Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

164. zk., 2014ko irailaren 1a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
3695

AGINDUA, 2014ko uztailaren 30ekoa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, Unibertsitate aurreko irakasmailetako euskarazko ikasmaterialak sortzeko eta egokitzeko laguntzetara dei egiten duena (EIMA 4).

Hezkuntzaren etengabeko zaharberritzea sustatzeko eta irakas-sistema hobetzeko ardurari eutsiz, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila hainbat ekimen sustatzen ari da. Horietako bat EIMA programa da, euskarazko ikasmaterialen lanketari, edizioari eta zabalkundeari lotutako programa hain zuzen ere.

Egindakoak asko eta ugari badira ere, bada, gaur eta hemen, gordin-gordin nabarmentzen den hainbat beharrizan, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak bertatik bertara erantzun nahi dionik. Horien artekoa litzateke, inolako dudarik gabe, indarrean diren irakasmailetako curriculum-planteamendu berritzaileek euskarazko klase-emankizunean dakartzaten diseinu- eta aplikazio-lanen beharrizana.

Hori lortzeko asmotan, honako laguntza-deialdi honek, euskarazko ikasmaterialen sorkuntza eta egokitzapena sustatu nahi du, landu ostean pasa beharreko egokitasun-azterketa pasa eta gero, ikasmaterial horiek argitara eman, merkaturako bidea hartu eta ikasmaterial-ondarea aberats dezaten.

Hori guztia gogoan izanik, honako hau

EBATZI DUT:
I. KAPITULUA
XEDEA

1. artikulua.– Agindu honen xedea honako hau da: Unibertsitate aurreko irakasmailetako euskarazko ikasmaterialen sortze- eta egokitze-lanei zuzenduriko diru-laguntzak arautu eta horretarako dei egitea.

II. KAPITULUA
DIRU-BALIABIDEAK

2. artikulua.– 1.– Diru-laguntzen deialdirako ehun mila (100.000) euro erabiliko dira. Diru hori Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Nagusietan xede horretarako dagoen aurrekontu sailetik hartuko da.

2.– Aurreko puntuan jarritako diru-zenbateko osoa gehitu egin daiteke, eskatutako diru-laguntzaren zenbateko osoa kontuan hartuz, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren beste diru-laguntza programa batzuetan, eta zenbateko horien ebazpena hartu aurretik, agortu gabeko diru-partidarik balego. Hezkuntzako sailburuordearen ebazpenaren bidez emango da aldaketaren berri.

3. artikulua.– Diru-baliabideen % 30 euskarri digitalean zabaltzekoak diren ikasmaterialetarako gordeko da; gainontzekoa, berriz, euskarri inprimatuan zabaltzekoak direnetarako. Halere, oinarri digitalean argitaratzekoak diren ikasmaterial-proiektuekin % 30 hori osorik erabiliko ez balitz, soberakina % 70eko kupora pasako litzateke

4. artikulua.– Diru-laguntzok bateraezinak dira gainontzeko Herri Aginteek edota erakunde pribatuek helburu bererako ezarria daukaten beste edozein laguntzarekin.

III. KAPITULUA
IKASMATERIALEN BALDINTZAK

5. artikulua.– 1.– Honako laguntza-deialdi honek ikasmaterialen, bai oinarrizkoen bai osagarrien, euskarazko testu idatziaren sorkuntza eta egokitzapena bakarrik hartuko ditu kontuan. Ondorioz, ez dira testu idatzi horien itzulpen-lanak aintzakotzat hartuko, ezta maketazio- eta ilustrazio-lanik ere.

2.– Ikasmaterialek euskaraz idatzita egon beharko dute. Hala ere, beren ezaugarriak eta, era berean, ikasmateriala erabiltzekoa den jakintzagaia gogoan izanik, partez euskaraz eta partez erdaraz egon dauden ikasmaterialak ere bildu ahal izango dute (A ereduan euskara irakasteko metodoak, hiztegi elebidun edo eleanitzak...).

3.– Egokitze-lanei dagozkien ezaugarriak finkatu ahal izateko, honako muga hauek gogoan hartuko dira:

a) Euskara batutik euskalki literario batera zein alderantziz egindako testu-egokitzapenik ez da onartuko.

b) Aurretiaz sortu eta, aldi berean, argitara emandako ikasmaterial baten egokitzapenari curriculum-planteamendu berritzaileen argitan ekin nahi izanez gero, gutxienez bost (5) urte igaro behar izango dira esandako ikasmateriala argitaratu zen urtetik kontatzen hasita.

6. artikulua.– Ikasmaterial esaten denean, honako hau adierazi nahi da: euskarri inprimatuan edo digitalean (Internet, CD-ROM, liburu elektronikoa etab.) argitaratuta egonik, eskola-curriculumaren garapenari eta inplementazioari, eta ikasleei eta irakasleei zuzenduta dagoena.

7. artikulua.– Ikasmaterial baten sorkuntzak edo egokitzapenak, batez ere irakasmaila jakinetan irakasgai zehatz bat jorratzeko beharrezkoak diren ikasmaterialena, ikasmateriala bere osotasunean hartuko du gogoan. Ondorioz, ikasmaterial horren kapitulu solteren bati bakarrik loturiko eskabideak kanpo utziko dira.

8. artikulua.– Honako deialdi hau, landu, argitaratu eta zabaldu ostean, 2015-2016 ikasturtean erabiliko diren ikasmaterialei zuzenduta dago.

9. artikulua.– Ikasmaterialek aurretik finkatutako egutegia izango dute, lanketari, egokitasun-azterketari, argitaratzeari eta zabalkundeari dagokiona. Egutegi hori, Agindu honen 25.2.a) artikuluan aipatzen den Ikasmaterialaren txostena formularioan jasoko dena, honako epeen baitan egongo da edozein kasutan ere:

1.– Landu eta gero, beti ere Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren egokitasun-aitormenari dagokionean, ikasmateriala aurkezteko aurre ikusitako eguna 2015eko apirilaren 24a baino lehenago izango da.

2.– Argitaratzeari eta zabalkundeari dagokienez, aurre ikusitako data, beti ere, 2015eko irailaren 15a baino lehenago izango da.

10. artikulua.– Ez dute biltzerik izango laguntza-deialdi honetara diruz lagundu nahi diren ikasmaterialak argitaratzeko eta merkaturatzeko konpromiso finkorik gabe lan-talde batek aurkezturiko eskabideak. Konpromiso hori, Agindu honen 25.2.c) artikuluan aipatzen dena, idatzita eta sinatuta egongo da. Honako honek sinatuta: landutako ikasmateriala eskuratu eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak hizkuntzaren ikuspegitik onartu ostean edizioaz eta komertzializazioaz arduratze aldera lan-taldeko pertsona fisikoak harremanetan jarri diren enpresaren, elkartearen edo fundazioaren legezko ordezkariak hain zuzen ere.

Eskatzailea enpresa, elkarte edo fundazioa denean, argitaratze-konpromiso hori inplizitutzat joko da.

11. artikulua.– Honako laguntza-deialdi honetara biltzen diren ikasmaterialen sorkuntza edo egokitze proiektuek indarrean dagoen curriculumera egokitu behar dute.

12. artikulua.– Honako laguntza-deialdi honen bidez sortu edo egokitu nahi diren ikasmaterialek Unibertsitate aurreko irakasmailei, bai araubide orokor irakasmailei bai araubide berezikoei, zuzendurik egongo beharko dute.

13. artikulua.– Honako laguntza-deialdi honetara biltzen diren proiektuek honako arlo hauetakoren bati lotuta beharko dute:

1.– Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Lanbide Heziketako prestakuntza zikloetako edota Batxilergoko jakintzagai bati (derrigorrezkoa nahiz aukerakoa) loturiko ikasmaterialaren edo jakintzagai desberdinei buruzko produktu globalizatu edo diziplinarteko baten sorkuntzari edo egokitzapenari dagokion proiektuak.

2.– Zehar-lerro bati buruzko ikasmaterialak sortzeko edo egokitzeko proiektuak.

3.– Ebaluaziorako, orientabiderako eta aniztasunari erantzuteko ikasmaterialak sortzeko edo eta egokitzeko proiektuak. Ikasmaterialak ez ezik, ikasleen ezaugarri psikologikoen neurketa eta diagnosirako balio dezaketen bestelako materialak ere hartuko dira kontuan esparru horren barruan.

4.– A ereduko ikasleentzat eta haien irakasleentzat euskara i(ra)kasteko ikasmaterialak sortzeko edo egokitzeko proiektuak.

5.– Helduen Hezkuntzan erabiltzekoak diren ikasmaterialak sortzeko edo egokitzeko proiektuak.

6.– Aukerako Hezkuntza Jarduera lantzeko ikasmaterialak sortzeko edo egokitzeko proiektuak.

7.– Musika-irakaskuntzan erabiltzeko diren ikasmaterialak sortzeko edo egokitzeko proiektuak.

8.– Hezkuntza Berezian erabiltzekoak diren ikasmaterialak sortzeko edo egokitzeko proiektuak.

9.– Curriculumaren euskal dimentsioa lantzera datozen ikasmaterialak sortzeko edo egokitzeko proiektuak.

10.– Berariazko hezkuntza-premiak dituzten ikasleei zuzendutako ikasmaterialak sortzeko edo egokitzeko proiektuak.

14. artikulua.– Ikasmaterialek 4/2005 Legeak, otsailaren 18koak, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerakoak, bere 30. artikuluan finkatutakoa bete beharko dute.

IV. KAPITULUA
ONURADUNAK

15. artikulua.– Honako hauek izan daitezke laguntza jasotzaile:

1.– Euskarazko ikasmaterial bat sortu edo egokitu nahi duten entitateak (enpresa, elkarte edo fundazio). Hots, legearen argitan eratuta egon eta dagokion agiri akademikoen jabe diren pertsonez osatutako lan-talde baten ordezkaritza duten entitateak.

2.– Dagokion agiri akademikoaren jabe izanik, lan-taldea osatu eta euskarazko ikasmaterial bat sortu edo egokitu nahi duten pertsona fisikoak.

16. artikulua.– 1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo Erakunde Autonomiadunek ezaugarri bereko beste laguntza edo diru-laguntzaren batzuk eman izana dela-eta horiek itzultzeko edo zigortzeko prozesuren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, prozesu hori amaitu egin beharko da onuradun diren pertsona fisiko eta entitateei diru-laguntzak eman eta ordaindu ahal izateko.

2.– Halaber, zigor- edo administrazio-arloko zigorra jaso duten pertsonek edo erakundeek, horren ondorioz, diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galdu badute edo horretarako ezgaitzen duen lege-debeku baten eraginpean badaude, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera sexu-diskriminazioan erori izanagatiko lege-debekuak barne, ezin izango dute Agindu honetan araututako diru-laguntzen eta laguntzen deialdietara aurkeztu, zigorrak ezarritako aldian.

17. artikulua.– Diru-laguntza eskatzen duten entitate eta pertsona fisikoek honako baldintzak bete beharko dituzte:

1.– Lan-talde bakoitzak bi (2) kide izango ditu gutxienez, eta gehienez hamar (10).

2.– Lan-taldearen osaerari dagokionez, lan-taldeko kideetako batek gutxienez klase-emankizunean ibili beharra du irakasle modura. Irakasle diren kideek ikasmaterialak sortzeko edo egokitzeko berariazko hizkuntza-prestakuntza jaso ahal izango dute IRALE programaren bidez. Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari adskribitutako irakasle ez unibertsitarioen kidegoko pertsonaren edo pertsonen irakasle-izaeraren egiaztapena, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoan itundutako irakaskuntzan edo irakaskuntza pribatuan ari diren irakasle ez unibertsitarioena ere, era automatikoan egingo da. Egiaztatze horri kudeaketa-organoak ekingo dio. Gainontzeko kasuetan, egiaztatze hori administrazio-ziurtagiri bat aurkeztuz egingo da.

3.– Lan-talde bakoitza osatzen duten pertsonak zehazte aldera, zera ulertuko da lan-taldeko kidetzat: ikasmaterialaren sorkuntzan edo egokitzapenean zuzen-zuzenean ari den pertsona, beti ere 5. artikuluan finkatutako mugen baitan.

4.– Lan-talde bakoitzeko kideek arduradun bat izendatuko dute, beren artetik, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailarekin izan beharreko harremanetan solaskide gisa aritzeko. Nolanahi ere, lan-talde bateko kideak argitaletxe, elkargo edo fundazio batentzat ari direnean, delako argitaletxe, elkargo edo fundazio horretako ordezkari bat izan daiteke lan-taldearen arduradun.

5.– Lan-taldea osatzen duten pertsonetatik inork ere ez du deialdi honetara bildutako ikasmaterialaren garapenean aurre ikusitako denbora eta langintzaren ehuneko (% 70) hirurogeita hamar baino gehiago bereganatzerik.

6.– Ikasmateriala sortu edo egokitu nahi duen lan-taldeko kideek EGA agiriaren, irakasleen bigarren hizkuntza eskakizunaren (HE2) edo baliokideren baten jabe izan beharko dute, euskarazko ikasmateriala behar den garantiaz sortu edo eta egokitu ahal izateko.

Deialdi honen helburuetarako, aurreko agirien baliokidetzat hartuko da unibertsitatean eskolak euskaraz emateko Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) luzatzen duen agiria edota Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU) gutxienez bost (5) urtean eskolak euskaraz ematen aritu izana. Euskararen ezagutzaren eta menperatzearen egiaztapena honako agindu honetako 25.1.1.b) eta c), eta 25.1.2.c) eta d) artikuluan aipaturiko agiriak aurkeztuz egingo da.

7.– Laguntza-deialdi honetara biltzen den enpresa, elkarte edo fundazio orok legearen argitan eratuta egon beharra dauka. Diru-laguntza eskatzen duen entitatearen (enpresa, elkartea edo fundazioa)legezko eraketari dagokion egiaztatzea Agindu honen 25.1.2.a) artikuluan zehaztutakoaren arabera egingo da.

8.– Diru-laguntza eskatzen duten pertsona fisikoek eta entitateek zergarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean izatea. Betebeharren egiaztatzeaz deialdiaren kudeaketa-organoa arduratuko da, diru-laguntza eskatzen duten pertsona fisikoei eta entitateei baimena eskatu gabe. Aurreko hori, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina ezarriz egingo da.

Zergak Nafarroako Foru Erkidegoko Ogasunean ordaintzen dituzten pertsona fisiko eta entitateek zergak egunean dituztela ziurtatzeko agiria aurkeztu beharko dute.

9.– Diru-laguntza eskatzen duten pertsona fisikoek eta entitateek Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2. artikuluan zehaztutako betebeharrak gordeko dituzte.

V. KAPITULUA
ESKABIDEAK AURKEZTEKO MODUA ETA EPEA

18. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean hasi eta handik zenbatzen hasita 16. egun naturalaren eguerdiko 12:00etan amaituko da.

19. artikulua.– 1.– Interesdunek bitarteko elektronikoz egin behar izango dituzte eskabidea, kontsultak eta prozedura honetako izapide guztiak; salbuespen bakarra 40.3. artikuluan jasotakoa da.

2.– Tramitazio elektronikoa egin ahal izateko laguntza eskatzaileek dagokien ziurtagiri elektronikoa izan beharko dute.

3.– Prozedura elektronikoa honako legeriak araututa dago: Administrazio Elektronikoari buruzko 2012ko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak eta Informatika eta Telekomunikazioko Zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Erabakiak (E-Administrazioarentzat -PLATEA- Plataforma teknologikoa onartu zuena).

20. artikulua.– 1.– Eskabideak modu elektronikoan aurkeztuko eta tramitatuko dira Euskadi.net atariko Egoitza elektronikoan:

https://www.euskadi.net/diru_laguntza/2014/eima-4/y22-izapide/eu

2.– Eskabideak eta gainontzeko agiriak nola izapidetu behar diren azaltzeko zehaztasunak aurreko puntuan adierazitako helbidean daude eskuragarri.

3.– Eskabidea egin osteko izapidetzak (kontsultak, agiriak eman...), 40.3. artikuluan jasotakoa salbu, honako honetatik egingo dira: https://www.euskadi.net/niregestioak.

21. artikulua.– Aurkeztu daitekeen eskabide kopurua diru-laguntza eskatzailearen izaeraren araberako izango da:

a) Pertsona fisikoz osatutako lan-taldea denean, gehienez hiru (3) eskabide egin ahal izango dira.

b) Entitatea (legez eratutako enpresa, elkarte edo fundazioa) denean, gehienez hamabi (12) eskabide egin ahal izango dira.

22. artikulua.– Diru-laguntza eskatzen duten pertsonek eta entitateek Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialetatik nahi dutena erabil dezakete eskabidea eta honi erantsitako agiriak aurkezteko. Ondorioz, aukeratutako hizkuntza erabiliko da prozeduran, azaroaren 24ko 10/1982 Legeak, Euskararen Erabilera Normalizatzeko Oinarrizko Legeak, bere 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritako moduan.

23. artikulua.– Diru-laguntza eskatzen duten pertsona fisikoek eta entitateek berariazko baimena ematen diote kudeaketa-organoari, honek, gainontzeko datuak eskura edo egiazta ditzan. Hori guztia, Euskal Autonomia Erkideko Administrazio Orokorrak esleituak dituen egiaztapen-, kontrol- eta ikuskaritza-ahalmenei kalteri egin gabe egingo du. Honako agiri hauek hain zuzen ere:

1.– Pertsona fisikoei dagokionez:

a) Lan-taldea osatu eta diru-laguntza eskatzen duten pertsona fisikoen NAN.

b) Lan-taldea osatu eta diru-laguntza eskatu duten pertsona fisikoen kidegoa: Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari adskribitutako irakasle ez unibertsitarioen kidegoa edo Euskal Autonomia Erkidegoan itundutako irakaskuntzan edo irakaskuntza pribatuan ari diren irakasle ez unibertsitarioen kidegoa. Kidegoaren berri izate horren bidez pertsona horiek irakas jardunean duten partaidetza, hizkuntza-gaitasuna eta gaitasun akademikoa ezagutuko da.

c) Lan-taldea osatu eta diru-laguntza eskatu duten pertsona fisikoen unibertsitate-agiriak, baldin eta pertsona horiek irakaskuntzan ari ez badira edo, aritzekotan, Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo ari badira.

d) Lan-taldea osatu eta diru-laguntza eskatu duten pertsona fisikoen hizkuntza-gaitasunaren egiaztatzea baldin eta pertsona horiek irakaskuntzan ari ez badira edo, aritzekotan, Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo ari badira.

2.– Entitateei dagokienez:

a) Diru-laguntza eskatzen duten entitatearen (enpresa, elkartea edo fundazioa) legezko ordezkariaren NAN.

b) Laguntza-eskabidea egin duen entitatearen esanetara ikasmateriala sortu edo egokituko duten pertsona fisikoen kasuan, pertsona horien kidegoa: Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari adskribitutako irakasle ez unibertsitarioen kidegoa edo Euskal Autonomia Erkidegoan itundutako irakaskuntzan edo irakaskuntza pribatuan ari diren irakasle ez unibertsitarioen kidegoa. Kidegoaren berri izate horren bidez pertsona horiek irakas jardunean duten partaidetza, hizkuntza-gaitasuna eta gaitasun akademikoa ezagutuko da.

c) Laguntza-eskabidea egin duen entitatearen esanetara ikasmateriala sortu edo egokituko duten pertsona fisikoen unibertsitate-agiriak, baldin eta pertsona horiek irakaskuntzan ari ez badira edo, aritzekotan, Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo ari badira.

d) Laguntza-eskabidea egin duen entitatearen esanetara ikasmateriala sortu edo egokituko duten pertsona fisikoen hizkuntza-gaitasunaren egiaztatzea baldin eta pertsona horiek irakaskuntzan ari ez badira edo, aritzekotan, Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo ari badira.

24. artikulua.– Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina aplikatuta, diru-laguntza eskatzen duten lan-taldeek, pertsona fisikoz osatutakoek, eta entitateak Ikasmaterialaren txostena formularioan jasotako erantzukizunpeko adierazpenaren bidez honako baldintza hauek egiaztatuko dituzte:

1.– Administrazio Publiko edo entitate pribaturen batetik xede eta helburu berari zuzenduriko diru-laguntzarik jaso ez izana eta jasotzen ari ez direla.

2.– Administrazio Publiko edo entitate pribaturen bati xede eta helburu berari zuzenduriko diru-laguntzarik eskatu ez izana.

3.– Diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren zigor edo administrazio-arloko zigorrik ez izatea, ezta laguntza horiek jasotzeko ezgaitzen duen lege-debekuen eraginpean egotea ere, beren beregi Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeko azken xedapenetako seigarrenaren arabera sexu-diskriminazioa egin izanagatiko lege-debekuen eraginpean.

4.– Eskabidean zein eskabideari erantsitako agirietan bildutako datuak egiazkoak direla.

5.– Diru-laguntza hauen onuradun izateko indarrean dagoen legediak ezarritako baldintzak betetzen dituztela.

6.– Indarrean dauden xedapenek ezartzen dituzten zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, arauz zehatzen den bezala, egunean dituztela.

7.– Lan-taldearen ordezkaria lan-taldea osatzen duten pertsona fisiko guztiek izendatu dutela, guztien izenean honako diru-laguntza honen kudeaketa-organoaren aurrean eskabidea aukez dezan eta solaskidea izan dadin.

8.– Entitateen kasuan, diru-laguntza eskatzen duen entitatea legalki eratuta eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean dagokion erregistroan izena emanda dagoela adieraztea.

25. artikulua.– Eskabide-orriarekin batera, diru–laguntza eskatzaileek honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte modu elektronikoan:

1.– Diru-laguntza eskatzaileari dagozkion agiriak, betiere bere izaeraren arabera:

1.1.– Pertsona fisikoz osatutako lan-taldea denean:

a) Diru-laguntza eskatu eta, aldi berean, zergak Nafarroan ordaintzen dituzten pertsona fisikoen kasuan, 2013ko zergen betebeharra betea dagoela egiaztatzen duen ziurtagiria.

b) Lan-taldea osatzen duten pertsona fisiko guztien euskara-agiriaren kopia. Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari adskribitutako irakasle ez unibertsitarioen kidegoko irakasleek edo Euskal Autonomia Erkidegoan itundutako irakaskuntzan edo irakaskuntza pribatuan ari diren irakasle ez unibertsitarioen kidego irakasleek ez dute eskatutako agiriaren kopiarik aurkeztu beharrik izango. Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU) bost (5) urtez irakasten ibili arren euskara-agiririk ez duten irakasleek aipaturiko Unibertsitateak egindako ziurtagiria aurkeztu beharko dute.

c) Lan-taldea osatzen duten pertsona fisiko guztien unibertsitate-agirien kopia, ikasmaterial lantzeko beharrezkoa den gaitasuna egiaztatzeko asmoz. Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari adskribitutako irakasle ez unibertsitarioen kidegoko irakasleek edo Euskal Autonomia Erkidegoan itundutako irakaskuntzan edo irakaskuntza pribatuan ari diren irakasle ez unibertsitarioen kidego irakasleek ez dute eskatutako agiriaren kopiarik aurkeztu beharrik izango.

1.2.– Entitatea (enpresa, elkartea edo fundazioa) denean:

a) Eraketa-eskritura edo aktaren kopia, beti ere bere izaera juridikoaren arabera, ordezkari legalaren izendapena eta NANaren kopia, eta IFZren (Identifikazio Fiskalaren Zenbakiaren) kopia aurkeztu beharko da. Eskabidea egiteko entitatearen txartela erabiltzen badu, ez du agiririk aurkeztu beharko.

b) Zergak Nafarroan ordaintzen dituzten entitateen kasuan, zergen betebeharra betea dagoela egiaztatzen duen ziurtagiria.

c) Diru-laguntza eskatzen duen entitatearen (enpresa, elkartea edo fundazioa) esanetara egonik, ikasmateriala sortzen edo egokitzen arituko diren pertsona guztien euskara-agiriaren kopia. Diru-laguntza eskatzen duen entitatearen esanetara egonik, ikasmateriala sortzen edo egokitzen arituko diren pertsonak Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari adskribitutako irakasle ez unibertsitarioen kidegokoak direnean edo Euskal Autonomia Erkidegoan itundutako irakaskuntzan edo irakaskuntza pribatuan ari diren irakasle ez unibertsitarioen kidegokoak direnean, ez da eskatutako agiriaren kopiarik aurkeztu beharrik izango. Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU) bost (5) urtez irakasten ibili arren euskara-agiririk ez duten irakasleek aipaturiko Unibertsitateak egindako ziurtagiria aurkeztu beharko dute.

d) Diru-laguntza eskatzen duen entitatearen (enpresa, elkartea edo fundazioa) esanetara egonik, ikasmateriala sortzen edo egokitzen arituko diren pertsona guztien unibertsitate-agirien kopia, ikasmaterial lantzeko beharrezkoa den gaitasuna egiaztatzeko asmoz. Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari adskribitutako irakasle ez unibertsitarioen kidegoko irakasleek edo Euskal Autonomia Erkidegoan itundutako irakaskuntzan edo irakaskuntza pribatuan ari diren irakasle ez unibertsitarioen kidego irakasleek ez dute eskatutako agiriaren kopiarik aurkeztu beharrik izango.

1.3.– Pertsona fisikoz osatutako lan-talde batek edo entitate batek (enpresa, elkartea edo fundazioa) eskabide bat baino gehiago aurkeztuz gero, 1.1 eta 1.2. puntuetan zehaztutako agiriak bakarrak izango dira eskabide guztientzat.

Halaber, 1.1 eta 1.2 puntuetan aipatutako agiriak, lehendik bidaliak badira EAEko Administrazio orokorrera, eta bost (5) urte baino gehiago igaro ez bada honen esku daudela, eskatzaileak ez ditu agiri horiek berriro aurkeztu behar izango, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak 35. artikuluan agintzen duenari jarraituz. Aurkeztu ezean, eskatzaileak baimena eman beharko du eskabide-orrian, «Erantzukizunpeko adierazpenak» atalean, eta dokumentu horiek noiz eta zein deialditarako (Saila, Zuzendaritza, programa) aurkeztu zituen argi adierazi, Administrazioak konprobazio-lanak egin ditzan.

2.– Ikasmaterialari dagozkion agiriak:

a) Diru-laguntza eske aurkezten diren ikasmaterial bakoitzeko formulario bat, behar den bezala beteta. Ikasmaterialaren txostena deritzon formulario horretan diruz laguntzea nahi den ikasmaterialari buruzko datu teknikoak jasoko dira. Formulario hori Euskadi.net atariko Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoan egongo da eskuragarri: https://www.euskadi.net/diru_laguntza/2014/eima-4/y22-izapide/eu

b) Sortu edo eta egokitu nahi den ikasmaterialaren beraren eredu edo erakusgarri bat, ahalik eta era zehatzenean aurkeztua.

c) Diruz lagundu nahi den ikasmateriala argitaratzeko eta merkaturatzeko idatzizko konpromisoa. Konpromiso hori, formatu libreko agiri batean idatzia, honako honek sinatuta etorriko da: landutako ikasmaterial eskuratu eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak onartu ostean edizioak eta komertzializazioaz arduratze aldera lan-taldeko pertsona fisikoak harremanetan jarri diren enpresaren, elkartearen edo fundazioaren legezko ordezkariak hain zuzen ere. Diru-laguntza eskatzen duena enpresa, elkartea edo fundazioa denean, argitaratze-konpromiso hori inplizitutzat joko da.

26. artikulua.– Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak eskabidean zerbait gaizki dagoela edo zerbait falta dela ikusten badu, hamar (10) eguneko epea emango dio diru-laguntza eskatzen duen entitate interesatuari akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko. Era berean, adieraziko zaio horrela egin ezean atzera egin duela ulertuko dela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak ezarritakoarekin bat etorriz xede horretarako emandako ebazpena eman ondoren.

27. artikulua.– Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoarekin eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin bat etorriz, deialdi honen tramitazioan jasotako datu pertsonalak, parte-hartzaileek erabiltzea eta argitaratzea baimenduko dituztenak, «EIMA» deritzon fitxategian jasoko dira. Fitxategi honen helburua deialdi honetako diru-laguntzak kudeatzea eta deialdi honetara aurkezten diren pertsonei deialdiaren garapenari buruz informatzea izango da. Fitxategi honen arduraduna Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritza da. Lege horretan adierazitako sarbide, zuzenketa, ezabatze eta aurkatze-eskubideak erabiltzeko, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzara jo beharko da, honako helbide honetara: Donostia-San Sebastián kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.

28. artikulua.– Diru-laguntza eskatzen duten pertsona fisikoek eta entitateek baimena ematen diote Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari, honek aurkeztutako agirien egiazkotasuna konproba dezan beste instantzia batzuetan.

VI. KAPITULUA
KUDEAKETA ORGANOA

29. artikulua.– 1.– Laguntza-deialdi honen kudeaketa Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren baitako Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritza dagokio.

2.– Laguntza-eskabideak jaso eta diru-laguntzen ordainketa egin artean gerta litezkeen gorabeherak bideratzeko jarraipen-batzordea eratuko da. Honako pertsona hauek osatuko dute aipaturiko batzordea:

a) Hezkuntza Berriztatzeko zuzendaria, batzordearen buru.

b) Euskara Zerbitzuaren burua.

c) EIMA 4 programako teknikaria, batzordearen idazkari.

VII. KAPITULUA
EBALUAZIO BATZORDEA ETA EBALUAZIO BIDEA

30. artikulua.– 1.– Aurkeztutako proiektuak eta ikasmaterial-ereduak behar bezala aztertzeko, eta 31.1 artikuluan adierazitako irizpideekin zer neurritan bat datozen balioesteko, ebaluazio-batzorde bat eratu eta izendatuko du Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak.

2.– Ebaluazio-batzordea, Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak berariaz izendatuko duena, ebaluatu behar diren proiektuek garatzen dituzten ezagutza-esparru beste kidez osatuta egongo da. Batzorde horren EIMA 4 teknikariaren laguntza izango du; hau idazkari gisa arituko da.

3.– Batzordea Berritzegune Nagusiko aholkulariez osatuta egongo da.

31. artikulua.– 1.– Ebaluazio-batzordeak, deialdiaren baldintzak zuzen betetzen dituzten eskabide guztiak aintzakotzat hartuz, horien balioespenari ekingo dio, zeregin horretan honako irizpideok eta balio hauek kontuan izanik:

a) Irizpide nagusien balioespena (gehienez ere 25 puntu):

– Proiektuaren zehaztasuna (0tik 5 puntura)

– Helburua garbi adieraztea (0tik 5 puntura)

– Norainoko sortze-lana (0tik 5 puntura)

– Lan-taldearen balioespena (0tik 10 puntura)

b) Curriculumaren araberako balioespena (gehienez ere 30 puntu):

– Indarrean dagoen curriculum-diseinurako egokia (0tik 5 puntura)

– Helburuak (0tik 5 puntura)

– Edukiak eta kontzeptuak (0tik 5 puntura)

– Ebaluazioa (0tik 5 puntura)

– Zehar-lerroen trataera (0tik 5 puntura)

– Aniztasunaren trataera (0tik 5 puntura)

c) Erakusgarriaren balioespena (gehienez ere 45 puntu):

– Azalpenaren zehaztasuna (informazio zehatza) (0tik 5 puntura)

– Metodologia (garbia, motibagarria, ondo eratua...) (0tik 10 puntura)

– Edukiak eta kontzeptuak (0tik 10 puntura)

– Ebaluazio-irizpideak eta tresnak (0tik 5 puntura)

– Ikaslearen inguruarekiko hurbiltasuna (0tik 5 puntura)

– Hizkuntzazko kalitatea eta egokitasuna (0tik 10 puntura)

2.– Puntu horiek denak behar bezala egiaztatu ahal izateko, Ebaluazio-batzordeak aurrez aurreko azalpen-bilera egin ahal izango du mintegien edo lan-taldeen arduradunekin.

3.– Proiektuen balioespena egiteko, Ebaluazio-batzordeak berariazko ebaluazio-fitxa beteko du.

4.– Prozeduran aurrera egin ahal izateko, proiektuek, gutxienez, berrogeita hamar (50) puntu lortu beharko dituzte. Hori dela eta, gutxieneko puntuazio hori lortzen ez duten egitasmoek, ez dute diru-laguntzen banaketa-prozesuan parte hartuko eta, ondorioz, ez dute inongo diru-laguntzarik jasoko.

VIII. KAPITULUA
EBAZPEN BATZORDEA ETA EBAZPEN JARDUNBIDEA

32. artikulua.– 1.– Berariazko eratutako ebazpen-batzorde bat arduratuko da Ebaluazio-batzordeak balioetsitako proiektuei eman beharreko diru-laguntza zehatza kalkulatzeaz, 31.1. eta 34. artikuluetan adierazitako lehentasunen eta irizpideen arabera.

2.– Ebazpen-batzordea honako kide hauek osatuko dute:

a) Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak, batzordearen buru delarik.

b) Ikasketen Antolamendurako Zerbitzuaren buruak.

c) Ikasketen Antolamendurako Zerbitzuko teknikari batek, Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak hartarako izendatuak.

d) Euskara Zerbitzuaren buruak.

e) Euskara Zerbitzuko EIMA 4 programaren teknikariak, batzordearen idazkari delarik.

33. artikulua.– Ebazpen-batzordeak banan-banan neurtuko ditu Ebaluazio-batzordeak balioetsitako proiektuak eta ikasmaterial-ereduak, baita finkatuko ere eman beharreko diru-laguntzen zenbatekoa, eta, ondoren, Hezkuntza sailburuordeari deialdiaren ebazpen-proposamena aurkeztuko dio.

34. artikulua.– Aurreko artikuluan aipaturiko zenbatekoa, berriz, era honetara finkatuko da:

1.– Oinarri moduan, proiektu bakoitzari dagokionez, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak begiz jotako kostua (BJK) hartuko da. Kostu hori finkatzeko honako datuok hartuko dira kontuan:

a) Lan-taldeak begiz jotako testu-orrialde estandarren kopurua. Kopuru hori zehazte aldera, pertsona fisikoz osatutako lan-taldeak edo entitateak honako erreferentzia hauek izango ditu gogoan: Times New Roman 12-ko 2.342 karaktere, tarte zuriak barne; DIN A4 formatua eta 1,5eko lerro-artea.

b) Berrogeita hamar (50) euro, testu-orrialde estandar bakoitzeko.

2.– Aurreko puntuan lortutako oinarriari Ebaluazio-batzordeak (EBP) 31.1 artikuluaren argitan emandako puntuak aplikatuko zaizkio. Puntuazioak 50etik 100era arteko oszilazioa izango du. Puntuazio horren eragin-indarra 0,5ekoa izango da.

3.– Jarraian, sortuko edo eta egokituko duen ikasmaterialaren ezarpen-eremua eta izaera hartuko dira kontuan. Horiek, hurrenez hurren 0,25eko eragin-indarra dutelarik, honako bi adierazgarri hauekin definituko dira:

a) Irakasmaila (A1):

– Batxilergoa 2 = 1

– Heziketa Zikloak = 1

– Helduen Hezkuntza = 1

– DBH 4 = 0,75

– Batxilergoa 2 = 0,75

– DBH 1, 2 eta 3 = 0,6

– Bestelakoak = 0,4

b) Ikasmaterial mota (A2):

– Oinarrizko ikasmateriala = 1

– Ikasmaterial osagarria = 0,5

Inprimatutako ikasmaterialen kasuan, ikasmaterialen tipologia EIMA 1 programan finkatutako sailkapenaren arabera zehaztuko da.

4.– Horren ondorioz, proiektu bakoitzari legokiokeen laguntzaren kopuru zatia (KZ) i honela kalkulatuko da:

(KZ)i = (BJK)i x [(EBP/100) x 0,5 + (A1 x 0,25 + A2 x 0,25)]i

5.– Eskabide-orria pertsona fisikoz osatutako lan-talde batek sinatutakoa denean, pertsona bakoitzari dagokion kopurua zehaztuko da. Pertsona bakoitzari dagokion diru-laguntzaren zenbatekoaren finkapena lan-taldeak berak eskabide-orrian zehaztutako ehunekoen arabera burutuko da.

6.– Diru-laguntza gisa proiektu bakoitzari dagokion zenbatekoa (KZ) i ez da, inolaz ere, hemezortzi mila (18.000) euro baino gehiago izango. Hori dela eta, 4. puntuan zehaztutako formularen aplikazioz ondorioztatutako kopurua hemezortzi mila (18.000) euro baino handiagoa bada, kopuru hori txikitu egingo da eta finkatutako gehienezko mugara ekarriko.

7.– Baldin eta kopuru zati (KZ)i guztien batuketa Hezkuntza Sailburuordetzak langintza honetarako duen laguntza-partida baino handiagoa bada, diru-laguntza proportzionalki banatuko da.

35. artikulua.– 1.– Ebazpen-batzordearen proposamena ikusirik, Hezkuntza sailburuordeak laguntza-deialdi hau ebatzi egingo du.

2.– Ebazpen horrek, gutxienez, honako kontu hauek jasoko ditu:

a) Diruz lagundutako proiektuen zerrenda eta proiektu horietako bakoitzari esleitutako diru-laguntza.

b) Diruz lagundu izan ez diren proiektuen zerrenda, ukatzearen zioa azalduz.

3.– Ebazpen hori diru-laguntza eskatu duten lan-taldeen ordezkari diren pertsona fisiko eta entitate guztiei modu ofizialean jakinaraziko zaie, Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasi eta sei (6) hilabeteko epean, beranduenik. Horrez gain, EHAAn ere argitaratuko da, denek horren berri izan dezaten.

4.– Sei (6) hilabeteko epea amaitu eta diru-laguntza eskatu duen pertsona fisikoak edo entitateak inongo jakinarazpenik hartu ez badu, egindako eskabidea ezetsitzat joko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44.1. artikuluaren arabera.

36. artikulua.– 1.– Ebazpen horren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote diru-laguntza eskatzaileek Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari, hartutako Ebazpenaren berri emanaz jasotako idatzizko jakinarazpena eskuratutako egunaren biharamunetik hasita, hilabeteko epean.

2.– Esandako epean Ebazpenik hartu ezean, isiltasuna ezezko erantzuntzat hartuko da.

37. artikulua.– Onuradun diren pertsona fisikoek eta entitateek onartu egin beharko dute esleitutako diru-laguntza. Hori dela eta, diru-laguntza eman izananaren jakinarazpena jasotzen den egunean hasi eta hamar (10) eguneko epean esleitutako diru-laguntzari berariazko ukoa egiten ez badiote onuradun diren pertsona fisikoek eta entitateek kudeaketa-organoari, esleitutako diru-laguntza onartutzat joko da.

38. artikulua.– Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Saileko hirugarrenen erregistroan alta emanda egon behar du laguntza-jasotzaileak, laguntza jaso ahal izateko. Alta emateko edota banku-datuak aldatzeko, lotura honetan, http://www.euskadi.net/r33-2288/eu/contenidos/autorizacion/alta_terceros/eu_7999/adjuntos/TERCERO.pdf dagoen formularioa bete beharko du eta bide elektronikoz aurkeztu.

IX. KAPITULUA
DIRU-LAGUNTZEN ORDAINKETA ETA IKASMATERIALAK AURKEZTEKO PROZEDURA

39. artikulua.– 1.– Ebazpena hartu eta 35. artikuluan esleitutako diru-laguntza onartzeko ezarritako epea amaitu ondoren, esleitutako diru-laguntzaren lehen zatiaren ordainketari ekingo zaio, hau da ehuneko hogei (% 20) ordainduko da.

2.– Gainerako ehuneko laurogeia (% 80), berriz, dagokion ikasmateriala argitaratu eta 42. artikuluan ezarritako baldintza guztiak bete direla konprobatu ondoren ordainduko da.

40. artikulua.– Esleitutako diru-laguntzaren bigarren zatia jaso ahal izateko, onuradun diren pertsona fisikoen lan-taldeek edo entitateek honako hau egin behar dute:

1.– Laguntza gai den proiektuaren sorkuntza- edo egokitzapen-lana bukatu eta 2015ko apirilaren 24a baino lehen ikasmateriala argitaratuko duen argitaletxearen eskutik Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari aurkeztea, Sail horretan dagokion atalak, sortutako edo egokitutako ikasmaterialaren egokitasunaren azterketari ekin diezaion.

2.– Ikasmateriala, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak emandako egokitasunaren aitorpenaren jabe denean, ez lehenago:

a) Ikasmaterialaren argitaratzeari eta merkaturatzeari ekingo zaio. Argitaratze-lanak 2015ko irailaren 15a baino lehen gauzatuko dira. Argitalpen-data moduan honako hau hartuko da: Lege Gordailuari dagokion Gordailu-aitorpearen M-5 agiriko administrazio-eginbidean jarritako data.

b) Argitara emandako ikasmaterialak argi eta garbi adieraziko ditu materialaren sortze- edo egokitze-lanetan ibilitako kide guztien izen-abizenak. Eskabide-orrian adierazitako kideak, ez beste inor, izango dira ikasmaterialaren sortzaile edo eta egokitzaile.

c) Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak onetsitakoa denez, ikasmaterialak honako esaldi hau eramango du, ongi ikus daitekeen tokian eta ale guztietan: «Ikasmaterial honek Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren onespena du», onespena jaso duen datarekin.

3.– Argitaratu eta berehala, betiere 9. artikuluan finkaturiko egutegiaren baitan, talde-arduradunak 2015eko irailaren 30a baino lehen, honako hauek aurkeztuko ditu, zehaztutako bidea erabiliz:

a) Euskarri fisikoan sortutako ala egokitutako ikasmaterialaren kasuan (digitalak ala inprimatuak), materialaren bi (2) ale. Gainontzeko materialen kasuan, ikasmateriala ikusteko beharrezko URL eta pasahitzak jasotzen dituen agiria.

b) Ikasmaterialari buruz beharrezkoak diren azalpenak eta argibideak emanaz lan-taldea osatzen duten pertsona guztiek kide guztiek izenpeturiko oroitidazkia.

a) eta b) puntuetan adierazitakoa aurrez aurre aurkeztuko da; ahal delarik Herritarrentzako zerbitzuan -Zuzenean- edo Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren egoitzaren batean aurkeztuko da, nahiz tokian tokiko Ordezkaritzetan, nahiz Gasteizko egoitza nagusian, bertako Euskara Zerbitzuaren EIMA 4 programan (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz). Era berean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/92 Legeak 38.4 artikuluan zehazten duen edozein bulegotan ere aurkeztu ahal izango da eskabidea.

41. artikulua.– Ikasmateriala bera eta dagozkion agiriak jaso eta Agindu honetan finkaturiko baldintzak bete direla ikusi ostean, esleitutako diru-laguntzaren bigarren zatiaren ordainketari ekingo zaio, hau da gainerako ehuneko laurogeia (% 80) ordainketari.

42. artikulua.– Diru-laguntzaren bigarren ordainketa egin ahal izateko, ikasmaterialek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

1.– Sortutako edo egokitutako ikasmaterialak bat etorri beharko du Ikasmaterialaren txostena dokumentuan adierazitako proiektuko alderdi curricularrekin.

2.– Behin betiko edizio-modua zein argitaletxea bat etorriko dira hasiera-hasieran begiz jotakoekin.

3.a) Behar den bezala inprimatu edo editatutako ikasmaterialaren testu-orrialde estandarren kopurua txostenean adierazi eta ikasmaterialari dagokion diru-laguntza finkatzeko orduan erabilitako datu operatiboren berdina edo antzerakoa izango da. Hartarako zera ulertuko da antzerakotasunaz: bere aldakuntza aldeak, goitik edo behetik, hasieran begiz jotako bolumena ehuneko hogeian (% 20) gainditzen ez duena.

b) Aitzitik, baldin eta testu-orrialde estandarren kopurua txostenean adierazitakoa baino txikiagoa bada ehuneko hogeitik (% 20) gorako portzentajean, proportzio horren araberako kenketa egingo zaio ordaintzeke dagoen diru-laguntzatik eta, dagokionean, aurretiaz hartutako diru-kopurutik, Hezkuntza sailburuordeak ebazpena eman ondoren.

4.a) Ikasmaterialak, ezinbestean, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak emaniko egokitasun-aitorpenaren jabe izan behar du.

b) Aitzitik, baldin eta ikasmaterial hori beharrezkoa den egokitasun-aitorpenik gabe inprimatu edo editatu bada, kobratzeke dagoen kopurua jasotzeko eskubidearen galera, eta jasotako diru-laguntza eta legezko interesak bueltatu beharra ekarriko du, Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta 698/1991 Dekretuan, abenduaren 17koan, aurre ikusitako prozeduraren arabera.

5.a) Honako laguntza-deialdi honen bidez sortutako edo egokitutako ikasmaterialei dagozkien euskarazko testuen egiletasuna bat etorriko da txostenean adierazitakoarekin. Egiletasun hori, ikasmateriala sortzen edo egokitzen ibili diren pertsona guztien izenen zerrenda batean jasota egongo dena, aipaturiko ikasmaterialean egongo da behar den moduan ikusgai.

b) Hasieran begiz jotako lan-taldeari pertsona berri baten edo gehiagoren gehitzeak ez dakar pertsona horri edo horiei dagokionez inongo diru-laguntza gehigarriren esleipenenik.

c) Hasieran begiz jotako lan-taldeko pertsona baten edo gehiagoren baja, borondatezkoa edo derrigorrezkoa, kobratzeke dagoen kopurua jasotzeko eskubidearen galera, eta jasotako diru-laguntza eta legezko interesak bueltatu beharra ekarriko du, Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta 698/1991 Dekretuan, abenduaren 17koan, aurre ikusitako prozeduraren arabera.

d) Hasieran begiz jotako lan-taldeko pertsona baten edo gehiagoren bajak, borondatezkoa edo derrigorrezkoak, eta pertsona horren edo horien ordezkapenak ez dakar pertsona berri horri edo horiei dagokienez inongo diru-laguntza gehigarriren esleipenik.

43. artikulua.– Agindu honen IX. Kapituluan xedatutako baldintzak ez betetzeak kobratzeke dagoen kopurua jasotzeko eskubidearen galera, eta jasotako diru-laguntza eta legezko interesak bueltatu beharra ekarriko du, Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta 698/1991 Dekretuan, abenduaren 17koan, aurre ikusitako prozeduraren arabera.

44. artikulua.– Agindu honen 42.3 artikuluan jarritako baldintza ez betetzeak ordaintzeke dagoen diru-kopuruaren eta, dagokionean, aurretiaz jasotako diru-kopuruaren kenketa proportzionala ekarriko du, Hezkuntza sailburuordeak ebazpena eman ondoren. Kenketa proportzional hori testu-orrialde estandarren kopuruan izandako txikiagotze proportzionalaren parekoa izango da.

45. artikulua.– Euskal Autonomi Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontu dauden diru-laguntzen onuradun diren pertsona edo entitateei dagozkien betebeharrean ez betetzeak ordaintzeke dagoen diru-kopurua kobratzeko eskubidearen galera ekarriko du, eta aurretiaz jasotako diru-laguntza eta legezko interesak bueltatu beharra ekarriko du, Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta 698/1991 Dekretuan, abenduaren 17koan, aurre ikusitako prozeduraren arabera.

X. KAPITULUA
GERTAKIZUNAK

46. artikulua.– 1.– Diruz lagundutako ikasmaterial baten sorkuntza- edo egokitze-fasean 25.2.a) artikuluan aipatzen den proiektuari dagokionean aldaketa funtzional edo metodologikoren bat sartzea ezinbestekotzat jotzen bada, aldaketari ekin aurretik, lan-talde edo entitateak idatziz eta modu arrazoituan jakinarazi beharko dio Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari. Zuzendaritza horrek, hartarako duen Jarraipen-batzordearen bitartez, eskaera aztertu eta dagokion erantzuna emango du. Hilabeteko epean erantzunik ez balego, erantzuna baiezkoa dela ulertuko da.

2.– Halaber, 40. artikuluaren arabera ikasmaterialek bete beharreko datei dagokienez (egokitasun-azterketara aurkeztea, argitaratzea eta kudeaketa-organoan aurkeztea), lan-talde edo entitateak idatziz eta modu arrazoituan luzapena eskatu ahal izango dio dio Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari; betiere luzatzea eskatu nahi duen epea amaitu aurretik. Zuzendaritza horrek, hartarako duen Jarraipen-batzordearen bitartez, eskaera aztertu eta dagokion erantzuna emango du. Hilabeteko epean erantzunik ez balego, erantzuna baiezkoa dela ulertuko da.

XI. KAPITULUA
ONURADUNEN BETEBEHARRAK

47. artikulua.– Onuradun diren pertsonak eta entitateek honako betebeharrak dituzte:

1.– Diru-laguntza esleitzea oinarri duen jarduera burutzea, aurreikusitako exekuzio-epeak betez.

2.– Honako laguntza-deialdi honen kudeaketa-organoari diru-laguntza emateak eta disfrutatzeak dakartzaten betebeharrak eta baldintzak betetzea, eta, aldi berean, jardueraren gauzatzea justifikatzea.

3.– Egiaztatze- jarduerei men egitea eta, bestalde, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari, Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari diru-laguntzei emandako erabileraren fiskalizazio-lanetan behar duten informazio guztia ematea.

4.– Honako laguntza-deialdi honen kudeaketa-organoari xede berberaz bestelako herri administrazioetatik edo entitate publiko zein pribatutik jasotako diru-laguntzen edo laguntzen, diru kopuruen edo bitartekoen berri ematea.

5.– Honako laguntza-deialdi honen kudeaketa-organoari diru-laguntza esleitzeko orduan kontuan izandako edozein egoeraren, bai objektiboa bai subjektiboa, aldaketa jakinaraztea.

XII. KAPITULUA
ZIURTAPENA

48. artikulua.– 1.– Irakasle diren mintegikideen kasuan, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak haien parte-hartzea berariaz ziurtatuko du, baldin eta interesatuek idatziz hala eskatzen badute eta sortutako edo eta egokitutako ikasmaterialak onespena jasoa badu.

2.– Sortutako edo eta egokitutako ikasmaterial bakoitzeko, unean uneko ordu-balioztapena emango zaio mintegian edo lan-taldean aritutako irakasle bakoitzari. Hala ere, lan-bolumen txikiko ikasmaterialen balioztapena egiterakoan sail bat osatzen badute, ikasmaterial bakartzat hartuko dira.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Agindu honetako euskal eta erdal idazkien artean interpretazio-auzirik sortuz gero, jatorrizkoa euskaraz idatzitakoa dela kontuan izanik, hura hartuko da korapiloa askatzeko gidari.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu honek amaitu egiten du administrazio-bidea. Bere aurka aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesatuek Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuari, Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera, hilabeteko epean; bestalde, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Salan, Agindua esandako aldizkari ofizialean argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera, bi hilabeteko epean.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteizen, 2014ko uztailaren 30ean.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.


Azterketa dokumentala