Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

94. zk., 2013ko maiatzaren 17a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
2313

AGINDUA, 2013ko maiatzaren 8koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, antzerki-produkziorako 2013. urtean diru-laguntzak emateko arauak ezarri eta deialdia egiten duena.

Arte eta kultura alorreko jarduerei loturiko eskumenak eta horien zabalkundeari dagozkionak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari dagozkio, horixe xedatzen baita Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuan. Eskumen horiek Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari esleitzen dizkio apirilaren 9ko 193/2013 Dekretuak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren egitura organikoa ezartzen duenak.

Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak egoki deritzo, bere eskumenen baitako zeregina den aldetik, izaera profesionala duten antzerki-jarduerak sustatzeko aukera emango duen bidea antolatzeari. Horretarako, diru-laguntzak emango zaizkie antzerki-konpainia profesionalei egiten dituzten antzezlanen produkzioa ahalbidetzen duten prozesu desberdinak finantzatzeko. Neurri horren bitartez, euskal antzerki-konpainien sorkuntza-lana bultzatzeko formula lortu nahi da eta, bide batez, konpainia horien ahalegina aitortzeaz gain, beren lanak beste merkatu batzuetara zabaltzeko aukerak eskaini, beren finantzabideak ugaritu daitezen.

Ondorioz, honako hau

EBAZTEN DUT:
I. KAPITULUA
ARAU OROKORRAK

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea, 2013. urtean zehar burutuko edo hasiko diren antzerki-jarduera profesionaletarako diru-laguntzak emateko arauak ezartzea eta deialdia egitea da.

2. artikulua.– Modalitateak eta diru-baliabideak.

1.– Diru-laguntza horietarako, guztira, 730.000 euro erabiliko dira, baina kopuru hori handitu ahal izango da, beharrezkoa izanez gero, lehenengo xedapen gehigarrian ezarritako eran.

2.– Zenbateko globala honela banatuko da deialdi honetako modalitateen artean:

a) 150.000 euro, produkzioetarako.

b) 180.000 euro, hitzartutako zirkuituetako produkzioak egiteko.

c) 400.000 euro, finkatutako antzerki-konpainien jardunetarako.

3.– Modalitate bakoitzean adierazitako zuzkidura dena dela ere, eskabiderik ez dagoelako, eskakizunak betetzen ez dituztelako edo aurkeztutako proiektuen kalitatea eskasa delako, modalitateetako batean ezarritako diru-kopurua agortzen ez bada, Balorazio Batzordeak, arrazoiak emanez, beste modalitaterako diru-laguntzaren zenbatekoa handitzea proposatuko du, betiere delako modalitate hori artean erabaki gabe badago. Gorabehera horren berri eman beharko da Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen ebazpen baten bitartez.

Eskatutako diru kopuru orokorra eta hasierako kopuruaren arteko desoreka handien duen modalitateak lehentasuna izango du.

4.– Herri administrazio desberdinetatik jasotako diru-laguntza guztiek ezingo dute gainditu diruz lagundutako jardueraren kostuaren % 70.

5.– Eskatzaile bakoitzak proiektu bat baino gehiago aurkez dezake, baina modalitate bakoitzean pertsona edo entitate eskatzaile bakoitzari proiektu bakarragatik baino ez zaio diru-laguntza emango. Hala, bada, balorazio onena lortzen duen eskabideari emango zaio eta gainerakoak ezetsi egingo dira.

3. artikulua.– Pertsona edo erakunde onuradunak.

1.– Agindu honetan modalitate bakoitzerako ezartzen diren bestelako berariazko eskakizunez gain, laguntza hauek eskatu ahal izateko, nahitaezkoa izango da baldintza hauek betetzea: pertsona fisiko edo juridiko pribatuak izatea, Europar Batasuneko estatu kide batean ezarrita egotea eta behin diru-laguntza emanez gero establezimendu egonkor bat Euskal Autonomia Erkidegoan izatea.

Pertsona fisiko edo erakunde batek establezimendu egonkor baten bidez diharduela zehazteko, Euskadiko Autonomia Erkidegoko Kontzertu Ekonomikoa onartzen duen maiatzaren 23ko 12/2002 Legearen 21.2 artikuluak zer dioen hartuko da aintzakotzat.

2.– Gainera, agindu hau argitaratzen den egunean, pertsona fisiko eta erakundeak jarduera ekonomikoen zergako antzerki-jardueretarako epigrafean alta hartuta egon beharko dute. Eta pertsona juridikoen kasuan, estatutuetan haien helburu edo xede sozial gisa antzerki-jarduerak garatzea izan beharko dute.

3.– Kultura-elkarte edo fundazioaren izaera juridikoa duten eskatzaileek ezingo dituzte jaso diru-laguntza hauek.

4.– Agindu honen bidez ematen diren laguntzak jaso ahal izateko, beharrezkoa da zerga-betebeharrak egunean izatea, baita Gizarte Segurantzakoak ere.

Deialdi honen organo kudeatzaileak egiaztatuko du, automatikoki, behar hainbat aldiz, diru-laguntza eskatu duten pertsonek Gizarte Segurantzarekiko baldintzak betetzen dituztela, eta horretarako ez du pertsona horien oniritzia beharko, halaxe xedatzen du-eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak.

5.– Pertsona onuradunei laguntzak ematea eta, hala dagokionean, horien ordainketa, baldintzaturik geratuko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta bere erakunde autonomoek ematen dituzten izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan dirua itzultzeko edo zehapenen bat ezartzeko espedientea hasi baldin bada eta oraindik izapideak amaitu gabe baldin badaude, prozedura hori burutu arte.

6.– Ezingo dute deialdi honetako diru-laguntzarik eskatu laguntza publikoak lortzeko zigor administratibo edo penalik dutenek, ezta ere horretarako gaitasuna kentzen dien legezko debekurik dutenek ere. Halaber, ezingo dute diru-laguntzarik eskatu sexu-bereizkeria dela-eta zigor administratibo edo penalik duten erakundeek, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenaren indarrez.

4. artikulua.– Diru-laguntzak emateko prozedura.

Deialdi honen kargura emango diren diru-laguntzak lehiaketa-prozeduraren bidez esleituko dira. Beraz, diru-laguntza jasotzeko ezarritako gehienezko muga errespetatuz eta finkatutako irizpideak erabiliz, onuradun kopuru bat hautatuko da, hain zuzen ere, proiektuen kalitatea eta bideragarritasuna ziurtatuko duen kopurua, betiere proiektuen dimentsioari begira.

5. artikulua.– Tramitazio elektronikoa.

1.– Pertsona eta erakunde interesdunek bide elektronikoak erabili ahal izango dituzte deialdi honetako izapideak eskatzeko, kontsultatzeko eta bideratzeko.

2.– Tramitazio elektronikoa honako lege-arau hauetan dago araututa: otsailaren 21eko 21/2012 Dekretua, Administrazio Elektronikoari buruzkoa, eta e-Administraziorako Plataforma Teknologikoa –Platea– ezartzen duen Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpena.

3.– Eskaerak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak nola tramitatu behar diren azaltzen dituzten argibideak euskadi.net-en honako helbide honetan daude ikusgai:

– Antzerki produkzioen modalitatea:

https://www.euskadi.net/diru_laguntza/-/2013/antzerkia_produkzioa/eu/

– Hitzartutako zirkuituetako produkzioen modalitatea:

https://www.euskadi.net/diru_laguntza/-/2013/antzerkia_zirkuitoa/eu/

– Finkatutako antzerki-taldeen modalitatea:

https://www.euskadi.net/diru_laguntza/-/2013/antzerkia_finkatuta/eu/

4.– Eskabidea egiteko eta dokumentazioa aurkezteko bide horietako bat erabiliz gero –presentziala edo elektronikoa–, horrek ez du esan nahi bidez aldatu ezin denik prozeduraren ondorengo izapideetan, alegia, edonoiz aldatu daiteke bidea.

Eskabidearen ondoko izapideak, bide elektronikoa erabiliz, hemen egin daitezke:

http://www.euskadi.net/nirekudeaketak.

6. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabete batekoa izango da, agindu hau argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera.

2.– Eskabideak Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeari zuzenduko zaizkio eta Eusko Jaurlaritzaren Herritarren Arretarako Bulegoetan eta Lurralde Ordezkaritzan edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako organoetan aurkez daitezke, behar bezala betetako eskabide normalizatuaren bidez.

Eskaera-orria, eskatzen den gainerako dokumentazioarekin batera, euskadi.net gunean eskura daiteke, agindu honetako 5. artikuluan adierazitako helbideetan.

Eskabideak bide elektronikoa erabiliz ere aurkeztu ahalko dira, euskadi-net guneko aipaturiko helbideetan.

3.– Pertsona eta erakunde eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dute eskaera, atxikitako dokumentazioarekin batera. Halaber, pertsona edo erakunde eskatzaileak aukeratzen duen hizkuntza hori erabili ahal izango da prozedura osoan, Euskararen Erabilpena Arautzen duen azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeko 5.2.a) eta 6.1 artikuluek xedatzen duen moduan.

4.– Eskabideak aurkezteak deialdi honetako oinarriak definitzen dituzten baldintzak espresuki eta formalki onartu direla adierazten du.

7. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.– Eskatzaileari dagokion dokumentazioa.

a) Pertsona fisikoa izanez gero:

– Eskaera sinatu duenaren identitatea egiaztatzeko agiriak.

b) Pertsona juridikoa izanez gero.

Administrazio honetako erregistroetan dauden erakundeak:

– Eskabidean adieraziko dute zein erregistrotan dauden eta ez dute erregistro horren agiririk aurkeztu beharko.

Beste administrazioetako erregistroetan dauden erakundeak egiaztatu beharko dute bere nortasun juridikoari dagokion legezko eraketa, ordezkaria den pertsonaren identitatea eta daukan legezko ordezkaritzako ahalmena honako dokumentazio honen bitartez:

– Sortze-eskritura eta estatutuak eta dagozkion erregistro publikoetan izena emanda dagoela egiaztatzen duen agiria.

– Identifikazio Fiskalaren Zenbakiaren txartela.

– Pertsona juridikoaren legezko ordezkariaren identitatea eta daukan legezko ordezkaritzako ahalmenaren egiaztagiriak.

c) Pertsona fisikoentzat nahiz juridikoentzat:

– Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan antzerki-jarduerei dagokien epigrafean alta emanda egotearen eta, bere kasuan, zerga horren azkenengo ordainagiriaren kopia.

– Laguntza eskatzen duen pertsona edo erakundea erregistratu gabe badago Eusko Jaurlaritzako Ogasuna eta Finantzak Saileko Hirugarrenen Erregistroan, edota Erregistroan dauden bere bankuko datuak aldatu nahi baditu, Euskadi.net atarian eskuragarri duen Eusko Jaurlaritzako hirugarrenaren altari buruzko orria aurkeztu beharko du.

2.– Proiektuari dagokion dokumentazioa.

a) Egin nahi den unitate-produkzioaren edota antzerki jardueraren garapenari buruzko azalpena. Antzezlanaren izenburua eta testuez gain, proposamen eszenografikoa, tratamendu dramaturgikoa, eta egile, zuzendari, produktore exekutibo, eszenografo, argiztatzaile eta antzezle guztien identifikazioa eta curriculuma aurkeztu beharko dira. Dokumentazio hau formatu digitalean aurkeztu beharko da.

b) Euskadi.net webgunean aurkituko duzun laguntza-modalitate bakoitzari dagokion inprimakia behar bezala beteta.

c) Egile-eskubideen jabe izatea kreditatzen duen agiria.

d) Ekoizpenkidetza-kontratuak hala behar izanez gero.

e) Eskaera baloratzeko aurkeztu nahi diren agiri gehigarriak.

3.– Aurkeztuko diren dokumentu elektronikoak, erabilitako bidea (presentziala edo elektronikoa) edonolakoa dela ere, ondorengo ezaugarriak izan beharko dituzte:

a) Deskargatzeko ereduak erabiliko dira holakoak daudenean, eta ahal bada ereduaren formatuan aurkeztuko dira.

b) Bestelako dokumentazioa aurkeztuko da ahal bada PDF formatuan.

c) Dokumentazio elektroniko guztiaren gehienezko tamaina 30 Mb izango da.

d) Bideoak web helbide baten bidez aurkeztu ahal izango dira.

8. artikulua.– Erantzukizunpeko adierazpenak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak ezartzen duenaren arabera (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartua), erantzukizunpeko adierazpen bidez egiaztatuko dira honako betebehar hauek:

– Xede bera duten eta bestelako administrazio edo erakunde publiko zein pribatuei eskatutako eta, hala badagokio, haietatik jasotako diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea.

– Pertsona edo erakunde eskatzaileak ez izatea zigor administratibo edo penalik laguntza publikoak lortzeko, ezta ere horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekurik.

– Eskabidean eta dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla adieraztea, eta laguntza hauen onuradun izateko indarrean den araudian ezarritako betekizunak konplitzen dituela adieraztea.

9. artikulua.– Diru-laguntzak kudeatuko dituen organoa.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari dagokio deialdi honen bidez emango diren diru-laguntzak kudeatzeko lanak egitea.

10. artikulua.– Egindako akatsak zuzentzea.

Aurkeztutako dokumentazioa aztertu ondoren, ikusten bada zerbait falta dela edo errakuntzak daudela, eskatzaileari eskatuko zaio akatsa zuzendu dezan edo falta diren dokumentuak aurkez ditzan, eta horretarako hamar egun balioduneko epea emango zaio, dagokion jakinarazpena jasotzen den egunaren biharamunetik kontatuta. Era berean, ohartarazi egingo zaio ezen, epe hori igaro eta zuzenketarik egin ez bada, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, aurrez jakinaraziko zaion ebazpen baten bidez, edo dagokion izapidea egiteko eskubidea galduko duela.

11. artikulua.– Balorazio Batzordea.

1.– Modalitate honetara aurkeztutako eskabideak aztertzeko eta ebaluatzeko, Balorazio Batzorde bakar bat eratuko da. Hauek izango dira kideak:

– Batzordeburua: Kultura Sustatzeko zuzendaria edo horrek izendatutako pertsona bat.

– Bokalak: gutxienez 6 kide eta gehienez 8, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak izendatuak, agindu honetako xedean aditu diren pertsonen, programatzaileen eta arte eszenikoekin zerikusia duten Euskal Autonomia Erkidegoko lanbide elkarteen ordezkarien artean.

– Idazkaria: Kultura Sustatzeko Zuzendaritzako teknikari bat izango da, zuzendariak izendatua. Hitza izango du baina botorik ez.

2.– Balorazio Batzordearen osaera Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen ebazpen baten bidez jakinaraziko da, Batzordea eratu aurretik, interesdunek errefusatzeko duten eskubidea erabil ahal izan dezaten, legez ezarritako zehaztapen eta baldintzetan.

3.– Balorazio Batzordeko kideak izendatzerakoan Gizonen eta Emakumeen arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 3.7 artikuluan xedatutakoa beteko da.

4.– Eskaria egin duten pertsona edo erakunde guztiek izango dute aukera, hala eskatzen badute Euskadi.net webgunean horretarako dagoen inprimakia erabiliz, beren proiektua batzordearen aurrean defendatzeko. Proiektu bakoitzari ez zaio 15 minutu baino gehiago eskainiko.

5.– Batzorde horrek, ezarritako irizpideak kontuan hartuta, ebazpen proposamenak egingo dizkio Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeari.

12. artikulua.– Ebazpena.

1.– Deialdi honetako diru-laguntzak esleitzeko ebazpenak Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak emango ditu, eta interesdunei jakinarazi, Balorazio Batzordearen proposamenak ikusita, sei hilabeteko epean deialdi-agindu hau indarrean jartzen denetik aurrera. Ebazpen horiek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira, denek horren berri izan dezaten.

Ebazpen hauek ez dute administrazio-bidea amaitzen. Beraz, haien aurka gorako errekurtsoa aurkeztu ahal izango diete interesdunek Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari hilabeteko epean, jakinarazten den egunaren biharamunetik aurrera kontatuta, horrela dago-eta xedatuta Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluetan.

2.– Proposamen horietan ordezko onuradunak izendatu ahal izango dira, gerta baitaiteke hautatutakoek deialdi honetan zehaztutako baldintzei uko egitea edo horiek ez bete edo ez onartzea. Gorabehera horietako bat suertatuz gero, ordezkoak jasoko duen diru-laguntzaren zenbatekoa hasieran onuradun izendatu zenari ordaindu gabe geratzen dena izango da.

3.– Ebazteko epea amaituta, interesdunari inolako jakinarazpenik egin ez bazaio, eskabidea errefusatutzat jo daiteke, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritako ondorioetarako.

13. artikulua.– Jakinarazpenak izapidetze presentzialean eta telematikoan.

1.– Izapideak bertaratuta eginez gero, jakinarazpena egindakotzat joko da erakunde interesdunak edo haren legezko ordezkariak edo baimendutako pertsonak Posta Zerbitzuaren hartu-agiria sinatzen duenean, eta kasu bakoitzean ezarritako epea jakinarazpeneko egintza jaso eta biharamunetik hasiko da zenbatzen.

2.– Izapidetze telematikoaren kasuan, aldiz, Administrazio Elektronikoari buruzkoa den otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuaren V. tituluan xedaturikoari jarraiki, jakinarazpena egindakotzat joko da erakunde interesdunak edo, kasuan kasu, legezko ordezkariak edo baimenduriko pertsonak jaso duela elektronikoki sinatzen duenean, eta kasu bakoitzean ezarritako epea hark jakinarazpeneko egintza jaso izana elektronikoki sinatzearen biharamunetik aurrera hasiko da zenbatzen.

Jakinarazitako egintza aipatutako dekretuan aipatzen den helbide elektronikoan interesdunaren edo haren legezko ordezkariaren edo baimendutako pertsonaren esku jartzen denetik hamar egun naturaleko epea igaro eta gero, interesdunak haren edukia eskuratzen ez badu, jakinarazpena ezetsitzat joko da. Horrela, izapidea egindakotzat joko da eta prozedurak aurrera egingo du, salbu eta ofizioz edo hartzaileak jakinarazita, jakinarazpena ikustea teknikoki edo materialki ezinezkoa izan dela egiaztatzen bada.

14. artikulua.– Diru-laguntzen bateragarritasuna.

1.– Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak eta beste edozein erakunde publikok edo pribatuk emandakoak batera erabili daitezke helburu berbererako, betiere gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Gainfinantzaketarik badago, diru-laguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, dagokion gehienezko mugaraino.

2.– Hala ere, deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak bateraezinak izango dira Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak proiektu eta helburu berberarentzat «Sormen Lantegiak» programaren barruan emandako diru-laguntzekin.

3.– Proiektuak ez daudela zatituta egiaztatuko da. Honela, aurreko atalean esandako ez-bateragarritasuna saihesteko asmoz proiektua zatitu, zabaldu edo moldatu egin dela egiaztatzen bada, Balorazio Batzordeak ez du proiektua baloratuko eta deialditik kanpo utziko da Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen ebazpenaren bitartez.

4.– Finkatutako antzerki-konpainien jardunetarako diru-laguntzen onuradunek ezingo dute beste bi modalitateetan araututako diru-laguntzarik jaso. Muga hori ez da aplikatuko agindu honetako 26. artikuluan jasotzen diren koprodukzioen kasuan.

15. artikulua.– Pertsona edo erakunde onuradunen betebeharrak.

Deialdi honetan arautzen diren diru-laguntzen pertsona edo erakunde onuradunek betebehar hauek izango dituzte:

a) Emandako diru-laguntza onartzea. Alde horretatik, pertsona/entitate onuradunek diru-laguntza eman zaiela adierazten duen jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean berariaz uko egiten ez badiote, onartu egin dutela ulertuko da.

b) Diruz lagundutako proiektua deialdirako aurkeztu diren baldintzetan garatzea. Dena den, aldaketak ere egin ahal izango dira, baldin eta aldaketok funtsezkoak ez badira eta ez badute bideragarritasun ekonomikoa eragiten. Aldaketa horiek idatziz jakinaraziko zaizkio Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeari eta hark, jakinarazpena jasotzen duen egunetik hamabost eguneko epea izango du horiek onartu edo gaitzesteko. Epea inolako jakinarazpenik gabe igaroz gero, aurkeztu den aldaketa onartu dela ulertuko da.

c) Ogasuna eta Finantzak Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari diru-laguntzen fiskalizazio-lanetan behar duten informazio guztia ematea.

d) Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren babesa berariaz aipatzea katalogo, egitarau, iragarki-kartel, argazki eta gainerako material grafikoan. Material hori euskaraz egingo da, eta beste hizkuntza batzuetan ere egin ahal izango da.

16 artikulua.– Diru-laguntza ordaintzea.

Deialdi honetako diru-laguntzak honela ordainduko dira:

a) Diru-laguntzaren % 60 diruz lagundutako jarduerari dagozkion lanak hastean. Onuradunak aldez aurretik jakinarazi beharko du, berariaz, noiz hasiko diren aipatutako lanok.

b) Diru-laguntzaren beste % 30, lehenengo ordainketan emandako diruari dagozkion gastuak (% 60) justifikatu ondoren eta, betiere, 2014ko urtarrilaren 1etik aurrera.

c) Diru-laguntzaren gainerako % 10a, diru-laguntza osoa hurrengo artikuluan zehaztutako eran justifikatu ondoren.

17. artikulua.– Diru-laguntzaren justifikazioa eta likidazioa.

1.– Diru-laguntza jasotzen duten pertsona/entitate onuradunek, lagundutako jarduera bukatu eta hiru hilabeteko epean eta, betiere, 2014ko abenduaren 31 baino lehen honako dokumentazioa aurkeztu beharko dute, bide presentzialetik edo elektronikotik:

a) Diru-laguntza eskuratzeko eskabide-orriarekin batera aurkeztutako jardueraren gaineko memoria, ahalik eta zehatzena, non haren exekuzioa, betetze-maila eta ebaluazioa ere jaso behar baitira.

b) Antzezlanak estreinatu direla justifikatzeko, kontratatzaileak egindako egiaztagiria, kontratua bera edo leihatilako orria.

c) Diruz lagundutako jardueraren behin betiko exekuzio-aurrekontua (gastuak eta diru-sarrerak), ahalik eta zehatzena, erantzukizunpeko aitorpen bidez, Euskadi.net webgunean horretarako dagoen inprimakia erabiliz.

Diru-sarreren atalean honako datu hauek, besteak beste, zehaztu beharko dira:

– Entitate onuradunaren behin betiko ekarpena.

– Beste administrazio edo entitateen ekarpenak, publikoenak eta pribatuenak. Entitate onuradunak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak emandakoaz gain bestelako diru-laguntzarik jaso ezik, hori horrela dela adierazten duen zinpeko aitorpena ere aurkeztu beharko da.

– Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak emandako diru-laguntza.

d) Diruz lagundutako programa edo jardueraren exekuzioa dela-eta ordaindutako nomina guztiak edota sortarazitako gastuen faktura edo ordainagiri guztiak jasotzen dituen zerrenda sailkatua, Euskadi.net webgunean horretarako dagoen inprimakia erabiliz.

d.1.– Balio Erantsiaren Gaineko zergari dagokion zenbateko kengarria ezingo da egindako gastutzat hartu.

d.2.– Antzerki produkzioetarako eta hitzartutako zirkuituetako produkzioetarako modalitateei egotzitako zeharkako kostuak ez du gaindituko, orotara, diruz lagundutako proiektuaren gastu osoaren % 25. Zeharkako kostuen artean sartzen dira bai onuradunak garatzen dituen jarduerei egotzitako aldagaiak, bai jarduera zehatz bai ezin egotzitakoak izanik ere jarduera burutzeko beharrezko diren egitura-kostuak ere.

d.3.– Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak laginketa-tekniken bidez egiaztatuko ditu diruz lagundutako jardueraren ziurtagiriak, hain zuzen ere egoki irizten dituenak, diruaren kopuru osoak, diru-laguntzen kopuruak zuzenak direla eta diru-laguntzak eurak ondo erabili direla ziurtatzeko.

d.4.– Hala ere, Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak artikulu honetako lehenengo paragrafoan ezarritako epearen barruan hala eskatzen badu, pertsona onuradunek konpromisoa hartuko dute aurkeztutako aurrekontu osoa justifikatuko duten egiaztagiriak Zuzendaritzaren eskura uzteko.

e) Katalogo, egitarau, iragarpen-kartel, argazki eta gainontzeko material grafiko edo soinuzkoaren hizkuntz bertsio desberdinetako aleak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren babesa espresuki adierazita dutelarik.

2.– Justifikazioak Eusko Jaurlaritzaren Herritarren Arretarako Bulegoetan eta Lurralde Ordezkaritzan edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako organoetan aurkez daitezke, behar bezala betetako eskabide normalizatuaren bidez.

Justifikazioak bide elektronikoaren bidez ere aurkeztu ahalko dira:

http://www.euskadi.net/nirekudeaketak gunean.

3.– Justifikazioak, bai bide presentziala erabiliz bai bide elektronikoa erabiliz, nola tramitatu behar diren azaltzen dituzten argibideak euskadi.net-en egongo dira ikusgai, agindu honetako 5. artikuluan adierazitako helbideetan.

18. artikulua.– Aldaketa-ebazpena.

Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira –betiere diru-laguntzaren xedea bete bada– edo beste entitate publiko zein pribatuetatik beste laguntzarik jaso bada, laguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da. Horretarako, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak aldaketa-ebazpena emango du, emandako diru-zenbatekoak doitzeko.

19. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Hauek izango dira ez-betetzeak:

a) Jasotako diru-laguntza osoa edo zati bat agindu honetan adierazitako jarduerez bestelakoetan erabiltzea.

b) Agindu honetan edo laguntza emateko egintzan adierazitako betebeharrak ez betetzea.

c) Diru-laguntzaren likidazioa egiteko ebazpenean adierazitako zenbatekoa epearen barruan ez itzultzea (hala badagokio).

d) Xedapen orokorretan nahitaez bete beharrekotzat jotako beste edozer ez betetzea.

2.– Ez betetzeren bat gertatuz gero, jasotako zenbatekoak eta legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, betiere azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren eta abenduaren 17ko 689/1991 Dekretuaren arabera (hurrenez hurren, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua eta Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua).

II. KAPITULUA
PRODUKZIOETARAKO DIRU-LAGUNTZAK

20. artikulua.– Diru-laguntza jaso dezaketen alorrak.

Laguntza hauek deialdiaren onuradunak diren pertsonek edo entitateek Euskal Autonomia Erkidegoan 2013ko ekitaldian zehar garatuko edo hasiko dituzten eta 2013ko urtarrilaren 1etik 2014ko abenduaren 31ra bitartean estreinatuko dituzten produkzioetara bideraturik daude.

21. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoak eta mugak.

1.– Produkzioetarako laguntzen zenbatekoa 150.000 eurokoa izango da.

2.– Produkzioetarako diru-laguntzak aurkeztutako proiektu edo jarduera bakoitzaren onartutako aurrekontu garbiaren (zergak kenduta) % 49ra irits daitezke, gehienez. 23. artikuluan erregulatzen diren diru-sariak jasoko dituzten produkzio elebidun edo euskara hutsezkoen kasuan, muga hori % 55 izango da.

3.– Diru-laguntza koprodukzio baterako eskatzen bada, eskatzaileak gutxienez ekoizpenaren % 33ko parte-hartzea izan beharko du. Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntzak ez du inoiz gaindituko produktore eskatzailearen parte-hartzearen % 49.

4.– Proiektu bakoitzari emandako diru-laguntzaren gehienezko zenbatekoa 60.000 eurokoa izango da.

22. artikulua.– Hautapena eta kuantifikazioa egiteko irizpideak.

1.– Diru-laguntzei buruzko ebazpen-proposamena egiteko, Balorazio Batzordeak irizpide hauek aplikatuko ditu:

a) Aurkeztutako proiektuaren kalitatea, interesa eta berrikuntza. Irizpide hau erabiltzerakoan proiektua bere osotasunean hartuko da eta honako alderdi hauek baloratuko dira, besteak beste: testua, dramaturgia, proposamen eszenikoa, eta inplikatutako ekipo artistiko eta teknikoak (guztizko puntuazioaren % 50).

b) Proposatutako proiektuaren bideragarritasun ekonomikoa. Bereziki hartuko da kontuan aurrekontuaren egokitasuna, erabiliko diren enpresa-baliabideak, proiektuaren kalitatea/prezioa erlazioa egokia izatea eta proposatutako ustiapen eta amortizazio plana (guztizko puntuazioaren % 10).

c) Euskararen erabilera proiektuan (guztizko puntuazioaren % 10). Irizpide hau ez da aplikatuko testu batean oinarriturik ez dauden antzerki-proposamenenetan; beraz, proiektu horien balorazio orokorra egiteko, formula hau erabiliko da:

Lortutako puntuazioa X 100

d) Pertsona edo entitate eskatzailearen ibilbidea. Ildo horretatik, alderdi hauek hartuko dira kontuan: orain arte ekoitzitako ikuskizunen kalitatea eta kantitatea, horietako bakoitzak izan duen zabalkundea eta non programatu diren (guztizko puntuazioaren % 15). Koprodukzioak direnean beste produktoreen ibilbideak ere hartuko dira kontuan, betiere ekoizpenaren % 33ko parte-hartzea gainditzen badute.

e) Enpresaren antolaketa-egitura. Kontuan hartuko dira haren enpresa-jarduera eta lanpostuen sorreran egin duen ekarpena (guztizko puntuazioaren % 15). Koprodukzioak direnean beste produktoreen datuak ere hartuko dira kontuan, betiere ekoizpenaren % 33ko parte-hartzea gainditzen badute.

2.– Artikulu honetan ezarritako balorazio-baremoaren % 50 lortzen ez duten proiektuak baztertu egingo dira, eta ezingo dira sartu aukeratutakoen artean.

3.– Proiektu bakoitzari dagokion diru-laguntzaren zenbatekoa zehazteko, banaketa proportzionala erabiliko da. Alegia, diru-kopuru osoa proportzionalki banatuko da, balorazio-fasean eskabideek ezarri diren irizpideak aplikatuta lortu duten puntuazioari jarraituz. Banaketan 2.4 eta 21. artikuluetan adierazi diren mugak errespetatuko dira, eta, nolanahi ere, laguntza jasoko duten proiektuen kopurua eta ematen zaien diru-zenbatekoa agindu honetako 4. artikuluan xedatutakoaren mendean egongo dira.

23. artikulua.– Euskarazko produkzioetarako laguntzak.

1.– Diru-laguntza merezi duten proiektuak hautatu ondoren, modalitate honetara bideratutako guztizko kopurutik 25.000 euro banatuko dira, euskarazko bertsioa duten produkzioetarako pizgarri gisa.

2.– Nahitaezko baldintza izango da ikuskizuna haurrentzat ez izatea. Gainera, kontzeptu honengatik, proiektu bakoitzari gehienez 5.000 euro emango zaizkio Euskal Autonomia Erkidegoan lana lehenengo euskaraz estreinatzen bada, eta 2.500 euro gaztelaniaz estreinatzen bada. Bigarren kasu horretan, bertsio bien estreinaldien artean ezin dira sei hilabete baino gehiago igaro, eta 2014ko abenduaren 31 baino lehen egin beharko da.

3.– Edozein modutan, onuradun bakoitzari dagokion zenbatekoa kalkulatzeko orduan kontuan hartuko da ateratako puntuazioa, betiere aurreko paragrafoan eta 21. artikuluan ezarritako zenbatekoak gainditzen ez badira.

III. KAPITULUA
HITZARTUTAKO ZIRKUITUA DUTEN PROIEKTUETARAKO DIRU-LAGUNTZAK

24. artikulua.– Diru-laguntza jaso dezaketen alorrak.

1.– Laguntza hauek deialdiaren onuradunak diren pertsonek edo entitateek Euskal Autonomia Erkidegoan 2013ko ekitaldian zehar garatuko edo hasiko dituzten eta honako baldintza hauek betetzen dituzten produkzio hauetara bideraturik daude:

a) proiektuen estreinaldia 2013ko urriaren 1etik 2014ko abenduaren 31ra bitartean izatea.

b) Sarea Euskal Antzokien Sarearekin hitzartutako antzerki-bira aurkeztea, estreinaldia egin eta hiru hilabeteko epean egitekoa.

2.– Sarearekin hitzartutako emanaldiak behar bezala egiaztatuta egotea kontratu bidez, aurrekontratu bidez, kontratua egiteko hitzemate bidez edo zuzenbidean baliagarria den beste edozein behartze-dokumenturen bidez.

3.– Ezingo dira modalitate honen bitartez diruz lagundu finkatutako antzerki konpainien modalitatean laguntzen diren bi urtetarako antzerki-jardueran sartuta dauden produkzioak.

25. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoak eta mugak.

1.– Produkzioetarako laguntzen zenbatekoa 180.000 eurokoa izango da.

2.– Produkzioetarako diru-laguntzak aurkeztutako proiektu edo jarduera bakoitzaren onartutako aurrekontu garbiaren (zergak kenduta) % 49ra irits daitezke, gehienez.

3.– Diru-laguntza koprodukzio baterako eskatzen bada, eskatzaileak gutxienez ekoizpenaren % 33ko parte-hartzea izan beharko du. Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntzak ez du inoiz gaindituko produktore eskatzailearen parte-hartzearen % 49a.

4.– Proiektu bakoitzari emandako diru-laguntzaren gehienezko zenbatekoa 60.000 eurokoa izango da.

26. artikulua.– Koprodukzio publikoei laguntzak.

Modalitate honetarako zuzendutako diru-kopurutik 60.000 euro erabiliko dira 24. artikuluan ezarritako baldintzak betetzeaz gain honako hauek ere betetzen dituzten produkzioak laguntzeko:

a) Gutxienez Euskal Autonomia Erkidegoko bi antzokik parte hartzen duten koprodukzio-publiko-pribatua izatea. Antzokien partaidetza ez da aurrekontuaren % 50a baino txikiagoa izango.

b) Koprodukzioaren aurrekontua guztira 120.000 eurokoa baino handiagoa izango da.

27. artikulua.– Hautapena eta kuantifikazioa egiteko irizpideak.

1.– Sareako antzoki batekin hitzartutako emanaldi behar bezala egiaztatutako bakoitza puntu batez baloratuko da.

Aurreko irizpidea aplikatzerakoan ezingo dira kontuan hartu 3 emanaldi baino gehiago antzoki bakoitzeko.

2.– Diru-laguntzen ebazpen-proposamena lantzeko, lortu dituzten puntuen arabera ordenatuko ditu proiektuak Balorazio Batzordeak.

3.– Balorazio-baremoaren arabera produkzioaren estreinalditik hiru hilabetera egindako emanaldiengatik 12 puntu gutxienez lortzen ez dituzten proiektuak baztertu egingo dira, eta ezingo dira sartu aukeratutakoen artean.

4.– Proiektu bakoitzari dagokion diru-laguntzaren zenbatekoa zehazteko, banaketa proportzionala erabiliko da. Alegia, diru-kopuru osoa proportzionalki banatuko da, balorazio-fasean eskabideek ezarri diren irizpideak aplikatuta lortu duten puntuazioari jarraituz. Banaketan 2.4 eta 25. artikuluetan adierazi diren mugak errespetatuko dira, eta, nolanahi ere, laguntza jasoko duten proiektuen kopurua eta ematen zaien diru-zenbatekoa agindu honetako 4. artikuluan xedatutakoaren mendean egongo dira.

IV. KAPITULUA
FINKATUTAKO ANTZERKI KONPAINIENTZAKO DIRU-LAGUNTZAK

28. artikulua.– Diru-laguntza jaso dezaketen alorrak.

Laguntza hauek 2013-2014 urteetan gauzatuko diren antzerki-proiektuetara daude bideratuta. Proposatzen den planari dagokionez, produkzio baten estreinaldia, gutxienez, 2013ko urtarrilaren 1etik 2014ko abenduaren 31ra egin beharko da, eta birak egiteko plan bat aurkeztu behar da, kontuan hartuta bai Euskadiko Autonomia Erkidegoko merkatua, bai kanpokoa.

29. artikulua.– Pertsona edo erakunde onuradunak.

Laguntza hauek eskatu ahal izateko, 3. artikuluko baldintzez gain, hauek ere bete beharko dira:

a) Azken 10 urteotan, etengabe jardun izana arte eszenikoetako ikuskizunak sortzen eta taularatzen.

Egindako jarduera neurtzeko, bat-egite edo eraldatze-prozesuen aurreko ibilbideak hartuko dira kontuan, baldin eta entitate eskatzaileak egitatez edo zuzenbidez lehen zeudenen ondorengotza eratzen badu.

b) Kudeaketa, produkzio eta banaketa talde oinarrizko bat izatea, gutxienez bi pertsonak osatua.

30. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoak eta mugak.

1.– Finkatutako antzerki konpainientzako diru-laguntzetarako 400.000 euro erabiliko dira.

2.– Diru-laguntzak aurkeztutako proiektu edo jarduera bakoitzaren aurrekontu garbiaren (zergak kenduta) % 49ra iritsi daitezke, gehienez.

3.– Proiektu bakoitzari emandako diru-laguntzaren gehienezko zenbatekoa 110.000 eurokoa izango da.

31. artikulua.– Hautapena eta kuantifikazioa egiteko irizpideak.

1.– Diru-laguntzei buruzko ebazpen-proposamena egiteko, Balorazio Batzordeak irizpide hauek aplikatuko ditu:

a) Aurkeztutako proiektuaren kalitatea, interesa eta berrikuntza. Irizpide hau erabiltzerakoan proiektua bere osotasunean hartuko da eta honako alderdi hauek baloratuko dira, besteak beste: testua, dramaturgia, proposamen eszenikoa, eta inplikatutako ekipo artistiko eta teknikoak (guztizko puntuazioaren % 25).

b) Pertsona edo entitate eskatzailearen ibilbidea. Ildo horretatik, alderdi hauek hartuko dira kontuan: orain arte ekoitzitako ikuskizunen kalitatea eta kantitatea, horietako bakoitzak izan duen zabalkundea eta non programatu diren (guztizko puntuazioaren % 30).

c) Enpresaren antolaketa-egitura. Kontuan hartuko dira haren enpresa-jarduera eta lanpostuen sorreran egin duen ekarpena (guztizko puntuazioaren % 35).

d) Proposatutako jardueran euskara erabiltzea (guztizko puntuazioaren % 10).

2.– Artikulu honetan ezarritako balorazio-baremoaren % 50 lortzen ez duten proiektuak baztertu egingo dira, eta ezingo dira sartu aukeratutakoen artean.

3.– Proiektu bakoitzari dagokion diru-laguntzaren zenbatekoa zehazteko, banaketa proportzionala erabiliko da. Alegia, diru-kopuru osoa proportzionalki banatuko da, balorazio-fasean eskabideek ezarri diren irizpideak aplikatuta lortu duten puntuazioari jarraituz. Banaketan 2.4 eta 30. artikuluetan adierazi diren mugak errespetatuko dira, eta, nolanahi ere, laguntza jasoko duten proiektuen kopurua eta ematen zaien diru-zenbatekoa agindu honetako 4. artikuluan xedatutakoaren mendean egongo dira.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa.– 2. artikuluan jaso den guztirako zenbatekoa aldatu egin ahal izango da, eskatutako diru-laguntzen guztirako zenbatekoa kontutan harturik, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailean beste laguntza-egitasmo batzuk bideratu ondoren aurrekontuak agortu gabe geratu badira. Adierazitako aldaketa diru-laguntzak ebatzi baino lehen egin behar da. Aipatutakoaren berri eman beharko da Kultura, Gazteria eta Kiroleko sailburuordearen ebazpen baten bitartez.

Bigarrena.– Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak xedatutakoa betez, eskabidean agertzen diren datuak Eusko Jaurlaritzaren «Ayudas y subven. creación cultural» izeneko fitxategian sartuko dira. Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren Kultura Sustatzeko Zuzendaritza da fitxategi horren titularra eta 2006ko uztailaren 27ko Aginduan araututa dago. Fitxategiak laguntza emateko espedienteak kudeatzea du helburu. Aldez aurretik, Datuak Babesteko Agentziari eman zaio horren berri, eta datuen segurtasun osoa bermatzeko behar diren segurtasun-neurriak ezarrita ditu. Fitxategiaren datuak, bestalde, ez zaizkie beste pertsona batzuei jakinaraziko, legeak bideratutako kasuetan izan ezik.

Datu pertsonalen babesari buruz indarrean dauden arauei jarraiki, eskatzaileak badu sartzeko, zuzentzeko, ezerezteko eta aurka egiteko eskubideez baliatzea, Datu Pertsonalak Babesteari buruzko Lege Organikoak berariaz aitortzen duen bezala. Horretarako, badu Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren Zerbitzu Zuzendaritzara jotzea (Donostia kalea 1; 01010, Vitoria-Gasteiz).

Administrazio Publikoak erkatu ahal izango ditu adierazitako datuak eta berariazko egiaztapenak egin ahal izango ditu laguntzak behar bezala esleitzeko.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du. Beraz, bere aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari, hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo bestela administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko jurisdikzio horretako salan bi hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Bigarrena.– Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sortuko ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko maiatzaren 8a.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.


Azterketa dokumentala