Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

104. zk., asteartea,2012 maiatza 29


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

IRAGARKIAK

Pribatuen iragarkiak

SOCIEDAD PARA LA TRANSFORMACIÓN COMPETITIVA-ERALDAKETA LEHIAKORRERAKO SOZIETATEA, S.A.
2401

IRAGARKIA, «Ekiten lagundu» programaren araudia onartzeko dena.

Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea SAren Administrazio Kontseiluak batzarra egin zuen 2012ko martxoaren 29an, eta bertan, «Ekiten lagundu» programan jasotako laguntzak emateko araudia onartu zen. Honen ondoren ematen da, osorik, programa horren testua.

Kultura ekintzailea garatzea da Europak enplegua sustatzeko dituen funtsezko lau zutabeetako bat. Eta hori gertatzen da, besteak beste, izaera ekintzaileak enpleguaren sorrera eta ekonomiaren hazkundea eragiten dituelako enpresa berriak eratuz. Eta, gainera, enpresa-sarearen lehiakortasuna bultzatzen du, egungo lehia-presioa handitzen duenez gero.

Enpresa-dinamismoak Europar Batasunarentzat dituen garrantzia eta interesa Europako Batzordeak enpresa-espiritua sustatze aldera argitaratutako Liburu Berdean eta ekintza-plan baten abiarazpenean islatuta geratu ziren. Plan horrek arlo politiko estrategiko hauek hartzen ditu, besteak beste: enpresa-pentsamoldea sustatzea, pertsona gehiago animatzea ekitera, enpresak sortzea eta enpresa horiek haztera eta lehiakor izatera bideratzea.

Europako Kontseiluaren azken gomendioek eta zuzentarauek (2005) Lisboako Estrategia bultzatu eta Europaren hazkunde-ahalmena areagotu nahi dute, eta, besteak beste, zuzentarauetako bat, hain zuzen ere 15.a, enpresa-ekimenaren garapena eta hazkundea sustatzera eta ETEen aldeko ingurune bat eratzera bideratuta dago.

Lan-merkatuan eta arlo ekonomikoan, bilakaera azkarra gertatzen ari da, kulturan, gizartean, teknologian eta mugikortasunean izan diren aldaketengatik. Bilakaera hori dela-eta, gizarte-erakundeek politika berriak diseinatuko dituzte, antolakundeetan eta pertsonengan aldaketaren aldeko halako jarrera proaktibo bat eragin nahirik, eta estrategia berriak sortarazi guran, beharrizan berrietara egokitu ahal izateko.

Horiek horrela, beharrezkoa da zenbait eremutatik jarduera batzuk bateratzea.

Ikusirik enpresak sortzeko babes-ekintzen eginkizunen artean helburu horretara zuzendutako azpiegiturei babesa ematea dagoela eta ekintzailetzaren eragile publikoak zein pribatuak direla toki-garapenari kohesioa ematen diotenak, Ekintzailetzaren Euskal Zerbitzua sortu zen. Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak kudeatzen du zerbitzua, Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A. – SPRIren bitartez.

Ekintzailetza sustatzeko eta dauden baliabideen sarea indartzeko sortu da zerbitzu hori –baliabideen komunikazioa, koordinazioa, antolaketa eta espezializazioa hobetzeko– balio eta errentagarritasun handiagoa sortzeko eta prozesuen kudeaketa eta laguntzak lortzeko bidea errazteko; azken finean, hauxe da lortu nahi dena: ekintzailetza bermatzea, edozein ekonomiaren lehiakortasuna eta onura eraikitzeko oinarrietako bat baita.

Helburu hori lortzeko garatu nahi dugu programa hau, Euskal Autonomia Erkidegoko bitarteko eragileak, irabazi asmorik gabeko erakundeak eta unibertsitateak sustatzeko helburu hau lortzen laguntzera, enpresak sortzera zuzendutako politikak eta ekintzak hobeto koordinatzearen eta garatzearen alde lan egin dezaten.

Urtero egingo den deialdian zehaztuko da zein giza talderi zuzenduko zaizkien proiektu singularrak; lehentasuna, betiere, enpresak sortzeko babes berezia behar dutenek izango dute.

1. artikulua.– Xedea.

1.– Programa honek bi helburu ditu: Batetik, Euskal Autonomia Erkidegoan SPRIren erakunde laguntzaileek enpresak sortzeko burutzen dituzten ekintza komunen koordinazio– eta garapen-prozesuei laguntza ematea.

Bestetik, laguntza-programen ekintzetatik nahikoa babes jasotzen ez duten pertsona ekintzaileen beharrei erantzutea, betiere jarduera-motari, erabilitako metodologiari, zuzendutako giza taldeari eta gizarte-eragileen parte-hartzeari dagokienez berrikuntza badakarte.

2.– Programara sartzeko prozedura eta baldintzak ezartzen ditu araudi honek.

2. artikulua.– Ezar daitekeen araudia.

Programa honi honako arau hauek aplikatuko zaizkio:

1.– 1/1997 Legegintzako Dekretua, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duena.

2.– 232/2007 Dekretua, prozesu administratiboetan bitarteko elektroniko, informatiko eta telematikoak erabiltzeari buruzkoa.

3.– 38/2003 Legea, azaroaren 17koa, diru-laguntzei buruzkoa, Euskal Autonomia Erkidegoan aplikatzekoak diren oinarrizko edukiei dagokienez.

4.– Europako Batzordearen 1998/2006 (EE) Erregelamendua, Minimis laguntzak aplikatzeari buruzkoa.

5.– Batasunaren aldi baterako markoa, laguntza-neurriei aplika dakiekeena (2011/C 6/05).

6.– Batzordearen 800/2008 (EE) Erregelamendua, kategoriakako salbuespenen Erregelamendu Orokorrari buruzkoa. I. eranskina.

7.– Europar Batasunaren Funtzionamendu Ituna. 101. eta 102. artikuluak.

8.– 14/2007 Legea, abenduaren 28koa, Herrialde Txirotuekiko Justizia eta Elkartasunerako Kartari buruzkoa.

3. artikulua.– Zehaztapenak eta definizioak.

Programa honen ondorioetarako, honako definizio hauek finkatzen dira:

1.– SPRI. Eusko Jaurlaritzaren menpeko Sociedad para la Transformación Competitiva – Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A. sozietatearen izen komertziala.

2.– Enpresa. Jarduera ekonomikoa gauzatzen duen pertsona fisiko edo juridikoa.

3.– Enpresa txiki eta ertainak (ETEak).

a) 250 pertsona baino gutxiagori lana ematen dieten enpresak, eta, gehienez ere, 50 milioi euroko urteko negozio-bolumena dutenak, edo, gehienez ere, 43 milioi euroko urteko balantze orokorra dutenak.

b) Langile kopurua, finantza-zenbatekoak eta erreferentziazko epea zehazteko, Batzordearen 800/2008 (EE) Erregelamenduaren I. eranskinean xedatutakoa izan beharko da kontuan.

4.– Ekintzailetzaren Euskal Zerbitzua. Zerbitzu horren bidez, dagoeneko dauden baliabideen sarea indartuz enpresa berrien sorrera sustatuko da eta enpresa horien komunikazioa, koordinaketa, antolaketa eta espezializazioa hobetuko, balio eta errentagarritasun handiago sortzeko. Bi baliabide ditu informazio– eta aholkularitza-eskabideak bideratzeko, telefonoz arreta emateko zenbaki bakarra, posta elektroniko bakarra eta ekintzailetza-atari bakarra Euskadin (http://www.euskadiemprende.net).

5.– Bitarteko Eragileak. Programa honi atxikitako udaletxeak, mankomunitateak eta toki–, eskualde–, probintzia– edo herrialde-esparruko garapen-agentziak dira bitarteko eragileak.

6.– Irabazi asmorik gabeko erakundeak. Enpresa-talde eta –elkarteak eta bestelako elkarte eta fundazioak, baldin eta legez eratuta eta dagokien erregistroan inskribatuta badaude, eta euren helburu soziala –programa hau argitaratzen den egunaren aurretik– enpresen sorrera sustatzea bada eta hiru lurralde historikoetan bulegoak badituzte.

Hiru lurralde historikoetan bulegorik ez izan baina euren helburu soziala enpresen sorrera sustatzea duten erakundeen kasuan, SPRIko Enpresen Sustapen eta Garapen Zuzendaritzak erabakiko du onuradun izan daitezkeen ala ez.

7.– Erantzukizunpeko aitorpena. Erakundearen legezko ordezkariak egindako erantzukizunpeko aitorpena, honako alderdi hauek egiaztatzen dituena:

a) Erakundearen legezko ordezkariaren izen-abizenak, Nortasun Agiri Nazionaleko zenbakia (NAN) edo Atzerritarraren Identifikazio Zenbakia (AIZ).

b) Erakundearen izena: Identifikazio Fiskalerako Zenbakia (IFZ), baltzuaren helbidea, baltzuaren helbide fiskala eta eraketa-eguna.

c) Euskal Autonomia Erkidegoan gutxienez jarduera-zentro bat izan eta laguntza-eskabidean zehaztutako jarduera diruz lagungarriak bertan gauzatzea.

d) Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan, kasu bakoitzari dagokion epigrafean, alta emanda egotea.

e) Zerga-betebeharretan eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharretan egunean egotea, bai eta SPRI Taldeko edozein enpresarekiko eta Eusko Jaurlaritzarekiko betebehar oro beteta edukitzea ere.

f) Jasotako minimis laguntzak.

g) Proiektu bera egiteko beste erakunde publiko zein pribatu batzuek emandako diru-laguntzak.

h) Araudi honen 5.2.c artikuluan adierazitako egoeretakoren batean ez egotea.

i) Armekiko kolaboraziorik ez izateari buruzko klausula.

4. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– SPRI, S.A. sozietateak 2012ko aurrekontuetan ezarritako aurrekontu-zuzkiduretatik etorriko dira programa hau burutzeko erabiliko diren baliabide ekonomikoak.

2.– Programa honen bitartez lortu nahi da ahalik eta denbora-tarte txikiena igarotzea laguntza eskatzen denetik ematen den arte, eta horrenbestez, espedientea osorik den unearen arabera eta era ordenatuan egingo da esleipena, eta laguntzen guztizko zenbatekoa gainditzen duten laguntzei ezezkoa emango zaie ebazpen bidez.

3.– Aipatutako zenbatekoa agortzen bada, hori jakinarazteko, SPRIko zuzendari nagusiak ebazpena emango du, zein egunetan agortu den adierazteko. Ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta SPRIren web-gunean emango da argitara, eta egun horretatik aurrera ez da beste eskabiderik onartuko.

4.– Aurrekontu-kreditua agortutakoan, ezin izango da beste diru-laguntzarik eman, eta, hori dela-eta, aurkeztuta baina ebazteko dauden eskabideak ezetsi egingo dira berariaz.

5. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Programa honetako laguntzen erakunde onuradunak honako hauek izango dira: bitarteko eragileak, irabazi asmorik gabeko erakundeak eta Euskal Autonomia Erkidegoan ikastegiak dituzten unibertsitateak.

2.– Erakunde onuradunek honako baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Helbide sozial eta fiskala, eta, gutxienez, jarduera-zentro bat Euskal Autonomia Erkidegoan izatea, unibertsitateen kasuan izan ezik.

b) Zerga-betebeharretan eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharretan egunean egotea, bai eta SPRI Taldearekiko eta Eusko Jaurlaritzarekiko betebehar oro beteta edukitzea ere.

c) Honako egoera hauetako batean ez egotea:

Lehenengoa.– Diru-laguntza publikoak lortzeko edo Euskal Autonomia Erkidegoarekin kontratuak egiteko debekua edo gaitasungabetzea izatea.

Bigarrena.– Laguntzak berreskuratzeko agindu baten menpe, baldin eta Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela.

Hirugarrena.– 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50. artikuluko eta 38/2003 Legearen 13. artikuluko kasuetan egotearen ondorioz diru-laguntza publikoen onuradun izatea ezinezkoa suertatzea.

Laugarrena.– Krisi-egoeran dagoen enpresa izatea, salbu eta egoera hori 2008ko uztailaren 1az geroztik jazotako ekonomia– eta finantza-krisi globalaren ondoriozkoa bada.

Bosgarrena.– Lehia galarazi, mugatu eta faltsutu dezaketen praktikak.

Seigarrena.– Armak ekoitzi, merkaturatu eta finantzatzen jardutea.

d) Bitarteko eragileek estaldura gutxienez 10.000 biztanleri ematea lurraldeko, eskualde mailan erakunde bakarra aurkezten ez bada behintzat.

e) Ekintzailetzaren Euskal Zerbitzuak homologatuta egotea.

f) Ekintzailearentzat aholkularitza-lanak egitea eta pertsona hori babesteko baliabideak izatea, baita honako hauek izango dituen gutxieneko azpiegitura izatea ere: behar bezala hornitutako lokal bat, banakako atentzioa eskaintzeko bulego bat, bilera-gela bat eta burutu nahi den jarduerarako beharrezko diren zerbitzu erantsiak dituena.

g) Gutxienez prestakuntzarako bi aholkulari izatea, ekintzaileei aholkuak ematen eta pertsona horiek orientatzeko lanetan aditu izan eta lan horietan gutxienez hiru urteko esperientzia dutenak. Salbuespen gisa, pertsona horietako baten esperientzia pertsona ekintzaileei aholkuak ematen lan egiteko prestakuntza egokia izateaz ordezkatu ahalko da, baldin eta SPRIko Enpresen Sustapen eta Garapen Zuzendaritzak horretarako proposamen arrazoitua egiten badu.

h) Euskararen erabilera arautzen duen azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen bitartez eta lege hori garatzen duen araudian ezarritako baldintzak betetzea.

i) Erakundeek edo erakunde-taldeek pertsonen istripuen aurkako aseguru-poliza bat izatea, ekintzetan parte hartzen duten pertsona guztiak barnean hartuko dituena.

6. artikulua.– Jarduera diruz lagungarriak.

1.– Diruz lagungarria izango da ekintzaileen arteko harremanak indartzeko jarduerak sustatzea eta babestea, betiere trebakuntza eta lankidetza erraztu eta enpresak sortzera zuzendutako pertsona– eta enpresa-harremanak bultzatuko dituzten dinamiken bitartez burutzen badira.

a) Proiektu singularrak, esperimentalak, teknologia berriak eta enpresak sortzen laguntzeko prestakuntza-ekintzak.

– Ekintzaileak eta balizko bezeroak harremanetan jartzera zuzendutako tailerrak eta dinamikak.

– Langabeen, ekintzaileen eta enpresen arteko lankidetza indartzeko tailerrak eta dinamikak.

– Harreman pertsonalak eta, ondorioz, enpresa-harremanak errazteko tailerrak eta dinamikak.

– Enpresa-proiektu berriak sortzera zuzendutako metodologia berriak garatzen dituzten beste proiektu batzuk.

– Berariaz trebakuntzarako moduluak eta gaiak garatzeko ikastaroak, ardura ekintzailea duten pertsonei zuzenduta.

2.– Toki-erakundeek eskatutako jarduera diruz lagungarriak lehentasuna izango dute eskualdekoen aurrean.

3.– Erakunde bakoitzeko proiektu bakar bat onartu ahalko da.

7. artikulua.– Gastu hautagarriak.

Programa honen xede diren jarduera diruz lagungarriak burutzeko 2012ko urtarrilaren 1etik 2012ko azaroaren 30era bitartean egindako gastuak dira gastu hautagarriak,

8. artikulua.– Gastu hautagarriei aplika dakizkiekeen baldintzak.

Gastu hautagarriak balioesteko, honako irizpide hauek hartuko dira kontuan:

a) Programa honen helburu den jarduera diruz lagungarriari erabat loturik egon beharko dute gastu hautagarriek.

b) Deskontuak eta antzekoak izanez gero, fakturan sartuta egon zein ez, gastua gutxitu egingo da.

c) Gastu hautagarriaren balorazioa sortzapen-irizpidearen araberakoa izango da.

d) Fakturari aplikatzen zaion Balio Erantsiaren gaineko Zerga ez da gastu hautagarri izango. Hala ere, Balio Erantsiaren gaineko Zerga berreskuratu ezin duten erakunde onuradunen kasuan, gastu hautagarritzat hartuko da, eta erakundeok dagokien foru aldundiko ogasun-sailaren ziurtagiri bidez egiaztatu beharko dute hori.

9. artikulua.– Laguntzen zenbatekoak eta motak.

1.– Diru-laguntzen bidez gauzatuko dira deialdi honen helburu diren laguntzak, betiere gastu hautakortzat jotzen direnen kostuen % 100eko zenbatekoarekin eta artikulu honetako 3. eta 4. paragrafoetan ezarritako mugak aintzat hartuta.

2.– Honako hauek dira diruz lagun daitezkeen gastuak:

a) Kanpoko gastuak.

– Ikastaro edo jarduerarako behar den materiala.

– inprimatze– eta publizitate-gastuak, eta liburuxkak, iragarkiak, txostenak eta antzeko materialak hedatzeko gastuak.

– Lokalak, altzariak eta beste zerbitzu batzuk alokatzea.

– Kanpoko profesionalak kontratatzea prestakuntza-jarduerak burutzeko.

– Komunikazio-plana.

– Programarekin zuzeneko lotura duten kanpoko beste gastu batzuk.

3.– Diru-laguntzen gehienezko zenbatekoa deitutako tailerren eta horiei emandako laguntzaren araberakoa izango da, gehienez ere 40.000 euro urteko eta erakundeko.

*eurotan

4.– Edozelan ere, SPRIren ekarpenaren muga izango dira laguntza hauek, eta aurkeztutako aurrekontuez harago doan ezein zenbateko ordaintzea enpresa onuradunaren kargura izango da.

5.– Hasieran aurreikusitakotik beherakoa bada exekutatutako guztizko gastua, emandako laguntzaren zenbatekoa proportzioan berregokitu eginen da.

10. artikulua.– Laguntzak metatzea eta mugak.

1.– Programa hau aplikatuz emandako laguntzak garrantzia txikiagoko laguntzak edo minimis laguntzak dira.

2.– Erakunde onuradun berak jaso dezakeen minimis laguntza ezin izango da 200.000 eurotik gorakoa izan, egungo ekitaldi ekonomikoa eta aurreko biak aintzat hartuta. Hori dela-eta, programa honetan xedatutako laguntzarik ez da emango baldin eta emandako laguntza, onuradunak aurreko hiru ekitaldi fiskaletan lortu dituen beste minimis laguntza batzuei gehituta –laguntza eman duen administrazioa edozein izanik ere–, muga horretatik gorakoa bada.

3.– Muga hori edo programa honek zehazten dituen beste batzuk gaindituz gero, programa hau betez emandako laguntzatik, gehiegizko zenbatekoa murriztuko da.

4.– Programa honetako laguntzak eskuratzen dituzten erakundeek beste laguntza bateragarri batzuk edo Europako beste finantzabide batzuk eskuratu ahal izango dituzte, betiere, metaketa horren bidez, gastu hautagarri berberetarako gehienezko laguntza-mugak gainditzen ez badira.

11. artikulua.– Laguntza-eskabideak aurkezteko epea.

Laguntza-eskabideak aurkezteko epea programa hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, 2012ko urriaren 15era arte.

12. artikulua.– Laguntzak eskatzea.

1.– Baldintzak betetzen dituzten erakundeek laguntzak jaso nahi badituzte, laguntza-eskabidea bete beharko dute, zehazki, programa honen «I eranskinean» argitaratutakoa.

2.– Erakundea ordezkatzeko eskumena duen pertsonak aurkeztu beharko du eskabidea –zigilatuta eta berak sinaturik– SPRIren bulegoetan: Urkixo zumarkalea 36, 4. solairua, Bizkaia Plaza eraikina, 48011 Bilbao.

3.– Programa honen I. eranskinean eskatzen den dokumentazioarekin batera aurkeztu beharko da laguntza-eskabidea.

13. artikulua.– Ebaluazio-prozedura eta ebazpena.

1.– Laguntza eskabideak ebaluatzeko eta ebazteko, batzorde betearazle bat sortuko da, eta SPRIren Administrazio Kontseiluak izendatutako lau kide izango ditu; batzorde horren eztabaidak batzar-aktetan jaso beharko dira.

Akta horrek, nahitaez, honako erabakiak jaso beharko ditu, besteak beste: onartutako proiektuak, ezezkoa jaso dutenak, uko egindakoak eta atzera egindakoak.

2.– Laguntza-eskabideak ebaluatzea. Banan-banan eta eskabideak aurkeztu diren ordenaren arabera egingo da. Aurkezpen-ordena zenbatzearen ondorioei dagokienez, espedientea osotzen den garaikoa izango da data.

3.– Ebaluazio-irizpideak. Laguntza-eskabidea onartzeko irizpideak 8., 6., 7. eta 9. artikuluetan eta artikulu honetako 2. paragrafoan jasota daude.

4.– Batzorde Betearazleak ebatziko ditu laguntza-eskabideak, zuzeneko esleipenaren bitartez.

5.– Ebazteko epea. 60 eguneko epea ezartzen da, agiri guztiak aurkezten diren egunetik. Epe horretan ebazpenik ematen ez bada, ezetsi egin dela ulertuko da. Aipatutako epea zenbatzeko, abuztua ez da kontuan hartuko.

6.– Ebazpenak Batzorde Betearazleko idazkariak jakinaraziko dizkio eskabidea egiten duen erakundeari, posta elektroniko bidez, eta bertan honakoak jasoko dira: proiektua zein araudiri atxikitzen zaion, laguntzaren helburua, zenbateko diru-laguntza ematen den, modua, baldintzak, eta ordaintzeko epeak, bai eta beharrezko den beste edozein baldintza ere.

7.– Aipatu ebazpena erakunde eskatzaileari jakinaraziko zaio, honako epe honetan: Batzorde Betearazleak ebazpena emateko batzarra egin eta, gehienez ere, 30 eguneko epean. Aipatutako epea zenbatzeko, abuztua ez da kontuan hartuko.

8.– Aurrekoa eragotzi gabe, ebazpena SPRIren web-gunean argitaratuko da, eman diren laguntzen berri denek izan dezaten.

14. artikulua.– Laguntza-eskabideen onarpena eta zuzenketa.

1.– Laguntza-eskabidea puntu guztietan behar bezala beteta ez badago, edo eskatutako dokumentazio osoa aurkezten ez bada, 10 egun balioduneko epean akatsa zuzentzeko edo beharrezko agiriak helarazteko eskatuko dio SPRIk erakunde eskatzailearen legezko ordezkariari, eta bestalde, ohartaraziko zaio, hala egin ezean, eskaera egiteari uko egin diola ulertuko duela SPRIk; hala gertatuz gero, horren berri emango dio erakunde eskatzaileari..

2.– Aipatu epea igarota, zuzenketarik egin ez bada, Programaren Batzorde Betearazleak laguntza ukatuko du, ebazpen bidez.

3.– Laguntza-eskabidean erakundeak kontaktuetarako izendatutako pertsonaren posta elektronikora e-mail bidez egindako komunikazioak baliozkotuko ditu SPRIk.

15. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

1.– Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren 50. artikuluan xedatutakoaz gain, erakunde onuradunek honako hauek ere bete beharko dituzte:

a) Emandako laguntza onartzea. Alde horretatik, erakunde onuradunak, laguntza esleitu izanaren jakinarazpena jaso eta 15 eguneko epean, espresuki –eta SPRIn– horri uko egiten ez badio, laguntza onartu duela ulertuko da.

b) Esleitu den diru-laguntza jarduera-plan jakin bat garatzeko eman da, eta horretarako erabili beharko dute, ez beste ezertarako.

c) SPRIk agiri osagarriak eska ditzakeela onartzea, eta, lagundu den proiektua burutu dela eta eskatutako baldintzak bete direla egiaztatzeko, SPRIk izendatutako pertsonalak instalazioetan beharrezko eta komenigarri jotzen dituen egiaztapen eta azterketak egin ditzakeela onartzea.

d) Faktura osoak gordetzea, eta SPRIren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eskura jartzea bost urtez, gastu hautagarriak burutzen direnetik aurrera.

e) Eusko Jaurlaritzako Kontrol Ekonomikoko Bulegoak edo Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskatutako informazio guztia ematea, betiere laguntzen zertarakoaren fiskalizazio-eginkizunen jardunean ari badira.

f) SPRIri lehenbailehen jakinaraztea honako hauek: xede berbererako beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuei eskatutako edo horiek emandako laguntzak eta diru-laguntzak, edota beste edozein diru-sarrera edo baliabide.

g) Diru-laguntza esleitzeko aintzat hartu den arrazoiren bat aldatu bada, SPRIri horren berri ematea.

h) Diruz lagundutako jardueren zabalkunde eta burutzapenari dagokienez Eusko Jaurlaritzak emandako laguntza eta babesa berariaz aipatzea, Ekintzailetzaren Euskal Zerbitzuaren marka hartuz eta erabiliz. Marka hori ikusteko moduan eta erakunde onuradunaren logotipoaren ondoan jarri beharko da. Programa honek diruz lagundutako jardueraren inguruan edozein bitarteko erabiliz egindako publizitate-adierazpen eta aipamen guztietan Ekintzailetzaren Euskal Zerbitzuaren marka jarri beharko da.

i) Programa honen arloan diruz lagundutako jardueren gaineko informazioa Ekintzailetzaren Euskal Zerbitzuari ematea, posta elektroniko bidez, Ekintzailetzaren Euskal Zerbitzuaren atarian argitara dezan.

j) Diruz lagundutako jarduerak burutzerako orduan euskara eta gazteleraren erabilera bermatzea.

k) Hizkuntzaren erabilera sexistarik ez egitea, eta komunikazio– eta hedapen-egintzetan, gizonezko eta andrazkoen presentzia orekatuarekin eta estereotiporik gabe erabiltzea irudiak.

16. artikulua.– Laguntzen baldintzen aldaketa.

Diru-laguntza emateko kontuan izandako baldintzetan aldaketaren bat gertatuz gero, eta, edonola ere, beste diru-laguntza zein laguntzarik edota helburu berarekin beste edozein diru-sarrera edo baliabide jaso bada, diru-laguntza esleitzeko ebazpena aldatu ahal izango da, betiere programa honetan ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen badira.

17. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Erakunde onuradunek ez badute betetzen araudi honetan eta aplikagarriak zaizkien gainerako arauetan ezarritako baldintzaren bat, emandako diru-laguntza jasotzeko eskubidea galduko dute. Halakorik gertatuz gero, SPRI SAri itzuli beharko dizkiote une horretara arte jasotako zenbatekoak eta legezko interesak. Beharrezkoa izanez gero, legezko ekintzak bideratu ahal izango dira, zenbateko horiek itzularazteko.

2.– Edozein kasutan ere, artikulu honetan aurreikusitakoaren ondorioetarako, ez betetzetzat jotzen dira gastu hautakorrak epe barruan ez justifikatzea edo programa honetan eskatzen diren baldintzak ez betetzea.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoarekin bat, eskatzaileek helarazi dizkiguten izaera pertsonaleko datuak «Laguntzak» izeneko fitxategian bildu direla jakinarazten da. Fitxategi horren arduraduna SPRI da (Urkixo zumarkalea 36, 4.a, Bizkaia plaza eraikina, 48011 Bilbao).

Fitxategi horren helburua SPRIk diseinatu eta/edo kudeatutako laguntza/diru-laguntzako espedienteak kudeatzea da. Informazio hori enpresa kolaboratzaileei, arlo horretan eskumena duen administrazio publikoari eta SPRI taldeko enpresei eman ahal izango zaie, hala behar izanez gero.

Datuak Babesteko Espainiako Agentziari fitxategi horren berri eman zaio; fitxategiak, bestalde, datuen erabateko segurtasuna bermatzeko beharrezko neurriak betetzen ditu.

Gogorarazten dizuegu datu hauek eskuratzeko aukera dagoela, eta hala behar izanez gero, datuok eskatzeko, zuzentzeko, aurka egiteko edo baliogabetzeko, aipatu legean xedatzen den moduan. Horretarako idatzizko komunikazioa helarazi beharko zaio SPRIko Segurtasuneko arduradunari lopd@spri.es helbidera.

BIgarrena.– SPRIren erabakia merkataritza-izaerakoa da, eta jurisdikzio-eskumena epaile eta epaitegi zibilena da. Erakunde onuradunak, dagokien edozein eskumeni formalki uko eginez, diru-laguntzen programa hau interpretatu edo gauzatzerakoan –zuzenean edo zeharka– sor daitekeen edozein auzi, desadostasun, arazo edo erreklamazio konpontzeko, Bilboko Justizia Auzitegien esanetara jartzen dira espresuki, horiek baitira gai horietan eskumena dutenak.

Hirugarrena.– SPRIren zuzendari nagusiari eskumena ematen zaio araudi hau gauzatzeko eta garatzeko beharrezkoak diren xedapenak emateko.

Bilbao, 2012ko martxoaren 29a.

Zuzendari nagusia,

TOMAS ORBEA CELAYA.


Azterketa dokumentala