Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

74. zk., 2013ko apirilaren 18a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

OGASUN ETA FINANTZA SAILA
1820

192/2013 DEKRETUA, apirilaren 9koa, Ogasun eta Finantza Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzekoa.

Ogasun eta Finantza Sailaren egitekoak eta jardun-arloak Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuaren 9. artikuluan jasota datoz. Dekretu hori, hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzeari eta haien egitekoak eta jardun-arloak finkatzeari buruzkoa da.

Arau horren azken xedapenetan lehenengoan aurreikusitakoaren arabera, dekretu honek sail horren egitura eta egitekoak finkatzen ditu, aipatutako xedapenean ezarritako antolaketa-irizpideei eta aurreikuspenei jarraituz. Egitura horrek Sailaren arlo nagusiez arduratuko diren hiru sailburuordetza ditu; gainera, sailburuordetza horiei Kontrol Ekonomikoko Bulegoa lotzen zaie, egitura-maila bera duena, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioan jardun ekonomikoa fiskalizatzen duena, bere sorreko legearen eta ondorengo garapenen arabera.

Administrazioko eta Zerbitzu Orokorretako Sailburuordetza honako hauetaz arduratuko da: Administrazioaren eraikin eta egoitzei buruzko politikaz; normalizazio- eta homologazio-egitekoez; hainbat sailetako eraikin eta zerbitzuen kudeaketaz; artxibo-sistemaz; eta argitalpenaz. Halaber, Autonomia Erkidegoko Administrazioak informazio-sistemen, telefoniaren, sareen azpiegitura eta zerbitzuen edo telekomunikazioen arloan dituen eskumenen ondorioz sortutako araubide orokorrak zuzentzea eta ikuskatzea ere organo horri dagokio. Ondarearen, kontratazioaren eta arrisku eta aseguruen kudeaketaren arloan Autonomia Erkidegoko Administrazioak dituen eskumenen ondorioz sortutako araubide orokorrak zuzentzea ere organo honi dagokio.

Ekonomia eta Aurrekontu Sailburuordetzaren ardura izango da Jaurlaritzaren epe ertainerako plangintza ekonomikoa zuzendu eta koordinatzea. Era berean, beste egiteko edo arlo hauetan guztietan zuzendari-lana eta koordinazio-lana betetzea dagokio: azterlan ekonomikoen, koiunturaren eta aurreikuspen ekonomikoaren inguruko politikak; Eusko Jaurlaritzak bideratutako egitura-politiken jarraipena egiteko, aurrekontuen eta gastu publikoaren inguruko programazioa; Euskal Autonomia Erkidegoak eskualde-politikako eta Erkidegoko funtsen arloko jarduna; lehiaren defentsa; eta estatistiken lanketa eta argitalpena. Bestalde, Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrak prestatzeaz, horien kudeaketa orokorraz, horiei jarraipena egiteaz eta aurrera eramateaz arduratzen da. Azkenik, Lehiaren Euskal Agintaritza atxikitzen zaio, otsailaren 2ko 1/2012 Legean xedatu bezala.

Bestalde, Ogasuneko eta Finantza Politikako Sailburuordetzan biltzen dira Kontzertu Ekonomikoaren, Estaturako Kupoaren eta Lurralde Historikoen ekarpenen arloan, administrazio honi dagozkion eskumenak eta egitekoak. Euskal Autonomia Erkidegoaren, Estatuko Administrazioaren eta bestelako lurralde-eskualde batzuen artean transferentziagai diren eskumenak eta/edo zerbitzuak baloratzeko eskumena ere sailburuordetza honek izango du. Aldi berean, Autonomia Erkidegoko Administrazioko zerga-administrazioa eta ekonomia- eta administrazio-erreklamazioen erregimena zuzentzeko eta ikuskatzeko ardura ere badu, horretarako jarritako organoak erabiliz. Beste arlo hauekin zerikusia duten jardun-arloetatik eratorritako Sailaren eskumenak ere bere ardurapean ditu: finantza-politika, finantza-erakundeekiko eta gizarte-aurreikuspeneko erakundeekiko harremanak, zorpetzea, berme-ematea eta Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Orokorraren araubidea.

Zerbitzu Zuzendaritza –Sailaren hainbat arlotako gai komunetan eskumena duen Saileko barne-organoa– eta Kabinete eta Komunikazio Zuzendaritza –behar den informazioa ematea bermatzeko eta sailaren eskumeneko arloei dagokien komunikazio-politika aurrera eramateko arduraduna– ere Sailaren egitura organikoaren parte dira.

Honako Administrazioko erakunde hauek ere Ogasun eta Finantza Sailari atxikita daude: Euskal Estatistika Erakundea (EEE) eta Lehiaren Euskal Agintaritza; Finantzen Euskal Institutua, zuzenbide pribatuko erakunde publikoa; eta Eusko Jaurlaritzaren Informatika Elkartea, S.A. (EJIE) eta Itelazpi, S.A. sozietate publikoak.

Ondorioz, Ogasun eta Finantzetako sailburuak proposatuta, Lehendakariak onetsi eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2013ko apirilaren 9ko bilkuran aztertu eta onetsi ondoren,

XEDATZEN DUT:
I. KAPITULUA
ANTOLAKETA OROKORRA

1. artikulua.– Egitekoak, eskumenak eta jardun-arloak.

1.– Ogasun eta Finantza Sailaren egitekoak eta jardun-arloak Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuaren 9. artikuluan jasota datoz. Dekretu hori, hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzeari eta haien egitekoak eta jardun-arloak finkatzeari buruzkoa da.

2.– Halaber, aurreko lerroaldean jasota dauden gai horiekin zerikusia duen eta Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoko beste organo edo erakunderen bati beren beregi atxiki gabe dagoen bestelako ezein eskumen ere Ogasun eta Finantza Sailarena izango da.

3.– Beste egiteko hauek ere Ogasun eta Finantza Sailari dagozkio:

a) Hitzarmenak eta akordioak sinatzea eta harremanak izatea Estatuko Administrazio Orokorrarekin eta Instituzionalarekin, beste autonomia-erkidego batzuekin, Lurralde Historikoekin eta toki-korporazioekin, beste erakunde batzuekin eta pertsona publikoekin eta pribatuekin, artikulu honetako orain arteko lerroaldeetan zehazturiko gaietan edo, legez edo Jaurlaritzaren erabakiz, agintzen zaizkion bestelako gaietan, betiere, indarreko legeetan hala jarriz gero.

b) Orokorrean Autonomia Erkidegoko Administrazioaren egiturako sailen esku uzten diren eskumen komunak.

4.– Artikulu honetan aipatzen diren gaietan, administrazio-prozeduraren fase guztiak Ogasun eta Finantza Sailaren ardurapekoak izango dira, eta, orokorrean, betearaztea izango da haren egitekoa, non eta ez den beste zer edo zer ulertzen dekretu hau irakurrita edo maila bereko beste xedapen batzuk irakurrita.

2. artikulua.– Ogasun eta Finantza Sailaren egitura orokorra.

1.– Aurreko artikuluan zehazturiko gaiei buruzko eskumenak betetzeko, Ogasun eta Finantza Sailak honako organo hauek izango ditu bere egituran:

a) Ogasun eta Finantzetako sailburua:

Kontrol Ekonomikoko Bulegoa.

Kabinete eta Komunikazio Zuzendaritza.

Zerbitzu Zuzendaritza.

b) Administrazioko eta Zerbitzu Orokorretako Sailburuordetza.

Informatika eta Telekomunikazio Zuzendaritza.

Ondare eta Kontratazio Zuzendaritza.

Baliabide Orokorren Zuzendaritza.

c) Ekonomia eta Aurrekontu Sailburuordetza.

Ekonomia eta Plangintza Zuzendaritza.

Aurrekontu Zuzendaritza.

d) Ogasuneko eta Finantza Politikako Sailburuordetza.

Zerga Administrazioko Zuzendaritza.

Finantza Politikako eta Erakundeen Baliabideetako Zuzendaritza.

2.– Aurreko lerroaldeko organo horiek baino beheragoko administrazio-unitateak Ogasun eta Finantzetako sailburuaren agindu bidez garatuko dira.

3.– Organo hauek ere Ogasun eta Finantza Sailari atxikita egongo dira, sorrera-arauetan zehazturik duten bezala:

a) Arbitraje Batzordea.

b) Kontratazio Batzorde Nagusia.

c) Bahitutako Ondasunak eta Eskubideak Itzultzeko Batzorde Instrukziogilea.

d) Euskadiko Prezioen Batzordea.

e) Euskal Estatistika Batzordea.

f) Euskal Estatistika Kontseilua.

g) Administrazio Kontratazioko Aholku Batzordea.

h) Euskadiko Zerga Koordinaziorako Organoa.

i) Euskadiko Ekonomia Arduralaritzako Epaitegia.

j) Euskal Autonomia Erkidegoko Kontratuen inguruko Errekurtsoen Administrazio Organoa.

k) Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioko Dokumentazioaren Balioespen, Hautapen eta Sarbide Batzordea.

4.– Erakunde eta organismo autonomo hauek ere Ogasun eta Finantza Sailari atxikita daude:

a) Finantzen Euskal Institutua zuzenbide pribatuko erakunde publikoa.

b) Euskal Estatistika Erakundea (EEE) erakunde autonomo administratiboa.

c) Lehiaren Euskal Agintaritza, erakunde autonomo administratiboa.

5.– Sozietate publiko hauek ere Ogasun eta Finantza Sailari atxikita daude:

a) Eusko Jaurlaritzaren Informatika Elkartea / Sociedad Informática del Gobierno Vasco, S.A. (EJIE).

b) Itelazpi, S.A.

6.– Bada Zuzendaritza Kontseilu bat ere, Saileko politika gauzatzen laguntzeko. Ogasun eta Finantzetako sailburua izango da kontseilu horretako burua, eta gainerako kideak, berriz, hauek izango dira: Ogasun eta Finantzetako sailburuordeak, Euskal Estatistika Erakundeko (EEE) zuzendaria, eta saileko Zerbitzu zuzendaria. Zuzendaritza Kontseiluan parte hartu ahal izango dute, izan iraunkorki zein puntualki, Sailaren titular den sailburuak egoki iritzitako Ogasun eta Finantza Saileko goi-kargudunek edo konfiantzazko edo behin-behineko langileek.

II. KAPITULUA
SAILBURUA

3. artikulua.– Ogasun eta Finantzetako sailburua.

1.– Ogasun eta Finantzetako sailburuari eskumen hauek betetzea dagokio: Jaurlaritzaren arauetan zehazturik daudenak, eta, Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuaren arabera, Sailari dagozkion egitekoetan eta arloetan indarreko legeek agintzen dizkioten guztiak. Dekretu hori, hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren sailak sortu, ezabatu eta aldatzeari eta haien egitekoak eta jardun-arloak finkatzeari buruzkoa da.

2.– Ogasun eta Finantzetako sailburuak egiteko hauek ere izango ditu:

a) Autonomia-erkidegoen eta Estatuko ogasunaren finantza-jardunak ondo koordinatzeko organorik sortzen baldin bada, dena delako organo horretan parte hartzea eta Euskal Autonomia Erkidegoa ordezkatzea.

b) Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioak koordinatzea, bai zerga- eta finantza-gaietan beste herri-administrazio batzuen aitzinean azalpenik eskatu edo eman behar denean, bai Kontzertu Ekonomikotik datozen baliabideak banatzeko sistemaren puntu erkideetan, hargatik eragotzi gabe Euskadiko Finantza Publikoetako Kontseiluaren berezko egitekoak.

c) Sailaren organo eta jarduera guztiak programatzea, bultzatu, zuzendu, koordinatu eta kontrolatzea.

d) 1.000.000 eurotik gorako Sailaren gastuak baimentzea, hargatik eragotzi gabe Jaurlaritzaren Kontseiluaren eskumenak.

e) Izendapen askeko lanpostuak betetzea, deialdi publikoa eginez.

f) 1.000.000 eurotik gorako kontratu eta hitzarmenetan, Ogasun eta Finantza Saileko kontratazio-organoari dagozkion ahalmenak betetzea.

Halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren baliabide propio eta zerbitzu teknikotzat hartzen diren entitateekin zer edo zer hitzartzeko negozio juridikoak egin ahal izango ditu, aurreko lerroaldean aipatutako kopurua gainditzen denean. Arlo publikoko kontratazioaren arauetan jarriko du zein diren baliabide propio eta zerbitzu tekniko horiek.

g) Indarreko arauek Ogasun eta Finantza Sailari esleitutako egitekoak, Saileko beste ezein organori edo Sailaren menpeko beste ezein erakunderi eman ez zaizkion egitekoak; eta, dekretu honen 1. artikuluko gaiekin zerikusia duten eskumenen artetik, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoko beste organo batzuen eskuetan berariaz utzi gabe daudenak.

3.– Ogasun eta Finantzetako sailburuaren mende daude, zuzenean eta hierarkikoki, Kontrol Ekonomikoko Bulegoa, Kabinete eta Komunikazio Zuzendaritza eta Zerbitzu Zuzendaritza.

4. artikulua.– Kontrol Ekonomikoko Bulegoa.

Kontrol Ekonomikoko Bulegoak sailburuordetzaren maila organiko bera izango du, eta, dekretu honen 7. artikuluan adierazitakoez gain, honako egitekoak izango ditu:

a) Kontabilitatearen eta barne-kontrol ekonomikoaren arloan Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoari dagozkion ahalmen guztiak betetzea, Ogasun eta Finantza Saileko beste organo batzuei emandakoak izan ezik, betiere, gai horiek erregulatzen dituen araudiak zehazten duen moduan.

b) Kontabilitatearekin zerikusia duten dokumentu, kontu eta txostenak prestatzea eta hedatzea, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoko Sektore Publikoaren parte diren erakundeen eta partaidetutako enpresen jardun ekonomiko eta finantzarioari buruzkoak ere, eta bai EAEn aplikatzekoak diren aurrekontu-egonkortasunaren eta finantza-jasangarritasunaren printzipioen informazioari eta kontrolari buruzkoak ere, hargatik eragotzi gabe bestelako organoek gai honetan dituzten eskuduntzak.

c) Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomoen kontabilitatearen eta barne-kontrol ekonomikoaren arloan bitartekoak nahiz baliabide elektroniko eta informatikoak nola aplikatzen eta ezartzen diren gainbegiratzea eta kontrolatzea, kontabilitatea informatizatzeko plan eta programak jarriz, trataera informatikoa zein kontabilitate-lanek eduki behar duen erabakiz, kontabilitate publikoaren arloan egin beharreko garapen informatikoei onespena emanez, eta informatizatutako kontabilitate-informazioa eskuera izan eta erabiltzeko baimenak emanez.

d) Arlo ekonomikoan, gobernu arduratsua eta arriskuen kudeaketa eta barne-kontrola egiteko politikak jartzearen alde egitea, eta politikok koordinatzea eta gainbegiratzea, Euskal Autonomia Erkidegoko Sektore Publikoaren kudeaketa hobetzeko eta xedeak erdiesten laguntzeko.

e) Koordinazioan eta, behar bada, elkarlanean aritzea Herri Kontuen Euskal Epaitegiarekin, Estatuko Kontuen Epaitegiarekin eta kanpoko kontrola eramaten duten bestelako organoekin, eta koordinazioan jardutea beste administrazio publikoetako ikuskapen-organoekin eta barne-kontrol ekonomikoa daramaten organoekin.

5. artikulua.– Kabinete eta Komunikazio Zuzendaritza.

Kabinete eta Komunikazio Zuzendaritzak, dekretu honen 8. artikuluan ematen zaizkion egiteko orokorrez gain, honako egiteko hauek ere izango ditu:

a) Sailburuaren lan-programa eta -jarduna antolatzea eta horri jarraipena egitea.

b) Sailburuari Sailaren eskumen eta politikak ongi garatu eta burutzeko behar dituen laguntza eta aholkuak ematea,sailaren egitekoen jardun-irizpideak eta -planak identifikatuz.

c) Sailburuak eskatutako Sailaren politika garatzeko intereseko azterlan eta analisiak identifikatzea eta, hala behar bada, lantzea.

d) Saileko ekitaldi ofizialak eta protokolozkoak antolatzea, hagatik eragotzi gabe Lehendakaritzari dagozkionak, eta baita Sailaren biltzarrak, jardunaldiak edo mintegiak koordinatzea ere.

e) Sailaren eskumenekoak diren politika publikoei dagokienean, haren jardunei buruzko informazioa eta publizitatea behar bezala ematen dela bermatzea.

f) Sailaren egitekoetan eragina duten gaien inguruko informazio egokia bildu, aztertu eta aurkeztea, gaiarekin zerikusia duten Saileko beste organo eskudunekin elkarlanean.

g) Komunikabideekiko harremanak planifikatu, ezarri eta artatzea.

h) Sailaren komunikazio-ekintzak egitea, sailetako organoei laguntzeko atal gisa jardunez.

6. artikulua.– Zerbitzu Zuzendaritza.

1.– Zerbitzu Zuzendaritzak, dekretu honen 8. artikuluan adierazitako egitekoez gain, honako hauek ere izango ditu:

a) Sailari atxikita dauden langileen burua izango da, Sailarekin zerikusia duten administrazio-egintzak eta ohiko kudeaketa-egintzak gauzatzeko ardura izango du, baita indarreko arautegiak agintzen dion beste edozein egiteko ere. Bereziki, egiteko hauek izango ditu:

1) Langile-gaietan, Euskal Funtzio Publikoaren arauek sail bakoitzari ematen dizkioten eskumenak betetzea.

2) Langileen prestakuntzarako eta hobekuntzarako planak eta programak prestatzea, hargatik eragotzi gabe Funtzio Publikoaren ardura duen zuzendaritzaren eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen eskuduntzak.

3) Langileen arloan jartzen diren errekurtsoak ebazteko izapideak eta proposamenak egitea, hargatik eragotzi gabe funtzio publikoaren arloan ardura duten organoen eskuduntzak.

b) Sailaren aurrekontuei buruzko aurreproiektua koordinatzea eta lantzea, eta haren jarraipena egitea; erakunde autonomoen –zuzenbide pribatuko erakunde publikoak eta Sailari atxikitako sektore publikoko gainerako erakundeak– aurrekontu-proiektuak koordinatzea eta horiek sailarenarekin kontsolidatzea; aurrekontuan egin beharreko aldaketak tramitatzea; eta Saileko gastu-programak ebaluatzea.

c) Sailaren kudeaketa ekonomikoa egitea, eta, horretarako, beharrezko informazio-, etengabeko ebaluaketa- eta jarraipen-sistemak ezartzea eta mantentzea.

d) Sailaren 1.000.000 eurotik beherako gastuak baimentzea.

e) Saileko atalek lanpostuak fisikoki kokatzeko eta ekipamendua banatzeko egiten duten lana zuzentzea eta lekua eraberritzeko eta hobetzeko egiten dituzten obrak zuzentzea, hargatik eragotzi gabe Baliabide Orokorren Zuzendaritzaren eskumenak.

f) Sailaren egoitzetako barne-araubidea betetzea eta zaintzea, eta sailari atxikitako ondarea eta ekipamendua kudeatzea eta zaintzea.

g) Sailaren erregistro nagusia, artxibategia, liburutegia eta gainerako agiritegiak kudeatzea, hargatik eragotzi gabe Baliabide Orokorren Zuzendaritzaren eskuduntzak.

h) Sailaren zerbitzu eta lan-moldeen barne-antolaketari, arrazionalizazioari eta informatizazioari buruzko proposamenak egitea, saileko gainerako organoekin eta Autonomia Erkidegoko Administrazioaren organo eskudunekin koordinaturik.

i) Saileko Segurtasun eta Osasun Atalaren lanak zuzentzea eta antolatzea, hargatik eragotzi gabe Prebentzio Zerbitzuaren eskuduntzak.

j) Sailaren arau-ekoizpena egituratu eta gauzatzea, zerikusia duten beste arlo batzuekin arau-koherentzia bilatuz, honela balizko gatazkak konpontzeko, eta Sailaren aholkularitza eta laguntza juridikoko jarduerak burutzea, bertako gainerako organoek bereganatu gabeko arloetan.

k) Sailaren gaien artetik Jaurlaritzaren Kontseiluak eta gobernu-batzordeek onartu beharrekoak direnak hara bidaltzeko izapideak egitea, berariaz bestelakorik adierazi ezean, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian edo beste edozein egunkari ofizialetan argitaratu beharreko xedapenak eta administrazio-egintzak dena delako aldizkari horretara bidaltzeko izapideak egitea.

l) Komunikazio-organo gisa jardutea gainerako sailekin eta Sailarekin harremanetan dauden organoekin edo erakundeekin; eta, sail arteko batzorde eta kontseiluetan parte hartzea, baldin eta aztergaien artean zuzendaritza honen ardurapeko egitekorik badute.

m) Sailaren jardunarekin lotuta, sortzen diren ondarearen erantzukizuneko espedienteak hastea eta horiei izapideak egitea, ondoren sailburuari emateko, ebatz ditzan.

n) Antolaketa eta informatikaren arloan Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren berariazko gaiekin zerikusia duten Sailari dagozkion eskumenak kudeatzea.

2.– 1.000.000 euro baino gutxiagoko kontratu eta hitzarmenetan, Zerbitzu zuzendariak baliatuko ditu Ogasun eta Finantza Saileko kontratazio-organoaren ahalmenak, non eta arau honetan bertan ez zaizkion berariaz beste organo bati eman.

Halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoko baliabide propio eta zerbitzu teknikotzat hartzen diren entitateekin –sektore publikoko kontratazioaren arauetan jarritakoaren arabera– zer edo zer hitzartzeko negozio juridikoak egitea, aurreko lerroaldeko kopuru horretaraino.

3.– Gainera, Ogasun eta Finantza Sailaren arloan, Zerbitzu Zuzendaritzak ardura hauek izango ditu:

a) Administrazioa eraberritzeko eta modernizatzeko eskumena duten organoek mahai gainean jarritako ekimenak eta gidalerroak gauzatzeko beharrezko euskarriak bermatzea, gobernuak gai horren inguruan dituen aurreikuspenak Sailaren jarduera-arloan garatzeko.

b) Europar Batasuneko arauak eta politikak lantzerakoan eta aplikatzerakoan Sailaren barnean koordinatzea, Sailaren organoen gai horien eta zerrenden izapidetzea Europar Batasuneko Erakundeekin bideratuz, Lehendakaritzako organo eskudunaren bidez.

c) Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko arauetan eta Eusko Jaurlaritzak onetsitako berdintasun-planean jasota datozen neurriak betetzeko, Saileko gainerako zuzendaritza eta arloekin eta sailari atxikitako erakunde autonomoekin, erakundeekin eta organoekin koordinatuz eta lankidetzan aritzea.

d) Euskararen erabilera sustatzea, Saileko euskara atalaren bidez, Eusko Jaurlaritzaren Euskararen Erabilera Normalizatzeko Plana eta Sailaren Urteko Erabilerako Kudeaketak Plana gauzatu, horiei jarraipena egin eta horiek ebaluatzea, besteak beste, baita jardun-eremuan aplikatu beharreko hizkuntza-irizpideak definitzea ere, Hizkuntza Politikako Sailburuordetzaren jarraibideen jarraipena egiteko.

e) Sailak herritarrei harrera egiteko eta informazioa emateko dituen zerbitzuek zuzen-zuzen lan egiten dutela bermatzea (harrera egiteko 2. eta 3. mailak), eta Jaurlaritzak herritarrei harrera egiteko duen zerbitzuarekiko harremanak behar bezala taxutzea (Zuzenean zerbitzuarekiko harremanak), eta, horretarako, eskumenpean dituen gai guztietarako solaskideren bat beti lanerako prest edukitzea.

III. KAPITULUA
SAILEKO GOI-KARGUAK

7. artikulua.– Ogasun eta Finantza Saileko sailburuordeak.

Orokorrean, egiteko hauek izango dituzte Ogasun eta Finantzetako sailburuordeek:

a) Sailburuordetzako eta sailburuordetzaren mende dauden zuzendaritzetako organo guztiak eta jarduketa guztiak zuzentzea, koordinatzea, sustatzea, programatzea eta gainbegiratzea; halaber, mendeko zerbitzu eta organoen antolamenduari eta funtzionamenduari buruzko jarraibideak eta zerbitzu-aginduak ematea.

b) Jardute-politikak prestatzea eta sailburuari proposatzea; halaber, aginduta dauzkan egitekoen eremuan, sailburuari laguntza teknikoa ematea.

c) Xedapen-proiektuak proposatzea, erabakitako jardun-politikarekin bat.

d) Indarrean dauden arauetan jasota dauden kasuetan, sailburuordetzaren menpeko organoen ebazpenen aurka aurkezten diren errekurtsoak ebaztea.

e) Indarrean dagoen legeriak ematen dizkien egiteko guztiak; halaber, orokortasunez sailburuordeei izendatuta datozela-eta guztientzat izan daitezkeenak.

8. artikulua.– Ogasun eta Finantza Saileko zuzendariak.

Orokorrean, egiteko hauek izango dituzte Ogasun eta Finantza Saileko zuzendariek:

a) Sailburuaren eta sailburuordeen ebazpenak gauzatzea eta eskuordetzen zaizkien eskumenak baliatzea.

b) Zuzendaritzaren jarduera guztiak programatzea, bultzatzea, zuzentzea, koordinatzea eta kontrolatzea.

c) Zuzendaritza barruko zerbitzuak eta lan-sistemak antolatzea, organo eskudunek emandako arauak aintzat harturik, eta, batez ere, espediente-erregistroak eta -artxibategiak antolatzea.

d) Indarrean dauden arauetan zehazturik dauden kasuetan, errekurtsoak ebaztea.

e) Indarrean dagoen araubide juridikoak berariaz ematen dizkien egiteko guztiak; halaber, orokortasunez zuzendariei izendatuta datozela-eta guztientzat izan daitezkeenak.

IV. KAPITULUA
SAILBURUORDETZAK
1. ATALA
ADMINISTRAZIO ETA ZERBITZU OROKORRETAKO SAILBURUORDETZA

9. artikulua.– Administrazio eta Zerbitzu Orokorretako Sailburuordetza.

1.– Administrazio eta Zerbitzu Orokorretako Sailburuordetzak, Ogasun eta Finantzetako sailburua gainetik zuzendari duela, beteko ditu arlo hauetan Ogasun eta Finantza Sailari dagozkion eskumenak: ondarea eta kontratazioa; sailen arteko zerbitzuak; artxiboak eta argitaratze-jarduna; eta informazio- eta telekomunikazio-sistema korporatiboak; dekretu honen 7. artikuluan zehaztutako egitekoak ere badagozkio sailburuordeari.

2.– Administrazio eta Zerbitzu Orokorretako Sailburuordetzaren mende daude Informatika eta Telekomunikazio Zuzendaritza, Ondare eta Kontratazio Zuzendaritza eta Baliabide Orokorren Zuzendaritza.

10. artikulua.– Informatika eta Telekomunikazio Zuzendaritza.

Informatika eta Telekomunikazio Zuzendaritzak, dekretu honen 8. artikuluan adierazitakoez gain, egiteko hauek izango ditu:

a) Informazio eta Telekomunikazio Sistemen Egitekoak eta Kudeaketa Modalitateen Planifikazioa, Eraketa eta Banaketa arautu zituen otsailaren 18ko 35/1997 Dekretuan beren beregi Ogasun eta Herri Administrazio Sailari izendatutakoak, 7. artikuluan aurreikusitakoa salbu.

b) Irratia eta telebista hedatzeko zerbitzu eroaleen kudeaketari dagozkionak, bai eta haren euskarri diren azpiegiturak administratzeari eta ustiatzeari dagozkien ahalmenak ere.

c) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoak Interneten duen presentziaren ereduari buruzko ekainaren 8ko 108/2004 Dekretuko 32. artikuluan berariaz esleitutakoak.

d) Informazioaren gizartea sustatzea Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoen eta herritarren artean, beren beregi telekomunikazio azpiegiturekin lotutakoa, bai eta Jaurlaritzak onartzen dituen kasuan kasuko planetan ezartzen direnak ere.

e) Irrati-espektroarekin eta haren gainean euskarria duten zerbitzuekin lotutakoak.

f) Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren zerbitzuen informatizazioko eta digitalizazioko interes estrategikoko proiektu komunak gauzatzea.

g) Ondare eta Kontratazio Zuzendaritzari dagokio: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak, bere erakunde autonomoek eta zuzenbide pribatuko erakunde publikoek egin dezaten Interneteko domeinu-izenen erreserba.

h) Kontratazio publiko elektronikoa ezartzeko beharrezko tresna teknikoak definitzea, abian jartzea eta bultzatzea, hargatik eragotzi gabe hurrengo artikuluaren 1. paragrafoaren c) hizkiaren 2. paragrafoan aipatzen den beharrezko koordinazioa.

11. artikulua.– Ondare eta Kontratazio Zuzendaritza.

1.– Ondare eta Kontratazio Zuzendaritzak, dekretu honetako 8. artikuluan adierazitako egitekoez gain, honako hauek ere izango ditu:

a) Ondare-kontuetan:

1) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren titulartasunpekoak diren eta Euskadiko Ondare diren ondasunen eta eskubideen gaineko jabari-ahalmenak erabiltzea, ondasun eta eskubide horiek kudeatzea, administratzea eta ustiatzea, ordezkatzea eta auzitegietatik kanpora defendatzea, Ondareari buruzko Legean arauturiko gaiei buruz Jaurlaritzaren Kontseiluak hartzen dituen erabakiak betearaztea, eta auzitegietan ondasunen eta eskubideen alde egitea, hargatik eragotzi gabe ez bazaizkio, berariaz, beste organo edo erakunderen bati agindu, eta atxikitze-egintzak berak berarekin dakartzan ahalmenak.

2) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren titulartasunpekoak diren eta Euskadiko ondare diren ondasunen eta eskubideen kudeaketa, administrazioa eta ustiaketa, baldin eta beste organo edo entitate batzuei atxikita ez badaude.

3) Euskadiko ondare diren ondasunen eta eskubideen afektazioa, desafektazioa, atxikipena, atxikipena kentzea eta helburua aldatzea, bai eta higiezinen errentamendua, Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bateginean xedatzen den bezala.

4) Edozein eratako enpresa eta sozietatetan partaide izateagatik, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari dagozkion eskubideez baliatzea, beste organo bati berariaz esleitu zaizkion kasuetan izan ezik.

5) Ustez Euskal Autonomia Erkidegoaren Ondarearen parte diren ondasun eta eskubideen ikerketa egitea; edozein tituluren bidez horiek erabiltzeko baimena duen edozein pertsona edo erakunderen erabilpena ikertzea; banatzea eta mugak zehaztea; babestea, defendatzea, errebindikatzea, zigor-ahalmenak erabiltzea eta horiekiko erantzukizunak eskatzea.

6) Euskal Autonomia Erkidegoaren Ondarearen aurkako ekintzak jurisdikzio penalari jakinaraztea, delitu edo falta izan badaitezke.

7) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Ondarea osatzen duten Ondasun eta Eskubideen Errolda Nagusia egitea, eguneratzea eta, halaber, horien egoera fisikoa eta juridikoa finkatzea eta Erregistro Publikoetan inskribatzea.

8) Ondarearen arloan Ogasun eta Finantza Sailaren eskumenekoak diren prozedura guztiak izapidetzea eta dagozkien agiriak formalizatzea; eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Ondarearen ondasun edo eskubideak adierazten edo gauzatzen dituzten agiri, eskritura, titulu eta balore guztiak edukitzea eta zaintzea.

9) Bahitutako Ondasunak eta Eskubideak Itzultzeko Batzorde Instrukziogilearen eskumenekoak diren espediente guztiak izapidetzea.

10) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren jabetza publiko edo pribatuko ondasun eta eskubideen arloan indarreko arauek ematen dioten beste edozein ahalmen.

b) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioan kontratazio araubidea garatu eta koordinatzen duen zentro zuzentzaile denez, orokorrean, Ogasun eta Finantza Sailari dagozkion eskumenak izango ditu. Arlo horri dagokionez, jardunerako eta barne-antolaerarako arauak ezar ditzake kontratazio espedienteak izapidetzerakoan eta kontratuen eta kontratisten erregistroko kontuetan.

c) Hauek ere badagozkio:

1) Kontratazio Batzorde Nagusiaren eskumeneko kontratazio espedienteak izapidetzea, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren kontratazio erregimenaren araudi erregulatzailearekin bat etorriz.

2) Kontratazio elektronikoaren ezarpena koordinatzea.

3) Kontratistak sailkatzeko espedienteak izapidetzea.

4) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren organo konkretu bati berariaz ematen ez zaizkion kontratuak kudeatzea.

5) Sailetan eta erakunde autonomoetan eratzen diren kontratazio mahaietan parte hartzea.

6) Euskal Autonomia Erkidegoko kontratuen eta kontratisten erregistroak ikuskatu eta kudeatzea.

7) Kontratazio Batzorde Nagusiari laguntza teknikoa ematea bere egitekoak betetzerakoan; eta aholkuak ematea eta koordinazio lanak egitea, administrazio kontratazioaren eta kontratazio pribatuaren arloan.

8) Txostenak, gomendioak, memoriak, azterlanak, inkestak eta Administrazio Kontratazioen Aholku Batzordearen eskumenekoak diren gainerako jarduerak gauzatzea, Batzordeak emandako artezpideen arabera, gero, Batzordeak aztertu ditzan eta, hala badagokio, onar ditzan.

9) Kontratazioak izapidetzean sortzen diren arazoen inguruko iritzia eskatzea Administrazio Kontratazioen Aholku Batzordeari, arazo horiek aparteko garrantzia badute.

d) Arrisku eta aseguruen kudeaketari dagokionez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren langile, ondare eta jardunaren gainean eragina duten arriskuen analisi, balorazio, kudeaketa eta bermeari buruzko araudian ezarritako eskumenak izango ditu eta, bereziki, Ondare eta Kontratazio Zuzendaritzako egitura eta eskumenei buruzko indarreko araudian azaldutakoak.

e) Lehiaketa-prozesuetan akordioak edo hitzarmenak sinatzea; dena dela, zenbait kasutan, baliteke Ogasun eta Finantzetako sailburuak edo Jaurlaritzaren Kontseiluak aurretik baimena eman behar izatea.

f) Ondarearen, kontratazioaren eta arrisku eta aseguruen kudeaketa-gaietan indarreko legeriak ematen dion beste edozein eskumen.

2.– Halaber, Ogasun eta Finantza Saileko Ondare eta Kontratazio Zuzendaritzako egitura eta eskumenei buruzko otsailaren 16ko 39/1988 Dekretuan –otsailaren 28ko 173/1995 Dekretuak eta ekainaren 5eko 136/1996 Dekretuak indargabetu egin zuten dekretu horren zati bat– finkatutako egitura eta eskumenak ematen zaizkio Ondare eta Kontratazio Zuzendaritzari, betiere, dekretu honetan ezarritakoaren aurkakoak ez badira.

12. artikulua.– Baliabide Orokorren Zuzendaritza.

Baliabide Orokorren Zuzendaritzak, dekretu honetako 8. artikuluan aipatzen diren egitekoez gain, honako hauek ere izango ditu:

a) Ondasun higikorren eta zerbitzuen normalizazioa eta/edo homologazioa, ondasun higikorren eta zerbitzuen kontratazioa zentralizatzeko edo deszentralizatzeko bideak proposatzea, bai eta era zentralizatuan eskuratu behar diren ondasunak eta zerbitzuak kontratatzeko prozedurak ere.

b) Hainbat sailenak diren kudeaketa zentralizatuko eraikine edo higiezinetan egin beharreko lanei dagokienez:

1) Obren planek eta haien garapen-programek bete beharreko arauak finkatzea kudeaketa zentralizatuko eraikinetan, diseinuari eta kalitateari dagokionez, bai eta eraikinon erabilera-estandarrak, azalerak eta erosotasun-baldintzak ezartzea ere.

2) Dagozkion proiektuak idaztea, kontratuak prestatzeko administrazio-jarduerak gauzatzea, lanen burutzapena zuzentzea, eta beharrezko jarduerak egitea ziurtagiriak ordaintzeko eta lanak ordaintzeko eta eskuratu eta kitatzeko.

3) Kontratazio-organoari dagozkion laguntza teknikoko eta materialeko egiteko guztiak betetzea.

4) Zerbitzu espezifiko gisa jardutea proiektuen ikuskapena, ikuskapen teknikoa eta kalitate-kontrola eta ziurtagirien jarraipena egiteko, kontratazio-arloko indarreko legerian xedatutakoaren arabera.

c) Hainbat sailenak diren kudeaketa zentralizatuko eraikinak edo higiezinak eta bertako instalazioak mantentzea; energiaren eta eraikin horien komunikazio-sistemak kudeatzea; halaber, oinarri-arau teknikoak eta eskaintzei buruzko ikerketak lantzea, mantentze horiek kontratatu behar badira, baita horiek gauzatu, ordaindu, eskuratu eta likidatzeari dagozkienak ere.

d) Era zentralizatuan eskuratu behar diren ondasunak eta zerbitzuak erostea eta eskuratzea, kudeaketa zentralizatua duten eraikinetarako badira.

e) Hainbat sailenak diren kudeaketa zentralizatuko eraikinetan oinplano-espazioen banaketa, eta areto komunen eta antzeko beste instalazio batzuen erabilera antolatzea eta kudeatzea, bai eta instalazioen segurtasunari buruzko alderdiak kudeatzea ere.

f) Biltegi zentralizatuak kudeatzea.

g) Hainbat sailenak diren kudeaketa zentralizatuko eraikinetan sortutako hondakinen bilketa eta tratamendua planifikatzea eta kudeatzea.

h) Argitalpen Zerbitzu Nagusia zuzentzea eta argitalpenak arautzen dituen apirilaren 7ko 67/1998 Dekretuan Sailari argitalpen arloan esleitutako egitekoak betetzea, 10. artikuluan aipatutakoak izan ezik.

i) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Artxibo Sistemaren antolamenduari eta funtzionamenduari buruzko uztailaren 22ko 174/2003 Dekretuan esleitutako artxibo-sistemaren gaineko egitekoak betetzea, bai eta dokumentazio orokorreko zerbitzua eskaintzea ere.

j) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren liburutegi-sistema planifikatu, zuzendu eta gainbegiratzea, eta liburutegien kudeaketarako informatika-programa ezartzea, bai eta Liburutegi Orokorraren zerbitzuak ematea ere.

k) Honako zerbitzu hauek era zentralizatuan kudeatzea: posta, mezularitza, eskutitzen frankeoa, egunkariak erostea, erreprografia, inprenta eta antzeko zerbitzuak.

l) Administrazioko zerbitzuak eta ibilgailuak antolatzea, kudeatzea eta administratzea.

2. ATALA
EKONOMIA ETA AURREKONTU SAILBURUORDETZA

13. artikulua.– Ekonomia eta Aurrekontu Sailburuordetza.

1.– Honako arlo hauetan, Ekonomia eta Aurrekontu Sailburuordetzak beteko ditu, Ogasun eta Finantzetako sailburuak zuzenduta, Ogasun eta Finantza Sailari eman zaizkion eskumenak: plangintza ekonomikoa; azterlan eta metodo ekonomikoak; koiuntura eta aurreikuspen ekonomikoa; eskualde-politika; estatistikak lantzea eta argitaratzea; Autonomia Erkidegoko aurrekontuak zuzentzea, lantzea, orokorrean kudeatzea, jarraipena egitea eta kontrolatzea. Sailburuordetza honen titularrari dagokio, halaber, dekretu honen 7. artikuluan jasotako egitekoak betetzea. Honako hauek dira:

a) Jaurlaritzaren planifikazio ekonomikoa zuzentzea eta koordinatzea; ekonomia-azterlanen arloa, koiunturaren arloa eta aurreikuspen ekonomikoen arloa zuzentzea eta koordinatzea; eta egonkortasuneko aurrekontu-agiriak sortzea eta gauzatzea.

b) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak eskualde-politikaren arloan egiten duena zuzendu eta koordinatzea.

c) Urteko aurrekontuetan errespetatu beharreko gidalerro ekonomikoak eta teknikoak sortzea, Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren Aurreproiektua egitea eta aurrekontu horiek onartzeko lege-aurreproiektua egitea, gai horri buruz indarreko legediaren arabera.

d) Aurrekonturako kargaren bat dakarten lege-proiektu guztiek berekin eraman behar duten finantzaketa-eranskina prestatzea, eta, Autonomia Erkidegora beste eskumen eta/edo zerbitzurik eskualdatzen denean edo Autonomia Erkidegotik beste administrazio publiko batzuetara eskualdatzen denean, aurrekontu-kredituak gehitzeko eta/edo kentzeko proiektuak egitea.

e) Urte anitzeko aurrekontu-plangintza zuzentzea, taxutzea eta ezartzea, eta, horretarako, sailak eta gainerako erakunde eta erakunde publikoak koordinatzea.

f) Autonomia Erkidego guztiaren interesekoak diren gastu publikoko ekimenak ekitaldi bakoitzeko programa eta aurrekontuetan nola zehaztu behar diren koordinatzea, eta Ogasun eta Finantza Sailak ekonomiaren eta gastu publikoaren arloan egiten duen lana koordinatzea.

2.– Ekonomia eta Aurrekontu Sailburuordetzaren menpe daude, zuzenean eta hierarkikoki, Ekonomia eta Plangintza Zuzendaritza eta Aurrekontu Zuzendaritza.

14. artikulua.– Ekonomia eta Plangintza Zuzendaritza.

1.– Ekonomia eta Plangintza Zuzendaritzak, dekretu honetako 8. artikuluan adierazitako egitekoez gain, honako hauek ere izango ditu:

a) Jaurlaritzaren erdi-eperako politika ekonomikoaren gidalerro eta norabideak zehaztea; ekonomian eraginik baldin badute, sailen eta administrazio-atalen jarduna koordinatzen laguntzea; eta jardun hori politika ekonomiko orokorrarekiko koherenteak izango dela begiratzea.

b) Jaurlaritzaren plangintza ekonomikoak bere baitan izan behar dituen tresnak eta edukiak definitu eta sortzea, eta programa eta politika publikoen ebaluazioa sustatu eta bultzatzea, hargatik eragotzi gabe Kontrol Ekonomikoko Bulegoari barne-kontrol ekonomikoaren arloan dagozkion eskumenak.

c) Euskal Sektore Publiko osoaren, administrazio publikoen eta azken honi atxikitako sektore publikoaren jardun ekonomiko eta finantzarioaren jarraipena eta analisia, hartara, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren urte anitzerako programazioa errazago doitu eta eguneratzeko.

d) Euskal Autonomia Erkidegoa parte den gainerako erakunde publikoen jarduna planifikatzen parte hartzea, Jaurlaritzak erabakitzen duen moduan; eta gizarteko eta ekonomiako eragileek parte hartu ahal izateko moduak dinamizatu eta sustatzea, ekonomiaren egiazko planifikazio hitzartua lortzearren.

e) Indarreko arauen arabera lurraldea antolatzeko tresnak sortzeko prozesuetan parte hartzea, hain zuzen ere, eskualdearen plangintzan eragina duten eta ekonomiarekin zerikusia duten erabakietan.

f) Euskal ekonomiari buruzko azterlanak, txostenak eta argitalpenak egitea, bai orokorrak bai arlokakoak.

g) Autonomia Erkidegoko Administrazioak egiten dituen eta jardun ekonomikoan eragina duten azterlan guztiak koordinatzea, eta ekonomiaren arloan diharduen edozein organori laguntza teknikoa eskaintzea, Plangintza eta Ekonomia Gaietarako Ordezko Batzordeak edo Jaurlaritzaren Kontseiluak zehazten duten bezala.

h) Ikerketa ekonomikoetarako metodoak lantzea, eta bereziki, euskal ekonomiarako ereduak eta ekonomia horren arloetarako eta/edo zatietarako ereduak.

i) Euskal Autonomia Erkidegoaren egoera ekonomikoari buruzko urteroko eta sei hileroko txostenak egitea. Txosten horiek Euskadiko aurrekontu-erregimenaren arauetan eta Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen arauetan daude aurreikusita.

j) Ekonomia eta politika ekonomikoa –bai Euskadikoa bertakoa bai Euskadin eragina duena– zertan den eta orokorrean eta arloka zer bilakaera duen jakiteko jarraipena egitea, eta nazioko eta nazioarteko koiuntura ekonomikoaren jarraipena egitea, aurreikuspen-teknikak sortuz eta erabiliz, eta koiuntura ekonomikoari buruzko azterlanak, txostenak eta argitalpenak eginez.

k) Jaurlaritzak, urteko aurrekontua baino haratago, aparteko ekonomia- eta finantza-neurririk hartu behar badu, neurri horiek aztertu eta analizatzea.

l) Sailaren estatistikak ekoizteko lanak bultzatzea, proposatzea eta garatzea, hargatik eragotzi gabe Euskal Estatistika Erakundearen (EEE) eskumenak.

m) Euskadik Europar Batasunean izan behar duen Arlo Estrategikorako proposamena egitea, eta Euskadirako Estatu Laguntzen Maparako proposamena egitea, aplikatzekoa den Europar Batasuneko araudiaren arabera.

n) Euskal Autonomia Erkidegoan Europar Batasunaren Esku-hartze Programak eta Ekimenak lantzea, horien jarraipena egitea eta kontrolatzea, europar eskualde-politikaren arloan, nekazaritza, arrantza eta elikagaietan eskumena duten sailek lantzen dituzten programak eta ekimenak izan ezik.

o) Europar Batasuneko politika ekonomikoaren bilakaera eta garapena ikustea eta informazio hori Jaurlaritzari ematea, batez ere eskualde-politika.

p) Euskal Autonomia Erkidegoko barneko eskualde-politikari buruzko programak egin, proposatu eta kudeatzea.

2.– Euskadiko Prezioen Batzordea eta Saileko Estatistikarako Organo Berezia ere Ekonomia eta Plangintza Zuzendaritzari atxikita daude.

15. artikulua.– Aurrekontu Zuzendaritza.

Aurrekontu Zuzendaritzak, dekretu honetako 8. artikuluan adierazitako egitekoez gain, honako hauek ere izango ditu:

a) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta Instituzionalaren organo eta erakundeen aurrekontu-egitura prestatzea, eta dagokion organo eskudunari proposatzea, onets dezan.

b) EAE osoko sektore publikoari aplikatzeko aurrekontu-egonkortasunaren printzipioaren urteko eta urte anitzeko instrumentazioa, eta erabakitako egonkortasun-helburuen jarraipenean EAEri aplikagarri zaizkion gastu- eta gardentasun-arauen bidezko jarraipena egitea.

c) Urteko aurrekontu-ikuspenak prestatzea, nola diru-sarrerenak hala gastuenak, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretako baliabideen asignazio organiko, ekonomiko eta funtzionala proposatzeko beharrezko diren ikerlan eta txostenak taxutzea ere.

d) Administrazio Orokorraren eta Instituzionalaren Aurrekontu Orokorren aurreproiektuak egituratzeko oinarri izango diren gidalerro ekonomikoak landu eta gidalerro teknikoak prestatzea, dagokion organo eskudunak onesteko.

e) Autonomia Erkidegoko Administrazioaren organoetan aurrekontuak prestatzeko teknika modernoak jartzeko beharrezko azterlanak egitea, lortu beharreko helburuak behar bezala identifikatzeko, helburuak zenbateraino bete diren ikusteko adierazle operatiboak formulatzeko eta gastu-programen emaitzen ebaluazioa egiteko (programaz programako aurrekontuaren arabera), aukerak nahiz jarri beharreko baliabide globalak aztertuz eta zehaztuz.

f) Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretako helburuak betetzeko jardunaren jarraipena egin eta bultzatzea, aurreikusitako xede horiek betetzea ahalbidetuko duten neurriak proposatuz eta, kasuan kasu, aurrekontuetako diru-sarrera eta gastu publikoak optimizatzeko baliabideak berresleituz.

g) Eduki ekonomiko esanguratsuen arau-proposamenei, planei, hitzarmenei eta erabakiei buruzko beharrezko txostenak egitea, aurrekontu-eragina ebaluatzeko eta dagozkion doitze-neurriak proposatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko kontrol ekonomikoari eta kontabilitateari buruzko ekainaren 30eko 14/1994 Legearen 27.4 artikuluan ezarritakoarekin bat.

h) Urte anitzeko gastuen inguruan eta aurrekontuen aldaketa ororen inguruan lege-antolamenduak Autonomia Erkidegoari esleitzen dizkion egitekoak, Jaurlaritzari edo bestelako organoei esleituak izan ezik.

i) Laguntza teknikoa eskaintzea Jaurlaritzak eta Legebiltzarrak aurrekontuen inguruan daukaten hartu-emanean.

j) Aurrekontuen inguruko prozedurak izapidetzea eta, proposatzea, horiek ebaztea ez badagokio Ekonomia eta Ogasun Sailari, nahiz haren eskumenekoa izan. Dena den, Administrazio Orokorraren Aurrekontuak osatzen dituzten aurrekontu-atalen hasierako baimena eta kudeaketa orokorra egiteko eskumena berea izango da, betiere, sail jakinei ez badagokie.

k) Estatuko, Aldundietako eta toki-administrazioetako aurrekontu-organoekin koordinatzea eta, egokitzen bada, elkarlanean aritzea.

l) Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrak prestatu, kudeatu, ebaluatu eta horien jarraipena egiteari buruzko beste edozein egiteko betetzea, egitekook gai hau erregulatzen duen araudian edo indarreko ordenamendu juridikoan jasotakoak izango dira, eta inongo beste organori esleitu gabeak.

3. ATALA
OGASUNEKO ETA FINANTZA POLITIKAKO SAILBURUORDETZA

16. artikulua.– Ogasuneko eta Finantza Politikako Sailburuordetza.

1.– Honako arlo hauetan, Ogasuneko eta Finantza Politikako Sailburuordetzak beteko ditu, Ogasun eta Finantzetako sailburuak zuzenduta, Ogasun eta Finantza Sailari eman zaizkion eskumenak: finantza-politika eta finantza-erakundeekiko harremanak, diruzaintza, zorpetzea eta bermeak ematea, aseguruak baimendu eta aseguru-bitartekaritzako lanen kontrola, gizarte-aurreikuspeneko erakundeak, kontzertu ekonomikoa, estatuari eman beharreko kupoa eta Lurralde Historikoen ekarpena, transferitzekoak diren eskumen eta zerbitzuen balorazioa, eta estatuarekin izan beharreko finantza-fluxuak zehaztea, gizarte-segurantzaren finantzaketaren inguruan, zerga-administrazioaren inguruan eta ekonomia- eta administrazio-erreklamazioen inguruan. Sailburuordeari dagokio, halaber, dekretu honetako 7. artikuluan zehaztutako egitekoak betetzea Honako hauek dira:

a) Ogasun kontuetan:

1) Ordenamendu juridikoak Autonomia Erkidegoko Administrazioari esleitzen dizkion eskumen guztiak Kontzertu Ekonomikoaren kudeaketatik eratorritako baliabideen banaketa-sistemaren inguruan eta Kontzertutik eratorritako finantza-gaien inguruan, non eta ez dauden Eusko Jaurlaritzari edo bestelako organoren bati emanda.

2) Euskal Gizarte Segurantzaren finantzaketaren inguruan Estatuko Administrazioarekin ezarriko diren finantza-fluxuak zein izango diren zehaztea.

3) Euskal Autonomia Erkidegoaren, Estatuko Administrazioaren eta bestelako lurralde-eskualde batzuen arteko transferentziagai diren eskumenak eta/edo zerbitzuak baloratzea.

4) Lurralde Historikoen arteko koordinazioari, harmonizazio fiskalari eta lankidetzari buruzko Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari dagozkion zergen arloko eskumenak betetzea, ordenamendu juridikoak xedatutakoaren arabera.

5) Zergen arloko eta zergen araubideko eskumenak, hain justu, Kontzertu Ekonomikoaren ondorioz Euskal Autonomia Erkidegoari eman zaizkionak, Eusko Jaurlaritzari emandakoak salbu.

6) Autonomia Erkidegoko Administrazioaren nahiz bere erakunde autonomoen organoek emandako zerga-egintza guztien ofiziozko berrikuspenei buruzko espedienteen gainean ebazpena ematea.

7) Euskal Autonomia Erkidegoarekin lotuta dauden finantza-fluxu europarren jarraipena egitea.

b) Finantzen arloan:

1) Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrezki Kutxa eta Kreditu Kooperatiben antolaketari, dependentzia-araubideari eta araubide juridikoari lotutako berariazko baimen, onespen eta kontzesioak ematea, indarreko legediaren arabera, Autonomia Erkidegoko Administrazioaren egitekoak direnak.

Edonola ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrezki Kutxen Kontroleko Batzordea osatzen duten ordezkariez gain, bat gehiago izendatzea dagokio, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrezki Kutxei buruzko ekainaren 14ko 11/2012 Legearen 66. artikuluan aipatzen dena.

2) Arauak hausteagatik Aurrezki Kutxek eta Kreditu Kooperatibek eragindako zehapenak proposatzea eskumena duen organoari, eta zehapenei dagozkien espedienteak izapidetzea, indarreko legearen arabera.

3) Aseguruen bitartekaritzako jarduna dagokion erregistroan inskribatzea eta baliogabetzea.

4) Aurrerakinak eskatzea eta, kasuan kasu, legeak aipatzen dituen atzerapenak onartzea (Autonomia Erkidegoko erakunde komunen eta Lurralde Historikoetako foru-organoen arteko harremanei buruzko azaroaren 25eko 27/1983 Legearen 25.2 artikulua).

5) Euskadiko Ogasun Nagusiaren Dirubilketa Erregelamenduaren arabera diruzaintza-arloan eskumena duen sailak eragindako zorrak atzeratzeko eta zatika ordaintzeko eskabideen izapideak egin eta eskabideon inguruan ebaztea.

6) Finantzen arloan Euskal Autonomia Erkidegoan indarreko araudiak Ogasun eta Finantza Sailari agindutako egitekoak betetzea, hain justu, bermeak gauzatu, aldatu eta berresteari buruzkoak.

7) Finantzen arloan Euskal Autonomia Erkidegoaren gain utzitako harremanak koordinatzea, eta gai horretan eskumena duten organoetan Erkidegoaren ordezkari izatea, bereziki, Balioaren Merkatuaren Batzorde Nazionalean eta edozein arlotako finantza-erakundeetan.

c) Orokorrean, ogasunari, finantza-politikari eta finantza-erakundeekiko zein gizarte-aurreikuspeneko erakundeekiko harremanei, diruzaintzari, zorpetzeari eta bermeak emateari buruzko legeak bete daitezela ziurtatzea, horretarako beharrezko neurriak hartuz edo, behar bada, proposatuz, eta indarreko araudiak agintzen dizkion bestelako egiteko guztiak betetzea.

2.– Bere jurisdikzio bereziaren barruan egindako erreklamazioak ebazteko independentzia funtzionala izango duen arren, Euskadiko Auzitegi Ekonomiko Administratiboa Ogasun eta Finantza Sailari atxikia dago, Ogasuneko eta Finantza Politikako Sailburuordetzaren bitartez.

3.– Ogasuneko eta Finantza Politikako Sailburuordetzaren mende daude, zuzenean eta hierarkikoki, Zerga Administrazioko Zuzendaritza eta Finantza Politikako eta Erakunde Baliabideetako Zuzendaritza.

17. artikulua.– Zerga Administrazioko Zuzendaritza.

Zerga Administrazioko Zuzendaritzak, dekretu honetako 8. artikuluan adierazitako egitekoez gain, honako hauek ere izango ditu:

a) Ordenamendu juridikoak zerga-administrazioaren arloan Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari eta Instituzionalari ematen dizkion eskumen guztiak, tasa eta kontribuzio berezien kudeaketarekin lotutako egintza administratiboak izan ezik, baldin horien egintza zergagarria ez bada Ogasun eta Finantza Sailaren eskumenekoa, bilketa eta ekonomia- eta administrazio-erreklamazioa kanpo utzita. Atal honetan xedatutakoak ezin du erakunde autonomoek beren eskubide ekonomiko propioak administratu, kudeatu eta eraginkor egiteko duten eskumenaren aurka egin, indarreko xedapenek adierazten duten moduan.

b) Zergadun edo ordezko gisa, Autonomia Erkidegoko Administrazioari dagozkion zerga-betebehar guztiak betetzea, bere organo guztien laguntza bilduta, sailak berak, orokorrean eta kasu bakoitzerako, ezarritako baldintzen arabera.

c) Zergadun edo ordezko gisa, erakunde autonomoei, zuzenbide pribatuko erakunde publikoei, sozietate publikoei eta Autonomia Erkidegoko Sektore Publikoko beste erakundeei dagozkien zerga-betebeharrak betetzen direla kontrolatzea eta betebehar horiei buruzko aholkuak ematea.

d) Autonomia Erkidegoko Administrazioaren nahiz bere erakunde autonomoen organoek emandako zerga-egintza guztien ofiziozko errebisioei buruzko espedienteak izapidetzea.

e) Zerga Koordinaziorako Organoari laguntza teknikoa eta administratiboa ematea.

f) Ordenamendu juridikoak agintzen duenaren arabera, zerga kontuetan Autonomia Erkidegoko Administrazioari dagozkion harmonizazio, koordinazio eta elkarlan fiskalak, kasuan kasu, behar dituzten azterlan, ikerketa eta txosten guztiak egitea.

g) Zerga-araudiak zerga-bilketan duen eraginari buruzko analisi eta azterlanak egitea, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoan bildutako zerga-baliabideei buruzko analisi eta azterlanak ere.

h) Autonomia Erkidegoko Administrazioaren ordezkari izatea edozein erakunde publikoren aurrean, bien artean zerga-harremanak badaude administrazioa, zergadun edo ordezko gisa, harremanetan parte dela.

i) Kontzertu Ekonomikoaren Batzorde Mistoari babesa eta laguntza tekniko eta administratiboa ematea bere egitekoak betetzeko, Kupoaren eta Finantza Ekarpenen Zuzendaritzarekin koordinazioan jardunez.

18. artikulua.– Finantza Politikako eta Erakundeen Baliabideetako Zuzendaritza.

Kupoaren eta Finantza Ekarpenen Zuzendaritzak, dekretu honetako 8. artikuluan adierazitako egitekoez gain, honako hauek ere izango ditu:

1.– Kupoaren eta Finantza Ekarpenen arloan:

a) Kontzertu Ekonomikoaren edo finantzaketako bestelako tresna juridikoen arabera, Estatuko Administrazioarekin eta Foru Aldundiekin dituen harremanetan Autonomia Erkidegoak dituen eskubide edo obligazioen kudeaketa eta izapidea egitea.

b) Autonomia Erkidegoaren, Estatuko Administrazioaren eta bestelako lurralde-erakundeen artean transferitzekoak diren eskumen edota zerbitzuen balorazioari buruzko txostena prestatzea, eta erkidego horien barruan, balorazioak onesteko ardura duten organoei laguntza ematea.

c) Estatuko Administrazioarekin, Euskal Autonomia Erkidegoko beste administrazioekin eta beste administrazio publikoekin dituen harremanetan Autonomia Erkidegoko Administrazioak arlo ekonomikoan dituen eskubide eta obligazio guztiak izapidetzea, indarreko araudiak hala agintzen duenez eta bete behar denez; alde batera utzita zerga-arloko edo finantza-arloko eskubide eta obligazioak.

d) Tarteko diren erakundeekin batera, kupoaren osagaien eta metodologiaren eta urteko zenbatekoaren kalkuluari eta balorazioari buruzko azterlan eta ikerlanak egitea, eta horretan arituko diren organoetan lotu beharreko arau eta akordioen metodologia eta artikulazioa zehaztea.

e) Kontzertu Ekonomikoaren Batzorde Mistoari babesa eta laguntza tekniko eta administratiboa ematea bere egitekoak betetzeko, Zerga Administrazioaren Zuzendaritzarekin koordinazioan jardunez.

f) Kontzertu Ekonomikoaren baliabideak Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeen artean banatzeko sistemari buruzko azterlan eta ikerlanak egitea, zehazki, sistemaren arauak nola egituratuko diren eta horretarako jarritako organoek arauok etengabe nola interpretatuko dituzten; halaber, baliabideak banatzeko sistemei jarraipena egin eta txostenak prestatzea, bereziki, Foru Aldundiek Euskadiko Ogasun Nagusira egin beharreko ekarpenei buruzkoak, hala agintzen baitute organo eskudunen akordioek eta indarreko araudiak.

g) Babesa eta laguntza tekniko eta administratiboa ematea Herri Dirubideen Euskal Kontseiluari, agindutako egitekoak bete ditzan.

h) Kontzertu Ekonomikoan eta bestelako finantzaketa-sistema orokorretan bildutako zergei buruzko araudiak finantzaketa-arloan duen eraginari buruzko analisi eta azterlanak egitea, baita Euskal Autonomia Erkidegokoan bildutako zerga-baliabideei dagozkienak ere, honela, Euskal Autonomia Erkidegoaren finantzaketa-sistemaren jarraipena egitea ahalbidetuz, gainerako Administrazio Publikoekin alderatuta.

i) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak erakundeetatik jasotzen dituen eskubide ekonomikoei buruzko ikerlan, azterlan eta txostenak egitea, bai eta Erkidegotik kanpoko edozein iturritatik nahiz beste organo batzuek, beren lanean, ezartzen dituzten determinazioetatik Autonomia Erkidegoak eskura dezakeen finantzaketaren optimizazioari buruzko ikerlan, azterlan eta txostenak ere.

j) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioen eskumen-mailaren kalkuluari eta balorazioari buruzko analisi eta azterlanak egitea, udal-finantzaketaren eremua barne, eta, orokorrean, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioen barruan, erakunde-finantzaketan eragina duten bestelako izaera ekonomikoa dutenei buruzkoak.

k) Gaiaren arabera eskumena daukaten sailekin elkarlanean jardunez, Euskal Autonomia Erkidegoarekin lotura daukaten Europako finantza-fluxuei aplikatu beharreko gidalerro eta irizpideak ezartzea.

l) Europako Batzordearen Kohesio Funtsaren (edo pareko figuraren baten) kargura finantzatzekoak izan daitezkeen Euskal Autonomia Erkidegoko proposamen eta ekimenak zuzendu, prestatu, landu eta horien jarraipena egitea, gai horretan eskudun diren sailekin lankidetzan.

2.– Finantza arloan eta Euskadiko Diruzaintza Orokorra:

a) Indarreko legeriaren arabera, Aurrezki Kutxen eta Kreditu Kooperatiben antolaketa, mendekotasun araubide eta araubide juridikoari dagokienez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren esku dauden egitekoak, dekretu honetako 16. artikuluko 1.b.1 paragrafoan daudenak izan ezik. Bereziki, erakunde horiek Ogasun eta Finantza Sailari bidali behar dizkioten agirien jarraipena eta gainbegiratzea egingo du.

Nolanahi ere, zuzendaritza honi dagokio Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrezki Kutxen eta Kreditu Kooperatiben Erregistroak kudeatu, zaindu eta bideratzea, eta, baita entitate horien zuzentza-organoetako goi-karguena ere.

b) Finantza-politikari eta finantza-erakundeekiko harremanei buruz, Elkarrenganako Bermedun Sozietateen arloan Autonomia Erkidegoko araudiak Sailari emandako egitekoak, Autonomia Erkidegoaz kanpoko Administrazioekin erlazionatutakoak izan ezik, horiek sailburuari baitagozkio.

c) Euskal Autonomia Erkidegoko araudiak diruzaintza-arloko eskumenak dituen sailari emandako egitekoak, ordainketa-aginduak bereziki, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Finantzen arloan indarreko araudiaren babespean itundutako diruzaintza-eragiketen kudeaketa.

d) Borondatezko epean, diru-bilketaren kudeaketa zuzentzea zerga bidezkoak ez diren zuzenbide publikoko diru-sarrerei dagokienez (prezio publikoak izan ezik), eta, epe exekutiboan, berriz, diru-bilketaren kudeaketa edozein kontzepturi dagokionez, zuzentzea eta gainbegiratzea ere barne direla. Ondorio horietarako, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Dirubilketari buruzko Araudian diruzaintzako arloan Sailari esleitutako eskumen guztiak dagozkio, zorrak geroratzeari eta zatitzeari buruzkoak izan ezik.

e) Euskadiko Zor Publikoaren eta kreditu- edo mailegu-eragiketen kudeaketa osoa; sailburuak baimendutako zorpetze-eragiketek zein ezaugarri izango duten zehaztea; eta zuzenbide pribatuko erakunde publikoen eta sozietate publikoen zorpetze-eragiketak baimentzea.

f) Emandako Bermeen Erregistroaren kudeaketa. Hala ere, zuzenbide pribatuko erakunde publikoek eta sozietate publikoek bermeak eman ahal izateko baimena sailburuak eman behar du.

g) Euskal Autonomia Erkidegoko Baloreak Kontratatzeko Zentroen araubide juridikoa arautzen duen araudiaren arabera Ogasun eta Finantza Sailari dagozkion guztiak, arau-hauste oso larriengatik zehapenak ezartzeko ahalmena izan ezik, ahalmen hori sailburuarena baita.

h) Prozedura guztiak izapidetzea, finantzen, finantza-entitateekiko harremanen eta diruzaintzaren gaietan Ogasun eta Finantza Sailaren eskumenekoak diren baina horiei buruz erabakitzea bere esku ez dagoen kasuetan.

i) Erregistroak kudeatzea, jardueren jarraipena, ikuskapena, zigor-espedienteak izapidetzea eta aseguru-bitartekarien arloan egin beharreko gainerako guztiak, salbu eta Ogasuneko eta Finantza Politikako Sailburuordetzari esleitutakoak eta diplomak ematea, diplomak ematea sailburuari baitagokio.

j) Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeei buruzko araudia betetzen den kontrolatzea, gainbegiratzea eta ikuskatzea, antolaketa eta funtzionamenduari, eta, batez ere, erakundeen kaudimenari eta jarduera ekonomiko eta finantzarioari dagokienez.

k) Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari eman behar dioten ekonomia- eta finantza-dokumentazioa arautzea, garatzea, horren jarraipena egitea eta berrikustea, baita Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen sustapen- eta garapen-programak lantzea eta kudeatzea ere.

l) Euskal Autonomia Erkidegoan gizarte-aurreikuspen osagarriaren arloan politika publiko orokorrak ikertzea, aztertzea, diseinatzea eta proposatzea, baita Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen Erregistroa zuzendu, antolatu eta kudeatzea ere.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA.– Ordezkapenen araubidea.

Ogasun eta Finantza Saileko organoetako titularren lanpostuak bete gabe badaude, titularra ez egoteagatik edo gaixorik egoteagatik, eta egoera hori gertatu baino lehen eskuordetu ez baziren, honako hauek beteko dituzte horien egitekoak egoera horrek irauten duen bitartean: goragoko hurbileneko agintariak; eta, era berea, lanpostu hori bete gabe dagoenean, edo titularra gaixorik egoteagatik edo ez egoteagatik, goragoko hurrengo agintariak, eta horrela gainerakoak, berariazko erabakiren batek edo lege-xedapenen batek aurkakoa agindu ezean.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeak.

Indarreko arauek EAEko Gizarte Aurreikuspeneko arloan dagoeneko deseginda dagoen Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailari egiten dizkioten aipamenak Ogasun eta Finantza Sailari egindakotzat joko dira, hain zuzen ere, dekretu honetan sail honi esleitutako eskumenei dagokienez.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Ekonomia eta Ogasun Sailaren egitura eta egitekoak ezartzen dituen urriaren 20ko 568/2009 Dekretua indargabetu egiten da, baita dekretu honetan ezarritakoari aurka egiten dioten xedapenak ere, maila berekoak edo beheragokoak badira.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA.– Lanpostuen zerrendak.

Dekretu honetan ezarritako egitura organikoak lanpostuen zerrendetan eragingo dituen aldaketak funtzio publikoaren arloko organo eskudunek egindako ereduzko agirian jasoko dira, zeinean zerrenda horiei buruzko informazioa aldiro eguneratuko baita.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA.– Indarra hartzea.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2013ko apirilaren 9an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Ogasun eta Finantzetako sailburua,

RICARDO GAZAGAECHEVARRIA BASTIDA.


Azterketa dokumentala