Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

50. zk., 2012ko martxoaren 9a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Euskal Herriko Unibertsitatea
1138

EBAZPENA, 2012ko otsailaren 21ekoa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko gerentearena, UPV/EHUko lanpostu bat izendapen askearen bidez betetzeko deialdi publikoa egiteko dena.

Euskal Herriko Unibertsitateko administrazio eta zerbitzuetako pertsonaleko lanpostu bat betetzeko beharra izanik, Gerentzia honek ebatzi du iragartzea eranskinean zehazten den lanpostua izendapen askearen bidez beteko dela. Eta halaxe egin du, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko errektorearen 2011ko otsailaren 25eko Ebazpenaren bidez eskuordetu zaizkion aginpideez baliatuz (2011ko martxoaren 17ko EHAAn argitaratutako ebazpena, gobernu taldearen egitura eta funtzionamendu arloak zehazteko eta eskumenak eskuordetzeko dena), eta Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legean adierazitakoaz bat etorriz (1989 uztailaren 28ko EHAA).

OINARRIAK

Lehenengoa.- Eranskinean zehazten diren baldintzak betetzen dituzten funtzionarioek eskatu ahal izango dute ebazpena honen bidez deialdira ateratzen den lanpostua.

Bigarrena.- Eskaerak aurkezteko epea 15 egun baliodunekoa izango da, deialdia euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera. Eskabideak errektore jaunari zuzendu beharko zaizkio eta EHUko Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dira, honako toki hauetan: Errektoregoko eraikinean, Leioako Campusa (Bizkaia); Gipuzkoako Campuseko Errektoreordetzan (Ignacio M.ª Barriola eraikina, Elhuyar Plaza, 1.-Donostia); Arabako Campuseko Errektoreordetzan (Izardui komandantea, 2.- Vitoria-Gasteiz). Bulego horiek eta EHUk ikastegietan dituen erregistro orokorrak EHUren 2007ko maiatzaren 28ko Ebazpenean daude zehaztuta (2007ko abuztuaren 3ko EHAA); Interneteko helbide honetan ere ikus daitezke: http://www.ehu.es/erregistro_bulegoak.html). Edozelan ere, azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkidearenak (urtarrilaren 13ko 4/1999ko Legeak emandako idazketan) 38.4 artikuluan adierazten dituen moduren batean ere aurkeztu ahal izango dira dokumentuak.

Eskariak aurkezteko epea amaitzen denean, lehiakideek baldintza eta betebehar guztiak beteta izan beharko dituzte.

Hirugarrena.- 1.- Idazkiarekin batera, eskatzaileek curriculum vitaea aurkeztu beharko dute, eta, bertan, honako hauek adierazi:

a) Titulu akademikoak.

b) Funtzionario titulua.

c) Ordura arte betetako lanpostuak, bai administrazio publikoan, bai enpresa pribatuan.

d) Egindako ikasketak eta ikastaroak, dakizkien hizkuntzak eta, oro har, eskatzaileak egoki ikusten dituen gainerako merezimendu guztiak.

Titulu akademikoak eta funtzionario-titulua erkatuta aurkeztu behar dira.

2.- Eskariarekin batera, interesdunek agiriak aurkeztu beharko dituzte, bete beharreko baldintzen eta alegatutako merezimenduen froga gisa. Era berean, aipagarri iruditzen zaizkien argitalpen, txosnen eta bestelako dokumentuak erantsi ahal izango dituzte.

Laugarrena.- Deialdi honen ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

Bosgarrena.- Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango da Gerentzia honen aurrean, hilabeteko epean. Nahiago bada, administrazioarekiko auzietako errekurtsoa jarri ahal izango da zuzenean Bilboko Administrazioarekiko Auzietako Epaitegi egokian; horretarako bi hilabeteko epea egongo da, ebazpen hau Errektoregoko iragarki-oholean argitaratzen den egunaren biharamunean hasita. Hori guztia, Unibertsitateko Estatutuetako 160. artikuluan, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatutako Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 116. artikuluan eta Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko Legeko 8. eta 14. artikuluetan ezarritakoa betetzeko.

Leioa, 2012ko otsailaren 21a.

Gerentea,

XABIER AIZPURUA TELLERIA.

I. ERANSKINA

- Izena: Kargudunaren idazkaria.

- Erreferentzia: F 57.

- Eskala: Administraria/Administrari laguntzailea.

- Taldea: C/D.

- Zenbatgarrena: 9.a.

- Maila: 19.a.

- Hizkuntza-eskakizuna: 2.a.

- Titulazio berezia: Ingelesa (B2).

- Langunea: Ikerketako Errektoreordetza.

- Campusa: Bizkaia.

- Lanpostua betetzeko baldintzak:

1.- EHUko karrerako funtzionario izatea, C/D taldekoa, administrari / administrari laguntzaileen eskalakoa, eta jardunean edo zerbitzu berezietan egotea unibertsitatean. Egun, beste administrazio publikoren baten zerbitzura dauden EHUko karrerako funtzionarioak ere aurkeztu ahal izango dira lehiaketara, bai eta derrigorrezko edo borondatezko eszedentzian daudenak ere, baldin eta egoera horretarako ezarrita dagoen gutxieneko denbora bete badute. Modu honetan, langileok jarduneko zerbitzura itzuliko lirateke.

2.- Ingeles hizkuntzaren ezagutzaren egiaztagiria aurkeztea (Europar Erreferentziako Eremu Bateratuaren sailkapenaren B-2 mailakoa).


Azterketa dokumentala