Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

164. zk., 2014ko irailaren 1a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
3697

AGINDUA, 2014ko abuztuaren 29koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena. Horren bidez, deialdia egiten zaie Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoko itunpeko ikastetxe pribatuekin harreman estatutarioak edo erregelamenduzkoak dituzten federazio eta elkarteei hizkuntza-proiektu batik bat hirueledunak (eta eleanitzak) garatzeko eta, proiektu horiei lotuta, atzerriko hizkuntzako prestakuntza jasotzeko 2014-2015 ikasturtean.

Gogoeta-prozesu baten ondoren, eta hezkuntza-komunitateko eragileek egindako ekarpenak kontuan hartuta, unibertsitateaz kanpoko Irakasleak Etengabe Prestatzeko Prest_Gara Plana abiarazi du Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak, 2014-2017 aldirako. Prest_Gara egitasmoak Sailarentzat lehentasunezkoak diren bost ekintza-ildoak biltzen ditu, deialdi ezberdinen bidez. Hona hemen ekintza-ildo horiek: 1) Eleaniztasunerantz; 2) Sare_Hezkuntza; 3) Aniztasunean batera bizitzen ikasten; 4) «Ikasten ikasteko» eta «izaten ikasteko» oinarrizko gaitasunen garapena; eta 5) Bikaintasunerantz, jardun egokietatik eta ekintzailetasunetik abiatuta.

Deialdi hau aipatutako lehen ekintza-ildoarekin –«Eleaniztasunerantz»– lotuta dago, eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak argi eta garbi egindako apustuari men egiten dio, euskara ardatz nagusi hartuta, hezkuntza batik bat hirueleduna (eta eleanitza), hedatze aldera urratsak ematen jarraitzearen alde, ikasleek derrigorrezko hezkuntza amaitutakoan komunikazio-gaitasun aurreratua lor dezaten euskaraz eta gaztelaniaz, eta nahikoa ingelesez, beren hizkuntza-proiektuetan hala aurreikusten duten ikastetxeetan laugarren hizkuntza batean oinarrizkoa ikasteko aukera alde batera utzi gabe. Euskarak lehentasunezko trataera behar du, beste hizkuntza ofizialaren aldean, gaztelaniaren aldean, desoreka-egoera eta gizarte-gutxiagotasuna jasaten duelako; horrela, euskal hezkuntza-sistemaren helburua da ahalik eta modurik eraginkorrenean laguntzea benetako oreka- eta berdintasun-egoera egon dadin bi hizkuntza ofizialetan gizarte-erabilerari dagokionez. Horregatik, euskal hezkuntzak –hezkuntza batik bat hirueleduna (eta eleanitza), oinarri elebiduna izanik– zeregin orekatzailea betetzen jarraitu behar du euskarazko gaitasunaren alde, bi hizkuntza ofizialak jakiteko eta erabiltzeko aukeretan berdintasun handiagoa eta eraginkorra lortzeko.

Hori guztia honako hauetan jasotako xedapenak betetzeko: 10/1982 Legea, Euskararen erabilera normalizatzeko oinarrizkoa; 1/1993 Legea, Euskal Eskola Publikoari buruzkoa; eta 138/1983 Dekretua, uztailaren 11koa, Hezkuntza eta Kultura Sailarena, Euskal Herriko unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzan hizkuntza ofizialen erabilera arautzen duena; horiek osatzen baitute EAEko hizkuntza-arloko araudia.

EAEko egungo hezkuntza-sisteman badaude atzerriko hizkuntza (nagusiki, ingelesa) irakasteko proiektu eleaniztunak eta hirueledunak. Hauek dira: Eleanitza Proiektua Bigarren Hezkuntzan eta Batxilergoan, eta Hezkuntza Marko Hirueleduna (HMH) Lehen eta Bigarren Hezkuntzan. Azken hori bereziki aipatu behar da, esperimentazio-prozesu bitxia eta gizartean oihartzuna izan duelako; eta lehenengo aldia ebaluatu ondoren (bigarrena bukatzeko zain gaude) nabarmendu behar da esperimentazio horren garrantzia eta hortik sortutako emaitzak, horiei ezker deialdi honek aurrera egin dezakeelako. Ondorioztatu daiteke, grosso modo, curriculumeko ingelesez irakatsitako orduen kopuruak korrelazio sendoa duela ingeles-mailan lortutako aurrerapenekin, eta euskararekin gauza berdin antzekoa gertatzen dela. Halaber, azpimarratzekoa da HMH esperimentazioak ez duela eraginik izan beste gaitasun linguistiko eta ez linguistikoetan. Ingelesean aurreratu da, beste aurrerapenei kalte egin gabe.

Proiektu horietatik ondorio hauek atera ditugu: beharrezkoa dela hobekuntza bultzatzea ikasleen gaitasun linguistikoa atzerriko hizkuntzan, baita eskola-komunitate bakoitza bere testuinguruan kokatzea ere, eta kuantifikatzea zer eragin duten ikasleengan, irakasleengan eta hezkuntza-komunitatean, hasierako egoerarekiko aldaketa hauteman ahal izateko. Horregatik, garrantzitsua da ikastetxeek beren hizkuntza-proiektua izatea, hezkuntza-proiektuaren barruan eta testuinguru soziolinguistikoa kontuan hartuta, metodologia-, prestakuntza- eta antolaketa-alderdiak hizkuntzen tratamendu integratuaren inguruan zehatz ditzan.

Horiek horrela, Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Testu Bateginaren –azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak onartuaren– VI. tituluan ezarritako xedapenekin (Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioaren diru-laguntzak arautzen dira titulu horretan) eta aplikazio orokorreko bestelako xedapenekin bat etorriz, abenduaren 20ko 4/2013 Legeak onartutako kredituak aintzakotzat hartuta aski aurrekontu-izendapen badagoenez (4/2013 Legearen bidez Euskal Autonomia Erkidegoko 2014. urteko Aurrekontu Orokorrak onartu ziren), honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea eta zuzkidura ekonomikoa.

1.– Agindu honen xedea da Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoko itunpeko ikastetxe pribatuekin estatutu- zein erregelamendu-harremanak dituzten erakundeei eta federazioei dei egitea, 2014-2015 ikasturtean, hizkuntza-proiektu batik bat hirueledunak (eta eleanitzak) egin ditzaten, eta, proiektu horiei lotuta, irakasleei atzerriko hizkuntzako prestakuntza emateko.

2.– Agindu honen bidez deitutako diru-laguntzak finantzatzeko, eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-partidaren kontura, 1.332.000 euro bideratuko dira guztira.

3.– Aurreko atalean finkatutako diru-zenbateko osoa handitu ahal izango da, kontuan hartuta egin beharreko eleaniztasuneranzko hizkuntza-proiektuen kopuru osoa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren beste laguntza-programa batzuk gauzatu ondoren geratzen diren aurrekontu-aukeren arabera, eta haiek ebatzi baino lehen, Hezkuntzako sailburuordeak emango duen eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko den ebazpen egokiaren bidez.

2. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Agindu honetan aurreikusitako diru-laguntzei heldu ahal izango diete, baldin eta 4. artikuluko baldintzak betetzen badituzte, itunpeko ikastetxe pribatuekin harreman estatutarioak edo erregelamenduzkoak dituzten federazio edo elkarte guztiek, bai Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe pribatuek bakarrik eratutakoak direnek, bai Estatukoak direnek ere. Estatu osokoak direnek egoitza eduki beharko dute Erkidego honetan, nortasun juridiko eta ahalmen nahikoarekin.

2.– Diru-laguntzak jaso ahal izateko, aurreko atalean deskribatutako erakundeek hiru ikastetxe eduki beharko dituzte gutxienik Euskal Autonomia Erkidegoan, eta itunpeko 50 gela edo gehiago.

3. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.

1.– Deialdi honetan diruz lagunduko da 2014-2015 ikasturtean irakasleek beharrezko hizkuntza-prestakuntza lortzea, dela aurreko esperientziekin lotutako hizkuntza-proiektu hirueledunak eta eleaniztunak garatzen jarraitzeko, dela hizkuntza-proiektu batik bat hirueledun (eta eleanitz) berri bat abiarazteko federazio edo elkarte onuradunekin estatutu- eta erregelamendu-harremana duten ikastetxeetan.

2.– Hau izango da diruz lagun daitekeen hizkuntza-prestakuntza:

– Hizkuntzetan espezialista ez diren irakasleak atzerriko hizkuntzan prestatzea.

– Hizkuntzetan adituak diren nahiz ez diren irakasleen hizkuntza-eguneratzea lortzeko prestakuntza.

– Atzerriko hizkuntzan prestakuntza metodologikoa eta didaktikoa.

3.– Deialdi honen babesean diruz lagundu daitezkeen gastuak egiteko aldia 2014ko irailaren 1ean hasiko da eta 2015eko ekainaren 15ean bukatuko da.

4. artikulua.– Baldintzak eta haien egiaztapena.

1.– Esku hartzen duten ikastetxe bazkideetan abian jarriko den bi urteko aldirako hizkuntza-proiektu batik bat hirueleduna (eta eleanitza) aurkeztea.

2.– Laguntzen onuradun izan ahal izateko, erakunde eskatzaileek honako betebehar hauek bete beharko dituzte.

– Entitate onuradunak ez egotea, zigor-arloko zehapena edo administrazio-zigorra dela-eta, diru-laguntzak edo laguntzak jasotzeko aukera galtzeko egoeran edo horretarako ezgaitzen duten legezko debekuen eraginpean, sexu-diskriminazioagatik zigortutakoak barne, betiere otsailaren 18ko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunaren 4/2005 Legearen arabera eta kasuan kasuko zigorrak ezarritako epean.

– Erakunde eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteta izan beharko dituzte.

3.– Diru-laguntzak eta laguntzak esleitzeko eta, hala behar bada, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaituta egotea itzulketa- edo zehapen-prozedura oro, zehazki, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo horko erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntza edo diru-laguntzengatik hasitakoak eta artean izapidetzen ari direnak.

4.– Eskabideetan, diru-laguntza eskatzen duen federazioak edo elkarteak berariaz adieraziko du onartzen duela gainerako datuak edo agiriak kudeaketa-organoak lortzea edo egiaztatzea, herri-administrazioari dagozkion egiaztatze-, kontrol- eta ikuskatze-eskumenak baztertu gabe.

5.– Laguntzak eskatzen dituzten erakundeek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela automatikoki egiaztatuko du, behar beste aldiz, organo kudeatzaileak, eta horretarako ez du eskatzaileen baimenik beharko, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua aplikatuz.

6.– Eskaeran sartutako erantzukizunpeko aitorpen baten bidez, hauek egiaztatuko dira:

– Ez dela eskuratu helburu bererako inolako diru-laguntzarik, laguntzarik, diru-sarrerarik edo bestelako bitartekorik edozein administrazio zein erakunde publiko nahiz pribatutatik.

– Ez duela administrazio- edo zigor-zehapenik, laguntza edo diru-laguntza publikoak lortzeko aukera kentzen dionik, eta ez duela laguntza horiek jasotzeko legezko debekurik.

– Eskabideko eta harekin batera doan dokumentazioko datuak egiazkoak direla, eta federazioak edo elkarteak betetzen dituela laguntza horiek jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako baldintzak.

– Estatu-esparruko erakundeen kasuan, erakunde eskatzaileak egoitza duela Euskal Autonomia Erkidegoan, nortasun juridikoa eta ahalorde askietsia dituela, bai eta, gutxienez, Euskadin kokatutako hiru ikastetxe ere.

7.– Erakunde onuradunak dokumentuak ez aurkezteko eskubidea du, baldin eta haiek kasuan kasuko prozedurari aplika dakizkiokeen arauek eskatzen ez badituzte, edo administrazio jardulearen eskutan badaude, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 35. artikulua aplikatuz.

Alde horretatik, diru-laguntza eskatzen duen federazioak edo elkarteak ez du aurkeztu behar dokumentazio osagarririk (eskrituraren eta/edo eratze-aktaren kopiarik, diru-laguntza eskatzeko ahalorde askietsiaren dokumentaziorik eta eskatzen duen federazio edo elkartearekin zerikusia duten ikastetxeen zerrendarik), baldin eta dokumentazio hori Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko aurreko deialdietan aurkeztu bada eta aldatu ez bada.

5. artikulua.– Eskaeren aurkezpena.

1.– Eskabideak bitarteko elektronikoak erabiliz aurkeztuko dira; horretarako, 2014ko urriaren 1era arte, egun hori barne epea egongo da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

2.– Eskabide-eredua egoitza elektroniko honetan egongo da eskuragarri: https://www.euskadi.net/ayuda_subvencion/2014/eleaniztasunerantz/y22-izapide/eu

3.– Erakundeek euskaraz nahiz gaztelaniaz aurkeztu ahal izango dituzte eskabidea eta dokumentuak. Era berean, eskatzaileak aukeratutako hizkuntza erabiliko da prozeduran, hala ezarrita baitago azaroaren 24ko 10/1982 Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan (10/1982 Legea, Euskararen Erabilera Normalizatzeko Oinarrizko Legea).

Eskaeraren ondoko izapideak, ematea edo ukatzea ebatzi arte, hala nola justifikazio-izapidea, honako honen bidez egiten dira: https://www.euskadi.net/misgestiones

4.– Eskabideekin batera, ondoko agiriak aurkeztu behar dira:

● Elkartearen edo federazioaren hizkuntza-proiektu batik bat hirueleduna (eta eleanitza); proiektuak honako atal hauek izan beharko ditu, bi urterako proiekzioa kontuan hartuta:

○ Diagnosia: esperientzia hirueledun edo eleaniztunetan duen ibilbidea eta parte hartu duten ikastetxeak, esperientzia horietan parte hartu duten ikasle-taldeak, ikasle horiek diagnosi-ebaluazioetan euskara, gaztelania eta ingelesean izandako emaitzak, eta atzerriko hizkuntzetan Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuko A1, A2, B1, B2, C1 eta C2 mailen baliokideak diren tituluak dituzten irakasleak.

○ Helburu estrategikoak: bi urterako helburuak eta helburu orokorrak, urtez urte banatuta, euskara, gaztelania eta atzerriko hizkuntza zer mailatan ematen diren, taldeak, ikasgaiak eta ordu-kopurua adierazita, bai eta zenbat irakaslek parte hartzen duten ere. Helburu horien artean adierazi behar da, gutxienez, beste arlo edo ikasgai bat (edo ordu-kopuru baliokidea) atzerriko hizkuntzan emango dela, atzerriko hizkuntzako arloaz gain, hizkuntza-proiektu batik bat hirueleduna (edo eleanitza) ezartzen dituen baldintzetan. Irakasleentzat aurreikusitako prestakuntza-jarduerak.

○ Irakasleentzat aurreikusitako prestakuntza-jarduerak.

○ Plangintza eta gauzatzeko egutegia. Garatzeko eta ezartzeko faseak eta denbora-antolaketa.

○ Lehen Hezkuntzatik Bigarren Hezkuntzara edo Bigarren Hezkuntzatik Batxilergora hizkuntza-proiektu batik bat hirueledunari (eta eleanitzari) jarraitasuna emateko estrategiak.

○ Proiektua ebaluatzeko eta emaitzak neurtzeko irizpideak.

○ Eragin-adierazleak: ikastetxe-kopurua, zenbat ikasle-taldetan ezartzen den, parte hartzen duten irakasleen kopurua eta ehunekoa, B1, B2 eta C1 titulazioak lortzen dituzten irakasleen kopurua eta ehunekoa.

● «Laburpen-fitxa» inprimaki normalizatua (I. eranskina), non honako hauek jasotzen baitira: federazio edo elkarte eskatzaileari buruzko datuak; ikastetxe bakoitzean ezarriko den hizkuntza-proiektu batik bat hirueledunari (eta eleanitzari) buruzko oinarrizko datuak; eta aurreikusitako prestakuntza-jarduerak.

● Federazio edo elkarteko hizkuntza-proiektu batik bat hirueleduna (eta eleanitza) nola garatuko den ikastetxean ezartzearen «Deskribapen-fitxa» inprimaki normalizatua (II. eranskina): taula bat, kasuan kasuko elkarteak edo federazioak aurkeztutako eskaeraren bidez parte hartzen duen ikastetxe bakoitzeko.

● «Prestakuntza-jardueren deskribapen-fitxa» inprimaki normalizatua (III. eranskina), non zehazten baitira sareko ikastetxeetan hizkuntza-proiektua garatzeko beharrezkoak diren irakasleentzako prestakuntza-jarduera guztiak.

5.– Ikastetxe jakin batek aldi berean harreman estatutarioak edo erregelamenduzkoak baditu federazio batekin eta elkarte batekin, edo federazio edo elkarte bat baino gehiagorekin, agindu honetatik erator daitezkeen helburuetarako, ikastetxea haietako bakar batekin azalduko da lotua. Horretarako, ikastetxearen legezko ordezkariaren adostasunezko idatzia atxiki beharko da.

6.– Aurkeztutako eskaeran akatsen bat, datu ez-zuzenen bat dagoela edo agiriren bat falta dela ikusten bada, 10 eguneko epea emango zaio eskatzaileari arazoa zuzen dezan.

6. artikulua.– Kudeaketa-organoa.

Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak kudeatuko ditu agindu honetan aurreikusitako diru-laguntzak emateko prozedura.

7. artikulua.– Hautaketa-batzordea.

Hautaketa-batzorde bat eratuko da aurkezten diren eskabideak aztertzeko eta ebaluatzeko, eta hauek osatuko dute batzorde hori:

– Batzordeko buru den Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzako Irakasleen Hobekuntza Zerbitzuko burua.

– Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak izendatutako bi teknikari. Horietako batek idazkari lanak egingo ditu.

– Berritzegune Nagusiko bi aholkulari, hizkuntza-arloan adituak direnak.

8. artikulua.– Aukeraketa-prozedura.

1.– Hautaketa-batzordeak eskaera bakoitza ebaluatuko du agindu honetako IV. eranskinean jasotako baremoa kontuan hartuta. Horretarako, behar diren txosten teknikoak eskatu ahal izango dizkie laguntza-zerbitzuei.

2.– Hizkuntza-proiektu batik bat hirueledunen (eta eleanitzen) artean, baztertuta geratuko dira IV. eranskinean jasotako baremoa aplikatuz lehenengo atalean (proiektuaren balorazioa) 7 puntuko gutxieneko puntuazioa lortzen ez dutenak.

3.– Hautaketa-batzordeak, egindako eskaeren balorazioa kontuan harturik, ebazpen-proposamena prestatuko du, eta Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariari helaraziko dio. Proposamen horretan honako hauek ere jasoko dira: onartuak izan daitezen proposatzen diren hizkuntza-proiektu batik bat hirueledunen (eta eleanitzen) zerrenda eta haietako bakoitzari eman beharreko diru-laguntzaren proposamena. Era berean, baztertutako eskaeren zerrenda eta haiek baztertzeko arrazoiak ere jasoko dira.

9. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoa.

1.– Federazio edo elkarte bakoitzari emandako diru-laguntzaren zenbateko osoak elkarte edo federazioak aurkeztutako hizkuntza-proiektuan jasotako prestakuntza-jardueren kostu osoa estali ahal izango du, honako muga hauekin:

a) Gehienez ere, 100 euro ordainduko dira proiektuan jasotako prestakuntza-jardueretan emandako ordu bakoitzeko. Jarduera emateari egotzitako gastu gisara zenbatu ahalko dira honako hauek: batetik, prestakuntza-jardueraren kostua, prestakuntza ematen duen erakundeak aurkeztutako aurrekontuaren arabera; eta, bestetik, irakaslearen lekualdatze-dietak edo ostatu- edo jan-edanetarako gastuak, prestakuntza-erakundeaz kanpokoa denean eta prestakuntza-saio horiek beharrezkotzat jotzen direnean. Inolaz ere ez dira prestakuntza-jarduerari egotzitako kostutzat joko jardueran parte hartzen duten irakasleen lekualdatze- edo jan-edanetarako gastuak.

b) Ez dira ordainduko eta ez dira kostu moduan hartuko jardueran parte hartzen duten irakasleak ordezteko langileak kontratatzearen ondoriozko gastuak.

c) Hizkuntza-proiektuak eta haietan jasotako irakasleen prestakuntza garatzean beharrezkoa bada material espezifikoak erostea, horregatik ordaindu beharreko kopurua ezingo da izan proposatutako diru-laguntza osoaren ehuneko hogei baino gehiago.

d) Diruz lagundu daitezkeen gastuak honako hauek dira: proiektua zuzentzeko, koordinatzeko, jarraitzeko eta ebaluatzeko gastuak, baldin eta proiektuaren garapenari, ikastetxeetan martxan jartzeari, eta prestakuntza-jarduerei loturik badaude. Zuzendaritza, koordinazioa, jarraipena eta ebaluazioa dela eta, ordu bakoitzeko 25 euroko kostua egotziko zaio proiektuari, gehienez.

2.– Aurrekontu-eskuragarritasunik ez dagoela-eta eskabide guztiei erantzutea ezinezkoa bada, onartutako hizkuntza-proiektu batik bat hirueleduna (eta eleanitza) duen elkarte edo federazio eskatzaile bakoitzari zenbateko bana esleituko zaio, aurreko atalean ezarritakoaz gainera IV. eranskinean jasotako baremoa aplikatu ondoren lotutako puntuak aintzat hartuta, aurkeztutako aurrekontua, itunpeko ikasgelen kopurua, bai eta irizpide hauek ere:

a) Elkarte edo federazio bakoitzak aurkezten duen hizkuntza-proiektua zenbat ikastetxetan garatuko den; partaide izango diren irakasleen ehunekoa, haien kopuru osoari dagokionez; eta zenbat taldetan aplikatuko den.

b) Hizkuntza-proiektua gauzatzean, irakasleak prestatzeko aurreikusten diren jardueren eta haietarako orduen kopuru osoa, hala nola prestakuntza horren xede diren ikastetxeen eta irakasleen ehunekoa, elkarte edo federazio eskatzaileko kide diren ikastetxe- eta irakasle-kopuru osoei dagokienez.

c) Atzerriko hizkuntzan B2 mailako, haren balio bereko edo balio handiagoko titulazioa duten irakasleen ehunekoa.

10. artikulua.– Laguntzak hizkuntza-proiektu batik bat hirueledunak (eta eleanitzak) garatzeko.

1.– Hizkuntza-proiektu bat garatzen duten ikastetxeek kasuan kasuko Berritzeguneko erreferentziazko aholkulari bat izendatuta izango dute, eta hura, elkarteak edo federazioak proiekturako izendatutako pertsonarekin eta ikastetxeko koordinatzailearekin batera, onartutako proiektuaren jarraipena eta ebaluazioa egiteko lanen arduraduna izango da.

2.– Hizkuntza-prestakuntza horretan parte hartzen duten irakasleek lehentasuna izango dute Berritzeguneetako aholkulariek hizkuntzen didaktikaz emandako prestakuntza jasotzeko.

11. artikulua.– Ziurtatzea.

Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak ofizioz ziurtatuko dizkie 30 prestakuntza-ordu deialdi honen babesean diru-laguntzak jaso dituzten hizkuntza-proiektuak batik bat hirueledunak (eta eleanitzak) garatu dituzten ikastetxe elkartuetako irakasleei, baldin eta partaide izan den irakasle bakoitzak proiektuan izandako dedikazioaren ehunekoa eta beharrezko prestakuntza-jardueretan izandako parte-hartzea ikastetxe bakoitzean erabilitako ordu guztien % 80tik gorakoa bada. Horretarako, 2014-2015 ikasturtea amaitutakoan, parte hartzen duten ikastetxeei ahala emango zaie partaide izandako irakasleei buruzko datuak sartzeko aplikazio informatiko honetan: http://www.proiektuak.net/index.php

12. artikulua.– Diru-laguntzen bateraezintasuna.

Agindu honen erregimenaren arabera ematen diren diru-laguntza hauek ez dira bateragarriak beste erakunde publiko edo pribatu batzuek helburu berarekin emandako laguntzekin.

13. artikulua.– Prozedura ebaztea.

1.– Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta sei hileko epean emango du deialdiari buruzko ebazpena.

2.– Ebazpena elektronikoki jakinaraziko zaie entitate interesdunei, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, denek haren berri izan dezaten.

3.– Baldin eta epe horren barruan ez bada ebazpenik ematen, eskabideak ukatu egin direla jo ahal izango da, Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

4.– Ebazpenak ez du administrazio-bidea amaituko, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuordeari, jakinarazpen elektronikoa egin eta hurrengo hilabeteko epean.

14. artikulua.– Entitate onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan ezarritakoaren arabera araututako diru-laguntzak jasotzen dituzten entitateek betebehar hauek izango dituzte:

a) Emandako diru-laguntza onartzea. Alde horretatik, onartutzat joko da, erakunde onuradunak, deialdiari buruzko ebazpenaren jakinarazpen elektronikoa egin eta hamar eguneko epean, diru-laguntzari berariaz eta idazki bidez uko egin ezean.

b) Diru-laguntza zertarako eman den, horrexetarako erabiltzea; hau da, hizkuntza-proiektu batik bat hirueleduna (eta eleanitza) garatzeko eta, proiektu horri lotuta, irakasleak atzerriko hizkuntza batean prestatzeko.

c) Konpromisoa hartzea hizkuntza-proiektuen garapenean ikasitakoa hezkuntza-komunitate osoari helarazteko, EAEko hezkuntza-administrazioak eleaniztasunari buruz antolatutako ikastaroetan, jardunaldietan edo prestakuntza-saioetan.

d) Prestakuntzaren eragina ingelesa ematen den orduetan azalaraztea, handitze horrek inola ere gutxitu gabe A eta B ereduetan euskaraz irakasteko orduen kopurua.

e) Hizkuntza-proiektu batik bat hirueleduna (eta eleanitza) ezartzen den ikastetxe elkartuetan, atzerriko hizkuntzan, eta Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuko mailak kontuan hartuta, B2 mailaren edo B2tik gorako mailaren baten baliokidea den titulazioren bat duten irakasleek proiektuan modu aktiboan parte hartu beharko dutela jasotzea, bertan ezarritakoaren arabera.

f) Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari deialdi honen bidez jasotako diru-laguntzei buruzko informazioa ematea, haiek hala eskatuz gero dagozkien funtzioak gauzatzerakoan.

g) Beste edozein administrazio edo erakunde publiko edo pribatuk helburu bererako emandako diru-laguntzak, laguntzak, dirua edo baliabideak eskuratuz gero, horren berri ematea Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari.

h) Laguntza emateko kontuan hartutako edozer aldatu bada, horren berri ematea Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari.

i) Lankidetzan aritzea Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailarekin prestakuntza-jardueretan parte hartu duten irakasleen jarraipen eta ebaluazioan, bai eta hizkuntza-proiektu batik bat hirueledun (eta eleanitza) guztien eta haiek gauzatzen diren ikastetxeetan daukaten eraginaren ebaluazioan ere.

15. artikulua.– Ordainketa.

1.– Diru-laguntza bi zatitan ordainduko da. Honako aurreikuspen hauen araberakoak izango dira ordainketa horiek:

a) Lehen ordainketa emandako diru-laguntzaren zenbateko osoaren % 34 izango da, eta deialdiari buruzko ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean egingo da, tartean laguntzari berariaz uko egin ezean.

b) Bigarren zatian gainerakoa ordainduko da, erakunde onuradunak 16. artikuluan aipatutako frogagiriak ikasturtea amaitu eta 2015eko ekainaren 15era bitarte aurkeztu ondoren.

2.– Elkarteari edo federazioari, deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzaren kontura, ordaindu beharreko lehen ordainketaren zenbatekoa, edo bigarren ordainketarena, edo bien ordainketena batera, 180.303,63 eurotik gorakoa bada, federazio edo elkarte onuradunak, laguntza jaso aurretik, ordainketak bermatu beharko ditu, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan aurreikusitakoarekin bat etorriz. Dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta haiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen, da eta haien kudeaketan parte hartzen duten Entitate Laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dira (EHAA, 26. zk.a, 1992ko otsailaren 7koa).

16. artikulua.– Laguntzen justifikazioa.

1.– Artikulu honetan aipatutako justifikazio-agiriak bitarteko elektronikoak erabiliz aurkeztu beharko dira honako helbide honetan: http://www.euskadi.net/misgestiones

2.– Erakunde onuradunek, 2014-2015 ikasturtea amaitutakoan, ekainaren 15era arteko epea izango dute hautatuko hizkuntza-proiektu batik bat hirueledunen (eta eleanitzen) garapenari buruzko memoria aurkezteko. Memorian honako hauek jasoko dira:

– Hizkuntza-proiektua zer neurritan gauzatu den parte hartu duten ikastetxeetako bakoitzean, eta hura orokorrean ebaluatzea.

– Zer prestakuntza-jarduera egin diren, eta haietako bakoitzaren txostena, honako hauek adieraziz: edukia, eskainitako plaza-kopurua, parte-hartzaile kopurua eta zenbatek gainditu duten ikastaroa. Era berean, prestakuntza-jarduera bakoitzaren kostu ekonomikoa adieraziko da.

– Hizkuntza-proiektuak ikastetxeetako bakoitzean izandako eraginaren adierazleak: zenbat ikasle-taldetan ezarri den, eta hizkuntzetan izan dituzten emaitzen ebaluazioa, ikasturtearen hasiera abiapuntutzat hartuta; prestatu ondoren, atzerriko hizkuntzetan B1, B2 edo C1 maila dutela frogatzeko proba ofizialetara aurkezten diren irakasleak zenbat diren, eta haien ehunekoa.

– Jasotako diru-laguntza zertarako erabili den azaltzen duen balantze ekonomikoa, eta federazio edo elkarteko organo gorenaren akta, balantze hori onartzen duena.

3.– Diru-laguntza eman den xederako erabili dela egiaztatze aldera, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako Sailak ausaz begiratuko ditu bere ustez beharrezkoak diren gastu-ziurtagiriak, bai eta onuradunei eskatu ere.

17. artikulua.– Jarraipena eta kontrola.

Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak jarraipena egiteko eta kontrolatzeko sistemak ezarri ahal izango ditu, baita beharrezkotzat jotzen dituen datuak eskatu ere; eta hori guztia, onartutako jarduera bakoitzaren helburu eta emaitzak bermatzeko asmoz.

18. artikulua.– Diru-laguntzarako baldintzak aldatzea.

Laguntza emateko kontuan hartutako inguruabarretako bat aldatzen bada, jakinarazi egin beharko da, eta gerta liteke horren ondorioz laguntza emateko ebazpena ere aldatzea.

19. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Laguntzak jaso dituzten erakundeek Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontuen konturako laguntza publikoen erabilgarritasunagatik ezarritako arau-hausteen erregimena bete beharko dute betiere, eta eman eta jasotako zenbatekoa itzuli beharko dute, bai eta aplikagarriak diren legezko interesak ere, honako kasu hauetan:

– Diru-laguntza ez erabiltzea hura eskatu eta eman zenean adierazita zegoen xede espezifikorako.

– Diru-laguntza emateko oinarria izan zen jarduera ez egitea.

– Ez frogatzea diru-laguntza eman zenean zehaztuta zeuden helburuetan erabili dela.

– Oro har, ez betetzea azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren VI. tituluan (EHAA, 1998ko urtarrilaren 19a), Agindu honetan edo emateko ebazpenean jasotako betebeharrak.

2.– Itzulketa egiteko, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorraren pentzutan ordaindu beharreko diru-laguntzen berme eta itzulerei buruzko erregimen orokorra arautzen duen eta haien kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan horretarako berariaz jasotako prozedura erabiliko da, bidezko diren gainerako egintzak alde batera utzi gabe. Kopuru horiek diru-sarrera publikotzat hartuko dira legezko ondorio guztietarako.

20. artikulua.– Datuak babestea.

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoarekin eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin bat etorriz, deialdi honetako parte-hartzaileek baimena ematen dute deialdi hau izapidetzean jasotako datu pertsonalak tratatu eta argitaratzeko. Datuok, bestalde, «19.a, Prestakuntza eta berrikuntza proiektuak» izeneko fitxategi batean sartuko dira, diru-laguntzen deialdi hau kudeatzeko eta deialdira biltzen direnei deialdiaren garapenaren berri emateko. Fitxategi honen arduraduna Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritza da. Datuetara sartzeko, datuak zuzentzeko, ezerezteko eta horien aurka egiteko eskubideez baliatzeko, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzara jo beharko da, honako helbide honetara: Donostia kalea 1 – 01010 Vitoria-Gasteiz.

Era berean, deialdi honen parte hartzen duten lagunek baimena ematen diote Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari, beste erakunde publiko batzuetan, aurkeztutako dokumentuak egiazkoak diren frogatzeko.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Prozedura-gaietan Agindu honek aurreikusten ez duen guztirako azaroaren 26ko 30/1992 Legea aplikatuko da, hau da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legea.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du, eta beraren kontra, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango dute Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarenean hilabeteko epean, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salan bi hilabeteko epean, agindu hau argitaratu eta biharamunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean sartuko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko abuztuaren 29a.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala