Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

11. zk., 2014ko urtarrilaren 17a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
195

471/2013DEKRETUA, abenduaren 30ekoa, Estatutuaren araberako Hitzarmen Kolektiboak ez Aplikatzeko Prozedurak Ebazteko Organoa (ORPRICCE) sortu eta arautzekoa.

Estatuko Administrazio Orokorraren kide anitzeko organo den Hitzarmen Kolektiboen Kontsulta Batzorde Nazionalaren egungo erregulazioa lan-merkatuaren erreformarako premiazko neurriei buruzko uztailaren 6ko 3/2012 Legearen ondoriozko irailaren 27ko 1362/2012 Errege Dekretuan jasota dago. Errege Dekretu horretan Hitzarmen Kolektiboen Kontsulta Batzorde Nazionalari esleitzen zaizkion funtzioak kontsultatzekoak, negoziazio kolektiboa betetzekoak eta erabakitzekoak dira.

Era berean, langile zaharrenen lan-bizitzaren jarraipena bultzatzeko eta zahartze aktiboa sustatzeko neurriei buruzko martxoaren 15eko 5/2013 Errege Lege Dekretuak, lan-arloko legeria eta Gizarte Segurantzari buruzko araudia aldatzeko hainbat neurriz gain, Hitzarmen Kolektiboen Kontsulta Batzorde Nazionalak subsidiarioki jarduteko aukera hartzen du kontuan Seigarren Xedapen Gehigarrian, Autonomia Erkidegoek beren eremurako aurreikusitako hiru alderdiko organoa eratu ez duten kasurako. Estatuko legegilearen ustez, Autonomia Erkidegoak jardun ez izanagatik arlo horretan sor litekeen hutsunea bete nahi da xedapen horren bidez, hutsune horrek eragotzi egin bailezake 3/2012 Legean bildutako aurreikuspenak normal betetzea.

Horretarako, 5/2013 Errege Lege Dekretuak xedatzen duenez, indarrean sartu eta hiru hilabeteko epean Autonomia Erkidego batek hiru alderdiko organo baliokidea eratu ez badu edo Enplegu eta Gizarte Segurantza Ministerioarekin irailaren 27ko 1362/2012 Errege Dekretuaren Bigarren Xedapen Gehigarrian kontuan hartutako lankidetza-hitzarmena izenpetu ez badu, Hitzarmen Kolektiboen Kontsulta Batzorde Nazionala enpresek eta langileen legezko ordezkariek aurkeztutako eskaerez arduratu ahal izango da, aplikatu beharreko hitzarmen kolektiboaren lan-baldintzen aplikaziorik ezaren inguruan akordiorik ez izateagatik sortutako desadostasunei irtenbidea emateko, betiere aplikaziorik ezak Autonomia Erkidego bateko lurraldean kokatutako lantokiak eraginpean hartzen baditu.

Hain zuzen ere, horixe gertatzen da Euskal Autonomia Erkidegoarekin, orain arte ez baitu eratu Hitzarmen Kolektiboen Kontsulta Batzorde Nazionalaren pareko organorik, ezta adierazitako lankidetza-hitzarmena izenpetu ere Estatuko Administrazioaren Enplegu eta Gizarte Segurantza Ministerioarekin.

Euskadiko Autonomia Estatutuaren 12. artikuluak Estatuko lan-arloko legeriaren betearazpena esleitzen dio Autonomia Erkidego horri, eta 10.2 artikuluak, berriz, autogobernu-erakundeen antolamendu, erregimen eta funtzionamenduaren arloko eskumen esklusiboa. Hori dela-eta, 5/2013 Errege Lege Dekretuan aurreikusitako mekanismoa aplika ez dadin, irailaren 27ko 1362/2012 Errege Dekretuan Estatuko Hitzarmen Kolektiboen Kontsulta Batzorde Nazionalerako aurreikusitako erabaki-funtzioak Euskal Autonomia Erkidegoan beteko dituen organo bat eratu beharra dago, Dekretu horretan ezartzen diren funtzioekin eta osaerarekin.

Autonomia Erkidego honetan osaera paritarioa duen Lan Harremanen Kontseiluak kontsultatzeko eta negoziazio kolektiboa betetzeko funtzioak (hots, Estatuko Administrazioko Hitzarmen Kolektiboen Kontsulta Batzorde Nazionalaren funtzioen baliokideak) esleituta dituela eta, era berean, garrantzi berezia duten administrazio-ebazpenen berri emateko funtzioaren barruan, hitzarmen kolektibo bat zabaltzen den kasurako aginduzko txostena egiteko funtzioa betetzen duela kontuan hartuta, Dekretu honek araututako Estatutuaren araberako Hitzarmen Kolektiboak ez Aplikatzeko Prozedurak Ebazteko Organoak bertan izango du egoitza. Erabaki horren alde, gaineratu beharra dago laneko gatazkak ebazteko borondatezko prozeduren sistema (PRECO), Euskal Autonomia Erkidegoan ordezkaritzarik handiena duten sindikatu eta enpresa-erakundeek lanbide arteko akordio baten bidez eratu dutena, Lan Harremanen Kontseiluak kudeatzen duela. PRECO akordioaren helburuetako bat laneko gatazkak alderdien ahalik eta esku-hartzerik handienarekin konpontzea da, eta eremu pribatuko zein publikoko gatazka kolektiboetan aplikatzen da.

Hori dela-eta, Estatutuaren araberako Hitzarmen Kolektiboak ez Aplikatzeko Prozedurak Ebazteko Organoa sortzen duen arau honek irailaren 27ko 1362/2012 Errege Dekretuaren 16. artikuluan ezarritako erabaki-funtzioak baino ez dizkio esleitzen organo horri, eta, hain zuzen ere, hitzarmen kolektibo baten alderdi negoziatzaileen artean Langileen Estatutuaren 82.3 artikuluan aipatutako hitzarmen kolektibo aplikagarrian aurreikusitako lan-baldintzak ez aplikatzeko prozeduretan akordiorik ez izateagatik sortutako desadostasunak ebaztea da funtzio horien helburua, betiere artikulu horretan adierazitako baldintzak betetzen badira.

Organo horren izaerari eta osaerari dagokionez, 3/2012 Legearen Bosgarren Xedapen Gehigarria eta irailaren 27ko 1362/2012 Errege Dekretuaren 2. artikulua bat datoz Hitzarmen Kolektiboen Kontsulta Batzorde Nazionalaren izaera arautzean, hiru alderdiko osaerako kide anitzeko organotzat hartzen baitute biek. Hortaz, organo horri esleitutako erabaki-funtzioak Euskal Autonomia Erkidegoko eremura lekualdatzean (Autonomia Erkidegoari lan-arloko legeriaren betearazpena baino ez baitagokio), eduki hori errespetatu egin behar da. Hala ere, Hitzarmen Kolektiboen Kontsulta Batzorde Nazionalaren erregulazioaren beste alderdi batzuetan –prozedurazkoak eta ordezkaritzari lotutakoak–, Euskadiko Autonomia Estatutuaren 10.2 artikuluari jarriki, arau hau alderdi jakin batzuetatik urrundu egin daiteke, lan-arloko legeriaren funtsezko elementuak errespetatuta.

Aurrekoaren ondorioz, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuaren proposamenez, aginduzko txostenak eman ondoren eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2013ko abenduaren 30ean egindako bilkuran eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Dekretu honen xedea Estatutuaren araberako Hitzarmen Kolektiboak ez Aplikatzeko Prozedurak Ebazteko Organoa (ORPRICCE) sortu eta arautzea da.

2. artikulua.– Izaera eta erregimen juridikoa.

1.– Estatutuaren araberako Hitzarmen Kolektiboak ez Aplikatzeko Prozedurak Ebazteko Organoa hiru alderdiko osaerako kide anitzeko organo gisa konfiguratuta dago, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta Euskal Autonomia Erkidegoan ordezkaritzarik handiena duten sindikatu eta enpresa-erakundeek hartzen dute parte.

2.– Estatutuaren araberako Hitzarmen Kolektiboak ez Aplikatzeko Prozedurak Ebazteko Organoak Lan Harremanen Kontseiluan du egoitza, eta erabateko independentziarekin eta autonomia funtzionalarekin beteko ditu bere funtzioak.

3.– Lan Harremanen Kontseiluak eskumenak garatzeko beharrezkoak diren baliabideak emango dizkio Estatutuaren araberako Hitzarmen Kolektiboak ez Aplikatzeko Prozedurak Ebazteko Organoari.

3. artikulua.– Jardun-eremua.

Estatutuaren araberako Hitzarmen Kolektiboak ez Aplikatzeko Prozedurak Ebazteko Organoa Langileen Estatutuaren 82.3 artikuluan kontuan hartutako hitzarmen kolektibo batean aurreikusitako lan-baldintzak ez aplikatzeko prozeduretan akordiorik ez izateagatik sortutako desadostasunak ebazte aldera esku hartzeko eskaerez arduratuko da, betiere artikulu horretan adierazitako baldintzak betetzen badira eta hitzartutako lan-baldintzen aplikaziorik ezak Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako lantokiak eraginpean hartzen baditu.

4. artikulua.– Osaera.

1.– Estatutuaren araberako Hitzarmen Kolektiboak ez Aplikatzeko Prozedurak Ebazteko Organoa osatuko duten kideak honako hauek dira:

a) Presidente bat; Lan Harremanen Kontseiluko presidentea edo hark izendatzen duen pertsona izango da.

b) Euskadiko Administrazio Orokorra ordezkatuko duten bost kide; lan-arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzaren Saileko sailburuak izendatuko ditu.

c) Euskal Autonomia Erkidegoan ordezkaritzarik handiena duten sindikatuak ordezkatuko dituzten bost kide, duten ordezkaritzaren proportzioan; lan-arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzaren Saileko sailburuak izendatuko ditu, sindikatuen proposamen lotesle bidez.

d) Euskal Autonomia Erkidegoan ordezkaritzarik handiena duten enpresa-erakundeak ordezkatuko dituzten bost kide, duten ordezkaritzaren proportzioan; lan-arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzaren Saileko sailburuak izendatuko ditu, enpresa-erakundeen proposamen lotesle bidez.

Ordezko kideen kopuru bera izendatuko da, titularrak ez daudenean, gaixorik daudenean edo agertzen ez direnean ordezkatzeko.

2.– Organoa osatzen duten kideak izendatzerakoan, emakumezkoen eta gizonezkoen kopurua orekatua izan dadila sustatuko da.

3.– Estatutuaren araberako Hitzarmen Kolektiboak ez Aplikatzeko Prozedurak Ebazteko Organoaren Idazkaritza Lan Harremanen Kontseiluaren Idazkaritza duenak edo hark izendatzen duen pertsonak izango du.

4.– Kideen ekimenez, eta Presidentziak baimendu ondoren, Estatutuaren araberako Hitzarmen Kolektiboak ez Aplikatzeko Prozedurak Ebazteko Organoaren xede diren arloetako adituek parte hartu ahal izango dute, hitzarekin baina botorik gabe, Organoaren eztabaidetan.

5.– Kideak lau urteko aldi baterako izendatuko dira, eta aldi beretarako berritzeko aukera izango da. Kideren batek kargua behar baino lehen uzten badu, ordezkatuko duen kide berri baten izendapena proposatu ahal izango du dagokion erakundeak, hasieran izendatutako kideari zegokion aldia amaitzeko geratzen den denborarako.

5. artikulua.– Estatutuaren araberako Hitzarmen Kolektiboak ez Aplikatzeko Prozedurak Ebazteko Organoko presidentearen eta idazkariaren funtzioak.

1.– Hitzarmen Kolektiboen Kontsulta Batzorde Nazionala arautzen duen irailaren 27ko 1362/2012 Errege Dekretuaren 5. artikuluan ezarritako funtzioak betetzea dagokio Estatutuaren araberako Hitzarmen Kolektiboak ez Aplikatzeko Prozedurak Ebazteko Organoko presidenteari, d) idatz-zatian jasotako funtzioa, izan ezik, boto-eskubidea, alegia.

2.– Adierazitako Dekretuaren 7. artikuluan araututako funtzioak betetzea dagokio Estatutuaren araberako Hitzarmen Kolektiboak ez Aplikatzeko Prozedurak Ebazteko Organoko idazkariari, g) idatz-zatian jasotako funtzioa izan ezik.

3.– Estatutuaren araberako Hitzarmen Kolektiboak ez Aplikatzeko Prozedurak Ebazteko Organoko presidentea eta idazkaria ez dauden kasuan, lan-arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzaren Saileko sailburuak izendatzen dituen pertsonek ordezkatuko dituzte.

6. artikulua.– Estatutuaren araberako Hitzarmen Kolektiboak ez Aplikatzeko Prozedurak Ebazteko Organoko kideen funtzioak.

Hitzarmen Kolektiboen Kontsulta Batzorde Nazionala arautzen duen irailaren 27ko 1362/2012 Errege Dekretuaren 6.1 artikuluan ezarritako funtzioak betetzea dagokie Estatutuaren araberako Hitzarmen Kolektiboak ez Aplikatzeko Prozedurak Ebazteko Organoan ordezkaritza duen talde bakoitzeko kideei.

7. artikulua.– Funtzionamendua.

1.– Estatutuaren araberako Hitzarmen Kolektiboak ez Aplikatzeko Prozedurak Ebazteko Organoaren eztabaidak eta erabakiak baliozkoak izateko, beharrezkoa izango da presidentea (edo ordezkatzen duena), gutxienez boto-eskubidea duten kideen erdiak gehi bat eta idazkaria (edo ordezkatzen duena) egotea.

2.– Estatutuaren araberako Hitzarmen Kolektiboak ez Aplikatzeko Prozedurak Ebazteko Organoak boto-eskubidea duten kideen gehiengo osoz hartuko ditu erabakiak, eskuarki.

Aurrekoa gorabehera, Estatutuaren araberako Hitzarmen Kolektiboak ez Aplikatzeko Prozedurak Ebazteko Organoak eztabaidaren soluzioa zuzenean bere gain hartzen duela erabakitzeko, aurreko idatz-zatian eskatutako gehiengoaz gain, Organoa osatzen duten hiru taldeetako bakoitzeko gutxienez kide baten aldeko botoa beharko da.

3.– Estatutuaren araberako Hitzarmen Kolektiboak ez Aplikatzeko Prozedurak Ebazteko Organoak bere jardun-eremuan Euskal Autonomi Erkidegoko bi hizkuntza ofizialak erabiltzeko eskubideak bermatuko ditu, bai harremanetan eta adierazpenetan, bai barneko funtzionamenduan.

8. artikulua.– Estatutuaren araberako Hitzarmen Kolektiboak ez Aplikatzeko Prozedurak Ebazteko Organoaren prozedura-arauak.

Estatutuaren araberako Hitzarmen Kolektiboak ez Aplikatzeko Prozedurak Ebazteko Organoak Hitzarmen Kolektiboen Kontsulta Batzorde Nazionala arautzen duen irailaren 27ko 1362/2012 Errege Dekretuaren 9. artikuluan ezarritako arauei jarraituko die (5. idatz-zatiari izan ezik).

9. artikulua.– Prozeduraren legitimazioa eta hasiera.

1.– Prozedura hasteko legitimazioa Hitzarmen Kolektiboen Kontsulta Batzorde Nazionala arautzen duen irailaren 27ko 1362/2012 Errege Dekretuaren 18. artikuluan ezarritakoa da.

2.– Prozedura alderdi batek Lan Harremanen Kontseiluaren edozein egoitzetan aurkeztutako eskaeraren bidez hasiko da. Eskaera hori Hitzarmen Kolektiboen Kontsulta Batzorde Nazionala arautzen duen irailaren 27ko 1362/2012 Errege Dekretuaren 20. artikuluan jasotako dokumentazioarekin batera aurkeztu beharko da. Aipatu artikuluaren e) idatz-zatian jasotako Lanbide arteko Akordioa, eremu honetan, Laneko Gatazkak Ebazteko Borondatezko Prozeduren sistema (PRECO) arautzen duena bera da. Eskaeran, desadostasunaren arrazoia eta lan-baldintza batzuk ez aplikatzeko asmoa adierazi beharko dira. Horretarako, enpresan aplikatu beharreko baldintza berriak eta horien aplikazioaldia finkatu beharko dira zehatz-mehatz.

Era berean, eskaera aurkezten duen alderdiak eskaera horren kopia eman beharko dio beste alderdiari, aurkeztu eta berehala, eta eskaerari emandako zenbakia jakinaraziko dio, izapidetzearen egoera kontsultatu eta prozedurari lotutako jakinarazpenak jaso ahal izan ditzan.

Prozedura hasten duen alderdiak aurreko paragrafoan adierazitakoa bete duela egiaztatu beharko du.

3.– Adierazitako baldintzez gain, enpresaburuak eta langileen ordezkariek izenpetutako adierazpen bat gaineratu ahal izango zaio eskaerari. Adierazpen horretan, desadostasuna ebazteko prozedura gisa arbitrajea aukeratu dutela jakinaraziko dute esanbidez. Adierazpen hori loteslea izango da Estatutuaren araberako Hitzarmen Kolektiboak ez Aplikatzeko Prozedurak Ebazteko Organoarentzat.

Adierazpen hori egin ezean, Estatutuaren araberako Hitzarmen Kolektiboak ez Aplikatzeko Prozedurak Ebazteko Organoak eskaera eta dokumentazioa igorriko die kide guztiei, 24 orduko epean, eta 7.2 artikuluan adierazitako gehiengoarekin, Hitzarmen Kolektiboa ez aplikatzeko eskaera zuzenean ebatziko duen erabaki dezan. Horren ezean, behin-betiko ebazten duen laudo lotesle bat emateko arbitro bat izendatze-prozesua hasiko da.

4.– Aurkeztutako eskaerak aurreko idatz-zatietan adierazitako baldintzak betetzen ez baditu, eskatzaileari errekerimendua egingo zaio hamar eguneko epean hutsegitea konpon dezan edo aginduzko dokumentuak gainera ditzan, eta jakinaraziko zaio hori egiten ez badu eskaeran atzera egin duela ulertuko dela eta espedientea artxibatuko dela. Hutsegitea konpondu ondoren, ebazteko epea eskaera egin zen egunetik aurrera hasiko da zenbatzen, eta hogeita bost egunekoa izango da gehienez.

5.– Idazkariak prozeduraren hasieraren jakinarazpena igorriko dio desadostasunaren beste alderdiari berehala, bost eguneko epean bidezkotzat hartzen dituen alegazioak egin ditzan.

10. artikulua.– Prozedurak Ebazteko Organoaren baitan hartu beharreko erabaki bidezko prozedura.

1.– Desadostasuna Estatutuaren araberako Hitzarmen Kolektiboak ez Aplikatzeko Prozedurak Ebazteko Organoaren baitan hartutako erabaki bidez ebatzi behar denean, idazkariak erabakiari buruzko txostena eskatuko du, artikulu honetan ezarritakoaren arabera.

2.– Txostena Lan Harremanen Kontseiluaren zerbitzu teknikoek landuko dute, eskaera egin eta hamar eguneko epean. Epe horretan, dokumentazio osagarria eta bidezkotzat hartzen diren argibideak eskatu ahal izango zaizkie alderdiei, eta, hala badagokio, lankidetza Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren Lan eta Gizarte Segurantza Zuzendaritzari, horretarako izenpetu beharreko lankidetza-hitzarmen batean aurreikusitakoaren arabera.

3.– Aurreko idatz-zatian aipatutako txostena egin ondoren, Estatutuaren araberako Hitzarmen Kolektiboak ez Aplikatzeko Prozedurak Ebazteko Organoak bilera bat egingo du, bost egun lehenago bilera horretarako deialdia egin ondoren. Deialdiarekin batera, adierazitako txostenaren kopia eta, hala badagokio, desadostasunaren beste alderdiak aurkeztutako alegazioen kopiak helaraziko zaizkie Estatutuaren araberako Hitzarmen Kolektiboak ez Aplikatzeko Prozedurak Ebazteko Organoko pertsona guztiei, azter ditzaten.

11. artikulua.– Estatutuaren araberako Hitzarmen Kolektiboak ez Aplikatzeko Prozedurak Ebazteko Organoaren erabakia.

1.– Estatutuaren araberako Hitzarmen Kolektiboak ez Aplikatzeko Prozedurak Ebazteko Organoaren erabakia arrazoitua izango da, eta desadostasunaren inguruko ebazpena emango du. Horretarako, hitzarmen kolektiboan aurreikusitako lan-baldintzen aplikaziorik ezaren inguruan erabakiko du.

2.– Erabakiak, lehenik eta behin, hitzarmen kolektiboan aurreikusitako lan-baldintzak ez aplikatzea eragin dezaketen arrazoi ekonomikoak, teknikoak eta antolamenduari eta produkzioari lotutakoak aipatu beharko ditu.

Horrelako arrazoirik izan ezean, erabakiak hori adieraziko du, eta, horren ondorioz, ez da bidezkoa izango hitzarmen kolektiboan aurreikusitako lan-baldintzen aplikaziorik eza.

3.– Arrazoiak badaudela ikusten denean, Estatutuaren araberako Hitzarmen Kolektiboak ez Aplikatzeko Prozedurak Ebazteko Organoak lan-baldintzak ez aplikatzeko asmoaren inguruko erabakia hartu beharko du, eta, horretarako, aplikaziorik ezaren egokitasuna (alegatutako arrazoia dela-eta) eta eraginpean hartutako langileengan dituen ondorioak balioetsiko ditu. Erabakiak, nolanahi ere, ez aplikatzeko asmoa bere horretan onartu, edota lan-baldintzen aplikaziorik eza hainbat intentsitate-mailatan gauzatzea proposatu ahal izango du. Halaber, Estatutuaren araberako Hitzarmen Kolektiboak ez Aplikatzeko Prozedurak Ebazteko Organoak lan-baldintzen aplikaziorik ezaren iraupenaren inguruko erabakia hartu beharko du.

4.– Estatutuaren araberako Hitzarmen Kolektiboak ez Aplikatzeko Prozedurak Ebazteko Organoak 9.4 artikuluan ezarritako gehieneko epearen barruan ebatziko du, eta desadostasunak eraginpean hartutako alderdiei jakinaraziko die bere erabakia.

5.– Estatutuaren araberako Hitzarmen Kolektiboak ez Aplikatzeko Prozedurak Ebazteko Organoaren erabakia loteslea eta berehala betearazi beharrekoa izango da.

12. artikulua.– Arbitroen izendapena.

Estatutuaren araberako Hitzarmen Kolektiboak ez Aplikatzeko Prozedurak Ebazteko Organoko idazkariak eskatuta, alderdiek, bost egun balioduneko epean eta elkarren arteko adostasunez, Lan Harremanen Kontseiluari lotutako pertsonen zerrendak osatzen dituzten pertsonetako bat izendatu ahal izango dute funtzio hori betetzeko. Inor izendatu ezean, dagokion profesionala izendatuko da adierazitako zerrendetatik. Horretarako, Estatutuaren araberako Hitzarmen Kolektiboak ez Aplikatzeko Prozedurak Ebazteko Organoak oro har ezartzen duen irizpideari jarraiki osatuko da profesionalen zerrenda.

13. artikulua.– Desadostasunak arbitro bat izendatzearen bidez konpontzeko prozedura.

1.– Arbitroa enkargua jaso bezain laster hasiko da bere jarduera egiten. Horretarako, Estatutuen araberako Hitzarmen Kolektiboak ez Aplikatzeko Prozedurak Ebazteko Organoko idazkariak 9. artikuluan adierazitako eskaera eta dokumentazioa helarazi, eta laudoa emateko gehieneko epea jakinaraziko dio (edonola ere, 9. artikulu horren 4. idatz-zatian xedatutakoa bete beharko du laudoak). Laudoa emateko, alderdien agerpena edo dokumentazio osagarria eskatu ahal izango du.

2.– Laudoak arrazoitua izan beharko du, eta, lehenik eta behin, hitzarmen kolektiboan aurreikusitako lan-baldintzak ez aplikatzea eragin dezaketen arrazoi ekonomikoak, teknikoak eta antolamenduari eta produkzioari lotutakoak aipatu beharko ditu.

3.– Horrelako arrazoirik izan ezean, laudoak hori adieraziko du, eta, horren ondorioz, ez da bidezkoa izango hitzarmen kolektiboan aurreikusitako lan-baldintzen aplikaziorik eza.

4.– Arrazoiak badaudela ikusten duenean, arbitroak lan-baldintzak ez aplikatzeko asmoaren inguruko erabakia hartu beharko du, eta, horretarako, aplikaziorik ezaren egokitasuna (alegatutako arrazoia dela-eta) eta eraginpean hartutako langileengan dituen ondorioak balioetsiko ditu. Laudoak, nolanahi ere, ez aplikatzeko asmoa bere horretan onartu, edota lan-baldintzen aplikaziorik eza hainbat intentsitate-mailatan gauzatzea proposatu ahal izango du. Era berean, lan-baldintzen aplikaziorik ezaren iraupenaren inguruko erabakia hartu beharko du arbitroak.

5.– Arbitroak 9.4 artikuluan ezarritako gehieneko epearen barruan ebatzi, eta laudoa Estatutuaren araberako Hitzarmen Kolektiboak ez Aplikatzeko Prozedurak Ebazteko Organoari jakinaraziko dio, eta horrek, berriz, desadostasunak eraginpean hartutako alderdiei.

6.– Arbitraje-laudoa loteslea eta betearazlea izango da.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Lan Harremanen Kontseiluaren urteko aurrekontuan, Estatutuaren araberako Hitzarmen Kolektiboak ez Aplikatzeko Prozedurak Ebazteko Organoaren jarduera finantzatzeko partida espezifiko bat sartuko da. Partida hori Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan Lan Harremanen Kontseiluari esleitutako azken kopuruaren parte izango da, eta Kontseiluak Legeari jarraiki jasotzen dituen gainerako transferentzien tratamendu bera izango du, aurrekontu-ondorioetarako.

Hori aparte utzi gabe, eta hitzarmen kolektiboak ez aplikatzeko planteatzen zaizkion eskaeren kopuruaren eta, hala badagokio, konplexutasunaren arabera, Estatutuaren araberako Hitzarmen Kolektiboak ez Aplikatzeko Prozedurak Ebazteko Organoak beharrezkoa den laguntza teknikoa jaso ahal izango du Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren Lan eta Gizarte Segurantza Zuzendaritzatik, bere eskumenak baliatzeko bidezkotzat hartzen dituen txostenak izateko. Horretarako, 10. artikuluan aipatutako lankidetza-hitzarmena izenpetuko da geroago.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA.– Garatzeko ahalmenak.

Dekretu hau garatzeko beharrezkoak diren xedapenak emateko ahalmena ematen zaio Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuari.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA.– Indarrean jartzea.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2013ko abenduaren 30ean.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua,

JUAN MARÍA ABURTO RIQUE.


Azterketa dokumentala