xedapen hauetan ezarri bezala: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretua eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua.

2014ko deialdiko laguntzen kudeaketa ahalik eta gehien optimizatzeko, agindu honen bidez Ihobe, S.A. izendatzen da erakunde laguntzaile, eta erakunde laguntzaile gisa izango dituen zereginak finkatzen dira.

Horregatik guztiagatik, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 196/2013 Dekretuak esleitutako eskuduntzen eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren arabera, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean zenbatzen hasita.

2. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Eskabideak kanal elektronikoz aurkeztu beharko dira, https://www.euskadi.net/zerbitzu_elkartzea/2014/prot/y22-izapide/eu helbidean. Bertan egongo da eskuragarri eskabide-inprimakia, eta kalkulu-orriaren eredua, erantzukizunpeko adierazpenaren eredua, bai eta eskabidea telematikoki aurkezteko azalpenak ere.

2.– Eskaerari jarraian adierazten den dokumentazioa erantsi beharko zaio:

– Proiektuaren datuen inprimakia.

– Datu ekonomikoen inprimakia (kalkulu-orrian).

– Erantzukizunpeko adierazpena, erakundean botereak dituen pertsonak sinatua.

– Eskabidea erakundearen ziurtagiriarekin barik beste batekin egiten bada, ordezkatzeko ahalorde-agiria aurkeztu beharko da, erantzukizunpeko adierazpenena sinatzen duen pertsonak emandakoa, eta enpresa eratzeko eskriturak.

– Eskabide telematikoa egiten duena ez bada erantzukizunpeko adierazpena sinatzen duena, paragrafo honetako c) atalean aipatutakoa, ordezkaritza-agiri bat erantsi beharko da, web orrian dagoen ereduaren arabera.

– Jarduera-lizentzia, baldin eta instalazioak halakorik behar badu.

– Zerga-betebeharrak betetzen dituela egiaztatzen duen agiria, eta gizarte segurantzako kuotak ordainduta dituela egiaztatzen duena. Ez dira zertan aurkeztu beharko, baldin eta eskabidean eskatzaileak berariaz baimena ematen badu organo kudeatzaileak datuok egiaztatu ditzan.

– Aukeran, eta inprimakiko puntuak argitzeko asmoz, proiektua azaltzeko txosten bat, aurrekontuak edo eskatzaileak nahi duen dokumentazioa aurkeztu ahal izango dira.

3.– Diru-laguntza bat hartu ahal izateko, beharrezkoa da eskatzailea hirugarren interesdun gisa alta emanda egotea Ogasun eta Finantza Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoko datu-basean. Eskatzailea ez badago datu-base horretan eta bertan egotea beharrezkoa bada, tramitazio-aldian organo kudeatzaileak eskatzaileari eskatuko dio bertan alta eman dezala, 10 eguneko epean. Tramite horri buruzko informazioa honako helbide elektroniko honetan dago: http://www.ogasun.ejgv.euskadi.net/r51-341/eu/contenidos/autorizacion/alta_terceros/eu_7999/hirugarrenaren_alta.html

3. artikulua.– Eskabidea zuzentzea.

Diru-laguntzaren eskabidean betetzen ez badira aurreko artikuluko baldintzak edo aplikagarri den berariazko legedian eskatutakoak, interesdunari eskakizuna egingo zaio hamar egun balioduneko epean akatsa zuzentzeko edo aurkeztu ez dituen nahitaezko agiriak eramateko. Era berean, jakinarazi egingo zaio, horrela egiten ez badu, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, horretarako deialdia ebazteko organo eskumendunak ebazpena eman ondoren.

Hain zuzen ere, eta Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak 30. artikuluan ezartzen duenez, jakin baldin badakigu eskatzaileari iritsi zaiola jakinarazpena, baina hamar egun natural geroago oraindik ez baldin bada edukira sartu, ulertuko dugu jakinarazpena ukatu egin duela. Izapidea eginda dagoela ulertuko da eta prozedurak aurrera jarraituko du, non eta ez den garbi geratzen, ofizioz edo interesdunak eskaturik, teknikoki ezinezkoa izan zaiola edukira sartzea.

4. artikulua.– Bazterketak.

Ez dira diruz lagunduko dagokion eskaera aurkeztu aurretik hasitako inbertsioen proiektuak.

5. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen lerroak.

Laguntzak prozedura sinplifikatuaren bidez emango dira, urriaren 19ko 260/2010 Dekretuaren 5. artikuluarekin bat etorriz.

2014ko ekitaldirako, diruz lagun daitezkeen lerro hauen deialdia egingo da:

a) Indarrean diren ingurumen-babeserako arauak gainditzera bideratutako inbertsioen aurretik egin beharreko ingurumen bideragarritasuneko eta bideragarritasun teknikoko azterketak egiteko laguntzak. Lerro horren barruan diruz lagunduko dira, besteak beste:

● Biogasa produzitzeko azterlanak eta hondakindegietan hondakinak tratatzeko instalazioetan hondakinen deskonposizioak sortutako metanoaren oxidazioaren potentziala zehaztea, eta aprobetxatzeko eta/edo berriz erabiltzeko aukerak ebaluatzea.

● Eraikuntzako eta eraispenetako hondakinak balorizatzeko instalazioetatik datozen agregakin birziklatuek honako hauetan nola aplikatu daitezkeen zehazteko azterlanak:

○ Material granular gisa aplikatzea zementu-zorua egiteko, errepideen bide-zoruen geruza estrukturalak eraikitzean, Euskal Autonomia Erkidegoko Errepide Sareko bide-zoruak dimentsionatzeko Arauaren dagozkion eranskinetan ezartzen denez. Arau hori Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko azaroaren 13ko agindu bidez onartu zen.

○ Material granular gisa aplikatzea legar-zementua egiteko, errepideen bide-zoruen geruza estrukturalak eraikitzean, Euskal Autonomia Erkidegoko Errepide Sareko bide-zoruak dimentsionatzeko Arauaren dagozkion eranskinetan ezartzen denez. Arau hori Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko azaroaren 13ko agindu bidez onartu zen.

○ Material granular gisa aplikatzea morteroak eta pozzolana-adreiluak egiteko, kasuan-kasuan aplikatzekoa den arau teknikoan ezartzen den bezala.

○ Material granular gisa aplikatzea hormigoi estrukturala zein ez-estrukturala egiteko, hormigoizko aurrefabrikatuak barne.

● Hondakindegirako edo balio ekonomiko eskaseko erabileretara bideratutako plastiku- eta kautxu-hondakinen erabilera aurreratuak eta baliozko erabilerak bultzatzeko azterlanak (sektore nautikoa, hiriko altzariak, amortiguazioa, piezen estrusioa produktu berriak egiteko...). Azterlan horietan, haiek komertzializatzeko behar diren arau teknikoak jaso beharko dira.

b) Enpresa onuradunari aplikatzekoak diren arauak gainditzen dituen mailako ingurumen-babesa lortzera bideratutako inbertsioak finantzatzeko laguntzak, edo, aplikatzeko araurik egon ezean, ingurumenaren babesa hobetzekoak diren laguntzak. Hain zuzen ere, deialdi honetan, animalienak ez diren errausketa-labeetan sortutako emisio atmosferikoak gutxitzera eta/edo tratatzera bideratutako ekipoetan egiten diren inbertsioak bakarrik lagunduko dira diruz.

c) Ingurumenaren alorreko kanpo aholkularitzako zerbitzuen kanpoko kostuak finantzatzeko ETEentzako laguntzak. Deialdi honetan, hurrengo azpilerroak soilik lagundu ahal izango dira diruz:

c.1.– EMAS Ingurumenaren Kudeaketako Europako Sistemaren Erregistroan inskribatzeko laguntzak, bai aldez aurreko aholkularitza baita ziurtapen-erakundearen kostuak ere.

c.2.– EMAS erregistroa berritzeko laguntzak. Ez da berrikuntzarako laguntzarik emango bulegokoak baino ez diren jardueretarako (bankuak, aseguruak, higiezinen agentziak, aholkularitzak, etab.), ezta erregistroa berritzearekin lotuta ez dauden urteko auditorietarako ere.

c.3.– UNE-EN ISO 14.006 Ekodiseinuko Arauaren, I motako edo III motako ekoetiketen edo karbono-lorratzaren ziurtagiriak ezarri eta egiaztatzeko laguntzak. Ez dira emango bulego jardueren karbono-lorratza kalkulatu eta egiaztatzeko dirulaguntzak (bankuak, aseguru-etxeak, higiezinen agentziak, aholkularitza-agentziak, eta abar).

c.4.– Hondakinen planak idazteko laguntzak, eta, zehazki:

● Eraikuntzako eta eraispenetako hondakinak kudeatzeko plana eraikuntzako eta/edo birgaitzeko lanetan, eraikuntza eta eraispenetako hondakinen eta gremio-jardunbide egokien kudeaketarako planak erredaktatzeko eta ezartzeko eskuliburuaren II. mailaren arabera diseinatuta (Ihoberen web orrian dago eskuragarri eskuliburua).

● Hondakinak prebenitzeko plana metalaren transformazioko, plastikoaren transformazioko, produktu metalikoen eta makineriako sektoreetan, Ekoscan metodoan oinarritua (Ihoberen web orrian dago).

c.5.– Kutsagarriak izan daitezkeen jarduerak izan dituen lurzoruaren kalitatea aitortzeko laguntzak, ikerketa bultzatzen duenak ez duenean zertan hori derrigor egin behar.

6. artikulua.– Diru-laguntzaren zenbatekoa.

1.– Honako hauen arabera zehaztuko da zenbatekoa:

a) Proiektuen inbertsioen zenbateko garbiak.

b) Lerro bakoitzean erabilgarri dagoen aurrekontuaren esleipenaren eta diruz lagundu beharreko proiektuen kopuruaren arteko zatiketa.

2.– Gehieneko zenbatekoak izango dira:

a) Ingurumen-azterketetarako laguntzen kasuan, hamar mila (10.000) euro proiektuko eta/edo produkzio-zentro bakoitzeko.

b) Ingurumen-inbertsioetarako laguntzen kasuan, diru-laguntzak gehienez berrogeita hamar mila (50.000) eurokoak izango dira, proiektuko eta/edo produkzio-zentro bakoitzeko.

c) Kanpo-aholkularitza-zerbitzuetarako laguntzen kasuan, diru-laguntzak gehienez izango dira:

c.1.– EMAS Ingurumenaren Kudeaketako Europako Sistemaren Erregistroan inskribatzeko laguntzak, sei mila (6.000) euro proiektuko eta/edo produkzio-zentro bakoitzeko.

c.2.– EMAS erregistroa berritzeko laguntzak, hiru mila (3.000) euro proiektuko eta/edo produkzio-zentro bakoitzeko.

c.3.– Ekodiseinuko UNE-EN ISO 14.006 Araua, ekoetiketak (I mota edo III mota) edo karbono-aztarna ezartzeko eta ziurtatzeko laguntzak: lau mila (4.000) euro proiektuko eta/edo produkzio-zentro bakoitzeko.

c.4.– Hondakinen planak idazteko laguntzak: bi mila (2.000) euro proiektuko eta/edo produkzio-zentro bakoitzeko.

c.5.– Kutsagarriak izan daitezkeen jarduerak izan dituen lurzoruaren kalitatea aitortzeko laguntzak: hamar mila (10.000) euro proiektuko eta/edo produkzio-zentro bakoitzeko.

3.– Inola ere ez dira gaindituko urriaren 19ko 260/2010 Dekretuan ezarritako gehieneko portzentajeak.

7. artikulua.– Aurrekontu-zuzkidura.

1.– Ingurumena babesteko inbertsioak egiteko enpresei zuzendutako diru-laguntzen deialdi honetarako aurrekontuko diru-dotazioa, guztira, bostehun mila (500.000) eurokoa izango da, honela banatuta:

a) Arauak gainditzera bideratutako inbertsioekin zuzenean lotutako ingurumen-azterlanetarako laguntzak: laurogei mila (80.000) euro.

b) Ingurumenaren babes-maila bat lortzera bideratutako inbertsioak finantzatzeko laguntzak –zeinaren bidez enpresa onuradunak aplikatzekoak zaizkion arauak gainditu ahal izango dituen edo, aplikatzeko moduko araurik izan ezean, ingurumenaren babesa hobetuko den–: hirurehun mila (300.000) euro.

c) Ingurumen arloko kanpo aholkularitza-zerbitzuetarako ETEei ematen zaizkien laguntzen esparruan, ehun eta hogei mila (120.000) euro, honela banatuta:

c.1.– EMAS Ingurumenaren Kudeaketako Europako Sistemaren Erregistroan inskribatzeko laguntzak, hogeita hamar mila (30.000) euro.

c.2.– EMAS erregistroa berritzeko laguntzak: hamabost mila (15.000) euro.

c.3.– Ekodiseinuko UNE-EN ISO 14.006 Araua, ekoetiketak (I mota edo III mota) edo karbono-aztarna ezartzeko eta ziurtatzeko laguntzak: hogeita bost mila (25.000) euro.

c.4.– Hondakinak prebenitzeko planak idazteko laguntzak: hogei mila (20.000) euro.

c.5.– Kutsagarriak izan daitezkeen jarduerak izan dituen lurzoruaren kalitatea aitortzeko laguntzak: hogeita hamar mila (30.000) euro.

2.– Eskabiderik ez dagoelako edo daudenek baldintzak betetzen ez dituztelako adierazitako prozedura edo lerroren baterako esleitutako zenbatekoa agortzen ez bada, soberakina beste esleipen-prozedura edo lerro bati esleitutako zenbatekoari gehitu ahal izango zaio. Horretarako, Ingurumeneko sailburuordeak ebazpena eman beharko du, Balorazio-epaimahaiaren proposamenari kasu eginik, eta aurkeztutako eskaera kopurua kontuan hartuta.

8. artikulua.– Erakunde laguntzailea.

1.– Agindu honetan arautzen diren diru-laguntzak kudeatzeko, Ihobe, S.A. sozietate publikoa entitate laguntzaile izendatzen da, xedapen hauetan ezarri bezala: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onetsi zuen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzazko Dekretuan eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen eta horien kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan.

2.– Ihobe, S.A.k, erakunde laguntzailea den aldetik, funtzio hauek beteko ditu:

a) Aurkeztutako dokumentazioa gainbegiratzea eta, hala badagokio, hutsegiteak zuzentzea proposatzea organo kudeatzaileari.

b) Eskabidea egiten duten pertsonek laguntzak eskuratu ahal izateko ezarritako baldintzak eta betekizunak betetzen dituzten egiaztatzea.

c) Balorazio Epaimahaiarekin lankidetzan aritzea, eskabideak aztertzeko eta ebaluatzeko lan materialetan.

d) Jarduera burutzen den egiaztatzea, eta diru-laguntzaren emakidan azaltzen den helburua betetzen den egiaztatzea.

e) Diru-laguntza jasotzen duten pertsonek eskatutako luzapenak bidezkoak diren ala ez baloratzea.

f) Erakunde onuradunei laguntzak ordaindu aurretik, diruz lagundutako ekintzak egin izana eta ekintzen kostua ziurtatzen duen agiriak egiaztatzea.

g) Ingurumen eta Lurralde Politika Sailari proposatzea diru-laguntzak behar bezala kudeatzeko administrazio-neurriak edo bestelako neurriak har ditzala, pertsona onuradunak agindu honetan ezarritako baldintza eta betekizunak ez betetzeagatik hartu behar direnak barne.

9. artikulua.– Errekurtsoak.

Agindu honen aurka, berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuari, hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 116. artikuluan eta ondorengoetan xedatutakoaren arabera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legean xedatutakoarekin bat.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA.– Balorazio Epaimahaiaren osaera.

Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura aldatu denez, ingurumena babesteko inbertsioak egiteko enpresei diru-laguntzak emateko baldintzak arautzen dituen urriaren 19ko 260/2010 Dekretuaren 14. artikuluan araututa dagoen epaimahaiko kideak honako hauek izango dira: Ingurumen Administrazioaren zuzendaria, epaimahaiburu, eta Ingurumen eta Lurralde Politika Sailari atxikitako bi pertsona funtzionario, bokal biak. Azken horiek Ingurumen Administrazioaren zuzendariak izendatuko ditu.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Aurrekontu baliabideak.

Zenbateko osoa handitu ahal izango da, eskatutako diru-laguntzen guztizko zenbatekoa kontuan harturik, betiere Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren beste laguntza programa batzuk gauzatzean agortu ez den aurrekontu baliabiderik izanez gero, eta laguntzei buruzko ebazpena eman baino lehen. Ingurumeneko sailburuordearen ebazpen bidez emango da horren berri.

AZKEN XEDAPENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko uztailaren 23a.

Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburua,

ANA ISABEL OREGI BASTARRIKA.


Azterketa dokumentala