Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

46. zk., 2014ko martxoaren 7a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

OSASUN SAILA
1143

EBAZPENA, 2014ko otsailaren 26koa, Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendariarena, osasun-prestakuntza espezializatua emateko tutoreak akreditatzeko prozedurarako deialdia egiteko dena (martxoaren 6ko 34/2012 Dekretuak ezarri zuen prozedura hori).

2008ko otsailaren 8ko 183/2008 Errege Dekretuak osasun-zientzietako espezialitateak finkatzen eta sailkatzen ditu, eta osasun-prestakuntza espezializatuko alderdi konkretu batzuk garatzen ditu. Bada, errege-dekretu horrek 12.2 artikuluan ezartzen duenaren arabera, autonomia-erkidegoek, tutoreen gaitasunak egokiak direla eta mantendu egingo direla bermatzeko, tutoreak akreditatzeko eta akreditazio horiek aldian-aldian berritzeko ebaluazio-prozedura batzuk arautuko dituzte, hala baitago ezarrita 2003ko azaroaren 21eko 44/2003 Legearen 10.1 eta 3. artikuluetan. Horretarako, kontuan hartuko dira, besteak beste, espezialista moduan esperientzia jarraia izatea, irakaskuntzan esperientzia izatea, etengabeko prestakuntzako jarduerak, ikerkuntzako eta kalitatearen hobekuntzako jarduerak, eta irakaskuntza-metodologietan prestakuntza espezifikoa izatea. Kontuan izango dira, halaber, kalitateari buruzko ebaluazioen emaitzak, eta lortutako gogobetetzea neurtzeko inkesten emaitzak.

Halaber, lege horren lehen xedapen gehigarriaren lehen idatzi-zatian ezartzen denaren arabera, osasun-zientzien espezialitate sortu berrietan eta legea indarrean jartzean garatu gabe edo ezarpen-aldian dauden espezialitateetan, tutoreak izendatzeko eskatzen diren betekizunen ordez, nahikoa izango da dagokion espezialitatearen lanbide-eremuan esperientzia dagoela egiaztatzea, betiere, Osasun eta Kontsumo Ministerioak –espezialitate bakoitza egiaztatzeko betekizun nagusiak onartzean– zehaztutako moduan. Familia- eta komunitate-erizaintzaren espezialitateari dagokionez, maiatzaren 9ko PRE/861/2013 Aginduaren bidez, hots, familia- eta komunitate-erizaintzan eta familia- eta komunitate-medikuntzan espezialistak prestatzeko irakaskuntza-unitate multiprofesionalen akreditazio-baldintzak ezartzen dituen Aginduaren bidez, tutoreak izendatzeko eskatzen diren betekizunen ordez, agindu horren I. eranskinaren bigarren puntuan ezarritako irizpideak ezartzen dira, behin-behinean, eta, gehienez ere, 2 urterako, erizaintzaiko espezialitateei buruzko apirilaren 22ko 450/2005 Errege Dekretuaren bigarren Xedapen Iragankorrean aurreikusitako gaitasunaren ebaluazio-proba amaitzen denetik aurrera.

Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez, martxoaren 6ko 34/2012 Dekretuak Euskal Autonomia Erkidegoaren osasun-prestakuntza espezializatuko sistema antolatzen du, eta kide bakarreko irakaskuntza-organoak ezartzen ditu. Bada, dekretu horren 21. eta 25. artikuluetan zehazten da zer akreditatze- edo berrakreditatze-prozedura bete behar den, tutoretza eginkizunak burutzeko. Prozedura hori hasiko da, hain zuzen ere, Osasun Saileko Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendariak eskabideak aurkezteko epea irekitzen duenean.

Aurreko arauetan xedatzen dena betetzeko, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Autonomia Erkidegoan prestakuntza espezializatua emango duten tutoreak akreditatzeko deialdia onartzea eta argitaratzea, I. eranskinean aurreikusitako oinarrien arabera.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Osasuneko sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren arabera (30/1992 Legea, Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkidearena).

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Ebazpen honek ondorioak izango ditu EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko otsailaren 26a.

Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendaria,

MARÍA LUISA ARTEAGOITIA GONZÁLEZ.

I. ERANSKINA
OSASUN-PRESTAKUNTZA ESPEZIALIZATUKO TUTOREAK AKREDITZEKO DEIALDIA

Lehenengo oinarria.– Helburua.

Deialdi honen helburua da Euskal Autonomia Erkidegoan prestakuntza espezializatua emateko tutoreak akreditatzea.

Bigarren oinarria.– Eskatzaileen betekizunak.

1.– Osasun-prestakuntza espezializatuan tutoreak akreditatzeko deialdi honetan, egoiliarren tutoretza eginkizunak landu nahi dituztenek parte hartu ahal izango dute, martxoaren 6ko 34/2012 Dekretuak zehazten duen tutore nagusiaren ezaugarriekin, baldin eta betekizun hauek batzen badituzte:

a) Osasun-zientzietako espezialistaren titulua eduki behar dute, tutore izan asmo duten espezialitatean.

b) Zerbitzu aktiboan egon behar dute, dagokion irakaskuntza-zentro edo -unitate akreditatuaren edozein egituratan.

c) Gutxienez urtebeteko esperientzia eduki behar dute beren espezialitateari berariaz dagokion sorospen-jardueran, irakaskuntza-zentro edo -unitate akreditatuan bertan.

2.– Deialdi honetan parte hartu ahal izango dute baita ere Familia eta Komunitate Erizaintzako egoiliarren tutore gisa akreditatuak izan nahi dutenek, baldin eta baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Zerbitzu aktiboan egon behar dute, dagokion irakaskuntza-zentro edo -unitate akreditatuaren edozein egituratan.

b) Esperientzia egiaztatua eta jarraia izatea Familia eta Komunitate Erizaitzaren lanbide-eremuan, azken bost urteetan.

c) Familia eta Komunitate Erizaintzaren ikerketa eta/edo komunikazio zientifiko espezifikoko proiektu batean parte hartzea, azken bost urteetan.

3.– Deialdi honetan parte hartu beharko dute martxoaren 6ko 34/2012 Dekretua indarrean sartu ondorengo behin behineko izendapena duten tutoreek.

Hirugarren oinarria.– Eskabidea.

a) Eskabide-eredua. Ebazpen honen II. eranskinean dagoen ereduaren arabera aurkeztuko da prestakuntza espezializatuko tutore gisa akreditatzeko eskabidea.

b) Aurkezteko lekua. Eskabideak Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzari aurkeztuko zaizkio; v-eguren@ej-gv.es helbide elektronikora bidaliko dira.

c) Eskabideak aurkezteko epea. Eskabideak aurkezteko epea hogeita bat egun naturalekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.

d) Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak. Eskabide-dokumentu normalizatuarekin batera, agiri hauek aurkeztu behar dira:

1) Curriculuma.

2) Eskakizunak betetzen direla adierazten duen dokumentazioa («osasun zientzietan espezialista» tituluaren kopia eta emandako zerbitzuen egiaztagiria).

3) Tutoretza-helburuei buruzko proiektua, atal hauek izango dituena:

– Espezialitatearen prestakuntza-ibilbidea.

– Prestakuntzako bakarkako plana (plana mamitzeko kontuan hartzeko alderdiak).

– Prestakuntza-ebaluazioa.

– Urteko eta amaierako ebaluazioa.

e) Eskabideak zuzentzea. Diru-laguntzetarako eskabide-inprimakiak ez badira guztiz betetzen, edo haiekin batera ez bada adierazitako dokumentazioa aurkezten, erakunde eskatzaileari hamar egun balioduneko epea emango zaio hutsegitea konpontzeko edo behar diren dokumentuak aurkezteko. Hori egin ezean, eskabidea ukatutzat joko dela adieraziko zaio.

Laugarren oinarria.– Eskabideak balioestea.

Eskatzaileak aurkezten duen dokumentazioa Balioespen Batzorde batek aztertuko du, zeinaren kideak Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendariak izendatuko baititu. Honako kide hauek izango ditu batzorde horrek: akreditazioa lortzeko hautagaiak dituzten zentro edo unitateetako ikasketa-buruak, zentro edo unitate horietako irakaskuntza-batzordean parte hartzen duten tutore akreditatuak, eta Osakidetza Erakunde Publikoaren Zuzendaritza Nagusiaren eta Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzaren ordezkariak. Guztira, gehienez ere, 7 kide izango dira.

Balioespen Batzordeak, behin dokumentazioa aztertuta, merezimenduen baremo bat ezarriko du, eta ebazpen-proposamena egingo dio Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzari.

Bosgarren oinarria.– Ebazpena.

1.– Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzak ebazpen arrazoitu eta espresua emango du, eskatutako akreditazioa onartzeko edo ukatzeko, eskabidea aurkeztu eta hiru hilabeteko epean. Epe horren zenbaketa eten egingo da, interesdunek eskabideetan dauden hutsak zuzentzeko eta eskabide horiek hobetzeko behar duten denboran. Epe hori igaro eta ebazpen espresurik ematen eta jakinarazten ez bada, eskabidea ezetsitzat joko da.

2.– Ematen den ebazpena eskatzaileari jakinaraziko zaio, eta horren berri emango zaio dagokion irakaskuntza-zentro edo -unitateko erakunde titularraren zuzendaritza-organoari eta dagokion irakaskuntza-batzordeari.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala